Begoñako errepublika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aurreskua Begoñan (Villaamil, 1850)
Begoñako basilika eta Begoñako errepublikako udaletxea (egun eraitsia) 1920an.

Begoñako Errepublika (edo elizatea) 1925era arte indarrean ibili zen Begoña udalerriaren izen ofiziala izan zen, gaur egungo Begoña, Uribarri eta Otxarkoaga-Txurdinagako barrutietako lurrak batzen zituena, hau da, Artxanda menditik Bilboko itsasadarreraino. Begoñako udalerri haren lurretan zeuden gaur egungo auzo hauek: Arabella, Bolueta, Castaños, Loruri, Matiko, Otxarkoaga, Santutxu, Solokoetxe, Txurdinaga, Uribarri eta Zurbaran.

Begoñako Errepublikako lurrak (urdinez) 2024ko Bilboko barrutien mapan.
Begoña udalerriko armarria. Pitxer handi bat lau azuzenarekin.[1]

Nagusiki baserri giroko udalerria zen.[2] Mahasti asko zegoen eta txakolin ugari egiten zen Begoñan.[3][4] Hortik dator Mahatserri herriaren ezizena eta bertakoei ematen zitzaien izena mahatsorri izena.[5][6]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilbo sortu baino lehenagotik ere bazegoen Begoña. Bilbo hiribildua Begoñako lurretan sortu zuten 1300. urtean Ibaizabal ibaia (Nerbioi ibaia esaten zitzaion lehen) itsasoko urekin batzen zen meandroan. Hiribildua 1300eko ekainaren 15ean sortu zen, hala adierazten baitu Bilboko Uriaren eraketa gutunak.[7]

Lujua barrutian «Becunienses hoc munierunt» dioen inskripzioa topatu zen. Begoñarrak aipatzen dituela uste da.[7]

Uribeko merindadeari zegokion udalerria zen. Lur haietan zeuden Santo Domingo eta San Justo ermitak, bai eta Uribarriko Kristoren, San Joakinen eta Boluetako Santa Anaren eta Paulako San Frantziskoren ermitak ere. 1500. urtean Cueto lizentziatuak egindako apeoan ikusten denarekin bat, errepublikaren barruan zeuden auzoak hauek ziren: Artazuriña, Zurbaran Behekoa eta Zurbaran Goikoa, Otxarkoaga eta Lonzoño, Zuazo Goiri, Larrakoetxea, Iturriaga eta Uribarri de Yuso. Toki hartako biztanleek landa-bizitza lasaia zuten; gehienak, nekazariak eta txakolin-egileak, San Gregorio Naciancenoren kofradian bilduta zeuden.[7] Azaroaren lehenean egiten zen ganadu-feria oso jendetsua zen, udaletxeko plazan egiten zen, Basilikako atzeko aldean, plaza eta udaletxea kendu zituztenean Santutxun antolatzen hasi zen Basarrateko zelaian.

Begoñako Errepublikako alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek izan ziren Begoñako azken alkateak:

Alkatea Agintaldia
Carlos Orue[8][9] 1899-1903
?
Carlos Orue[8][9] 1914-1916
?
Federiko Eskauriaza[10] 2024ko abuztuan dimisioa aurkeztu zuen
Ernesto Allende[10] 2024ko abuztutik-2025eko urtarrilaren lheneraino

1925eko urtarrilaren 1ean anexioa gauzatu ondoren, Amadeo Deprit bihurtu zen Begoñako Toki Entitate Txikiko Auzo Batzarreko burua. Zehazki hitz eginda Deprit ez zen alkatea izan. 1924ko urriaren 29ko argitaratu zen anexioaren dekretuak sortutako erakundea izan zen Toki Entitate Txikiko Auzo Batzar hori, Bilboko Udaleko Batzorde Betearazlearekin batera, Erandioko zati bat eta Deustuko eta Begoñako elizate osoak hiriari lotzeko.[10]

Begoñako azken udal-batza honako pertsona hauek osatu zuten: Federiko Eskauriaza alkatea; Ernesto Allende, Anastasio Gardiazabal, Víctor Ugarriza, Francisco Eguiluz eta Isidoro Candina zinegotziak; José Antonio Gisasola, Agapito Landa, Benigno Echevarria eta Jose Mendezona zinegotziak. Abuztuan, Eskauriaza alkateak utzi egin zuen kargua, eta Ernesto Allendek ordezkatu zuen, Eskauriazari botere-aldaketa tristea egingo baizitzaion.[10]

« Juan Orue karlista eta integrista ezagunaren seme, Carlos Orue Begoñako alkatea zen 1899an (28 urte zeuzkala) eta harrez gero sarri hartu zuen herriko aginte makila hurrengo urteetan ere. 1903an, esate baterako, Begoñako prozesio iskanbilatsua egin zutenean, baita hamaika urte geroago ere, 1914an alegia. Legegizona ogibidez, elektrizitatearen negozioan zebilen sartuta. Politikan katolizismotik abiatuta, jeltzaleengana hurreratu zen eta garai hartako prentsan sarritan identifikatu zuten ideia abertzaleekin. »

