Edukira joan

Zorrotzaurre edo Deustuko Erribera

Koordenatuak: 43°16′16″N 2°57′47″W / 43.271181°N 2.962978°W / 43.271181; -2.962978
Wikipedia, Entziklopedia askea
Zorrotzaurre» orritik birbideratua)

Zorrotzaurre edo Deustuko Erribera
auzoa
Administrazioa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
Bizkaiko eskualdeaBilboaldea
UdalerriaBilbo
Bilboren banaketa administratiboaDeustu
AuzoDeustuko Doneperiaga
Geografia
Koordenatuak43°16′16″N 2°57′47″W / 43.271181°N 2.962978°W / 43.271181; -2.962978
Map
Azalera0,6014 km²
Demografia
Biztanleria388 (2023)
425 (2020)
Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragileaAdierazpen errorea: Hitz ezezaguna "br" (2020)
Dentsitatea645 bizt/km²

Zorrotzaurre edo Deustuko Erribera Bilboko itsasadarrean dagoen uharte artifizial bat da[1]. Lehenago, Bilboko gune industrial bat zen. Deustuko barrutiaren barruan dago, Bilbo iparraldean. Guztira, 700.000 metro koadroko azalera ditu, eta bertako industria eraitsi ostean, 500 biztanle baino gutxiago. Hala ere, etorkizunean Bilbon izango duen hedatzeko lekurik handienetako bat izango da, bertan garatzen ari den proiektuaren ondorioz.

Deustuko ubidearen eraikuntzarekin Deustuko San Pedrori loturik zegoen penintsulan bilakatu zen XX. mendean. Ondoren, XXI. mendean, uharte bilakatu zuten balizko uholdeei aurre egiteko asmoz, kanala guztiz zabaldu ostean.

Izenaren inguruko eztabaida

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Auzoaren izena Erribera dela aldarrikatu eta Manhattan proiektua ukatzen duen kartela.

Zorrotzaurre edo Deustuko Erribera izenaren inguruan eztabaida dago. Begirada historikoa ematen badiogu itsasadarrean dagoen leku honi, 1925 urtea arte Deustu udalerriaren barne zegoen. Garaian, Deustuko itsasadarra hiru zatitan banatua zen: Zorrotzaurreko Erribera, Deustuko Erribera eta Botika Zaharreko Erribera. Zonalde horietarik bi industrialak ziren (XIX eta XX mendeetan) eta bestea, aldiz, auzo bizitzakoa.

Dena dela, mende amaieraz geroztik udalak diseinatutako hiri-proiektu handiarekin batera, zonaldeari izen berria jartzea erabaki zuten. Izan ere, penintsula izenaren azken zatia, hots, «Zorrotzaurre» deitzen zitzaiona (Zorrotza aurrean delako), auzo guztiarentzako erabiltzea erabaki zen. Proiektuaren propagandarekin batera, «Zorrotzaurre» izena asko hedatu zen eta jende gehienek horrela izendatzen dute garaian izan zen Deustuko Erribera lekua.

Bertako biztanleekin izenaren eta proiektuaren inguruan eztabaidak izan dira eta segitzen dute oraindik, desadostasun asko direlako Deustuko Ibarraren edo Zorrotzaurreren etorkizunaren inguruan.

Zorrotzaurre eta Deustuko Erribera Bilbon

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zorrotzaurreren kokapena (gorriz) Deustu barrutian (urdinez) eta Bilbon (berdez).

Zorrotzaurre edo Deustuko Erribera Bilboko iparraldean dago, Bilboko itsasadarraren erdian eraikitako uharte batean. Lehenago, itsasadarraren eskuinaldeko erribera ziren lurretan eraikia dago. Deustu barrutian dagoen eremua da, eta auzoa ere Deustuko Doneperiaga da administrazio aldetik. Errekaren beste aldean Olabeaga eta Zorrotza auzoak ditu. Kanalaren beste aldean Sarriko eta San Ignazio auzoak. 467.000 metro koadrotik gora dituen eremua da, guztiz laua.

Bilbo osoa bezala, Eusko-kantauriar arroan dago uhartea, Bilboko antiklinorioaren iparraldean, Bizkaiko sinklinorioaren mugatik gertu. Azpian dauden batzuk Kretazeokoak dira, Albiar garaikoak, eta euren gainean Kuaternarioko betekinak. Hala ere, arroka gehienak gizakiak sortutako betegarriak dira, bertan zegoen padura lehortu, zuzendu eta betetzearen ondorioz.

Deustuko Erriberak 400 biztanle inguru ditu gaur egun, Bilboko auzoen artean biztanleria txikiena duena auzoa delarik[2]. Zorrotzaurreko demografiaren hazkundea eta beherakada ulertu ahal izateko industrializazio modernoak jokatu duen papera ezagutu behar da. Industrializazio prozesu hori 1876 eta 1930 urteen artean gertatu zen.

Bilboko auzoetako populazioa. Goian, ezkerraldean, berde argiz Zorrotzaurre.
Biztanleak 2016 2017 2018 2019 2020 2021
Gizonak 207 206 205 197 209 206
Emakumeak 215 205 199 206 216 207
Guztira 422 411 404 403 425 413

Garai horretan Deustuko lantegiak, Ibaizabal lantegiak, Artiach eta Bengoetxea anaien lantegia, besteak beste kokatu ziren Erribera. Horrek Deustun eman zen biztanleriaren gorakada eragin zuen. 1900 eta 1920 urteen artean Deustuko biztanleria ia bikoiztu egin zen.[3]

1929an, ubidearen proposamena onetsi zen; hala ere, gerra zibilaren gertutasunak obren hasiera atzeratu zuen. Obrak 1950eko abuztuaren 11an hasi ziren eta ubidearen erabilera 1968an. 38 urtez irekita egon zen 2006an hori itxi zen arte. Ubideak ere biztanlerian eragina eduki zuen. Urte horietan zehar Erribera zonalde industriala bihurtu zen guztiz. Jendea bertatik joan behar izan zen dekadentzia suposatu baitzuen auzoko herritarrentzat.

