Egiptoko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Egiptoko historia munduko luze eta jarraituenetakoa da, estatu bateratu moduan. Nilo ibaiak batasun geografiko eta ekonomiko naturala osatzen du, ekialde-mendebaldean basamortuek mugatua, iparraldean Mediterraneo itsasoak eta hegoaldean Niloren ur-jauziek. Niloren urak kontrolatzeko buruzagi bakarra izateko beharrak munduko lehen estatu egitura sortu zuen, K.a. 3000 inguruan. Egiptoren geografia bereziak erasotzeko zaila den herrialde bihurtzen du, eta horregatik iraun zuten luzaroan burujabe eta eraginkor Faraoien erresumek. Nubiarrak eta hiksoarrak izan ziren lehenengo atzerriko agintariak, baina bertako egiptoarrek urte gutxira agintea berreskuratu zuten.

Hala ere, behin aginte eta kontrol guztia galdu ostean, 2.400 urtez ezin izan zuten bereganatu, Egipto atzerriko agintepean: pertsiarrak, mazedoniarrak, erromatarrak, bizantziarrak, omeiarrak, abasiak, otomandarrak, frantziarrak eta britainiarrak. Garai honetako denbora tarte batzuetan, agintari burujabe batzuk izan zituen Egiptok: ptolomeodarrak, ikhshidiak, fatimiak, ajubiak, mamelukoak eta Mohamed Ali. Hala ere, gobernu hauen sortzaile eta agintariak ez ziren Egipto bertakoak. Gamal Abdel Nasser presidenteak (1954–1970) esan zuenean bera zela Egipto bertako lehen agintaria Naktebo II.a faraoiaren garaitik, pertsiarrek K.a. 343an kargugabetu zutenean, pixka bat bakarik baino ez zuen egin gehiegikeriaz.

Egiptoko historia honako arotan banatu dezakegu:

  • Antzinako Aroa: K.a. 3100 - K.a. 525
  • Akemenestar Aroa: K.a. 525 - K.a. 332
  • Ptolomeotar Aroa: K.a. 332 - K.a. 30
  • Erromatar eta Bizantziar Aroa: K.a. 30 - K. o. 639
  • Arabiar Aroa: 639 - 1517
  • Otomandar Aroa: 1517 - 1805
  • Mohamed Ali Aroa: 1805 - 1882
  • Aro Modernoa: 1882 - gaur

Antzinako Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Egipto»
Gizako nekropolia

Niloren ertzean eta basamortuko oasietan haitzetan zizlkatutako aztarnak ageri dira. K.a. 10. milurtekoan, ehiztari-biltzaile eta arrantzale kulturak zereal-ehotzaile kultura baztertu zuen. Klima aldaketaren eta gehiegizko abeltzaintzaren eraginez, Egiptoko larreak idortzen hasi ziren K.a. 8000 inguruan, Sahara agerraraziz. Gizataldeak Nilo ertzerantz migratu eta nekazaritzan oinarritutako gizarte zentralizatuagoa sortu zuten. [1]

K.a. 6000 inguruan, kultura neolitikoa Nilo haranean sustraitu zen. [2] Garai honetan, kultura aurre-dinastiko ugari independenteki garatu ziren Goi eta Behe Egipton. Badarian kultura eta hurrengo Naqada aroak Egiptoko zibilizazio dinastikoaren aurrekaritzat hartzen dira. Egiptoar hieroglifo zaharrenen aztarnak Naqada III garaiko buztinezko ontzietan agertzen da, Aro Aurre-dinastikoan, K.a. 3200 inguru. [3]

tAwy ('Bi Lurrak')
N16
N16

Erresuma bateratua K.a. 3150 inguruan sortu zuen Menes erregeak, 3000 urtez Egipton agindu zuen dinastia saila hasiz. Garai honetan, egitoarrek herrialdeari tawy izena eman zioten (Bi Lurrak) eta, geroago, kemet (Lur Beltza, Niloren goraldiak utzitako lur beltz eta emankorragatik). Aro luze honetan, bertako kultura berezia garatu zen, batez ere erlijio, arte, hizkuntza eta ohituretan. Egipto bateratuaren lehenengo bi dinastiek Inperio Zaharraren oinarriak finkatu zituen (K.a. 2700-2200), ezaguna garai hartan eraiki ziren piramideak direla-eta (ezagunenak 3. dinastiako Djoserren piramidea eta 4. dinastiako Gizako piramideak).

