Henrike III.a Nafarroakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa (Paue, 1553ko abenduaren 13 - Paris, 1610ko maiatzaren 14a), ezizenez Henrike Handia (frantsesez: Henri le Grand) eta Errege Ona deitua, Nafarroa (1572-1610) eta Frantziako erregea (1589-1610) izan zen. Borboi leinuaren lehendabiziko Frantziako erregea izan zen.

Biografia

Henrike III.aren sehaska, Paueko gazteluan kontserbatzen dena.

Haurtzaroa eta gaztaroa

Henrike 1553ko abenduaren 13an jaio zen, aitona Henrike II.a Nafarroakoak Pauen, Bearnoko bizkonderriko hiriburuan zuen gazteluan. Ama, Joana Labritekoa, Nafarroako erregina zen eta aita, Antonio Borboikoa, Vendômeko dukea eta Borboi etxeko burua. Aitona aspalditik gizonezko oinordeko baten irrikan zegoen. Kondairak dioenez, umea sortu orduko bere gelara eraman, ezpainak baratxuriz igurtzi eta kopa bat Jurançongo ardo usaintzera eman zion. Bilobak biziki erantzuten zuela ikustean, «Hi benetako biarnesa izanen haiz!» oihu egin omen zuen[1].

Nahiz eta katoliko bataiatua izan, amak fede kalbinistan hezi zuen. Haurtzaroaren zati handiena Coarrazeko gazteluan igaro zuen, baina 1561ean aitak Frantziako gortera eraman zuen. Han igaro zituen sei urteetan heziketa humanista jaso zuen eta Nafarroako ikastetxeko ikasle izan zen. 1562ko ekainaren 1ean aitak katolizismoari leialtasuna zin eginarazi zion. Urte bereko azaroaren 18an, Rouengo setioan zauritua izan ostean, Antonio Borboikoa hil zen eta Henrike Vendôme eta Borboiko duke eta Odolezko lehenbiziko printze bihurtu zen. Katalina Medicik, Frantzia eta Nafarroaren arteko bakea bermatzeko asmoz, gortean atxikitzea erabaki zuen. Ordainez gaztea Guienako amiral izendatu zuen eta haren heziketa Joana Labritekoaren kontrolpean gelditu zen. Ondorioz Henrikek, berriz ere, Erreforma besarkatu zuen.[1].

1567ko otsailean, Frantziako errege Karlos IX.aren eta erregina ama Katalinaren baimenik gabe, Pauera itzuli zen amarekin. Frantziako Hirugarren Erlijio gerran higanoten alde borrokatu zen, Luis Condékoaren eta Gaspard Colignykoaren alboan. Condé Jarnaceko guduan hil ondoren, Joanak armadaburu izendatu zuen. Gerrari Saint-Germain-en-Layeko Bakeak (1570) eman zion amaiera. Hitzarmen horretan Henrike eta Frantziako erregeren arreba Margaritaren arteko ezkontza adostu zen[2].

Nafarroako errege

1572ko ekainaren 9an ama hil eta Nafarroako errege bihurtu zen. Urte berean, abuztuaren 18an, Henrike eta Margarita Valoiskoa Notre-Dameko plazan ezkondu ziren. Ezkontza ez zen ez katolikoen ez protestanteen gustukoa izan. Protestanteak ez ziren Karlos IX.az fidatzen eta Guisetarrek gidatutako katolikoen ustez naturaren kontrako elkartzea zen. Sei egun geroago San Bartolome gaueko sarraskia gertatu zen: ehunka higanot, 2000 eta 3000 artean, erailak izan ziren, tartean Gaspard Colignykoa buruzagia. Bizia salbatzeko, irailaren 26ean, Henrike katoliko bihurtu zen eta ondoko lau urteetan gortean gatibu bizitzera behartu zuten. Politikoki Alençongo dukearekin elkartu zen eta 1573an Arroxelako setioan parte hartu zuen. Azkenik, 1576ko otsailean ihes egitea lortu zuen eta 1576ko ekainaren 13an kalbinismora itzuli zen[1].

Néraceko gaztelua.

Ihes egin ondoren Henrikek Albreteko dukerrira jo zuen. 1577an Nérac-en sartu zen eta hango gazteluan ezarri zuen bere gortea. Erlijioen arteko elkarbizitza bultzatu zuen eta inguruan kontseilari higanotak eta katolikoak izan zituen[1]. 1578ko urritik 1579ko maiatzera Katalina Medici Henrikerengana joan zen bakea lortzeko helburuarekin eta Neraceko konferentziak antolatu ziren[3].

Margarita, Henrikeren emaztea, 1579an kokatu zen Néracen. Zenbait urte geroago Oroimenak liburuan idatzi zuenez "Néraceko gortea hain zen eder eta atsegina ezen ez baitzuen Frantziakoaren bekaitzik"[4]. Izan ere, Margot erreginak, ederra eta kultura handikoa baitzen, distira handiko gortea eratu zuen, artistak eta idazleak, Du Bartas eta Montaigne besteak beste, bertara bilduz. Shakespeare bera gorte honetako giroan inspiratu zen Love’s labour’s lost (Galdutako amodioen penak) komedia idazteko[1]. Baina bataren eta bestearen amodio kontuek kolokan jarri zuten bikotearen harremana. Azkenik, 1582an Margarita Parisera itzuli zen.

