Lagran

Koordenatuak: 42°37′32″N 2°35′04″W / 42.625555555556°N 2.5844444444444°W / 42.625555555556; -2.5844444444444
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lagran
 Araba, Euskal Herria
Erdiko kalearen eta errepidearen arteko bidegurutzea. Ezkerrean, iturria.

Lagrango armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaAraba
EskualdeaMendialdea
Izen ofiziala Lagran
AlkateaJose Maria Martinez Fernandez (EAJ)
Posta kodea01118
INE kodea01030
Herritarralagrandar
Kokapena
Koordenatuak42°37′32″N 2°35′04″W / 42.625555555556°N 2.5844444444444°W / 42.625555555556; -2.5844444444444
Map
Azalera45,6 km2
Garaiera766 metro
Distantzia35 km Gasteiza
Demografia
Biztanleria172 (2023)
−3 (2022)
alt_left 70 (%40,7) (%50,6) 87 alt_right
Dentsitatea4,01 biztanle/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
-% 10,99
Zahartze tasa[1]% 18,96
Ugalkortasun tasa[1]‰ 38,46
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 70 (2011)
Genero desoreka[1]% -11,36 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 5,53 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 10,94 (2010)
Kaleko erabilera [2] (2016)
Etxeko erabilera[3]% 2.44 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera dataXII. mendea


Lagran Arabako hegoaldeko udalerri bat da, Mendialdeako eskualdearen hego-ekialdean eta Toloñoko mendilerroaren oinean kokatua. Gasteiztik 35 bat kilometro hegoaldera dago.

Geografia

Inguru naturala

Ega eta Jugalez ibaiak udalerri honetan jaiotzen dira. Egak, ondoren, Nafarroarako bidea hartzen du; Jugalez, berriz, Pipaonetik Urizaharrerantz eta Zanbranarantz doa.

Lagran ohiko abiapuntua da Peña del Leon eta Peña del Castillo mendietara igotzeko, Toloñoko mendilerroaren oinean baitago. Pipaondik Errezilla, Cervera eta Palomaresera igotzen da.

Udalerri mugakideak

Historia

Erdi Aroan Araban sortutako 21 hiribilduetako bat da Lagran, baina ez da gorde hari Forua ematen dion agiririk. Hortaz, herriaren sorrera ez dago argia, lehen aipamena 1165. urtekoa bada ere. XV. mendearen bigarren erdialdearen inguruan Nafarroako Erresumatik igaro zen Gaztelako Erresumaren menpe egotera, eta 1515ean Uria izendatu zuten. Salinasko kondea eta geroago Hijarreko dukeak herriaren jabeak izan ziren garai hartan.

Demografia

Lagrango biztanleria

Banaketa administratiboa

Lagran udalerria hiru herrik osatzen dute gaur egun:

Ondasun nabarmenak

Lagran

Lagrango hirigune historikoaren oinplanoa.
Lagrango frontoia.

Lagrango hirigune historikoa, Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendatua[4]. Garai bateko harresiaren aztarnak daude gaur egun ikusgai, Portal de Cristo izeneko atean batez ere. Erdialdean, berriz, Andra Maria Jaiokundearen Parrokia eliza platereskoa (Iglesia Parroquial de Nuestra Señora de la Natividad) dugu, XVI. mendekoa. Hegoaldean Vianatarren jauregi barrokoa dago.

Lagran herriko etxeen lur-zatiketa gotikoko azken aldiko ohiturari jarraiki egina dago edo, hobeki esan, Pizkunde garaikoei jarraiki, izan ere, oraindik ere beren aurreko alde estua gordetzen duten etxeek bi fatxada dauzkate, bakoitza kale banatara emana. Bi kaleen artean dagoen sestra diferentzia dela eta, etxeek bi sarrera dauzkate, kale bakoitzean bat, eta etxebizitzarako sarrera nagusi edo zuzena maila goragoko kalean da. Baina hori ez da kasu guzti-guztietan gertatzen eta, gaur egun, badira etxe batzuk ondasunak zatitzearen ondorioz bi kaletara ematen ez dutenak.

Jatorriz txikiak ziren leihoak handituz joan dira etxe barruko argitasuna handitzeko helburuarekin.

Beheko solairuetan zeuden bao bakarrak, sarreretan izan ezik, zartadura bertikalak ziren, gezileiho izenekoak.

Aipatu beharreko ateen artean honako hauek daude: «Kristoren Atea» izeneko kaleko 22 zenbakikoa. Oso sarrera polita da, arku eskartzanoz egina, arkubarnera molduraduna duela. Gainean sarraila-ezkutu bat dauka elizaren inguruko irudiez apaindua, horrek erakusten du garai batean etxe hori apaizen batena izan zela edo, bestela, apaizetxe gisa erabilia izan zela. Atea bi aldiz babestua dago, teilatu hegalak babestua eta, era zabalagoan, sarrerak berak duen eta bi beso motzen gainean eusten den teilatutxoak babestua.

Beste bi ateak erdiko kalearen eskubi aldean daude, «De los cantones» kantoitik hurbil. Lehenengoa, 14 zenbakikoa, arku eskartzanoz egindako ate liraina da, arku barnera molduraduna duela, aurretik aipatutako horren antzekoa. Arkuaren erdiko dobelak sarraila-ezkutu bat dauka, bi giltza gurutzatuen irudia duena.

Bigarrena, 16 zenbakikoa, Pizkunde garaiko ate dintelduna da. Gotiko garaiko zantzuak ere badaude bertan, esate baterako, harri bloke gainean doan eta erliebe finean egina dagoen arku konopiala. Dintelaren gainean erlaitz bat dago, molduraduna, atearen edertasuna are gehiago indartzen duena.

Pipaon

Pipaonen, Usatxi Museo Etnografikoa dago, herriko XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako ohiturak eta bizimoduak erakusten dituena. Plaza nagusian dago eta sarrera doakoa da.

Jaiak eta ospakizunak

Lagran

  • Abuztuaren 24an ospatzen dira jaiak, San Bartolomeren omenez.
  • Zaldiaren Eguna: Irailaren bigarren igandean antolatzen dute, Arluzea, Markiz, Okina eta Done Bikendi Harana herriekin txandaka.

Pipaon

  • Irailaren 14an ospatzen dira jaiak Gurutzearen omenez, baita Villaverden ere.
  • Jardunaldi etnografikoa: Abuztuaren azken larunbatean bizilagunek XX. mende hasierako bizimodua eta ohiturak erakusten dituzte. Garai horretako jantziak jarri, uzta moztu eta jo, harraskan arropa garbitu, ikatza egiteko ikaztegiak, ogia eta hestebeteak egin, kalamuzko zapatilak egin, koltxoiaren artilea hagaz jo eta abar.
  • Egunsentiko kantuak: Urte berri egunean, Erregeen egunean, San Isidrorenean, Andre Mariaren Sortzez Garbiarenean eta Eguberri-egunean antolatzen dituzte batez ere.

Lagrandar ezagunak

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lagran
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa