Hegi Babesgarria operazioa (2014)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Hegi Babesgarria operazioa
Israel-Palestina Gatazka
Gaza closure December 2012.jpg
Data 2014ko uztailaren 8a - 2014ko abuztuaren 26a (50 egun)
Lekua  Gaza
 Israel
Koordenatuak 31° 31′ 00″ N, 34° 27′ 00″ E / 31.516666666667°N,34.45°E / 31.516666666667; 34.45Koordenatuak: 31° 31′ 00″ N, 34° 27′ 00″ E / 31.516666666667°N,34.45°E / 31.516666666667; 34.45
Emaitza Mugarik gabeko su eten baten ondoren, bi aldeek garaipena bereganatzen dute.
Gudulariak
 Israel

Babesa:

Palestina Gazako zerrenda

Babesa:

Buruzagiak
Benjamin Netanyahu
Israelgo lehen ministroa

Moshe Ya'alon
Israelgo Defentsako ministroa
Benny Gantz
Israelgo Defentsa Indarren buruzagia
Amir Eshel
Israelgo Aire Indarren komandantea
Ram Rothberg
Israelgo Itsas Komandantea
Sami Turgeman
Israel Hegoaldeko komandantea
Mickey Edelstein
Gaza dibisioa

Yoram Cohen
Shin Bet
Khaled Mashal
Hamaseko buruzagia
Ismail Haniyeh
Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroa
Mohammed Deif
Izz ad-Din al-Qassam Brigadak taldearen buruzagia
Ramadan Shalah
PIJ taldearen buruzagia
Indarra
176.500 pertsona aktibo
445.000 erreserbista

Al-Qassam Brigadak 10.000-40.000 kohete

Al-Quds Brigadak ≈5.000 kohete
Galerak
64 hil (4 zibil eta 64 soldadu; soldaduetako bat, kideen suak hila)
450 soldadu eta 80 zibil zauritu
2104 hil (% 80 zibilak, % 26 haurrak)
10.500 zauritu

Hegi Babesgarria operazioa (hebreeraz: מִבְצָע צוּק אֵיתָן‎Mivtazh Tzuk Eitan) Israelek Gazako zerrendaren aurka 2014ko uztailaren 8tik abuztuaren 26raino (50 egun) egin zuen operazio militarra izan zen. Israel-Palestina Gatazkaren parte da.

Aurrekaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Operazio militar hau bezalako hiru egon ziren aurretik:[1][2]

Udako euriteak (2006)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Udako euriteak (2006)»

2006ko ekainean inbaditu zuen lehenbizikoz. Udako euriteak operazioa hasi zuen ekainean, egun batzuk lehenago Hamasek eta beste milizia batzuek bahitutako Gilad Shalit soldadua askatzeko. Hilabete iraun zuen erasoaldiak, eta gutxienez 165 palestinar hil zituen Israelgo armadak. Shalit ez zuten aurkitu. Hamasek 2011n askatu zuen soldadua, Israelek gatibu hartutako 1.027 preso palestinar aske uztearen truke.

Berun urtua (2008-2009)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «2008-2009ko Gazako gatazka»

Gazak urtebete zeraman setiopean: Hamas ere indartsuago zegoen, eta Israelgo armadak eraso gogorrak egin zituen urte hasieran. Urtarriletik martxora bitartean 160 lagun hil zituen aire bidezko hiru erasoalditan. Abenduaren 27an abiatu zuen Berun urtua operazioa: airetik, lurretik eta itsasotik egin zion eraso Gazari. 40 urtetako sarraski handiena izan zen. NBEren arabera, 1.400 palestinar inguru hil ziren; gehienak zibilak, eta tartean 300 adingabe. Beste 5.000 inguru zauritu zituzten. Israelen aldetik, hamahiru lagun hil ziren.

Babeserako oinarria (2012)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Babeserako oinarria (2012)»

2012ko azaroaren 15etik 22ra bitartean, gau eta egun bonbardatu zuten Israelgo indar armatuek Gaza. Berun urtuan bezala, Israelen ate-joka zeuden hauteskundeak, eta Hamas Ekialde Hurbileko aliantzetan balantzaka zebilen, Siria, Iran eta Hezbollahen babesa utzita Egiptoko Anaia Musulmanen albora gerturatuz. Israelek erreserbako 75.000 soldadu mobilizatu zituen, eta tankeak ere hedatu zituen Gazarako mugan, baina ez ziren sartu. 169 hildako eta 1.300 zauritu inguru palestinarren artean. Lau israeldar ere hil ziren.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israel bahitutako hiru gazteak bilatzen ari zela, Gilad Shalit israeldar soldadua askatzearen truke askatu zituen hainbat palestinar atxilotu zituen Israelek. Hamasek atxilotutakoak askatu arte koheteak jaurtiko zituela adierazi zuen.[3] 2012ko uztailaren 8an, Hamasek Israelekin koheteak jaurtiko ez zituela adierazten zuen hitzarmen bat egin zuen, Babeserako Pilarea operazioa geratu ostean. Egun horietan, Hamasek zuzenean beregain hartu zituen koheteen jaurtiketak.[4]

Gazatik jaurtitako misilen irismena
Sderoteko faktoria bat sutan, 2014ko ekainaren 28an Gazatik botatako misil batek jo ostean.

2014 hasieratik, Hamasek eta beste erakunde palestinarrek Israelen aurka 450 kohete jaurti zituzten. Ekintza hauen ondorioz, Israelek Hegi Babesgarria operazio militarra jarri zuen abian.[5][6]

Bahitutako hiru gazteak hilik agertu ziren eta mendekuz, muturreko kolonoek gazte palestinar bat bahitu eta bizirik erre zuten. Israelgo Poliziak sei gazte atxilotu zituen, Mohammed Abu Khdeir gazte palestinarraren hilketagatik susmagarri jota. Eskuin muturreko israeldarrak zirela argitaratu zuten hedabideek: duela astebete hilda agertutako hiru kolonoengatik mendekua hartu nahirik hil zuten Abu Khdeir. Honek denak tentsioa areagotu zuen. Gizartean indarkeria orokortu zen: armadak abiatutako sarekadak eta Abu Khdeirren hilketak palestinarren haserrea leherrarazi zuten, eta protesta jendetsuak egin zituzten Zisjordania osoan. Israelen menpeko herri arabiarretan ere Bigarren Intifadaz geroztiko manifestazio handienak egin zituzten, Haaretz egunkariaren arabera; Poliziak 50 lagun baino gehiago atxilotu zituen. Lurralde okupatuetan kolonoen erasoak ugaritu ziren, eta Hebron, Nablus eta Ramallah inguruan istilu larriak izan ziren israeldar eta arabiarren artean; gehienetan, inguruko indar armatuak ere sartu ziren tartean, kolonoen mesedetan.[7]

Gertaeren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hegi Babesgarria operazioaren kronologia»

Erasoaldiaren ondorengoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 27an, suntsitutako Zerrenda berreraikitzeko lanei ekin zien Palestinak. Agintari palestinarren ustez, galerak 5.000 milioi dolarretik gorakoak izan ziren. Laguntzaileen arabera, berriz, berreraikuntza gehiago kostatuko zen. Duela zazpi urte Israelek blokeo ekonomikoa ezarri eta Zerrenda setiatu zuenetik lehen aldiz, Elikagaien Munduko Programako ordezkariek Egiptorekin muga egiten zuen Rafah pasabidetik igaro eta janaria banatu zuten. Bestalde, Israelgo Ejertzitoa hasi zen infanteriako eta zalditeria blindatuko tropak Gazako mugatik ateratzen. Hala ere, Gazako eraso dibisioan alerta egoera altuan jarraitzen zuten[8].

Abuztuaren 28an, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa 1967ko mugen gainean eraikitako Estatu Palestinarra onartzeko prest agertu zela adierazi zuen Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak[9]. Egun berean, Israelek ukatu egin zuen eta inoiz ez zituela Zisjordaniako koloniak utzi egingo adierazi zuen[10]. Egun berean, 20 tona arrain baino gehiago bildu zituzten Gazako arrantzaleek. Gerra hasi baino lehen biltzen zutena baino gehiago zen, eremua zabaldu zietelako[11].

Abuztuaren 29an, Benjamin Netanyahuren bulegoak ukatu egin zuen Israelgo lehen ministroak Mahmud Abbas PANeko presidenteari onartu ziola Palestinak 1967ko mugen barruan estatu bat sortzea[12].

Irailaren 3an argitaratu zenez, Gaza berreraikitzeko gutxienez 3.000 milioi euro beharko ziren, baina kostua 9.000 milioi artekoa izan zitekeen Mahmud Elkhafifek, Palestinari laguntzeko NBEren taldeko koordinatzaileak, esan zuenez[13].

Irailaren 4an, hainbat herrialdetako ezkerreko eurodiputatuei Gazako zerrendan sartzea eragotzi zien Israelek. Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria taldean zegoen. Europarlamentarien taldean zeuden Podemoseko Pablo Iglesias eta IUko Angela Vallina ere[14].

Irailaren 5ean, Palestina eta Israelgo eragileekin bildu ziren GUE/NGLko europarlamentariak. Palestinara bisita egiten ari ziren GUE/NGL taldeko europarlamentariek –tartean EH Bilduko Josu Juaristi–, bertako eta Israelgo eragileekin egin zituzten bilerak. Gobernu hebrearraren okupazioa bukatzearen aldeko mezua igorri zuten europarlamentariek, nazioarteari aldarri hori luzatuz[15].

Irailaren 10ean, Palestinako Aginte Nazionalak eta Giza Laguntzarako Koordinazioaren Bulegoak kalkulatu zuten Gazan zetozen lau hilabeteetarako 551 milioi dolar beharko zirela giza laguntzarako (427 milioi euro). Israelgo Fiskaltza Militarrak, berriz, 90 ikerketa kriminal ireki zituen udako erasoarengatik[16].

Irailaren 16an, Gaza berreraikitzeko akordioa lortu zuten Israelek eta Palestinak. NBEren arabera, Israelen erasoaldiaren ondorioz 100.000 lagun inguru etxerik gabe geratu ziren eta auzoa asko, ospitaleak eta eskolak erabat suntsituta zeuden[17].

Urriaren 2an, Gaza berreraikitzeko plan bat aurkeztu zuen Palestinako Gobernuak. Egoera humanitarioari heltzea eta etorkizuneko garapenerako oinarriak jartzea zen helburua. Planak 4.000 milioi dolarren balioa zuen[18]. Halaber, Gipuzkoan 32.040 euro bildu zituzten Palestinarako anestesia makina bat erosteko[19]. Egun berean jakin zenez, hondamendiari aurre egiteko 3.150 milioi eurotik gora beharko zirela aurreikusi zuen Palestinak[20].

Urriaren 12an zabaldu zenez, EBk eta AEBk 617 milioi euro emango zituzten Gaza berreraikitzeko. Halere, Palestinaren arabera, 3.100 milioi beharko zituzketen, eta NBEk 1.300 ematea proposatu zuen, Palestinako errefuxiatuen aldeko agentziak inoiz eskatutako laguntzarik handiena[21]. 4.275 milioi euro bildu zituzten Gaza berreraikitzeko. Palestinako Gobernuak 3.100 milioi euro eskatu zizkien nazioarteko herrialdeei[22].

Biktimak eta kalteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztailaren 18ko datuen arabera, operaziotik uztailaren 18 arte, gutxienez 278 palestinar hil zituen Israelek, horietatik 50, haurrak eta adingabeak.[23].

Abuztuaren 9ko datuen arabera, Israeldarrek Gazako operazioa hasi zutenetik, hildako palestinarren kopurua 1.902ra iritsi zen. Hildako israeldarrak, berriz, 67 ziren, ia denak soldaduak[24].

Uztailaren 20ko datuen arabera, 430 palestinar inguru hil zituzten juduek bi aste baino gutxiagoan, eta 3.000tik gora ziren zaurituak[25].

Uztailaren 25eko datuen arabera, 813 pertsona hil eta 5.237 zauritu ziren jada Gazan, bertako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Israeldarren artean, berriz, 34 soldadu ea 3 zibil hil ziren[26].

Uztailaren 27ko datuen arabera, ordura arte, gatazkak 1.030 hildako palestinar, eta 6.000 zauritu palestinar utzi zituen. Israelek 43 militar eta hiru zibil galdu zituen[27].

Uztailaren 28ko datuen arabera, Israelek 1.100 palestinar baino gehiago hil zituen jada Gazan. Biktima horietako %80 zibilak ziren, NBEren arabera. Milizia palestinarrek 43 soldadu israeldar eta bi zibil hil zituzten[28].

Uztailaren 30ean, gutxienez 1.302 palestinar hil ziren, eta 7.000 baino gehiago zauritu ordurako[29]. Israelen aldetik, 53 soldadu eta bi zibil hil ziren. OMEren arabera, erasoaldia hasi zenetik 215.000 pertsonak egin zuten ihes etxetik[30].

Uztailaren 31ean, Gazako herritarrak sarraskitzen etenik gabe jarraitu zuten militarrek, eta, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 1.420 baino gehiago ziren hildakoak[31].

Abuztuaren 3an, Osasun Ministerioak 1.834ra igo zuen hildako palestinarren kopurua, eta 9.500era zaurituena, uztailaren 8tik hona[32].

Abuztuaren 5ean, guztira, Palestinako Zerrendan 1.867 pertsona hil eta beste 9.563 zauritu ziren, gehienak zibilak, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera. Kalteak 5.000 milioi dolarretan zenbatu zituzten Gazan, eta berreraikuntza lanetan urteak emango zituzten. 1.000 etxe baino gehiago birrindu zituzten bonbardaketek. Guztira, 64 soldadu hil ziren operazio militarrean.[33].

Abuztuaren 11ko datuen arabera, Benjamin Netanyahuren Gobernuak erasoaldia agindu zuenetik, uztailaren 8tik, 1.939 palestinar hil zituzten, Palestina Askatzeko Erakundeak egindako balantzearen arabera. Gainera, 9.886 lagun zauritu ziren eta 485.000 errefuxiatu utzi zituen erasoaldiak[34].

Abuztuaren 18ko datuen arabera, Israelek 2.000 palestinar baino gehiago hil zituen Gazan. 2.016 hildakoen % 75 zibilak ziren. 10.196 zauritu zeuden, horietako asko egoera larrian. Hildakoen artean, 541 ume, 250 emakume eta 95 adineko zeuden[35]. Beste iturri batzuen arabera, 1.938 palestinar eta 67 israeldar hil ziren. UNICEFen datuen arabera, hildakoen artean 447 ume palestinar zeuden[36].

Abuztuaren 21ko datuen arabera, 2.050 pertsona inguru hil ziren gatazkan zehar. Horietatik, % 75 zibilak ziren. Israeldarren artean, berriz, 64 soldadu hil ziren milizien kontrako borroketan, eta zibil israeldar bat, beduino bat eta Asiako langile bat hil ziren miliziek jaurtitako 3.000 koheteetako baten eraginez[37].

Abuztuaren 22ko datuen arabera, 2.049 palestinar hil zituzten Gazan, eta 10.000 baino gehiago zauritu[38]

Abuztuaren 23ko datuen arabera, erasoa hasi zenetik, 68 israeldar hil ziren; horietatik 64 soldaduak ziren. Hildako palestinarrak, berriz, 2.000 baino gehiago ziren. UNICEF erakundeak emandako datuen arabera, gutxienez 469 haur hil zituen Israelgo armadak, eta beste 370.000 inguruk laguntza psikologikoa behar zuten[39].

Abuztuaren 25eko datuen arabera, 2.120 ziren palestinar hilak. Zigor operazioak, halaber, 460.000 palestinar etxea uztera behartu zituen, eta milioi erdi haurri eskolara sartzea galarazi zien. Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak salatu zuenez, Israelen bonbardaketek 219 eskolari kalte egin zieten—22 erabat eraitsi zituzten—.[40].

Abuztuaren 26ko datuen arabera, 2.100 palestinar zendu ziren; gehienak, zibilak, eta laurden bat, haurrak. 64 soldadu israeldar hil ziren milizien aurkako erasoetan, baita hiru zibil israeldar –tartean haur bat-, beduino bat eta langile asiar bat ere. Gainera, 450.000 palestinar baino gehiagok euren etxebizitzak utzi behar izan zituzten[41].

Abuztuaren 27an, EITBk emandako datuen arabera, 2.167 hildako egon ziren: tartean, 2.100 palestinar, gehienak zibilak. 500 ume hil ziren Gazako Zerrendan gatazkan. Israelek 67 pertsona galdu zituen, horietatik 64 militarrak. 11.000 zauritu egon ziren. Gatazkak zauritu kopuru handia utzi zuen eta gehienak zibilak izan ziren. 450.000 pertsonak euren etxeak galdu zituzten bonbardaketen ondorioz. Bonbek milaka etxe suntsitu zituzten, eta beste hainbat kalte konponezinak izan zituzten. Israelek 5.000 ofentsiba egin zituen Gazan. Hamasek 5.000 suziri bota zituen Israelgo armadaren aurka. Uztailak 29 izan zen egunik odoltsuena. 120 palestinar hil ziren egun horretan, Israelek erasoak indartzean. Bestalde, Israelgo bizilagunen % 38k bakarrik babestu zuten Palestinaren aurkako operazioa[42].

Erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazkan den eremua eta ondoko lurrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinako Aginte Nazionaleko lehendakari Mahmud Abbasek gaitzetsi egin zuen Israelek uztailaren 7ko gauean Gazaren aurka abiatutako operazio militarra, eta berehala geldiarazteko eskatu zion Israeli. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, ordea, ohartarazi zuen operazioa «luzea» izango zela, eta Hamasi egotzi zion hura hasi izanaren erantzukizun osoa. Bide batez, nazioarteko agintariekin harremanetan jarri zen Israelgo gobernuburua, operazioa babes dezatela eskatzeko.[43]

Uztailaren 14an, Arabiar Ligak ere beharrezkotzat jo zuen nazioartearen esku hartzea. Bonbardaketak amaitu eta palestinarrak babesteko premia aldarrikatu zuen. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, argi zuen nazioartearen «presioak» ere ez duela Gazaren aurkako operazioa geldituko. Erasoak aurrera jarraituko zuen, harik eta Israelera «bakea itzultzen zen arte». Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, berriz, erasoak bertan behera uzteko eskatu die israeldar eta palestinarrei.[44] Israeldar bozeramaile batek esan zuen presio atzerritarrari eutsiko ziola nahi zuten bakarra operazioa gelditzea zelako.

Uztailaren 18an, Palestinar Aginte Nazionaleko lehendakari Mahmud Abasek Gazan Israelek abian jarri zuen lurreko operazioa gelditzeko eskatu zien buruzagi israeldarrei. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren erantzuna berehala etorri zen. Gazan lurreko erasoari ekitea "gainerako aukera guztiak agortu ondoren" erabaki zutela esan zuen, eta Hamas taldeari egotzi zion gatazkan honetan hildakoen guztien ardura.[45]

Uztailaren 27an, Israelgo Gobernuak abiatutako erasoaldiak herritarren %85en babesa zuen, argitaratutako galdeketa baten arabera[46].

Uztailaren 29an, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren esanetan, Gazaren aurkako mendeku operazio militarra ez zen bukatuko talde armatu palestinarrek egindako tunel guztiak suntsitu arte. Defentsa Ministerioan egindako agerraldi batean, erasoaldiaren helburu nagusietako bat "tunel terroristak desegitea" zela ohartarazi zuen. Haaretz egunkari israeldarraren arabera, berriz, Armada operazio militarra "zabaltzeko" prestaketetan ari zen[47].

Abuztuaren 1ean, Hamasentzat ez zen inolaz ere "onargarria", Israelek "etxebizitzak suntsitzen" jarraitzea su-etena indarrean zegoen bitartean. Halaber, Hamasek Israelgo Armadari egotzi zion su-etena hautsi izana, horien tankeek tiro egin zutela azaldu baitzuen[48]. Israelgo Armadak, bestalde, Hamasi egotzi zion su-etena haustea, su-etenean suziriak jaurtitzea leporatuta.[49].

Egun berean, Hamasen mezuak zabaltzea leporatu zion Israelek TVEko berriemaile bati. Yolanda Alvarez "Hamasen mezuen, kopuruen, irudien eta datuen bozgorailu" bihurtu zela salatu zuen. TVEko Albistegien Kontseilua, ostera, "haserre" agertu zen. RTVEko zuzendaritzak Israelgo enbaxadari zuzenketa bat eskatu beharko ziokeela uste zuen, zuzenean edo Atzerri Ministerioaren bidez[50].

Abuztuaren 2an, Egiptoko Gobernuak eskaini zien Palestinako eta Israelgo ordezkariei Kairon negoziatzeko aukera. PAN Palestinako Aginte Nazionalak igorri zituen bere ordezkariak hara, baina Israelek uko egin zion beste inoren baldintzak aditzeari. Egun berean, Israelgo telebista kate batek egindako inkesta baten arabera, Netanyahuren onarpen publikoa nabarmen igo zen Gazaren aurkako erasoa agindu zuenetik: aurretik, hamarretik 4,9 puntu ematen zizkioten galdeketek; orduan, 6,9. Emaitza horien arabera, israeldar gehienek begi onez ikusten zuten Hegi Babesgarria, eta %30ek uste dute gobernuak erasoarekin jarraitu behar zukeela[51].

Abuztuaren 3an, Hamas Palestinako mugimendu islamiarreko zazpi kidek osatutako ordezkaritza bat Kairora heldu zen, igandea, Gazako su-etena bitartekari egiptoarrarekin negoziatzeko asmoz. Mena albiste agentziaren arabera, Hamasen ordezkaritza Dohatik abiatu zen eta Ezzat al Rishg mugimenduaren bulego politikoaren kideak gidatu zuen. Aipatutako ordezkaritza Al Yihad Palestinako talde islamiarrarekin elkartuko zen, negoziazioetan parte hartzeko. Palestinako milizia guztiek dokumentu bat adostu zuten eta Egiptoko ordezkariri eman zioten. Palestinarren eskaera nagusiak su-etena izenpetzea, soldadu israeldarrak Gazatik erretiratzea, Gazako blokeoa altxatzea eta presoak askatzea ziren. Egiptok palestinarren baldintzak helaraziko zizkion Israeli. Benjamin Netanyahuren Gobernuak ez zuen ordezkaririk bidali Kairora eta Gazaren kontrako operazioarekin jarraitzeko asmoa agertu zuen[32].

Abuztuaren 4ean, Nazioarteko ordezkariek Kairon batzartuta jarraitzen zuten, eta jakinarazi dute "urratsak egiten" ari zirela, aurreko egunetan bezala. Ez du inor bidali Israelek, eta, iturri ofizialek berretsi ez zuten arren ordurako baztertu zuen Hamasekin akordioa lortzea. Horren ondorio izan zitekeen abuztuaren 2 eta 3an, alde bakarreko erabakiz, Gazatik soldaduak ateratzen hasi izana. Israelgo Atzerri ministro Avigdor Liebermanen iritziz, dena den, "irtenbide bakarra" zegoen Gazarentzat: hura NBEren agintepean jartzea, bere garaian Ekialdeko Timorrekin eta Kosovorekin egin zen moduan[52].

Abuztuaren 22an, Ismail Haniyeh Gazako lehen ministroak Israelen asmoa benetan negoziatzea baldin bazen, palestinarren «eskari bidezkoak» bete behar zituela adierazi zuen, eta Hamasek ez zuela onartuko «zazpi urteko setioa eta blokeo ekonomikoa etetea baino gutxiago»[39].

Abuztuaren 23an, Israel gerra krimenengatik Nazioarteko Zigor Auzitegira eramateko edozein palestinarren ekinbidea babesteko konpromisoa sinatu zuen Hamasek. Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbas ere aukera hori aztertzen ari zen. Israel auzitara eramateak esan nahi zuen auzitegiak Hamas bera ere ikertuko zukeela gerra krimenengatik[53].

Abuztuaren 24ean, Gazaren kontrako erasoak irailera arte iraungo zuela esan zuen Netanyahuk[54].

Abuztuaren 26an, Gazan eta Ekialde Hurbileko beste hainbat tokitan ospakizun jendetsuak egin zituzten iluntzean. Hamasek erresistentziaren garaipentzat jo zuen akordioa[55].

Abuztuaren 27an, Gazaren kontrako operazioa arrakastatsua izan zen, Netanyahuk adierazi zuenez. Hamasek 'kolpe gogorra' jasan zuela nabarmendu zuen. Netanyahuk Gobernu barrutik egin zizkioten kritikak gogor gaitzetsi zituen. Inkesten arabera, Netanyahuren ospea nabarmen jaitsi zen Gazaren kontrako operazioa hasi zenetik, % 85etik % 38ra[56].

Nazioarteko erakundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuen Erakundeak gaitzetsi egin zuen Gazatik jaurtitako misila, eta baretzeko eskatu dio Israeli. Eskaera bera egin zuten nazioarteko ordezkariek ere. «Mendeku eta erasoak» alde batera utzi, eta «zentzuz» aritzeko eskatu zien AEBetako presidente Barack Obamak; bai israeldarrei eta bai palestinarrei.

Uztailaren 22an, Ekialde Hurbilean martxan ziren negoziazioek Hamasen eta Israelen arteko indarkeria laster etetea espero zuen Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak.[57]

Uztailaren 28an, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak Gazan "berehala eta baldintzarik gabe" su-eten "humanitarioa" ezartzea eta hori "onartzea eta errespetatzea" eskatu zien Israeli eta Hamasi[28].

Uztailaren 31ean, Giza Eskubideen goi mandatariaren ustez, Washingtonek ez zuen behar adina egin Tel Aviv gelditzeko, eta armak saltzea aurpegiratu zion. Israeli, berriz, gerra krimenak egitea leporatu zion[31].

Abuztuaren 1ean, su-eten humanitarioaren urraketa gaitzetsi zuen Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Gainera, harrapatutako Israelgo soldadua berehala askatzeko eskatu zuen[49].

Abuztuaren 3an, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak Gazan indarkeriari "berehala" amaiera emateko eskatu zuten. Halaber, Hamasek jaurtitako koheteen aurrean, Israelek "neurriko" eskubidea zuela bere burua defendatzeko, azpimarratu zuten[58].

Egun berean, Israelgo Armadak Nazio Batuen Erakundeko Rafah eskola baten kontra egindako erasoak kritika ugari eragin zituen nazioartean. Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiak erasoa gaitzetsi eta ikerketa lehenbailehen egiteko eta arduradunak justiziaren aurrera eramateko eskatu zuen. Bere esanetan, NBEko aterpeek gune seguruak izan behar zuten eta salatu zuenez behin baino gehiagotan adierazi zioten Israeli gune babestu horiek non zeuden. Amaitzeko, Gazan su-etena lortzeko eta bi aldeen arteko negoziazioei berriz ekiteko eskatu zuen.[59].

Abuztuaren 5ean, Navi Pillay Giza Eskubideen NBEko goi komisarioak Gazan egindako "gerra krimenen erantzukizuna" onartzea eskatu zion Israeli. "NBEren sei eskolari egin diete eraso, eta gatazkatik eta gerra krimenetatik ihesi hara babes bila joan ziren hainbat emakume, ume eta gizon zibil hil ziren", nabarmendu zuen. NBEren ordezkariak Hamasek Israelen aurka jaurtitako suziriak ere gaitzetsi zituen, eta hala hiru zibil israeldar hil izana deitoratu zuen[60].

Egun berean egindako Unicefen adierazpenen arabera, ia 400 ume hil eta 2.500 zauritu zituen Israelgo Armadak Gazan. Gainera, 370.000 adingabek premiazko laguntza psikologikoa behar zuten. "Erasoaldiak hondamendia ekarri du umeen artean. 392 haur hil dira, eta 2.502 zauritu", zehaztu zuen Pernille Ironsidek, Unicefek Gazan zuen bulegoaren buruak. Ironsidek gogorarazi zuenez, Gazan ez zegoen argindarrik, eta ura edangarri egiteko sistemek ez zuten funtzionatzen. Horregatik, gaixotasun kutsakorrak eta diarrea (bost urtetik beherako umeen artean hilgarria da) agertzeko arriskua oso handia zen[61].

Abuztuaren 8an, su-etenaren amaierarekin "desengainu handia" hartu zuela adierazi zuen Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Indarkeria gelditzeko eta tregoa iraunkor bat negoziatzeko eskatu zien Banek aldeei[62].

Abuztuaren 11ean, Gaza berreraikitzeko emaileen konferentzia egingo zutela irailean iragarri zuten. Sharm el Seikhen egingo zuten, datorren irailean, Norvegia, Egipto eta Palestinako Aginte Nazionalaren ekimenez. Kairok ez zuen zehaztu nortzuk parte hartuko zuten bertan, baina gobernuz kanpoko erakundeek dagoeneko ohartarazi zuten , 5.000 milioi euro inguru beharko zirela eskualdea "bere onera" itzul zedin[63].

Egun berean, NBEko giza eksubideetarako mandatariak, Navi Pillayk nazioarteko legediari "desafio" egitea egotzi zion Tel Avivi, NBEren eskolak erasotzeagatik, eta Palestinako agintariek eskatuta, gerra krimenak ikertzeko batzorde berezia osatu berri zuen. William Schabas], nazioarteko legedian aditua zen Kanadako irakaslea izango zen taldeko burua eta harekin batera arituko zen Doudou Diene senegaldarra, lehendik ere NBErentzako lanean aritu izan zena, giza eskubideen urraketak aztertzen. Hamaseko eledun Sami Abu Zuhrik txalotu egin zuen NBEren erabakia, eta "lehenbailehen" lanean hasteko eskatu zuen. Israelek, ordea, "erabakia hartuta" izatea egotzi zion NBEko Giza Eskubideen Batzordeari, eta ikerketa "iruzurra" zela salatu zuen[64].

Abuztuaren 15ean, Catherine Ashton diplomazia europarraren buruak adierazi zuenez, Europar Batasunak Egiptok Gazako gatazkan bitartekotza egitea babesten zuen. EBren esanetan, lurralde palestinar horretarako sarbideak berrirekitzeko ahaleginak babestuko zituen, israeldarren segurtasuna bermatuta zegoen bitartean[65].

Herrialdeen erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztailaren 6an, Alemania Alemaniako kantziler Angela Merkelek Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri deitu zion, eta Israel Gazari egiten ari zitzaion erasoa gaitzetsi zuen.[66].

Uztailaren 10ean, Errusia Errusiako lehendakari Vladimir Putin ere harremanetan jarri zen Netanyahurekin, operazioa gelditzea eskatzeko. Putinek esan zuen telefonozko solasaldia Israelgo lehen ministroak eskatu zuela.[67].

Uztailaren 10ean, Txile Txileko Gobernuak Israelen erasoak arbuiatu zituen, eta bere kezka sakonak adierazi zituen, Ekialde Hurbilean indarkeria gorantz ari zela eta. Atzerriko Arazoetako ministroa Israelen bonbardaketez kexatu zen, biktima asko utzi zituelako, batez ere umeak.[68].

Uztailaren 11ean, KolonbiaKolonbiako Kanpoko Erlazio Ministerioak deklarazio bat egin zuen Israelgo estatuaren kontra egon diren eraso terroristak salatuz, Hegi Babesgarria Operazioa amaitzeko ere eskatu zuen operazioa ez handitzeko.[69].

Uztailaren 13ean, Ameriketako Estatu Batuak Estatu Batuetako lehendakari Barack Obamak adierazi zuen prest zela gatazka bukatzeko erraztasunak emateko, eta Israeli erasotzen bazioten hark bere herrialdea babestu behar zuela. Era berean, Gazaren erasoak gaitzetsi zituen.[44]. Egiptok Gazarekin zeukan muga ireki zuen hango zaurituei laguntzeko.

Uztailaren 13an, Erresuma Batua Erresuma Batuko Atzerri Arazoetarako ministroak esan zuen Gazatik egiten zituzten misil erasoak jasangaitzak zirela, eta Israelek bere burua eraso horietatik babestu behar duela. Lehenago Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek esana zuen Israelen alde egiten zutela baldintzarik gabe.[70].

Uztailaren 13an, Vatikano Hiria Vatikano hiriko Frantsisko aita santuak Operazioaren amaiera eskatu zuen bakea berreskuratzen saiatzeko.[71].

Uztailaren 14ean, Mexiko Mexikoko gobernuak komunikatu bat egin zuen bere «kezka sakona» adieraziz gatazkan erabilitako indarkeriarengatik. Israelek Gazan egindako erasoak salatu zituen eta Operazioa bukatzea eskatu zuten..[72]

Uztailaren 16an, Ekuador Ekuadoreko Kanpoko Erlazio Ministerioak egindako komunikatu batean Israelek Gazaren gainean egindako erasoak salatu zituen, erasoak «desproportzionatuak» zirela esanez eta agresio mota hori Gazatik ataretzeko eskatuz.[73].

Uztailaren 22an, Ameriketako Estatu Batuak John Kerry AEBko Estatu idazkariak esan zuenez, Gazan su-etena lortzeko esparru bakarra Egiptok egindako proposamena zen, eta Hamas mugimendu palestinarri proposamena onartzeko eskatu zion.[74].

Uztailaren 25ean, Frantzia Parisen, berriz, nazioarteko atzerri ministroak bildu ziren Israel eta Hamasen arteko su-eten mugagabea bultzatu asmoz. AEBetako Gobernuak proposatu zuen zazpi eguneko su-eten bat adostea eta epe hori elkarrizketak hastea. Israelek, ordea, atzera bota zuen egitasmoa. Dena den, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak nabarmendu zuen "terminologia" zela akordioa lortzeko arazo nagusia, eta baikor agertu zen[75].

Uztailaren 27an, AEBetako presidente Barack Obamak ere oso antzeko eskaera egin zuen, bi aldeei gatazka amaitzea galdeginez. Nazioarteko erakundeak ez bezala, ordea, Obamak Hamasen erasoak gaitzetsi zituen[76].

Uztailaren 30ean, Kanada Kanadako lehen ministro Stephen Harperrek Hamasi egotzi zion Gazan gertatzen ari zenaren "erantzukizun osoa". NBEko giza eskubideetarako mandatariak, Navi Pillayk, gaitzetsi egin zuen Washingtonen jarrera, eta salatu zuen Barack Obamaren gobernuak Israeli koheteen aurkako ezkutu bat eraikitzeko milaka milioiko laguntza eman zion artean, ez zuela ezer egiten Gazako zibilak babesteko[77].