Frantziako tronuaren oinordeko

1574ko maiatzaren 30ean Karlos IX.a Frantziakoa hil zenetik, honen anaia Henrike Frantziako erregea (Henrike III.a Frantziakoa) zen. 1584an, berriz, Frantzisko Anjoukoa hil zen eta, lege salikoaren arabera, Henrike Nafarroakoa Frantziako tronuaren oinordeko bilakatu zen. Muturreko katolikoek, ordea, ez zuten onartzen higanot bat Frantziako erregegai izan zedin. Guisetarrek Liga Katolikoa suspertu zuten eta 1585ean Henrike III.a Frantziakoak Nemoursko ediktua, Nafarroakoari ondorengotza eskubideak kentzen zizkiona, sinatu behar izan zuen. Berehala Zortzigarren Erlijio gerra piztu zen. 1587ko urriaren 20an higanotek errege armada garaitu zuten Coutrasen, baina Henrike Nafarroakoak, guduan isuritako odolaz hunkiturik, ez zuen abantaila baliatu eta erretiratzea erabaki zuen[1].

1588ko abenduaren 23an Henrike I.a Guisakoa, katolikoen buruzagia, eraila izan zen Bloisen, Frantziako Henrike III.aren aginduz. Hilketa hau mendekatzeko 1589ko abuztuaren 1ean Jacques Clément fraide fanatikoak Frantziako erregea hil zuen. Honek, azken hatsa eman baino lehen, Henrike Nafarroakoa legezko oinordekotzat onartu zuen. Higanotek Henrike aldarrikatu zuten errege berritzat, baina Liga Katolikoa, Aulki Santua eta Filipe II.a Espainiakoak ez zuten errege berria onartu eta Karlos Borboikoa izendatu zuten. Arques (1589) eta Ivryn (1590) garaipenak lortu arren, Henrikek ezin izan zuen Paris hartu. Hori zela eta, 1593ko uztailaren 25ean, Saint-Denisko basilikan bere sinesmen kalbindarrei uko egin eta katoliko bihurtu zen. Hori egitean Paris vaut bien une messe (euskaraz "Merezi du Parisek meza bat") esan omen zuen[1].

Frantziako errege

Henrike IV.a Frantziakoa

1594ko otsailaren 27an Chartresko katedralean koroatu zuten eta hiru aste geroago Parisen ohore guztiekin sartu zen. Erlijio Gerrak, ordea, ez ziren berehala amaitu. Ligaren aurkako erabateko garaipena Fontaine-Françaiseko guduan lortu zuen, 1595eko ekainaren 5ean. Azkenik, 1598ko maiatzaren 2an Vervinsko bakea sinatu zuen Filipe II.a Espainiakoarekin. Urte berean askatasun erlijiosoa bermatzen zuen Nantesko Ediktua promulgatu zuen. Henrikeren agintaldia erabakiorra izan zen absolutismoaren ezarpenean: erregearen boterea sendotu zuen, ez zituen Estatu Orokorrak deitu eta probintzietako parlamentuak eta herrietako administrazioak estuki kontrolatu zituen[5].

1599an Klemente VIII.a Aita santuak Henrike eta Margaritaren arteko ezkontza deuseztatu zuen (1585etik bereizirik bizi ziren). Ondoko urtean Henrike Maria Medicirekin ezkondu zen eta 1561ean Luis semea, koroaren oinordekoa izango zena, jaio zen[1].

Erregealdi osoko ministrorik aipagarriena Sullyko dukea izan zen, Henrikeren laguna eta konfiantzazko laguntzailea. Besteak beste, Sully arduratu zen erresumako finantzak ordenean jartzeaz. Izan ere, gerra zibil luzeen ondoren estatua oso zorpeturik zegoen: 1596an 200 milioi libera zor zituen, urteko diru sarrera 10 milioikoa besterik ez zenean. Beraz, hartzekodunekin negoziatu behar izan zuen, zorraren zati bat barka zezaten. Eta baita lortu ere: Suitzako kantonamenduek, esate baterako, 36 milioi liberako zorra 16 milioitan uztea onartu zuten. Nekazariek ordaintzen zituzten petxak (frantsesez taille[6]) murriztu zituen eta zeharkako zergak handitu. Nekazaritza sustengatzeaz gain, Henrikek industria, ehungintza batez ere, garatu nahi izan zuen. Xede horretan Barthélemy de Laffemasen laguntza izan zuen. Manufaktura fabrikak (oihal, parpaila, tapiz eta beira lantegiak) ireki ziren eta zetarraren hazkuntza sustatu zen. Salgaien garraioa errazteko errepideak hobetu eta Briareko ubidea eraiki zen [1][5].