Hektor Ortega[9]


Industria (1400-1925)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria-prozesuan goiz sartu zen Begoña, eta goiz azaldu zen Boluetako Otxaibai leku-izena. Legizamon abizeneko familiakoak ziren XV. mendean bertako burdinola eta erroten jabeak; eta lantegi horiek 1828an zutik irauten omen zuten. Bitxia izan arren, bertan kokatu zen 1841ean Bizkaiko lehendabiziko siderurgia-fabrika ere, lingoteetatik burdinurtua eta ijezketak egiten zituena. Geroago, 1846an, Ibaizabalen beste aldeko Ollargan meategitik ateratako burdin-meaz eta basoko egur-ikatzez elikaturiko labe garaia jarri zen martxan.[11]

Zabalbide kalea 1981ean. Nekazarien Sindikatuaren etxe zaharra ezkerraldean eta Santutxu auzo berria.

Begoñako elizatea industriala zen; 1878an, Etxebarria fabrika jarri zuten Begoñan, mahatsorrien erdigunean, Txakilante izeneko txakolin-baserriaren arloetan, hain justu. Burdina agertu eta mahastiak desagertu ziren, eta mahatsa biltzetik altzairua biltzera igaro ziren. Gertaera horrek laster etorriko zena iragarri zuen; hain zuzen ere, lan bila etortzen ari ziren etorkin asko eta askoren eskaria: bizitzeko etxe apalak eraiki ahal izatea edonon. Elizateko landa-eremuak hiribilduarekin zituen muga finak betirako desegin ziren, auzo berrien eraikuntza geldiezinaren poderioz. Horren ondorioz, XIX. mendeko aisialdirako txakolindegiak, mahastiak, baratzeak eta baserriak desagertu ziren. Eta 1925ean, Begoña bera ere, Bilbori anexionatu zitzaion, Bilbok irentsi zuen.[11]

Txakolindegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begoñako txakolindegietan oso ohikoa ziren pitxarrekin bilduma bat osatu zuen Gregorio Urkaregi medikuak. Pitxarrak 32 txakolindegi hauetakoak ziren: [3]

  • Errekako bidean Uriarte edo Mosu, eta Garaizar,
  • Zabalbide kalean Matías Sarasola edo Gallaga, Katezarra, eta Urruñaga. Zabalbideko frontoiko txakolindegia Gerra Zibilaren ostean eraitsi zuten.[13]
  • Otxarkoagako bidean Feliciano Recalde (La Corrala), Madariaga, Teles, Txopoli, Artetxe (Isabel Añabeitia, Melchor eta Zenobia La Rubia), Lozoño, Larrakoetxe, Fidel Elorriaga, Plazakoetxe, Gazteluiturri (Andresa Gaztelu), eta Santiago Maguregi (Luisa Beldarrain),
  • Artxandan Isidro Aurrecoechea, Simón Lozano, Martzel Bilbao, Valentín Eguskizaga (Mendikoetxe, Sanroke bidean),eta Pantoa (Máximo Gorostiola, Iketxas, Zamudio),
  • Uribarrin Abasolo eta Montaño,
  • Trauko bidean Patillas (Gervasio Bilbao eta Eleuteria Agirre, Etxerre baserrian), Larrazabal (José Julián Urrutia).
    Begoñako txakolin-pitxarrak, Gregorio Urkaregiren bildumakoak.[3]

Zabalbideko frontoia (1879-1936)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun 25. zenbakidun portalea dagoen lekuan, 1869an, “Zabalbideko Pilotalekua” inauguratu zen, oraindino Begoñako Errepublika zen hartan. Lehenagoko dokumentuetan Zabalbide auzoan Vista Hermosa etxeak zeukan pilotalekua aipatzen da; horrela bada, ezin da ziur jakin aurretik zelako taiua zuen.[14][15] Alboko horma etxekoa omen zen eta frontisa zuen,[15] Pala-jokoa eta ezker pareta asmatu barik zeuden garai hartan.