Beste auzoekin alderaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2021ean 413 pertsona zeuden Zorrotzaurren erroldaturik. Bilboko udalak eskaintzen duen. Gaur egun, Deustuko distritua populatuenetarikoa da, baina Erriberan bizi direnak gutxiengoa dira. Izan ere, Deustuko San Pedro, Ibarrekolanda eta San Inaziok bereganatzen dute biztanleriaren gehiengoa. Zorrotzaurreren biztanleriak, ordea, oso errepresentazio txikia dauka distritu horretan.[2]

Adina 2016 2017 2018 2019 2020 2021
0-20 72 68 71 63 68 76
21-40 123 117 105 117 130 114
41-60 144 153 151 147 145 145
61-80 60 56 63 64 68 72
81-100 23 17 14 12 14 13

Adin tarteei dagokienez, Erribera auzo gaztea da. Deustuko gainontzeko auzoekin alderatuz, jende gaztearen ehuneko altuena dauka Erriberak. Deustuko San Pedron 0-40 arteko jendeak %37,27 adierazten du, Arangoitin %40.25 eta Erriberan aldiz, %45,24, ia biztanleriaren erdia. 25 urtetik beherakoak hartzen baditugu (%20,34) ere, Deustuko San Pedron baino gehiago dira (%19,19). Jende nagusia alderatzen badugu alderantziz azaltzen da, Erriberan aurkituko dugu nagusien ehunekorik txikiena. Deustuko San Pedron, 61-100 adin tartean, %35,31 azaltzen da, Arangoitin %28.9 eta Erriberan aldiz, %20,24. Hori jakinda, lehen esan bezala, Erribera auzo gaztea dela ikus dezakegu[4].

Migratzaileak 2019 2020 2021
Gizonak 16 23 22
Emakumeak 20 24 24

Migratzaileei dagokienez, Deustuko beste auzo batzuekin alderatuz, Erriberako ehunekoa bataz bestekoaren gainetik dago. Arangoiti eta gero Erribera da migratzaileen ehuneko handiena duen Deustuko auzoa. Deustuko San Pedron %7,63 dira migratzaileak eta Erriberan aldiz, %11.14. Arangoitin %12,47. Dirudienez, ohikoa da migratzaileak biztanleria txikiko auzoetara mugitzea. Begoña, Gazteleku eta Indautxuko datuekin alderatuz, Erriberako ehunekoa ia bikoitza da. Begoñan %6,95, Gaztelekun %6,31 eta Indautxun %5,44 dira migratzaileak. Erribera Zazpikaleak eta Otxarkoaga bezalako auzoekin nahiko bat dator, %11,86 eta %12,07ko migratzaileen ehunekoa dituzten auzoak baitira.

Deustuko Erribera garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1889an Evaristo Txurrukak egindako maparen xehetasuna. Bertan "Deustuko Erribera" gisa agertzen da Deustutik gertuen dagoen zatia, eta "Vega de Deusto" gisa gerora uhartearen iparraldeko punta izango zena. Hainbat etxe ikus daitezke Deustuko Erriberan. Era berean, Euskalduna zubiaren azpian egindako zuzenketaren proiektua agertzen da.

Zorrotzaurre proiektua jaio baino lehen Deustuko Erribera zegoen. Deustuko Erribera elizatearen[oh 1] ibaiaren irteera naturala eremu hau zen, eta bertan kokatu ziren hainbat industria eta portuari laguntza ematen zioten zerbitzuak. Itsasontzi handiak Zorrotzan geratzen ziren, eta ondoren zirgariek gabarratan igotzen zituzten merkantziak ibaian gora[5]. Deustuk, beraz, bi nukleo zituen: bata Deustuko Doneperiaga, eliza, frontoia eta udalaren inguruan, landa-eremua zen; bigarrena, industriala, gaur egungo Zorrotzaurreko eremuan[6].

Lehenago, XVIII. mendean, ontziolen lan eremua izan zen, baina bertan padurak zeuden garai horretan. Gaur egun Sarrikoko EHUren fakultatea dagoen lekuan Zubiria jauregia zegoen, eta euren parean itsasoari lotutako negozioak zeuden. XVIII. mendean Botika Zaharretik Cabras mendira arteko ibai zatian moilak antolatu ziren. Itasadarra zabaldu zen eta zirgarentzako bidea atondu zen[5].

1833an Juan eta Gumersindo Bilbao-Goyoagak belak eta itsas-industriarentzako zerbitzu lagungarriak eskainiko zituen enpresa bat sortzea erabaki zuten, Toldos Bilbao-Goyoaga izenekoa[6]. Beranduago, lehenago marea-errota bat zegoen lekuan instalatu zuten enpresa, gaur egun Frank Gehry zubiaren sarrera dagoen lekuaren inguruan eta ondoan Lemonauria baserria, bizileku[7]. 1852an eskola ireki zen, lehenengo Josefa Etxeberria izeneko emakume etxean eta, 1881 eta 1887 artean, bere eraikin propioan[6].

Deustuko Erribera, 1956

Industrializazio modernoaren prozesuan (1876-1930) industria-kokaleku esanguratsua eratu zen Olabeagan, Zorrotzan eta Deustuko Erriberan. Ordutik aurrera, Erriberan zehar eraiki ziren, Elorrietara iritsi arte, besteak beste: Deustuko Tailerrak, Hodi Forjatuak (Tubos Forjados), Ibaizabal Tailerrak, Artiach, Coromina Industrial. Horiei ontzigintza tradizionala gehitu zitzaien A. Cortadi-ren seme-alabak eta konpainia sozietatea (Sociedad Hijos de A. Cortadi y Compañía), Elias Uresandiren tailerra eta Bengoetxea anaien tailerra. Horren ondorio da Deustun izandako hazkunde demografikoa, 1900 eta 1920 urteen artean populazioa ia bikoiztu egin baitzen.[3]

1908an batzoki bat ere bazegoen auzoan, Deustun euskal abertzaletasunaren aldeko mugimendua baitzegoen. Langile batzuek sortzen zuten zarata zela eta sartutako salaketan aipatzen da Erribera kaleko 83. zenbakian zegoela egoitza hau[6].

Ubidearen proiektua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Deustuko ubidea»
Ubidea irekitzen, 1959. urtean.

1925ean Bilboko Udala eta Portuko Obra Batzordea arduratu ziren Hiriaren Hiri Hedapenerako Planaren (1927-1929) azken proiektua idazteaz. Portu-hiriaren eredua ezarri zen, Buenos Airesko eta Deustuko zubi berriak proiektatu ziren itsasontziei pasatzen laguntzeko mugikor gisa, eta Deustuko zabalgunea aldatu zen Portuko Obra Batzordea Deustuko kanalean sartzeko[8].

1940-1975 aldian, hirigintza- eta industria-funtzioak finkatu ziren Deustuko ibarrean. Industria finkatzen eta instalazioak handitzen joan ziren Botika Zahar-retik Zorrotzaurreraino: Juan Muñoz Mendizabalen Tailerra, "El Tigre", Vicinay Kateak, Zar Tailerrak, Industriak Beta, Saft Nife, Cromoduro, Mefesa, Konsoni eta Lancor. 1948an Done Petri Apostoluaren eliza eraiki zen[9], estilo sinplekoa. Deustuko kanala 1968an gauzatu zen, Zorrotzaurreko penintsula sortuz, garapen hamarkada bati amaiera emanez[10]. Krisi ekonomikoak ekarri zituen ondorio larrien ostean dentsitate handiko industria eta portu-aldeak bizi izan zuten gainbeherari aurre egin nahian 1990eko hamarkadan horien bergaitze eta berregituratze prozesuari ekin zitzaion, besteak beste, Zorrotzaurren. Penintsula den hori uharte bihurtuko delarik, egoitza-funtzioak bete eta hirugarren sektoreko jarduerak hartuko ditu.

Penintsulatik uhartera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zorrotzaurre gaur egun

Zorrotzaurre uharte bihurtu zen XXI. mendeko bigarren hamarkadan ubidea ireki ondoren. XX. mendeko 1970eko hamarkadaren erdialdera arte, industria ugari instalatu ziren inguru horretan. XX. mendeko 80ko hamarkadaren amaieran, degradazio handia zuen eremu bat biziberritzeko plan bati ekiteko ideia hasi zen. Horretarako, Zorrotzaurreko Kudeaketa Batzordea sortu zen 2001ean, espazio hori berroneratu eta Bilboko etorkizuneko zabalgune bihurtzeko.[11]

Zorrotzaurreko Plan Bereziak Zaha Hadid[12] arkitekto irakiarraren master plana garatzen du 2004 urtean, herritarren ekarpenekin. Penintsulako hiri-eremu hori irla bihurtzea proposatu zuen, Deustuko kanala erabat irekita.

Gaur egun dauden industria-ondareen mapa[13]

Hainbat erabilera proposatzen dira hiri-garapen orekatua bultzatzeko, mugikortasuna murrizteko, San Ignazio eta Deustu auzoak kanalera arte luzatzeko, Botika Zaharreko parkearekin lotuko duen erriberako pasealeku batekin. Bi auzo autosufiziente, muturretan eta bien arteko jarduera desberdinetan (etxebizitza, merkataritza, bulegoak, ekipamendu publikoak, parke teknologikoa, aisialdirako guneak), San Pablo eliza bere inguruarekin eta Deustuko Erriberaren ertzeko etxebizitzak zainduz. Erdiko etorbideak espaloi zabalak, bidegorria eta tranbia izango ditu, eta uharte berria barrutik komunikatuko du. Inguruko auzoekiko lotura hiru zubiren bidez ezarriko da, lehenengoa Juan José Arenas ingeniariak proiektatua, beste bat San Ignaziorekin eta beste mugikor bat Zorrotzarekin, itsasontziak Itsas Museoraino errazago igarotzeko.

Zorrotzaurren ekonomiak aldaketa handiak izan ditu azken mendean. Portuari eta industriari lotutako gunea izatetik, desindustrializazio garaian industria-ehun hori guzti hori galtzeraino pasa zen. Ondoren, uharte bilakatzerakoan, kultura- eta zerbitzu-ekonomian zentratu dira bertan proposatu diren proiektuak, nahiz eta oraindik irauten duten lantegi txikiek.

XX. mendeko bilakaera ekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Itsasontzi bat maniobrak egiten Bilboko itsasadarrean. Atzean, Zorrotzaurreko puntan zegoen industria, bere garabi altuekin.
Konsoni Lantegia, industria ondarearen museoa.

XX. mendearen hasieran, Deustuko Erribera Bilboko gune ekonomiko garrantzitsua zen, bai bere aurrean zegoen Euskalduna enpresagatik, uhartean bertan zeudenengatik edo Zorrotzakoei egiten zien zerbitzua zela eta. Deustuko gunean, ordea, baserriak eta baratzeak aurki zitezkeen oraindik. Deustuko tomateak fama handia zuen Bizkaian. Bizkaiko nekazarien artean hain ezaguna zenez, Deustura joaten ziren barietateko landareak erostera. 1960ko hamarkadaren erdialdera, Zorrotzaurre bultzada industrialeko garai batean murgildu zen Bilboko Portuak Deustuko kanala amaitu gabe ireki zuelako. Deustuko kanala egin zen itsasontziei kosta egiten zitzaielako Erriberatik igarotzen zirenean biratzea, eta Zorrotzaurre Bilbotik nahiko aldenduta geratu zen. Egoera horretan, hainbat industria-jarduera finkatu ziren, batez ere kanalaren bi aldeetako portu-jarduerari lotutakoak, bai eta Deustuko Erribera zaharreko beste ekoizpen-erabilera batzuk ere. Hala ere, 1970ko hamarkadako krisi ekonomikoak aurreko industria-garapen osoari eragin zion, eta gainbehera eragin zuen. Industria-jardueraren zati bat bertan behera utzi zen, eta, ondorioz, eraikin eta espazio publiko eta pribatuen zahartzeak bizi-maila murriztu zuen.

Hala ere enpresa askok irekita jarraitzea lortu zuten. Horren adibide dira Artiach, Matricerías Nervión, Vicinay CadenasPapeles Nervión eta Electromecánicas Consonni moduko enpresek, batera urtero 2.5 millioi euro baino gehiago fakturatzen zituztenak[14]. Eta beste hainbat enpresa zeuden aberastasun oso handia sortzen zituztenak, hala nola, Lonas y Toldos Bilbao Goyoaga, Duquesa María, Cromina Industrial, Vulcanizados Zorrozaurre, Cromoduro, Colchón Relax, Praxair, Productos Vulcanizados S.A., Beta S.A., Talleres Zar S.A., Lancor, Metalduro, Abet Laminati, Papelera Nervión, Astilleros Pilpilka, Serrería Fernández,Talleres Molsa, Mármoles Arteaga…. [15] Baina urteak pasa ahala, ingurune industriala izan arren, auzoa saltokirik eta bizitza sozialik gabe geratu zen.

Ekonomia XXI. mendearen hasieran

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zorrozaurreko Marmoleria gaur egun

Mende hasierako gainbeherarekin, oso jarduera komertzial txikia zegoen penintsulan. Okindegia, estankoa, tabernak eta gutxi gehiago. Bertan bizi direnen ekonomia pobrea da, kutsatutako eremu asko daude (eraikin abandonatuen erruz, besteak beste) eta familia askok etxez aldatu behar izan dute. Zorrotzaurreko herritarrek ez dituzte gertu oinarrizko zerbitzu gehienak, eta oso gaizki komunikatuta daude Bilboko gainerako auzoekin (oso garraio publiko gutxi). Hala ere, Rosa Fernandez “La Regeneración de Zorrozaurre: de la maqueta y el debate a la acción” (2022) artikuluan esaten duen bezala[16], azken azterketen arabera (2006ko urria), 133 jarduera ekonomiko zegoen penintsulan, 1.500 lanpostu sortzen zituztenak.