Gizako Esfinge Handia eta Piramide multzoa, Inperio Zaharrean eraikiak, Egipto modernoaren ikur nazionalak dira eta nazioarteko turismo industriaren eragile nagusiak.

Tarteko Lehen Aroak nahasmen politikoari bidea eman zion 150 urtez. Geroago, Niloren goraldi handiagoek eta agintearen indartzeak garai oparoak ekarri zituen Inperio Ertainean, K.a. 2040 inguruan, eta Amenemhat III.a faraoiaren erregeladian gailurrera iritsi. Tarteko Bigarren Aroan, hikso semitikoen agintaldia ekarri zuen, atzerritarren lehena. Hikso inbaditzaileek Behe Egipto bereganatu eta hiriburu berria sortu zuten: Avaris. Baina Goi Egiptoko faraoiak, Ahmosis I.ak, agintetik bota eta XVIII. dinastia sortu zuen eta hiriburua Menfisetik Tebasera lekualdatu.

Inperio Berria (K.a. 1550 - 1070) XVIII. dinastiarekin hasi zen, Egipto nazioarteko potentzia bihurtuz eta eremu luze-zabalena eratuz, Nubiako Gebel Barkal mendiraino iritsiz eta Sortaldeko lurralde batzuk bereganatuz ekialdean. Garai honetakoak dira mundu mailan ezagunak diren faraoi batzuk: Hatshepsut, Thutmosis III.a, Akhenaton eta Nefertiti emaztea, Tutankhamon eta Ramses II.a. Historiako lehen monoteismoaren agerpen ezaguna garai honetakoa da, Aton jainkoaren inguruan. Beste nazioekiko harreman ugariek ideia berriak ekarri zituen Inperio Berrira. Hainbat gizataldek lurraldea inbaditu zuten (libiarrek, nubiarrek eta asiriarek), baina egiptoarrek kanporatzea lortu zuten.

XXX. dinastia izan zen bertako agintarien azkenekoa faraoien garaian. K.a. 342an, pertsiarrek Naktanebo II.a garaitu eta agintea hartu zuten. Geroago, Egipto mazedoniarren esku erori zen, 2000 urteko atzerritarren agintaldia hasiz.

Erromatar eta Bizantziar Aroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kairoko Eliza Esekia, IV. mendean eraikia, koptoen eliza ezagunenetakoa da.

I. mendean, San Marko ebanjelariak kristautasuna eraman zuen Egiptora, are Egipto erromatar probintzia bihurtu baino lehen. Dioklezianoren agintaldiak Erromatar Inperioaren eta Bizantziar Inperioaren arteko igarobidea ekarri zuen, eta kristauen jazarraldi nagusia. Garai hartan, Itun Berria dagoeneko egiptoeraz itzulia zegoen. Kaltzedoniako kontzilioaren ostean, 451ean, Egiptoko Eliza Koptoa eratu zen, beste elizetatik banatua. [4]

Arabiar Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amr ibn al-As meskita (Kairo)

Bizantziarrek agintea bereganatu zuten VII. mende hasierako pertsiarren inbasioaren ostean, 639an arabiar musulmanek herrialdean agintea hartu zuten arte. Arabiarrek ekarritako Islama sunia zen. Garai hartan, egiptoarrek fede berria eta kristautasun koptoaren bidez iraun zuten sinesmenak uztartu zituzten hein handi batean, hainbat ordena sufi eratuz, gaur arte iraun dutenak.[5] Arabiar-musulmanak sei mendez izan ziren agintean, fatimatarren agintean Kairo hiriburu bihurtzeraino. Ayyubtar dinastia amaitzean, mamelukoek, kasta militar turko-zirkasiarrak, agintea hartu zuten 1250 inguruan. XIV. mende erdialdean, Izurrite Beltzak biztanleriaren % 40 inguru hil zuen.[6] Mamelukoek herrialdean agindu zuten, turko otomandarrek Egipto bereganatu zuten arte 1517an, eta Egipto inperioko probintzia bihurtu.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mehmet Aliren meskita (Kairo, XIX. mende hasiera).

Napoleon Bonapartek gidatutako inbasio laburrak 1798an eragin handia izan zuen herrialde eta kulturan, egiptoarrek Frantziako Iraultzaren printzipioak ezagutu baitzituzten. [7] Frantziarren kanporaketak 1801ean, lau urteko anarkia egoera sortu zuen, otomandar, mameluko eta albaniarren arteko botere borrokak zirela-eta. Albaniarrak, berez, otomandarren zerbitzupean zeuden, baina botere nahian Mehmet Ali komandantea gailendu eta 1805ean Istanbuleko sultanak paxa izendatu zuen (Egiptoko erregeordea). Berez, sultanaren agindupean zegoen, baina fatxada egoera baino ez zen: aginte otomandarra amaitua zegoen eta Mehmet Alik dinastia berria eratu zuen, 1952 arte iraun zuena. Haren egitasmo nagusia militarra zen: Iparraldeko Sudan bereganatu zuen (1820-1824), eta gero Siria (1833) eta Arabiako eta Anatoliako zatiak. Baina 1841ean, europar estatuek atzera bota zuten Istanbul bera hartzera zihoanean, eta lur konkistatu gehienak otomandarrei itzuli behar izan zituen.

Hala ere, garai honek eragin handia izan zuen Egipton, herrialdearen modernizazioa ekarri baitzuen. Mehmet Ali teknika militar (eta, beraz, industrial) berriak ikasteko grinarekin, ikasleak Mendebaldera bidali zituen. Industria ugari sortu zuen, ubide sistema eraiki ureztatzeko eta garraiorako, eta zerbitzu zibila eraldatu. Onerako ala txarrerako, 1820ko hamarkadan kotoi landaketa sustatu zuen, egungo barietate ezaguna, Egiptoko nekazaritza askotarikoa monolaborantza bihurtuz mende amaierarako.

Mehmet Aliren ondorengoa sema izan zuen, Ibrahim Paxa, tarte labur batez (1848ko irailetik) eta gero Abbas I.a biloba (1848ko azaroan), eta hauen ondoren Said (1854an) eta Ismail Paxa (1863an). Said eta Ismailek ahal baino gehiago xahutu zuten. Suezko kanala, frantziarrekin elkarlanean, 1869an amaitu zen, baina proiektu honek eta besteek bi efektu larri eragin zituzten: europar bankuekin zor handia eta biztanleriaren gaineko zergak handitzea. Horregatik, Estatuaren zergak kitatzeko, 1875an kanala britainiarrei saldu behar izan zuen Ismailek. Hiru urtetan, britainiarrak eta frantziarrak Egiptoko kabinetean zeuden, indar ekonomikoak eta politikoak kontrolatuz. Honen aurka matxinada abertzaleak antolatu ziren, baina azkenean Britainia Handiak eta Frantziak, agintearen txikiagotze baten beldurrez, Alexandria bonbardatu eta egiptoar armada garaituz Tell El Kebirreko guduan. Ismailen seme Tawfik Paxa ipini zuten agintari, Egipto de facto britainiar protektoratu bihurtuz.[8] 1914an protektoratua ofizialdu eta txotxongilo-agintaria sultan bihurtu, otomandar agintetik guztiz banatuz. Britainiarrek 1919an Saad Zaghlul eta Wafd alderdi abertzaleko kideak Maltara erbesteratu zituenen, Egiptoko lehen iraultza modernoa gertatu zen. 1922ko otsailaren 22an Egiptok independentzia aldarrikatu zuen.

Iraultza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernu berriak konstituzio berria idatzi zuen, sistema parlamentarioan oinarrituta, monarkia konstituzionala izan. Egiptoko Erresuma jaio zen. 1924a Saad Zaghlul aukeratu zuten Lehen Ministro, baina gobernuko ezegonkortasunak, batez ere britainiarren kontrol handia eta erregearen botere handiak zirela-eta, ezinegona eragin zuen. Horrela, 1952an, militarrek estatu kolpe batean erregea kanporatu eta legebiltzarra ezeztatu zuen, Egiptoko Iraultza delakoan.

1953ko ekainean Egiptoko Errepublika aldarrikatu zen eta Muhammad Naguib presidente bihurtu. Urtebete geroago, Gamal Abdel Nasser militarrak Naguib kargua uztera behartu zuen eta botere politiko osoa bereganatu, eta Egiptoren independentzia osoa aldarrikatu 1956ko ekainaren 18an. Uztailean Suezko kanala nazionalizatu zuen, eta Suezko krisia eragin.

Kairo, Afrikako eta Ekialde Hurbileko hiri handiena.

