Euskal Herriko bertako etxe abereen arrazak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Behi betizu bat, bere txahalarekin. Betizua Euskal Herriko bertako arrazen artean berezienetarikoa da. Bertako etxe abere guztiak, bere osotasunean, ondare genetiko, biologiko eta kultural handia dira.
Pottokak antzinako tarpanen ondorengoak dira; oso arraza zaharra, beraz.
Nafar artzanorek duela milaka urtetik zaintzen dituzte Euskal Herriko artaldeak otsoen zein hartzen kontra.
Gasteizko edo Arabako txerri muturmotza. 1960-1970. hamarkadan desagertutako bertako txerri arraza bat da.

Euskal Herriko bertako etxe abereen arrazak banaketa area osoa —edo zati bat behintzat— Euskal Herrian kokatuta dagoen etxe abereen arrazak dira.[1][2] Bertakoa izateak ondorengo hau esan nahi du, finean: bertan sortutako arrazak direla, edo bestela kanpotik ekarritako arrazen ondorengo abere bertakotuak direla, gizakiak egindako hautaketaren bidez zein tokian tokiko ingurumenari berez moldatuta arraza berriak sorturik.[3][4]

Beste zenbait kasutan, bertako arraza berri bat sortzen da bertako arraza bat eta kanpoko beste bat nahasita. Halaxe sortua da, esate baterako, Euskal Herriko mendiko zaldia, pottokaren eta bretainiar zaldien arteko nahasketaren ondorio baita.

Bertako zenbait arraza galzorian daude, eremu urriko arrazak direlako, edota beren kopurua murriztuz joan delako, dela industrializazioak ekarri duen abeltzaintzaren beherakadagatik, dela abeltzain eta baserritarrek hainbat arrazoi direla kausa kanpoko arrazetako abereekin ordeztu izateagatik. Gehienbat kapitalismoak eskatzen duen produktibitateari lotutako arrazoiak izan dira, baina izan dira beste arrazoi batzuk ere.

Jakina, bertako arrazen galera ez da soilik Euskal Herriko kontua, kapitalismoak, globalizazioak eta industrializazioak mundu guztian barrena ekarri duen fenomenoa baizik.[5] Hori dela eta, FAO erakundeak bertako arrazen kontserbazioa bultzatzen du, herrien ondore kulturala eta bioaniztasuna babestearren.

Bertako abere arrazen ezaugarri orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraza autoktonoez eta dibertsitate genetikoaz hitz egitean, funtsezkoa da hautespen naturala, arraza, aniztasun genetikoa eta, batez ere, kontserbazioa bezalako kontzeptuez hitz egitea. Ondare genetikoa, ia aipatzen ez den ondare naturala da arraza autoktonoen kasuan. Beste aldetik arraza autoktonoek balore kultural handia eduki dezakete, herri kirolen, ohituren zein mitologiaren bidez.

Hautespen Naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hautespen natural espezieen eta gure kasuan bertako arrazen abereen biziraupena eta ugalketa-aukerak dira. Hobeto egokitutako animaliak, belaunaldiz belaunaldi lortu dena eta azkenean, ingurune fisikora hobekien egokituta dauden animaliek bizirautea zehazten duena.

Arrazaren kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazaren kontzeptuak definizio asko ditu, baina, funtsean, espeziearen azpiko populazioa, jatorri geografiko berekoa, genetikoki espezie bereko beste populazio batzuez bestelakoa eta isolatuta egon dena ugalketa. Gainera, hautespen naturalaren eta gizakiaren eskuaren ondorioz, arraza hori zehazten duten ezaugarri morfologiko eta produktibo batzuk, oinordetzan. Azken batean, horrek arraza bat bestetik bereizten du.

Arrazetan funtsezko elementu batzuk oso garrantzitsuak dira ezugarriei begira:

-Zein jatorri geografikotara egokituta dagoen.

- Beste talde azpiespezifiko batzuetatik bereizten duen oinarri genetikoa.

- Herentziazkoak diren ezaugarri morfologikoak eta produktiboak. ondorengoei transmititzeko gai direnak.

- Ugaltze-isolamenduko mekanismo genetikoa, oso garrantzitsua dena eta gene multzo bat norabide jakin batean eta ezaugarri morfologiko eta genetiko bereizgarrien arabera. Arrazak desberdintasun kultural eta geografikoen arabera garatu dira[6].

Arrazen balioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazek ezaugarri berezkoak eta baliotsuak dituzte sortu dituzten ekosistemen eraginen bidez garautuak. Beraiek ere, kasu askotan, ekosistemengan eragin edo eraldatu dituzte. Paisaiak bertako abereen arrazen ondorioa da neurri batean eta alderantziz ere. Guzti hau ehunka belaunaldiren emaitza da, eta ekoizpen-modu oso lehiakorrak bermatzea eta defendatzea, guregana iritsi diren ekoizpenak.

