Portuges
Portugesa[1][2][3][4] edo portugalera[1][5] (português edo língua portuguesa) hizkuntza erromantzea da, latinetik eta, zehazkiago, galaikoportuges erromantzetik eratorria. Erdi Aroan galizieratik bereizia, Portugalgo Erresumako hizkuntza bihurtua eta Pizkundearen garaian estandarizatua, munduko hainbat lurraldetara zabaldu zuen Portugalgo Inperioaren jarduerak. Hori dela eta, egun 260.000.000 hiztunek baino gehiagok darabilte; hiztun kopuruari dagokionez, bigarrena da latinetiko hizkuntzen artean, gaztelaniaren ondoren eta frantsesaren aurretik[6].
Portugalen ez ezik, beste hainbat herrialdetan ere hitz egiten da: Brasilen, Angolan, Mozambiken, Cabo Verden, Sao Tome eta Principen, Indian eta Ginea Bissaun.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portugesa hizkuntza erromantzea denez, sustrai historikoak latinean ditu. Horrek antzinako erromatarrak Iberiar penintsulara eta egungo Portugalgo lurraldera iritsi zireneko garaira garamatza, K.a. 218. urtera, alegia; mende batzuk geroago, erromatarrek penintsula hiru probintzia handitan banatu zutenean, egungo Portugalgo lurralde gehienari Lusitania izena eman zioten. Geroxeago, Diokleziano enperadoreak Gallaecia gisa izendatu zituen geratzen ziren Portugalgo lurralde zatiak eta gaurko Galizia. Garai hartan, bertan, portuges zaharra edo galaiko-portugesa garatu zen, portuges modernoaren oinarria dena[7].
Portugesak ez du, ordea, latinaren eragina soilik. Hortik aurrera, herri barbaroak eta mairuak Kristo ondorengo aurreneko mendeetan bertaratu izanak ere eragina izan zuten galaiko-portuges erromantzean. Zehazki, eragin lexiko nabaria izan zuten hizkuntza germaniarrek eta arabieraren ondorio diren hainbat hitz eta leku-izen ere topa ditzakegu egungo portugesean.
Portuges zaharra edo galaiko-portugesa Galiziako Erresumako hizkuntza zen. Kristo ondorengo aurreneko mendeetan, aldiz, Iberiar penintsulako beste lurralde batzuetan ere erabili izan zen, batez ere jarduera lirikorako. Aro horrexetakoak dira, esaterako, Cantigas de Santa Maria kantak, ustez Gaztelako Alfontso X.a erregeak idatziak. Aldiz, portuges zaharra dokumentu ofizialetan topatzeko, XII. eta XIV. mendeak arte itxaron behar da. Garaitsu horretan, gainera, Portugalgo konderria Galiziatik bereizi zen, eta horrek galaiko-portugesaren batasuna pixkanaka hautsarazi zuen. Oinarri bera izanagatik, urteen joan-etorrian, bi hizkuntza bilakatu ziren: galiziera –gaztelaniaren gero eta eragin handiagoa izan zuena– eta portuges modernoa, Portugalgo Erresumaren eta haren Inperioaren hizkuntza bilakatu zena.
Portugesa munduko hainbat bazterretara eraman zuen Portugalgo Erresumaren jarduera inperialistak XVI. mendera bitarte. Horien artean daude Asiako, Amerikako eta Afrikako hainbat lurralde, Erresumaren jarduera ekonomiko kolonialistak eta misio katolikoak zirela eta, portugesa berenganatzera behartuak izan zirenak. Herrialde horien artean daude, esaterako, Brasil, Angola, Mozambike, Sao Tome eta Principe, Sri Lanka eta India[6]. Horietako batzuetan, oraindik badaude portugesa erabiltzen duten hiztun-komunitateak, eta beste batzuetan, aldiz, oraindik hizkuntza ofiziala izaten jarraitzen du.
Portugesaren estandarizazioa eta aldaera modernoaren garapena Pizkundean hasi zen. Garai hartan hasi ziren akademikoak eta idazleak portugesaren lexikoari ekarpenak egiten, latin klasikotik eta antzinako grezieratik hartutako maileguekin.
