Euskal Herriko hizkuntzak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Historian zehar Euskal Herrian hizkuntza asko mintzatu dira. Jatorrizko hizkuntza euskara bada ere, latin arruntetik garatutako zenbait hizkuntza ere mintzatu dituzte, batzuk bertan jaioak —nafar-aragoiera, kasu—, beste batzuk inguruko lurraldeetan sortuak eta hona zabalduak.

Erdaldunen eta euskaldunen ehunekoak adierazten dituen Euskal Herriko mapa

Historia linguistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko hizkuntzak Antzinaroan»

Historiaurrean egungo Euskal Herrian zegoen edo zeuden hizkuntzak ezagutzeko, arkeologiara ez baina hizkuntzalaritzara jo behar da. Hizkuntzalaritzan aitzineuskara esaten zaio euskara historikoa (idatzia) baino lehenagoko euskara hipotetikoari. Euskarak ahaide ezagunik ez daukanez "barne berreraiketa" izeneko teknikaren bidez garatu da aitzineuskararen teoria. Arlo honetan aurrerapenik handienak Koldo Mitxelena eta Joseba Lakarra hizkuntzalarien eskutik etorri dira, biek garai ezberdinetako hizkuntza-egoerak proposatu arren. Mitxelenarenak erromatarrak etorri baino lehenagoko hizkuntza egoera islatuko luke;[1] eta Lakarrarenak, bigarren urrats gisa, zeltak etorri aurretikoa.[2]

Egoera bata edo bestea izanda, erromatarrek egungo Euskal Herrira etorri zirenean, bertokoek bere hizkuntza zutela eta etorkinek ekarritako latinen eragina jaso zuen. Legio eta inguruan zeudenek zekarren hizkuntza ez zen latin klasiko edo ortodoxoa baizik eta latin arrunta edo berantiarra justu bertako hizkuntzarekin nahaspilatu egin zena[3].

Denboraren poderioz eta Erroman zegoen botere zentralizatzaile desagertu ahala, eskualde bakoitzean bere hizkuntza berezkoa sortzen zuen, latin arruntean oinarrituta. Euskal Herrian bertan nafar-aragoiera sortu zen[4], baina inguruko lurraldeetan beste hizkuntzak ere sortu zituen, Euskal Herriko mugetara zabaldu zirenak.

Erdi Aroaren bukaeran eta, batez ere, Aro Modernoan Espainia eta Frantzia estatuak sortu zituztenean, botere berriek bere indar politikoa ez ezik bere indar kulturala ere zabaldu zuten bere barnean zituzten herrialdeetan, tartean Euskal Herrian. Horrela, gaztelaniak eta frantsesak jatorrizko euskal hizkuntza —euskara— ez ezik, Euskal Herrian sortutako erromantze hizkuntzak ere murriztu eta ordezkatzeari ekin zieten. Horrela Euskal Herrian mintzatzen ziren euskara, nafar-aragoiera, montañera edo gaskoia hizkuntza gutxitu bilakatu zituzten;[5] eta beste batzuk, nafar-aragoiera edo montañera kasu, desagerrarazten.

Gaur egun Euskal Herrian euskara, gaztelania, frantsesa eta gaskoia mintzatzen dira. Gaztelania eta frantsesa nagusi dira, lehena Hegoaldean eta bigarrena Iparraldean. Hala ere, gutxi gorabehera biztanleen herenak egiten du euskaraz. Gaskoia, aldiz, Baiona inguruan (BAB) eta Nafarroa Behereko iparraldeko ingurune batzuetan hitz egiten da, baina oso ahul dago.

Euskararen ofizialtasun maila ezberdina da hiru lurraldeen arabera: EAEn, koofiziala da hiru lurralde historikoetan;[6] Nafarroan, koofiziala "eremu euskaldun" delakoan baino ez, erdi ofiziala "eremu mistoan", eta ez ofiziala "eremu erdaldunean"; Ipar Euskal Herrian, ez du ofizialtasun estatusik.[7]

XX. mendetik aurrera Euskal Herria bere herritarren emigrazioa jasatetik etorkinak izatera pasa zen. Gehienak espainiarrak edo frantziarrak badira ere, badira beste nazioetatik etorriak ere.[8] Etorkin horiek hizkuntza berri asko ekarri dute, tartean arabiera, errumaniera edo wolofera.

