Euskal Herriko demografia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Herriko demografiak estatistikoki aztertzen ditu Euskal Herriko lurraldeetan bizi den biztanleriaren egitura eta dinamika, bai eta hura zehazten duten prozesuak ere: ugalkortasuna, hilkortasuna eta migrazioa (emigrazioa eta immigrazioa) lurralde horretan.

Euskal Herriko egungo biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaindegiak bildutako datuen arabera, 2020an Euskal Herrian 3.193.513 pertsona bizi ziren. Horietatik, herena pasatxo Bizkaian, bostetik bat Gipuzkoan, ia beste horrenbeste Nafarroa Garaian, hamarretik bat Araban, eta zerbait gutxiago Ipar Euskal Herrian (xehetasunak beheko taulan).[1]


Herrialdea Urtea Biztanleria Biztanleria % Dentsitatea Gizonak Emakumeak
Euskal Herria 2020[1] 3.193.513 % 100 152,5 1.555.363 1.638.150
Araba 2020 335.805 10,5 101,4 165.551 170.254
Bizkaia 2020 1.159.717 36,3 523,1 559.953 599.764
Gipuzkoa 2020 727.121 22,8 380,9 355.130 371.991
Lapurdi 2020 263.175 8,2 306,7 124.319 138.856
Nafarroa Beherea 2020 31.832 1,0 24,0 16.020 15.812
Nafarroa Garaia 2020 661.197 20,7 63,6 327.226 333.971
Zuberoa 2020 14.666 0,5 18,0 7.164 7.502


Euskal Herriko biztanleriaren adin-piramideak "perretxiko" forma du. Belaunaldi ugariena 1958-1979 artean jaiotakoek osatzen dute, baby boomer direlakoek. 1980tik aurrera jaiotza kopuruak behera egin zuenez, berriz, piramideren oinarria estututa ageri da. Gazteen urritasun hau, hein batez, leundu egin da beste herrialdeetatik lan-adinean iritsi diren biztanleekin, baina migrazioa ez da iritsi belaunaldien arteko desoreka berdintzera.[2]


Euskal Herriko populazio piramidea 2020. urtean.


2014an, euskal herritarren % 72,8 dira bertan jaioak. Kanpoan jaiotakoen arteko gehienak Frantzian eta Espainian sortu dira (% 18,6), eta beste tokiren batean jaio dira % 8,6.[3] 2019ko Gaindegiaren datuek azaleratu zutenez, Euskal Herriko biztanleen laurdena kanpoan jaioa da; are, Ipar Euskal Herrian, % 43 izatera heltzen dira. Hego Euskal Herrian, berriz, % 29 jaio dira herrialdetik kanpora.[4]

Bost biztanletik lauk (% 79k) erdara dute lehen hizkuntza. Horien artean % 74,1ek gaztelania edo frantsesa dute lehen hizkuntza, eta % 4,9k beste hizkuntzaren bat. Horien artean 34 hizkuntza antzeman dituzte inkesta egileek. Euskara lehen hizkuntza duten herritarrak % 15,6 dira, eta euskara eta beste bat edo beste batzuk % 4,6. Euskara edo gaztelania eta frantsesa ez den beste hizkuntza bat dakiten gehienek (% 85,2) erabiltzen dute hizkuntza hori senide edo herrikideekin. Beste % 9,9k erabili nahiko lukete. Euskal herritar gehienak eremu pribatuan norbere kultura mantentzeko eskubidearen aldekoak dira (% 93,2). Administrazioak kultura bat baino gehiago bultzatzearen aldekoak: % 64,2. Hezkuntza sisteman bertan bizi diren kolektiboen hizkuntzek eta kulturek toki bat izan beharko luketela % 56,3k babesten du. Euskal herritarren % 80,2k uste dute migratzaileei gaztelania eta frantsesa jakiteko eskatu behar zaiela. Askoz gutxiago dira, berriz, euskara jakin behar dutela diotenen portzentajea: % 53,2.[3]

Euskal Herrian identitate kolektibo nagusia euskal herritar eta espainiar edo frantziar sentitzen direnek osatutakoa da: % 33,2. Gertutik jarraitzen die euskal herritar bakarrik sentitzen direnek osatutako multzoak (% 28,6), eta atzerago dago soilik frantziar edo espainiar sentitzen direnek osatutako multzoa (% 10,6). Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskal herritarra identitate «erosoena» da. Nafarroa Garaian, nafar identitatea nagusia da (% 26,4). Ipar Euskal Herrian, gehienak frantziar eta euskal herritar sentitzen dira: % 53,6. Euskal Herriari buruz herritarrek duten pertzepzioan, % 45,2ren ustez, Euskal Herria zazpi herrialdez osatua da. Beste % 31,7ren ustez, berriz, EAEra mugatzen da.[3]

Euskal diaspora Euskal Herritik at bizi diren euskal herritarrek zein haien ondorengoek osatzen dute. Horietariko askok lotura berezia sentitzen dute euskaldunekiko edo Euskal Herriarekiko, diaspora honetako kide ugari hainbat belaunalditatik lurraldetik kanpo bizi badira ere. Euskal Herrian badaude mendeetan zehar sustraitu diren gutxiengoak, adibidez ijitoena.

Euskal Herriko biztanleria XIX. mendetik XXI. mendera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendetik XXI. mendera bitartean Euskal Herriko biztanleria hirukoiztu egin da, 1900ean milioi bat inguru izatetik 2006an hiru milioi izatera igarota.[5] Hazkunde hori, ordea, ez da proportzio eta erritmo berean gertatu Euskal Herriko lurralde guztietan. Herrialde industrializatuenetan, eskulan beharrak eraginda, bertako biztanleria finkatu eta Euskal Herritik kanpoko populazioa iritsi zen XX. mendean zehar. Hala, industrializazioa zabaldu ahala, goraldi izugarria izan zuen Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleriak, eta, modu apalagoan, baita Arabakoak eta Nafarroa Garaikoak ere. Ipar Euskal Herrian, aldiz, ez zen hein bereko industrializaziorik gertatu, baina Lapurdin, batez ere zerbitzu sektorearen inguruan, biztanleria haziz joan zen. Ez zen hala gertatu nekazaritzak pisu handiagoa zuen Nafarroa Beherean eta Zuberoan: biek biztanleria galdu zuten XIX. mendetik XXI. menderako tartean. Izatez, beste euskal herrialdeetako nekazari eremu askotan ere populazioak behera egin du azken mendean.


Urtea Euskal Herria Araba Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Garaia Lapurdi Nafarroa Beherea Zuberoa
1877 925.371 97.954 190.523 167.207 304.184 91.122 49.285 25.096
1887 988.704 97.269 236.302 181.845 304.051 96.852 47.974 24.411
1900 1.090.609 100.686 312.087 195.850 307.669 104.308 45.281 24.728
1910 1.174.922 101.429 350.661 226.684 312.235 113.167 44.685 26.061
1920 1.278.546 103.054 410.291 258.557 329.875 112.790 40.382 23.597
1930 1.440.707 108.757 485.969 302.329 345.883 135.676 39.890 22.203
1940 1.524.206 117.200 511.892 331.753 369.618 134.536 37.553 21.654
1950 1.643.272 122.172 569.944 374.040 382.932 138.405 35.056 20.723
1960 1.982.995 142.435 755.139 478.337 402.042 150.593 33.927 20.522
1970 2.565.377 206.995 1.043.875 631.003 464.867 166.920 32.360 19.357
1981 2.881.384 262.407 1.181.865 692.782 507.367 189.594 29.730 17.639
1991 2.883.993 277.653 1.156.671 676.307 523.563 204.313 28.978 16.508
2000 2.908.176 287.809 1.133.096 679.370 543.367 220.504 28.510 15.521
2010 3.100.024 319.326 1.154.099 707.263 636.924 237.076 30.038 15.298
2020 3.193.513 335.805 1.159.717 727.121 661.197 263.175 31.832 14.666
Iturria: 1877-1991 arteko datuak Datutalaia,[6] 2000-2020 arteko datuak Gaindegia.[1]


Mapa demografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria espazioaren antolamendurako funtsezko eragile gisa ezagutzera iristeko elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleriaren azterketa geografikoaren arazoak: biztanleria eta lurraldea Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria geografiaren ikuspegitik aztertzea gauza berri samarra da. Gizataldeek lurraldean nola dauden banatuta aztertzeari dagozkion alderdi jakin batzuk izan ezik, giza geografia tradizionalak ez du, gaur egun azterketa geodemografikoetan aztertu ohi diren gai nagusietarik batere kontuan izan. Izan ere, geografoari gehiago interesatu izan zaio gizataldeek lur azalean izan duten portaeraren ondorioak -nekazaritza, industria, zerbitzuak edo hirigintza— aztertzea, paisaia antzaldatu duten giza eragileak -hau da, gizataldea bera- sakon aztertzea baino.

Biztanleria aztertzen hasi ziren lehenengo geografoen artean Zelinsky eta Pierre George dira aipagarrienak. Espainiako estatuan, bestalde, aipagarriak dira gizataldeak espazioan nola banatzen diren aztertu duen Vilà i Valentíren lanak. Gaur egun ere, Bielza de Ory, Puyol, Vinuesa, Abellán eta beste geografo batzuk gizataldeak eta haiek espazioarekin dituzten harremanak aztertzen ari dira. Hego Euskal Herrian aipagarriak dira Ferrer Regales eta Precedo Ledoren azterlanak. Lan horiek gehienek Nafarroako lurraldeko biztanleria dute aztergai, baina Nafarroakoa baino geografi eremu zabalagoetako gizataldeei buruzko azterlanak ere egiten dituzte, hiriko gizataldeei buruzkoak gehienbat. Euskadin Ruiz Urrestarazu eta Galdos Urrutia geodemografiari buruzko gorabeherak, Arabako herrietakoak gehienbat, aztertzen dihardute. Ipar Euskal Herrian, bestalde, Iparraldeko aldaketa ekonomiko eta sozialak aztertzen dituen Laborderen lanak dira aipagarrienak.

Biztanleriaren banaketa geografikoan dauden desberdintasunak bi faktoreren ondorio dira, alegia, izadi eta giza faktoreen ondorio, hain zuzen ere. P. Labordek esaten duenez, biztanleriaren bilakaerak lurralde bateko historia ekonomikoa eta politikoa islatzen du. Izadi faktoreak (edo faktore fisikoak) direla eta, determinismoaren jarraitzaile izan gabe ere erraz ikusten da faktore horiek eragin handia dutela gizataldeen banaketan. Hala ere, gauza bat zehaztu behar da: faktore horren eragina askoz txikiagoa da ingurune naturala biztanleriak okupatua izateko egokia den edota garapen ekonomiko handia duten lekuetan, eta bi baldintza horiek ondo betetzen dira Euskal Herrian. Hala ere, gizataldeen banaketan eta haiek lurraldearekin duten harremanetan eragina duten faktore fisikoen artean bada bat guztien gainetik nabarmentzen dena: klima.

Giza faktoreak, denboran zehar eragin duten neurrian faktore historikotzat har daitezkeenak, askoz erabakigarriagoak dira, bai biztanleri bilgune handien sorrera azaltzeko, bai jendeztaturiko eremuen jendeztatze maila desberdina azaltzeko ere.

Zelinskyren iritziz (1982) eremu bateko demografi egituraketan askoz eragin handiagoa dute eremu horretako ezaugarri ekonomikoek ezaugarri fisikoek baino. Izan ere, ezaugarri ekonomikoek zehazten baitute, hein handi batean, gizataldea inguruneko elementu fisikoen mende egotea, edo gizataldeak elementu horiek mendean hartzea. Harreman hori nolakoa den, baliabideen mendeko edo baliabideen gaineko bihurtzen da gizataldea. Lekuan-lekuan nagusi den ekonomi jardun eremu hura osatzen duten elementu fisikoei erantzuteko moduan moldatzen den bezala, geografi eremu jakin bateko gizataldearen banaketa ere ingurunearen ezaugarrien araberakoa izango da. Aurrerago, lan honetan bertan, biztanleriaren mugimendu naturaletan eta migrazio mugimenduetan eragina duten demografi gertaeretako bakoitzean parte hartzen duten faktoreei buruzko erreferentzia egiten da.

Ekonomiaren garapen mailak, beraz, garrantzi handiko eragina du biztanleriaren banaketan, eta banaketa hori, bide batez esanda, oso irregularra izaten da. Gizataldeak lurraldean zehar nola banatu diren jakitea ez da batere lan erraza; biztanleria alde batean ugari eta beste batean urri izateak faktore askorekin du zerikusia, eta faktore horiek espazioan nola lotzen diren erabateko eragina du banaketaren aniztasunean. Are gehiago, biztanleria organismo bizidun bat balitz bezala hartu behar da: dinamikoa, barne mugimendua duena, lekuz aldatzen dena, eta bere barne osaera ere aldatzen duena. Biztanleria, beraz, aldaketa sozialaren eta ekonomikoaren eragile ez ezik eremu jakin batean gertatzen diren gorabeheren hartzaile ere bada. Izan ere, lurralde bateko biztanleria baita lurralde horrek bere jardunak aurrera eramateko duen baliabide nagusia, bizi baldintzak hobetzeko etengabe ahaleginean diharduen elementua ere baden bezala.Ikuspegi horren arabera, beraz, bitara uler daiteke gizataldearen zentzua: batetik, gizartearen bilakaera eragiten duen motor gisa, eta, besterik, «ongizate estatu» delako horretan gero eta arreta handiagoa -hau da, gastu sozial handiagoa— eskatzen ari den karga sozial gisa. Gastu sozial hori biztanleriaren zenbait premia —hezkuntza, osasuna, pentsioak, langabezi laguntza— asetzea eta haiei beste baliabide eta gizarte laguntza batzuk ziurtatzea helburu duten gastu publikoaren parte bezala hartu behar da.

