Ibai

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ibaiaren ekosistema» orritik birbideratua)

Ega ibaia Lizarra zeharkatzean
Lea ibaia Bizkaiko golkoan itsasoratzen, Lekeition.

Ibaia ubide naturala da, aski handia[1], normalean euritik edo elurraren urtzetik datorrena goiko lurretatik behekoetara, eta itsaso, aintzira edo beste ibai batera isurtzen dena. Batzuetan ordea, ibaiak lurrean barneratzen dira (batez ere ingurune karstikoetako sarbegietan) edo guztiz lehortzen dira, beste nonbaiten isuri baino lehenago. Ibaiak uraren zikloko atal garrantzitsu bat dira.

Ibaiaren jatorria iturburuetan dago, ibilgua osatzen du eta normalean bokale edo ibai-ahoan amaitzen. Ibai bakoitzak arro hidrografikoan biltzen ditu urak.

Hitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai hitza lehen aldiz 1095ean ageri zen, toponimian, Bizkaiko Foruan: illo flumine qui venit de Angulo ad Ibaizabal[2]

Sinonimoak dira ur handia[3] (Ipar.), erribera[4] (Ipar.), uhaitz[5] (Zub.), ugalde (GNaf.) eta errio[6] (Beh.). Ibai txikiek erreka, errekasto edo lats izena dute.

Ibai pertsona-izena ere bada, gizonezkoa[7], eta Ibaia emakumezkoa[8].

Topografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai bat iturburu batean (edo askotan) hasten da, gehienetan banalerroan kokatua, erreka guztiak jasotzen ditu bere arroan, ibilgu izeneko bidea jarraitzen du eta bokale edo ibai-ahoan amaitzen da (itsasoan, aintzira baten edo beste ibai baten). Ibai bateko ura, normalean, ubidera mugatzen da, ibai-ertzek mugatua. Ibai nagusiak jasotzen dituen beste ibaiei ibaiadar deritze. Ibai handienetan uholde-lautada izaten da, ubidea gainditzen duten uholde-urek osatua. Uholde-lautadak oso zabalak izan daitezke ubidearekin alderatuta. Ubidearen eta uholde-lautadaren arteko bereizketa hori lausoa izan daiteke, batez ere hiriguneetan, non etxebizitzak eta industriak asko garatu baitezakete ibai-ertz eta lautadan bertan.

Cauto ibaiaren meandroak (Guamo Embarcadero, Kuba)

Lurralde lauetan, ibaiek meandroak era ditzake, hau da, ubidearen kurba erregularrak. Lurraldea malkartsu bada ordea, ur-jauziak eta ibai-lasterrak sor ditzake, eta menditsua bada, arroilak. Ibaiek sedimentu edo jalkin kopuru handiak garraiatzen dituzte, bankuak edo uharteak eratuz, eta bokalean deltak. Ibai-ahoa zabala eta sakona bada, estuarioa sor dezake.

Arro eta ibarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhar eta ibai labur batzuk, euren iturburutik itsasoraino luza daitezke beste ibai handiago baten ibaiadar bihurtu gabe eta beste ibai batzuetatik urik jaso gabe. Oro har, ibai bat drainatze-sare baten zati da, arro hidrografiko bat osatzen duena. Arro batzuek kilometro karratu gutxi hartzen dituzte; Amazonaseko arroa, berriz, 6,14 milioi km² luze-zabal da, munduko handiena.

Oro har, ibai-haran gazteek V itxura dute, batez ere duela gutxi altxatu diren mendialdeetan, baina forma hori aldatu egiten da ibaiaren ibilguan zehar, eta handitu egiten dira haren tamaina, malda, zeharkako profila, sedimentuak garraiatzeko ahalmena eta beste hainbat ezaugarri[9].

Higalana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiak erliebearen desegile eta egile dira aldi berean: batetik, ibarretan higalana eginez, malkarrak sortzen dituzte (degradazioa); eta bestetik, ibai jalkinak metatuz, eremu lauak eratzen dituzte (agradazioa).