Etorkizuneko bilakaera ekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egoera horren aurrean, Bilboko udalak Zaha Hadid arkitekto irandarrari plan bat eskatu zion[17], auzoa biziberritzeko. Uharte bilakatzeaz gain, bertan hainbat erakunderen bulegoak (BBKrenak), unibertsitateak (Mondragon Unibertsitatea edo EHUk campusak irekiko dituzte) eta espazio kultural egongo dira. Ekonomia kulturan eta zerbitzuetan zentratu nahi da, milaka etxebizitza eraikitzeaz gain.

Azken urteetan, uharteko biztanleak abandonatutako eraikinak zaharberritzen hasi dira, biztanleen beharretara egokituz, zirkoa, zinema-eskolak eta antzerki-eskolak sortuz haien artean. Udalaren proposamena da Zorrotzaurreko eremua aldatzea eta berriro urbanizatzea, “Manhattan” bihurtuz.[18] Bizilagunak Udalak bere etxeak botatzearen kontra daude eta “Erribera bizi” izeneko elkartea sortu dute, inguruko oroimen historikoa gordetzeko.[19]

Ekologia eta ingurumena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zorrotzaurre uhartea bereziki kutsatutako eremu bat da. Industria-jarduerak, itsasadarren kutsadurak eta hormigoiz estalitako lurzoruak aukera gutxi ematen ditu landarediarentzat eta, zer esanik ez, faunarentzat. Hala ere, badago bertan flora eta fauna. Uharte bilakatzeak ere arazoak ekar ditzake etorkizunean, uholde-arriskua existitzen delako.

Elizaren atzean dagoen parkea.
Etxe baten ondoan landatutako palmondoa.

Eremu horretako landaredi potentziala haritzezko basoek (Quercus robur) osatuko lukete, eta hosto-multzo ia osoa hartuko lukete. Gainerako basoak eremu marjinaletara baztertuta geratuko lirateke eta, tenperatura hotzengatik, lehortasun edafikoagatik edo gehiegizko istiltzeagatik, ez dira egokiak haritz kanduduna garatzeko. Haritzaz gain, estuario-eremu izateagatik, itsasadarretik gertu padura-landaredia egongo litzateke. Landaredi mota horrek, abiapuntutzat egoera hobean dauden itsasadarren egoera hartuz gero, ezaugarri bereizgarri nabarmena izango luke, mareen eraginaren arabera. Horrela, marea-eragin handiena duten eremuetan landaredia oso espezializatua eta itxura berezikoa aurkituko genuke, eta aldatu egingo litzateke ibai-afekzioa handitu ahala.

2022ko apirilean, Zorrotzaurreko Plana hasita, Deustuko Erriberan dauden berdeguneak.

Gaur egun, industria- eta hiri-presentzia handiaren ondorioz, egungo landarediak erabat galdu ditu balizko ezaugarriak. Azterketa-eremu ia guztiak ez du inolako landaretzarik, parke batzuk izan ezik. Parke nagusi bakarra dago gaur egun, San Paulo Parrokiatik gertu. Lorategi txikiak ere badaude, batzuk abandonatuta daudenak. Horiek landare-multzo handi eta heterogeneo bat biltzen du, oso antropizatuta dauden inguruneetan bizitzera egokituta daudenak, hala nola bide-ertzetan, hormetan, mugitutako lurretan eta abarretan. Bertan dagoen landaredia substantzia nitrogenatu ugari dituzten inguruneak nahiago dituzten landareek osatzen dute. Formazio pobreak dira espezieetan, natura-balio txikikoa. Hiri-eremuetan dagoen landaredia, joan-etorri handia duena, ingurune humanizatura oso egokituta dagoen landaretza mota bat da. Besteak beste: Polygonum aviculare, Sagina apetala, Amaranthus deflexus, Polycarpon tetraphyllum, Coronopus didymus edo Poa annua. Oso eremu zapalduak badira, espezie ugarienak Plantago sp., Lolium perenne, Bellis perennis eta Trifolium repens dira. Espezie horiez guztiez gain, baratze txikiak eta etxebizitzei lotutako lorategi batzuk aipatu beharko lirateke, zuhaitz-ale exotiko batzuekin, hala nola palmondoekin eta ohikoagoak diren pikondoekin, makalekin edo alboekin.

Itsasadarrean alga bakarra identifikatu da, Blidingia minima. Hala ere, antzeko egoera ematen da itsasadarreko leku gehienetan.

Etorkizuneko zuhaiztiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zorrotzaurreko Irlako proiektuaren baitan aurreikusten diren berdeguneak.

Etorkizuneko uharteko planean hainbat gune berde proposatzen dira. Honakoa izango litzateke zuhaitzen banaketa:

Uso bat Deustuko Erriberako ibai-ertzean.

Fauna oso urria da, landaredia gutxi dagoen eremu kutsatu bati dagokion bezala. Sugandila arrokatsua (Podarcis muralis) izango litzateke eremuan dagoen narrasti bakarra. Badirudi ez dagoela anfibio-espezierik. Ugaztunei dagokienez, eremu horretan dauden espezie bakarrak arratoi arrunta (Rattus norvegicus) eta etxeko sagua (Mus musculus) dira, jendeak dituen katu eta txakurrez gain. Hegaztiak ere badaude, kaio, uso eta ahateekin.

Inguruko faunaren azterketan aintzat hartu den beste datu-iturri bat Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Sailak aldez aurreko kontsulten faseari emandako erantzuna izan da, Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluazioaren prozeduraren barruan. Txostenean adierazten denez, Zorrotzaurreko penintsula musker berdexkaren, baso-igel patilargiaren eta bisoi europarraren Lehentasunezko Banaketa Eremuen barruan badago ere, aztertutako eremuaren hiri-izaera dela eta, baztertu egiten da espezie horien presentzia. Era berean, Biodibertsitateari buruzko txosten horretan, aztertutako eremuan egon daitezkeen espezieen zerrenda orokor bat erantsi da, guztira 131 anfibio, narrasti, hegazti eta ugaztun espezierekin.

Iktiofaunari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko trantsizioko eta kostaldeko uren egoera ekologikoaren jarraipen-sarearen azterketaren barruan Nerbioiko trantsizioko ur-masan egindako azken laginketan, lehen aldiz harrapatu dira Spondyolsoma cantharus (txopa), Scorpaena porcus (kabrarroka beltza) eta Dientex dentex (txelba hortzandi) arrainak.

Itsasadarra behe-marea dagoenean.