Hizkuntzaren sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portuges modernoa galaiko-portuges hizkuntzatik eratorria da. Lehen gramatika portugesa (Grammatica de Lingoagem portuguesa[8]), Fernando Olivera presbitero dominikar eta erretorikako irakaslearena, Lisboan argitaratu zen 1536an. Lan horrek eta beste batzuek, eta, oro har, inprentaren garapenak ahalbidetu zuten portugesaren bateratze-prozesua.
Erdi Aroko portugesak berebiziko garrantzia izan zuen penintsulan, XII. mendearen amaieratik XIV. mendearen erdialdera arte. Autore batzuen esanetan, 1400ean galaiko-portugesak batasuna galdu zuen lurraldea bi estatutan banatzearen ondorioz: Portugaleko Erresuma eta Leongo Corona alde galegoa.
Galizian, gaztelania izanik hizkuntza ofiziala, bigarren mailako hizkuntza zen portugesa; beraz, hizkuntzaren bertsio galegoak gaztelaniaren eragina jasan zuen. Hartara, autore batzuek hizkuntzaren bi bertsio banatu zirela defendatzen dute: galegoa eta portugesa. Beraz, eztabaida dago galiziera eta portugesa bi hizkuntza bereizi ote diren ala hizkuntza beraren bi aldaera. Egun, aditu gehienek galaiko-portugesaren bi aldaeratzat jotzen dituzte.
Beraz, hizkuntzaren sailkapena hau da: indoeuroparra > italikoa > erromantzeen taldekoa > erromantzea > erromantze italo-mendebaldarrak > italo-mendebaldarra > galo-iberikoa > erromantze iberiarra > ibero-mendebaldarra > galaiko-portugesa.
Beste hizkuntzetan duen eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portugesak eragina izan du beste hizkuntza batzuetan, bai oso hurbilekoak diren hizkuntzetan, bai kolonizatuak izan direnetan[9]. Hala, portugesa, garbia edo kreolera, hitz egiten zen India, Malaysia, Thailandia, Txina, eta abarretan portugaldarren eta haien ondorengoen artean, bai eta indiarren, musulmanen, juduen eta beste europar batzuen artean ere. Luzaroan, ekialdeko Lingua franca izan zen[10].
Hala, portugesezko jatorria duten 38 hitz kontatzen dira ingelesez, batez ere «ingeles kolonial»ean, hala nola marmalade (zitrikoen marmelada), flamingo (flamenkoa), bufalo edo pagoda[9]. Espainieraren kasuan, portuñolaz gain, Brasilgo mugaldeetan eragina ikusten da, bai maila fonetikoan, bai gramatika edo lexiko mailan[11].
Fonologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezaugarri fonologiko orokorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portugesak 9 aho-bokal eta 19 fonema kontsonantiko ditu, nahiz eta aldaera batzuek fonema gutxiago izan (portuges brasildarrak 8 aho-bokal ditu). Gainera, zenbait fonologok ahozko bokal-alofono gisa aztertzen dituzten 5 bokal daude, 10 aho-diptongo, eta 5 diptongo sudurkari. Portuges brasildarrak, guztira, 13 bokal-fonema ditu[12]. Gainera, portugesa azentuazio konplexudun hizkuntza da, ahoskera ezberdinak baitaude hizkuntza beraren aldaeren barruan ere.
Bokalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latin berantiarreko zazpi bokalei, Erdi Aroko portugesak bi bokal erdi-ertainak erantsi zituen, Horietako batek ([ɨ]) elisiorako joera du hizketa azkar edo lasaian, frantseseko e caduc-ekin (/ɯ̽/) gertatzen den moduan. Bi bokal horien balio kontrastiboa txikia da, bokal erdi-itxiak /e o/ eta bokal erdi-irekiak /ɛ ɔ/ fonetikoki bereizgarriak dira, eta apofonia-forma bat baino gehiagotan txandakatzen dira. Katalanak bezala, portugesak kalitate bokalikoak erabiltzen ditu, silaba tonikoekin kontrastatzen dutenak baina silaba atonoetan neutralizatzen direnak: bokal isolatuek ixteko joera dute, eta, batzuetan, baita zentralizatzera ere atonoak direnean. Sudur-diptongoak hitzaren amaieran agertzen dira, batez ere[12].
Kontsonanteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontsonanteen inbentarioa honela osatuta dago[13][14]:
Ezpainkaria Ezpain-
horzkariaHorzkaria/
HobikariaHobiatzekoa Sabaikaria Belarra Ubularra Sudurkaria m n ɲ Herskaria p b t d k ɡ Igurzkaria f v s z ʃ ʒ ʁ Albokaria l ʎ Dardarkaria ɾ
Inbentario hori oso kontserbadorea da latin berantiarrarekin alderatuta. Erdi Aroko /ts/, /dz/, /tʃ/, /dʒ/ afrikariek /s/, /z/, /ʃ/, /ʒ/ igurzkariekin, hurrenez hurren, bat egin zuten, baina ez ziren elkarrekin nahastu. Horrez gain, ez da beste aldaketa esanguratsurik izan (horrek gaztelaniaren txistukarien birdoitzearekin erabat kontrastatzen du).
Brasil eta Angolako leku batzuetan, sabaikari-sudurkari /ɲ/ kontsonantea hurbilketa sabaikari-sudurkari [j̃] gisa egiten da, zeinak, aldi berean, aurreko bokala ninho sudurkaritzen duen ([ˈnĩj̃ʊ ~ ˈnʲĩj̃ʊ ~ ˈɲĩj̃ʊ] Brasilen, [ˈnĩj̃u] Angolan) 'nido'.
Fonema errotikoak Gaztelerak bezala, portugesak bi fonema errotiko ditu, eta bokalarteko posizioan kontrastatzen dute elkarren artean; bestela, banaketa alofonikoan daude.
Bokalen arteko r sinplea gaztelaniaz bezala ahoskatzen da: agora (ahora) /a.ˈɡɔ.ɾɐ/. Beste kontsonante baten aurrean edo hitzaren amaieran dagoenean, gaztelaniazkoaren soinu bera izan dezake, hori ohikoa da Portugalen eta Brasilgo hegoaldean; Brasileko iparraldean, ahoskera guturalagoa izan dezake [ʁ~ʀ], frantsesez edo alemanez bezala: carta /'kaɾ.ta/ ~ /'kaʁ.ta/, morder /muɾ'deɾ/ ~ /muʁ.'deʁ/[15].
Hitzaren hasieran, 'r' ahoskatu ohi da [ʁ]: rio /ʁi.u/, hitz baten erdian r bikoitz (rr) bat ahoskatu ohi da 'r' bat bezala hitz baten hasieran, carro /'ka.ʁu/[16].
Brasil osoan, ohikoa da hitzaren amaieran fonema errotikoa ezabatzea, silabaren azken alofonoaren ahoskera normala edozein dela ere. Ahoskera hori bereziki arrunta da beheko erregistroetan, nahiz eta zenbait eremutan erregistro gehienetan egon, adibidez, Brasilgo ipar-ekialdean eta soziolekto formal eta estandarrenean. Aditzetan gertatzen da, batez ere, beti 'r'-z amaitzen baitira beren forma infinitiboan; aditzak ez diren beste hitz batzuetan, ezabapena bitxiagoa da[17].
Ortografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Soinu-taula honek Portugalen, Brasilen eta Afrikan hitz egiten den portugesaren fonemak konbentzio ortografikoekin lotzen ditu[Oh 1].
