Jesus Luisa Esnaola
Jesus Luisa Esnaola | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Errenteria, 1904ko urtarrilaren 14a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Kanbo, 1972ko martxoaren 1a (68 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | dantzaria, koreografoa eta buruzagi militarra |
Kidetza | Eresoinka |
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Eusko Gudarostea |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Eusko Alderdi Jeltzalea |
Jesus Luisa Esnaola (Errenteria, 1904ko urtarrilaren 14a - Kanbo, 1972ko martxoaren 1a) dantzaria, koreografoa eta Euzko Gudarosteko komandantea izan zen.[1]
Gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia donostiarra bazen ere, Jesus Errenterian jaio zen aitak (Prudencio Luisa) han harrobi baten esleipena zuelako. Bi bider ezkondu zen Prudencio, lehenik Aieteko Maria Ubarrenetxearekin, 7 haur izanik; eta bigarrenez Hernaniko Antonia Esnaolarekin, 4 haur gehiago izanik. Azken ezkontza honetan jaiotako lehen haurra izan zen Jesus, eta 3 arreba izan zituen.[2]
Dantza munduan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errenterian hasi zen dantza zaletzen, Ireneo Rekalde maisuarekin. Gazterik Donostiara joan zen, han lanean hasi baitzen (San Martin kaleko Samperio oihal dendan[1]), eta izeba baten etxean bizitzen hasi zen. Han Jose Lorenzo Pujana dantza maisuaren ikaslea izan zen; hasierako harreman ona gerora pixka bat hoztu zen, Pujanak (karlista izaki) ez baitzuen ondo ikusten Luisak eta bere lagun abertzaleek bultzatzen ari ziren euskal dantzen berrikuntza. Hain zuzen ere, sormen handikoa zen Jesus eta euskal dantzaren arloan asmo berritzaileak zituen. EAJk herri dantzak berpizteko eta abertzaletasuna sustatzeko zituen proiektuekin bat eginik, Luisak Euskal Herriko bazter askotan ikertu zituen tokian tokiko dantzak: Berrizen, Erratzun, Amaiurren, Atharratzen... Durangaldeko Dantzari dantza emanaldi erraldoien antolaketan, buru belarri ibili zen, antolamendurako eta aginterako ahalmen bereziarengatik nabarmendu zelarik. Donostian Saski Naski ikuskizunaren dantza atala zuzendu zuen, kritika aldetik goresmen handiekin.[2] Donostiako Kiliki taldean ere ibili zen, Euzko Gaztedikoa. 1927an Londresera eginiko bira batean parte hartu zuen, eta 1929an Parisko Champs Elysées Antzokian dantza egindakoa zen; behin baino gehiagotan itzuliko zen Londres eta Parisera, Errepublika garaian.[1] 1933an, gainera, Poxpoliña haurren aisialdi taldean sartu zen, dantza arloa antolatzen baita ere.[2]
Gerra aurretik, Irune Saseta Etxeberriarekin ezkondu zen, bere dantzako lagun Joxe Migelen arreba; baita Candido Saseta Espainiako Armadako kapitainarena ere.[2]
Gerra Zibilean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1936ko estatu kolpe saiakeraren ostean Gerra Zibila piztu zenean, Luisak dantza arloa baztertu zuen, politikan erabat murgiltzeko. Lehen egunetan mendigoxalez osatutako komandoen buru aritu eta gero, Euzko Gudarostea sortu eta gero Luisa Donostiako San Bartolome eskolako gudari kuartelaren arduraduna izan zen. 1936ko irailaren 13an, kolpistak Donostian sartzear zeudela, Jesus Luisa eraikinak babesteko utzitako indarren buruzagia izan zen; gero, Bilbora jo zuen itsasoz.[2] Han Telesforo Monzonek laguntza eskatu zion, gerora Euskal Autonomia Estatutua onartzean, Euzko Jaurlaritzako Gobernazio eta Barne Sailak izango zirenen antolakuntzan.
1936ko udazkenean Saseta Batailoiaren antolatzailea izan zen (Euzko Gudarostearen 53garrena, EAJko kideez osatua, metrailadoreena), baita lehen komandantea ere, harik eta Andres Plazaolak ordezkatu zuen arte.[3]
Kolpistak Santanderren sartzearekin batera erbesteratu zen, Santoñako hitzarmena baliatuz, 1937ko irailean.[1]
Eresoinka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1937an, kolpistek Bilbo hartu aurreko egunetan, Euzko Jaurlaritzak gerra plano kulturalean jarraitzeko aukera ikusi zuen, munduan zehar Euskal Herria aldarrikatuko zuen enbaxada artistiko bat bidaliz; horrela sortu zen Eresoinka. Taldea Saran antolatu zen, eta Jesus Luisa zuzendaritza taldean sartu zen, koreografiarekin ardura eramanez eta Europan zehar eginiko bira artistikoetan lagunduz. Propaganda mailan arrakasta handia lortu zuten, baina II. Mundu Gerra piztearekin batera taldea desegin behar izan zen.[1]
Mexikon
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jesus Luisa Mexikora erbesteratu zen bere familiarekin. Gerra zela eta, "Alsina" ontzian eginiko bidaia oso luzea izan zen: Marseillatik irtenda, hara iristeko 10 hilabete behar izan zituzten. Itsasontzian, Luisak euskal dantzei buruzko liburu bat prestatzen jardun zuen; eta haiekin zihoan 16 urteko mutil bati, marrazkilari ona zela ikusita, dantza-postura ezberdinen marrazkiak egiteko eskatu zion; mutil hori Nestor Basterretxea zen. 1941eko amaieran iritsi ziren Mexikora.[1]
Beste euskal iheslari asko bezala, Jesus Luisa errefuxiatuen harrera-sarean ongi hartua izan zen: Martin Garcia Urtiagaren esportazio enpresan hasi zen. Baita, emaztearekin batera, Euskal Etxeko giroan sartu ere; eta laster ekin zion berriro dantza irakasteari.
Irune Sasetak eta Jesus Luisak hiru haur izan zituzten: Yon (Donibane Lohitzune, 1937), Unai (Bidarte, 1938)[1] eta Mari Paz (jada Mexikon jaioa). Euskal kulturan haziak izan ziren, besteak beste dantza, musika eta euskara ikasiz.
Jesus de Luisaren biloba, Yon de Luisa Plazas, kirol munduan pertsona ezaguna da: Club América futbol taldearen lehendakari ohia; Televisa Deportes TB kanalaren lehendakariorde ohia; eta Mexicoko Futbol Federazioaren lehendakaria izan da 2023 urtera arte.[1]
Euskal Herrira itzultzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere lanak bidaiatzeko aukera handia ematen zionez, oporretan Jesus Luisa Donibane Lohitzunera etorri ohi zen. 1970ean, behin jubilatu eta gero, bertan bizitzeko asmotan itzuli zen;[2] Kanbon ezarri zelarik. Han, euskal dantzekin kontaktua berreskuratu zuen, Hazparnen dantza talde bat osatuz. Bertan hil zen 1972an, bihotzekoak jota.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) Gorriti, Un reportaje de Iban. (2023-03-27). «Jesús Luisa Esnaola, el comandante, dantzari y coreógrafo del Gobierno vasco» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
- ↑ a b c d e f ansorena. «Jesus Luisa Esnaola, dantza maisua» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gorriti, Un reportaje de Iban. (2023-04-10). «El gudari ‘Pepito’ del batallón Saseta» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-11-13).