Pala pilota-aldaera Zabalbide frontoian sortu omen zen XIX. mendean.[16]

Garai hartako diseinu berritzailea zuen "ezker-pareta" motako pilotaleku berri hartan sortu zen pilotako pala jokoa frontisaren ezkerraldean bigarren pareta zeukan. Orduan ezarri zituzten pilota garaikidearen ezaugarriak eta jokatzeko moduak. Joko luzea (aurrez aurrekoa, laxoa edo errebotea adibidez) gainbeheran sartu zen eta gaur ezagutzen ditugun joko mota nagusiak (esku huska, pala, zesta modu desberdinak…) finkatu zituzten. Prozesu horretan Bilbo aldeak zer esan handia eduki zuen, bertan egin zituzten pilotaleku berrien inguruan ibili zirelako hala pilotaririk onenak nola zaletu ugari.[17]

Begoñako Errepublikako frontoi hura gutxi iraun zuen baina, zazpi urte geroago suntsitu baitzuten Bigarren Gerra Karlistan Bilbok jasandako bonbardaketetako batean. Hamar urte geroago berreraiki zuten, eta gainera bolatokia eta txakolindegia zeuden alboan.[16]

Arrakasta lortu zuen pala-joko berriak, eta frontoi horretatik figura handiak atera ziren, besteak beste Juan Guisasola, Begoñés I.a izenaz ezaguna, pala irauli zuen aurrelaria, hamabost urterekin Bilboko jokalari guztiak garaituta.[16] Frontoi horretara joateko joera handia eduki zuten "matzorriek"[18] eta txinboek (bilbotarrek). Azken horiek Zazpi Kaleetatik igotzen ziren pilotan edo boloetan jokatzera eta bertan txakolina eta sagardoa edatera.[14]

Ezkerparetako pilota-modalitate berriek lortu zuten arrakastarekin pilotaleku berriak egin zituzten geroago Bilbon, zein baino zein dotoreago eta handiago: Abando (1885), Deustua (1887), Amistad kaleko Recreo Bilbaino (1890), Euskalduna (1895)… Frontoi zaharretatik bakarrak zirauen, Zabalbidekoak. Eta txoko gehiago zeuden, zaletuentzat nahikoa baitziren horma sendo bi pilotan jokatzeko. Horietakoa zen, esate baterako, Begoñako Udaletxeko arkupea.[17][19]

Begoñés ezizena erabili zuen Begoñako pala jokalari batzuek, Zabalbideko frontoiarekin lotura estua eduki zuten, nahiz eta gero karrera profesionalak Bilbon, Madrilen, Habanan edo Mexikon egin zituzten. Lehenengo lauak anaiak izan ziren (Juan, Miguel, Rafael eta Higinio Gisasola Bilbao) eta ondoren Higinioren semeek eman zioten segida leinuari. Bigarren Karlistaldiaren ostean gerran jasandako kalte handiak konpondu eta berriro jarri zuen erabilgarri (1879). Orduko pilotaleku berrien aldean laburra zen Zabalbidekoa, beren-beregi esku pilotan jokatzeko egokia. Bertan trebatu ziren Antonen lau seme, bera eta aitita maisu zituztela.[20]

Frontoia behera bota zen Gerra Zibilaren ostean.[14]

Bilbok behartuta anexionatu zituen Begoña eta Deustu 1925ean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilbok mendeetan zehar Begoñak baino hazkuntza askoz handiagoa izan zuen populazioan, botere ekonomikoan eta politikoan. Eta horren ondorioz Bilbok Begoña udalerria anexionatu zuen 1925. urtean Primo de Riveraren diktaduraren garaian.[21][22] Ordura arte Begoñako udalerriak botoa eta jarlekua zeukan Bizkaiko batzar nagusietan, eta 36. jarlekua betetzen zuen. XIX. mendearen erdialdean, auzoak 6.000 biztanle inguru zituen, sakabanatutako etxebizitzetan bizi zirenak.

1924ko tramiteak eta erresistentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anexioa ez zen borondatezkoa izan. Zazpi hilabeteko erresistentziaren ondoren, Deustu, Begoña eta Erandioren aldetik, 1924ko urriaren 29an, anexioa 55 Errege Dekretuaren bidez ezarri zen. Ez zen kontuan hartu elizateen oposizioa, eta ez zen erreferendumik egin, elizateak eta hiria anexioaren aldekoak ziren ala ez jakiteko.[10]

Primo de Riveraren diktaduran, Bilboko Udalak, Federico Moyua alkatea buru zuela —Julio de Echagüe gobernadore zibil eta militarrarekin horretan bat etorrita—, 1924ko martxoaren 24ko bilkura berezian onartu zuen 1917ko abenduaren 14ko akordioa, Begoña eta Deustu elizate osoak Bilboko hiribilduari anexionatzekoa berrestekoa. Horretarako, Madrilgo Direktorio Militarrera eraman zuen jurisdikzio mugakideak automatikoki gehitzeko dekretu baten beharra. Eskaera hori, elizateen aurkako erabateko jarrerari eta erregidoreek aurkeztutako errekurtsoei kasurik egin gabe, 1924ko urriaren 29ko Errege Dekretuan gauzatu zen. Deustu eta Begoñako errepublika independenteak Bilboko tokiko erakunde txiki bihurtuz.[10]