Babes bereziko arrazen kasuan, beharrezkoa da arraza espezializatuen ekoizpenen aldeak orekatzeko laguntzak.

-Giza beharrizanak asetzeko ezaugarriak, gizarte-arloko ohituren arabera izaten dira. Elikadura eta nekazaritzari lotuak. Izan ere, arrazetan, hautespenak sortuak izan arren, ugaltze-mekanismo genetikoan gizakiak esku hartu du zentzu jakin batean modelatzeko edo gaitasun jakin batzuk sortzeko gizakiaren mesedetan.

Gizakiaren eskuak animaliak hautatu zituen luzaroan, eta animalia horien hautespen naturalaren bidez zein gizakiaren esku hartzearen bidez lortu dena arraza autoktonoen barietate handia da[7].

Beste aldetik harreman estua dago arrazaren eta jatorrizko ingurunearen artean eta arrazaren eta bertako produkzio-sistemen artean. Hori oso garrantzitsua da bertako arrazentzat, esklusiboa izan behar du.

Kalitate-deituretarako, jakina, arraza faktore erabakigarria da izendapen batekin babestu beharreko produktuaren ezaugarriak.

Hobetutako behi prriniarrak. Haragitarako ezaugarriak landu egin dira.
Piriniar behia motako abereak Hiru behien zergako festan, aspaldiko argazki batean. Nabarmen da egungo argazkiarekiko ezberdintasun morfologikoak eta lantadartasunari dagokizkionak.

Dobzhanskyk zioenez arraza ez da entitate estatiko bat, prozesu bat baizik. Jakina, arraza asko eraldatuak izan dira azken hamarkadetan eta Piriniar behiaren adibide izan daiteke. Haragitarako ezaugarriak landu dira baina aldi berean landatartasuna galdu egin du.

Jakina, etxaberetan arraza prozesu dinamikoa bat da.

Bertako arrazen ezaugarri zehatzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertako arrazak landatarragoak eta gogorragoak izan zein oro har bertako baldintzei eta ingurumeneari hobeto moldatuta egon arren, kanpoko zenbait arrazek ekoizpen handiagoa ematen dute, esate baterako, haragi, artile zein esnetan. Edo besterik gabe errezagoak dira gobernatzeko[1]. Betizuen eta montxinen kasua da, animali hauek berezko basatasunak haien gobernua zailtzen baitu[8]. Baia beste aldetik behi erdi basati hauek ahalmena dute beste behi azienda galduko zen paraje latzetan aurrera ateratzeko.

"Moda" kontuak ere barnean sartzen dira ere arraza bat beste baten truke aldatzerakoan. Beste aldetik hamarkadetan zehar Euskal Herriko administrazio ezberdinek beraien aldetik bertako arrazak kanpoko arrazekin trukaketa bultzatu dute "ekoizpenaren hobekuntza"ren izenean. Kanpoko arrazak ekartzea eta bertakoengandik aldatzea nolabait "modernitate" eta "hobekuntza"ren ikur izan dira euskal abelkuntza garatzeko administrazio ezberdinen egitasmoetan.

Euskal arraza batzuk berez-berez iraun dute, eta irauteko hobeto dute, etekin erraza ateratzen zaielako, baina beste batzuek berriz nekez egingo dute aurrera laguntzarik izan gabe. Adibidez piriniotar behiekin zein ardi latxekin egiten diren ekintzak ekoizpena hobetzeko izan dira —etekina hobetzeko programak hain zuzen—, eta ez kontserbaziori zuzendutako programak, arraza hauen animalien kopurua handia delako. Ardi latxaren hazkuntza-programa, esate baterako, 1984. urtean hasi zen, eta, ordudanik hamaika ikerketa egin dira esnearen kalitatea eta kantitatea hobetzeko helburuarekin.

Esan beharra dago zenbait kasuetan zaila gertatzen dela bertako arrazak ingurukoengandik bereiztea, eta desberdintasunak txikiak direla. Ahuntz azpigorrien kasuan, piriniotar ahuntzekin konparatuz gero abere oso antzekoak dira, nahiz eta adituek bereizten dituzten eta euskal erakundeek arraza ezberdintzat hartzen dituzten.

Beste adibide bat pottoka eta zaldi montxino zein asturkoi zaldiak dira. Oso zaldi antzekoak, agian bi arrazen zabalpen eremua garai batean lotuta egongo zen, eta arraza bakarra izango ziren, baina egun elkarrenganako isolamenduaren ondorioz ezaugarri ezberdinak garatu dituzte.

Kontutan hartu behar da zenbait gune geografikoek hizkuntz eta kulturen zein estatuen mugen gainetik hainbat aktibitatek batasuna eta antzekotasuna mantendute dute esate baterako arrantza edo artzaintza Pirinioetan barrena edo kantauriar kostaldean. Abereen trukaketa eman da ibar ezberdinen artean zein kostaldean zehar. Artzain txakur zein ur-txakurren kasua litzeteke.

