Eritrea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Eritreako Estatua
Hagere Ertra
ሃገረ ኤርትራ
دولة إرتريا
Dawlat Iritriya
Eritreako bandera
Bandera

Eritreako armarria
Armarria

Goiburua: Inoiz Ez Belaunikatu
Nazio ereserkia:
Ertra, Ertra, Ertra
Eritrea: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Asmara
15°20′N 38°55′E / 15.333°N 38.917°E / 15.333; 38.917Koordenatuak: 15°20′N 38°55′E / 15.333°N 38.917°E / 15.333; 38.917
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa, tigrina eta arabiera
Gobernua
Presidentea
Behen behineko gobernua
Isaias Afewerki
Independentzia
- Partziala
- Osoa
Etiopiatik
1991 maiatzaren 29
1993 maiatzaren 24
Eremua
• Guztira
• Ura

121.320 km² (97.)
arbuiagarria
Biztanleria
• Zenbatespena(2009)
• Errolda (2008)
• Dentsitatea

Herritarra

5.224.000 (109.)
5.291.370
43,1 biztanle/km² (165.)

eritrear
Dirua Nafka (ERN)
Ordu eremua
 • Udan (DST)

Ez (UTC +3)
Interneteko domeinua .er
Telefono aurrezenbakia +291

Eritrea Afrikako ipar-ekialdeko estatua da. Itsaso Gorriaren bazterrean dago.

121.320 km2 ditu eta 5.224.000 biztanle (eritrearrak). Hiriburua Asmara da (400.000 biztanle). Mintzatzen den hizkuntza tigrina da (ez dago hizkuntza ofizialik). Dirua nafka da.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izena italieraz ahoskatutako grezierako izenetik datorkio, ΕΡΥΘΡΑΙΑ (Erythraîa), Itsaso Gorriaren grezierako izenetik eratorria (Ἐρυθρὰ Θάλασσα).

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eritrearen mapa.

Herrialde mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugakide ditu Sudan mendebaldean, Etiopia hegoaldean eta Djibuti hego-ekialdean. Ekialdean, Itsaso Gorria.

Lurraldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau alderdi bereiz daitezke: Itsaso Gorriko kostalde zelaia, erdialde-hegoaldeko goi-lautada, iparraldeko eta erdialde-mendebaldeko mendiak, eta mendebaldeko lautada zabalak. Itsaso Gorriko kostak 1.000 kilometro baino gehiago ditu (itsasoaren izenetik dator herrialdearen izena; greko latinizatuan, erythraea gorria da). Lur-zerrenda estu bat da, oso euri gutxi izaten da, eta oso-oso beroa da. Danakilgo sakonunea, hego-ekialdean, itsas maila baino beherago dago, eta munduko tenperatura beroenetakoak izaten ditu. Kostaldetik mendebaldera lurraldeak gora egiten du bat-batean, eta 1.830-2.440 metro bitarteko goi-lautada bat eratzen du. Kostan baino askoz euri gehiago egiten du han. Iparraldeko eta mendebaldeko mendiak 760-1.370 metroko garaiera dute, eta goi-lautadak baino euri gutxiago hartzen dute. Lautada zabalak daude Baraka ibaiaren mendebaldean eta Setit-en iparraldean. Gash (edo Mereb), Baraka eta Anseba ibaiak goi-lautadatik mendebaldera doaz, Sudan aldera; Falkat, Laba eta Alighede ibaiak, berriz, iparraldeko mendietatik Itsaso Gorrira. Ibai gehienek euri-sasoian bakarrik izaten dute ura. Goialdeetan udan izaten da euri-sasoia, eta kostaldean, berriz, neguan.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Eritrearen banaketa administratiboa
Eritreako eskualdeak

Eitrea sei eskualdetan (zoba) eta 24 barrutitan (sub-zoba) banatuta dago.

Zenbakia Eskualdea (ዞባ) Barrutiak (ንኡስ ዞባ)
1 Maekel
(ዞባ ማእከል)
Berikh, Ghala-Nefhi, Semienawi Mibraq, Serejaka, Debubawi Mibraq, Semienawi Mi'erab, Debubawi Mi'erab
2 Debub
(ዞባ ደቡብ)
Adi Keyh, Adi Quala, Areza, Debarwa, Dekemhare, Mai Ayni, Mai Mne, Mendefera, Segeneiti, Senafe, Tserona
3 Gash-Barka
(ዞባ ጋሽ ባርካ)
Agordat, Barentu, Dghe, Forto, Gogne, Haykota, Logo-Anseba, Mensura, Mogolo, Molki, Guluj, Shambuko, Tesseney, La'elay Gash
4 Anseba
(ዞባ ዓንሰባ)
Adi Tekelezan, Asmat, Elabered, Geleb, Hagaz, Halhal, Habero, Keren, Kerkebet, Sel'a
5 Semenawi Keyih Bahri
(ዞባ ሰሜናዊ ቀይሕ ባሕሪ)
Afabet, Dahlak, Ghel'alo, Foro, Ghinda, Karura, Massawa, Nakfa, She'eb
6 Debubawi Keyih Bahri
(ዞባ ደቡባዊ ቀይሕ ባሕሪ)
Are'eta, Central Dankalia, Southern Dankalia, Assab

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gash-Barka eskualdeko etxolak.

Erlijioari dagokionez, kristau koptoak eta musulmanak daude.

Eritrearrak bederatzi etniatan banatuta daude: tigrinak, tigreak, bilenak, afarrak, sahoak, kunamak, narak, hidarebak eta rashaidak. Etnia nagusiak lehenengo biak dira, tigrinak eta tigreak; tigrinak hegoaldean bizi dira, eta tigreak iparraldean. Etnia bakoitzak bere hizkuntza eta bere kultura ditu. Hizkuntza nagusiak bi etnia handi horienak eta arabiera dira; italiera eta ingelesa ere zabal erabiltzen dira.

Biztanleen erdiak, gutxi gorabehera, kristauak dira, eta tigrina hizkuntzaz mintzatzen da; etnia hori goi-lautadan bizi da. Biztanleen beste erdiak musulmanak dira, eta etnia- eta hizkuntza-talde askotan dago banatuta. Tigrina hizkuntza erabiltzen duten musulmanak iparraldeko kostaldean eta mendebaldeko lur behereetan bizi dira; sahoak, berriz, Mesewatik hurbil bizi dira, kostaldean. Bilena hizkuntza erabiltzen duten herri gehienak Keren aldean bizi dira; musulmanak dira, afarrak bezala, eta hego-ekialdeko kostan eta Dahlak uharteetan bizi dira. Hidarebek, ipar-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko nomadak, beja hizkuntza erabiltzen dute, eta musulmanak dira gehienak. Narak eta kunamak hego-mendebaldean bizi dira, eta haiek ere musulmanak dira, baina hizkuntza nilotiko bat erabiltzen dute; Eritreako gainerako etniek, berriz, afro-asiar hizkuntzak erabiltzen dituzte. Aniztasun handi hori gorabehera, etnien arteko istiluak ez dira arazo handia izan Eritrean; etiopiarrei elkarrekin aurre egiteak batasun handia eman die. Estatuak, beraz, ez du batasunik ez etnian ez hizkuntzan, eta italiarren mendean egon zen garaian ezarritakoak ditu egungo mugak.

Biztanle gehienak artzaintzatik edo nekazaritzatik bizi dira, herrietan.

Biztanleen % 15 baizik ez da hirietan bizi, Asmaran, Mesewan (37.000 biztanle), Asseben (50.000 biztanle) eta Kerenen (70.0000 biztanle). Mesawa eta Asseb itsas portuak dira.

Biztanle gehienak lur garaietan bizi dira, epelagoak eta euritsuagoak baitira. Etiopiaren aurkako gerrak eta XX. mendearen bukaerako gosete izugarriek Eritreako biztanleak lekuz aldatzera behartu ditu. Burujabetasuna lortu zuenean, biztanleriaren % 20k bizilekuz aldatu behar izan zuen; 500.000 inguru iheslari joan ziren Sudanera, 40.000 inguru Europara eta 14.000 Estatu Batuetara. Eritrearren bizi-itxaropena 50 urtekoa da.

Bi mediku dituzte 100.000 biztanleko. Emakumeek 5,5 seme-alaba izaten dituzte batez beste. Biztanleen erdiak ere ez daude alfabetatuta.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eritrean nekazaritza izan da bizibide nagusia goi-lautadan, iparraldean eta mendebaldean, euri gehiago egiten duelako horretarako baldintza egokiagoak dituzten lurretan hain zuzen. Kostalde zelaian eta iparraldeko eta mendebaldeko eremu lehorretan, berriz, abeltzaintza izan da bizibide nagusia. XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, lurraldea italiarren eta britainiarren mendean egon zen garaian, lehengaien produkzio ahalik eta handienari eta esportazioari begira egin zen ekonomia. Denbora horretan, industria arina ezarriz joan zen Asmara eta Mesewa inguruetan.

1952an Etiopiarekin federazioa eratu zuenean, Eritrearen ekonomia-hazkundea Etiopiarena baino handiagoa izan zen, baina, Eritrea Etiopiaren mendean geratu zenean, industriaren hazkundea urrituz joan zen, lantegi asko bertan behera utzi ziren, edota Etiopiara eraman ziren. 1974. urteaz gero, Etiopiako erregimen marxistak estatuaren mendean utzi zuen industria gehiena. Eritreako ekonomiari, beraz, kalte handia egin dio Etiopiarekiko harremanak eta gerrak, 1960tik aurrera, eta orobat aldian behin pairatzen dituen lehorte luzeek eta horren ondoriozko goseteek ere. Herrialdeak burujabetasuna lortu zuenerako, herrialdearen industria-oinarria hondakinetan zen, eta biztanleen % 75 nazioarteko laguntzaren beharrean zegoen bizitzeko. Errepide-sarea erabat hondatuta zegoen, eta baita burdinbidea ere. Gerrako hondamendiaren ondoren, plangintza on baten premian zegoen, oneratuko bazen: zituen baliabide urriak banatu, nazioarteko laguntza jaso, biztanleei etxebizitza eman, behar beste janari lortu, garraio-azpiegitura berreraiki, eta abar. Gobernuak herrialdea aurrera bideratzeko programa bat proposatu du irizpide kapitalistetan oinarrituta eta sektore estatala pribatizatuz.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrika K. a. 400. urtean. Dʿmt edo Damot Erresuma zegoen Eritrean.