Uholdeak berehalako arriskua dira Bilboko hiriarentzat, azken sei mendeetan 39 uholde jasan baititu. Etorkizuneko klimaren ereduak, euri gogorren eta euri-ekaitzen maiztasuna % 10 igoko da Euskal Herrian datozen urteetan. 2050. urtera arte, ibaia egungo emaria baino % 22 altuagoa izango da gehienezko emaria baino. Klima-aldaketaren ondoriozko uholde-arrisku handiagoak gero eta kostu handiagoa izango du hiriarentzat: uholdeen ondorioek % 56,4 gehiago kostatuko zaio hiriari, klima-aldaketa faktore bat izan ez balitz bezala[20]. Itsasadarraren eremu osoa eta Zorrotzaurreko penintsulako eremu batzuk lehentasunezko fluxu-eremuan daude, EAEko arriskugarritasun-mapen eta uholde-arriskuen arabera. Aurreikusitako jarduketak 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua zuten eremuetan eta kanalaren eta Zorrotzuarre puntaren irekiera-gune batzuetan egin ziren[21].

Alderdi horri buruzko lehen dokumentua “Uraren Euskal Agentziaren EAEko Barneko Arroen Biztanleria Guneetako Uholde Guneen Mugaketari buruzko Azterlana” da (2004ko abuztuan argitaratua). Dokumentu horren arabera, Zorrotzaurreko eremua 100 urteko uholde-orbanaren gainean dago, penintsulan 4,3 metroko kota du muturrean eta 5,03koa mendebaldean. Bilbo Metropolitarreko LZPk Uholdeak Prebenitzeko Plan Integralean (1992) oinarrituta planteatutako jarduketetako bat Deustuko kanala irekitzea zen. Jarduera horri dagokionez, hainbat azterlan egin ziren haren eraginari buruz. Azkena, SAITECek 2007ko maiatzean egindako Deustuko Ubidearen Irekieraren Azterlan Hidraulikoa izan zen. Azterlan horren ondorioetan honako hau adierazten da: ubidea irekitzeko sekziorik onena 75 metroko zabalera da, eta uholdeei dagokienez, urbanizazio-kota segurua 5,00 metrokoa da, Zorrotzaurreko eremurako, zabalgunetik gertuen dagoen zatirako, eta +4,70 m-koa Abratik eta Kadaguarekin bat egiten duen gunetik gertuen dagoen zatirako.[22]

Uholdeak ekiditeko Udaletxeak hartutako beste erabakia honakoa izan zen. Babes-elementu gisa, metro bateko altuerako horma inklinatu bat diseinatzea, Deustuko ibaiertz osoa zeharkatuko duena. Gainera, gune horretan bi ekaitz-tanga eraikiko dira, bakoitza 2.100 metro kubikokoa, eta hirugarren depositu bat Elorrietako bihurgunean gainezkatzeak saihesteko. Horrela, birgaitze handiko etxeak eta kontserbatzen diren pabiloi industrialak zainduko dira. Eraikin berriak kota altuagoan eraikiko dira eta desnibelak berdeguneekin leunduko dira.[23]

Honen ondorioz, Equo Berdeakek Zorrotzaurrerako Bilbon diseinatutako hirigintza proiektuan gertatzen ari den "noraeza" kritikatu du, eta ohartarazi du "Nerbioi itsasadarra estutzeak ez dituela aintzat hartzen klima aldaketaren ondorioak eta uholde arriskua areagotzen duela". Horregatik, obrak gelditzeko eskatu du[24].

Lurzoruaren kutsadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainera, Zorrotzaurreko industria-kokalekuen kalitateari buruzko hainbat azterlan egin dira; horien artean, KIMAR Consultores Ambientales SL enpresak egindako azterlana (2004ko iraila) eta Dinam enpresak egindako eguneratzea nabarmendu behar dira. Alde horretatik, azpimarratu behar da lursailen jabeen betebeharra dela eskatutako VIE-B mailara arteko deskontaminazioa, eta, beraz, urbanizazio-proiektua idazterakoan kontuan hartu beharreko afekzioak baliogabetzat jotzen dira. Urbanizazio-proiektuaren esparruan, lurzoru kutsatuak hondeatzeko plan bat egin behar da, urbanizazio-obren aurretik karakterizatu beharko baitira. Hau da, proiektua idazteko hipotesia da lurzoruak ez daudela kutsatuta eta ez dela beharrezkoa inolako protokolo espezifikorik horri dagokionez.[22][25]

Etorkizuneko proiektua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadan izandako krisialdi azkarraren ondorioz, irlan zeuden eraikin asko alde batera utzi ziren eta industrializazioa guztiz apaldu zen. Horren aurrean, Bilboko udaletxeak 1995. urtetik aurrera Hiri Antolamendu Plan Orokorra[26] plantan jartzea erabaki zuen, irla industria gune zaharkitutik bizitoki erakargarrira pasarazteko nahian.

Horretarako, Zaha Hadid britainiar-irakiar arkitekto famatuaren bitartez,  Master Plan[12] baten diseinatzen utzi zioten eta “Zorrotzaurreko proiektua” behin betiko martxan hasi zen. Bertan zauden enpresak Bilboko kanpoaldeko portura eraman dituzte (edo beste lekuren batera), eta Deustuko ubideko ontzien trafikoa, itxi egin zuten. 2004. urtetan, proiektuaren lehen emaitzak argitaratu ziren, baina aldaketa pare bat jaso zituenez, 2007an etorkizuneko irla horren lehen aldaketak egiten hasi ziren. Hasieran Zorrotzaurre uharte bilakatzea pentsatu zen eta gero proiektua aldatu zen eta penintsula moduan jarraitzea erabaki zen. 2014ko maiatzaren 14an Zorrotzaurre penintsula uharte bilakatzeko lanei ekin zitzaien, hauek amaitzeko 16 hilabeteko epea ezarri zelarik. Atzerapen handiekin eta arazoak arazo, Zorrotzaurre uharte bihurtu zen 2018ko irailaren 26an[27].