Hirigintza ere interesatu zitzaion. Paris modernizatzeko helburuarekin Pont Neuf, Louvreko Grande Galerie, Errege plaza eta Saint-Louis ospitalea eraiki eta 68 kale berri egiten hasi zen. Fontainebleauko jauregia edertu eta Saint-Germain-en-Layekoa eraiki zituen[5].

Henrikeren erreinalditik aurrera Frantziako erregeek Frantziako eta Nafarroako errege izendapena hartu zuten, Frantziako Iraultzan monarkia ezeztatu zen arte. Formalki Nafarroa Beherea 1607an lotu zen Frantziako koroari, haren administrazio berezitasunak errespetatuz. 1609an, Pierre de Lancre epailea Lapurdira bidali zuen bertako sorginen kontuak ikertzera[7].

Henrikeren hilketa

Henrike IV.a Frantziakoaren hilketa Parisko Ferronnerie kalean

Erregealdiaren azkenaldian, Alemaniako printze protestanteekin elkarturik, Habsburgo etxearen eta Espainiaren aurkako gerra prestatzen hasi zen. Espainiari aurka egiteaz gain, Henrikek beste arrazoi bat ere zuen gerra honetarako: Brusela hartzea, non bere maitale Charlotte Marguerite de Montmorency bahiturik baitzen. Gerrak, ordea, aurkari anitz zituen Frantzian. Ingurumari horretan, 1610ko maiatzaren 14ean François Ravaillacek labankadaz erail zuen erregea[5]. Bederatzi urte besterik ez zuen Luis semea izan zen oinordekoa, Maria Medici erreginordea zela.

Henrike III.a Parisko Saint Denis basilikan lurperatu bazuten ere, 1793an iraultzaileek haren hilobia arpilatu eta bere burua desagertu zen. 2010eko abenduaren 21ean aditu talde batek herritar batek emandako baltsamatutako burua berea zela argitaratu zuten British Medical Journal aldizkarian[8].

Familia

Aitona
Karlos I.a
Vendômeko dukea
Amona
Frantziska
Alençongoa
Aitona
Henrike II.a
Nafarroako erregea
Amona
Margarita
Angoulêmekoa
Aita
Antonio I.a
Nafarroako erregea
Ama
Joana III.a
Nafarroako erregina
Henrike III.a / IV.a
Nafarroako erregea
Frantziako erregea

Ezkontzak eta haurrak

Henrike eta Margarita 1572 aldean
Henrike, errege familia eta Fouquet de la Varenne (1607)

Henrike bi aldiz ezkondu zen.

Margarita Henrike II.a erregearen alaba eta Frantzisko II.a, Karlos IX.a eta Henrike III.a erregeen arreba zen. Seme-alabarik gabe geratu ziren eta, 1599an, Henrikek ezkontza banatzeko baimena lortu zuen .


Gainera, gutxienez 11 sasikume izan zituen.[9]

  • Gabrielle d'Estréesekin:
    • Cesar Borboikoa (1594-1665), Vendômeko dukea.
    • Katalina Henriketa Borboikoa (1596-1663)
    • Alejandro (1598-1629), Vendômeko zalduna
  • Catherine Henriette de Balzac d'Entragues Verneuileko markesarekin:
    • Henrike Verneuilekoa (1600-?)
    • Gaston Henrike (1601-1682), Verneuileko dukea
    • Gabrielle-Angélique (1603-1627)
  • Jacqueline de Bueil, Moreteko kondesarekin:
  • Carlota des Essarts, Romorantingo kondesarekin:
  • Louise Borrérekin:
  • Françoise de Montmorency Fosseuxekin:

Erreferentziak

  1. a b c d e f g h i (Frantsesez) Henri IV: Le règne interrompu
  2. (Gaztelaniaz) Biografías y vidas: Enrique IV de Francia y Navarra
  3. (Frantsesez) Nérac, capitale du Pays d'Albret
  4. Marguerite de Valois: Mémoires et lettres Google eBook
  5. a b c d Henri IV Grand Larousse encyclopédique
  6. Txomin Peillen: Euskara eta zuzenbide hiztegia Zuberoan
  7. Enrike III.a "Biarnotarra" Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa Puntubi.com
  8. Arrizurieta, Irene. (2010-12-21). «Henrike III.aren burua» Berria.
  9. (Ingelesez) Henrikeren genealogia

Bibliografia

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Henrike III.a Nafarroakoa

Henrikeri buruzko filmagintza

Kanpo loturak


Aurrekoa:

Joana III.a


Henrike III.a
Nafarroako erregea
(1572-1610)
Ondorengoa:

Luis II.a

Aurrekoa:

Antonio I.a


Henrike I.a
Vendômeko dukea
(1562-1610)
Ondorengoa:

Frantziari lotua

Aurrekoa:

Joana I.a


Henrike II.a
Foixko konde
Bearnoko bizkondea
(1572-1610)
Ondorengoa:

Frantziari lotuak

Aurrekoa:

Joana I.a


Henrike II.a
Labriteko dukea
(1572-1610)
Ondorengoa:

Frantziari lotua

Aurrekoa:

Henrike III.a


Henrike IV.a
Frantziako erregea
(1589-1610)
Ondorengoa:

Luis XIII.a