Anexioa geldiezina zelakoan 1924ko abuztuan, Eskauriaza alkateak utzi egin zuen kargua, ez zuen Begoña entregatu nahi. Eta Ernesto Allendek ordezkatu zuen.[10] Alkate interino gisa jarraitu zuen urtea bukatu arte. 1924ko abenduaren 31koa izan zen Begoñako udal batzaren azken akta eta akta horretan Ernesto Allende azaltzen da alkate interino moduan.[23]

1925eko lehen eguneko ekitaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1925eko lehen egunean Bilboko Udalbatza, hamazazpi automobilekin eta mazero, klarinete eta atabalari ugarirekin, hasieran Lutxanako zubira (Erandio) joan zen eta, ondoren, Deustuko eta Begoñako udaletxeetara. Hiru toki horietan lurralde-eremuaren jabetza hartu zuen. Begoñan, botere-eskualdaketa Errepublikaren Etxean gauzatu zuen César Ballarín gobernadore berriak. Hark, jarduneko alkate Ernesto Allenderen alkate-makila hartuta, Moyuari eman zion. Allendek sortutako haserreak ahazteko eta anexionatuekiko errespetua eskatu zuen. Balkoira atera ondoren segizioa basilikara joan zen, Deustuko, Begoñako eta Bilboko zutoihalak aurretik zihoazela, han zain zegoen basilika patroia, Vargasko markesa, eta parrokiako kabildoa —Bernardo Astigarraga buru zuela—, Salbea kantatzeko. Atxikitze-ekitaldiak Atxurin amaitu ziren geroago, Hiri-Gutuna irakurrita Diego López Harokoaren estatuaren aurrean, aldamenean anexionatuen zutoinak eta hagak kokatu zirela. El Noticiero Bilbaíno egunkariak erlikia gisa aipatu zituen anexionatuen ikur horiek Udaletxera eraman eta beira-arasa batean gorde ziren. Gaur egun, Begoñako zutoihala, Abandokoaren ondoan, Bilboko Udaletxeko eskaileretan dago, 1890ean Amadeo Deprit Quinet kristalgin belgiarrak egindako kolorezko beirateen parean, Areto Arabiarrean.[10]

1925eko bigarren eguneko aginduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anexioaren biharamunean, Moyuak auzo-batzarrak eratu zituen, Begoñakoa honela osatu zuen: Amadeo Deprit, Isidoro Candina, Francisco Eguiluz, José Sánchez, Luis Landeras, Nicolás Vidal, Martín Gutiérrez eta Manuel Palacio. Batzarreko lehendakari zen aldetik, Deprit-ek, urtebetean eta auzo-batzar horren barruan, lurralde-eremuaren eta elizate zaharraren ondarearen jarraitasuna defendatu zuen, horrela Bilboko Udalean zegokion ordezkaritza-maila lortzeko, Begoñako langileak Bilboko udalean zuzenean sartu ahal izateko eta kontribuzio eta zergak aldi baterako izozteko. Begoñan aspalditik zeuden behar batzuk zelanbait asetzea lortu zuen, hala nola bideetako argiteria publikoa (Basarrate, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Artxanda), saneamendua (Trauko), ikuztegiak berritzea, Santutxutik eta Boluetan eskolak sortzea, eta Bilboko Zazpi Kaleetako Aurrekoetxea kaletik abiatuta Santutxuraino igoko zen tranbiaren eraikuntza proiektatzea.[10]

Erabateko anexio formala (1925-11-12)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin behineko auzo batzarraren azken bilera 1925eko azaroaren 12an egin zen, 1925eko urriaren 30eko Errege Dekretoak Bilboko entitate txiki berri haien behin betiko anexioa eta haien erakundeen desegitea ekarri baitzituen. Hilabete bat geroago, Amadeo Deprit, Jenaro Lumbreras eta Anastasio Gardeazabal zinegotzi izendatu zituzten Bilboko Udalean Begoñako Barrutiko ordezkari. Ekitaldi berean, Bilboko hirugarren alkateorde hautatu zuten Deprit, eta hainbat udal-batzordetan parte hartu zuten.[10]

Sei urte geroago, Espainiakoko Bigarren Errepublika iritsi zenean, 1931n, Begoñako barrutia Bilboko bigarren populatuena zen. Artean, auzoak eta auzoko alkateak hauek izan ziren: Askao (Máximo Lara), Basilika (Francisco Barreneguren), Bolueta (Juan Ortega), Esperantza (Silvestre Kortabitarte), Galtzadak (José Luis Marco), Karmelo (Saturnino López), Kristo (Prudencio Sever), Otxarkoaga (Félix Machain), Santo Domingo (Deogracias Fernández Vega), Trauko (Máximo Royo), eta Uribarri (Cecilio Lechón). Auzo industrialak ere baziren orduan Bolueta eta Etxebarria, esaterako.[24]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berton aldizkaria (1998-2018)