Gizataldeen azterketa geografikorako lehenengo hurbiltze teoriko honen barnean, demografi trantsizioaren teoria aipatu behar da. Teoria hori ezagutzea oso interesgarria zaigu, industriari esker garatu diren eremuetako demografi prozesua azaltzeko balio baitu: eta horixe da hain zuzen ere Euskal Herriaren kasua. Trantsizio demografikoaren teoriak hauxe du helburu: gizatalde bat jaiotza, emankortasun eta heriotza indize handiak izaterik txikiak izatera igarotzen den prozesua azaltzea. Prozesu horretan bereizten diren hiru aldiez gainera, bada laugarren bat ere, aditu batzuek (Puyol, 1990) demografi inboluzioa deitzen dutena. Euskal Herriak, adibidez, demografi inboluzioa —hazkunde natural negatiboa— du gaur egun, jaio baino jende gehiago hiltzen baita. Demografi inboluzioa, beraz, demografi eztanda kontzeptuaren alderantzizkoa da.

  1. Industri aurreko aldia. Aldi zaharra ere deitua; demografi iraultzaren aurreko aldiari dagokio. Ernalketa ugariko aldia da. Heriotza kopurua ere handia da, handia eta gorabehera handikoa, gainera. Biztanleriaren berezko hazkundea, beraz, oso urria da; are negatiboa ere hilkortasun larriko krisialdietan; hau da, izurrite, gerra edo gosete garaian.
  2. Trantsizio aldia. Aldi honetan gertatzen dira aldaketa nagusiak heriotza kopurua behera egiten hasten da nabarmen, eta jaiotza kopurua, berriz, gora. Hazkunde indize handiko aldia izaten da, beraz, trantsizio aldia.
  3. Aldi modernoa. Jaiotza eta heriotza indize txikiak ditu. Hazkunde urriko edo batere hazkunderik gabeko aldia da, beraz, hau. Aldi honetako ezaugarriak muturreraino eramatean sortzen da aipatu berri dugun demografi inboluzioa.

Lehenengo eta hirugarren aldiek antzekotasunak dituzte elkarrekin: hazkunde tasa txikia izatea, edo hazkundeak ez aurrera ez atzera egitea. Nabardura bat egin beharra dago, baina: lehenengo kasuan hazkundea jaiotza eta heriotza tasa handien ondorio da, eta hirugarrenean, berriz, jaiotza eta heriotza tasa txikien ondorio. Orobat ikus daiteke ere, teoria horren arabera, heriotza tasa jaiotza tasa baino lehenago hasten dela behera egiten, eta heriotza tasa aldatzea dela biztanleriaren hazkundearen eragile nagusia.

Biztanleriaren azterketarako estatistika iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleriaren banaketa aztertzeko hiru informazio iturri nagusi daude: Zentsuak eta Erroldak; Mugimendu naturalen Estatistikak; eta Migrazio Mugimenduen Estatistikak. Eremu bateko biztanleen zerrenda eta ezaugarri nagusiak biltzen dituzten bi iturri estatistiko nagusiak Zentsua eta Errolda dira. Bakoitzaren ezaugarriak eta berezitasunak azaltzen hasi baino lehen, xehetasun batzuk eman beharrean gaude. Instituto Nacional de Estadística delakoa (INE, 1945) da datuak biltzeaz, eta datuak landu ondoren aldizkari batean argitaratzeaz arduratzen den erakunde publiko ofiziala. Espainiako lehenengo Biztanle Zentsua 1857. urtean egin zen, eta hurrengo urtean argitaratu. 1981. urteaz geroztik, baina, Euskadin, Euskal Estatistika Institutua (EUS- TAT) da, INErekin elkarlanean, Erkidego honetako estatistika datuak biltzeaz, lantzeaz eta argitaratzeaz arduratzen dena. Demografiari buruzko informazio iturri nagusia, eta biztanleriaren banaketari buruzko xehetasun gehien ematen dituena, Zentsua da. Zentsua, beraz, funtsezko baliabidea da biztanleriari buruzko edozein azterketa geografikoan.

Bestalde, Udal Errolda, herritar guztien esku dagoen tresna bat da, administrazioari dagozkion zera guztietan fede ematen duena, eta udalerrietako biztanleen izenen zerrendaz gainera haien oinarri oinarrizko berezitasun batzuk ere biltzen dituena. Bien artean antzekotasun handiak daude, baina ezberdintasunak ere ez dira gutxi. Zentsuak biztanleriaren une jakin bati buruzko egoera islatzen du; Errolda, berriz, dokumentu dinamikoa da, lekualdaketak, ezkontzak, jaiotzak eta heriotzak direla eta, etengabe berritu eta eguneratu beharrekoa.

Zentsua hamar urtez behin berritzen da, eta Errolda, berriz, aipatu dugun eguneratu behar hori dela era, bost urtez behin. Batean zein bestean informazio eduki orokorra berdina bada ere, informazioa ez da berbera. Hau da, Espainiako estatu osorako galdetegia berdina da, baina Erroldak tokian tokiko edo lurralde jakin bati dagozkion xehetasunak bil daitezke. Zentsua sekretua da, eta zentsuko datuak denak batera eta osorik baino ezin dira argitaratu. Errolda, berriz, iturri estatistiko publikoa da, eta erroldako datuak banaka eta zatika ere eman daitezke. Errolda eguneratuta edukitzeko biztanleek helbide aldake- Bilboko hiria 1950eko hamarraldian. Atzealdean, Arriaga tak, ezkontzak, heriotzak eta abar jakinarazi antzokia. behar dituzte.

Biztanleriaren Mugimendu naturalaren estatistikan jaiotza, ezkontza eta heriotza kopuruak biltzen dira, Erregistro zibilean bildurako datuen arabera. Estatistika hori 1861. urtean hasi zen osatzen. Beraz, harrezkeroztik gaur arterainoko demografi bilakaera eta gorabeherak ezagut daitezke. Erregistro Zibilean indarrean dagoen 1957ko ekainaren 8ko Legeak honela dio bere lehenengo artikuluan: «Erregistro Zibilean pertsonen egoera zibilari buruzko gertaerak jasoko dira, eta baita legeak hala erabakitzen dituenak ere». Erregistroan, beraz, jaioteguna, izen-deiturak, ausentzia edo heriotza adierazpenak, ezkontza, heriotza, eta abar jasotzen dira. Horrelako gertaera baten aurrean, herritarrak bertako Erregistro Zibilean eman behar du gertatutakoaren berri.

Biztanleriaren Mugimendu Naturala da, migrazio mugimenduekin batera, biztanleri gorabehera orokorra zehazten duena. Jaiotzea zer den definitzerakoan gorabeherak daude. Kode Zibilaren 30. artikuluak jasotzen duen legezko kontzeptuaren arabera amaren sabeletik bereizita 24 ordu bizirik irautea da jaiotzea. Gaur egungo jaiotza estatistiketan erabiltzen den definizioan, berriz, bizirik jaiotako izakiarekin lotzen da jaiotza. Estatistikako Euskal Institutuak, berriz, biztanleriaren mugimendu naturalaren estatistikari dagokionez, zentzu biologiko hertsian hartzen du jaiotze terminoa: ernalketa gertatu eta 180 eguneko haurdunaldirik aurrera izakia, bizirik edo hila, amaren gorputzetik kanporatzea edo erauztea.

Jaiotza datuen bilketari dagokionez, 1981. urtean garrantzi handiko aldaketa bat gertatu zen. Jaiotza gehienak herri nagusietako edo hiriburuetako osasun zentroetan izaten direnez, leku horietan oso jaiotza kopuru handiak erregistratu ziren 1981. urtea arte. Baina urte hartatik aurrera ama bizi den udalerrian erregistratzen da jaiotza.

Ezkontza, berriz, bi pertsona senar-emazte bihurtzen diren ospakizuna, elizkizuna edo prozedura gisa definitzen da. Estatistikako Euskal Institutuak, bestalde, honela definitzen du heriotza: izaki bizi baten biziaren behin betiko etena jaio ondoko edozein unetan.

Migrazio Mugimenduen estatistikak biztanleek lurraldean zehar egiten dituzten lekualdaketak erregistratzen ditu. Estatistika sail horiek ematen duten informazioari esker Euskal Herriaren demografi egoeraren duela gutxiko bilakaera azal daiteke. Hain zuzen ere, migrazio saldo osoaren bitartez lurraldean bizilekuz aldatzeak eragin dituen etorreren eta joanen arteko diferentzia adierazten da.

Estatistikako Euskal Institutua 1988. urteaz geroztik ari da Euskal Autonomia Erkidegoaren urtez urteko migrazio mugimenduen estatistika egiten. Aurreraxeago, migrazio mugimenduei buruzko atalean, sakon eta astiro aztertuko dugu gai hau. Azterketa horretara iritsi baino lehen, baina, gauza bat aipatu beharrean gaude: oinarrizko bi migrazio kontzeptu bereizten direla —migrazioa bizilekuz aldatzea bezala ulertuta betiere—, eta, gainera, mugimendu horiek barnekoak zein kanporakoak izan daitezkeela, Euskal Herria osatzen duten lurraldeen administrazio barrutiaren barnean edo handik kanpora gertatzen diren. Emigratzea Euskal Herriko bizitoki batetik Euskal Herriaz kanpoko beste batera joatea edo migratzea da. Migratzea, berriz, Euskal Herriaz kanpoko udalerri batetik Euskal Herriko batera bizitzera etortzea.

Euskal Herriko gizataldeak aztertzeak badu arazo berezi bat, baina. Izan ere, Euskal Herriko lurraldea bi estaturen artean banatuta dago: Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria. Administrazio eskualdeen banaketa, beraz, desberdina da alde batean eta bestean. Are gehiago, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako Lurralde Historikoek ere ez dute administrazio eskualde autonomorik osatzen. Iparraldea osatzen duten udalerriak hamasei kantonamendutan bilduta eta Pirinio Atlantikoen Departamenduaren barnean sartuta daude. Eta hala, demografi azterketetarako irizpide desberdinak erabiltzen baitira, aztergai den eremuaren mugak eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoak osatzen duten lurraldearenak ez dira gehienetan bat etortzen. Georges Viers azterlariak hiru eremu handitan banatzen du Ipar Euskal Herria: Kosta, Mendia eta Muinoak. Estatistikako eta Ekonomi Azterketetarako Institutu Nazionalak, berriz, banaketa desberdinak egin izan ditu: batzuetan Euskal Kosta eta Barnealdeko Euskal Herria bereizi izan ditu; beste batzuetan, berriz, pays deituriko zatitan banatu izan du lurraldea; are gehiago, Pirinio Atlantikoen Departamendu osoa hiri multzotan banatu izan du, eta Iparralde osoa Baionaren barnean sartu. Zentsoak egiteko maiztasuna ere desberdina da Frantzian. Frantziako estatuak ez ditu maiztasun jakin baten arabera egiten zentsuak: hartarako baliabide ekonomikorik badago, egiten da. XX. mendearen bigarren erdian urte hauetan egin dituzte zentsuak: 1954,1962,1968,1975,1982 eta 1990ean.

Biztanleria eta biztanle banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleriaren banaketari buruzko geografi azterketetan lurralde bati dagozkion indize eta balio kuantitatibo adierazgarriak beste geografi eremu zabalagokoekin alderatu behar dira. Demografi azterketei buruzko kopuruak ez dira, berez, oso argigarriak, handik atera daitezkeen informazioak edo azalpenak mugatuak baitira. Baina beste geografi eremu zabalagoko kopuruekin alderatuz gero, askoz ekarpen aberatsagoa egiten digute.

Horra hor, adibidez, esaten ari garenaren argigarri gisa, biztanle dentsitatearen kontzeptua, erlatibotasun ñabardura duena. Biztanle dentsitatea garrantzizko demografi adierazleetako bat baldin bada, duen erkaketa izaeragatik da horrela, lurralde jakin bateko biztanle kopurua eta lurralde horren eremua harremanetan jartzen dituelako, alegia.

Gizakiak lur azala nola okupatu duen aztertzean, argi ikusten da lurralde batean ustiatzeko moduko ekonomi baliabideak egoteak edo ez egoteak baldintzatu dutela gizataldeen banaketa. Okupatutako eremuaren antolaketa, beraz, gizakiaren oinarrizko beharrak asetzea helburu zuten natur baliabideen ustiaketaren eta eraldaketaren arabera egin da. Hala ere, baliabideen ustiaketa, gizakiak eremua okupatzearen ondorio dena, taldeka egiten da, gizatalde gisa, eta, beraz, baliabideen ustiaketa eta eremuaren okupazioa zer neurritaraino egiten den, gizataldearen tamainak, gizaki kopuruak, baldintzatzen du hein handi batean. Izan ere, gizataldea handiagoa edo txikiagoa izan, asetu beharreko premiak ere handiagoak edo txikiagoak dira, eta orobat handiagoa edo txikiagoa ere eremu hori ustiatzeko eta behar bezala antolatzeko lan indarra.

