Erriberako zubia
Erriberako zubia | |
---|---|
Kokapena | |
Koordenatuak | 43°15′22″N 2°55′33″W / 43.25623°N 2.92584°W |
Historia | |
Irekiera | 1939 |
Deskribapena |
Erriberako zubia Bilboko itsasadarra (Bizkaia) zeharkatzen duen oinezkoentzako zubia edo pasabidea da, San Frantzisko eta Zazpikaleak lotzen dituena, eta mendeetan zehar San Frantziskoko zubia bezala ezagutua izan dena. Erriberako Merkatua ondoan du.
Egungo zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egungo Erriberako oinezkoentzako zubia 1938an eraiki zen, Bilboko Defentsa Batzordeak, Jesus Mari Leizaolak zuzentzen zuena, Burdinazko Zubia zeritzona eta Bilboko gainerako zubiak eraitsi ondoren. 1. Euskal Dibisioak egin zituen leherketak, Joseph Putzen agindupean, 1937ko ekainaren 18tik 19ra bitarteko goizaldean, Bilbo erori baino ordu batzuk lehenago.[1]
Fernando Arzadun arkitektoak (Bermeo, 1893-1951) eraiki zuen, Martzana kaia eta Erribera kalea lotzen dituen arku parabolikoko zubi batekin. Arku horren giltzarritik zati zuzen bat ateratzen da, Mirasol Kondearen eta Aretxaga kaleen trazadurarekin lotzen dena, Martzana kaleko goiko espazio publiko txikian zehar. Bi habeko oinarri bat du, hiru errotulaz artikulatua. Errotulu horiek ertz aldakorreko taulan inskribatuta daude, eta arkitektoaren estiloaren ezaugarriak dituzten barandak dituzte. Zubia eraiki zenetik aldaketarik izan ez bada ere, nabarmen dira zubiaren egiturari atxiki zaizkion bistako hodiak.[2]
Ortiz de Zarate Koronelaren Zubia izen frankista demokraziaren garaira arte mantendu zen, 1980an egungo Erriberako Zubia izena eman zitzaionean.[3][4]
Izenaren jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Frantzisko komentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zubiaren egungo izenak alde zaharreko izen bereko erribera eta kalea erreferentzia gisa baditu ere, mendeetan zehar San Frantzisko zubia bezala ezagutua izan zen. Auzoari eta zubiari izena eman zien komentua inguruko eraikin erlijioso garrantzitsuenetako bat izan zen Erdi Aroaren amaieran. Gaur egungo Mariaren Bihotzaren plazan zegoen, Abandoko elizateko lurretan, eta 1856an eraitsi zuten. Kapera nagusiko lanak 1501ean martxan zeuden, eta 1539tik aurrera Karlos V.a enperadorearen armarria erakusteko pribilegioa izan zuen; beraz, San Frantziskoren Komentu Inperiala ere deitu zioten. Bere historia luzean zehar hainbat alditan utzarazi eta berriro okupatu zuten, hala nola Jose I Bonapartek 1809an erlijio-ordenak ezabatu zituenean edo 1834an kausa karlistaren alde egiteagatik. 2006 eta 2010 urteen artean egindako indusketek klaustroaren zati bat berreskuratzea ahalbidetu zuten.[5]
Aurrekari historikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Frantziskoko zubia izan da, alde handiz, Bilboko zubien artean gora-behera gehien izan dituena, eta historian zehar aldaera gehien izan dituena ere.
Amaitu gabeko zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1506an frantziskotarrak Bilborekin zuzenean komunikatuko zituen zubi bat eraikitzen saiatu ziren, hiriko agintarien oposizioa izan zuena. Valladolideko Real Chancilleria-ren aldeko epaia ere lortu zuten, baina mendearen erdialderako eskuineko estribua baino ez zuten eraiki, uholde baten ondoren eraitsi behar izan zutena.[6]
Harrizko zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1732an, harrizko zubi bat eraikitzeko baimena eskatu zuten berriro, 1735ean amaitu zena. Bi urteren ondoren, 1737ko azaroaren 1ean, zubia erori egin zen uholde baten ondorioz. Guiarden arabera, bi arku handi zituen, baina Gabriel Baldwinen 1739ko plano batek,[7]hura existitzen ez zenean, arku handi bat eta beste bat askoz txikiagoa agertzen zituen.[6]
Zurezko zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1790eko azaroaren 22an, udalak zubi bat eraikitzeko baimena eskatu zuen, Abandoko Domingo Ignacio de Ugartek proposatutakoaren arabera. Zurezko zubi baten proiektua zen, arku handi bat zuena eta aurrekoaren leku berean eraikiko zena. Lehen diseinua Juan Bautista Orueta eta Juan Zabala perituek egin bazuten ere, San Fernando Akademiak Alejo Miranda arkitekto bergararrak egitea erabaki zuen. Emaitza arku bakarreko zubi bat izan zen, garaiera handikoa, aurreko zubiko harrizko estribua erabiliz eta haritzezko egurra, Arrikoetxea baserriko harrobiko kareharria, meatze-hondarra, burdina malgu eta trinkoa eta hareharrizko mailak erabiliz. Proiektua 1793ko urtarrilean onartu zen eta urte horren amaieran amaitu zen. 20 urte geroago, 1813ko urtarrilaren 5etik 6rako gauean, Frantziako tropek su eman zioten.[6]