Begoñako euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurune honetako jatorrizko hizkera Iñaki Gamindek aztertu zuen ("Bilbotarron euskararen zuzuan", 2004), eta "Begoñako euskara" izena eman zion, Buia eta Larraskituko moten aurrean. , Bereziki 1960ko hamarkada arte iraun zuen. Gaur egun ere, azken hamarkadotan jazotako aldaketa demografiko eta ekonomikoak gorabehera, jatorrizko hiztunak bizi dira Otxarkoagako landa-eremuan, Arbolantxa, Egirleta/Santo Domingo eta Azkarai auzuneetan alegia. Ahotsak.eus webguneak 176 bideo labur jaso ditu Bilbo inguruko euskararekin (Buia, Begoña eta Larraskitu).[25]

Euskararen erabileraren bilakaera XIX. mendeaz geroztik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begoña herri euskaldun hutsa zen 1844 urte aldean. Euskararen erabilera murriztarazia edo debekatua izan zen aginduen bidez 1880an eta 1938an. Eta adibidez, Begoña herri euskalduna zenean 1916an (euskaldun hutsak baziren, zahar eta gazte), erdaldunik ez zegoenean ere erdaraz egin behar ziren elizan. 1920ko erroldaren arabera, Bilboko biztanleriaren % 20 euskalduna zen.[25] Ehun urtean Begoñako egoera soziolinguistikoa irauli zuen: herri euskaldun hutsa zena zeharo erdaldundu zuen, euskara isilarazi arte. Frankismo garaian euskaraz berba egitea kartzelara eramateko arrazoia izan zen.[26] Ekonomia eta hizkuntz politika frankistek euskeraren egoeraren gaiztotzea areagotu zuten, Bizkaira Espainiatik erdaldun-olde ugariak etorri ziren eta. Bilbon 1981ean, berriz, % 6 bakarrik ziren euskaldunak.[25] Baina ez zen erabat galdu, katea ez zen eten. Euskaldun batzuek eutsi zioten hizkuntzari [27] eta Ikastolak eta gau-eskolak sortu ziren gero.[28]

Eustatek emandako 2006ko datuen arabera, mahatsorrien laurdena inguruan euskalduna zen, zehazki 24.734 pertsona (% 23), Bilbo osoko % 24,3 baino ehuneko apur bat baxuagoa, beraz. Kopuruari dagokionez, Santutxu, Txurdinaga eta Uribarri auzoek euskal hiztun gehien ematen dituzte (14.500 hiritar inguru), baina ehunekoei dagokienez, Otxarkoagako baserri-eremua, Loruri, Castaños eta Begoña euskaldunenak dira.

Euskararen indarguneak Begoñan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anaitasuna aldizkaria. Imanol Berriatuak hiztegitxo bat gehitzen zuen azken aurreko orrian.[29][30]

Anaitasuna aldizkari aitzindariak Santutxun izan zuen egoitza nagusia. Imanol Berriatuak sortu zuen euskarazko aldizkari orokor hura 1953ko ekainetik 1982ko apirilera argitaratu zen.

Berton hilabetekaria Batana Batu kultur elkarteak argitaratzen zuen 1998tik 2014ra bitarte. Bere azken urteetan ia 2.000 etxetara heltzen zen, Asapala Kultur Elkartearen eskutik. Otxarkoaga, Begoña, Santutxu, Txurdinaga, Uribarri eta inguruetako albisteak argitaratzen zituen paperezko herri-aldizkari honek. Edizio digiltala 2005tik 2012ra Asapala Kultur Elkartearen webgunearen egituraz baliatuta plazaratu zen.[31] 2012tik 2014ra bitarte Bertonaldizkaria blogak zabaldu zuen aldizkariaren bertsio digitala[32] eta 2014az gero Uriola plataforma bidez argitaratzen hasi zen.[33]

Gau-eskolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gau-eskolako sortzaileetako batzuk (Arg.: Uriola, Joseba Basterra)

Pertsona helduei euskara irakasteko lehenengo gau-eskoletako bat izan zen Santutxukoa 1966an. Euskara modu komunikatiboan eta praktikoan irakasteko Euskalduntzen eta Alfabetatzen liburuak bertan sortu ziren. Ordura arte erabili zen "Euskara ire laguna" liburua agortu zenean, euskara batu berri hura ikasteko metodologia berritzaile bat sortu zuten. Modu autodidaktan, talde-lanean, eta Imanol Berriatuaren gidaritzapean asmatu zuten metodoak arrakasta lortu zuen gero, eta hainbat gau-eskoletan erabili izan zen hainbat urtez. [34][35] Lehenengo gau-eskola haren sortzaileen artean hauek ere ibili ziren: Joseba Arrieta, Patxi Uribarren, Martin Basterra, Joserra Etxebarria, Tasio Erkizia, Joseba Basterra...[36]

Ikastolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karmelo ikastola, Begoñazpi ikastolak eta Begoñako ikastola lehenengoetako ikastolak izan ziren 1970eko hamarkadan.