Lan honek gizakiak lurraldean nola banatzen diren du aztergai, baina azterketa horren barnean garrantzizko bereizketa bat egin behar da: batetik, biztanleak lurraldean banatuta dauden era aztertzen da, eta, bestetik, biztanleen ezarpenak banatuta dauden era. Bigarren kontzeptu horrek zerikusi handiagoa du espazioarekin, ezarpenak nola antolatzen diren, hiri ala landa paisaia eratuko baita.

Konparaketa hauek egitean kontuan hartu beharrekoa da, batetik, espazioak ez direla ez homogeneoak ez uniformetasunez okupatuak, eta, bestetik, pertsonen premiak eta bizi mailak desberdinak direla.

Aurrera jarraitu baino lehen, kontzentrazioa eta sakabanaketa kontzeptuak argitu beharrean gaude, biztanleriari eta herriari dagokienez, betiere. Biztanleria zenbat eta homogeneoago banatu lurraldean orduan eta sakabanatuagoa dagoela esaten da. Herri bat, berriz, zenbat eta ezarpen gehiago izan eremu banako bakoitzeko, orduan eta sakabanatuagoa dago. Alderantzizko kasuetan biztanleri eta herri kontzentrazioaz hitz egiten da. Leku bateko biztanle banaketa era askotara egin izan da, tokian tokiko ingurunearen eta faktore historiko eta sozioekonomikoen arabera. Giza ezarpenak aldatu egiten dira, baina iraganeko ezaugarriak gordetzen dituzte sarritan.

Euskal Herrian, hiru eratara egin izan da biztanle banaketa:

  1. Banaketa sakabanatua (etxe bakartuak edo baserriak): Atlantiko alderako landa eremu osoan, hau da, Ipar Euskal Herri osoan, Hego Euskal Herriko kostaldean (Bizkaia eta Gipuzkoan), eta Nafarroa hezean.
  2. Banaketa sakabanatua, baina biztanleria dimentsio txikiko guneetan kontzentratua duena. Era honetakoak dira Nafarroako Pirinio aurreko arroetako eta Arabako erdialdeko herrixkak.
  3. Banaketa kontzentratua: betetzen duten funtziogatik aurrekoak baino garrantzi handiagoa duten biztanleri gune handiak dira, hiri ezaugarriak ere dituztenak. Era honetakoak dira Nafarroako eta Arabako hegoaldeko herribildu edo hiriak.

Biztanleria banatzeko era horiez gainera, hiri hiriak diren biztanleri guneak aipatu behar dira: biztanle kopuru handia dute; betetzen duten funtzioa dela eta, eragin eremu handi baten erdigune dira, eta eremu hori hornitzeaz arduratzen dira; eta bigarren eta hirugarren sektoreetako jardunak erakartzen eta antolatzen dituzte. Biztanleria banatzeko era horren barnean, banaketa homogeneoa dutenak -Gipuzkoako lurraldean, esaterako—, eta horiek baino polarizatuagoak daudenak -Ipar Euskal Herriko lurraldeetan— bereizten dira. Polarizazioaren muturreko kasua, baina, Gasteiz da, Arabako biztanleria osoaren %80 han baita kontzentratuta.

Euskal Herriko demografi bilakaeraren aldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Demografi prozesu zaharra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar ikusi ahal izan denez, ekonomiaren aldaketekin batera demografi joeren aldaketak izan dira. Hori dela eta, demografi bilakaera bi aldi nagusitan bereiz daiteke: lehenengo aldiak oso luze iraun du -gizakiaren bilakaeraren %89a hartzen du-, demografi hazkunde motela izatea du ezaugarritzat, eta lehenengo iraultzak eta ekonomi berrikuntzek mugatu dute. Bigarren aldia, berriz, oso-oso laburra da, eta Industri Iraultzatik datozen ekonomi aldaketak eta bizi kalitatearen hobekuntzak eraginda, demografi hazkunde ikaragarria izatea du ezaugarria.

Eremu jakin bateko demografiaren bilakaera ez da ez lineala ez homogeneoa; aitzitik, etengabeko gorabeherak ditu, biztanleriaren bilakaeran eta karakterizazioan eragina duten faktore anitzen ondorioz. Hala ere, XX. mendean ditu mendebaldeko Europak, eta Euskal Herriak ere bai, noski, demografi aldaketa nagusiak, garai horretan izan baitzuen industrializazioak hazkunde betea, eta horrek eragin zuen, hain zuzen ere, benetako demografi iraultza.

Hala, bada, Euskal Herriko biztanleriaren bilakaera aztertzeko bi aldi nagusi bereizi dira:

  1. «tradizionala» esaten zaion bat, denboran luze irauten duena, hazkunde motela eta sinkopatua duena —hau da, epe laburrera hazkundea eta epe luzera geldialdia-, eta Europako Mendebal osoa ezaugarritzen duena;
  2. «gaur egungoa» dei genezakeena, lehengoaren aldean oso-oso laburra dena eta hazkunde demografiko handia izaten duena, behin hazkunde horren eragozgarriak —hedadura handiko eritasun eta izurriteak, uzta txarretatik datozen goseteak, gerrak, eta abar gainditu eta gero. Demografi aldi horiek, bai denboran bai espazioan, luze zabalera desberdina izan dute Euskal Herrian.

Demografia zaharretik demografia modernora igarotzea ez da bat-bateko gauza. Trantsizio aldi bat dago tartean. Hego Euskal Herriko kostaldeko lurraldeek XVIII. mendearen erdialdean izan zuten trantsizio aldia. Garai hartako zirkunstantzia ekonomikoek agerian uzten zuten iristear zegoen «iraultza demografikoa» delakoa, gaur egungo demografi aldiaren barnean. Araban eta Nafarroan, berriz, demografi ziklo batetik besterako bidea bat-batekoa izan da, eta duela gutxi gertatu da, XX. mendearen bigarren aldian, hain zuzen.

Azterketa honen gaia biztanlerian -biztanleria, era batera edo bestera antolatua duen lurraldean finkatzen eta banatzen den elementu plurala den bezainbatean- eragina duten faktoreak aztertzea bada ere, Euskal Herriko demografiaren historiaren azaleko ikuspegia ematea komeniko litzateke. Izan ere, gaur egungo biztanleriaren egoeraren ezaugarriak mendez mende garatu den demografi prozesu baten ondorio baitira. Are gehiago, ez bakarrik demografiaren ikuspegitik, baita lurraldearen ikuspegitik begiratuta ere, kontuan hartu behar da gaur egungo paisaia gizakiak belaunaldiz belaunaldi ingurunean izan duen eraginaren emaitza dela.

J. Nadalek esaten duen bezala, demografi ziklo zaharraren ezaugarri nagusia hilkortasun tasa handia izatea da, izurriteek eta janari urritasunak bat egiten baitzuten aldian behin nolabaiteko normaltasun demografikoko urteetan pilatutako giza gehiegia deuseztatzeko. Biztanleriaren lehenengo zenbaketak Elizak egin zituen; XIV. mendekoak dira lehenengo eliz erregistroak, jaiotza, heriotza eta ezkontzekin zerikusia zuten gertaerak gordetzen zituztenak. Askoz geroagokoak dira Aranda, Floridablanca eta Godoyren zentsuak. Egiaz, XVIII. mendearen erdialdea arte, aipaturiko eliz erregistroak dira demografi azterketak egiteko dauden informazio iturri bakarrak. Iturri horien baliotasuna, baina, zalantzazkoa da, are gehiago garai hartan datuak biltzeko izango ziren oztopoak kontuan hartuta, biztanle kopuruaren gutxi gorabeherako estimazioak baitira. XVIII. mendearen bigarren erdian egin ziren lehenengo Zentso Ofizialak, biztanleriaren kontularitza helburu zuten dokumentazio iturri egokiak. Arestian aipatu ditugun zentsoez ari gara: Arandarena (1768), Floridablancarena (1787) eta Godoyrena (1797).

XIX. mendean, demografi ezaugarri modernoez egindako lehenengo Biztanle Zentsua agertu baino lehen, Polizi Zentsua egin zen 1825. urtean, hala hola egin ere. Zentsuak askoz fidagarriagoak izan ziren 1870. urtean Erregistro Zibila sortu zenez geroztik. Erregistro hori biztanleriaren mugimendu naturalarekin zerikusia zuten datu guztiak gordetzeaz arduratuko zen.

Informazio iturrien fidagarritasuna gorabehera, eta biztanleriaren hazkundeak mendez mende oztopoak (izurriteak, goseteak eta gerrak) besterik izan ez zituenean, XVIII. mendeak nolabaiteko birsorkuntza edo demografi eztanda eragin zuen, nabarmena Hego Euskal Herrian. Iparraldean, aldiz, biztanle kopuruak behera egiten segitzen zuen. Donibane Lohizunek, adibidez, 5.000 bat biztanle zituen XVIII. mendearen erdialdean, eta erdia baino ez handik ehun urtera. Aitzitik, XIX mendeak hazkunde orokorra ekarri zuen, ez homogeneoa hala ere, ez denboran ez espazioan. Hazkundea nabarmena izan zen Ipar Euskal Herrian mendearen lehen berrogeita hamar urteetan. XIX. mendearen bigarren erdiko demografi gainbeheraren arrazoia 184lean Espainiako muga Ebrotik Bidasoara aldatzeak izan zituen ondorio kaltegarrietan bilatu behar da. Hego Euskal Herrian demografi hazkundea mendearen erdialdean hasi zen Bizkaian eta Gipuzkoan. Araban eta Nafarroan, berriz, hazkundea ez zen XX mendean aurrera egin arte hasi.

Kontuan eduki behar da Ipar Euskal Herriko hilkortasun eta jaiotza tasak lehenago jaisteak hazkunde demografiko nabarmena eragin zuela XIX. mendearen lehenengo erdian. Hegoaldean, berriz, bestelakoa zen egoera, penintsulako biztanleen artean sekulako sarraskia eragiten ari ziren izurrite gogorrak zirela eta. Hego Euskal Herrira 1850 ondoko urteetan sartu zen izurriteak, adibidez, %5erainoko hilkortasun tasak eragin zituen.

Ez dago demografi aldi zahar honi buruzko jaiotza eta hilkortasun tasen datu sailik. Hala ere, arrazoibide logiko batek jaiotza tasak oso handiak behar zutela pentsarazten du: %40 ingurukoak, eta are handiagoak ere. Kontuan hartzen badugu ezein hazkunde demografikorako eragozgarri gogorrak diren faktoreak izanda ere —izurriteak, emigrazioak, gerrak eta abar—, biztanle kopuruak denboraldi horretan pixkana-pixkana baina etengabe gora egin zuela, ondorioa argia da: jaiotza tasak handia beharko zuen nahitaez.

Demografi aldi zahar horretan zehar jende askok alde egin behar izan zuen Euskal Herritik. Emigrazioa biztanleriaren eta baliabideen arteko oreka hauskorra hautsi izanaren ondorio zen. Izan ere, biztanle kopuruak gora egiten zuenero Euskal Herriko lurraldea —urria eremuan nola biziraupenerako aukeratan— ez baitzen gauza bere ekoizpen ahalmena handitzeko eta, beraz, handitzen ari zen eskaria asetzeko. Biztanleak, horrenbestez, kanpora joan beharrean aurkitzen ziren. Orduko ekonomia nekazaritzan oinarritzen zen, biziraupenerako nekazaritzan; lur sailak txikiak ziren, eta etekin urrikoak; eta, gainera, lurraren transmisiorako zuzenbide sistemak maiorazkoari baino ez zion mesede egiten.

Hego Euskal Herriko emigrazioaren jomuga tradizionala Ameriketako kontinentea izan da, garai jakin batzuetan izan ezik -Errekonkista eta gero, adibidez, Gaztela eta Andaluzia jendeztatzera joan ziren euskaldunak-. Ameriketara joandakoek helburu bat zuten: aberastea.

Ipar Euskal Herriko lurraldeetatik Ameriketarako migrazio mugimendua ere Hegoaldekoetatik bezain handia izan zen. Euskaldunak Iparraldetik irtetea bultzatu zituen arrazoietako bat Hego Ameriketako espainiar koloniek izan zuten aurrerapen handia da. Aurrerapen horrek jende asko erakarri zuen, batez ere joateko debekua kendu zenez geroztik. Goyhenetxeren arabera «Ameriketako errepublika burujabe gazteak 1830ean edo hasiko ziren Iparraldeko jendea hartzen». Emigrazioa masa fenomeno bat izan zen, eta oso zaila da, ezinezkoa dela ez esateagatik, benetan zenbat joan ziren jakitea, emigratzaileetako asko eta asko klandestinitatean joan baitziren. Goyhenetxek berak dioenez, proportzioz askoz jende gehiagok emigratu zuen Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herritik baino; 1825-1900 bitartean 100.000 euskaldun eta biarnotar joan zirela kalkulatu zuen. Goyhenetxeren arabera, migrazioak era askotako kausak izan zituen: Iraultzak eta Inperioaren gerrek, adibidez, erabateko hondamendia eragitea kostaldean eta itsas merkataritzan. Beste kausetako bat euskal erakunde juridikoak deuseztatzea zen.

Horrek bete-betean jo zituen ondorengoaren errejimena eta familiaren ondarearen batasunaren jarraipena. XVIII. mendearen bukaerako Ondorengotza Legeak, nekazaritza ondarearen berdintasunezko banaketa agintzen duena, desoreka eragin zuen berriz ere biztanleriaren eta nekazaritza baliabideen artean. Nekazaritza ustiategien ezaugarri fisikoak eta ekonomikoak zirenak izanda, ustiategiak zatitu beharrak haien errentagarritasuna kaltetu zuen, eta, hala, familiako lurrak saldu eta bertan behera utzi behar izan ziren. Horrenbestez, euskaldunaren ohiturazko zuzenbidea, gizakiak bere ingurunean egindako ekintzaren mendetako esperientzian oinarritua, bigarren tokian geratu zen.

