Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Pirritx, Porrotx eta MariMotots | |
---|---|
![]() Pirritx (Aiora Zulaika), Porrotx (Joxe Mari Agirretxe) eta MariMotots (Mertxe Rodriguez) (MariMotots). | |
Datuak | |
Jatorria | Lasarte-Oria (Gipuzkoa) |
Urteak | 1987 - gaur egun |
Taldekideak | |
Aiora Zulaika Joxe Mari Agirretxe Mertxe Rodriguez | |
Lehengo taldekideak | |
Informazio gehigarria | |
www.katxiporreta.eus |
Pirritx, Porrotx eta Marimotots Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez aktoreek osaturiko pailazo hirukotea da. 1987ko abenduaren 24an sortu zen, Lasarte-Orian.
2002an 15 urte bete zituen pailazo taldeak eta Beti zuekin... Katxiporreta!! ikuskizunarekin ospatu zuten. 2012an berriz, 25. urteurrenean Sentitu, pentsatu, ekin! saio berezia sortu zuten. 2017an izan zen beraien 30. urteurrena.
Pailazo-taldearen inguruan Irrien Lagunak ekimena sortu da, pailazoen merchandising produktuak saltzeko.
Eduki-taula
Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaur egungoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
Hasierakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
Taldearen bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pailazo taldeak bilakaera izan du. Gaur egun Pirritx, Porrotx eta MariMotots izenarekin ezagunak badira ere, bere garaian Takolo, Pirrutx eta Porrotx bezala hasi ziren. Hasieran hiru pailazoak mutilak ziren eta gaur egun hirutik bi neska dira.
Pailazoa | 1987-1991 | 1992-1996 | 1997-2001 | 2002-2006 | 2007-2011 | 2012-2016 | 2017-19 | ||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Takolo | Agustin Mujika |
||||||||||||||||||||||||||||||||
Pirrutx | Patxi Sanz |
||||||||||||||||||||||||||||||||
Porrotx | Joxe Mari Agirretxe | ||||||||||||||||||||||||||||||||
Pirritx | Ainhoa Beristain |
Aiora Zulaika | |||||||||||||||||||||||||||||||
MariMotots | Mertxe Rodriguez |
Olentzeroren etorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pailazoen aurreko urteak (1982-1987)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1982an Lasarte-Oriako haurren %80ak A ereduan ikasten zuten, gaztelaniaz, eta kalean ere ez zen euskara askorik erabiltzen. Agustin Mujika irakaslea zen Lasarte-Orian A ereduan eta Joxe Mari Agirretxe haurren eta euskararen bueltan ibiltzen zen. Biak Lasarte-Oria euskaldundu dezagun euskara taldeko kideak ziren eta herrian euskararen erabilera sustatzeko asmoz, haurrentzat zerbait egitea erabaki zuten.
- Gabonetan Olentzeroren etorrera antolatzen hasi ziren herrian. Ordurarte Olentzero ikastolara bakarrik iristen zen eta beste ikastetxeetan ez zuten honen berri. Beraz, herri osorako ikuskizuna antolatzeari ekin zioten. Joxe Marik egiten zuen Olentzeroren papera eta Agustinek gitarrarekin ongi etorria ematen zion baserritarrarera. Beraiekin batera Xixuko ahatea ere aritzen zen.
Takolo, Pirrutx eta Porrotx[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pailazoen sorrera (1987-1992)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Bost urte eman zituzten Olentzeroren etorrera antolatzen. 1987an ordea, ekitaldia luze joaten zenez eta arintze aldera, tartean pailazoak sartzea erabaki zuten. Orduan sortu ziren Takolo, Pirrutx eta Porrotx.
- Lehenengo emanaldia 1987ko abenduaren 24an eman zuten Lasarte-Oriako Zamaburu plazan. Takoloren papera Joxe Mari Agirretxek egin zuen, Pirrutxena Patxi Sanzek eta Porrotxena Agustin Mujikak. Donostiako Gros auzoko Angelita dendan traje luze batzuk egin zituzten eta horiek jantzi zituzten. Kasete batean Imanol Urbietaren lau abesti ere grabatu zituzten eta ikastetxeetan banatu zituzten haurrek ikas zitzaten. Horrela esketx eta esketx artean denak batera zerbait abesteko.[1]
- Pailazo taldea egun baterako sortu zen berez, baina urte berean Euskararen I. maratoia egin zen Lasarte-Orian, eta bertan beste emanaldi bat eskaintzeko elkartu ziren berriro. Bigarren saio horretarako ordea, Takoloren eta Porrotxen paperak aldatu zituzten. Joxe Marik ez zuen ongi abesten eta Agustinek bai, beraz ongi kantatzen zuenak pailazo azkarraren pertsonaia egitea erabaki zuten eta ordutik aurrera Agustin Takolo izan zen eta Joxe Mari Porrotx. (Euskararen maratoi honetan Aiora Zulaikak, gaur egungo Pirritxek, 11 urte zituen eta herriko txistulari taldearekin txistua jo zuen. Pailazoen emanaldia ikusi zuenean, handitan pailazo izan nahi zuela erabaki zuen. Aurrerago, 11 urte geroago, 1998an, sartu zen pailazo taldean).
- Bi emanaldi eskaini eta AEKren dei bat jaso zuten Usurbildik emanaldi bat eskaintzeko. Horrela pixkanaka-pixkanaka herriz herri zabalduz joan ziren Euskal Herri osora iritsi arte.[2]
- Hasierako saio horietan oraindik ez ziren aktoreak, euskaltzaleak ziren. Beraz, lotsa eta beldun pixka batekin ateratzen ziren saioa egitera. Lanean hasi aurretik patxaranari trago bat eman eta zezenak bezala, zuzen-zuzen ateratzen ziren publikoari begiratu ere egin gabe.
- Hasiera horietan Takolok gitarra bat eramaten zuen eta zuzenean abesten zuten.[3] Hala ere, ez zeukaten euskarri musikalik. Musikak ez zuen garrantzia handirik beraien lehen saioetan eta ikuskizunak esketxetan oinarritzen ziren.
Lehenengo diskoak eta bideoa (1992-1994)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Bost urte herriz herri ibili eta gero, mugarria izan zen 1992. urtean. Urte horretan beraien lehenengo diskoa grabatu zuten: Hau umorea. Abesti gehienak Imanol Urbietarenak ziren eta berari eskeini zioten lehenengo disko hau.[4] Hortik aurrera, saioetan musikari garrantzia handiagoa ematen hasi ziren. Emanaldietan diskoetako abestiekin playback egiten hasi ziren.
- Urte berean, Agustin Mujika, Zaldibiara joan zen bizitzera eta taldea "Lasartear-goierritar" bihurtu zen. Ikuskizunaren entseguak ere Zaldibian egiten hasi ziren, kultur etxeko dantza-gelan eta antzokian. Beraien almazena eta lokala ere herrian zuten.[5]
- Lehen diskoa atera eta beraien saioek oinarri musikala beharrezkoa zutela jabetu ziren. Orduan, Ordiziako Musika Eskolako irakaslea, Oneka Garmendia, ezagutu zuten eta beraiekin elkarlanean aritzea proposatu zioten. Honek baietz erantzun eta musika eskolako haurren lagunztarekin Beti martxan (1993) eta Ongi bizi (1994) diskoak kaleratu zituzten.
- Oneka askotan haserretu egiten zen pailazoekin, izan ere, garai hartan dena presaka egiten zuten eta hiru aste lehenago pasatzen zizkioten haurrek ikasi beharreko kantak. Hamabost abesti inguru ikasi behar izaten zituzten hiru astetan, gero diskoa grabatzeko. Haurrek egun osoa estudioan ematen zuten eta neka-neka eginda amaizten zuten. Hala ere, denek hurrengo urtean bueltatu nahi izaten zuten.
- Azkeneko disko hau eta gero, 1994an, lehenengo aldiz ikuskizun bat grabatu zuten: Kokororikoko. Ordutik aurrera, urtero ikuskizun bat sortu eta grabatzen hasi ziren (gaur egun oraindik segitzen dute).
Pirrutxek taldea utzi (1994-1995)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Urte berean etorri zen hurrengo aldaketa. Patxi Sanz Pirrutx Zubietako lanbide eskolan lanean hasi zen eta pailazo lanak denbora asko eskatzen zuenez, taldea utzi behar izan zuen zazpi urte eta gero. Hala ere, pailazo taldeak aurrera segitu zuen eta Ainhoa Beristain zaldibiarrak bete zuen Pirrutxen papera. Hilabete batzuetan emakume batek bete zuen gizonezkoaren pertsonaia.
- Agustin, Patxi eta Joxe Mari hezkuntza mundutik zetozen, baina Ainhoak lau urte zeramatzan antzerkia egiten eta ikuspegi berri bat sartu zen taldean.[6]
Takolo, Pirritx eta Porrotx[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pirritx iritsi (1995-1998)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Ainhoa Beristain taldera iritsi zenez, 1995ean Pirrutxen pertsonaia desagertu eta Pirritx sortzea erabaki zuten.
- Ainhoak bete zuen pertsonaia hori hurrengo hiru denboraldietan eta hiru ikuskizunetan parte hartu zuen: Kili-kili (1995-1996), Tantaka Yotanka (1996-1997) eta Makarroiak (1997-1998).
- Pailazo taldea pixkanaka handitzen ari zen eta goierritar asko izan ziren, Ainhoa Beristain bezala, era batera edo bestera lagundu zutenak. Taldea handitu zen baina herrikoitasuna ez zuten galdu. Gertukoak izaten eta ikuskizun handiak zein txikiak eskaintzen jarraitu zuten. Takoloren gitarrarekin hasi eta pixkanaka sormena lantzen joan ziren eta gidoi hobeagoak lortzen. Arropak eta dekoratuak ere beraiek egiten zituzten inguruko jendearen laguntzarekin.
Pirritx 'berria' (1998-2001)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Hiru denboraldi eta gero, 1998an Ainhoa Beristainek taldea utzi eta Aiora Zulaikak bete zuen bere tokia. Aiora, ordurako pailazo taldean zebilen Ainhoaren ordezkapenak eta pertsonaia txikiagoak egiten (esaterako Perez sagutxoa edota Maritxu izeba). Orduan berari eskatu zioten Pirritxen papera betetzeko eta honek onartu egin zuen. Aiora Zulaikak Pirritxen paperean ofizialki egin zuen lehenengo ikuskizuna Baserrian izan zen (1998-1999). Gaur egun ere, berak segitzen du pertsonaiaren azalean.
- Zaletuen artean, txiki-txikienak Takolorengana hurbiltzen ziren. Takolo pailazo serioa eta azkarra da; irakaslearen figura egiten duena. Haurrak beraz, txikitan irakaslearen figura horrengana gerturatzen ziren. 6-8 urteko haurrei ordea Porrotx gustatzen zaie, bere bihurrikeriak atsegin dituzte. Eta Pirritxen zaletuak mota guztietakoak dira. Neskei asko gustatzen zaie Pirritx.
Bihurrikerietatik heztera saltoa (2001-2002)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 2001. urtean mugarria izan zen pailazoentzat. Urte horretan Takolo, Pirritx eta Porrotx Nikaraguako Somoto herrira joan ziren bisitan eta itzultzean Aupa Kintxo! (2001-2002) ikuskizuna argitaratu zuten. Handik aurrera, beraien ikuskizunetan bihurrikeriak eta jolasak egiteaz gain, gizarteko gaiak lantzen ere hasi ziren (familia motak, homosexualitatea, etorkinak...).
Pailazoek 15 urte (2002-2003)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 2002-2003 ikasturtean berriz, pailazo taldeak 15 urte bete zituen eta urteurrenerako ikuskizun berezia prestatu zuten: Katxiporreta!! Bertan urte horietako esketxik onenak errepikatu eta ordurarteko abestirik ezagunenak abesten zituzten.
Takolok taldea utzi (2003-2004)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Hurrengo urtea izan zen pailazo hirukotearen azkenekoa. Poxpolin Marisorgin (2003-2004) emanaldiaren bira amaitu zutenean, Agustin Mujika Takolok taldea utzi baitzuen 16 urte eta gero. 2004ko irailaren 18an izan zen Takoloren azkeneko emanaldia. Lasarte-Orian bi saio eskaini zituzten. Dena hasi zen tokian eta moduan amaitu zuen ibilbidea: bere sorterrian eta Olentzeroren etorrerarekin.
- Agustin irakaslea zen eta ezin zuen pailazo lanarekin uztartu. Horregatik erabaki bat hartu behar eta pailazo taldea utzi behar izan zuen. Asko kostatu zitzaion erabakia hartzea eta gaizki pasatu zuen: Orain hobeto nago, baina hasieran oso triste egon nintzen, eta momentu txarrak pasatu nituen.[7] Hala ere, Goierriko haurrekin elkarlana ez zen eten eta Ordiziako, Zaldibiako, Idiazabalgo eta Legorretako haurrek parte hartzen jarraitu zuten hurrengo disko eta ikuskizunetan.
- Guztira hamar urte eman zituzten Takolo, Pirritx eta Porrotx izenarekin.
Pirritx eta Porrotx[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hirukotetik bikotera (2004-2005)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Takolok taldea utzi zuenean, erabaki zuten inork ez ordezkatzea Agustin eta beste pertsonaia berririk ez sortzea. Beraz, pailazo taldea hirukotea izatetik bikotea izatera pasa zen. Hurrengo urteetan Pirritx eta Porrotx izenpean ibili ziren herriz herri.
- Lau denboraldi egin zituzten bikote moduan. Patata, patata! (2004-2005), Maite zaitut (2005-2006), Mari Motots (2006-2007) eta Eskerrik asko! (2007-2008).
Itxura aldaketa (2005-2006)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Garai honetan, itxura ere aldatu zuten. 2004ean, Patata, patata! ikuskizunean, Pirritxek ileordekoa aldatu zuen. Arrosa kolorekoa izaten segitzen zuen, baina beste estilo batekoa. Hurrengo ikasturtean berriz, 2005ean, Maite zaitut ikuskizunean, Porrotxek ere ileordekoa berritu zuen. Ile beltza izatetik urdina izatera pasa zen.
MariMotots iritsi (2006-2007)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 2005ean, MariMototsen (Mertxe Rodriguez) papera sortu zuten Maite zaitut ikuskizunerako. Mertxe ez zen berria taldean. Aurretik beste pertsonaia asko eginak zituen (Kintxo Barrilete, Amona Josefina, Teresa Markesa, Poxpolin marisorgin...).
- MariMotots denboraldi bateko pertsonaia bakarrik sortu zuten, baina azkenean hurrengo ikuskizunean ere jarraitu zuen. 2005eko Gabonetan Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez ospitalera joan ziren haurrak bisitatzera eta bertan Ane Perez Alberdi (Ane Pirata), 17 urteko neska ezagutu zuten. Minbizia zeukan, baina sekulako indarra transmititu zien. Beraz, bisita amaitu bezain laster, Joxe Marik Mertxeri esan zion: MariMotots, datorren urtean mototsak eroriko zaizkizu.[8]
- Beraz, 2007-2008ko denboraldian MariMototsen pertsonaiarekin segitu eta Eskerrik asko! saioa sortu zuten. Bertan MariMototsi mototsak erori zitzaizkion eta minbiziaren gaia landu zuten Pirritx eta Porrotx pailazoek. Ikuskizun honek era guztietako kritikak jaso zituen. Batzuk onak, haurrentzat irakasgai oso ona zela esanez; eta beste batzuk txarrak, haurrentzako gai egokia ez zela esanez.
Pirritx, Porrotx eta MariMotots[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hirukotea berriro (2008-2009)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Minbizia landu zuten ikuskizunetik aurrera, MariMotots pailazo taldean sartzea eta pertsonaia finko bezala jartzea erabaki zuten. 2008az geroztik beraz, taldean hiru dira berriro, bi pailazo eta beraien laguna: Pirritx, Porrotx eta MariMotots.
- Izen horrekin egin dituzte hurrengo ikuskizun eta disko guztiak eta gaur egun ere horretan segitzen dute. Hurrengo lanak Piratak (2008-2009) eta Irrien lagunak (2009-2010) izan ziren.
- Piratak ikuskizuna egiten ari zirela, Aiora Zulaikak taldea utzi zuen haurdun geratu zelako. Beraz, Piratak ikuskizunaren denboraldi erditik aurrera eta Irrien lagunak ikuskizunean Porrotx eta MariMotots bakarrik aritu ziren. Pirritx bideo-deien bidez agertzen zen, baina ez zen zuzenean taula gainean aritzen. Haurrei azaldu zieten Pirritx haurdun zegoela eta baserrian geratu zela Amona Josefina eta Joxepa behiarekin deskantsatzen.
- Guztira 16 hilabete eman zituen Aiora Zulaikak tauletatik kanpo.[9]
Pupu eta Lore + Irrien lagunen kluba (2010-2011)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 2010ean Aiora Zulaika ama izan zen eta urte bereko irailean lanera itzuli zen. Haurrek bazekiten Pirritx haurdun egon zela, beraz, hori aprobetxatuz, ikuskizunean Pirritx ere ama izatea bururatu zitzaien. Orduan, 2010eko azaroan Ongi etorri Pupu eta Lore (2010-2011) saioa estreinatu zuten. Bertan Pupu eta Lore iritsi ziren, Pirritxen seme-alaba bikiak.
- Haurrak jaiotzearekin batera, Irrien Lagunen Kluba sortu zuten. Bertan Euskal Herriko haurrek Pirritxen seme-alabak heztan laguntzea nahi zuten. Horretarako hezteko zein balio nahi zituzten erabaki zuten: osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna. Eta balio bakoitzarentzat pertsonaia bat sortu: Tiritatxo medikua, Largabista basozaina, Mari Kalanbre eta amona Mari Txinparta, Martin Bertso, Ane Pirata eta Patakon.
Pailazoek 25 urte (2012-2013)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 25. urteurrena iritsi zen 2012-2013 denboraldian eta saio berezia prestatu zuten urtemuga honetarako ere. Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizuna eta diskoa kaleratu zituzten. Bertan Amona Josefinak 100 urte betetzen zituen eta urtebetetzea ospatzearekin batera urte guzti horietako istorioak gogoratu zituzten. Ikuskizun honetarako prestatutako diskoa ere berezia izan zen. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zituzten ordurarte zituzten abestirik ezagunenak eta lagun zaharrak ere itzuli ziren beraiekin kolaborazioak egitera. Diskoan haurrek abestu zuten, baina baita pailazoen sorrerako lehenego diskoan parte hartu zuten haurrek ere (dagoeneko heldututa). Ikuskizun horrekin egin zuten diskorako eta DVDrako grabatu zuten emanaldirako Takolo pailazoa ere itzuli zen bisita egitera.[10]
Gaur egun (2013-2019)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Beraien azkeneko ikuskizunak hauek izan dira: Bizipoza (2013-2014), Txo MikMak txikia (2014-2015), Amalur (2015-2016), Tipi-tapa korrika! (2016-2017), Borobilean (2017-2018) eta Musua (2018-2019).
- 2017ko abenduaren 24an 30 urte bete zituzten pailazoek.
- Gaur egun, oso ezagunak dira Euskal Herri osoan, herriko jaietan, nahiz ikastetxeetan egiten dituzten emanaldiak. Urtean 120 emanalditik gora ematen dituzte.
Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Pailazoen hasieran, 1987 urte inguruan, Bolibarreko apaizak deitu zien pailazoei. Herriko baserri bat erre zela eta dirua biltzeko ikuskizun bat emango ote zuten. Baietz esan eta ikuskizunaren aurretik apaizak sekulako bazkaria prestatu zien, ardo eta guzti. Ardo zuria, gorria, patxarana... Gehitxo edan eta taula gainera atera ziren gero. Esketx batean, pailazo batek besteari kolpe bat eman eta besteak geldi-geldirik geratu behar zuen, estatua batek bezala. Baina ezin geldirik egon eta balantzaka hasi zen. Lotsatuta alde egin zuten handik.
- Behin Nafarroa, Aresonen, ikuskizun bat eskaintzen ari zirela, arrautzak puskatzearen esketxa egin zuten. Takolo eszenatik ateratzen zen eta bitartean Pirritxek eta Porrotxek arrautzak puskatzen zituzten malabarismoak egiten. Orduan: Arrautzarik gabe gelditu gara eta Takolo segituan etorriko da! Momentu horretan, publikoko 12 urte inguko haur bat ziztu bizian altxa eta baserrira joan zen. Berehala itzuli eta dozena bat arrautza eman zizkien pailazoei. Esketxaren amaiera inprobisatu behar izan zuten.
- Guraso batek Joxe Mari Agirretxeri kontatu zion bere semea ospitalean koman zeukala eta esnatzera zihoanean, medikuak esan ziola zerbait galdetzeko. Erantzun errazeko zerbait galdetzeko, ea nola erreakzionatzen zuen ikusteko. Orduan amak galdetu zion: Nola esaten du Porrotxek? Eta haurrak erantzun zion: Katxiporreta!
- Ameriketako Estatu Batuetako Boisen haur bat zegoen ordura arte euskaraz hitz egin nahi izaten ez zuena. Behin, pailazoekin motibatuta, euskaraz hizketan hasi zen.
Katailunian Pitx, Potx i MariCuetes[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pirritx, Porrotx eta MariMototsen ereduari jarraikiz, Katalunian Pitx, Potx i MariCuetes pailazo hirukotea sortu zen 2011. urtean. Kataluniako Lax'n'Busto rock musika taldearen batera euren Maite zaitut abestiaren katalanezko bertsioa (T'estimo molt) abestu izan ohi dute.
Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pirritxek eta Porrotxek kritika gogorrak jasan izan dituzte beraien emanaldietan euskara eta euskal kultura sustatzeagatik, euskal presoen eskubideen aldeko adierazpenak egiteagatik, eta Zulaika eta Agirretxe ezker abertzaleko kideak direlako.
Espainiar hedabide nazionalisten aldetik, kritikak jaso dituzte eta baita boikot kanpaina bat ere. Toki askotan jasan izan zuten boikota. Esaterako, Lasarte-Orian beraien herrian, pailazoen saioak debekatu zituzten eta beraiei kontratatutako ikastetxeei diru-laguntzak kendu. Bilbon ere ikastetxe bateko zuzendaritzak kontratatu nahi zituen, baina udalak debekatu egin zien. Eta Donostian Antzoki Zaharra alokatzea debekatu zieten. Ordainduta ere ez zieten alokatzeko zerbitzua erabiltzen utzi.
Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zenb. | Urtea | Pailazoak | Diskoa | Argitaletxea |
---|---|---|---|---|
1 | 1992 | Takolo, Pirrutx eta Porrotx | Hau umorea | Elkar |
2 | 1993 | Beti martxan | Elkar | |
3 | 1994 | Ongi bizi | Elkar | |
4 | 1995 | Takolo, Pirritx eta Porrotx | Kili-kili | Matxinsalto (Elkar) |
5 | 1996 | Tantaka Yotanka | Matxinsalto (Elkar) | |
6 | 1997 | Makarroiak | Matxinsalto (Elkar) | |
7 | 1998 | Baserrian | Matxinsalto (Elkar) | |
8 | 1999 | Plisti plasta | Matxinsalto (Elkar) | |
9 | 2000 | Parrandan | Matxinsalto (Elkar) | |
10 | 2001 | Aupa Kintxo! | Matxinsalto (Elkar) | |
11 | 2002 | Beti zuekin... Katxiporreta!! | Matxinsalto (Elkar) | |
12 | 2003 | Poxpolin Marisorgin | Matxinsalto (Elkar) | |
13 | 2004 | Pirritx eta Porrotx | Patata, patata! | Katxiporreta |
14 | 2005 | Maite zaitut | Katxiporreta | |
15 | 2006 | Mari Motots | Katxiporreta | |
16 | 2007 | Eskerrik asko! | Katxiporreta | |
17 | 2008 | Pirritx, Porrotx eta MariMotots | Piratak | Katxiporreta |
18 | 2009 | Irrien lagunak | Katxiporreta | |
19 | 2010 | Ongi etorri Pupu eta Lore | Katxiporreta | |
20 | 2011 | Zazpikoloroa | Katxiporreta | |
21 | 2012 | Sentitu, pentsatu, ekin! | Katxiporreta | |
22 | 2013 | Bizipoza | Katxiporreta | |
23 | 2014 | Txo MikMak txikia | Katxiporreta | |
24 - 25 | 2015 | Amalur / Euri tanta banintz | Katxiporreta | |
26 - 27 | 2016 | Tipi-tapa korrika! / Haizearen herrira | Katxiporreta | |
28 - 29 | 2017 | Borobilean / Antzinako zuhaitza | Katxiporreta | |
30 - 31 | 2018 | Musua / Familia milakolore | Katxiporreta |
Filmografia (Grabatutako ikuskizunak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zenb. | Noiz grabatua | Pailazoak | Ikuskizuna | Non grabatua | Argitaletxea |
---|---|---|---|---|---|
1 | 1994ko ekaina | Takolo, Pirrutx eta Porrotx | Kokororikoko | Donostiako Victoria Eugenia antzokia | EiTB |
2 | 1995eko irailaren 23a | Takolo, Pirritx eta Porrotx | Txiztil | Anoetako polikiroldegia | Matxinsalto (Elkar) |
3 | 1996ko azaroaren 8a | Beltzi | Beasaingo Usurbe antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
4 | 1997ko martxoaren 16a | Tantaka Yotanka | Donostiako Victoria Eugenia antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
5 | 1998ko otsailaren 7a | Makarroiak | Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxea | Matxinsalto (Elkar) | |
6 | 1999ko martxoaren 18a | Baserrian | Irungo Amaia antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
7 | 2000ko ekainaren 1a | Plisti plasta | Irungo Amaia antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
8 | 2001eko maiatzaren 15a | Parrandan | Tolosako Leidor antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
9 | 2002ko urtarrilaren 24a | Aupa Kintxo! | Tolosako Leidor antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
10 | 2003ko apirilaren 3a | Beti zuekin... Katxiporreta!! | Tolosako Leidor antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
11 | 2004ko maiatzaren 20a | Poxpolin Marisorgin | Tolosako Leidor antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
12 | 2005eko apirilaren 20a | Pirritx eta Porrotx | Patata, patata! | Tolosako Leidor antzokia | Katxiporreta |
13 | 2006ko apirilaren 5a | Maite zaitut | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
14 | 2007ko urtarrilaren 10a | Mari Motots | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
15 | 2008ko martxoaren 5a | Eskerrik asko! | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
16 | 2009ko martxoaren 4a | Pirritx, Porrotx eta MariMotots |
Piratak | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta |
17 | 2010eko maiatzaren 8a | Irrien lagunak | Urnietako Sarobe antzokia | Katxiporreta | |
18 | 2011ko martxoaren 30a | Ongi etorri Pupu eta Lore | Urnietako Sarobe antzokia | Katxiporreta | |
19 | 2012ko martxoaren 6a | Zazpikoloroa | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
20 | 2013ko martxoaren 16a | Sentitu, pentsatu, ekin! | Tolosako Leidor antzokia | Katxiporreta | |
21 | 2014ko martxoaren 8a | Bizipoza | Donostiako Victoria Eugenia antzokia | Katxiporreta | |
22 | 2015eko martxoaren 7a | Txo MikMak txikia | Tolosako Leidor antzokia | Katxiporreta | |
23 | 2016ko urtarrilaren 23a | Amalur | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
24 | 2017ko martxoaren 11a | Tipi-tapa korrika! | Tolosako Leidor antzokia | Katxiporreta | |
25 | 2018ko martxoaren 10a | Borobilean | Tolosako Leidor antzokia | Katxiporreta | |
26 | 2019 | Musua |
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ «30 urte Takolo, Pirrutx eta Porrotxen sorreratik» Kulturklik .
- ↑ «Takolo' Lasarterako sortu zen, baina Euskal Herri osorako balio du» Txintxarri .
- ↑ «Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguezi elkarrizketa» Argia .
- ↑ «Lasarteko pailazoek 25 urte» Berria .
- ↑ «Takolo, Pirritx eta Porrotxen 25 urtetako ibilbidea» Goiberri .
- ↑ «Takolo, Pirritx eta Porrotxi elkarrizketa 1996an» Hik hasi .
- ↑ «Agustin Mujika Takolori elkarrizketa» Berria .
- ↑ «MariMototsi mototsak erori eta pirata zapia jantziko du» Gara .
- ↑ «Aiora Zulaikari elkarrizketa ama izan eta gero» Galtzaundi .
- ↑ «Pirritx, Porrotx eta MariMototsek 25 urte» Diario Vasco .