Santutxuko bertso-eskola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santutxuko bertso-eskola beteranoenetako bat da, Bilboaldeko nagusia dena.

Kultur Elkarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asapala Kultur Elkarteak Santutxun du egoitza eta bertatik Berton aldizkaria argitaratzen zuen, besteak beste.

Bego-Oña dantza taldea 1974an sortua zen. Nagusien taldea jardunean egon zen zazpi urtez, gero umeen taldeak jarraitu zuen beste urte batzuetan. 1974an taldea sortu baino lehen Arabella auzoan ume talde bat ibili zen dantzan 1969tik Bego-Oña izenarekin.[37] Bego-Oña dantza taldea Mahats Herri konpartsako sortzaileetako bat izan zen. Konpartsak Bilboko lehen aste nagusietan eta ihauterietan parte hartu zuen (1978-1981). Konpartsako sortzaileen artean beste elkarte hauek ere egon ziren: Ugarteburu kaleko kartoizko banda, Arabella eta Bost Batean-ekoa, Otsarkoagako abesbatza....[38][39]

Hilerria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begoñako hilerria.

Begoñako errepublika izan zelako lekuko garrantzitsuenetako bat Begoñako hilerria da. 1813an zabaldu zuten, hildakoak elizetatik kanpo lurperatzera behartu zutenean. Bilboko hilerri zaharrena da. 1943an lurperatu zuten azken hildakoa lurpeko hobietan; 2003an panteoietan. 2006an itxi zuten. [40]

2021ean 'Begoñako Argia' izena duen proiektua martxa jarri zen, Begoñako hilerria kendu eta parke bat egiteko.[41] Parkea sortu aurretik, ordea, bertako hezurrak atera, aztertu eta sailkatuko ditu Aranzadi zientzia elkarteak. Hilerriko gainerako elementuak ere aztertuko dituzte arkeologia, biologia eta antropologiaren ikuspuntuetatik. Proiektua 2022ko abuztuan bukatu zen 4.700 gorpu lurpetik atera ostean.[42][43][44][45][46]

Aranzadiko historialariek erakundeetako artxiboak aztertu zituzten. 1936ko gerran hil eta Begoñan lurperatutako 40 lagunen zerrenda osatu zuten; gehienak, 1937an hilak. Anartz Ormaza arkitekto eta Aranzadiko kidea da proiektuaren koordinatzailea. Garai bakoitzean hilobietan zer eratako harriak erabili ziren ere aztertu nahi zuten, Laura Damas EHUko Geologia Fakultateko ikertzailearen zuzendaritzapean.[47]

Pompeu Fabra Begoñan bizi izan zen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pompeu Fabra katalanaren "Txillardegi" (1917)
Pompeu Fabra hizkuntzalari katalana Zabalbide kaleko Orue etxean bizi izan zen.

Pompeu Fabra, katalanaren eredu estandarra sortu zuena, Begoña herrian XX. mendeko hasieran urte batzuetan bizi izan zen. 1902an, Bilboko Ingeniaritza Eskolako kimika-katedra irabazi zuen oposizio bidez. 1902ko irailaren 5ean Sarrian ezkondu zen Dolors Mestrerekin, ikasturtea hasi baino lehentxeago. Bikotea Begoñara eta Bilbora joan zen bizitzera 10 urtez, eta hiru alaba izan zituzten han: Carola (1904-1998), Teresa (1908-1948) eta Dolores (1912-1993). Nahiz eta Kataluniatik urrundu zen, urte haietan filologiarako dedikazioa areagotu egin zuen. 1912an, Bilboko Unibertsitateko katedra lortu ondoren, lanpostua utzi eta Kataluniara itzultzea erabaki zuen. Fabratarrak ez ziren Bartzelonan kokatu, Badalonan baizik, alaba Teresagatik, osasun ahula baitzuen, eta medikuek itsasoko bainu ugari gomendatu zizkioten. Badalona hiria itsasotik gertu egotea, eta unibertsitatera eta Institut d'Estudis Catalans-eko lantokira joateko komunikazio ona izatea aukera ederra zen. Gainera, Begoñan bizi izan zenetik, Fabrari hiri txikiagoetan bizitzea gustatzen zitzaion, hiriburuetako aglomerazio handietatik urrun.[48][49][50][51][52]

Pompeu Fabrak idatzi zuen gramatika osatuena 1912an argitaratu zuen, hau da, Begoñan bizi izan zen azken urtean. Beraz, Fabrak Begoñako errepublikan idatzi zuen katalan batua finkatzeko gramatikarik osatuena.[49]