Bertako abere arrazak eta bertako produktuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko gazta ezberdinak. Euskal gaztek bertako ardi arrazen esnea dute oinarri

Euskal etxaberetatik ateratako produktu askok Jatorri deitura babestua daukate euren balioa handitzeko. Jatorri deitura babestua (JDB) Europar Batasuneko sor-marka bat da, nekazal produktuak eta elikagaien kalitatea nabarmendu eta bermatzeko adierazgarria, bai eta eremu geografiko zehatz batean bakarrik ekoiztu eta lantzen delakoa ere. Hainbat kasutan produktua ez dago soilik lotuta eremu geografiko konkretu bati, baizik eta abere arraza konkretu bati edo bertako landare mota bati. Esate baterako Idiazabal gazta eta ardi ardiaren arraza, edo Baionako xingarra eta euskal txerria.

Nahiz eta erkidego bakoitzaean, EAE, Nafarroa edo Iparralde izan, berezko izendapena izan, zenbait produktuen izendapena Euskal Herriko bi erkidegoen artean partekatuta egon daiteke. Idiazabal gaztaren kasua da.

Izendapen babestuak eta labelek ez dute beti onurak ekarri bertako produktuak mantentzeko orduan. Esate baterako garai batean Euskal Herriko eskualde ezberdinetan egiten zituzten gazta mota ezberdinak jatorrizko izendapen gutxitan batzeak, ohiko hainbat gazta moten galera edo ekoizpen murrizketa ekarri du. Gazta hauei beti bertako arraza bat lotuta zegoen. Esate baterako Karrantzako "Quesuco" delako gazta mota Karrantzako ardien esnearekin egiten zuten[9].

Euskal Autonomia Erkidegoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EAEko kasuan Eusko Labela da bertako sor-marka bat da, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi, eraldatu edo prestatu diren nekazaritza eta abeltzaintza elikagaiak identifikatzen dituena, eta elikagai horien kalitatea, benetakotasuna eta jatorria kontrolen bidez bermatzen dituena.[10].

« Ezti honek polen garbitasun handia dauka eta Europako kalitate araudi zorrotzenetarikoa betetzen du. Ezti gordina izanik, ez du pasteurizazio prozesurik jasaten eta bere ezaugarri biologiko eta nutritibo guztiak mantentzen ditu.

Kalitate handiko ezti freskoak dira, betiko usadioa jarraituz, erlategi txikietan ekoiztuak. Gure herriko klima eta lore aberastasunari esker mota ezberdinetako eztiak biltzen dira, kolore eta usain ugaritakoak.

»
  • Esne bildotsa: marka horretako bildotsak, ezinbestean, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi, hil eta zatitzen dira, eta arraza autoktonokoak dira (latxa edo karrantzarra), edo horien gurutzatzeak.
  • Eztia: Eusko Labela duten eztiak gordinak, freskoak, kalitate eta purutasun handikoak dira. Jatorri botanikoaren arabera sailkatzen dira (lore eztia, eukalipto eztia, akazia eztia, txilar eztia, basoko eztia…). Ezti horiei buruzko araudia Europako zorrotzenetakoa da.
  • Baserriko oilaskoa: Eusko Labela duten oilaskoek luma gorriak eta azal eta hanka horiak dituzte, eta hautapen genetiko baten ondorio dira. Beste ezaugarri hauek ere badituzte: hazkunde motela, baserrikoak izatea, eta aire zabalean haziak izatea.
  • Euskal Okela: behi aziendena da Eusko Labela duen okela bakarra. Gure erkidegoan aspaldidanik hazi izan diren arrazetako abelgorriak dira, eta Euskadin jaio, hazi eta hiltzen dituzte. Abereok betiko ohiturei jarraikiz hazten dira, osasuneko eta ongizateko baldintza egokietan, eta elikadura betekizun bereziak errespetatuz.
  • Behi esnea, baina kasu honetan bertako behi arrazak kontutan hartu gabe.
  • Baserriko arrautza, bertako oilo arrazak kontutan hartu gabe.

Nafarroa Garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroa Garaiaren kasuan Nafarroa Gourmet erresuma labela da hainbat bertako etxabereen produktuak babesten dituena [13]. Hala nola Idiazabalgo gazta edo Erronkariko gazta, baita bertako ardi latxa zein Nafar ardi arrazako arkumeak[14].