Udaletxearen eta Zaha Hadiden planoen eremuen antolakuntza xedea

Harrera gaitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalera handiko uhartea denez, birsorkuntza plan hori konplexu zein anbiziotsua da. Izan ere, auzotarrekin gatazka edo ez-adostasunak[28] [29] izan dira islaren ber-moldatzearen inguruan. Eztabaidek oraindik segitzen dute eta auzotarren mobilizazioa nabarmena da. Erakunde publikoek, irlaren bi herena daukate eta gainerakoa pribatua da.  Zaha Hadidek eraikitako planoaren arabera, 5.473 etxebizitza[30] kopurua aurreikusten da (baina azken berrien arabera gaitasun hori emendatzeko asmoa dute 5.600 etxebizitzetara) , dentsitate ertain eta altuak erabiliz. Honi loturik, gune berde gehiago izateko eskaera izan zenez, etxebizitza blokeen eraikigarraitsuna eraikin altuagoetan bildu zen. 5.473ko kopuru horretan, 2.747 etxebizitzek prezio finkatua dute (hots, babes ofizialeko etxebizitzak dira)  eta 2.726 prezio librea. Zorrotzaurreko Proiektuaren webgune ofizialean jadanik salgai edo erreserbatu daitezke pisu batzuk. Gunea hiru zatitan banatuko da, gune bakoitzak erabilera ezberdinak izango dituelarik. Erdialdeko gunean, parke handi bat izango da eta Euskal Herriko Unibertsitatearen campus berriak egongo dira bertan besteak beste.

Master Planaren aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Master Planaren eraikitzen aurreikustepan (2019)

Hasieran, uhartea Bilborekin lotzeko 12 zubi txiki egitea proposatu zen, baina azkenean 3 besterik ez zirela eraikiko erabaki zen. Adibidez, Zorrotzaurre eta Olabeagako bizilagunek udalari eskaturiko aldaketak kontuan hartuz, Zaha Hadid arkitektoaren behin betiko proiektutik Olabeaga eta Zorrotzaurre arteko zubia kendu zen. Bestalde, Zubi berriena “San Ignazioko” zubia da, LED argiak eta diseinu dotorea dituenak.

Udaletxearen xedea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proiektuaren promoziorako erabilitako lema “Bertan bizi, lan egin eta gozatzeko irla”[31] da. Master Plan honek helburutzat dauka uhartearen erabilera anitza, izan helburu ekonomikoetarako zein bizitzeko gunea izateko. Espazio berdinean bulegoak, etxebizitzak, merkataritza, kultura eta aisialdi-jarduerak konbinatzea dauka xedetzat[32]. Hiriaren irudi berritzailea eskaintzeko nahian,  ekoizpen eta kontsumo-eremu berriak garatu nahi ditu tokiko zein mundu mailako errealitateeri erantzuteko. Horrez gain, Master Plan honi esker proiektu enblematikoak, nazioarteko erakusketak, arte zein kultura jaialdiak eta hiriaren etorkizunerako publizitate funtzioa bete behar lituzke Zorrotzaurrek.

Zorrotzaurreren proiektua Bilbo handitzeko gogotik dator, baina arazo batzuei egin behar die aurre. Hiria haran batean eraikita dago eta bere handitze gaitasuna murrizten du. Baina bi irtenbide daude: altueran eraikitzea edo eskuragarri dauden azken metro karratuak aprobetxatzea. Proiektu honek bi baldintzak betetzen ditu[33].

Uhartearen helburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Uharte jasangarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zorrotzaurre uhartea, jasangarritasunaren eredua bilakatu nahi du, hots, ingurumenaren kontserbazioarekin konprometitutako irla. Horretarako, uholde-arriskua murrizteko sistemak garatzeaz gain, bere eraikinek %0ko CO2 isurketa igortzea nahi dute. Proiektuaren aldaketa nabarienetarikoa da, naturaren presentzia emendatu dutela uhartean. Izan ere, 157000㎡ naturgune izango dira Zorrotzaurreko paisaiaren abiapuntuan, eta 7,5km-ko ibai ertzeko oinezko ibilaldi lekua egin nahi dute. Horrez gain euri-uren gordetegiak, ponpaketa- eta garbiketa-sistemak erabiliko dira kaleak garbitzeko landareak ureztatzeko eta beste hainbat erabilerarako.

Oraindik guztiz zehaztu ez den arren, hiri erdiarekin lotzeko, tranbia zerbitzua jartzea pentsatu du Bilboko udalak (4 geldialdirekin irlan). Bilbaobizi zein bilbobus garraio eskaintza emendatuko dira, garraio publikoak %100ean elektrikoak izateko helburuarekin.

Uharte berritzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

15.000 pertsonako bizi leku kapazitatea eraikitzeaz gain[34], udaletxearen xedea litzateke 6.000 lan postu berri irekitzea Zorrotzaurreko auzoan. Bilboko udaletxeak planifikatutako helburuetan, irla hori “innovative island” edo irla berritzailea litzateke[34]; hainbat enpresa erakarri nahi ditu bertara, alde batetik eskualdeak dituen helburu estrategikoak betetzeko nahiarekin eta, bestetik, funtsezko sektoreen sustapen estrategikoa garatzeko nahiarekin. Gaitasun horien garatzearekin batera, berrikuntzarako nazioarteko zentro bilakatzearen asmoa du.

Bi berrikuntzako polo edo hiri-parke egingo dira. Iparraldekoak, 50 000 ㎡-ko eraikin eremua edukiko du eta 7 eraikin berri izanen ditu eta 4 eraikin zaharberrituak. Startup eta enpresa-sortzaileei dedikatutako gune horrek, “artea eta sorkuntza industriala”ren arloan  garatuko dira. Bestalde, Hegoaldeko berrikuntza parkean, 90 000 ㎡-ko eraikin eremuan, 8 eraikin berri egingo dituzte. Erakunde pribatuen eta publikoen arteko kolaborazioaren bitartez, “Interneten teknologia digitaleko industriak” eta “zerbitzu aurreratuen industriak” lan arloak garatuko dira.

Ezagutzaren uhartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi-mailako hezkuntzaren adibidea bilakatzeko nahiarekin, Bilbok ezagutza-ekosistema oso bat garatu du. Uharteko unibertsitate publiko eta pribatuak eta goi-mailako irakaskuntza-zentroak bilduko ditu. Jadanik 4 unibertsitate instalatu dira uhartean eta zenbaki hori hurrengoko urteetan emendatzea xede daukate. Ezagutza eta formakuntza unibertsitarioak ondoko arloetan garatu nahi dituzte:

Bizitzeko irla

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leman esana den bezala, eskualderako ekonomia polo azkarra izateaz gain, irlak bizitza leku duinak eskaini nahi ditu[34].  Oinarrizko zerbitzuak eskaintzea gain, hots osasun zerbitzua IMQ ospitale pribatuarekin uhartearen hasieran, kirolaren, kulturaren, sorkuntzaren zein industria memoria sustatzen duten guneak erraztu nahi dituzte. 

Zorrotzaurreko Proiektuaren Inpaktu-Ekologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zorrotzaurre irlako planaren harira jarritako landareak.