Industrializazioak, gainera, lur sail txikiko nekazariari errenta osatzeko behar beharrezkoa izaten zitzaion artisautza pixkana desagertzea ekarri zuen. Zenbaiten ustez migrazioen beste eragile nagusietako bat Iraultzaren eta karlistaldien ondoren aduanak Ebrotik Bidasoara aldatzea izan zen. Horrek Iruñearen eta Baionaren arteko trukea ez ezik inguru horren guztiaren arrakasta ekonomikoa galarazi zuen.

Laborderen iritziz, XIX. mendearen azkeneko hamarraldietan Ipar Euskal Herritik Hego Ameriketara joaten ziren gehienak oso gazteak ziren, 21-23 urte artekoak, eta horietarik heren bat nekazariak eta bi heren artisauak edo merkatariak ziren. Emigratzaile saldo horietarik hiru laurdenak baino gehiago Argentinara joan ziren. Hau da kontrolaturiko emigratzaile kopurua: 1875. urtea arte, 1.000 lagunetik gora urteko; 1881. urtea arte 450-650 lagun urteko; handik aurrera, emigrazio prozesua motelduta, 400 lagun baino gutxiago.

Baina ozeanoaz haraindiko emigrazio mugimenduak ez ezik lurralde barnekoak ere baziren, herritik hirira zihoazenenak alegia. Baionako Merkataritza Ganbararen 1867-1868 bitarteko Nekazaritza Zentsuaren arabera, lurralde barneko emigrazioak ozeanoaz haraindirakoak baino jende gehiago mugitu zuten: mugimenduen %53 1861-1870 bitartean, %60 1870-1880 bitartean, eta %73 1886-1895 bitartean. Egia esan, eta Labordek ongi adierazten duen bezala, mugimendu horiek izatearen arrazoietako bat lurrak biztanleria osoa elikatzeko adinako ahalmena ez izatea da, biztanle kopuruak landa inguruneak eskaintzen dituen baliabideak gainditzen baititu. Izan ere, eskaintzaren eta eskariaren arteko indar erlazioaren eskema sinplearen bidez azal daitekeen arazoa da hau. Hala, biztanleriaren soberakin natural handia dela eta, nekazaritza ekoizpena handituz gero ere, berehala xahutzen da. Kontuan hartu behar da XIX. mendean kilometro koadro bakoitzeko batez besteko biztanle kopurura 100dik gorakoa zela eta ustiategiak txikiak zirela. Gainera, arestian aipaturiko Ondorengotza Legea indarrean jarri eta gero, ustiategi horien ekonomi bideragarritasuna asko urritu zen. Hau guztia honela laburbil daiteke:Emigrazioa lurralde orekarako ezinbestekoa balitz bezala agertzen da, batez ere Ipar Euskal Herriko mendialdean eta barnealdeko lekurik behartsuenetan, baina bertan gelditzen direnen bizi maila eta bizi kalitatea ez da halere handitzen. Ipar Euskal Herriko barnealdeak bere biztanleriaren %15 galdu zuen 1851-1876 bitartean, eta %6 1876- 1901 bitartean. Aitzitik, kostaldeko eta Aturri ibaiaren bokaleko biztanle kopurua %5 eta %26 handitu zen, hurrenez hurren.

Demografi prozesu berria. Industrializazioaren garrantzi erabakigarria Euskal Herriaren hazkunde demografikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Industrializazioa Euskal Herrian»

XIX. mendearen bigarren erditik aurrera jaiotza tasak behera egin zuen, Bilbo aldean izan ezik, jende gazte asko baitzen han, Bilbon, industrian lan egitera etorria. Euskal Herriko jaiotza tasa, dena den, %30etik gorakoa zen. Bi dira jaiotza tasak behera egitearen arrazoi nagusiak: haurren hilkortasun tasa handiak emakumezkoen kopurua murriztearen ondorioz emankortasun tasak behera egitea, eta gizonezkoak borrokaz borroka ibiltzearen ondorioz ezkontza tasak ere behera egitea. González Portillak oso ondo azaldu zuen egoera: «1877-1900 bitartean Bilboko itsasadarrean industria eta meatzaritza zabaltzeak herritik industriagune berri horietara bultzatu zuen jende asko, gazteak batez ere, 16-40 urte artekoak. Inguru horretako jaiotza tasa izugarri handitu zen, eta urte gutxiren buruan Espainiako eta Bizkaiko jaiotza tasak gainditu zituen. Jaiotza tasa handitzearen arrazoi nagusia emakumezkoaren ezkon adina txikitzea izan zen; emankortasun tasak gora egin zuen...».

Hilkortasunak, bestalde, handia izaten jarraitu zuen XIX. mendean zehar. Mendearen bukaeran hasi zen behera egiten, osasuna zaintzea helburu zuten neurriak (higienea eta) biztanleen artean zabaldu zirenean. Neurri horiei eta elikaduraren hobekuntzari esker jaitsi zen hein handi batean haurren hilkortasun tasa. Horrenbestez, behera egiten ari ziren jaiotza tasa handiei oso hilkortasun tasa handiak kontrajartzean, lurraldearen hazkunde naturala oso txikia da, are negatiboa ere zenbait urtetan. Hala ere, biztanleria handituz doa etengabe, honako arrazoi hauengatik: emankortasun tasa handia da, pertsonen batez besteko bizi itxaropena handitzen doa, eta migrazio prozesuek, berriz, pixkana-pixkana, XX. mendera hurbildu ahala, garrantzia galtzen dute.

Euskal Herriaren hazkunde demografikoa eragotzi duen faktore nagusietako bat migrazioa izan da. Migrazioak, halere, sekulako garrantzia izan du Euskal Herriko biztanleriaren gorakadan, industrializazioak erakarrita iritsi ziren etorkinen bitartez. Migrazio mugimenduek, beraz, eragin bikoitza izan dute: negatiboa eta positiboa, Euskal Herriko historiaren zer garai eta zer eremu aztertzen den.

Industrializazioa da, dudarik gabe, Euskal Herriko demografi portaerak aldarazi zituen eragile nagusia. Gaur egungo egoera demografikoaren erantzule zuzena izateaz gainera, trantsizio demografikoa esaten zaiona sortu duen elementua da. XIX.-XX. mendeetan industri guneetan gertatu zen trantsizio demografiko horrek jaiotza eta heriotza tasa handiko demografi maila batetik jaiotza eta heriotza tasa txikiko beste maila batera igarotzea ekarri zuen (lehenbizi hilkortasun tasa murrizten da, eta jaiotza tasa ondoren).

Hitz gutxitan esateko, industrializazioak gainerako faktore sozioekonomiko guztiak sintetizatzen ditu. Euskal Herrian, adibidez, industrializazioak langile premiak aldatu zituen, eta horrek migrazio mugimendu handia eragin zuen, Espainiako estatuko landa ingurune behartsuenetatik Euskal Herriko industriaguneetara. Bestalde, azkeneko hamarkadetan osasun, laguntza eta gizarte alorretan bideraturiko aurrerapen zientifikoei esker, hilkortasun tasak behera egin zuen, eta eskueran jarri ziren jaiotza kontrolerako bitarteko eraginkorrak. Esan daiteke, beraz, industrializazio prozesua trantsizio demografikoa deitzen den gertaera katearen aurreneko kate begia dela.

Bielza de Ory (1977) adituaren arabera, baina, industrializazioa indar desberdinez eragin duenez Hego Euskal Herrian, ondorio desberdinak izango ditu, bai ekonomian bai demografian. Araban eta Nafarroan, adibidez, industriak hiriburuetan ez ezik eskualde buruetan ere ezarri dira, eskualdeen garapen harmonikoa bilatzeko bakoitzaren ezaugarri geografiko eta sozioekonomikoen arabera. Bi lurralde horien bilakaera demografikoa aztertuz gero, baieztapen horrek egiantz handiagoa du Nafarroako lurraldean Arabakoan baino. Izan ere, Araban gauzatuz joan den desoreka demografiko handia dela eta, gaur egun izugarrizko kontzentrazio demografikoa dago hiriburuan. Kontuan hartu behar da, dena dela, Bielza de Ory 1960-1970 urteez hitz egiten ari dela, alegia, Nafarroako eta Arabako probintziak -ezen ez hiriburuak— Espainiako estatuan hazkunde demografikoa izandako probintzia bakarrenetakoak izan ziren garaiaz. Hala, bada, nekazaritzaren mekanizazioak bultzatuta emigratu beharrean aurkitu zirenak ez ziren hiriburuetara joan, eskualde buruetara baizik, Tafallara, Tuterara, Lizarrara... Are gehiago, hiri eta industri guneen inguruan landa inguruneko herriak ziren oraindik ere, eta horrek bi ondorio nabarmen zituen: bata egunero bizilekutik lantokira eta lantokitik bizilekura joaten ibili beharra, eta bestea, denbora-zatiz herrian bertan nekazari lanetan aritzea (jardun plurifuntzionala).

Biztanleak lurraldean nola banatu diren aztertuta, industrializazioaren hasieran bertan ikusten da gorabehera handiak daudela toki batetik bestera. Bizkaian, adibidez, biztanleria eremu jakin batzuetan biltzen da, eta biztanle dentsitate handiagoa duen Gipuzkoak, berriz, biztanle banaketa homogeneoagoa du lurralde osoan. Bizkaiko banaketaren desoreka nabarmena da XIX. mendearen bukaeran ere; demografi dentsitate handieneko guneak kostaldeko arrantza herri nagusiak eta Bilbo dira. XLX. mendearen erdialdean prozesu horren joera biztanleria Bilboko itsasadarraren inguruan eta eskuinaldeko kostaldean biltzekoa da.

Azkenik joera hori egia bihurtu zen XIX. mendearen bukaeran, industri prozesuaren lehenengo etapa hazkunde betean zegoenean. Horrela sortzen da Nerbioi ibaiaren inguruko kontzentrazio demografiko handia. Bizkaiko biztanleriaren banaketa heterogeneo horrek ekonomi jarduearen faktore baldintzatzaileari erantzuten dio. XIX. mendearen bigarren erdian, adibidez, Bizkaiko hazkunde demografikoa Ibaizabal-Nerbioiko meatzaritza industriagunean bildu zen. Urte horietan Bizkaiko lurraldeko biztanle kopurua bikoiztu egin zen, baina aipaturiko gune horretakoa laukoiztu. Meatzaritza guneak eta itsasadarrak 40.000 biztanle zituzten 1857an,eta 167.000 1900ean. Bizkaia osoak, berriz, 150.000 biztanle 1857an eta 311.000 1900ean.

Kontzentrazio demografiko horrek lurraldean izan zuen eraginez erabat aldatu zen Bizkaiko jatorrizko paisaia. Gonzalez Portilla adituak esaten duen bezala, landa paisai batetik —Bilbon izan ezik, noski— hiri aglomeraziora, txabolismora eta paisaiaren industrializaziora igaro zen. Lantegiak eta etxebizitzak, nahas-mahasean, elkarren ondoan eraiki ziren itsasadarren inguruan. Langile gehiagoren beharrak etorkin saldo handiak erakarri zituen kanpotik. Gipuzkoako biztanleen banaketa, berriz, Bizkaikoa baino askoz ere homogeneoagoa da, eta hazkunde demografikoa ez da soilik hiriburuan, Donostian, pilatzen, lurralde osoan zehar banatzen baizik Industri establezimenduak lurralde osoan zehar sakabanatuta egoteak eta hiriburuaren neurrizko hazkundeak ematen diote homogeneotasuna. Horrek ez du Bizkaiko lurraldeak duen biztanle banaketa desberdinaren distortsio demografikorik eragiten. Izan ere, XIX. mendearen bigarren erdian zehar Gipuzkoako hiriburuaren biztanle kopurua —proportzioz lurralde osokoa halako bi hazten bada ere— lurraldeko biztanle kopuru osoaren bosten bat da.

Ipar Euskal Herrian XVI eta XVI. mendeetan hasi zen agerian gelditzen biztanleriaren banaketak lurraldeko toki batetik bestera dituen gorabeherak. Izan ere, biztanleriaren eta baliabideen arteko desorekak —nekazaritzatik bizimodua ateratzerik ez zuen nolabaiteko demografi hazkundeak eragina— migrazio mugimendu bat eragin zuen, Ameriketara ez ezik kostaldera ere bideratu zena. Arrantzaren eta itsasketaren gorakadak kostaldean eragin zuten nolabaiteko garapenak, bestalde, bide ematen zion demografi eta geografi desoreka gauzatzeari. XIX. mendean kostaldearen eta barnealdearen arteko biztanle desoreka areagotu zuten bi faktore konbergente azaldu ziren: turismoa eta emigrazioa. Miarritze turismoaren erdigune bihurtu zen, hiriaren demografi bilakaerak argi erakusten duen bezala: 1.088 biztanle zituen 1820an, 1.932 1850ean eta 5.507, hau da, bost aldiz gehiago, 1876an. Eta aristokraziaren eta estatu gizonen opor leku nagusi bihurtu zenez geroztik Miarritzeko biztanle kopurua asko handitu zen, 1906. urterako 15.000 biztanleak gora izateraino.