Azken garaietan Erronkariko ibarrean arazo eta istilu handiak egon dira kanpoko ardien esnea sartu nahi dutelako bertako gazta egiteko asmoz[16]. Bruselasko Batzordeaka ere bertako arrazaen alde agertu da istilu honetan, bertako ardi arrazen alde aritutako EHNE baserritarren sindikatuari arrazoia emanez. Kasu honetan bertako arrazen defantsa bertako ekoizpen tradizionala defendatzen duten baserritarren eta artzainen interesekin bat datoz.

  • Nafarroako gobernuak plangintza zehatz bat garatu du betizuaren okela merkaturatzeko [17].
« “Betizuaren Haragia” deritzon produktua karakterizatzea da proiektuaren helburu nagusia, Nafarroan galtzeko zorian dagoen behiarraza autoktono honen ustiategien errentagarritasuna hobetu eta mantentzen laguntzeko, elikagaitzat erabiltzen dituzten larreei atxikitako kalitate bereiziko haragi-ekoizpenerako baliatuz." »

Ipar Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baionako xingarra Donibane Lohitzuneko azokan.

Euskal Herriko bertako arrazen egoera. Arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafar artzanor bat, pottoka eta enkarterriko arrazako astoa Leitza eta Berastegiren arteko Urtoko benta batean, 1898. urtean. Duela mende bat ohikoak ziren egun hain kopuru urrikoak diren bertako arrazak

Arraza bat desagertzeko arriskuan dagoen edo ez sailkatzeko FAO ren irizpideak hartzen baditugu kontuan, arraza bat desagertzeko arriskuan dago baldin eta arrazako animalia kopuruari dagokionez, ugalketarako gai diren eme kopurua 100 eta 1000 artean dagoela edota arrena 5 eta 20ren artean.

Bertako arrazek ezin dute askotan selekzionatutako beste arraza batzuekin lehiatu. Hori dela eta aspalditik jada, baserritarrek, produkzio handiagoren bila edo, hemengo arrazak kendu eta kanpokoak ekartzen hasi ziren.

Hau gertatu zen, esate baterako, piriniotar behiekin eta eginiko berreskuratze lan eskerga bati esker ez balitz, gaur egun betizua dagoen egoera berean edo okerrago legoke. Hala ere, hobetze prozesu horretan garai bateko abereen landatartasuna galdu egin da neurri handi batean, eta zenbait adituek zalantzan jartzen dute hobekuntza prozesu horiek ez ote duten azkenean jatorrizko arraza galtzen. Betizuekin zein motxinekin ere berdin gertatu da, alegia, alde batetik haragi gutxiko zekorrak ematen dituztelako eta bestetik “izuak” direlako eta beraz maneiu zailekoak, pisu gehiagoko zekorrak emango dituzten eta gainera otzanagoak diren kanpoko beste arrazetako behiekin ordezkatu dituzte, edo bestela apurka kanpotik ekarritako haragitarako arrazen zezenekin gurutzatu dituzte era honetara arraza nahastuz.

Bertako arrazak baztertzeko beste zenbait arrazoi beherago zerrendatuta daude, «Zerk eragin du Euskal Herriko bertako arrazak egoera honetara iristea?» atalean.

Bertako arrazen egoera legala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki ardi latxaren kontserbaziorako funtsezkoa izan da esate baterako Gipuzkoan aspaldian indarrean egon zen kanpoko ardiak inportatzeko Batzar Nagusien debekua.

Euskal Herriko bertako abere-arrazen katalogo ofizial bat dago Euskal Autonomia Erkidegorako (EAE) Eusko Jaurlaritzak eginda 2002ko urtarrilean. Katalogo horretan, bertako arrazak zein diren eta zer egoeratan dauden zehazten da. Hala ere katalogo honetan ez dira euskal Herriko betako arraza guztiak jasotzen, ez eta EAEko guztiak ere.

Bertako arrazak kontserbatzeko arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspaldian, gizakien arduragabekeriagatik edota sentsibilitate ezagatik, asko dira galdu diren bertako abereen arrazak. Globalizazioak bere aldetik bertako abereen arrazen galera areagotu egin du Mundu guztian zehar.

Euskal Herrian ere, tamalez, horrelakorik gertatu dira eta gertatzen ari dira. Desagerturikoak ez dute itzulbiderik (ez behintzat era errazean). Hor dugu adibidetzat uro berriak deritzen abereen inguruko polemika. Desagertutako euskal arrazen artean “Baztango txerria” eta “Gasteizko mutur motza” deituriko txerrien kasuak edota Erronkariko ardiarenak ditugu, besteak beste. Une honetan galtzeko arrisku maila ezberdinetan daude Euskal Herriko bertako abereen arrazak eta zenbait kasuetan ahalegin handia egin beharko da gure artean jarrai dezaten. Zalantza egin daiteke zergatik lagundu behar ote zaion berez bizirik iraungo ez lukeen arraza bati.[20] Izan ere, nolabait, arrazak izakiak berak sortuak dira, paraje hauetan bizi izan diren abeltzain-belaunaldiek moldatutako abereak dira kasu gehienetan —sarritan abereak berak abeltzainen jarduerara egokitu direla esan beharko litzateke—. Bada, azken finean, horixe da arraza horiek mantentzeko arrazoi nagusienetarikoa: kultur ondarea dira. Gure arbasoek utzitako herentzia bizia dira. Bertako arrazak kontserbatzen dabiltzan elkarte zein adituek zenbait arrazoi ematen dute bertako arrazak mantentzeko: Kulturalak, ekologikoak, ekonomikoak eta etikoak ere: Haietako asko FAO beraren arrazoi eta gomendioetan oinarriturik, zeren eta nazioarteko erakunde honek berebiziko garrantzia eskaintzen die bertako arrazeen kontserbazioari.