Faunari dagokionez, dagoeneko eskasa denez, ez da aurreikusten Zorrotzaurreko planak kalte gehiago egiten ahal duenik. Hala ere, parke eta gune berde berrien eraketak positiboki inpaktatzen ahal duela kontsideratzen da, betiere espezie-inbasoreen kontrola mantentzen bada. Faunari dagokionez, obrek hegazti eta arrainengan eragina izan dezaketela antzematen da. Orokorrean, biodibertsitateari buruz hitz eginda, eremu hiritarra denez, eta ekosistema naturalik ez duenez, ez da hauteman biodibertsitate-galerarik, ez eta murrizketa espezifikorik ere. Obren fasean, mota desberdinetako hondakin ugari sortzea aurreikusten da. Kadaguako eta Bilboko itsasadarretara ustekabeko isurketak egiteko aukera dago, edo kutsatzaileak iragazterakoan. Urpeko urak eraikitzeak ere uretako kutsadura areagotzea ekarriko du, dragatzeak direla eta.[35]

Kutsatutako lurrak kontuan hartuta, proiektuak inpaktu positiboa edukiko du baldin eta kutsatuta dagoen lurzoruaren tratamendu egokia egiten bada. Honi lotuta, 2021ean amaitu zen Zorrotzaurreko lurzoruaren bi herenen deskontaminazioa. 5 urte iraun duen prozesu honetan hiru kutsatzaile nagusi aurkitu dira:

  • Lurrazpian aurkitutako hogei erregai-biltegi, pabilioien azpiko sotoetan. Enpresek makinen funtzionamendurako edo instalazioetarako berogailu gisa erabiltzen zituzten fuel- eta gas-zisternak ziren, eta erregaia zorupean iragazten edo hormigoia bustitzen joan da.
  • XX. mendeko 40ko hamarkadan Zorrotzaurren lehenengo industria eta pabiloiak finkatu zirenean lurrean hutsuneak betetzeko erabilitako materiala. Betelan zikinak ziren, eskoriaz eta zuloak estaltzeko aprobetxatzen ziren industria astunetako osagai soberakinez osatuak.
  • Ekoizpen-prozesu batzuei lotutako hidrokarburoak.

Horiek garbitzeko bi metodo erabili dituzte:

  • Materiala ateratzeko eta baimendutako isurketa-biltegi batera eramateko prozesua.
  • Biopilak: hainbat nutriente naturalen isurketa lurzoruaren gainean, kutsadura ezabatu dezaten. Honen adibidea da zaldi-hondakinetan aurkitzen diren bakteriak.[36]

Uholdeei erreparatuz, proiektuan planteatzen diren neurriak jarraitzen badira (ertzeko elementu bat instalatzea, bi ur-depositu sortzea, sestra igotzea eta hormak handitzea), arazo horri aurre egingo zaiola planteatzen da.

Irlako bizilagunek, beraien aldetik, Zorrotzaurre jasangarri baten alde egitearren, “Foro para un Zorrotzaurre Sostenible” foroa sortu zuten. Bizilagunen “Euskaldunako Zubia” asoziazioak 2004an argitaratutako liburuan biltzen dira foroaren aldarrikapenak eta ekintzak. Liburuak foroaren izen bera hartzen du, “Foro para un Zorrotzaurre Sostenible”, hain zuzen ere.

Eraikin eta azpiegiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpimarratzekoa da uhartean ez dagoela zerbitzu publiko zein pribatu askorik (dendak, osasun zentroak, eskolak, anbulatorioak...) bertan dauden unibertsitate eta goi mailako heziketa eraikinez gain. Badaude hainbat zentro kultural (adibidez Espacio Open, Zawp edo Pabellon 6), baina ez beste gehiagorik. Azpiegiturei dagokionez zubiak eta proiektuarekin bat berritutako bi eraikin dira nabarmentzekoak, hala ere, ez daude uhartean bera kokatuta.

Zorrotzaurre uhartearen inguruan dagoen garraioaren mapa 2022an

Zorrozaurreko irla artifiziala garraioz inguratuta dago, bertakoa nahiko eskasa den arren.

Inguruko garraioen egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerraldeari dagokionez, Abandorantz doazen Aldiriak tren lineak aurkitu ditzakegu: C1 (Saturtzi)  eta C2 (Muskiz) lineak daude, Olabeagako eta Zorrotzako geltokiak nabarmentzen, oraingoz zubirik ez dagoen arren, etorkizun hurbil baten zubiak lortzeko proiektua badutenak.

Eskuinaldean aldiz, metroa dago, bai Sarrikon eta bai Deustun. Errekaren alde horretako geltokiek, gainera L1 eta L2 lerroak dauzkate (Plentzia eta Kabiezeserantz), aurrerago dagoen San Ignazio geltokian zatituko direnak. Metroaz gain, Deustu inguruan  Bilbobusa eta Bilbaobiziak aurkitu ditzakegu.

Uharteko garraioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irlari ikusmira jarriz, garraio eta azpiegiturak nahiko urriak dira. Batetik, Bilbaobiziak daude, geltokia irlaren erdialdean kokatzen da. Bestetik, Bilbobusa igarotzen da irlatik, A4 lineak osatzen du. Horrez gain, bi noranzkoan doan errepide bat dago irla guztitik igarotzen dena.

Gasolinoek utzitako ondarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki gasolino deituriko gasolinazko txalupak zeuden. Horiek, erreka gurutzatzeko erabiltzen ziren irlako industria garai gorenean. Oro har langileek egunero hartzen zituzten gasolinoak lanera joateko. Oraindik topatu ahal ditugu gasolinoen geltokiak.

Zorrotzaurreko zubien egoera 2022

Guztira lau zubi egotea daude aurreikusita nahiz eta gaur egun bakarra egon oinezkoentzako zein garraioentzako erabilgarri; IMQ aurrean kokatzen den zubia hain zuzen ere. San Ignazioko zubia jada eraikita dago, baina oraingoz soilik eraikuntzetako kamioientzako dago eskuragarri. Oraingoz uhartea soilik eskuin aldearekin dago zubiz konektatua. Etorkizunean, bi zubi egotea daude aurreikusita ezkerraldea eta uhartea batzen dituena. Bat Zorrotzarekin eta bestea Olabeaga auzoarekin.

Etorkizuneko garraio plana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etorkizunean tranbia bertatik igarotzea aurreikusita dago. Lau geltoki egon dira uhartean, lehenengoa Frank Gery zubi parean; bigarrena, Artiach eta Eliza artean; hirugarrena, Beta eraikinaren aurrean; eta laugarrena San Ignazioko zubiarean parean. Ondoren Tranbia Zorrotza auzorako noranzkoan joango da. Hala ere, oraindik ez dago proiektua zehatz mehatz zehaztuta eta lanak 2025 urte inguruan hasiko direla aurreikusten da[37]

Eraikin esanguratsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IMQ Zorrotzaurre aseguru-etxe pribatuaren klinika dago Deusto eta Frank Gehry zubiaren artean. Bere aurrean zegoen biribilgunearen modifikazioak orain gutxi bukatu dituzte parke bat eta etxebizitzak eraikitzeko orube bat utziz.