Kostaldeko gainerako herriak ere handituz joan ziren, bai turismoari bai merkataritza eta industri jarduerei esker, baina, halere, Miarritze baino motelago handitu ziren. Angeluk, adibidez, %62ko hazkundea izan zuen: 4.116 biztanle 1876an, 6.627 biztanle 1991n. Baiona, bestalde, ez zen handitzen, inguruko harresiak zabaltzea eragozten baitzion. Hala, 1876 eta 1911 artean, %1,7 baino ez zen handitu.

Ipar Euskal Herrian sorturiko industri jarduna zela eta biztanleri gune berriak sortu ziren, Tarnose eta Bokale, esate baterako. 1883. urtean Aturriko Forjak zabaldu zirenez geroztik, inar handia hartu zuten, biztanle kopurua bikoizteraino. Orduan hasi zen Baiona inguruko aglomerazioa eratzen. Aipagarria da ere Hendaiako kasua; 1876 eta 1901 artean izugarri handitu zen (%121), burdinbideen lotunea izateak garrantzi handia emateaz gainera aduana langileak eta ostalaritza eta merkataritza sektoreko langileak erakarri baitzituen.

Biztanle hazkundearen faktore erabakigarriak: mugimendu naturala eta migrazio mugimenduak Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emankortasunaren, hilkortasunaren eta migrazioen ekintzak berritzen dute biztanleria. Demografi fenomeno horien konbinazioak eta bilakaerak biztanleri bolumenaren eta egituraketaren gorabeherak zehazten ditu, adinaren eta sexuaren arabera.

Biztanleriaren banaketaren azterketetan oinarrizko bi mugimendu bereizi behar dira, edozein eremutako biztanleen hazkundea eta ezaugarriak —arestian aipatuak— baldintzatzen dituztenak: biztanleriaren mugimendu naturala eta migrazio mugimenduak. Biztanleriaren mugimendu horiek, bi biek, funtsezko demografi ekuazioaren bi elementuak izateaz gainera lurralde jakin batean finkaturiko gizartea osatzen duten gizabanakoen kolektiboak izaten dituen aldaketen multzoa islatzen dute. Hazkunde hori positiboa edo negatiboa izan daiteke, lineala edo etena. Hazkunde mota horietako bakoitza, bestalde, zenbait faktore edo kausaren mende izaten da. Kasu batean, jaiotzen eta heriotzen arteko balantze edo diferentziari hazkunde naturala esaten zaio. Hazkunde naturala positiboa da jaiotzak heriotzak baino gehiago direnean, eta negatiboa alderantziz gertatzen denean. Beraz, hazkunde naturala jaiotza eta heriotza faktoreek baldintzatua dago. Faktore horiek ere beste faktore batzuen mende daude: adina, emankortasuna, ezkontza tasa, eri tasa.

Beste kasuan, lurralde batetik ateratzen diren gizabanakoen (emigratzaileak) eta delako lurralde horretara iristen direnen (inmigratzaileak edo etorkinak) arteko balantzeari migrazio saldoa esaten zaio, eta hori ere positiboa edo negatiboa izan daiteke. Gizataldeen lekualdatze horiek, bestalde, lurralde barnekoak edo lurralde artekoak izan daitezke, eta faktore sozialak, politikoak eta ekonomikoak bultzatuta egiten dira. Hala ere, Euskal Herriari dagokionez, behintzat, pixkana-pixkana baina etengabe handitzen ari den eta inoiz sekulako hazkundea izaten duen biztanleriaren premiak eta eskariak behar bezala asetzeko ahalmenik ez duen landa ekonomia izatea da lekualdatze horien eragile nagusia. Biztanleriaren eta baliabideen arteko desoreka horrek demografi eszedenteak sortzen zituen, inguruneak berriz bereganatu ezin zituenak, eta, hala, kanpora joan beharra izaten zutenak.

Gizataldeen mugimenduek Euskal Herriko bilakaera demografikoan izan duten eragina aztertzean ikusten denez, Euskal Herriko biztanle hazkunde ikaragarria gehiago da immigrazioaren ekarpenaren ondorio bertako dinamika naturalaren ondorio baino. Euskal Herriko industriaren susperraldiak Espainiako estatuko beste eskualde batzuetako eta are Euskal Herriko gaztedia ere erakartzeaz gainera bertakoa kanpora zedin eragotzi zuen. Demografi gertaera horiek banan-banan aztertzen hasi baino lehen, gauza bat argitu behar da: denborari eta espazioari dagozkien konparaketak egin ahal izateko, aditzera eman behar da zenbat pertsonek osatzen duten aztergai den demografi gertaera bakoitza eta zenbat biztanle diren guztira. Euskadiren demografi ezaugarriak asko aldatu dira 1976. urteaz geroztik. Baieztapen hori frogatzeko aski da ikustea jaiotza eta ezkontza kopuruak (sekulako beherakada izan baitute) eta migrazioen norabidea (aldatu egin baita). Hilkortasuna da, bestalde, balio positiboa izaten jarraitzen duen demografi gertaera bakarra; haren adierazleak gora ari dira etengabe.

Aldagai horien guztien konjuntzioa dela eta, 1983. urteaz geroztik Euskadiren demografi hazkundearen tasa negatiboa da, eta haren adinkako eta sexukako biztanleri piramidea ere izugarri aldatu da.

Euskadiren biztanle kopurua etengabe hazi da XX. mendean zehar 1983. urtea arte. Denbora bitarte horretan Euskadiko biztanle kopurua hiru eta erdi aldiz baino gehiago handitu zen. Jauzirik handiena 1960-1970 urteetakoa izan zen: hamar urteren buruan Euskadiko biztanle kopurua 37 puntu handitu zen erreferentzi urtearekiko (1960). Egonkortasun urteak ziren haiek. 1959an hasitako egonkortasun aldi horrek industrializazioaren gorakada ekarri zuen, eta horrek etorkin asko eta asko erakarri zituen, herrialdearen mugimendu naturala ziztuan hazarazi zutenak.

1991. urteko Biztanleri Zentsuaren arabera Euskadik 2.109.516 biztanle ditu: %55 Bizkaian, %32 Gipuzkoan eta gainerako %13 Araban. Biztanleriari buruzko estatistikak mendearen hasieratik aztertzea oso interesgarria da, demografi aldaketak eta horrekin biztanleriaren egoera eta dinamika epe luzeko perspektiba baten arabera aztertzeko aukera ematen baitu horrek. Baina hori bezain interesgarria da duela urte gutxiko bilakaeraren azterketa xehea egitea, 1975. urtetik aurrerakoa, adibidez, orduan hasi baitziren petrolioaren krisiaren ondorioak antzematen eta aspaldiko industri guneek atzera egiten. Are gehiago, aldi horren barnean, bi etapa bereizi behar dira: bata, 1983-1990 artekoa, 45.000 biztanle inguru galdu zirena; eta bestea 1990. urtetik aurrerakoa, susperraldia antzematen dena, nahiz eta Bizkaiari eta Gipuzkoari abiatzen gehiago kosta.

Lurralde Historikoak banan-banan aztertzean, berriz ere aipatu beharrean gaude Arabaren eta kostaldeko beste bi lurraldeen arteko diferentziak. Arabako biztanle kopurua pixkana-pixkana baina etengabe handituz joan da mende osoan zehar, halako hazkunde handi handirik gabe. Aipagarria da 1965-1975 bitarteko hazkundea, industrializazioa-azterketa honetan Industri Iraultzaren bigarren fasea deituko duguna- hasi zenekoa. Arabako hazkunde demografikoa, jarraia eta positiboa, ezaugarritzat zabaltzea duen biztanleri egituraketaren isla da, egoera ekonomikoa ere aldekoa denean agertzen dena. Arabak 1993. urtean, estatistika seriea amaitzen den urtean hain zuzen ere, erdietsi du biztanle kopururik handiena. Bizkaiak eta Gipuzkoak, aldiz, 1981. urtean izan zituzten urterik jendetsuenak. Egia esan, bi lurralde horietan azkeneko urteetako joera negatiboaren inertzia nabari da; joera horrek luze iraun ez badu ere, kualitatiboki garrantzitsua izan da. Nafarroak, bestalde, biztanleri hazkunde motela izan zuen 1960. urtea arte: 1.700 biztanle baino gutxiago urtero; demografi egoera hori industrializazio modernoaren aurreko aldiari dagokio. 1960-1980 bitarteko urteetan, baina, Nafarroako biztanle hazkundeak gora egin zuen: 6.000 biztanle gehiago urtero. Baina 1990 ondoko urteetan biztanle kopuruak ez du ez aurrera ez atzera egin. 1991. urteko Biztanleri Zentsuaren arabera, Nafarroako Erkidegoak 582.809 biztanle ditu, eta horietarik %31 hiriburuan bertan bizi dira, Iruñean.

Hala ere, biztanle kopuruaren hazkundeari buruzko datu orokor horiek ez dute islatzen Nafarroako lurraldearen benetako errealitate demografikoa. Errealitatea da alde handia dagoela landa inguruneko biztanleriaren eta hiri inguruneko biztanleriaren artean: lehenak behera egin du nabarmen -are desagertu ere herrigune batzuetan-, eta bigarrena, berriz, hirigune jakin batzuetan kontzentratua, azkar eta asko handitu da. Tutera, adibidez, %7 handitu da 1981-1991 urteetan, eta Zentroniko bera ere %4.

Nafarroako demografi gorabeheretan, bestalde, alde handiak daude toki batetik bestera. Irunberri-Agoitz aldea, batetik, eta Nafarroa erdiko ekialdea, bestetik, atzerakada latza jasaten ari dira. Izan ere, bi eremu horien hazkunde naturala negatiboa da gaur egun: 75 pertsona Irunberri-Agoitz aldean, eta 60 inguru Nafarroa erdiko ekialdean. Pirinioetako ibarretan ere biztanle kopurua beheraka ari da, baina aurretik aipatu diren bi eremu horietan baino motelxeago halere. Pirinioetan 15.000 biztanle ziren 1960ean eta 8.000 besterik ez 1990-2000 hamarraldiaren hasieran. Beherakada, baina, ez zen soilik Pirinio aldean gertatu, Nafarroa osoan baizik, Iruñean eta hiri eta industri gune batzuetan izan ezik. Dena dela, Lizarraldean eta Tuteran beherakada ez zen horren nabarmena izan.

Landa inguruneetako demografi beherakada hori gauza orokorra izan da mendi aldean; are gehiago, mendi aldeko zenbait lekutan desertizazio arriskua dago. Ipar Euskal Herriak XX. mendean zehar izan duen hazkunde demografikoa Lapurdiren hazkuntzari zor zaio. Nafarroa Behereak eta Zuberoak behera egin dute poliki-poliki. Are gehiago, lurraldea bere osoan hartuta, Ipar Euskal Herriko biztanle kopuruaren hazkundea Lapurdira mugatzeaz gainera desoreka larria dakar, bi alde bereizten baitira argi eta garbi: Kostaldea eta Barnealdea edo landa ingurunea. 1930-1940 bitarteko hazkunde demografikoa motel-motela izan zen, baina etengabea, jarraia lurralde osoan. Handik aurrera, baina, bi aldeen bereizketa nabarmena da: Lapurdiko biztanle kopurua %77handiagoazen 1991n 1930-1940 urteetan baino; Zuberoak, berriz, biztanleen %25 eta Nafarroa Behereak %60 galdu dute denbora bitarte horretan. Gaur egun (1990) Ipar Euskal Herriak 249.6412 biztanle ditu.

Euskal Herriko mugimendu naturala zehazten duten faktore demografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiotza eta emankortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiotza bi ikuspegitatik azter daiteke, zertan jartzen den arreta, amarengan aia haurrarengan, alegia, jaiotzan ala emankortasunean. Zenbaketa metodorik arruntena tasa gordina kalkulatzean datza: denbora bitarte jakin batean jaiotako haur kopuruaren eta bitarte horretako biztanle kopuruaren arteko erlazioa, milakotan adierazia. Tasa mota horiek kronologi une jakin baterako kalkulatzen dira -urte baterako, eskuarki-, eta unean uneko egoera ezagutzea dute helburu. Beste azterketa batzuk denbora bitarte jakin bat aztertzeko izaten dira, eta atzera begirako izaera dute. Hartzen da, adibidez, urte berean jaiotako emakume talde bat, eta emakume horiek ama biologikoak izan daitezkeenetik izateari uzten dioten arteraino zenbat ume izan dituzten neurtzen da, hau da, haien emankortasun aldia aztertzen da.

Komenigarria izaten da jaiotza tasari dagokion balioa emankortasun orokorraren (edo adinkako) tasa gordinari dagokionarekin konbinatzea, azterketak emankortasun aldi osoari -14 eta 49 urte bitartean- edo aldi horretako urteetako bakoitzari dagozkion azterketa kuantitatiboak diren. Emankortasun aldiko urte bakoitzeko azterketa egin nahi denean, adin jakin bateko amengatik urte jakin batean jaiotako haur kopurua eta ama horien adin bereko batez besteko emakume kopuru osoa erlazionatu behar dira. Tasa hori ere milakotan adierazten da. Baina fenomenoaren ikuspegi orokorra izateko, indize sintetiko bat erabili behar da: emankortasun orokorraren tasa, hau da, ernalduak izateko adinean (15 eta 49 urte artean, beraz) diren 1.000 emakumerengandik denbora bitarte jakin batean, urte batean, eskuarki, jaiotako haur kopurua. Beste adierazle jakingarri bat emakume bakoitzak batez beste duen haur kopurua ezagutzea da. Kopuru hori adinkako emankortasun tasa desberdinak batu eta batura horren eta 1.000 (balioak milakotan adierazi badira) arteko zatiketa eginez kalkulatzen da. Datu horrek biztanleri ordezkapena gerta daitekeen ala ez jakiteko bidea eman dezake. Biztanle ordezkapena gertatzeko belaunaldi bateko emakume bakoitzak bi seme-alaba baino gehiago izan behar ditu batez beste, kontuan hartu behar baita jaiotako haur guztietarik batzuk emankortasun adina iritsi baino lehen hiltzen direla. Gaur egun mendebaleko Europan tasa hori 2,1 seme-alabetakoa da emakume bakoitzeko; hilkortasun tasa handiagoa baldin bada, emakume bakoitzeko seme-alaben kopuruak ere handiago beharko du.

Gizatalde batek bere burua ordezkatzeko gaitasunik ba ote duen jakiteko beste bide bat jaiotako emakume kopuruaren eta ama kopuruaren arteko erlazioa kalkulatzea da: ugalketa tasa osoa delakoa, alegia. Adierazle horren bitartez emakume talde batek izango duen alaba kopurua emakume adina, haiek baino gutxiago edo gehiago izango ote den jakin daiteke, hau da, zenbat ama izan daitekeen etorkizunean. Horrekin, gainera, emakume bakoitzak emakumezko ordezkorik izango ote duen, eta beraz, biztanle kopurua handitu, txikitu edo bere horretan mantenduko den jakin daiteke.

Euskal Herriko hazkunde demografikoaren faktore begetatiboak aztertzean zera ikusten da: jaiotza tasak handi samarrak dira, Hegoaldean batez ere, baina, hala ere, behera egiten ari dira pixkana. Mende hasierako jaiotza tasak oso handiak ziren, ziklo demografiko zahar bati zegokion bezala. Bizkaiak eta Gipuzkoak, adibidez, %30etik gorako jaiotze tasak izan zituzten 1910 arte. Araba, aldiz, mendearen lehenengo herenean Espainiako estatuko batez besteko jaiotza tasa baino handiagoa izatetik jaiotza tasarik txikienetakoa izatera igaro zen, harik eta 1955- urte inguruan berriz gora egiten hasi zen arte. Nafarroako jaiotza tasa ez zen behera egiten hasi 1920 ondoko urteak arte.

Jaiotza kopuruaren beherakadak 1975. urtea arte iraun zuen. Dena dela, jaiotza tasa handia izan zen, %20tik gorakoa beti, Espainiako Gerra Zibilean eta ondoko urteetan izan ezik, noski, urte haietan ezkontzak atzeratu eta bikoteak bereizi egin zirelako.

XX. mendearen lehenengo erditik aurrera iritsi ziren jaiotza tasarik handienak, mende hasierako %30 haietatik hurbilekoak: 1959. urtean, adibidez, Gipuzkoak %29,8ko jaiotza tasa izan zuen. Aldi berean, ekonomiaren hazkundea Hego Euskal Herri osora zabaldu zen, Arabara eta Nafarroara ere iritsi baitzen. Mendearen bigarren erdirik aurrera hasi zen jaiotza tasa behera egiten, %20 inguruan, are beherago ere, gelditu arte. 1970ean, adibidez, Nafarroak %18,3ko jaiotza tasa izan zuen. Bestalde, Ipar Euskal Herriko jaiotza tasak txikiagoak ziren. Hazkunderik handiena 1975. urtean izan zuen, Baionak, Miarritzek eta Angeluk % 15eko jaiotza tasak zituztelarik.

Geografiaren ikuspegitik aztertua, jaiotzen bilakaerak aldea handiak ditu lurralde batetik bestera. Hego Euskal Herriko lau hiriburuak hazkunde handia izaten ari ziren bitartean, Ipar Euskal Herriko barnealdeko herriak jendez hustuz zihoazen. Inmigrazioa zela eta, Hego Euskal Herriko hiriburuek eta hiri eta industri gune handiek demografi hazkunde handia izaten ari ziren garai berean, hirigune horietako jaiotza tasak ere izugarri handitu ziren, zein bere lurraldeko jaiotza tasen batez bestekoa baino gehiago. Donostiak, adibidez, sekulako jaiotza tasa izan zuen 1964. urtean, %44. Nolanahi ere, kontuan izan behar da garai hartan osasun zentro guztiak hiriburuetan zirela.

Hala eta guztiz ere, eta 1975. urtea jaiotza tasaren une gorenaren erreferentzia baliagarritzat harturik, emankortasunak atzerakada handia egin du. Euskadiren 1975-1991 bitarteko emankortasun tasak aztertzean hau ikusten da: azterketaren denbora bitarte horren lehenengo urteetan Mediterraneo aldeko herrialdeek bakarrik —Frantziak izan ezik- zeuzkaten Euskadiren antzeko emankortasun tasak; Europako Mendebaleko gainerako herrialdeak gutxieneko emankortasun mailaz behera zeuden. Hala, denbora bitarteko horretako lehenengo bost urtean (1975-1980) bakarrik, seme-alaben kopurua 0,8 murriztu zen emakume bakoitzeko. Hau da, oso denbora gutxian emakume bakoitzeko ondorea 2,67 seme-alabetatik 1,82 seme-alabetara igaro zen, belaunaldien emankortasun mugaz behera alegia.

Hasieran beherakada hori herrialde garatuenen berezko emankortasun mailara egokitzearen ondorioa edo izango zela uste izan zen, baina denbora joan ahala ikusi ahal izan denez, Euskadiren beheratze horrek oso ezaugarri espezifikoak ditu, inguruko herrialdeetan berdinik ez dutenak. Aztertu den denbora bitarte horretako hurrengo bost urtean (1980-1985), adibidez, berriro beheratu zen emankortasun indizea, emakume bakoitzeko 1,25 seme-alabetaraino beheratu ere, belaunaldi ordezkapena ziurtatzeko mailatik erabat aldenduta. Aztertu den denbora bitarteko azkeneko bost urteko behar aldia ere, nahiz eta ez den aurrekoak bezain larria (0,28 seme-alaba emakume bakoitzeko), kezkagarria da, oso maila apaletik hasten baita.

Beraz, aztertu den denbora bitarteko (15 urte) azkeneko balantzeak erakusten duenez, 1,7 seme-alaba galdu da emakume bakoitzeko. Ehunenekotan adierazita, horrek esan nahi du Euskadin ondorea %64 urritu dela. Egia esan, trantsizio demografikoa gainditu duten -hamarraldia bat lehenago gainditu badute ere— inguruko herrialdeen artean, ez da hain saldo negatiboa duenik.Beste datu aipagarri bat amatasun adinaren atzerapena da, batez beste 25,4 urtetik (1975) 28,4 urtera (1990) atzeratu dena.

Belaunaldien ugalketari dagokionez, kontuan hartuz bizirik dirauten seme-alaben kopurua eta ama kopurua berdina izan beharko lukeela (seme-alaba bat emakume bakoitzeko), Euskal Autonomi Erkidegoaren egoera nahiko txarra da, ugalketa tasa -0,47 seme-alaba emakume bakoitzeko— ordezkapen mailaz oso behetik baitago. Emakumeak adinean aurreratua izaten du lehenengo seme-alaba: Araban 29,7 urte dituela, eta Gipuzkoan, berriz, 30,2 urterekin.

Emankortasunaren demografi gertaerari dagokionez, emankortasun indize sintetikoak zifra batean laburtzen du balizko belaunaldi baten ugalketa portaera, emakume bakoitzeko jaiotza kopurua adierazten baitu. 1990ean (ikus koadroa) Euskadiren emankortasun indize sintetikoa 0,97 zen, hau da, ia seme-alaba bat emakume bakoitzeko. Herrialde industrializatuen artean Europako Hegoaldekoak dira emankortasun indize handia izatetik txikia izatera (demografi trantsizioaren ezaugarria) beranduen igaro direnak. Gainera, Euskal Herriko -eta baita Espainiako estatuko- emankortasun indizearen beherakada ez zen Europako gainerako herrialdeenarekin batera gertatu, hauetan kontsumo gizartea zabaltzen hastean gertatu zen bezala, Euskal Herrian ekonomi krisia hasi berritan gertatu baitzen, 1977. urtetik aurrera, hain zuzen ere. Pentsa liteke nolabaiteko lotura dagoela emankortasunaren beherakadaren eta ekonomiaren gainbeheraren artean, bai behintzat 1975. urte inguruan hasitako bilakaera sozioekonomikoaren aldi berri horretan. Hala ere, 1985. urtetik aurrera, norbanakoaren kontsumoa izugarri handitzearekin batera, Espainiako ekonomikoa berrindartzen hasi zen. Garai horretan emankortasuna gainbehera latza izaten ari zen. Egoera horrek argi eta garbi erakusten du biztanleriaren eta ekonomi garapenaren artean ez dela loturarik eta beste faktore batzuek aldatu dutela emankortasun portaera. Haurdun ez gelditzeko metodoetan egindako berrikuntzak ondoko belaunaldietara zabaltzeak ekarri zuen emankortasun beherakadarekin batera beste bi gertaera aipagarri gertatu ziren: nahita izandako haur kopuruaren beherakada eta «seme-alaben programazioaren» arrakasta gero eta handiagoa. Horrekin batera bizikidetza eredu berriak zabaltzen hasi ziren; lehengo famili eredu bakarraren ordez bateratze kontsentsuatuak edo izatezko bikoteak ugaldu ziren, ezkontzaz kanpoko emankortasuna handitzea eragin dutenak. Asko ugaldu dira ere guraso bakarreko familiak. Bada, bestalde, emankortasunari buruzko erabakietan garrantzi handiko beste faktore bat: gero eta emakume gehiago langile profesional bihurtzea.

Emakumea lan munduan sartzea erraztu duten arrazoien artean arrazoi ekonomikoak (hirugarren sektorearen zabalkunde prozesua), ideologikoak (emakumeak gizartean duen zereginari buruzko pentsamoldea aldatu egin da) eta demografikoak (emankortasuna kontrolatzeko neurri seguruagoak) daude, besteak beste. Faktore ekonomikoen artean, emankortasuna mugatzen edo are murrizten ere omen dute beste hauek: etxebizitzak txikiagoak eta garestiagoak izatea; hiriko bizimoduak eskatzen duen heziketa maila handia; haurren hazkuntza eta hezkuntza oso garestiak izatea. Hori guztia langabezi tasek eta lan baldintzek emankortasunaren aldeko jarrera zapuzten duten marko sozioekonomiko baten barnean.

1976tik, jaiotzaren aldeko portaera orduan hautsi zela esan baitaiteke, gaur egun arte, Euskadiren jaiotza kopurua erdira baino gutxiagora etorri da. Azkeneko urteotan handiagoa izan da heriotza kopurua jaiotza kopurua baino, hau da, saldoa negatiboa izan da. Jaiotza kopuruak ez ezik emakume bakoitzeko seme-alaben kopuruak ere behera egin du; ugalketarako batez besteko adinak gora egin du, eta jaiotzak denbora bitarte labur batera bildu dira.

Biztanleriaren emankortasun tasa zehazten duten faktoreak bi eratakoak izaten dira: biologikoak, batetik, eta sozialak — hau da, soziologikoak, ekonomikoak, kulturalak eta politikoak-, bestetik.

Faktore sozioekonomikoen eta kulturalen aldean, faktore biologikoek ez dute eragin handirik emankortasunaren banaketan. Faktore sozioekonomikoak eta kulturalak dira senar-emazteengan —gizarte osoan, beraz— eragin handiena duten faktoreak. Lotura handia dago dudarik gabe emankortasunaren eta ekonomi mailaren artean. Izan ere, ekonomiak gora egin ahala emankortasun eta jaiotza tasek behera egiten dute. Gaur egungo krisia dela eta, familiak, sarritan, aukera egin beharrean aurkitzen dira, zer egin jakin gabe: edo seme-alaba izan edo duten bizi-maila mantendu edo handitu. Izan ere, familia handitzeak gastu handia baitakar. Faktore horiei emankortasunaren beherakadan eragin handia izan duen gertaera sozial bat gehitu behar zaie: emakumearen emantzipazioa. Izan ere, emakumearen burujabetza dela eta, seme-alaben kopuruak behera egin du, ezkon-adina atzeratu egin da, eta ezkongabeen kopuruak, bai gizonezkoen bai emakumezkoen artean, gora egin du. Gertaera hori argi eta garbi ikusten da Ipar Euskal Herrian: barnealdean batez ere, eta gizonezkoen artean gehienbat, handia da ezkongabeen kopurua. Faktore horrek jaiotza tasa normal bat izan dadin eragozten du: ezkongabeen %63 25-30 urte artekoak baitira; Frantziako estatuan, aldiz, adin horretako ezkongabeak %55 dira. Desoreka horren arrazoia barnealdetik kostarako emigrazio prozesuan bilatu behar da. Hala, zerbitzu sektorearen (hotelak eta dendak) lan eskaintzak erakarrita lanera joandako emakumezkoen emigrazioa da 1954-1975 bitartean jaiotza tasa horrenbeste jaistearen arrazoi nagusia.

Haurren heriotza tasa jaisteak ere eragina izan du jaiotza tasaren beherakadan. Familiak haur guztiak bizirik atera ahal izateak emankortasun tasa murriztea eragin du. Emankortasuna murrizten duen eragile hori arreta handiagoz aztertuko da hilkortasunari eskainitako atalean. Nafarroako jaiotza tasak Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetako eta ekonomi jarduna nekazaritzatik industriara erabat aldatu duten Europako beste herrialdeen jaiotza tasaren antzeko bilakaera izan du. Jakina, Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetan eta, noski, Europan baino beranduago gertatu da aldaketa Nafarroan. Nafarroako jaiotza tasa gordinak bilakaera hau izan du XX. mendearen lehen berrogeita hamar urteetan: %30 zen mende hasieran, eta %20 1950ean. Azkeneko urte hau izango da segur aski jaiotza-kurbaren beherakadaren inflexioaren unerik garrantzitsuena, Nafarroako biztanleriaren jaiotza portaera aldatzen dena. XX. mendearen bigarren erdian beherakadak ez du etenik izan. Bi azpietapa bereiz daitezke beheratze horretan: 1950-1975 artekoa, beheratze motelekoa (%17), eta 1975etik gaur egun artekoa, beheratze bizkorrekoa (%10etik beherako jaiotza tasak 90eko hamarraldiaren bukaeran).

Ipar Euskal Herriko mugimendu naturalak osatzen dituzten demografi gertaeren artean bada bat bereziki aipagarria: 1982- 1990 bitarteko jaiotza tasa txikia, 10,8 jaiotza mila biztanleko. Benetan kezkagarria da Iparraldeko jaiotza tasa gero eta aldenduago izatea inguruko erreferentzi guneetatik, Akitaniatik eta Frantziako estatutik, adibidez.

Iparraldean bertan ere, aipagarria da barnealdearen eta kostaldearen arteko gorabehera: barnealdeak askoz ere jaiotza gutxiago baititu. Zuberoa da gutxien dituena: 9,4 jaiotza mila biztanleko. Ipar Euskal Herriko jaiotza kopuruak behera egitearen arrazoia ez da emakumezkoen portaeran bilatu behar -Ipar Euskal Herriak Akitania edo Biarnoren antzeko jaiotza tasak baititu—; hartarako euskal biztanleriaren egituraketa beste erreferentzi gune batzuenarekin alderatu behar da. Dena dela bada gauza aipagarririk ere, barneladean emakume bakoitzeko jaiotza kopurua kostaldean baino lau aldiz handiagoa izatea.

Jaiotza tasa kezkagarri horren arrazoiak hiru dira:

  1. Jaiotza tasa txikia izatea eragiten duen faktore bat -eta, dudarik gabe, heriotza tasa handia izatearen erantzule bakarra— Ipar Euskal Herriko biztanleriaren zahartze orokorra da. Izan ere, Ipar Euskal Herriko zahartze tasa erreferentzi lurraldeena baino handiagoa baita, eta, gainera, zahartze prozesua bera ere azkarragoa da: 60 urtetik gorako pertsonak biztanleria osoaren %26 dira Iparraldean, eta %23, aldiz, Frantzian; 20 urtetik beherako pertsonak, berriz, %33 Iparraldean, eta %26,5 Frantzia osoan.
  2. Jaiotza tasa txikiaren beste arrazoi bat sexuen araberako desoreka da. Emakume kopurua gizon kopurua baino handiago da: 110 emakumeko 100 gizon dago; Fantzian, aldiz, 106 eta 100 da erlazioa. Are gehiago, Ipar Euskal Herriko emakumezkoen %68 kostaldean bizi da; gizonezkoek %64 osatzen dute. Hala ere, 20-25 urte arteko taldean 90 emakume baizik ez dago 100 gizoneko, eta are gutxiago barneladean, 81 emakume 100 gizoneko.
  3. Ipar Euskal Herriko jaiotza tasa normala izatea eragozten duen hirugarren faktorea pertsona ezkongabe asko izatea da, are gehiago ezkongabe horietako asko ugaltze adinean daudela kontuan hartzen bada. Hala, Iparraldean, 25-30 urte bitarteko 100 gaztetatik 63 daude ezkongabe, eta Frantzian, berriz, 55 baino ez. Ipar Euskal Herriaren barnealdean, gizonezko ezkongabeen kopurua oso handia da, %4l, eta Frantziako estatuan, berriz, %35. Ezkongabeen kopurua handia bada 25-40 urte bitartekoen artean, are handiagoa da 40 urtetik gorakoen artean. Barnealdean, bestalde, emakume ezkonduen kopurua beste erreferentzi guneetan baino handiagoa da, eta, beraz, gizarte egoera honako hau izan daiteke: emakume guztiak ezkontzeko hitz emanda egotea eta gizonezko gehiegiak ezkontzeko aukerarik ez izatea. Kostaldearen egoera barnealdekoaren alderantzizkoa da. Iparraldeko kostaldean nagusi dira emakume ezkongabeak, eta adin talde guztietan, gainera, ugaltzeko adinean daudenen artean gehienbat: Iparraldean 25-40 urte bitarteko emakumeen %36 ezkongabe dago, eta Frantziako estatuan %28. Bestalde, kostaldean, gizonezkoen kopurua emakumezkoena baino txikiagoa bada ere, 25-40 urte bitarteko taldeak oso ordezkaritza zabala du. Iparraldeko kostaldean, beraz, emakume ezkongabeen kopurua handia izateaz gainera -emakumezkoek oso ordezkaritza zabala baitute—, ugaltzeko adinean dauden gizonezko ezkongabeen kopurua ere inguruetan baino handiagoa da.

Ipar Euskal Herriko emankortasunak analitika erreferentziatzat hartutako beste lurraldeen (Frantziako estatua, Akitania eta Biarno) antzeko portaera erakusten du. Kalkuluen arabera 1990ean 2 jaiotza izango dira 100 emakumeko. Dena dela, barnealdearen eta kostaldearen arteko gorabehera da bereizgarri nagusia: emakume bakoitzeko jaiotza kopurua lau aldiz handiagoa baita barnealdean kostaldean baino. Kostaldean, beraz, emakumeen emankortasun maila batez bestekoaren azpitik dago. Kostaldetik barnealdera emankortasunean dagoen gorabehera horren zergatia ez da emakumeen portaera desberdinean bilatu behar, alderdi bakoitzaren demografi egitura berezian baizik.

Hilkortasuna eta heriotza tasak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilkortasuna, lurralde bateko jaiotza kopuruari kenduta biztanleriaren mugimendu naturalaren berri ematen digun demografi gertaera da. Hilkortasunak, beraz, biztanle kopurua biztanleriaren berezko faktoreekiko handitzen edo txikitzen ari ote den adierazten du.

Demografi gertaera hori kuantitatiboki adierazteko erabiltzen den indize arruntenetako bat heriotza tasa gordina edo hilkortasun tasa orokorra da, hau da, lurralde eta denbora bitarte jakin batean (urte batean, eskuarki) izan den heriotza kopuruaren eta lurralde horrek adierazitako denbora epe horren erdian duen biztanle kopuru osoaren arteko erlazioa (uztailaren 1-ean egin ohi den estimazioa). Tasa hori, gainerakoak bezala, milako hainbatetan adierazten da.

Jaiotza tasarekin gertatzen den bezala, heriotza tasaren eragozpen handiena biztanleriaren adinkako egituraketak hartan eragin handia izatea da, heriotza tasaren balioak biztanleriaren gaztetasunak edo zahartasunak baldintzatuta baitaude hein handi batean.

Adinkako egituratik eratortzen den efektua indargabetzeko beste indize batzuk gehitzen dira: haurren heriotza tasa, adibidez. Hau da, leku jakin batean, urte batean zehar hiltzen den haur kopuruaren (urte bete baino gutxiagoko haurrak) eta urte horretako jaiotza kopuruaren arteko erlazioa, milako hainbatetan adierazia. Haurren heriotza tasaren barnean bada garrantzizko bereizketa bat: heriotza exogenoa edo endogenoa den. Urte bete baino gutxiagoko haurren heriotzaren kausen arabera egiten da bereizketa. Heriotza kausa endogenoak sortzetiko kausak dira, eta kausa exogenoen artean, berriz, hainbat bereiz daiteke: elikadura, ingurugiroaren eragina, familiaren kultur, gizarte eta ekonomi maila, eta abar. Bereizteka horren bidez lurralde baten osasun egoeraren eta egoera sozioekonomikoaren berri jakin daiteke. Lurralde bateko bizi baldintzak onak direnean, adibidez, haurren heriotza exogenoaren indizea txikia izaten da.

Ikuspegi biologiko huts batetik aztertuta, heriotza indizea garrantzizko bi faktoreren eraginpean dago, adinaren eta sexuaren eraginpean hain zuzen ere. Faktore horiek denboran eta espazioan balio desberdina izatea elkarrekin lotuta dauden faktore sozioekonomiko anitzen multzo baten ondorio da. Izan ere, gizatalde baten gizarte portaera eta ezaugarriak zehazten dituzten gizarte eta ekonomi aldagaiak —lanbidea, kultur maita, irabaziak, bizi kalitatea, eta abar— eragin handia baitute heriotzaren biologi gertaeran zuzeneko eragina duten faktoreen gainean, hau da, sexuan, elikadura ohituretan...

Hala, bada, gizataldearen demografi faktoreak edo, hobeto esateko, biologi egituraketak eragin handia du heriotza tasetan, garbitasun eta osasun baldintza berberetan gaztetasun maila handiagoko lurralde batek heriotza tasa txikiagoak izaten baititu. Heriotza tasan eragina duen beste faktore bat adinaren araberako egituraketa da; izan ere, oro har, heriotza tasa handiagoa da gizonezkoen artean, ia adin maila guztietan. Ezaguna den bezala, jaio, neska baino mutiko gehiago jaiotzen da, baina emakumezkoen biologi erresistentzia gizonezkoena baino handiagoa denez, kopuruz gehiago dira haiek gizonezkoak baino. Gainera, lanaren banaketa tradizionalak gizonezkoen gain utzi ditu lanbide arriskutsuenak, gorputza gehiago zehatzen dutenak (lanbide eritasunak) eta bizia galtzeko arrisku handiagoa dutenak. Gizataldearen egituraketa sozioekonomikoak ere badu eraginik heriotza tasan: errenta maila zenbat eta handiagoa izan lurralde batean —hau da, elikadura, osasun laguntza, higiene eta profilaxi neurriak, kultur maila eta abar, hobeak izan—, orduan eta txikiagoa izaten da heriotza tasa. Faktore horien gorabeheretan dago, beraz, heriotza tasen banaketa desberdina izatea.

Lurralde garatu guztiek XIX. mendean zehar izan zuten demografi hazkunde azkarra heriotza kopuruaren beherakada ikusgarriari zor bazaio ere, Euskal Herrian bada demografi hazkundean eragin erabakigarria izan zuen beste aldagai bat: industrializazioak erakarritako gazte andanen etorrera. Halako gizatalde handiak beheratu egin zuen heriotza tasaren zatiketaren balioa, izendatzaileak —hau da, biztanleria osoak— hazkunde handia izan zuelako. Are gehiago, gizatalde handi horiek emankortasun ahalmen handiko gazteez osaturik zeuden.

Hilkortasuna bi ikuspegitatik azter daiteke, adinarenetik eta sexuarenetik. Lehenengo kasuan, heriotzaren zeharkako edo unean uneko azterketan, denbora bitarte jakin batean eta adin jakin batean zenbat jende hiltzen den aztertzen da, hildako pertsona kopurua bizi itxaropenaren arabera denbora bitarte jakin horretan hil zitekeenarekin erlazionatuz. Erlazio horretatik ateratzen den balioak adin jakin batean hiltzeko probabilitatea adierazten du.

Euskadiren hilkortasun egoera Europako Erkidegoko herrialde garatuenen antzekoa da, edo are hobea ere, zenbatekoari dagokionez, bizi itxaropenari buruzko atalean ikus daitekeen bezala. Haurren heriotza tasa apala da. Gero, bizitzaren lehenengo hamar urteetan, haurra ingurugirora egokitzen den bitartean, nabarmen beheratzen da. Handik aurrera, erdibideko adinetan zehar, heriotza tasak, pixkana baina etengabe, gora egiten du. Adin handiko gizataldeetan heriotza tasa azkar hazten da, gorputzaren akidura dela eta hiltzeko arriskua handiagoa baita. Hala ere, adinaren eta bizitokiaren araberako desberdintasunak daude. Gauza jakina da bizitzaren aurreneko urtean hiltzeko probabilitatea handiagoa dela mutilen artean nesken artean baino, sexu emeak biologi erresistentzi handiagoa duelako. Hala, Euskadin, ehun mutiletatik batek ez du bizitzaren lehen urtea gainditzen, eta emakumezkoen artean, berriz, bizitzaren lehenengo urtean hiltzeko probabilitatea %0,7 baizik ez da. Are gehiago, Arabako jaioberri batek Bizkaiko batek baino probabilitate handiagoa (ia bi aldiz handiagoa) du bizitzaren lehenengo urtea gainditzeko.

Heriotza tasa geografi eremuaren arabera desberdina izatea ez dagokio soilik haurren heriotza tasari, adin talde guztietakoei baizik. Arabak, adibidez, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez bezalako bilakaera du. Arabako gizonezkoen heriotza tasa Gipuzkoakoena baino txikiagoa da adin talde guztietan, eta baita, 15-25 adin taldearen zatiren batean izan ezik, Bizkaikoena baino txikiagoa ere.Bestalde, Arabako emakumezkoen artean, bizitzaren lehenengo urtean, heriotza tasa Bizkaikoa baino txikiagoa da, eta Gipuzkoakoaren pare, baina hurrengo urteetan, 13 urteak arte, lurralde horietakoa baino handiagoa. Adin horretatik aurrera, baina, Arabako emakumezkoen heriotza tasa Euskadiren beste bi lurraldeetakoa baino txikiagoa da berriz ere, eta halaxe izaten jarraitzen du 1960 inguru arte.