Uztailaren 31ean, AEBetako ordezkariek ezohiko kritikak egin zizkioten Israeli, baina ongi kalkulatutako anbiguotasun batekin, Israelekiko zuzeneko erreferentziak eta akusazioak saihestuta. Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak pixka bat gehiago gogortu zituen kritika horiek, eta adierazi zuen «zalantza gutxi» zituztela baieztatzeko Israelek egin ziola tiro UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko eskola bati[31].

Abuztuaren 1ean, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak, berriz, Hamasi egotzi dio "su-etenaren urraketa lazgarria". Horrekin batera, "desagertuta" dagoen soldadua "berehala" aske uzteko eskatu zuen[78].

Abuztuaren 3an, AEBko Gobernuak "izugarritzat" jo zuen Israelek NBEko eskola baten kontra egindako erasoa eta zibilen heriotza saihesteko ahalegin handiagoa egin behar zuela adierazi zuen. Estatu Departamentuak oharra kaleratu zuen eta bertan zoritxarreko erasoa izan zela nabarmendu zuenez. AEBko Gobernuak azpimarratu zuenez, "eskolaren koordenadak hainbat alditan jakinarazi zaizkio Israelgo Armadari".[79].

Abuztuaren 4ean, Espainia Israeli armak saltzeari utzi zion Espainiako Gobernuak. Honenbestez, Israelera armamentuaren esportazioa bertan behera utzi zuen Exekutiboak[80].

Abuztuaren 5ean, Sayeeda Warsio Erresuma Batuko Atzerri estatu idazkariak dimisioa eman zuen, Londresko Gobernuak Gazako sarraskien aurrean erakutsitako jarrera zela eta. Izan ere, "zibil errugabeen sarraskiak" galarazteko esku hartzea eskatzen zion Exekutiboari[81].

Abuztuaren 13an, epe luzera su-eten "iraunkorra" lortzeko saiakeran aurrera egiteko eskatu zion Barack Obama AEBko presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari[82].

Abuztuaren 13an, epe luzera su-eten "iraunkorra" lortzeko saiakeran aurrera egiteko eskatu zion Barack Obama AEBko presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari[83].

Abuztuaren 14ean, Gazako erasoa zela eta, AEBetako Gobernuak zorrotzago aztertuko zuela Israeli ematen zion material militarra iragarri zuen. Marie Harf Estatu Departamentuko bozeramaileak garrantzia kendu nahi izan zion erabakiari[84].

Abuztuaren 15ean, Carl Bildt Suediako Atzerriko Arazoetarako ministroak esan zuen Gazarako blokeoarekin amaitzeko "nazioarteko mekanismo bat da beharrezkoa, armak hor sartzen ez direla kontrolatzeko, Israelen aurka erabiltzen ez direla kontrolpean izateko"[85].

Egun berean, Catherine Ashton diplomazia europarraren buruak adierazi zuenez, Europar Batasunak Egiptok Gazako gatazkan bitartekotza egitea babesten zuen. EB, bere esanetan, lurralde palestinar horretarako sarbideak berrirekitzeko ahaleginak babestuko zituen, israeldarren segurtasuna bermatuta zegoen bitartean[86].

Abuztuaren 19an, su-etenaren hausturaren ondorioz, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua "oso kezkatuta" agertu zen eta Hamas talde islamistari bota zion guztiaren errua, Gazako Zerrendatik suziriak jaurtitzeagatik[87].

Abuztuaren 26an, AEBetako Gobernuak ere ontzat jo zuen akordioa, eta baldintzak zorrotz betetzeko eskatu zien alde guztiei. Egiptoko Gobernuko ordezkari bat zuhurrago mintzatu zen, eta zetorren hilabetea «proba» bat izango zela esan zuen, batez ere palestinarrentzat.[88].

Euskal Herriko erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko uztailaren 15ean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Israelen erasoa salatu zuten. Aho batez adostu zuten adierazpen instituzionala, zeinetan eskatzen zitzaion Israeli utz zitzala palestinar herriaren aurka egiten ari zen erasoa, eta nazioarteari eraso hori amai dadin presioa egin zezala. Gogor salatu zuen, orobat, Donosti Cupera etorri zen palestinar haurren taldeko kide bat hil zutela bonbardaketa batean bere sendiarekin batera, Donostiara etortzeko handik ateratzea galarazi eta gero. Aho batez, EH Bildu, EAJ, PSE eta PPko batzarkideek onartu zuten adierazpena.[89]

Uztailaren 16an, Arabako Biltzar Nagusiek ere Gazaren aurkako erasoak berehala gelditzeko eskatu zuten adierazpen ofizial batean. EH Bilduk aurkeztu zuen proposamena; horretan salatu zuten erasoak «proportzionaltasun, zuhurtzia eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketa printzipioak» urratzen zituela.[89] Euskal Herria-Palestina Sareak martxa bat egin zuen Gasteizen, Interbentzio sionistaren aurrean, Palestina aurrera, Euskal Herria kalera goiburuarekin. Andre Maria Zuriaren plazatik Mendizorrotzeko pabiloiraino izan zuen ibilbidea, joaldunek lagunduta. Helmuga hori zuen, Mendizorrotzean kontzertua egitekoa baitzen Noa abeslari israeldarra, Gasteizko 38. Jazzaldian.[90]

Uztailaren 15etik 20ra bitartean, hainbat mobilizazio prestatu zituzten eragile ugarik. Uztailaren 17an, ehunka lagun atera ziren kalera. Besteak beste, Bilbon, Iruñean eta Donostian elkarretaratzeak zein manifestazioak egin zituzten. Iruñean, Askapena eta Internazionalistak Auzolanean erakundeek antolatu zuten martxa. Hiriburuetan ez ezik, Tolosan, Errenterian, Ermuan eta Euskal Herriko beste hainbat herritan ere kalera atera ziren.[91]

Uztailaren 18an, Gazara baliabideak bidaltzeko eskatu zuen EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Israelen erasoaldiaren aurka, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion adierazpen publiko bat egin zezala, eta eten zitzala erakunde harreman guztiak.[92].

Abuztuaren 2an, Gazan gertatzen ari zenaren inguruan «errealitate distortsionatua» ikustea leporatu zion Israelek Madrilen zeukan enbaxadoreak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari. Foru Gobernuak Gazako erasoaren aurkako adierazpen bat argitaratu zuen, Israeli nazioarteko legedia urratzea egotzita[93].

Abuztuaren 8an, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak Gazarekiko elkartasun kanpaina bat abiatu zuten; izan ere, anestesia makina bat erosteko eta Palestinako ospitale batera bildatzeko beharrezko dirua lortu nahi zuten. Bilbon, bitartean, Bildu haserre azaldu zen, koalizioak Udalean duen leihoan jarritako Palestinako bandera kendu behar izan zutelako[94].