Sei Eguneko Gerran Israelek Sinai penintsula bereganatu eta hiru urtera, Nasser hil zen eta Anwar Sadat ondorengo bihurtu. Sadatek Gerra Hotzeko Egiptoren kideak aldatu zituen, 1972an sobietar aholkulariak kanporatuz. 1973an, Siriarekin batera, Yom Kippur Gerra hasi zuen, armada israeldarra ezustean hartuz eta Sinai eta Golango Gainak bereganatuz. AEB eta Sobiet Batasunak artekari lanean su-etena lortu zuten, baina politikoki garaipena izan zen Egiptorentzat, bakearen truke Sinai eskuratu baitzuen. Hala ere, 1977an Sadat Israelera joan zen, eta 1979an bake ituna sinatu. Mundu arabiarrean eztabaida bizia sortu zuen itunak eta Egipto Arabiar Ligatik kanporatu zuten, nahiz eta itunak egiptoarren babes nadia izan. 1981ean, soldadu fundamentalista batek Sadat hil zuen desfile militar batean zegoela Kairon. Hosni Mubarakek hartu zuen agintea, gaur arte. 2003an, Kefaya mugimendua sortu zen, demokrazia itzultzeko eta askatasun zibil handiagoak lortzeko asmoz.

2014[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko abuztuaren 12an, Human Rights Watchen arabera, 2013ko manifestazioetan egun bakarrean "ia mila manifestari hil zituzten" Egiptoko segurtasun indarrek. 2013ko uztaila eta abuztua bitartean, Mohamed Morsi kargutik kentzearen aurka egindako manifestazioetako istiluak ikertu zituen taldeak txostenean. Horietako bat, "hilgarriena", abuztuaren 14an gertatu zen, Rabaa al-Adawiya meskitaren inguruetan. Egun hartan, militarrek indarrez sakabanatu zituzten protestan ari zirenak. Dokumentuaren arabera, militarrek "tiro egin zieten manifestariei"[9]. Irailaren 6an zabaldu zenez, Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohia eta beste hamar pertsona epaituko zituzten Egipton, segurtasun nazionalari buruzko sekretuak Qatarri jakinaraztea egotzita. Hisham Barakat Egiptoko fiskal nagusiak Kairoko Zigor Auzitegiaren aurrean agertzera deitu zituen aipaturiko hamaika lagunak[10]. Fiskalaren arabera, kargugabetu eta atxilotutako agintariak segurtasun nazionaleko sekretuak helarazi zizkien Qatarri eta Al-Jazeera hedabideari, Anaia Musulmanen aginduei jarraiki. Trukean milioi bat dolar jaso zituela zioen (772.000 euro inguru)[11]. Irailaren 27an, 170 preso inguru gose greba egin zuten Egipton. 100dik gora pertsonak egin zuten bat ekinaldiarekin, elkartasunez. Protesta Legearen aurkako zeuden[12]. Bestalde, Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiaren aurkako auzi nagusiaren epaia azaroaren 29ra atzeratzea erabaki zuen Kairoko Zigor Auzitegiak. 2011ko matxinadan manifestariak hiltzeko agindua eman izana leporatuta epaitu dute Mubarak[13].

2014ko urriaren 24an, Egiptoko armadaren kontrol postu batean bonba-auto bat leherrarazi, eta, gutxienez, 25 militar hil zituzten Sinaiko penintsulan. Jarraian, borrokak izan ziren ekintzaileen eta soldaduen artean. Abdel Fatah al-Sisi presidenteak Segurtasun Batzordea bildu zuen[14].

Urriaren 29an, Gazako mugatik 500 metroko tartean bizi ziren herritar guztiak bidali zituen Egiptoko armadak, eta haien etxeak suntsitzen hasi zen. Egiptoko Gobernuak zioen neurri hori hartu duela Sinai penintsulan jarduten zuten muturreko talde islamisten aurka borrokatzeko. Mediterraneoko kostatik hasita 12-13 kilometro luze eta 1,5 kilometro zabal den eremu «neutral» bat eratu nahi zuen armadak, zibilik gabekoa[15].

Azaroaren 6an, heriotza-zigorra jarri zieten lau gizoni, Egipton emakume bat bortxatzeagatik. Senarrarekin eztabaida bat izan eta gero, bi gizonek emakumea bortxatu zuten eta bitartean beste zortzik suzko armez ingurua zaindu zuten[16].

Azaroaren 18an jakin zenez, 2011ko iraultzatik 1.200 pertsona desagertu ziren Egipton. Asko ekintzaile politikoak ziren, protesta handietan desagertutakoak[17].

Azaroaren 28an, Salafistek deitutako protesta egunean, hainbat hildako egon ziren[18].

Azaroaren 29an, Mubarak manifestarien hilketaren auzian kargugabetu egin zuten eta horrenbestez, manifestariak hiltzeko agindua eman izana ez zioten egotzi[19].