Kristautasunaren aroko lehen mendeetan, Aksumgo erresuma koptoaren mendeko lurraldea izan zen Eritrea. Eritreako kultura K. o. VI. eta VII. mendeetan Eritrean eta egungo Etiopiaren iparraldean garatu zen. Aksumgo zibilizazioaren eragina izan zuen; zibilizazio kristau hori barnealdeko Afrikaren eta Mediterraneo aldeko zibilizazioen arteko zubia izan zen.

XVI. mendearen hasieran, musulmanak jabetu ziren Abisiniako lurralde guztiez. Mende horretan bertan hasi ziren kolonizatzaile portugesak kostalde haietara hurbiltzen.

1869. urtean konpainia italiar batek erosi zuen Eritrea; Italiako gobernuak 1882an konpainiari eskubideak erosi zizkion, eta 1935. urtean Etiopiako konkistari ekin zioten bertatik. 1890ean Eritrea italiarren kolonia bihurtu zen. Eritrea Ekialdeko Afrika italiarreko sei herrialdeetako bat izan zen.

1941. urtean oste britainiarrak sartu ziren bertan, eta 1952. urtean Etiopia eta Eritrea federazio berean egotea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak, autonomia eta berezko gobernuz hornituta betiere.

30 urteko gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1961. urtean Eritrearen Askapenerako Frontea sortu zen, Eritrearen independentziaren aldekoa, eta, 1962. urtean, Haile Selassie Etiopiako Negus edo erregeak, erantzun gisa, Etiopiako probintzia soil bihurtu zuen Eritrea.

1970. urtean, Eritreako milaka lagunek utzi behar izan zuten etxea eta herria, Etiopiako armadaren napalm-bonbardaketek eragindako izugarrikerietatik ihesi. 1971. urtean, bitan banatu zen Eritrearen Askatasunerako Frontea, baina, handik aurrera, Etiopiako armadak benetako gerra bati eutsi behar izan zion. 1976an, Haile Selassie hil ondorengo urtean, Etiopiako militarrak nagusitu eta nolabaiteko bide negoziatua eskaini zieten Eritreako abertzaleei: autonomia eta amnistia. Baina, aldi berean, etiopiarrek inbasio bat prestatu zuten, Marokoko Hassan II.ak Mendebaldeko Saharan egin zuen bezala; ibilaldi gorriak direlakoak porrot handia izan zuen, ordea, eta, bestalde, entzungor segitzen zuten nazioartean Eritreako genozidioa salatzen ari ziren ahots guztien aurrean. 1977tik aurrera, Sobietar Batasunak eta Kubak laguntza eskaini zioten Etiopiako gobernuari eta, negoziaziorik ezean, Eritreako talde armatuek zailtasun handiak izan zituzten Etiopiako armadaren erasoei eusteko.

Goseak eta krisiak jo zituen Etiopia eta Eritrea, eta, 1988tik aurrera, EAHF Eritrearen Askapenerako Herri Fronteak erasoari ekin eta 1991. urtean garaipena lortu zuen. 30 urtez (1961-1991) luzatu da XX. mendeko Afrikako gerra luzeena, baina oraindik zalantzaz beterik dago Eritrea burujabearen etorkizuna.


Burujabetasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EAHFren behin-behineko gobernu berriak, nazioarteko herrialdeen eta Etiopiako gobernu berriaren onespenarekin, burujabetasunari buruzko erreferenduma deitu zuen 1993ko apirilean, eta eritrearrek burujabetasunaren aldeko erabakia hartu zuten aho batez (% 99,8). 1993ko maiatzaren 28an Nazio Batuek bere kideen artean onartu zuten Eritreako estatua. 1994ko otsailean EAHF alderdi politiko bihurtu zen, Demokrazia eta Justiziarako Herri Frontea, eta oraingoz hori da dagoen alderdi bakarra. Azkeneko urteotan Eritreak lehortea eta Sudanekiko tirabirak izan ditu aurrera egiteko oztopo nagusiak. Tirabira horiek Sudanen dauden milioi erdi iheslariak aberriratzea eragotzi dute. 1995eko urrian Eritreako gobernuko buruak, Isaias Afwerki-k, armak eskaini zituen Khartumeko erregimenari aurre egingo zion edozein talderentzat. Gobernuak atzeratu egin ditu 1997rako iragarritako hauteskundeak. Biztanle gehienak behartasun gorrian bizi diren bitartean, turismoa bilakatu da diru-iturri nagusietako bat. 1999ko otsailean berriro hasi zen Etiopiarekin borrokan, mugak direla-eta. Nazioarteko Justizia Epaitegiak bi estatuen arteko mugak zehaztu zituen 2002an, baina bi estatuen arteko harremanak ez ziren hobetu.

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eritrea Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]