Abuztuaren 9an, Bilboko Guggenheim museoaren parean elkarretaratzea egin zuten eguerdian hainbat lagunek, Israel Gazan egiten ari zen erasoaldia salatzeko. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten Israelekin dituen harremanak hauts zitzan. Israel genozida eta Palestina askatu leloak atera zituzten mobilizazioan[95].

Abuztuaren 28an, Josu Juaristi EH Bilduren europarlamentariak Europako ezkerraren taldearen (GUE-NGL) ordezkaritzarekin batera zetorren astean Palestinara bidaia egingo zuela adierazi zuten[96].

Saskibaloizaleen taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 5ean, Indar Baskonia, Sang Cule eta Dracs 1991 (Bartzelona), Demencia eta Impresentables (Tuenti Móvil Estudiantes), Zona Norte (Rio Natura Monbus Obradoiro), Zona Roja (Bruixa d'Or Manresa) eta Fuenlabrada Blues (Fuenlabrada) taldeek eskatu zuten, Euroligari helaraziko zioten manifestu batean, Maccabi Electra Tel Aviv Europako txapelketatik kanporatzeko, Israeleko armadak azken asteetan burututako bonbardaketengatik zigortzeko helburuarekin[97].

Gobernuz Kanpoko Erakundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 11ean, Turkiako GKE batek iragarri zuen giza laguntzako flotilla bat bidaliko zuela Gazara. Israelek Gazari ezarritako blokeoa gainditzen ahaleginduko ziren. Giza Laguntzarako Fundazioak eta Askatasun Flotillaren Koalizioak antolatu dute flotilla. 2010ean egin zuten lehen saioa, baina Israelek eraso egin zion Marvi Marmara ontziari, eta bederatzi ekintzaile hil zituen. Nazioarteak gogor salatu zuen erasoaldia[98].

