Euskararen ahaideak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskarari beste inongo hizkuntza-familiarekin ahaidetasunik aurkitu ez zaionez, era guztietako hipotesiak garatu dira hizkuntza honen jatorria argitu nahian. Hipotesi batzuk erabat fantasiosoak dira. Esaterako, euskara lotu izan da Italiako etruskoekin, Eskoziako piktoekin eta sumerierarekin. Egiptoko hieroglifikoak euskararen bitartez deskodetu ahal direla uste du Antonio Arnaizek.[1]

Lotura serioagoak ere egin izan dira, eta ez dira gutxi horien atzean izan diren hizkuntzalariak. Garrantzitsuenak izan dira euskara iberierarekin, berberearekin eta Kaukasoko hizkuntzekin lotu duten hipotesiak. Euskararen hizkuntzalaritza historikoaren jakintzak aurrera egin ahala, ordea, hipotesi horiek guztiak oinarririk gabe geratu dira, eta ez da euskararen jatorriari edo ahaidetasunari buruzko inolako teoriarik frogatu ahal izan.

Euskoiberismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «euskoiberismo»

Iberiera iberoen hizkuntza zen, herri indoeuroparren inbasioen aurretik Penintsulan zegoena (Mediterraneo aldean hitz egiten zen) eta erromatarrek latina ezarri zuten arte iraun zuena.

Hizkuntzalari batzuek, erraturik, hitzen eta fonetikan zeuden antzekotasunekin oinarrituta, iberiera eta euskara hizkuntza bera zela pentsatu zuten. Alabaina, euskoiberismo deritzon hipotesi hau ezin izan da frogatu. Nahiz eta iberieraren tipologia (atzizki bidezko gramatika...) euskararen antzekoak izan, kontuan izan behar dugu euskara erabiliz ez dela lortu iberierazko inskripzioak itzultzea. Eta itzuli den apurrak euskara eta iberiera erabat hizkuntza desberdinak direla erakutsi du.

Iberiar eta euskal hitzen artean badira antzekotasunak, baina horien arrazoia ez datza jatorri komunean, baizik eta, kasualitatea ez denean (ez baitakigu iberierazko hitzek zer esan nahi duten) euskarak eta iberierak —auzo hizkuntzak bide zirenez— beren artean trukaturiko hitzetan.

Berberearekiko ahaidetasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzalari batzuek aldeztu dute euskara Ipar Afrikako hizkuntzetatik datorrela eta hain zuzen ere berberetik. Teoria bat, orain dela urte asko bertan behera utzi zena, sintaktiko eta morfologikoki guztiz ezberdinak izanik; bi hizkuntzen arteko ustezko erlazioak hitz bakarren batzuen antzeko itxuran bakarrik oinarritzen baitira. Hala ere, aditza jokatzeko moduaren aldetik, bai euskaraz eta baita berberez ere, zenbait adizkiren erabilera antzekoa ikus dezakegu. (ezaugarri gramatikalak).

Kaukasoko hizkuntzekiko ahaidetasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzalari batzuek diotenaren arabera, euskara Kaukasiako kartveliar hizkuntzekin erlazionaturik dago. Tipologia aldetik mota berekoak dira. Batez ere, Georgierarekin, batik bat gramatika aldetik eta deklinabide sistemagatik. Morfologia, fonetika eta lexiko antzekotasunak dituzte: kasu ergatiboaren presentzia, euskal aditz zaharraren egitura pasiboa, hitz erro zaharrak, zenbaki izenak eta horretariko beste argudio batzuk erabili dira hipotesi horren alde. Horri gehitu behar diogu alde hartako mendietako toponimoak. Georgian, Gorbeya; Armenian, Aralat eta Gora.

Kaukaso zonalde horretan 50 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira eta gehienak ez dira indoeuroparrak. K.a. II milurtekoan Kaukasotik etorriak izango lirateke euskaldunak, indoeuroparrak Europan hedatu aurretik [1].

Hizkuntza bakoitzak dituen milaka hitzen artean bakar batzuk antzekoak izatea aski da hizkuntzalaritzaz askorik ez dakienak nolabaiteko ahaidetasuna ikusteko. Adituek aztertuta, euskara eta Kaukasoko hizkuntzak erlazionatzen dituzten teoriak oinarririk gabekoak dira, azalekoak dira antzekotasunak.