Begoñako helbidea hau zen: Santa Clara, 6, 1r pis, (G.U.).[49] Baina garai hartako Begoñako Santa Klara kalea ez zen gaurko Bilboko Santa Klara kalea dena. Begoñako Errepublikako Santa Klara kalea Zabalbide kalearen jarraipen bihurtu zen Bilbok Begoña anexionatu zuenean. Santutxu kalea hasten den tokian hasten ziren Begoñako lurrak orduan (frontoi bat zegoen gertu) eta hor hasten zen Santa Klara kalea ere, egun Zabalbide kalearen jarraipena dena.[53][52] Helbide horretan Orue jauregia zegoen, Pompeu Fabraren familia lehen solairuan bizi zen. 1937 eta 1942 urteen artean etxe hori emakumeentzako kartzela bihurtu behar izan zuten, gerra ondoko errepresio frankistaren ondorioz atxiloketa masiboak izan zirenean.[54][55] Geroago Santa Marta klinika izan zen, 1970eko hamarkadan etxea eta bere inguruko lorategia guztiz urbanizatu zen arte. Orube hartan etxebizitza ugari eraiki ziren, Santutxuko Remigio Gandasegi kalea eta Fagoaga Tenorea kalea sortu ziren orduan.[56] Kale horietan kokatu zen Karmelo ikastolaren zati bat 1978tik 2014ra arte, Orue jauregian egon zen tokian bertan, gutxi gora behera. Beraz, toki horretan lan handia egin zuen Fabrak katalana berreskuratzeko, eta, kasualitatez edo, toki horrexetan lan aitzindaria egin zuen Karmelo ikastolak euskara berreskuratzeko.