Katedun zubi esekia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1825eko otsailaren 25ean udal batzorde bat eratu zen Bilborako bigarren zubi baten diseinua aztertzeko. Ordura arte, suntsitutako San Frantziskoko zubiaren ordez, Santa Maria kalearen eta Naxa kaiaren artean jarritako txalupa-zubiak jarri ziren. 1826ko urtarrilean, 1825eko abenduko Errege Aginduaren berri eman zitzaion Udalari, eta Errege Agindu horren bidez, katedun zubi eseki bat eraikitzeko baimena eman zen. 1826ko otsailean, Bermeoko Antonio Goikoetxea arkitektoa izendatu zuten ofizialki obra-zuzendari, eta, azkenik, 1827ko ekainaren 30ean hartu zuen udalak zubiaren jabetza.[6]
Alanbrezko kableen zubi esekia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1840 eta 1850 artean zubiaren narriadurari buruzko txostenak, ordezkapen-proiektuak eta konponketak egin ziren, harik eta 1855. urtean udalak Uhagon ingeniariak Goikoetxearen ekarpenekin proiektatutako eta Juan Bautista Hormaetxea arkitektoak egindako obra bat egitea erabaki zuen arte. Obrak 1855eko urrian amaitu ziren. Kateen ordez, alanbrezko kableak jarri ziren, estribuen artean 59,30 m-ko bi parabola-erdi osatuz. Estribuek 3,10 m-ko zabalerako taulari eusten zioten, pendulu bertikalen bidez. Ondoren, zubiari Antonio Goikoetxeak diseinatutako harmaila bat gehitu zitzaion Abandoko aldean.[6]
Burdinazko zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1874ko maiatzaren 2an, karlisten setioa amaitzean, San Anton da Bilbori geratzen zaion zubi erabilgarri bakarra. Otsailaren 23an egindako bonbardaketa batek San Frantziskoko zubia suntsitu zuen kableetako batean asmatzean. Modu prekarioan funtzionatzen jarraitu zuen 1880ra arte, orduan itxi eta, aldi berean, burdinazko zubi zurrun batekin ordezkatzea erabaki zen, eta ordura arte Pablo Altzola Bilboko alkate izan zenari enkargatu zitzaion proiektua. Zubia 1881ean inauguratu zen.[6]
Egileak, gazteleraz, pasadera deitzen zion, pasarela hitzaren aurka, azken hori galizismo desegokitzat jotzen zuelako. Beste terminoa, berriz, "kastizoa" zen, eta hobeto definitzen zuen, berarentzat, ur-korronteak oinez zeharkatzeko pasabidea. Ibilgailuentzako zubi bat egitea eskatzen zuen arrazoi objektiborik ez zegoela iritzi zion, eta aurrekoa zegoen leku berean eraiki zuen. Eskuineko aldearen kokapena 3,8m-tan baino ez zen zuzendu itsasadarraren kanalizazio berriagatik. Diseinuan, burdina forjatuzko karelak zituen arku metaliko bakarra aukeratu zen.[8]
Bitxikeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1827 eta 1874. urteen arteko zubi esekia (Bigarren Karlistaldian desagertu zena) hain eragin eta ospe handia izan zuen, non orduan konposatu ziren abestiek gaur arte iraun duten. Horien artean ospetsuena:[9]
« | No hay en el mundo puente colgante más elegante que el de Bilbao porque lo han hecho los bilbainitos que son muy finos y muy salaos. |
» |
Munduan ez da zubi exeki dotoreagorik Bilboko baino oso finak eta piper eta gatz diren bilbotarrek egin baizuten. |
Askoen ustez, abestia Portugaleteko zubi esekiari ( Bizkaia zubia) buruzkoa izan zen, baina jatorrizko abestia azken hau 1893an zabaldu baino lehenagokoa da. Hori alboko irudia ikusita egiazta dezakegu, non agertzen zaigun Semanario Pintoresco Español astekarian 1853.eko martxoan argitaratutako abestiaren bertsio bat.[10]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Bilbaopedia - Reconstrucción de los puentes de Bilbao» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) Mas Serra, Elías. (2004). «La pasarela peatonal de la Ribera» Periodico Bilbao (Bilbo: Bilboko Udala): 8..
- ↑ «Bilbaopedia - Puente coronel Ortiz de Zárate» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
- ↑ Bilboko Udalaren webgunea: Kaleizenak
- ↑ «Bilbaopedia - Convento de San Francisco» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Salazar Arechalde, José Ignacio. (2003). La ría de Bilbao en el siglo XIX. Tendiendo puentes, abriendo caminos.. Bilbo: Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala Colegio Oficial de Aparejadores y Arquitectos Tecnicos de Bizkaia Bilbao,, 32-44,67-71,98-99 or. ISBN 84-922167-1-9..
- ↑ Mas Serra, Elías. (2015-06-11). Los planos de Bilbao. El plano de Gabriel Baudwin / Elías Mas Serra.. (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) de Alzola Minondo, Pablo. (1986). Puente de hierro para la ría de Bilbao de D. Pablo de Alzola. faksimile-edizioa. Bilbo: Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala Colegio Oficial de Aparejadores y Arquitectos Tecnicos de Bizkaia, 33-34,39-40,58,65 or. ISBN 84-600-4578-1..
- ↑ (Gaztelaniaz) Montero, Manuel. El progreso de Bilbao. Los lugares y las fiestas. Crónica de Bilbao y Vizcaya.. Donostia: Txertoa ISBN 84-7148-329-7..
- ↑ (Gaztelaniaz) Semanario pintoresco español (Madril) 10: 2..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bilbo |