Euskal Herrian bertan sortzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria honen aldezkari izan dira, besteak beste, Jose Migel Barandiaran eta Koldo Mitxelena. Haien ustez, euskal etnia ez dator inondik (on Jose Migelek esaten zuenez, «Gu ez gara inongo»); aitzitik, berton eratu da, berton sortu zen duela 5000 urte gutxienez, Cro-Magnon gizakitik «gaurko» euskal gizakia bilakatuz, mendez mende.

Euskararen antzinatasuna adierazi dezaketen hainbat hitz eta izen aurki genitzake Horien artean, neolitikoan sorburua duten lanabes batzuen izenak ditugu: aizkora, aitzurra, aiztoa…

Indoeuroparrak: gaurko Europan, euskara bakartua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara eta indoeuropar hizkuntzak

Indoeuropar jendea Errusia hegoaldeko estepetan bizi omen zen duela 6000 urte. Handik zabaltzen hasi zen Europa eta India aldera, eta gaur egun indoeuropar hizkuntzak dira Europan gehien hitz egiten direnak. Euskara da salbuespen ia bakarra.

Indoeuropar tribuak K.a. 6000. urte aldera Errusia hegoaldeko estepetan bizi omen ziren. Garai hartan, beraz, Europako gainerako eskualdeetan ez indoeuroparrak ziren hizkuntzak mintzo ziren. Horietako bat euskara bide zen. Emeki-emeki jatorrizko gunetik hedatzen hasi ziren iparraldera, mendebaldera eta ekialdera, eta Europako hizkuntza paisaia erabat aldatu zen. Gaur egun, euskara da mendebaldeko Europako jatorrizko hizkuntzetatik bizirik dirauen bakarra.

Indoeuroparren zabalkuntzaz geroztik, euskara izan ezik, lehenagotik Europan mintzo ziren hizkuntza guztiak desagertu ziren. Horregatik da hain zaila euskara beste hizkuntzaren batekin lotzea.

Munduan 17 hizkuntza familia besterik ez dago. Familia horietako bat euskarak berak bakarrik osatzen du, ez baitzaio munduan ahaiderik ezagutzen.

Hamazazpi familia horietatik, egungo Europan hiru ditugu:

  1. Indoeuroparra
  2. Uralo-altaikoa
  3. Euskara

Lehenengo biek, mendeak joan, mendeak etorri, zenbait adar eman dituzte eta adar horietatik hizkuntza batzuk bereizi dira. Koadroetan aipatutako Europako hizkuntza bizi batzuk besterik ez dira. Hizkuntza eta dialekto guztiak barne hartzen baditugu, gure kontinentean ia 500 dira mintzairak, guztira; den-denak (gurea izan ezik) familia handi bietakoak, hau da, indoeuroparrak eta uralo-altaikoak.

Indoeuropar hizkuntzen familia, Europan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indoeuropar familia
Adarrak Germaniar hizkuntza Hizkuntza erromanikoak Eslaviar hizkuntzak Hizkuntza baltikoak Zelta hizkuntzak Greziera
Hizkuntzak alemana, daniera, ingelesa, suediera portugesa, katalana, galegoa, okzitaniera, gaztelania, frantsesa poloniera, txekiera, errusiera, bulgariera lituaniera, letoniera galesera, irlandera, bretoiera, eskoziera greziera

Hizkuntza uraliko-altaikoen familia, Europan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia uralo-altaikoa
Adarrak Uralikoa edo finougrikoa Hizkuntza altaikoa
Hizkuntzak laponiera, hungariera, suomiera, estoniera turkiera

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal familia
Adarrak Euskara
Hizkuntzak euskara

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Imanol Ugarte Murua, Itziar Agirre Iturrioz, Eli Agirre Narbaiza eta beste: Euskal hizkuntza eta literatura (2. maila), Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1999. 200-202. orrialdeak.
  • Euskararen historia. Getxoko Aixerrota BHI institutuko Euskara Sailak atonduriko apunte sorta, online eskuragarri[Betiko hautsitako esteka]. 5-7. orrialdeak.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskara