Iosif Stalin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Josif Stalin» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Iosif Stalin
JStalin Secretary general CCCP 1942.jpg
Sobietar Batasuneko Defentsa ministro

1941eko uztailak 19 - 1946ko otsailak 25
Semion Timoxenko - Nikolai Bulganin
Sobietar Batasuneko lehen ministro

1941eko maiatzak 6 - 1953ko martxoak 5
Viatxeslav Molotov - Georgi Malenkov
Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako idazkari nagusi

1922ko apirilak 3 - 1952ko urriak 16
Viatxeslav Molotov - Nikita Khrustxev
1918ko Errusiako Batzar Konstituziogileko diputatu


SESBeko Sobiet Goreneko kide


Q42530449

Bizitza
Izen osoa იოსებ ბესარიონის ძე ჯუღაშვილი
Jaiotza Gori1878ko abenduaren 6a
Herrialdea  Errusiar Inperioa  (1878 -  1917)
 Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa  (1917 -  1922)
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna  (1922 -  1953)
Bizilekua Narym
Turukhansk
Solvychegodsk
Novaya Uda, Irkutsk Oblast
San Petersburgo
Baku
Talde etnikoa Georgiarra
Osetiarra
Lehen hizkuntza georgiera
Heriotza Kuntsevo Dacha1953ko martxoaren 5a (73 urte)
Hobiratze lekua Kremlin Wall Necropolis
Leninen mausoleoa
Heriotza modua berezko heriotza garuneko odoljarioa
Familia
Aita Besarion Jughashvili
Ama Ketevan Geladze
Ezkontidea(k) Ekaterina Svanidze  (1906ko uztailak 16 -  1907ko abenduak 18)
Nadezhda Alliluyeva  (1918 -  1932ko azaroak 9)
Seme-alabak
Familia
Hezkuntza
Heziketa Q4144156
(1888 - ekaina 1894)
Tbilisi Theological Seminary
(iraila 1894 - 1899ko maiatzak 29)
Hizkuntzak errusiera
georgiera
Jarduerak
Jarduerak politikaria, idazlea, iraultzailea eta soldadua
Altuera 1,68 metro
Lantokia(k) San Petersburgo eta Mosku
Enplegatzailea(k) Tbilisi Observatory  (abendua 1899 -  1901eko martxoak 21)
Brdzola  (iraila 1901 -
Pravda  (1912 -  1913)
Jasotako sariak
Nominazioak
Influentziak Karl Marx eta Vladimir Lenin
Kidetza Sobietar Batasuneko Zientzien Akademia
Politburo of the Central Committee of the Communist Party of the Soviet Union
Council of Ministers of the USSR
Sobieten Komite Exekutibo Zentrala
Council of People's Commissars
Revolutionary Military Council
Revolutionary Military Council
Orgburo
Mugimendua marxismo-leninismoa
Izengoitia(k) Сталин
Gradua Generalissimus of the Soviet Union
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa ateismoa
Alderdi politikoa Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista
Mesame Dasi
Russian Social Democratic Labour Party
Russian Social Democratic Labour Party (bolshevik)
IMDb nm0821672
Joseph Stalin Signature.svg

Iosif Visarionovitx Jugaxvili[1] (errusieraz: Иосиф Виссарионович Джугашвили; Gori, Errusiar Inperioa, gaur egun Georgia, 1878ko abenduaren 18a - Mosku, 1953ko martxoaren 5a), ezagunagoa Iosif Stalin (errusieraz: Иосиф Сталин) goitizenaz, sobietar estatu-politikaria izan zen, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako idazkari nagusia 1922-1952 bitartean, eta Ministro Kontseiluko burua 1941etik 1953 arte. Agintaldi luze horretan, diktadura personala ezarri zuen. Historialariek milioika lagunen heriotzen erantzule jotzen dute.[2][3] Estalinismoa da haren doktrina politikoa.

Familia behartsua zuen, eta amak Tbilisira bidali zuen 1895ean, apaiz ikasketak egin zitzan. Hark, ordea, ikasketak alde batera utzi zituen, eta talde sozialistetan militatzen hasi zen. 1902an atxilotu zuten lehen aldiz, eta Siberiara bidali zuten. Siberiatik ihes egin eta Georgiara itzuli zenean, boltxebikeekin bat egin zuen. 1905ean ezagutu zuen Lenin. Stalinek ez zuen erbestera jo, eta 1917ko Iraultzara arte hainbat aldiz atxilotu zuten. Iraultzaren ondoren haren eragina handitu zen boltxebikeen artean.[4]

1922an Alderdi Komunistako idazkari nagusi izendatu zuten, eta postu hori baliatu zuen boterera heltzeko. 1929tik aitzinera, boterea egonkortu eta alderdi barreneko arerio guztiak espetxeratu edo hilarazi zituen. Haren agintaldian, industrializazio prozesua gauzaturik eta Bigarren Mundu Gerran Alemania Nazia garaiturik, Sobietar Batasuna munduko potentzia gisa egonkortu zen.[4] Baina, aldi berean, oso erregimen itxi eta totalitarioa eratu zuen. Bere figuraren gurtzea bultzatu zuen, eta neurri errepresibo gogorrak jarri zituen martxan. Milioika lagunek pairatu zuten haren errepresioa, eta haietako asko Siberiara bidali zituzten, gulagetara eta lan behartuetan aritzera. 1953an hil zenean, desestalinizatze prozesuari ekin zion Sobiet Batasunak, Nikita Khrustxeven eskutik.[5]

Ezizenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezbairik gabe, Stalin izan zen haren ezizenik ospetsuena, hots, “Altzairuz Egina” edota “Altzairuzko Gizona” (stal hitzak errusieraz “altzairu” esan nahi du, Vladimir Leninek berak erabilitako -in atzizkia gehituta). 1912an hasi zen Stalin deituratzat erabiltzen, boltxebikeek Tammerforsen (Finlandia) egindako biltzarraren ondoren, eta 1917. urteaz geroztik ezizen horrekin izan zen ezaguna. Hala ere, haren hurbilekoek Soso ere deitzen zioten, gaztaroan bere olerkiak sinatzeko erabili ohi zuen Soselo izenaren laburdura (errusierazko Iosif izenaren georgierazko parekidea da). Bere buruari Koba ezizenez ere deitzen zion, izen hori baitzuen georgiar herri-heroi batek. Beste ezizen ezezagunago batzuk ere erabili zituen: David, Morti, Nijeradze, Txizhikov eta Ivanovitx.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stalin 1902an

Iosif Stalin Georgiako Gori hirian jaio zen; aita, Vissarion Jugaxvili, osetiarra zen eta ama, Ketevan Geladze, georgiarra. 15 urte zituela, Tbilisiko apaizgaitegi ortodoxoan sartu zen. Ideia marxistak eta iraultzaileak ezagutu zituen bertan, eta ELASD (Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata) alderdian sartu zen 1898an. Handik urtebetera, apaizgaitegitik bota zuten propaganda marxista egiteagatik. Bulego batean aldi labur batez lan egin ondoren, Tbilisiko alderdi sozialdemokrataren batzarreko kide egin zen eta politikari emana bizi izan zen handik aurrera. 1903ko azaroan, Siberiara bidali zuten, baina 1904 hasieran ihes egitea lortu zuen.[6]

Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata bitan zatitu zenean, Lenin buru zuten boltxebikeekin bat egin zuen. 1905eko Iraultzan parte hartu zuen; urte hartan bertan Finlandian egin zen alderdiaren biltzarran parte hartu zuen eta Lenin ezagutu zuen han. 1907an, Bakun bizi zelarik, hainbat greba bultzatu zituen eta kartzelara sartu eta erbestera bidali zuten behin baino gehiagotan. 1912an boltxebikeak alderdi sozialdemokratatik bereizi ziren, eta Stalin alderdi berriko batzar zentraleko kide hautatua izan zen. Halaber, Pravda-ren lehen alea argitaratu zuen. 1913ko urtarrilean, Vienan zen bitartean, bere garaian garrantzi handia izan zuen liburu famatu bat idatzi zuen: Natsionalni vopros i marksizm (1914, “Nazio arazoa eta marxismoa”). Garai hartan hartu zuen Stalin (errusieraz: “Altzairuzko Gizona”) ezizena. 1913ko otsailean San Petersburgora itzulirik, atxilo hartu eta Siberiara bidali zuten erbesteraturik 1917 arte.

Stalin (erdian) 1919an, Alderdi Komunistaren VIII. kongresuan

1917ko Iraultzan Stalin Petrogradora (San Petersburgora) joan zen eta buruzagi nagusietako bat izan zen. Pravda egunkariko zuzendari, alderdiko politburo edo zuzendaritzako kide eta nazionalitateen komisario izan zen. Gerra Zibilean (1918-1922) Nazioko Defentsa Kontseiluko kide eta komisario politiko izan zen. 1921ean, Leon Trotski aurka izan bazuen ere, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako idazkari nagusi izendatu zuten; horri esker, alderdiaren aparatu guztia eta administrazioa kontrolatu zituen. Garai hartan, SESBen ziharduten talde erlijiosoen aurkako erasoak ere izan ziren.

Lenin 1924an hil zen, eta hutsik utzi zuen alderdi komunistaren lidergoa. Borroka gogorra hasi zen orduan Trotski eta Stalinen artean, Batzorde Zentralaren ardura bere gain hartzeko. Funtsean, Trotskik zuen Leninen babesa, eta sistema ez horren zurrun baten aldekoa zen, non korronte politiko ezberdinen ahotsa entzun ahal izango zen. Stalin ez bezala, komunismoa nazioarte osora zabaltzearen aldekoa zen Trotski. Stalinek, berriz, Sobietar Batasunean finkatu nahi zuen iraultza, eta nazioarteko sare komunista horren interesen alde jarri. Ezustean Stalinek hartu zuen alderdi komunistaren ardura, Grigori Zinoviev eta Lev Kamenevekin batera. Hain justu ere, Troika izeneko aginte kolegiatua osatu zuten hirurek.[5] Hasieran, Zinovievekin eta Kamenevekin batera gobernatu zuen, baina handik urte batzuetara alderdiko zuzendaritzatik (politburotik) egotzi zituen traba egiten zioten aurkariak. Trotski 1925ean bota zuen SBAKetik, eta 1927an deserriratu zuten. Ordutik, handituz joan zen haren aurkako jazarpena, eta herrialde ezberdinetan ibili ostean (Turkian eta Norvegian, besteak beste) Mexikora erbesteratu zen. Han Ramon Mercader komunista katalanak hil zuen, Stalinen aginduz, 1940. urtean.[5]

Stalinen ideien arabera, sozialismoa herrialde batean gauzatu eta indartu behar zen aurrena eta handik beste herrietara zabaltzen ahalegindu gero. Hala, bere eginahal nagusia Sobietar Batasunean ekonomia egitura sendoak sortzea izan zen, estatua beste inoren mende egon beharrik gabe, burujabe izan zedin. Zentralismo burokratikoa jarri zuen indarrean, non milaka lagun bihurtu zituen elite sumiso bat bere irizpideekiko.[5] Nekazaritzaren kolektibizazioa ezarri zuen eta lurjabe txikien aurka gogor jokatu zuen. Horrekin batera, makina berriak sartu zituen; hala, nekazari askok hirietara jo behar izan zuen industrian lan egitera. Izan ere, industria egitura sendo bat sortzeari eman baitzion lehentasuna Stalinek. Horretarako, Bost Urteko Planak egituratu zituen, Sobietar Batasuna ahalik eta lasterren industrializatzeko. Lehen Bost Urteko Planaren (1928-1933) ondorio gisa, honakoa adierazi zuen:

UEU logoa.png Wikiiturrietan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Iosif Stalin-en hitzaldia
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009
« Sobietar Batasuna, defentsa ikuspegitik, gaizki prestatutako estatu ahula izatetik indartsua izatera pasatu da. Prest gaude edozein gertakizunetarako; gai gara defentsarako beharrezkoak diren bitarteko moderno guztiak masan sortzeko, eta baita armada behar bezala hornitzeko ere, kanpoko erasoei aurre egiteko. »

[7]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

Kolektibizazioaren funtsa lurraren jabetza komuna zen, kolkhozetan antolatua. Horren aurka zeuden milaka kulak Siberiara deportatuak izan ziren. Prozesua ez zen ondo egin eta, hasierako urteetan produkzioa jaitsi egin zenez, gosetea ekarri zien sobietarrei. Ukrainan, esate baterako, 7-8 milioi lagun hil zituen 1932-1934 bitarteko goseteak, nekazariak gehienak.[8]

1930ean, Stalinen esku gelditu zen estatuko aginpide guztia, kolektibizazioaren kontra zeuden Nikolai Bukharin, Aleksei Rikov eta beste aurkariak baztertu egin baitzituen. Errusiako jaun eta jabe bihurturik, bere aginpidea indartu zuen, aurkariak eta etsaiak ankerki zapalduz; hala, Sergei Kirov bere laguntzailea hil zutela aitzakia harturik, Purga Handiari ekin zion, eta bere laguntzaile izandako asko eta asko, Bukharin, Rikov, Zinoviev eta Kamenev besteak beste, hiltzera kondenatu zituen.