Mahatsorri ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bizkaiko udalerrien heraldika = Heráldica municipal de Bizkaia. Diputación Foral de Vizcaya 1998 ISBN 8477522502. PMC 39229027..
  2. (Gaztelaniaz) Pedro, Begoña, José y Tomás, begoñeses de pura cepa Arantza Rodriguez (Deia, 2017-02-12)
  3. a b c (Gaztelaniaz) Gregorio de Urcaregui y sus jarras de txakoli Deia (Amaia Mujika Goñi eta Alex de Urcaregui Urruchua, 2016-06-25)
  4. (Gaztelaniaz) Los ‘chimbos’ en sus chacolís Deia (Amaia Mujika Goñi, 2015-06-13)
  5. (Gaztelaniaz) PEREDA GARCÍA, IÑAKI (testua); APARICIO, JUANMA (fotografía). (2011). Osterak Bilboko auzoetik - 2. Antzinako Begoñako Elizatea. // Paseos por los barrios de Bilbao - 2. La antigua Anteiglesia de Begoña. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saila. Bilbao. Área de Cultura y Educación del Ayuntamiento de Bilbao ISBN 978-84-88714-32-9..
  6. Sarasola Gabiola, Kepa; Altuna Gabiola, Ander. «Orri edo zorri? Zer da "matzorri" hori? -» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  7. a b c González Oliver, Javier. «Bilbaopedia - República de Begoña. Calle» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
  8. a b (Ingelesez) Ortiz, Mónica Calvo; Rincón, Javier Fernández. (2016). «“Orue”, la prisión habilitada para mujeres. De la represión al olvido.» www.semanticscholar.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  9. a b c «Begoñako tranbian tiroka (1916) -» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  10. a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) Mujika Goñi, Amaia; Cadarso, Esteban. (2023-03-11). «La anexión de Begoña a Bilbao y Amadeo Deprit Lasa» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  11. a b Hidalgo, Juanjo. (2024-01-01). «Bilbon Hara-Hona. Leku-izenak eta euren arrastoa': Begoña. . Ilustrazioa:» Bilbao (Bilboko udala) 2024ko urtarrila: 42..
  12. «Begoña (2005)» www.geo.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  13. Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Begoñés pilotariak» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  14. a b c Goitia, Zuriñe. (2024-02-01). «Zabalbide kalea, goitik behera» Bilbao (Bilboko udala): 42..
  15. a b (Gaztelaniaz) Estornés, Ceésar. (2020-04-02). «Pelota» Santutxu Zaharra (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  16. a b c (Gaztelaniaz) Mujika, Jon. (2021-11-13). «Zabalbide, la calle que tanto cuesta» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  17. a b Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Bilboko pilotalekuak» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  18. Sarasola, Kepa; Altuna, Ander. (2023). «Orri edo zorri? Zer da "matzorri" hori? -» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  19. Arana Corral. «Historia (Begoñako Arana Corral familiarena)» www.aranacorral.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-01).
  20. Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Begoñés pilotariak» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  21. Ortega, Hektor. «Begoña.» Uribitarteko paperak. Abando, Begoña, Bilbo eta Deustuko historia. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
  22. (Gaztelaniaz) Arbaiza Alvarez, Joseba Koldobika. (2009-01-15). Estudio de la transformación del paisaje de Santutxu: de Mahats-herri al denso urbanismo. 5. Los topónimos se mantienen.. Euskal Geografi Elkargoa (ingeba) ISSN 1697-3070..
  23. (Gaztelaniaz) Ipiña Bidaurrazaga, Aritz. (2011). [https://ojs.ehu.eus/index.php/Bidebarrieta/article/view/18743/16697 No quisieron ser Bilbao. Resistencia de la Anteiglesia de Deusto a la anexión de Bilbao, 1924-1925.. ] Bidebarrieta.
  24. «REPÚBLICA - BEGOÑAKO ERREPUBLIKAZALEAK REPÚBLICA.» www.errepublika.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  25. a b c «Bilbo - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).
  26. Garmendia, Lander Muñagorri. ««Orain, tabernetan ez da kantatzen»» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-03-12).
  27. «“Lehen arbolantxan dena zen euskaraz, hika hitz egiten genuen”» Argia (Noiz kontsultatua: 2017-03-12).
  28. Ortega, Hektor. (2016). «Hizkuntza politika Begoñako elizatik ikusita (1844-1938)» Berton (Bilbo) 10.orria (196) ISSN 1577-9025. (Noiz kontsultatua: 2017-02-12).
  29. Etxebarria Bilbao, Jose Ramon. (2018-06-21). [https://www.flickr.com/photos/38892589@N02/48098802458/ Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Gardenkiak). ] UEU (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  30. «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  31. Berton aldizkariko edukiak sarean Sustatu (2005-10-18)
  32. Bertonaldizkaria bloga 2012ko otsailetik 2014ko otsailera bitarte
  33. Uriola-Berton: Berton aldizkariko aleak 2010etik
  34. Santutxuko gau eskolak 50 urte. (11:20 -18:40 debora-tartean). Bilbo Hiria rratia (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  35. Astiz, Iñigo. (2014). «Batasunari putz egin ziotenak» Berria (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  36. Santutxuko kilometroetan 1965eko 'gau eskolako' irakasle eta ikasleak omenduko dituzte. (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  37. Danzas 1947-75. (Noiz kontsultatua: 2022-12-16).
  38. lkontratua90. (2016-12-10). Bego-oña dantza-taldea_testua. (Noiz kontsultatua: 2022-12-16).
  39. lkontratua90. (2016-03-13). Josu_Barquin_Gure_Maisua. (Noiz kontsultatua: 2022-12-16).
  40. Goikoetxea, Jakes. «Autopsia hilerri bati» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-31).
  41. Aranzadi. «Begoña-argia» Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  42. «'Begoñako Argia' proiektua amaitu da 4.700 gorpu lurpetik atera ostean - Begoñaldea» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  43. Bilboko Begoñako hilerriko desobiratzeak 2021-2022 Exhumaciones en el cementerio de Begoña en Bilbao. Gogora - Youtube (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  44. Gogora (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua). (2022-03-30). «Gerra Zibilean hildako 42 pertsona desagerturen gorpuzkiak berreskuratu dira Bilboko Begoñako hilerrian» www.gogora.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  45. (Gaztelaniaz) Arrieta, Julio. (2022). «Finalizan los trabajos en el cementerio de Begoña con 4.700 exhumaciones» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  46. (Gaztelaniaz) «'Begoñako Argia': divulgación y formación científica en el cementerio» EITB 2021-10-22 (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  47. ERREPORTAJEA: Begoñako Argia proiektua bertatik bertara ezagutzen | Bilbo Hiria irratia. 2022-06-13 (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  48. (Gaztelaniaz) Miracle, Josep. (1967). Vida de Pompeu Fabra. Bruguera, 89 or. ISBN B 40197-1967..
  49. a b c (Katalanez) Paloma, David; Montserrat, Mònica. (2018). Ruta Pompeu Fabra Prada / Bilbao (PUBLICACIONS). rutapompeufabra.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  50. Artola Zubillaga, Xabier. (2020-07-16). Mediterraneo usaina – blogoetak. (Noiz kontsultatua: 2020-07-17).
  51. (Katalanez) Ruta Pompeu Fabra Bilbao. rutapompeufabra.com.
  52. a b Sarasola, Kepa; Kadarso, Esteban; Urkaregi, Alex. «Santutxun bizi zen Pompeu Fabra 1912an, geroago Karmelo Ikastola egongo zen tokian. -» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  53. Abaitua Allende-Salazar, Eulalia.. ([2005]). Begoña 1900 : errepublika eta santutegia = república y santuario : [exposición. ] Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa = Museo Arqueológico, Etnográfico e Histórico Vasco ISBN 84-933868-1-2. PMC 433624862. (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  54. «Orue txaleta emakumeen kartzela ere izan zelako - Santutxu - 2017-11-29» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
  55. (Gaztelaniaz) Fernández, J.. (2022-11-26). «Bilbao rescata del chalet Orue a sus 11 ‘rosas’» Deia (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
  56. (Alemanez) MUJERES ASESINADAS EN LA GUERRA DEL 1936. (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
  57. «Urcaregui Madariaga, Gregorio de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]