Gastu ekonomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegi Babesgarria azken urteotako gerra garestiena izan zen Israelentzat. Haaretzen arabera, eguneko 60 milioi dolar (45 milioi euro inguru) kostatzen zitzaion armadari Gaza bonbardatzea; denera, 2.500 milioi dolar, 2006ko Libanoko gerra baino gehiago[39].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Erasoak Gazan», Berria, 2014-07-09.
  2. «'Udako euritetik' 'Hegi babesgarrira', hiru inbasio Gazan», Berria, 2014-07-19.
  3. (Ingelesez) http://www.timesofisrael.com/for-israel-in-gaza-a-delicate-balancing-act/ Times of Israel, 2014-07-08
  4. (Ingelesez) http://www.csmonitor.com/World/Middle-East/2014/0707/Ending-detente-Hamas-takes-responsibility-for-today-s-spike-in-rocket-fire-video CS Monitor, 2014-07-07.
  5. (Ingelesez) http://www.idfblog.com/blog/2014/06/28/live-updates-gaza-terrorists-fire-rockets-israel/ IDF Blog, 2014-07-08
  6. http://english.wafa.ps/index.php?action=detail&id=25784
  7.   Velte, Samara (2014-07-08) «Zabalduz doan pitzadura» Berria .
  8. «Suntsitutako Zerrenda berreraikitzeko lanei ekin die Palestinak», EiTB, 2014-08-27
  9. «Netanyahu Estatu palestinarra onartzeko prest dagoela esan du Abbasek», EiTB, 2014-08-28
  10. «Israel: 'Netanyahuk ez ditu onartu 1967ko mugak», EiTB, 2014-08-29
  11. «20», Berria, 2014-08-29
  12. «Palestinarentzat 1967ko mugak onartu zituela ukatu egin du Netanyahuk», Berria, 2014-08-30
  13. «9.000», Berria, 2014-09-04
  14. «Israelek Gazan sartzea eragotzi die Josu Juaristiri eta beste zenbait eurodiputaturi», Argia, 2014-09-04
  15. «Palestina eta Israelgo eragileekin bildu dira GUE/NGLko europarlamentariak», Naiz, 2014-09-05
  16. «551», Berria, 2014-09-11
  17. «Gaza berreraikitzeko akordioa lortu dute Israelek eta Palestinak», EiTB, 2014-09-16
  18. «Gaza berreraikitzeko plan bat aurkeztu du Palestinako Gobernuak», Berria, 2014-10-02
  19. «Gipuzkoan 32.040 euro bildu dituzte Palestinarako anestesia makina bat erosteko», Berria, 2014-10-02
  20. «3.150», Berria, 2014-10-03
  21. «EBk eta AEBk 617 milioi euro emango dituzte Gaza berreraikitzeko», EiTB, 2014-10-12
  22. «4.275 milioi euro bildu dituzte Gaza berreraikitzeko», EiTB, 2014-10-12
  23. «18.000 palestinarrek utzi dute etxea, Israelek lurreko erasoa hasi ondoren», Berria, 2014-07-19
  24. «Lau palestinar hil eta hamar zauritu dira Gazako azken bonbardaketetan», EiTB, 2014-08-09
  25. «Mahmud Abbasek hiru dolu egun izendatu ditu Palestinan», EiTB, 2014-07-20
  26.   EiTB (2014-07-25) 800 hildako baino gehiago eta 5.000 zauritutik gora, Gazan .
  27. http://www.eitb.com/eu/albisteak/mundua/osoa/2441122/israel-sueterna--bertan-behera-palestinarrek-25-kohete-jaurtita/ EiTB, 2014-07-27
  28. a b http://www.eitb.com/eu/albisteak/mundua/osoa/2442556/gaza--segurtasun-kontseiluak-baldintzarik-gabeko-suetena-eskatu-du/ EiTB, 2014-07-28
  29. «Gutxienez 17 pertsona hil dira, Gazako merkatu batean izandako erasoan», EiTB, 2014-07-30
  30. «Su-eten humanitarioa ezarri arren, erasoak egiten jarraitu du Israelek», Berria, 2014-07-30
  31. a b c «NBEk AEBak salatu ditu, Israeli Gazako erasoaldian laguntzeagatik», Berria, 2014-08-01
  32. a b «Gazan osasun hondamendia daukatela uste du NBEk», EiTB, 2014-08-03
  33. «Isiltasuna eta hondamena Gazan, su-etenaren aurreneko egunean», EiTB, 2014-08-05
  34. «Israeldarrak eta palestinarrak berriz negoziatzen hasi dira Kairon», EiTB, 2014-08-11
  35. «Israelek su-etenari eusteko eskakizunak aurkeztu ditu», EiTB, 2014-08-18
  36. «Palestinarrek eta israeldarrek 24 orduz luzatuko dute su etena», EiTB, 2014-08-18
  37. «Israelek Hamaseko hiru buruzagi hil ditu», EiTB, 2014-08-21
  38. Samara Velte, «Tiroak tiroen truke», Berria, 2014-08-22
  39. a b c Samara Velte, «Haniyeh: «Ez dugu onartuko blokeoa amaitzea baino gutxiago»», Berria, 2014-08-23
  40. Xabin Makazaga, «Israelen drone bat bota ostean, palestinarrei armak agindu dizkie Iranek», Berria, 2014-08-26
  41. «Israelek eta Palestinak su-etena adostu dute», EiTB, 2014-08-26
  42. «Gazako Lerroko gatazka odoltsua, zifretan», EiTB, 2014-08-27
  43.   «Esku hartzeko eskatu dio Abbasek nazioarteari» Berria 2014-07-08 .
  44. a b «Nazioartearen babesa eskatu dute Abbasek eta Arabiar Ligak», Berria, 2014-07-14.
  45. «Gazako lurreko operazioa gelditzeko eskatu dio Abasek Israeli», EiTB, 2014-071-18.
  46. http://www.berria.eus/albisteak/94353/mahmud_abbas_izango_da_negoziazioetan_palestinako_ordezkaritzako_burua.htm Berria, 2014-07-28
  47. «100 hildakotik gora Gazan, erasoaldia hasi zenetik egunik odoltsuenean», EiTB, 2014-07-29
  48. Arantxa ELIZEGI, «Su-etena bertan behera utzi eta gutxienez 70 palestinar hil ditu Israelek», Berria, 2014-08-01
  49. a b «Beste su-eten odoltsu bat Gazan», EiTB, 2014-08-01
  50. «Hamasen mezuak zabaltzea leporatu dio Israelek TVEko berriemaile bati», EiTB, 2014-08-01
  51. Samara VELTE, «Alde bakarreko erabakiz, tropak Gazatik ateratzen hasi da Israel», Berria, 2014-08-03
  52. «Israelek 8 urteko haur bat hil du, menia indarrean dela», Berria, 2014-08-04
  53. «Israel Nazioarteko Zigor Auzitegira eramatearekin ados dago da Hamas», Berria, 2014-08-24
  54. «Gazaren kontrako erasoak irailera arte iraungo du, esan du Netanyahuk», EiTB, 2014-08-24
  55. Samara Velte, «Gazan su-eten mugagabea ezartzea onartu dute Hamasek eta Israelek», Berria, 2014-08-27
  56. «Gazaren kontrako operazioa arrakastatsua izan da, Netanyahuren iritziz», EiTB, 2014-08-27
  57. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Kerry-BanEITB20140722 izeneko erreferentziarako
  58. «Gazan indarkeria 'berehala' amaitzeko eskatu du Europar Batasunak», EiTB, 2014-08-03
  59. «Israeli kritika, NBEko eskola baten kontrako eraso berri baten ondoren», EiTB, 2014-08-03
  60. «400 ume hil ditu Israelek Gazan, eta 2.500 zauritu», EiTB, 2014-08-05
  61. «400 ume hil ditu Israelek Gazan, eta 2.500 zauritu», EiTB, 2014-08-05
  62. «Israelek berriz bonbardatu du Gaza, su-etena amaitu eta gero», EiTB, 2014-08-08
  63. «Gaza berreraikitzeko emaileen konferentzia egingo dute irailean», Berria, 2014-08-11
  64. «Gazako gerra krimenak ikertuko dituen batzordea izendatu du NBEk», Berria, 2014-08-12
  65. «EB, Gazarako sarbideak berrirekitzeko ahaleginak babesteko prest», EiTB, 2014-08-15
  66. (Ingelesez) David SHAMAH: «Hamas rockets reach the north, Abbas charges Israel with genocide», The Times of Israel, 2014-07-06
  67. (Ingelesez) «Putin urges Netanyahu to stop armed standoff in southern Israel», ITAR-TASS, 2014-07-10.
  68. (Ingelesez) «Chile condemns Israeli attacks on Gaza», La Info, 2014-07-10.
  69.    .
  70. (Gaztelaniaz) «Reino Unido expresa su apoyo a ataques de Israel contra Gaza», HispanTV, 2014-07-13.
  71.    .
  72.    .
  73.    .
  74. «Kerry eta Ban Ki-moon, su-etena lortu nahian», EiTB, 2014-07-22.
  75. http://www.berria.eus/albisteak/94262/indarrean_da_hamabi_orduko_su_eten_humanitarioa.htm Berria, 2014-07-26
  76. http://www.berria.eus/albisteak/94353/mahmud_abbas_izango_da_negoziazioetan_palestinako_ordezkaritzako_burua.htm Berria, 2014-07-28
  77. «Nazioarteko legediari "desafio" egitea egotzi dio NBEko giza eskubideen ordezkariak Israeli», Berria, 2014-07-31
  78. Arantxa ELIZEGI, «Su-etena bertan behera utzi eta gutxienez 70 palestinar hil ditu Israelek», Berria, 2014-08-01
  79. «Israeli kritika, NBEko eskola baten kontrako eraso berri baten ondoren», EiTB, 2014-08-03
  80. «Israelek eta Palestinako miliziek 72 orduko su-etena onartu dute», EiTB, 2014-08-04
  81. «400 ume hil ditu Israelek Gazan, eta 2.500 zauritu», EiTB, 2014-08-05
  82. «Israelek eta palestinarrek bost eguneko beste su-eten bat adostu dute», EiTB, 2014-08-13
  83. «Israelek eta palestinarrek bost eguneko beste su-eten bat adostu dute», EiTB, 2014-08-13
  84. «AEBek zorrotzago kontrolatuko dituzte Israelera igortzen dituzten armak», Berria, 2014-08-15
  85. «EB, Gazarako sarbideak berrirekitzeko ahaleginak babesteko prest», EiTB, 2014-08-15
  86. «EB, Gazarako sarbideak berrirekitzeko ahaleginak babesteko prest», EiTB, 2014-08-15
  87. «22 palestinar hil ditu Israelek Gazan su-etenak porrot egin ondoren», EiTB, 2014-08-19
  88. Samara Velte, «Gazan su-eten mugagabea ezartzea onartu dute Hamasek eta Israelek», Berria, 2014-08-27
  89. a b «Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Arabako Biltzar Nagusiek Gazako erasoa salatu dute», Berria, 2014-07-16.
  90. «Noa abeslari israeldarrari protestan, Gasteizen», Berria, 2014-07-17.
  91. «Jendetza bildu da mobilizazioetan, Israelen erasoa salatzeko», Berria, 2014-07-17.
  92. «Gazara baliabideak bidaltzeko eskatu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean», Berria, 2014-07-18
  93. «Gogor erantzun dio Israelgo enbaxadak Gipuzkoari», Berria, 2014-08-03
  94. «Donostiak eta Gipuzkoak Gazarekiko elkartasun kanpaina bat abiatu dute», EiTN, 2014-08-08
  95. «Israelekin dituen harremanak bertan behera uzteko eskatu diote Jaurlaritzari Bilbon», Berria, 2014-08-09
  96. «Palestinara bidaiatuko du Josu Juaristik Gazako egoera ezagutzeko», EiTB, 2014-08-28
  97. «Maccabi Euroligatik kanporatzeko eskatu du Indar Baskoniak», EiTB, 2014-08-05
  98. «Turkiako GKE batek iragarri du giza laguntzako flotilla bat bidaliko duela Gazara», Berria, 2014-08-11