Direlako, arrazoi etikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garrantzitsuena, agian sinpleena, honako hau:“direlako”, eta, direnen aldetik, izateko eskubidea dutelako. Arrazoi "etiko" hau ez baldin bada oso hedatua euskal kulturan, bai esan dezakegu pisu handia duela antzeko bertako arrazak dauzkaten Europako Ipar Aldeko herrialdetan. Han animalen aldeko arrazoi "etikoak" askoz ere zabalduagoak daude. Bestalde, gure arbasoek guretzat utzi zuten bezala, guk ere, une honetan betiko desagertzeko zorian dagoen ondare kulturak bizidun hau, gure ondorengo belaunaldiei uzteko beharkizun morala dugu, ez dezatela, gure utzikeriagatik, “ba omen zen …” esateko aukerarik izan.

Ondare kultural gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasi ardiak, sasardiak, manex ttipiak, mutur gorri tipiak, gorri tipiak, xaxardiak... Bertako arrazek izendegi handia mantendu dute eta hori ere euskal kulturaren zatia da

Bizirik dirauen ondare-kulturala direlako: Bertako arrazek bizirik dirauten Euskal Herriko ondare kulturala dugu, ohiturei, herri kirolei, herriko jaiei, historia, mitologiari... lotuak.

Beste zenbait kasuetan bertako arrazak euskal ikurtzat hartu dira. Pottoka askatasunaren ikurra edo azken urtetan ardi latxa Euskal Herriko ibilgailuak identifikatzeko. Horretarako pottoka ere erabilia izan da. Herriko zein familien armarrietan ere ohikoa izan da bertako abereen erabilera, ikur gisa.

Betizu arraza, esate baterako, piriniar arrazaren aitzindari hartzen da sarritan. Nahiz eta produkzioari begira garrantzirik izan ez, ondare kultural gisa balio handia du, besteak beste, antzinako arraza denez gero, Euskal Herrian izan ziren lehenbiziko behi azienden heziketari buruzko zenbait xehetasun ikertzeko aukera ematen digulako eta bestalde, gaur egun Euskal Herrian dauden zenbait arrazen jatorrien aztarnak argitzeko baliagarri delako. Ahaztu gabe bertako arraza ezberdinek euskal mitologian, ipuingintzan eta kondairetan jokatu duten paper garrantzitsua.

Euskal Herriko etxeko abereak bertako mitologian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal mitologian etxeko abereek leku garrantzitsua hartzen dute. Haietako zenbait, betizuak (behigorriak) kasu Mari beraren avatar bezala agertzen dira.[21]

Pottoka beltza, kondaira askoren protagonista

Euskal Herriko bertako abereak ohitura eta herri kiroletan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertako arrazen beste balio kulturala haien inguruko esaera zahar eta ohiturak dira. Herri kiroletan zein etnografiako beste zenbait kontuetan.

Ahaztu gabe euskarari lotutako kontuak; esate baterako etimologian arraza bakoitzak pilatzen duen tokiz tokiko izen ugaritasuna eta haien jatorria.

Biodibertsitatea babesteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspaldian, gizakien arduragabekeriagatik edota sentsibilitate ezagatik, asko dira galdu egin diren arrazak. Euskal Herrian ere, tamalez, horrelakorik gertatu dira eta gertatzen ari dira.

Desagerturikoak ez dute itzulbiderik (ez behintzat era errazean). Horien artean “Baztango txerria” eta “Gasteizko muturmotz txerria” deituriko txerrien kasuak edota Karrantzako ardiarena, besteak beste.

Une honetan galtzeko arrisku larrian dauden Euskal Herriko arrazen artean, besteak beste, betizu-arraza, landetako behia edota ahuntz azpigorria ditugu, eta, eginbeharrekoak eta lau egin beharko da gure artean jarrai dezaten.

