Ingelesen hilerria (Donostia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ingelesen hilerria
Cementerio-de-los-Ingleses-2009.jpg
Urgull mendiaren iparraldeko magalean dagoen Ingelesen hilerriaren irudia.
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Gipuzkoa
Udalerria Donostia
Koordenatuak 43° 19′ 33″ N, 1° 59′ 18″ W / 43.32583333°N,1.98833333°W / 43.32583333; -1.98833333Koordenatuak: 43° 19′ 33″ N, 1° 59′ 18″ W / 43.32583333°N,1.98833333°W / 43.32583333; -1.98833333
Historia eta erabilera
Arkitektura

Ingelesen hilerria Donostia Parte Zaharreko Urgull mendiaren iparraldeko magalean dagoen hilerri bat da.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urgull mendian dagoen hilerri txiki honen jatorria ez dago argi, baina ofizialki bertan Britainiar Legio Laguntzaileko soldadu britaniarren hilobiak daude, 1836-1837 bitartean Donostiako inguruetan Lehen Karlistaldian gertatutako liskarretan hildakoak.

Gerra hau hastean ia Hego Euskal Herria osoa karlisten menpe geratu zen, hiriburuak izan ezik, kristinatarren alde egin zutenak. Hau zela eta, Donostia setiaturik geratu zen, eta honen ondorioz Erresuma Batuak, kristinatarren aldea lagundu zuena, Britainiar Legio Laguntzailea zeritzon bolondres guda taldea bidali zuen hiria babesteko, Sir George Lacy Evansen agintzaritzapean.

Taldeak Donostiako inguruetan burutu ziren borroketan parte hartu zuen, eta arrakastak izan zituen zenbait gudutan, Aieteko guduan, esaterako, baita porrotak ere, Oriamendikoa nabarmenena izanik. 1837an Legioa erretiratu zen, baina O´Conell koronelaren agintaritzapean bolondres batzuk geratu egin ziren Legio Berria osatuz, eta Andoaingo guduan parte hartu zuten.

Beraz, liskar hauetan guztietan hildako britainiarrak Urgull mendiko magaletako batean ehorztea erabaki zen, ingelesen hilerria bezala ezaguna egingo zen tokian. Badago ere hilobi zibil bat eta Manuel Gurrea nafar mariskalaren beste hilobi bat.

Hala ere, hilerria aintzinagoa izan daitekeelaren teoria zabaldua dago, 1813an Donostiako setioan hildako frantziar zein britainiarrak toki honetan lurperatuak egon daitezkeelako. Urte honetan, Iberiar Penintsulako Gerraren testuinguruan, Donostiako setioan frantziarrek Urgulleko gotorlekuetatik aurre egin zioten britainiar eta portugaldar armaden erasoari. Gertaera nabarmengarria da frantziarrek Bardocas baterian zaintzen zituztela haien zaurituak, eta preso britainiarrez inguratuta zeukatela tokia, armada britainiarrak bonbardatuko ez zuelakoan. Azkenik Bardocas bonbardatua izan zen, eta bateria hau gaur egungo ingelesen hilerritik oso gertu dagoenez, bonbardaketa honetan hildakoak hilerri honetan ehortzi zutela argudiatu izan da. Gainera, nahiz eta hilarri gehienetan 1836, 1837 edota 1838 urteak agertu, batean 1813 azaltzen da[1]. Horregatik Lehen Karlistaldian Urgull mendian zegoen Iberiar Penintsulako Gerrako hilerria erabili zela onartzen da.

Beste teoria batzuk hilerriaren jatorria Konbentzio Gerran datatzen dute, Donostia hilabete batzuk frantziarren menpe egon baitzen, hauek Urgulleko magaletako bat hilerritzat erabiliko zutelakoan. Hala ere, garaiko deskripzioek ez dute hau aipatzen. Hilerriaren lehenengo aipamena Henry Wilkinsonek egin zuen 1838an[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesen hilerriaren inaugurazioa, Viktoria Eugenia erregina bertan dela (1924).

Hilerria 1924ko irailaren 28an inauguratu zen, Maria Kristina Austriakoa erregina Donostian zelarik. Enbaxadore britainarrak Jurgi V.a Erresuma Batukoa erregearen mezu bat irakurri zuen, non Britainia Handiko erregeak egiten ari zen ekitaldia eskertzen zuen. Donostiako alkate zen Juan Jose Pradoren hitzaldia entzun ondoren, ekitaldeari amaiera emateko hiru soldadu konpainiak desfilatu ziren[2]. Garai honetan ordura arte Alderdi Eder parkean zegoen monumentu bat hilerrian ipini zuten, ehortzitako soldaduen oroimena goraipatzen duten plakekin.

Ingeles hilerria literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesen hilerria literaturan zenbait aldiz aipatua izan da, bai eta gazte literaturan oso ezaguna den gaztelaniaz idatzitako liburu bati izenburua eman ere, hilerri honetan kokatuta dagoena, alegia, Jose Maria Mendiolaren El cementerio de los Ingleses (1994)[3] Eleberri hau intriga eta abenturak nahasten ditu: neska batek, Virginia, 1956ko udan, bertan lurperatuta dagoen arbaso baten inguruko informazioa bildu nahi du. Lan horretan Pablok lagunduko dio. Bilaketa horren inguruan antolatzen da argumentua.

Euskal literaturari dagokionez, hilerria Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoan aipatzen da [4], non hilerrian dagoen monumentuan irudikaturiko soldaduak uniforme napoleonikoz -hots, frantziarrez- jantziak daudela esaten den, garaiko donostiarrek hilerrian ehortzita dauden 1837an hildako soldadu britaniarrei haien ohorean eraikitako monumentu honetan broma postumo bat egin nahi izan baliete bezala, 1813an britaniarrek hiria arpilatu eta erre izanagatik.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Leclercq, José María; Sáiz (2011) El cementerio de los ingleses de San Sebastián. Su Origen e Historia . Noiz kontsultatua: 2016ko irailaren 7a.
  2. (Gaztelaniaz) Sada, Javier (2008) «El cementerio de los ingleses» Diario Vasco . Noiz kontsultatua: 2016-09-07.
  3. Bartzelona: EDEBE, 1994, 104 or. ISBN 9788423676613. Euskarazko itzulpena: Ingelesen hilerria, EDEBE, 2000.
  4. Arrieta, Joxe Austin (1985) Abuztuaren 15eko bazkalondoa Elkar ISBN 84-7529-247-X.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]