1939an, Alemania Naziren indarraz kezkaturik eta gerra Sobietar Batasunera bidera ez zedin, elkarri ez erasotzeko hitzarmen bat sinatu zuen Hitlerrekin (Molotov-Ribbentrop Ituna). Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Stalinek Poloniako ekialdea, Herrialde Baltikoak eta Finlandiako eta Errumaniako hainbat lurralde konkistatu zituen indarrez. 1941eko ekainean, Sobietar Batasunaren inbasioari ekin zion Alemaniak. Uda aprobetxatu nahi zuen herrialde komunista bere gain hartzeko eta Kiev, Leningrado eta Mosku inguratzea lortu zuten tropa alemanek erasoa hasi eta aste gutxira. Armada Gorriak Ural mendilerroaren ekialdera jo zuen, neguari itxarotera. Gerraz baliaturik, Stalinen aginpidea areagotu egin zen; hala, ahalmen guztiak bereganatu zituen: Herri Komisarioen kontseiluko eta gudarosteko buru egin zen. Sobietarren kontraerasoak Berlingo ateetaraino eraman zuen Armada Gorria, eta 1945eko maiatzean Hitlerrek amore eman behar izan zuen. Sobiet Batasunak milioika biktima izan zituen gatazka militar handian.[5]

Alemaniarrek atzera egin zutenean, Ekialdeko Europako herrialde asko Sobietar Batasunaren mende geratu ziren, eta izenaz burujabe baziren ere, ekialdeko estatu gehienak Stalinen politikaren morroi izan ziren handik aurrera. Bere bizitzaren azken urteetan, Gerra Hotza piztu zen demokrazia liberalen eta Sobietar Batasunaren artean; garai hartan diziplina zorrotza ezarri zuen Sobietar Batasun barruan eta baita kanpoan ere; barruan, ideologia zentsura ezarri eta askatasunak ezabatu eta bere irudia oso goraipatua izan zen, eta kanpoan, berriz, bere politikara makurrarazi zituen beste herrialdeetako alderdi komunistak eta bere eraginpean zeuden estatuak. Hil zenean Leninen mausoleoan hilobiratu zuten.

1956an, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XX. kongresuak, Nikita Khrustxeven txostenean oinarri hartuta, Stalinen tirania eta bere garaiko gertakizunen kontaera aldatu izana salatu zituen, eta marxismo-leninismoa, berriz ere, komunismoaren oinarri izan zedin eskatu zuen. Horrezaz gainera, hirien izenak aldatu (Stalingrado ordez Volvogrado) eta Stalinen irudiak eraitsi ziren. 1961ean, alderdiaren XXII. kongresuak Leninen mausoleotik ateratzea erabaki zuen; Kremlingo harresian hilobiratu zuten azkenik, Sobietar Batasuneko beste gizon handien ondoan.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia: 156. araua: Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema.
  2.   Martínez Rueda, Fernando; Urquijo Goitia, Mikel, Materiales para la historia del mundo actual, Ediciones Istmo, books.google.es, https://books.google.es/books?id=WqHkQgZ7TNQC&printsec=frontcover#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2018-3-27 .
  3.   Werth, Nicolas, Les crimes de masse sous Staline (1930-1953), sciencespo.fr, https://www.sciencespo.fr/mass-violence-war-massacre-resistance/fr/document/les-crimes-de-masse-sous-staline-1930-1953#title4. Noiz kontsultatua: 2018-3-27 .
  4. a b   Rodriguez, Mikel, SESBen altzairuzko agintaria, Berria egunkaria, berria.eus, CC BY-SA 4.0 lizentzia, https://www.berria.eus/paperekoa/2042/004/003/2017-11-05/sesben_altzairuzko_agintaria.htm. Noiz kontsultatua: 2018-3-26 .
  5. a b c d e   Petxarroman, Inaki, Utopia bat, errealitateak zapuztua, Berria egunkaria, berria.eus, CC BY-SA 4.0 lizentzia, https://www.berria.eus/paperekoa/1913/008/001/2017-11-05/utopia_bat_errealitateak_zapuztua.htm. Noiz kontsultatua: 2018-3-26 .
  6.   Rappaport, Helen, Joseph Stalin: A Biographical Companion, ABC-CLIO, books.google.es, https://books.google.es/books?id=lsKClpnX8qwC&printsec=frontcover#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2018-3-23 .
  7.   Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel (2011), Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009, Udako Euskal Unibertsitatea, ISBN 9788484383345, http://www.buruxkak.eus/liburua/gaur-egungo-munduaren-historia-1945-2009/1915 .
  8.   Sokarros, Allande, ‘Holodomor’, infernu ahaztezina, Berria egunkaria, datu-basea15.wikispaces.com, https://datu-basea15.wikispaces.com/file/view/Ukraniako+gosetea,+1932-1933.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-3-27 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Iosif Stalin Aldatu lotura Wikidatan
Mikhail Gorbatxev Konstantin Txernenko Yuri Andropov Leonid Brezhnev Nikita Khrustxev Stalin Lenin