Gordailu genetiko gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur arte eta gizakiaren eskakizunari jarraikiz, etxeko azienden selekzioa esnetara, artiletara, ahal den arrautza gehien errutera nahiz haragitara bideratua izan da erabat (beste zenbait ekoizpen ahaztu gabe, esate baterako antzaren lumak burukoak zein edredoiak betetzeko). Selekzio hau, produktibitatean soilik oinarritu da, arrazen, esnea, arrautzak, artilea edota haragia produzitzeko gaitasuna kontutan hartuz eta beste arraza ezaugarri batzuk baztertuz.

Auritzeko zaldia azoka batean

Horrek, arraza batean egiten diren hobekuntza genetiko guztiak hazitarako ar gutxi batzuk zabal ditzaketen ezaugarri produktibo batzuetan oinarritzea dakar. Bestalde, hazitarako horiek, oro har, enbor beretik datoz. Horrek guztiak, alde batetik, odolkidetasunaren gehitzea dakar eta, bestetik, ezaugarri ezberdinak dituzten hazitarakoen kopuruaren murriztea.

Bestalde, badira ezaugarri produktiboetatik at, zenbait unetan bere garrantzia eduki dezaketen beste faktore genetiko batzuk, besteak beste "basatasuna", hau da, basoan, orografia nahiz elikadura aldetik baldintza zailetan ongi moldatzeko gaitasuna. Ezaugarri hau ongi baino hobeto nabaritzen da bertako arraza askotan. Geroari begira, berezitasun hau baliagarri izan daiteke, beharra balego, beste arrazen hobekuntzan erabiltzeko.

  • Horretatik kanpo badira beste ezaugarri batzuk arraza primitibo batzuetan zenbait gaixotasunen aurkako erresistentziari dagokionez eta, ez litzateke soberan egongo horri buruzko azterketak egitea.

Faktore ekologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun gero eta nabarmenagoa da naturarekiko gizartearen kezka.Bestalde, Europar Batasunaren nekazaritza politikak, gero eta garrantzi handiagoa ematen dio natura guneari.

Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian, gero eta gehiago dira, toki malkartsuak direlako, bertan belardi eskasak daudelako edota beste arrazoirengatik (zenbait baserrien desagerpena, mendi askotan, mendetan zehar ohikoa izan den artzaintzaren desagertzea eta abar...), sasiz zein oteaz betetzen ari diren mendiak, gizonentzat erakargarritasuna galduz.

Hau dela eta zenbait toki zoragarri, sasi, ote zein sastrakak janda dago, eta, beste hainbat bide beretik jarraitzeko zorian. Honek garai bateko landa paisaiaren galera dakar, eta kontutan hartu behar da paisaiaren balio ekologikoa, estetikoa, kulturala, bai eta ekonomikoa ere, nekazaritza turismoari lotua esate baterako.

Betizuek, sasi ardiek, pottokek... bestalde, orografia, elikadura eta klimatologia baldintza gogorretan bizitzeko ikaragarriko gaitasuna dute (basatasuna). Halaber, betidanik bere kokaleku naturala izan den ekosistemarekin oreka ezin hobean bizi dira. Ekosistema horien aldaketak betizuen bizimoduaren aldaketa lekarke eta aldi berean, ingurumari horretatik betizuak desagertzeak kaltegarria litzateke ekosistemarentzat. Gauzak horrela, arraza hauen parte hartzea bere garrantzia izan dezake aipaturiko inguruneak garbi mantentzeko eta bere erakargarritasuna berreskuratzeko. Zer esanik ez, guzti honek balio bikoitza duela egun garatzen ari diren “Parke Naturalen” kasutan.

Enkarterriko billano zakurra

Kontsumitzaileen gustuen aldaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora batetik hona jendearen erosteko ahalmenak gora egin du nabarmen. Bestalde, aspalditik era intentsiboan ekoiztutako aziendekin eman diren zenbait afera eta eskandalu (pentsu medikatuen aferak edota behi eroenak), era horretan ekoiztutako haragiarekiko jendearen mesfidantza sortu du. Hori dela eta jendeak gero eta gehiago eskatzen du era naturalean ekoiztutako produktuak eta jadanik modan jarrita daude “abeltzaintza ekologikoa” edota “nekazaritza ekologikoa” hitzak. Bertako arrazak hazteko erabiltzen den sistema produktiboa bete betean sartzen da “ekologiko” hitzak duen esan nahian eta hori aprobetxatu beharra dago bertako arrazen iraupenaren mesedean, beraien produktuek duten kalitatea kontutan izanik, merezi duen balioa emanez.

Faktore ekonomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakina da baserritarrek, arraza hauei leporatzen dieten “errentagarritasun” urria. Halere, “errentagarritasun urri” hori kakotxa artean jarri beharko genuke, izan ere, hiltzeko orduan animalia horiek kanalean pisu txikia izaten badute esate baterako, ekoizpen-kostuak ere txikiak dira (maneiua, elikadura eta abarreko kostuak), azken loditze-prozesuan kostu horiek handitzen badira ere.

Bestalde, bertako abereen haragia edo arrautzak kalitate handikoak dira (naturalak eta gustu onekoak, besteak beste), jendearentzako ezezaguna bada ere. Jendea horretaz jabetzea lortuko bagenu, bertako arrazei lotutako produktuak salmenta-prezioak igoko lirateke eta horren ondorioz “errentagarritasunak” gora egingo luke.

  • Amaitzeko "uro berrien" edo "tarpan berrien", Hecken azienda izeneko animalien inguruan Poloniako zenbait Parke Naturalean sartzeko eman zen eztabaidaren inguruan, zera esan daiteke: Euskal Herrian uro edo basazezenaren paper ekologiko berbera, baita tarpanena ere betetzen duten animaliak dauzkagula. Betizu eta pottokak hain zuzen.

Bertako arrazen egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraza bat desagertzeko arriskuan dagoen edo ez sailkatzeko FAO-ren irizpideak hartzen baditugu kontuan arraza bat desagertzeko arriskuan dago baldin eta arrazako animalia kopuruari dagokionez, ugalketarako gai diren eme kopurua 100 eta 1000 artean dagoela edota arrena 5 eta 20ren artean).

Staffe doktore austriarrak betizuei buruzko artikulu baten aipuan, egun ere betizuen zein gainontzeko bertako arrazen kontserbazioari buruz kontutan hartzekoak agerian uzten ditu:

Ahuntz azpigorria
« "Egun euskaldunak Pirinioetako ipar eta hegoaldeko antzinako populazioen azken hondartzat onartuak izan diren moduan, eta europar zientziari duela mende bat lana ematen dioten bezala, bereziki eta antza isolatuta den beraien hizkuntza dela eta, beraien abelkuntzak ere gure arreta merezi du mail handi batean. Gaur egungo herrialdeko paraje baztertuenetan, hau da Bizkaiko golkoa inguratzen duten mendi-kateetan, erabat berezkoa den behi azienda mota bat kontserbatu egin da, zerbait ezberdin bere kanpo itxuragatik hurbilen dauden ipar eta hegoaldeko arrazetatik, eta bere tamaina txikia dela medio, bere erabateko antzinatasunaren tankera ematen duen." »

Zerk eragin du Euskal Herriko bertako arrazak egoera honetara iristea?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Alde batetik haragitarako selekzionatuagoak diren kanpoko beste arrazen eragina: Esate baterako bertako behi arrazek haragi gutxiko txahal-txekorrak ematen dituztenez, ezin dute kanpotik ekarritako haragitarako selekzionatutako beste arraza batzuekin lehiatu. Hori dela eta aspalditik jada, baserritarrek, produkzio handiagoren bila edo, hemengo behi arrazak baztertu eta kanpokoak ekartzen hasi ziren.

Hau gertatu zen adibidez eta duela zenbait hamarkada piriniar arrazako behiekin, baina berreskuratze lan eskerga bati esker ez balitz, gaur egun betizua dagoen egoera berean edo okerrago legoke. Betizuekin, montxinekin zein Landetako behiekin ere gauza berbera gertatu da, alegia, alde batetik haragi gutxiko zekorrak ematen dituztelako eta bestetik “izuak” direlako eta beraz maneiu zailekoak, pisu gehiagoko zekorrak emango dituzten eta gainera otzanagoak diren kanpoko beste arrazetako behiekin ordezkatu dituzte.

Beste batzuetan, berriz, bertako arrazako behiak kanpotik ekarritako haragitarako zezenekin nahastu dituzte era honetara arraza nahastuz (batez ere Limousin arrazako zezenak erabili dira horretarako). Haragitarako erabiltzen ziren zaldi arrazen kasuan, Auritzeko zaldia, Euskal Herriko mendiko zaldia zein Nafar behokaren kasu, kontsumo ohiturak aldatu dira eta egun zaldi okela gutxiago kontsumitzen da haien ohiko merkatuetan.

  • Garai batean esate baterako Lasturren hazten ziren sokamuturrerako zein beste zenbait zezen jokoetarako betizuak kanpoko arrazekin nahastuz joan ziren tamaina handiagoko abereak sortzeko. Antza soka bustitzen zenean sokamuturretan betizu txikiak pisuarekin asko penatzen ziren eta ez ziren behar bezalako erasokorrak suertatzen.

Garai bateko nafar kastako zezen karrikiriak berriz, nahiz eta txikiak izan, hain erasokor eta biziak ziren ezen toreatzaileek ez zituztela inolaz ere nahi, eta honek ekarri zuen arraza galtzea.

Enkarterriko astoak
  • Kanpoko behi eta ardien esne ekoizpen handiagoa bertako arrazen gainbehera ekarri du. Oraindik istiluak izaten dira presio handiak daudelako bertako gaztak (Irati, Erronkari, Idiazabal...) kanpoko ardi arrazako ardien esnearekin egiteko. Bestalde, arkumeez den bezainbatean, kanpotik askoz merkeagoak ekartzen dira arkumeak, atzerrian oro har ardi esnea kontsumitzen ez delako eta horrela arkumen hazkundea merkeago izaten delako pentsurik erabili gabe.
  • Kontsumitzaileen gustuen eraginez: Betizuak eta montxinak mendian libre dabilen edozein animalia bezala, ukuiluan ia mugitu gabe hazten den animaliak baino haragi gorriagoa du. Kontsumitzaile askok, kalitateari jaramon egin beharrean, sarritan haragiaren koloreari begiratzen dio (zuri gorri kolorekoa nahiago du). Hori dela eta betizuaren haragia, gorriagoa izaki, merkaturatzeko zailtasunak ditu.
euskal txerria arrazako abereak
  • Baserritar askok baserritik alde egitearen eraginez: Denbora batetik hona asko dira (baserriko lan esklaboa alde batetik eta errentagarritasun urria bestetik), baserriko lanari utzi eta kalera lanera joan diren baserritarrak, zituzten behi aziendak kenduz, tartean betizuak. Honi gaineratu behar zaio, baserritar gazte askok, egoera hori ikusita, nahiago izaten duela baserriko lanak utzi eta kalera lanera joatea, lantegietara.
  • Osasun kanpainaren eraginez: Alde batetik honetara asko zorroztu dira Administrazioak jarritako baldintzak animaliak edukitzeko, eta batez ere behi azienden kasuan (identifikatu beharra, zoonosiaren aurkako osasun kanpainak, eta abar). Horiek guztiak egiteko animaliak harrapatu egin beharra dago eta, kontuan izanik betizuak oso harrapagaitzak direla, baserritar askok nahiago izan du betizuak kentzea lantegi horiek hartzea baino.

Euskal Herriko bertako etxe abereen arrazen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landetako behiak, argazki zahar batean. Atzean, eskuinean, bordeles behi bat ere ageri da.
Euskal oiloa, barietate marraduna
Nafar edo Gasteizko eper txakurra argazki zahar batean

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b https://aldizkaria.elhuyar.eus/erreportajeak/bertako-arrazak-batzuk-ugari-beste-batzuk-larri/
  2. https://www.intiasa.es/es/explotaciones-ganaderas/areas-de-interes/ganaderia-navarra/razas-autoctonas.html
  3. (Gaztelaniaz) Euskal Autonomia Erkidegoko bertako arrazei buruzko artikulua
  4. (Gaztelaniaz)https://www.euskalabereak.eus/razas/
  5. http://www.euskonews.com/0029zbk/gaia2904es.html
  6. (Gaztelaniaz) Euskal abere arrazei buruzko artikulua [file:///C:/Users/Usuario/Downloads/211065-Text%20de%20l'article-289336-1-10-20101223.pdf]
  7. (Gaztelaniaz) Euskal Autonomia Erkidegoko bertako arrazei buruzko artikulua
  8. Mirentxu Bernez-Vignolle, Betizu, une population bovine des montagnes basques: statut juridique et modalités de gestion, 2010, 146 p.
  9. http://bilbao-bizkaia.slowfood.es/files/Food/42/Ficha%20de%20Queso%20de%20Oveja%20Carranzana%20Cara%20Negra.pdf[Betiko hautsitako esteka]
  10. Kalitatea Fundazioaren webgunea: «Zer da Eusko Label?».
  11. Idiazabal gaztaren WEBgune ofiziala [1]
  12. https://turismo.euskadi.eus/aa30-12375/es/contenidos/j_gastronomia/0000003035_j2_rec_turismo/eu_3035/3035-ficha2.html
  13. (Gaztelaniaz) Navarra Reyno Gourmetaren web ofiziala [2]
  14. (Gaztelaniaz) [3]
  15. Erronkariko gaztari buruzko artikulua [4]
  16. http://www.gara.net/paperezkoa/20100226/185229/eu/Erronkariko-gazta-ekoizteko-kanpoko-ardi-arrazak-ez-onartzeko-eskatu-du-EHNEk[Betiko hautsitako esteka]
  17. http://www.navarra.es/home_es/Actualidad/Sala+de+prensa/Noticias/2018/03/23/gobierno+navarra+proyecto+comercializar+carne+betizu.htm
  18. Baionako xingarrari buruzko artikulua. [5]
  19. Webgune ofiziala
  20. http://zientzia.net/artikuluak/bertako-arrazak-batzuk-ugari-beste-batzuk-larri/
  21. Jose Migel Barandiaran: Obras completas, Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1976.
  22. http://www.euskonews.eus/zbk/45/ahari-apustuak-herri-kirolen-bitxikeria/ar-0045001001E/

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]