Euskal Herrian mintzatutako hizkuntza historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskara»

Euskara (beharbada aitzineuskaraz: *enau(t)si (esan) + -(k)ara (era)[9]) euskaldunek hitz egiten duten hizkuntza da; Euskal Herriko hizkuntza.[10]

Gaur egun egoera gutxituan dago. Euskara ez dago philum indoeuroparraren barruan sailkatuta eta Europako mendebaldean izan zen hizkuntza-familia baten azken arrastotzat hartzen da.

Euskararen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen sustrairik zaharrenak (Erromatar Inperioaren aurretikoak) Akitania osoan eta Bizkaiko golkotik Andorraraino bitarteko Pirinioen bi aldeetan agertu dira, eta Erdi Aroan behintzat Errioxan eta Burgosko ipar-ekialdean ere hitz egin zela dokumentatuta dago. Gutxitze prozesu gogorra jasan du, etenik gabe lurraldeak galduz. Nafarroa Garaian, bereziki, prozesu hori oso nabarmena izan da azken mendeotan. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, hainbat intelektual eta politikariren eraginez (Arturo Kanpion, Sabin Arana...) nolabait biziberritu zen, abertzaletasunari estuki loturik. Frankismoan (1936-1977) jazarpen latza pairatu ondoren, XX. mendearen erdialdetik aurrera hasi da indartzen, idatzizko estandarizazioak lagunduta.

1980ko hamarkadatik aurrera, erakundeen onarpena lortu du, lurralde zatiketa handiekin bada ere. Gernikako Estatutuak euskara Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza izendatu eta gaztelaniarekin batera ofizial egin zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (Trebiñuko Konderrian eta Villaverde Turtziozen ez). Nafarroa Garaian, Euskararen Legearen eraginez, herrialdeko ipar-mendebaldean (eremu euskalduna) soilik da koofiziala. Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuetan (eremu mistoa), onarpen maila txikiagoa eta traba handiagoak ditu. Nafarroa hegoaldean (eremu ez-euskalduna), berriz, euskara ez dago onartuta. Ipar Euskal Herrian, euskarak ez du aginpidea duten erakunde publikoen onarpenik: hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da.

Gaur egun, euskara familian, lagunartean, ikaskuntzan, hedabideetan, administrazio publikoetan eta aisian erabiltzen da, lurralde eta eremu batetik bestera gorabehera handiak dauden arren.

Euskalkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskalkien eremuak, Koldo Zuazoren XXI. mendeko sailkapenari jarraituz
Euskalkien eremuak, Luis Luziano Bonaparteren XIX. mendeko sailkapenari jarraituz

Euskalkiak euskararen aldaerak edo dialektoak dira. Koldo Zuazoren 1997ko azken sailkapenaren arabera[11], gaur egun honako sei hauek dira:

Oraintsu, hiru euskalki desagertu dira:

Beste hizkuntzekiko nahasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste hizkuntza batzuekin nahasita, zenbait hizkera berezi ere sortu ditu:

Erromantzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromantze hizkuntzak edo neolatindarrak latin arruntetik (herritarrek mintzatutako latina) datozen hizkuntzak dira. Hizkuntza italikoen azpitalde bat dira, azken hau indoeuropar hizkuntzen azpitaldea izanik[20]. Hona hemen Euskal Herrian historian zehar mintzatutako erromantzeak:

Gaztelania[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko gaztelania» eta «Gaztelania»

Gaztelania edo espainiera Erdi Aroko Gaztelako Erresuman sortutako hizkuntza erromantzea da, latin arruntak euskararekin izandako ukipen-egoeraren ondorioz. Horrela bada, espainierak euskararen hainbat ezaugarri fonetiko bereganatu ditu (bost bokaleko sistema, hasierako "f"-a galtzea...).

Munduan 360 milioi pertsonak ama-hizkuntza dute[21]. Espainia eta Amerika Latinarraren ia estatu guztietan hizkuntza ofiziala da, tartean Hego Euskal Herrian.

Gaztelaniak bere aldaerak ere izan ditu Euskal Herrian, adibidez Bilbon mintzatutako txirenea edo txinboa[22]. Euskararekin lotura estua duen aldaera hori Bilbon ez ezik Bizkaiko mendebaldean ere, tartean Enkarterrin, erabili zuten eta erabiltzen dute[23].

Frantsesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Frantsesa»

Frantsesa Erdi Aroko Galia erromatarrean sortutako hizkuntza erromantzea da, latin arruntak antzinako frankoerarekin izandako ukipen-egoeraren ondorioz.