Idom bulego nagusiak. Aholkularitza arkitektoniko enpresa internazionalak San Ignazion du bulegoa Bilboko Portuaren aduana zaharra kokatuta zegoen eraikin berrituan. Irekitzeke dagoen San Ignazio Zubiaren parean dago.

Deustu Arraun Taldearen egoitza ubide artifizialaren magalean kokaturik dagoen eraikin berri bat da.

  1. Deustu udalerri independentea izan zen 1925eko urtarrilaren 1era arte]]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Berria.eus. «Deustuko kanala ireki dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
  2. a b (Gaztelaniaz) «Bilbao.eus, Bilbao Open Data, Catálogo de datos» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  3. a b «Resultados de búsqueda para “zorrotzaurre” – AVPIOP» www.patrimonioindustrialvasco.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  4. (Gaztelaniaz) «Habitantes por barrio y sexo (totales) 2021 - Conjunto de datos» datos.gob.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  5. a b «Bilbaopedia - Ribera de Deusto» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  6. a b c d (Gaztelaniaz) Bidaurrazaga, Aritz IPIÑA; Rabadán, Jonatan GARCÍA. (2019). «Un itinerario por los lugares de la memoria de la Anteiglesia de Deusto.» Bidebarrieta (29) ISSN 1137-4888. (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  7. (Ingelesez) Lonas y Toldos Bilbao Goyoaga - Hiriko Memoria – ZAWP. (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  8. «Bilbaopedia - Deustuko kanala» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  9. (Gaztelaniaz) Olalde, Rafa. (2019-06-22). «San Pablo Apostol» Bilbao y sus templos (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  10. (Gaztelaniaz) Ziarrusta, Isusko VIVAS. (2017). «El canal de Deusto en Bilbao: un itinerario de la desmemoria para el reencuentro de la ciudad con su espacio fluvial metropolitano.» Bidebarrieta (27) ISSN 1137-4888. (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  11. «Bilbaopedia - Zorrotzaurre» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  12. a b (Ingelesez) Zorrozaurre Masterplan – Zaha Hadid Architects. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  13. «OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  14. «Empresia.es - Informes mercantiles de empresas» www.empresia.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  15. (Ingelesez) Empresas - Memoria Urbana – ZAWP. (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  16. Fernández Cerdán, R. (n.d.). LA REGENERACIÓN DE ZORROZAURRE: DE LA MAQUETA Y EL DEBATE A LA ACCIÓN Asignatura: Economía y Políticas Urbanas Profesora: Arantxa Rodríguez. Colaborabora.Org. Retrieved April 21, 2022, from http://kitkrak.colaborabora.org/wp-content/uploads/sites/6/2011/07/RegZORROZAURRE_Rosa_Fernandez.pdf
  17. (Ingelesez) «✅ Masterplan de Zorrozaurre - Ficha, Fotos y Planos» WikiArquitectura (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  18. Zubero, I. (2012). «First we take Manhattan»: Urban regeneration, civic insurgencies, and cultural emergencies in Zorrotzaurre (Bilbao). Urban, (3), 65.
  19. del Valle, A. B. (2019). VIVAS ZIARRUSTA, Isusko; LEKERIKABEASKOA GAZTAÑAGA, Amaia. La Ribera de Deusto y Zorrotzaurre en la Ría de Bilbao. Análisis urbano, sociocultural y estético del espacio marítimo. Zainak, (37).
  20. «4º Coloquio internacional sobre cambio climático en zonas de montaña» https://www.ihobe.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  21. Estudio de impacto ambiental. Zorotzaurre.com.
  22. a b «Ezagutu Google Drive: fitxategi guztiak gordetzeko tokia» accounts.google.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  23. (Gaztelaniaz) «Zorrozaurre se protegerá de inundaciones con un muro y tres tanques de tormenta» El Correo 2016-07-27 (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  24. (Gaztelaniaz) «Equo Berdeak advierte de que 'el estrechamiento de la ría en Zorrotzaurre incrementa el riesgo de inundaciones'» La Vanguardia 2020-09-21 (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  25. (Gaztelaniaz) «Foro para un Zorrotzaurre Sostenible • Ecologistas en Acción» Ecologistas en Acción 2006-03-01 (Noiz kontsultatua: 2022-04-30).
  26. (Gaztelaniaz) Deia. «Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria onetsi du Bilboko Udalaren osoko bilkurak» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  27. https://web.archive.org/web/20180930090538/http://www.deia.eus/2018/09/27/bizkaia/bilbao/la-peninsula-de-zorrotzaurre-ayer-se-convirtio-en-isla
  28. Puga, Addí V. Mireles; Rincón, Guillermina Benavides; Díez, Almudena Garrido. (2020). «El movimiento social urbano como agente crítico para la planificación de ciudad: hacia un desarrollo sostenible de la Ribera de Deusto y Zorrotzaurre al 2030» OBETS: Revista de Ciencias Sociales 15 (2): 589–624. ISSN 1989-1385. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  29. Txantiloi:Local autoria. «Zorrotzaurre, la isla del olvido» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  30. (Gaztelaniaz) «Plan Especial de Ordenación Urbana de Zorrotzaurre» Zorrozaurre (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  31. «Zorrotzaurre: Una Isla para vivir, trabajar y disfrutar» Zorrotzaurre (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  32. (Ingelesez) «(PDF) «Primero tomaremos Manhattan»: regeneración urbana, insurgencias ciudadanas y emergencias culturales en Zorrotzaurre (Bilbao) «First we take Manhattan»: Urban regeneration, civic insurgencies, and cultural emergences in Zorrotzaurre (Bilbao)» ResearchGate (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  33. ¿Esta ES la Futurista ISLA ARTIFICIAL de ZAHA HADID en ESPAÑA. MegaProyectos ES (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  34. a b c (Gaztelaniaz) Opportunity Areas – Invest in Bilbao. (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  35. Consultores Ambientales, S.L., Kimar. (2016). Estudio de Impacto Ambiental. .
  36. (Gaztelaniaz) Deia. «La primera fase de Zorrotzaurre culmina su descontaminación» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  37. (Gaztelaniaz) Deia, Olga Sáez. «El tranvía de Bilbao llegará a Zorrotzaurre con un puente fijo en Olabeaga a la altura de la casa 'Soñar'» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]