Letra(k) Portuguesa Euskararen itzulpena NAF Letra(k) Portuguesa Euskararen itzulpena NAF a casa etxe a lh alho baratxuri ʎ a, â amo nagusi ɐ m- mapa mapa m á alto, árvore goi, zuhaitz ɑ n- número zenbaki n am, an, ã campo, canto zelai, txoko ã nh ninho habi ɲ b bola pilota b o santo, logo santu, azkar u ca, co, cu casa etxe k õ, om, on limões, montanha limoiak, mendi õ ça, ce, ci, ço, çu cedo, maçã goiz, sagar s ó morte, moda, nó heriotza, moda, korapilo ɔ ch cheque txeke ʃ ô ovo, olho, avô arrautza, begi, aitona o d dedo hatz d p parte parte p e leite, vale esne, ibar ɨ[Oh 2] edo i[Oh 3] qua, quo quanto, quotidiano (o cotidiano) zenbat, eguneroko kʷ é resto, festa, café hondar, jai, kafe ɛ que qui aquele, aqui hura, hemen k ê medo, letra, você beldur, letra, zu (Brasilen, «tu»ren ordez «vocè» erabil daiteke) e -r mar, Marte itsaso, Marte ɾ em, en lembrar, então oroitu, orduan ẽ r coro, caro koro, garesti ɾ f ferro burdina f rr rosa, carro arrosa, auto ʁ ga, go gato katu g s, ss sapo, assado apo, erreki s ge, gi gelo izotz ʒ -s galinhas, arcos oiloak, arkuak ʒ edo ʃ[Oh 4] gua água ur gʷ bokalarteko s raso, meus amigos ras, nire lagunak z gue, gui português, guia portuges, gida g t tosta ogi txigortu t h harpa arpa ez da ahoskatzen u uvas mahatsak u i idiota ergel i diptongoak 'o' edo 'u'-rekin ao, mau harantz (norantz), txar w diptongoak 'i'-rekin nacional, ideia nazional, ideia j un, um um, untar bat, busti ũ im, in limbo, brincar linbo, jolastu ĩ v vento, velocidade haize, abiadura v j jogo joko ʒ x caixa, Xadrez kutxa, xake ʃ l logo orain edo gero l edo ɫ x próximo hurbil s -l Portugal, Brasil Portugal, Brasil ɫ edo w[Oh 5] z, exa, exe, exi, exo, exu exame, natureza azterketa, natura z
Portugesaren lurralde eremua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Portugesa Portugalgo, Brasilgo, Sao Tome eta Principeko (% 95), Cabo Verdeko (% 95), Ginea Bissauko (% 60) eta Angolako (% 75) biztanleen ama hizkuntza nagusia da[18]. Bestalde, Mozambikeko biztanleen erdiak hitz egiten du, Ekialdeko Timorreko herenak eta Macaoko % 20k. Beste lurralde batzuk daude, hala nola Goa, Daman eta Diu, Dadra eta Nagar Haveli Indiako portuges lurraldeak kasu, non bertan ere hitz egiten den, nahiz eta erabilera orokorra ez den[19]. Horiez gain, Malaysiako Malaka estatuan, komunitate batzuek oraindik lehen hizkuntza gisa erabiltzen dute.
Gainera, beste estatu batzuetan etorkin lusofono komunitate adierazgarriak daude: Andorran, adibidez (11.229 lagun 2012an, Andorrako Estatuko Estatistika Departamentuaren arabera, Andorrako biztanleen % 10); halaber, Bermuda[20], Kanada (237.000 pertsona 2016ko erroldaren arabera[21]), Frantzian (atzerritarren % 9,1[22]), Luxemburgon (% 15)[23], Namibian (% 4-5)[24], Paraguain (636.000 pertsona)[25], Hegoafrikan (500.000 baino pixka bat gehiago)[26], Suitzan (196.000 biztanle 2008an)[27], Venezuelan (554.000 pertsona)[28] eta Estatu Batuetan (1.687.126 lusofono edo biztanleriaren % 0,44)[29]. Era berean, espainiarren % 5,20k ere portugesa hitz egin dezakeela adierazi du.
Ofizialtasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portugesa herrialdeotako hizkuntza ofiziala da: Angola, Brasil, Portugal, Sao Tome eta Principe, Mozambike, Cabo Verde, Ginea Bissau eta Ekialdeko Timor. Aldi berean, hizkuntza ofizialetako bat da Ekuatore Ginean (gaztelania eta frantsesarekin batera) eta Makaon (txinerarekin batera).
Portugesa nazioarteko erakundeotan ere ofiziala da: Europar Batasunean, Estatu Iberoamerikarren Erakundean, Estatu Amerikarren Erakundean, Mercosur-en, Hegoamerikar Nazioen Batasunean. Gainera, lanerako hizkuntza eta hizkuntza ofiziala da Afrikako Batasunean. Horrez gain, Portugesezko Herrialdeen Komunitatea (Comunidade dos Países de Língua Portuguesa, CPLP) portugesa hizkuntza ofiziala duten zortzi estatu askeen arteko erakunde bat da.
Portugesa hizkuntza ofiziala duten herrialdeek berezitasun bat dute: ez daukate portugesa hizkuntzatzat duten beste inolako herrialderekin mugarik. Hori ez da herrialde anglofono, frankofono, hispanofono, arabofono edo germanofonoekin gertatzen; kolonizazioaren ondoren, Portugalen menpe egondako herrialdeak ez ziren herrialde ezberdinetan banatu, Espainiaren, Frantziaren edota ingelesen Afrikako koloniak ez bezala.
Portugesa atzerriko hizkuntza gisa munduan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2008tik aurrera, portugesa Uruguaiko eskoletan derrigorrezko bigarren hizkuntza gisa irakasten da[30], eta, Argentinan, 2009tik[31][32]. Zambia, Kongo, Senegal, Namibia, Suazilandia, Boli Kosta eta Hegoafrikako eskoletako curriculumean ere azaltzen da[32]. Espainiaren kasuan, Extremadurako Juntak portugesa bigarren atzerriko hizkuntza gisa ikastea bultzatzen du, eta, Andaluzian, Jose Saramago programa jarri dute martxan, portugesa atzerriko bigarren hizkuntza gisa Bigarren Hezkuntzan bultzatzeko.
Instituto Camões-en datuen arabera, 160.000 pertsonak portugesa atzerriko hizkuntza gisa ikasten dute munduan[32], horietako laurogei milak euren zentroetan[33]. British Council-aren ikerketa baten arabera[34], portugesa Erresuma Batuan bizi-hizkuntza gisa kontsideratua izan da hurrengo 20 urteetarako, eta, egun, Interneten gehien erabiltzen diren hizkuntzen artean bosgarren postuan dago[35]. Bestalde, Txinan, goi mailako 28 eskolak irakasten dute (1350 ikaslerekin), gehienak Macao portugaldar kolonia ohian (bertan, Txina eta herrialde lusofonoen arteko merkataritza harremanak sustatzeko erabiltzen da)[35]. Gauza bera gertatzen ari da Japonian, bertan, 500.000 brasildar-japoniarrez osatutako komunitatea baitago.
| Herrialdea | Biztanle
kopurua[36] |
Hezkuntza sisteman
derrigorrez irakatsia |
Nork hitz egiten du? |
|---|---|---|---|
| Uruguay | 3.400.000 | Bai | Gutxiengo esanguratsu batek, ama hizkuntza gisa |
| Argentina | 45.500.000 | Bai | Gutxiengo batek, bigarren hizkuntza gisa |
| Paraguai | 7.200.000 | Ez | Gutxiengo esanguratsu batek, ama hizkuntza gisa |
| Venezuela | 28.600.000 | Bai | Gutxiengo batek, bigarren hizkuntza gisa |
| Hegoafrika | 56.500.000 | Ez | Gutxiengo txiki batek, ama hizkuntza gisa |
| Namibia | 2.600.000 | Ez | Gutxiengo txiki batek, ama hizkuntza gisa |
| Kongo | 5.300.000 | Ez | Gutxiengo txiki batek, bigarren hizkuntza gisa |
| Zambia | 17.400.000 | Ez | Gutxiengo txiki batek, bigarren hizkuntza gisa |
| Senegal | 15.700.000 | Ez | Gutxiengo txiki batek, bigarren hizkuntza gisa |
| Suazilandia | 1.100.000 | Ez | Gutxiengo txiki batek, bigarren hizkuntza gisa |
Dialektoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portugesak bi dialekto multzo nagusi ditu: brasildarra eta europarra.
- Europar portugesa: Portugal kontinentalean eta portugaldar uharte-eskualdeetan (Madeira eta Azoreak) hitz egiten diren hizkuntzei ematen zaien izendapena da[37].
- Brasildar portugesa: 200 milioi brasildar baino gehiagok hitz egiteaz gain, munduan gehien hitz egiten, idazten eta irakurtzen den aldaera da[38]. Mercosurren barnean Brasilek duen garrantzia dela eta, normalean, aldaera hori, ikasten da Hego Amerikako herrialdeetan, bereziki Argentinan, Paraguain eta Uruguain. Hala ere, ama-hizkuntza legez portuges brasildarra duten hiztunak ere badira, bereziki, Brasilgo komunitate handiak dauden herrialdeetan, hala nola Estatu Batuetan, Paraguain, Perun, Japonian eta Europako hainbat herrialdetan.
Arrazoi historikoen ondorioz, Asia eta Afrikako dialektoek lotura estuagoa dute Portugalgo dialektoekin Brasilgoekin baino. Hala ere, ahoskerari dagokionez, zenbait kasutan, portuges brasildarraren aztarnak aurki daitezke. Horrez gain, portugesak bi idazkera estandar ditu, eta ahozko aldaera ugari (askotan desberdintasun fonologiko eta lexiko garrantzitsuak dituztenak).