Munduan 110 milioi pertsonak ama-hizkuntza dute[24] . Frantzian[25] eta beste hogeita zazpi estatuetan hizkuntza ofiziala da, tartean Ipar Euskal Herrian.

Nafar-aragoiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafar-aragoiera»

Nafar-aragoiera Erdi Aroan Ebro arroan, Errioxan, Nafarroako Erriberan, Aragoin eta Valentzian ere, hitz egiten zen hizkuntza erromantzea izan zen. Nafarroako erresuman, administrazioaren hizkuntza arrunta izan zen. Egun Aragoiko Pirinioetako hainbat bazterretan oraindik mintzatzen dena, aragoiera izenarekin.

Latin arrunta oinarria izanda, euskarazko substratua inportantea da oso[4]. Pirinioar-mozarabiar familiako hizkuntza hau aragoiera, nafarrera eta erroxaera erromantze kideak barnean ditu.

Nafarroako Erresuma eta Aragoiko Erresuma banatu ahala, nafar-aragoiera egungo aragoiera bilakatu zen. Euskal Herrian egun toponimian baino ez du ondarea.

Gaskoi hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaskoiaren isoglosak.
Sakontzeko, irakurri: «Gaskoi (hizkuntza)»

Gaskoi hizkuntza okzitanieraren dialektoa da hizkuntzalari gehienentzat, nahiz eta beste batzuek hizkuntza autonomotzat hartzen duten. Gaskoniako lurraldean hedatzen da. Gaskoiaren barruan lau aldaera bereizten dira, tartean itsasaldeko gaskoia. Aldaera hori Euskal Herriko itsasbazterreko bi hiritan (Miarritze eta Baiona) eta Landetako kostaldean mintzatzen da.

Frantziako hego-mendebaldeko bederatzi departamendutan mintzatzen da eta ez du inolako onarpen ofizialik. Azkenaldi honetan guztiz murriztu da haren erabilera eta egun 200.000 inguru dira gaskoi-hiztunak. Aturri ibaiaren arroan bizitako euskotarrek gaskoiz jardun dute Erdi Arotik XX. mendeko hasiera arte, Baionan Erdi Aroan eginiko agiri guztietan erabilitako hizkuntza izanik.[26] Hala ere, erromanizazioaz geroztik XX. menderaino Baionako hizkuntza nagusi izandako gaskoi hori berezia da, eta Baionako gaskoia[27] edo itsasaldeko gaskoia deitu izan zaio. Behe-latineko hiztegi eta sintaxia euskal substratuarekin nahasi zen. Egun, gaskoia apenas den mintzatua, edo ezaguna ere, nahiz eta hainbat erakundek —hala nola Ací Gasconha elkarteak— horren alde lan egin.

Montañera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Montañera»

Montañera edo kantabriera Kantabriako mendialdeko inguru desberdinetan mintzatzen den trantsiziozko hizkuntza da. Bereziki, Kantabriako mendebaldean eta Pas nahiz Sobako haranetan hitz egiten da[28]. Asturleoneraren aldaera hau asturieratik oso gertu dago eta gaztelaniaren eragin handia du. Horregatik, asturleonera eta gaztelaniaren arteko trantsiziozko hizkuntzatzat jotzen da, extremadurera bezala.

Euskal Herriko mendebaldean ere, Enkarterriko mendebaldean hain zuzen ere, Erdi Aroan eta Aro Modernoan erabili izan da, eta bertako toponimian hainbat aztarna gelditu dira[29].

Erromintxela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erromintxela»

Erromintxela, edo errumanzela nahiz erremaitzela, ijito edo buhame euskaldunen eta haien hizkeraren izena da. Berez, ez da hizkuntza bat, baizik eta broken spoke edo pagodolekto bat,[30] romani hizkuntza eta euskara nahasiz sortua. Gaztelaniarekin izandako harremanaren ondorioz kalo hizkuntza sortu zen modu berean, euskaratik hartutako mailegu linguistikoekin erromintxela eratorri zen. Josune Muñoz filologoaren ustez, nahiz eta erabat frogatu gabe dagoen, XV. mendean Europako iparraldetik etorritako ijito edo buhameek romaniaren kalderash dialektoa ekarri zuten, eta erromintxela hain zuzen ere kalderash eta euskara elkartuz sortu bide zen. Hortaz, ez da kalotik eratorria, nahiz eta gaur egun kalozko eta euskarazko hitz batzuk ere erabiltzen dituzten. Morfologia eta sintaxia, euskararenak ditu. Aditzak ere euskararenak dira, eta tokian tokiko euskalkien ezaugarri berak ditu; bizkaitarrek mendebaldekoak, lapurtarrek lapurterazkoak. Lexikoa, ordea, erabat erromintxela da.

Egun, 500 erromintxel inguru gelditzen omen dira.[31] Haietako askok, kaloz (gaztelania eta kalderash hizkuntzak nahasiz sortutako pagodolektoa) ere badakite.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Joseba Lakarra (2006), Protovasco, munda y otros: Reconstrucción interna y tipología holística diacrónica, in "Oihenart, Cuadernos de Lengua y Literatura", I Jornadas de Lingüística Vasco-Románica, Eusko Ikaskuntza, Donostia
  2. Joseba Lakarra (1998), "Hizkuntzalaritza konparatua eta aitzineuskararen erroa", "Uztaro"" 25, 47-110
  3. C. Battisti. "Aviamiento allo studio del latino volgare". Bari, 1949
  4. a b Luis Núñez Astrain: "El euskera arcaico. Extensión y parentescos" Online
  5. UNESCOren hizkuntzen atala
  6. 1979ko EAEko Estatutua - Lehendakaritzaren webgunea
  7. "Inkesta Soziolonguistikoa. Nafarroako datuen azterketa" (Kontseilua, 2008).
  8. Eustat: Atzerrian jaiotako egoiliarrak 115.000 arte hazi dira
  9. Alfontso Irigoien (1977). "Geure hizkuntzari euskaldunok deritzagun izenaz", Euskera, XII, 513-538
    Alfontso Irigoien (1990). "Etimología del nombre vasco del vascuence y las vocales nasales vascas descritas por Garibay", Fontes Linguae Vasconum, 56.
  10. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
  11. Koldo Zuazo, "Euskalkien jatorriaz eta bilakaeraz", Berria 2007-XII-9
  12. Bizkaiera hiru.com webgunean
  13. "Nafarroako Ipar-ekialdeko euskara: Irunberritik Aezkoaraino". Aitor Arana (2003, Altaffayllaren argitalpena)
  14. Batua eta zuberera artikulua erabili.com webgunean
  15. Zuazo, Koldo. "Arabarrak Euskararen Herrian". Gasteiz: Arabera, 1999. ISBN 84-930554-2-5
  16. Knörr, Henrike (2007). "Basque Fishermen in Iceland Bilingual vocabularies in the 17th and 18th centuries"
  17. Deen, Nicolaas Gerard Hendrik (1937). Glossaria duo vasco-islandica.
  18. Bakker, Peter (1991). Basque Pidgins in Iceland and Canada, Gipuzkoako Foru Aldundia.
  19. Luistxo Fernandez: Basque-Icelandic and Basque-Algonquian pidgin languages eta Muturzikin: Euskal Pidginak!
  20. Ethnologue, Languages of the World, 15. edizioa, SIL International, 2005
  21. CIA Factbook
  22. La modernización de la ciudad amenaza con extinguir el lenguaje txirene de Bilbao, Deia, 2008ko urtarrilaren 14a
  23.   Glaria García, Carlos (2003), Muskiz: Historia y Toponimia de un Concejo del Valle de Somorrostro, Muskizko Udala, Muskiz, ISBN 811.361.373.21 .
  24. Ethnologue report for language code:fra www.ethnologue.com
  25. Europar Batasuneko hizkuntzei buruzko ikerketa
  26. Pierre Hourmat historialariak dio «Bayonne… place forte frontalière, port maritime et fluvial, ville épiscopale et religieuse d’un diocèse de population en majorité basque, ville de tradition et de langue gasconnes…».
  27. Idoia Estornés Zubizarreta: «Baiona (historia): Romanización», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  28. Montañeraren hedapen eta aldaeren mapa
  29. "El habla montañesa o cántabra en la toponimia de las Encartaciones", Txomin Etxeberria Mirones. ISBN 84-88890-93-1.
  30. Argia: «Erromintxelak euskaldun petoak dira» Josune Muñozi eginiko elkarrizketa Online
  31. Argüello, Xabier Ijito euskaldunen arrastoan El País (2008) online

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]