Ibaien ur-laster etengabe horrek materialak higatzen ditu eta ibarrak eratzen ditu, gero eta ibar zabalagoak, gainera, ibarreko maldak gutxituz baitoaz, tektonika prozesuek berdintze lana egiten ez duten bitartean, betiere. Malda horiek –gero eta txikiagoak– ibaien arteko banalerroan elkar ebakitzen duten neurrian lurra zelaituz joaten da. Pixkana-pixkana, beraz, ibaiaren higalanak lurralde lauak eratzen ditu; dena den, horretara bitartean era askotako erliebeak eratzen dira.

Ekosistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaietako ekosistemetan bi unitate ekologiko nagusi daude: bat ibaia beraren ibilguan sortzen dena eta bestea ibaiertzetako ingurunean sortzen dena.

Ibaiaren uretan izaki bizidun asko bizi dira. Algek eta ornogabeek bentos izenekoa osatzen dute eta horiei esker bizi dira bertako arrainak, hegaztiak eta ugaztunak. Ornogabe bentikoek kate trofikoaren oinarria dira eta gaineko espezieen elikagaia, gainera, uraren kalitatearen adierazle biologikoak ditugu. Algak, moluskuak, krustazeoak eta intsektuen larbak ibai baten osasunaren adierazgarriak dira eta, horrela, ibaiaren zati bateko ornogabeen azterketa zehatz baten bidez ebaluatu dezakegu kutsadura maila.

Ondo zaindutako ibai baten ertzetan ibarbasoak aurkitzen ditugu, eta dagokien erritmo naturalean garatzen direnean "galeria-baso" bilakatzen dira. Ibarbaso horiek ibaiaren ibilgua ezkutatzeraino estali dezaketen basoak izaten dira eta landaredi oso aberatsa dute. Landarediak eragin desberdinak ditu:

  • ibaiaren gehiegizko intsolazioa eragozten du eta horrela, ura gehiegi berotzen ez denez ez du oxigeno galtzeko arriskurik.
  • kutsadura eta zikinkeriak iragazten ditu
  • ibaiertzak higaduraz babesten ditu, ura garbia mantenduz.

Landaredia aberatsa denean, fauna ere hala izaten da. Landarez elikatzen diren animalietatik hasita, harraparietaraino, espezien hartu-eman genetikoak ahalbideratuz. Basa-katuak, azeriak, ipurtatsak, apoarmatuak edo erbinudeak ibarbasoaz baliatzen dira lurralde berriak populatzeko. Eta hegazti migratzaileak ez ziren beren neguko lurretara iristeko gai izango ibarbaso horiei esker izango ez balitz, adarrez-adar saltoka kilometroak egin ditzaketelako horrela. Eta aberastasun biologiko horren ondorioz, ornodun handiak iristen dira: hontz handia, basa-katua, igaraba eta katamotzak.

Kutsadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Uraren kutsadura»
Begi bistako ibai kutsadura.

Ura baliabide berriztagarria da, giza jardueraren ondorioz arriskuan dagoena. Euritik datorren ur garbia, lurrera iritsi aurretik ere bere lehen karga kutsatzailea jaso dezake, hainbat substantzia kimikoak disolbatzean (anhidrido karbonikoa, sufre oxidoa eta nitrogeno oxidoa bezalakoak), euri azido bihurtuz. Zelaiak zeharkatzean, ibaiko ura pestizidaz kargatu daiteke, eta hirietatik igarotzen denean, hainbat produktu eraman ditzake arrastaka, hala nola gasolina, automobil-olioak, hondakin organikoak, metal astunak, etab. Ibaiek kutsatzaile batzuk kentzeko nolabaiteko gaitasuna erakusten dute, baina horretarako oso tarte luzea behar dute, bakterioek beren arazte-lana egin ahal izan dezaten.

Ibaietako ura kutsatzen duen faktore handiena izaki bizidunak dira. Hauek mota hauetako hondakinak botatzen dituzte ibaietara:

  • Oxigenoa behar duten hondakinak
  • Pestizidak
  • Produktu kimikoak eta gai inorganikoak
  • Euriak sortzen dituen sedimentuak
  • Substantzia erradioaktiboak
  • Merkurioa
  • Estoldetako kutsadura
  • Gas toxikoen emisioa
  • Zentral energetikoak itzultzen duten ura
  • Plastikoak
  • Urbilduak

Hauek dira munduko 10 ibai kutsatuenak[10]:

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikuntza materialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiek sortzen eta higatzen dituzten sedimentu lodi batzuk, hala nola legarra eta harea, eraikuntzan maiz erabiltzen dira. Horregatik, ibai eta bere ertzetatik eraikuntza materiala erauzi ohi da, bai eskuz bai matinal erabiliz, aire zabaleko harrobietan bezala. Munduko zenbait lekutan, ekintza honek aintzira-habitat berriak sor ditzake, erauzitako lurrak urez betetzean. Beste kasu batzuetan, ibai-ohea eta ibilgua desegonkortu ditzake, eta kalte handiak eragin arrain-populazioetan, erruteko legar eta hartxintxar multzoak behar baitituzte.

Energia ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XII. mendeko ur-errota, Braine-le-Château (Belgika).

Ur-laster azkarreko ibaiak eta ur-jauziak energia iturri gisa erabiltzen dira, ur-errotak eta zentral hidroelektrikoak erabiliz. Gehienetan, urtegiak eraikiz erabili izan da ibaietako ura, baina ez beti, noriak zuzenean ibaian ezarri baitaitezke. Errotak aspalditik erabili izan dira, batez ere zerealak xehatzeko eta irina ekoizteko. Euskal Herrian, ohikoa izan da ibaien ura erabiltzea burdinoletan, burdina lortu eta lantzeko. Lurrun-makinak asmatu aurretik, artilea eta beste ehunak prozesatzeko ere ohikoak izan ziren errotak Europan zehar. Azken hamarkadetan hazkuntza nabarmena izan da eskala handiko zentral hidroelektrikoen garapenean, batez ere eskualde menditsu eta hezeetan.

Janari iturria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiak janari iturri izan dira historiaurreko garaietatik[11]. Maiz arrain-iturri oparoa eta uretako beste izaki jangarri izaten dira, eta ur gezaren iturri nagusia, edateko eta ureztatzeko erabil daitekeena.

Nabigazioa eta garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiak milaka urtez erabili izan dira nabigatzeko. Erakusgarri zaharrena Indus haraneko kulturan aurkitzen da, India ipar-ekialdean K.a. 3300 inguruan[12]. Ibai-nabigazioak garraiobide merkea eskaintzen du, eta oraindik munduko ibai handienetan erabiltzen da, hala nola Amazonas, Ganges, Nilo, Mississippi, Yangzi eta Danubion.

Baso ugari dagoen eskualde batzuetan, Eskandinavian eta Kanadan adibidez, egurgileek ibaia erabiltzen dure zuhaitz ebaki berriak flotatuz ibaian behera garraiatzeko, ahalegin eta kostu handiak aurreztuz[13]. Aspaldi, Nafarroan erabilitako garraiobidea zen, almadiak erabiliz enborrak Ezka ibaian behera Ebrora eramateko[14].

Muga politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiek garrantzia izan dute muga politikoak erabakitzeko eta herrialdeak defendatzeko unean. Adibidez, Danubio Erromatar Inperioaren muga luzea izan zen, eta gaur egun Bulgaria eta Errumania artekoa zedarritzen du. Ipar Amerikan ezaguna da AEB eta Mexiko arteko ekialdeko muga, Rio Grande/Rio Bravok zedarritua. Euskal Herrian ere, garrantzi handikoa izan da historian zehar Bidasoak eragindako muga Espainia/Gipuzkoa eta Frantzia/Lapurdi artean.

Ibai sakratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai sakratuak eta haien begirunea hainbat erlijiotan aurkitzen den fenomenoa da, batez ere erlijioaren muina sineste eko-adiskidetsua denean. Adibidez, indiar jatorriko erlijioentzat (budismoa, hinduismoa, jainismoa eta sikhismoa) zenbait baso, zuhaitz, mendi eta ibai sakratutzat jotzen dituzte. Hinduismoaren ibai sakratuenen artean daude Ganges[15], Yamuna[16][17] eta Sarasvati (ikus zazpi ibai sakratuak).

Ibaiak munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko 3 ibai luzeenak hauek dira: Nilo (6.718 km), Amazonas (6.500 km) eta Yangzi (6.300 km). Hala ere, Amazonas da handiena, argi eta garbi, urtegi handiena (6.150.000 km ²) eta emari handiena (190.000 m3/s) dituena.

