Kolondar trukaketa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Portugaldarrak animaliak aurkezten japoniarrei (1570-1616).

Trukaketa Kolondarra berebiziko gertaera da ekologiaren, nekazaritzaren eta kulturaren historian. Horren bidez adierazten da Mundu Zaharraren eta Berriaren artean 1492z geroztik izandako trukaketa erraldoia animalia, landare, kultura, gaixotasun, ideia eta giza popoulazioei dagokienez. Kristobal Kolon izan zen iraultza ekologiko honi bidea eman ziona, bere bidaiak direla kausa. Hortaz, Alfred W. Crosby historialariak "kolondar" adjektiboa erabili zuen trukaketa hori izendatzeko bere 1972ko liburuan (The Columbian Exchange).

Trukaketa Kolondarrak Lurreko gizarte ia guztien gainean izan zuen eragina. Europarrek eramandako gaixotasunek Ameriketako lurralde frankotako populazioa garbitu zituzten, jatorrizko biztanleek ez baitzeukaten haien kontrako immunitaterik. Ez dira ziurtzat jotzen Ameriketako biztanleriaren gaineko datuak Kolonen aurretik, baina estimatzen da 1500etik 1650era hango populazioaren %50 eta %90 bitarte hil zela gaixotasun horien eraginez [1].

Beste aldetik, bi eremuen arteko harremanek labore eta abere ugari zabaldu zituzten, gizakien populazioa bi tokietan handitu zituztenak. Esploratzaileek artoa, patatak eta tomateak ekarri zituzten Europara, eta XVIII. menderako oso garrantzitsuak bilakatu ziren Eurasian. Era berean, europarrek manioka eta kakahuetea sartu zuten Asiako hegoekialdean eta Afrikako mendebaldean, eta bertako populazioaren hazkundeari eutsi zioten, uzta oparoak emanda.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare eta animalien trukaketa horrek Europa, Amerika, Afrika eta Asiako bizimoduak eraldatu zituen. Gizakiek elikadura berriak izan zituzten, eta laboreak lur berrietan zabaldu ziren. Esate baterako, K. o. 1000. urterako, ez zen patatarik hazten Hego Amerikatik kanpo. 1840rako, Irlandak izugarrizko gosetea pairatu zuen patataren gaixotasun bat zela eta.[2] XVI. mendean portugaldar merkatariek Ameriketatik Afrikara artoa eta manioka eraman ondoren, kontinente horretako oinarrizko laboreak bilakatu ziren.[3] Espainiarrek Ameriketatik Asiara XVI. mendean eramandako labore berriek, artoak eta patata gozoek besteak beste, eragina izan zuten Asiako populazioa handitzerakoan.[4]

Zaldiak, europarrek lehen esportatu zuten produktuetakoak, Zabaldi handieko tribu indiarren bizimodua aldatu zuen, hari esker nomandak bilakatu baitziren, bisontearen ehizan oinarrituta. Mundu berriko tomateekin egindako saltsa Italiako ikurra bihurtu da, eta Afrikatik ekarritako kafea eta Asiako azukre-kanabera Hego Amerikako labore estentsibo nagusiak. Hego Amerikatik portugaldarrek Indiara eramandako pipermina Indiako sukaldaritzako oinarrietakoa da gaur egun.

Kolondar Trukaketaren aurretik, ez zegoen laranjarik Floridan, ez bananarik Ekuadorren, ez piperrautsik Hungarian, ez tomaterik Italian, ez kaferik Kolonbian, ez ananarik Hawaiin, ez kautxo-landarerik Afrikan, ez behirik Texasen, ez astorik Mexikon, ez piperminik Thailandian edo Indian, ez tabakorik Frantzian, ezta txokolaterik Suitzan ere.

Bi munduen arteko harremanak ohikoak izan aurretik, etxekotutako animalien eta gaixotasun kutsakorren kopurua handiagoa zen Mundu Zaharrean, hein batean ekialdetik mendebaldera edo alderantziz zabaltzen zirelako, merkatarien joan-etorrien ondorioz. Mundu Zaharreko gaixotasun horiek sarraskitu zituzten jatorrizko amerikarren populazioak, haien kontrako immunitaterik ez baitzeukaten. Ziurrenik baztanga izan zen heriotza gehien eragin zuena.[5]

Adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiei hertsiki lotzen zaien animalien banaketa Kolon aurretik
Izaki mota Mundu Zaharretik Berrira Mundu Berritik Zaharrera
Etxekotutako animaliak
Etxekotutako landareak
Gaixotasun kutsakorrak

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Shepard Krech, John Robert McNeill, Carolyn Merchant, Encyclopedia of world environmental history, 3. liburukia, 2004, Routledge, ISBN=9780415937351, 1011. or.
  2. "The Impact of the Potato", History Magazine
  3. "Maize Streak Virus-Resistant Transgenic Maize: an African solution to an African Problem", Scitizen, 2007ko abuztuaren 7an
  4. "China's Population: Readings and Maps", Columbia University, East Asian Curriculum Project
  5. "The Story Of... Smallpox – and other Deadly Eurasian Germs", Guns, Germs and Steel, PBS