Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa
Datuak
MotaEnpresa publikoa
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
JabeaBizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza
Historia
Sorrera1967ko martxoaren 17a
webgune ofiziala

Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa ur-hornikuntza eta saneamenduaz arduratzen den Bizkaiko erakunde publikoa da. Gaur egun, Bizkaiko biztanleriaren %91 eta EAEko %48 hornitzen du [1]. 1967an sortu zen, eta bere eskumen nagusien artean dago ur-hornidura eta saneamendua lehen mailako sarean, isurketa industrialen kontrola eta abonatuen kudeaketa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1967ko martxoaren 17an sortu zen patzuergoa, hemeretzi udalerri eta Bilbo Handia Administrazio Korporazioaren eskutik. 1990eko hamarkadan hasi zen Bilbao Bizkaia kide berriak jasotzen, 1993an, 25 udalerri ziren, eta gaur egun Bizkaiko 80 udalerrik osatzen dute patzuergoa.

2010ean Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak sinatutako akordioan, hitzez hitz jasotzen da Foru Aldundiaren helburua asmoa lurralde osoko udalerri guztiak Ur Partzuergo bakarrean integratzea dela[2], herri mailako edota eskualde mailako ur patzuergo desberdinak Bilbao Bizkaia Ur patzuergoan integratuz.

Norabide honetan, 2015eko maiatzera arte Busturialdeko Ur Patzuergoko presidentea izan zen Iratxe Arriolak salatu zuen, Busturialdeko Ur Patzuergoak presioak jasan zituela (diru laguntzak ukatzen, batez ere), berau Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoan integratzeko [3]. 2015eko azaroaren 25ean Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Natural diputatuak ur partzuergo bakarraren ideia defendatu zuen, zerbitzua homogeneizatzeak eta tarifa bateratzeak egingo lukeen mesedea azpimarratuz. Operadore bakarrarekin aritzea ia beharra zela aldarrikatu zuen Unzuetak, udalek beren kabuz ezin izango dituztelako europar legediak ezarritako baldintzak bete.[3]

2015eko maiatzean, ur hornitzaile publikoak biltzen dituen AEOPAS Espainiako elkarteak argitaratutako txostenean, Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoaren pribatizazio arriskua, 0tik 5erako eskalan, 3.05ean neurtu zuen, aztertutako ur hornitzaile publiko guztien hirugarren postuan jarriz Bilbao Bizkaia pribatizazio arriskuari dagokionez [3]. Gardentasunaren atalean 2,85 puntu eman zizkioten Bilbao Bizkaiari 0 eta 5 arteko eskalan, eta arrisku instituzionalarenean, berriz, 2,50. Arrisku ekonomikoaren atalean lortu zuen puntu kopururik altuena: 3,6. Arrisku ekonomikoko puntuazio horren alturako faktore nagusi modura azpikontratazioa (lan osoaren %60, txostenaren arabera) eta pribatizatuz gero, enpresa pribatuak lortu ahal izango lituzkeen balizko etekinak hartu ziren kontuan [3].

Dena den, AEOPAS elkarteko presidenteak azpimarratu zuen, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ateratako puntuazioa zena zela, zail ikusten zuela Bilbao Bizkaia pribatizatzea. Azterketaren harira eginiko galdeketan ere, Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoko komunikazio arloko ordezkari batek zera azpimarratatu zuen: Bilbao Bizkaiak ez dauka inolako pribatizatzeko asmorik. "Gai hori ez dago gure agendan, ez da planteatu ere egiten" [3].

Udalerriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira 2016ko urtarrilean udalerria osatzen duten Bizkaiko udalerriak: Abadiño, Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Amoroto, Arantzazu, Areatza, Arrigorriaga, Artea, Atxondo, Aulesti, Bakio, Balmaseda, Barakaldo, Barrika, Basauri, Bedia, Berango, Berriatua, Bilbao, Derio, Dima, Durango, Elorrio, Erandio, Ereño, Etxebarri, Etxebarria, Fruiz, Galdakao, Galdames, Gamiz-Fika, Gatika, Getxo, Gizaburuaga, Gordexola, Gorliz, Güeñes, Igorre, Iurreta, Ispaster, Izurtza, Larrabetzu, Laukiz, Leioa, Lekeitio, Lemoa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Mañaria, Markina-Xemein, Maruri-Jatabe, Mendexa, Morga, Mungia, Munitibar, Muskiz, Ondarroa, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Sopuerta, Turtzioz, Ubide, Ugao-Miraballes, Urduliz, Urduña, Trapagaran, Zaldibar, Zalla, Zamudio, Zaratamo, Zeanuri, Zeberio, Zierbena eta Ziortza-Bolibar.

Bizkaiko gainerako 32 udalerrietatik, hamaseik Busturialdeko Ur Patzuergoa osatzen dute, beste hamabost udalerri mailan antolatzen dira, eta Ermua, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko kide da.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]