Europan, ibai handienak Volga (3.700 km) eta Danubio (3.019 km) dira.

Luzeenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ibaien zerrenda luzeraren arabera»
Amazonas ibaia, Iquitos (Peru)
Nilo ibaia, Aswan (Egipto)
Yangzi ibaia, Hiru Arroilak (Txina)

Hurrengo datuak batez besteko luzera balioetsiekin bat datoz. Ibai baten luzera iturburuaren eta ibai ahoaren araberakoa da. Neurketan alde handiak izaten dira maiz eta, horregatik, sailkapen honen eztabaidak sor daitezke.

Munduko hamar ibairik luzeenak hauexek dira:

  1. Nilo (6.690 km)
  2. Amazonas (6.400 km)
  3. Yangzi (Chang Jiang) (6.245 km)[18]
  4. Misisipi-Missouri (6.210 km)[18][19][20]
  5. Jenisei (5.550 km)
  6. Huang He (Ibai Horia) (5.464 km)
  7. Ob (5.410 km)
  8. Amur (4.410 km)
  9. Kongo (4.380 km)
  10. Lena (4.260 km)

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko ibaiak»
  • Ebro da Euskal Herritik igarotzen den ibai luzeena (910 km), Araba eta Nafarroako hego-mendebaleko mugetatik pasatzen da.
  • Aragoi ibaia da biderik luzeena egiten duena, 192 km-koa hain zuzen. Esako urtegian jaiotzen da eta Nafarroa zeharkatu ondoren Ebro ibaiarekin bat egiten du.
  • Euskal Herriko kostaldean ura isurtzen duten ibaietatik Aturri da luzeena eta ur emari handiena duena.

Nerbioi-Ibaizabal ibaia da Bizkaiko golkoan ura isurtzen duten ibaien artean ibilbiderik luzeena egiten duena (75 km-koa), guzti-guztia euskal lurraldeetan egina.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Ibai». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-09-29)
  2. Ibai hitza Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan, Euskaltzaindia.(kontsulta: 2021-10-01)
  3. «ur». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-10-01)
  4. «erribera». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-10-01)
  5. «uhaitz». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-10-01)
  6. «errio». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-10-01)
  7. Ibai Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-10-01)
  8. Ibaia Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-10-01)
  9. (Gaztelaniaz) J. Tarbuck, Edward. Aguas Superficiales - Valles fluviales - Valles Estrechos. Corrientes Superficiales de Agua, 16 or. (Noiz kontsultatua: 2021-06-19).
  10. (Gaztelaniaz) Los 10 ríos mas contaminados del mundo
  11. (Ingelesez) "National Museum of Prehistory-The Peinan Site-Settlements of the Prehistoric Times". nmp.gov.tw.
  12. (Ingelesez) "WWF – The World's Rivers". panda.org.
  13. (Ingelesez) Logging Camps: The Early Years. .
  14. NAFARROAKO ALMADIAZAINEN KULTUR ELKARTEA. .
  15. (Ingelesez) Alter, Stephen. (2001). Sacred Waters: A Pilgrimage Up the Ganges River to the Source of Hindu Culture. Houghton Mifflin Harcourt Trade & Reference Publishers ISBN 978-0-15-100585-7..
  16. (Ingelesez) Jain, Sharad K.. (2007). Hydrology and water resources of India—Volume 57 of Water science and technology library. Springer, 344–354 or. ISBN 978-1-4020-5179-1..
  17. (Ingelesez) Hoiberg, Dale. (2000). Students' Britannica India, Volumes 1-5. Popular Prakashan, 290–291 or. ISBN 0-85229-760-2..
  18. a b Yanzi eta Mississippi ibaien arteko sailkapena eztabaidagarria da oso, antzeko luzerak baitituzte
  19. (Frantsesez) P. Carrière, « Mississippi et Missouri » artikulua, Encyclopædia Universalis, 2002
  20. (Frantsesez) Roger Brunet (dir.), Géographie universelle : États-Unis, Canada, Paris, Hachette-Reclus, 1992, ISBN 978-2-01-014829-3, 186 or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: ibai .