Brasilen erabiltzen den portugesaren idatzizko forma Brasilgo Letren Akademiak arautzen du, eta, batzuetan, portuges-brasildar deitzen da (nahiz eta terminoak nagusiki Brasilen hitz egiten diren dialekto guztiei erreferentzia egiten dien). Portugalen, Lisboako Zientzien Akademiak arautzen du hizkuntza, eta bertako dialekto nazionala portuges europarra da. Idatziz jasotzen den aldaera hori ohikoa zen Afrika eta Asiako kolonia portugaldar ohietan, Cabo Verde, Mozambike, Angola, Ekialdeko Timor, Macao eta Goa kasu.
Eztabaida dago galiziera eta portugesa bi hizkuntza bereiz ote diren ala berberaren bi aldaera. Egun, aditu gehienek galaiko-portugesaren bi aldaeratzat jotzen dituzte; izan ere, Erdi Aroan hizkuntza batua izan zen, harik eta mendeak joan mendeak etorri, bi aldaerak bereizi ziren arte.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ OBS: Brasilen nahiago dute cotidiano forma, Portugalen, berriz, quotidiano erabiltzen da
- ↑ Europako eta Afrikako portugesaren estandarra.
- ↑ Brasilgo portugesaren estandarra.
- ↑ /z/ maiz erabiltzen da Afrikako portugesean eta Brasilen (Rio de Janeiron, Belémen eta beste nonbait izan ezik). Estandarizatutako dialektoek beste hitz baten atzetik doanean erabiltzen dute. Aurretik bokal bat doanean, [ʒ] izango da (/Z/ SAMPAn) edo [ʃ] (/S/ SAMPAn) hurrengo kontsonantea ahosduna den ala ez kontuan hartuta. Beiran, Portugalgo eskualdea, soinu hau beti [ʒ] ahoskatzen da.
- ↑ Europako eta Afrikako portugesaren estandarra.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
- ↑ «portuges» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2021-06-30).
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ Euskaltzaindiaren 53. araua: munduko estatuetako hizkuntza ofizialak.
- ↑ «portugalera» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2021-06-30).
- ↑ a b editor., Dios, Ángel Marcos de,. La lengua portuguesa.. ISBN 978-84-9012-466-6. PMC 905856997. (kontsulta data: 2021-03-09).
- ↑ Procópio, Eliabe Dos Santos; Guevara Oliveira, Glyvory Evelyn. (2017-09-23). «CASTRO, Ivo. Historia de la Lengua Portuguesa. Traducción del portugués al español de Beatriz Peña Trujillo. Bogotá: Edición Instituto Caro y Cuervo. Imprenta Patriótica, 2013.» Entrepalavras 7 (1): 603. doi:. ISSN 2237-6321. (kontsulta data: 2021-03-09).
- ↑ Duarte Bonini Mariguela, Adriana Duarte. (2007-07-07). «A grammatica da lingoagem portuguesa de Fernão de Oliveira: Marcas de linguagem nas teias da tradição e da ruptura» Revista da Anpoll 1 (23) doi:. ISSN 1982-7830. (kontsulta data: 2021-03-07).
- ↑ a b (Portugesez) Galvão Lessa, Luísa. (2002-02-24). A influência portuguesa nas línguas do mundo. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015-04-14) (kontsulta data: 2015-04-02).
- ↑ Dalgaso, Sebastião Rodolfo. (1913). «A influência do português no Oriente» Paladinos da Linguagem 2..
- ↑ Elizaincín Eichenberger, Adolfo. «Las fronteras del español con el portugués en América» Congreso de la Lengua jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 26 de abril de 2016) (kontsulta data: 2015-04-02).
- ↑ a b Handbook of the International Phonetic Association pg. 126–130
- ↑ Cruz-Ferreira 1995, 91 orr. .
- ↑ Barbosa & Albano 2004, 228–229 orr. .
- ↑ Baeza, S. (2009). Portugués fácil Espasa. Pozuelo de Alarcón: Espasa Calpe.
- ↑ Baeza, S. (2009). Portugués fácil Espasa. Pozuelo de Alarcón: Espasa Calpe.