Abenduaren 1ean jakin zenez, Mubaraken absoluzioak ez zuen Gobernuan eraginik izango eta 2011ko iraultzako biktimei kalte-ordainak emateko “ahalik eta neurririk gehien” hitzartzeko eskatu zion presidenteak lehen ministroari[20].

Abenduaren 13an, Egiptoko Ansar Beit al-Maqdis mugimendu jihadistak leialtasuna adierazi zion Estatu Islamikoari. Aditu askok, hala ere, zalantza zuten talde horren eta EIren arteko harremana[21].

2015[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtarrilaren 13an, iruzurra egiteagatik Hosni Mubarakek zuen hiru urteko zigorra baliogabetu egin zuen auzitegiak. Maadiko ospitalean ari zen zigorra betetzen[22].

Urtarrilaren 24an jakin zenez, hamasei pertsona hil ziren aste osoan zehar gertatutako protestetan. Mubarak presidentea agintetik kanporatu zuten protesten laugarren urteurrenean gertatu zen[23].

Urtarrilaren 26an, Egiptoko istiluetan hogei pertsona hil ziren[24].

Urtarrilaren 29an, EI Estatu Islamikoaren menpean zegoen Wilayat Sina taldeak gutxienez 30 pertsona erahil zituen armadaren hiru hiritako egoitzen aurkako atentatuetan. Urtarrilaren 30ean, Egiptoko Gobernuak neurriak gogortu zituen bertan[25].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Midant-Reynes, Béatrix. The Prehistory of Egypt: From the First Egyptians to the First Kings. Oxford: Blackwell Publishers.
  2. The Nile Valley 6000-4000 BC Neolithic (The British Museum, 2005, 2008-08-21)
  3. Bard, Kathryn A. Ian Shaw, ed. The Oxford Illustrated History of Ancient Egypt. Oxford: Oxford University Press, 2000. 69 or.
  4. Kamil, Jill. Coptic Egypt: History and Guide. Kairo: American University in Cairo, 1997. 39 or.
  5. El-Daly, Okasha. Egyptology: The Missing Millennium. Londres: UCL Press, 2005. 140 or.
  6. Egipto - Hiri nagusiak, AEBetako Kongresuko Liburutegia
  7. Vatikiotis, P.J. The History of Modern Egypt. 4. edizioa. Baltimore: Johns Hopkins University, 1992, 39 or.
  8. De facto protektoratua: King, Joan Wucher. (1984). Historical Dictionary of Egypt. Metuchen, New Jersey, AEB: Scarecrow, 17 or..
  9. «Egun bakarrean mila pertsona inguru hiltzea egotzi dio HRW erakundeak Kairori», Berria, 2014-08-12
  10. «Mursi epaituko dute Egipton, Qatarri sekretuak jakinaraztea egotzita», EiTB, 2014-09-06
  11. «Estatuko sekretuak salatzea egotzita epaituko dute Mohamed Mursi Egipton», Berria', 2014-09-07
  12. Sergi Cabeza, «Protestarekin elikatzen», Berria, 2014-09-28
  13. «Mubaraken epaia azaroaren 29ra atzeratu dute», Berria, 2014-09-28
  14. «Egiptoko 25 militar hil dituzte Sinain, atentatu batean», Berria, 2014-10-25
  15. «Egiptoko armadak Gazako mugatik bidali ditu herritarrak», Berria, 2014-10-30
  16. «Heriotza-zigorra, lau gizoni, Egipton emakume bat bortxatzeagatik», EiTB, 2014-11-07
  17. Ane Irazabal, «Egiptoko desagertuak», Berria, 2014-11-19
  18. «Salafisten protesta egunean, hildakoak izan dira Egipton», Berria, 2014-11-29
  19. «Mubarak absolbitu dute manifestarien hilketaren auzian», Berria, 2014-11-29
  20. «Al Sisi:'Egiptok ez du atzera egingo Mubaraken absoluzioaren eraginez'», EiTB, 2014-12-01
  21. Ane Irazabal, «Sinai, kalifatoaren probintzia berria?», Berria, 2014-12-14
  22. Araitz Muguruza, «Zigorra bete gabe irten daiteke», Berria, 2015-01-14
  23. «Hamasei lagun hil dira aste osoan izan diren protestetan», Berria, 2015-01-25
  24. «Egiptoko istiluetan hildakoen kopurua hogeira igo da», Berria, 2015-01-27
  25. Araitz Muguruza, «Sua gero eta biziago Sinain», Berria, 2015-01-31

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]