- ↑ OLIVEIRA, Marco Antônio de. Phonological variation and change in Brazilian Portuguese: the case of the liquids. 1983. 270f. (Doutorado em Lingüística) – University of Pennsylvania, Philadelphia.
- ↑ (Gaztelaniaz) Idioma portugués. 2021-02-21 (kontsulta data: 2021-03-06).
- ↑ (Ingelesez) «Ethnologue: Languages of the World» Ethnologue (kontsulta data: 2021-03-06).
- ↑ «World InfoZone - Bermuda Information» www.worldinfozone.com (kontsulta data: 2021-03-06).
- ↑ (Ingelesez) Linguistic diversity and multilingualism in Canadian homes. Statistics Canada.
- ↑ (Frantsesez) Répartition des étrangers par group de nationalités. Données annueles de 2006 à 2019. Insee.
- ↑ (Ingelesez) Special Eurobarometer 243. European Commission, 6 or..
- ↑ (Ingelesez) Portuguese to be introduced at schools. The Namibian (argitaratze data: 2011ko abuztuaren 15) https://www.namibian.com.na/83964/archive-read/Portuguese-to-be-introduced-in-schools.
- ↑ (Ingelesez) Paraguay. Ethnologue.
- ↑ (Portugesez) Pina, António. (2001). Porgueses na África do Sul. Janus.
- ↑ (Frantsesez) Office Federal de Migrations. (2010). Les Portugais en Suisse. Diffusion des publications fédérales..
- ↑ (Ingelesez) Venezuela. Ethnologue.
- ↑ Carvalho, Ana Maria (2010). «Portuguese in the USA». En Potowski, Kim, ed. Language Diversity in the USA (en inglés). Cambridge University Press. p. 346. ISBN 978-0-521-74533-8.
- ↑ (Portugesez) Governo uruguaio torna obrigatório ensino do português. LUSA Agência de notícias de Portugal (argitaratze data: 2007ko azaroak 9).
- ↑ (Gaztelaniaz) El portugués será materia obligatoria en la secundaria. Educar.com (argitaratze data: 2009ko urtarrilak 21).
- ↑ a b c (Portugesez) Português, uma língua espalhada pelo mundo. Folha de Portugal (argitaratze data: 2015ko apirilak 13).
- ↑ (Portugesez) Instituto Cervantes de Lisboa. .
- ↑ (Portugesez) Português será "idioma para o futuro" no Reino Unido. JN (argitaratze data: 2013ko azaroak 21).
- ↑ a b (Portugesez) Língua portuguesa: contrastes e balanços. Civerdúvidas da língua portuguesa (argitaratze data: 2014ko martxoak 7).
- ↑ «The World Factbook - The World Factbook» www.cia.gov (kontsulta data: 2020ko datuen estimazioa).
- ↑ (Portugesez) Teyssier, Paul. (1994). História da língua portuguesa. (6. argitaraldia) Lisboa: Livraria Sá da Costa Editora ISBN 972-562-129-8..
- ↑ (Ingelesez) CIA. Brazil. in: The World Factbook..
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Barbosa, P.A; Albano, E.. (2004). «Brazilian Portuguese. Illustrations of the IPA» Journal of the International Phonetic Association 34: 227-232..
- (Ingelesez) Cruz-Ferreira, Madalena. (1995). «European Portuguese» Journal of the International Phonetic Association 25: 90–94. doi:..
- Paiva, M.. «Estudos de linguistica portuguesa e românica» Acta Conimbrigensis XCII (I).
- (Portugesez) Vázquez, Pilar; Mendes, Albertina. (1989). Gramática da língua portuguesa. Lisboa: Edições 70.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Portugesez) Portugesezko hiztegia
- (Portugesez) Comunidade dos Países de Língua Portuguesa
- (Portugesez) Amizade Galiza-Portugal
- (Ingelesez) Instituto Camões
- (Portugesez) Brasilgo Letren Akademia
- (Portugesez) Lisboako Zientzien Akademia
| Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak | ||
|---|---|---|
|
Alemana · Bulgariera · Daniera · Errumaniera · Eslovakiera · Esloveniera · Estoniera · Finlandiera · Frantsesa · Gaelera · Gaztelania · Greziera · Hungariera · Ingelesa · Italiera · Letoniera · Lituaniera · Maltera · Nederlandera · Poloniera · Portugesa · Suediera · Txekiera | ||