Hilkortasunaren demografi gertaerak Euskadin dituen balioak eta sexu, adin, eta lurraldearen araberako desberdintasun kuantitatiboak ikusirik, heriotza eragileetan jarri behar dugu orain arreta, gizatalde hori mugitzen den gizarte, ekonomi eta osasun eredua zeharbidez ezagutu ahal izan dezagun. 1994. urtean eritasun kardiobaskularrak izan dira, alde handiz, gainera, heriotza eragile nagusiak (hirutik bat); bigarren heriotza eragile nagusia tumoreak izan dira (heriotzen %30), eta hirugarrena arnasbideetako eritasunak (%8). Heriotza kausa horien nagusitasuna, baina, desberdina da sexu batekoen eta bestekoen artean. Gizonezkoen artean tumoreak dira (heriotzen %34a) heriotza eragile nagusiak, eta eritasun kardiobaskularrak bigarrenak, baina emakumezkoen artean alderantziz gertatzen da, zirkulazioaren aparatuaren eritasunak baitira heriotza eragile nagusiak (heriotzen %41).

Heriotza kausen banaketan, baina, desberdintasunak daude adin talde batzuetatik bestetara. Urte batez beherako haurren heriotza kausa nagusiak jaiotzetiko eta jaio osteko gaitzak dira. 1-34 urte bitarteko adin taldean, berriz, kanpoko kausak —istripuak eta pozoidurak, besteak beste— dira heriotza eragile nagusiak, gizonezkoen artean gehienbat. 35-74 urte bitarteko adin taldean tumoreak dira heriotza eragile nagusiak, eta 75 urtetik gora, berriz, zirkulazio aparatuaren eritasunak.

Biztanleriaren garapena baldintzatzen duten hiru faktoreetarik (emigrazioak, jaiotza eta heriotza), heriotza da Nafarroako lurraldean aldaketa azkar eta handienak izan dituen demografi gertaera.

Mendearen lehenengo erdian hilkortasunaren beherakada hain da nabarmena ezen heriotza tasa gordina 1950. urtean XX. mendearen hasieraren zenaren ia heren bat baizik ez da: %27, 1900ean, eta %l0, 1950ean. Mendearen bigarren erdian ere behera egin du, baina lehenengo erdian baino apalago. Hala, gaur egun, heriotza tasa %8 inguru da. Euskal Herria osatzen duten lurraldeei dagokienez, Nafarroako 1989ko heriotza tasa %8,l zen, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeena (%o8) bezalatsukoa, baina Arabakoa (%o6,6) baino askoz handiagoa. Hala ere, Nafarroako heriotza tasa Ipar Euskal Herriko lurraldeetakoa baino txikiagoa da, han baitira, Nafarroa Beherean (%l4,4) eta Zuberoan (%ol4,3), Euskal Herriko 1982- 1990 bitarteko heriotza tasa handienak.

Aipagarria da Nafarroako haurren heriotza tasak 1965-1975 bitartean izan zuen beherakada azkarra: 1965ean jaiotako 1.000 haurretik 50 hiltzen ziren eta 1975ean, berriz, 19 baino ez. Nafarroako tasa hori (%o 19) Hego Euskal Herriko -eta are Espainiako estatu osoko ere— heriotza tasa txikiena da. Urte batez beherako haurren heriotza tasak ere beherakada handia izan du: 1976- 1980 bitartean urteko batez besteko heriotza tasa %ol20 zen, eta 1989an, berriz, %o49 baino ez. Haurren heriotza tasaren beherakada orokor hori lehenago aipatutako hobekuntzei esker etorri zen: osasun, higiene, elikadura eta abarren hobekuntzari esker, alegia.

Ipar Euskal Herriak jaiotza tasa urria izateaz gainera, heriotza tasa ere gainerako erreferentzi guneetakoa baino handiagoa du. Iparraldeko 1982-1990 bitarteko heriotza tasa %o 12,6 den bitartean, Frantziako estatukoa %9,7 da, eta Akitaniakoa %11,l. Are gehiago, Iparraldea da heriotza tasak bi zentsu egin bitarteko denboran gora egin duen lurralde bakarra.

Ipar Euskal Herrian, barnealdeko heriotza tasa -Nafarroa Beherekoa eta Zuberoakoa- kostaldekoa baino handiagoa da. Espazio horien artean gorabehera hori izatea euskal gizatalde zahartu samartua izatean datza. Hirurogei urteko gizabanako gehiago dago barnealdean, eta are gehiago kostaldean. Adin talde horren barnean ugariagoak dira gizonezkoak barnealdean eta emakumezkoak kostaldean.

Bizi itxaropena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain arte egin ditugun baieztapen horiek behar bezala osatzeko, gizataldeei eta hilkortasunari buruzko azterketetan garrantzi handia duten beste demografi indize bat erabiltzea falta zaigu: bizi itxaropena, hau da, adin jakin bati buruz gagozkiola, adin hori gainditu duten gizabanakoei bizitzeko geratzen zaien batez besteko urte kopurua.

Euskadin emakumezkoen bizi itxaropena gizonezkoena baino %12 handiagoa da, hau da, ia 9 urte gehiago bizi dira batez beste. Balio hori adinean aurrera egin ahala handitzen da, eta, hala, 80 urtetarako, emakumezkoaren bizi itxaropena gizonezkoarena baino ia %35 handiagoa da, hau da, bi urte eta erdi gehiagoko bizitza du.

Europako eta Euskal Herriko bizi itxaropenei buruzko datuak erkatuz gero, bada zer aipatua. Euskadiko emakumezkoen bizi itxaropena Europako beste herrialde batzuetakoa baino handiagoa da. Euskadiko gizonezkoen bizi itxaroena, aldiz, Europako herrialde horietako batzuetakoa -Frantzia, Portugal, Alemania— bezain handia baina beste batzuetakoa -Italia, Grezia eta Espainia- baino txikiagoa da.

Dudarik gabe, heriotza tasaren bilakaeran eragin handia izan du bizi itxaropena luzatzeak. 1975. urtetik 1990. urtera gizonezkoen bizi itxaropena hiru urte baino gehiago luzatu da, 72,8 urteko bizialdia izatera iristeraino, eta emakumezkoena, berriz, lau urte eta erdi baino gehiago luzatu da, 81,5 urteko bizialdia izatera iristeraino. Gaur egun, adin talde ez-zaharretan heriotza tasa hain txikia izateak zera esan nahi du, bizi itxaropena handitu izana zaharrenen, batez ere emakumezko zaharrenen, heriotza tasa murriztu izanari zor zaiola. Ondoko koadroan ikus daitekeenez, 1975-1990 bitartean, bizialdiaren lehenengo 60 urteak gainditzeak urte eta erdi gehiago handitzen dute bizi itxaropena; 60 urtetik gorakoen artean, gizonezkoek ere beste urte eta erdi handitzen dute bizi itxaropena, eta emakumezkoek, berriz, hiru aldiz gehiago, hau da, hiru urte.

Ezkontza tasa eta biztanleriaren egituraketa egoera zibilaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkontza da famili bizitzaren zikloari hasiera ematen dion demografi gertaera. Belaunalditik belaunaldira, baina, aldeak daude bai ezkontzeko maiztasunenean bai ezkon adinean. Gizataldearen hazkundearekin (hazkundea positiboa edo negatiboa izan) eta jaiotzekin lotura estua duen garrantzizko kontu bat ondorea moldatzen den elkarketa eredua da. Izan ere, puri-purian baitago bikotea elkarrekin bizitzetik edo adosturiko elkarketetatik datozen gizarte, ekonomi eta lege arazoei buruzko eztabaida. Honekin zera azpimarratu nahi da, familia konbentzionalaren eredu soiletik «famili» eta bikote egoera desberdinetara igarotzea kultur gertaera dela. Euskadin, 1991n, bikoteen %2 legez berritsi gabeko elkarketa ereduen barnean zegoen.

Ezkontza tasen azterketan -ezkontza biztanleriaren hazkundean eragina duen demografi gertaera den neurrian- ezkongabearen egoera zibiletik ezkonduaren egoerara igarotzeko prozesua ezagutzea komeni da, eta, beraz, lehenengo ezkontzak baizik ez dira kontuan hartzen, ondoreak ez baitira strictu sensu ezkongabeen artekoak. Ezkon adina desberdina da sexuen eta lurraldeen arabera. Euskadiri dagokionez, gizonezkoak 29,4 urte dituztela ezkontzen dira lehenengo aldiz, eta emakumezkoak, berriz, 26,9 urterekin. Gipuzkoako batez besteko ezkon adina Euskadiko beste bi lurraldeetakoa baino handiagoa da, ezkongabe gelditzen direnak gutxiago baitira han, are gutxiago emakumezkoen artean (%4l,5).

Euskadiko lehenengo ezkontzari buruzko indize sintetikoa Europako iparraldeko herrialdeen parekoa da, baina, hala ere, legez berretsi gabeko elkarketek pisu espezifiko handiagoa dute hauetan hartan baino. Mediterraneo aldeko herrialdeek, bestalde, Euskadik baino askoz ezkontza tasa handiagoa dute.

Ezkontza eta bizikidetza gizarte eta ekonomi testuinguru konplexu baten barnean dauden faktore anitzen araberakoak dira. Testuinguru hori dela eta, ezkontza intentsitatea behera egiten ari da: lehenengo ezkontzak bakanago bihurtzen ari dira, eta, aldi berean, ezkon adina atzeratu egin da. Gaur egungo gazteek beranduxeago eratzen dute etxea. Bada gainera, bilakaera hori izango dela egiaztatzen duen gertaerarik: lagun bakarreko etxeak gero eta gehiago, eta behin betiko ezkongabetasun indizea gero eta handiagoa izatea. Lagun bakar batez osatutako etxeak gero eta gehiago dira: 1970ean %4,6 ziren eta 199l-n, berriz, hiru aldiz gehiago. Hala ere, Europako herrialdekoekin erkatuz gero, portzentai balio txikiak dira horiek: Suedian etxeen %33 baita lagun bakarrez osatua, eta Alemanian %30. Euskadin lagun bakarreko familia gehienak emakumez osatuak daude; emakume horietarik erdiak alarguntsak dira.

Euskadin elkarrekin ezkondu gabe bizitzea ez dago Europako iparraldeko herrialdeetan bezain beste zabalduta. Elkarrekin ezkondu gabe bizitzen diren horietarik gehienak, gainera, ezkondu egiten dira azkenean. Euskadin horrela bizi diren pertsonez osatutako famili kopurua hutsaren hurrengoa da (1986an %0,7; 1991n, %1,2), Europako zenbait herrialderen aldean: Frantzian %6; Alemaniako Errepublika Federal oihan %7; eta Suedian %15.

Bestalde, Euskadin, 1991n, hamabost urtez gorako biztanleen %66 ezkonduta zegoen. Baina ezkongabeak adin taldeka aztertuz gero, bada zer aipatua: 25-35 urte bitarteko adin taldeko ezkongabeen kopurua bi aldiz handiagoa da azkeneko hamarraldian 1981ean baino. Berrogeita bost urterako biztanleen %90ek familia osatu du, eta gainerakoak ezkongabe gelditzen dira betiko. Hemen ere berriz ikusten da ekonomi testuinguruak biztanleen demografi portaeretan duen eragina.

Nafarroako lurraldeko 1989ko ezkontza tasa %5,14 zen. Nafarroan ere ezkontza kopuruak behera egin du azkeneko urteotan, industriagune garatuetan gehienbat: 1975eko ezkontza tasa %7,8 zen, eta 1989koa, esan dugun bezala, %5,l4.

Egoera zibilari dagokionez, 1987an, Nafarroako biztanleriaren erdia baino pixka bat gehiago ezkongabea zen. Ipar Euskal Herriko ezkontza tasa ere azterketa honetarako erabili diren erreferentzi eremuetakoa baino txikixeagoa da: 1990ean Iparraldeko biztanleen %53 zegoen ezkonduta, eta erreferentzi eremuetan, berriz, %55; %32 ezkongabeak ziren; %10 alargunak; eta %4 dibortziatuak. Ipar Euskal Herriko eskualdekako azterketan ikus daitekeenez, gizonezko ezkonduen kopurua txikiagoa da kostaldean barnealdean baino; eta emakumezko ezkonduen kopurua, berriz, txikiagoa kostaldean eta handiagoa barnealdean.

Migrazio mugimenduak Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Inmigrazioa Euskal Herrian»

Kontzeptura hurbiltzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizataldeen migrazio mugimenduak eta mugimendu naturala dira biztanleriaren hazkundearen eta banaketaren eragile nagusiak. Gizakiak ingurunean eta inguruneko baliabideetan egin duen presioaren aurkako erantzun gisa historian zehar garatu den aldaketa prozesua da migrazioa. Dudarik gabe, gizataldeen espazioaren gaineko edozein mugimenduk eraginaren bat du geografian, era askotara azal daitekeena, irteerako edo helmugako gizataldeen ezaugarriak aidatuz, geografi ingurunea bera antzaldatuz eta abar. Migrazioa bizileku batetik bestera joatea deia da iritzirik zabalduena, baina orain azaltzera goazen bezala, fenomeno horren konplexutasuna deia eta, gaur egun nekez bereiz daitezke espazioan soilik «mugitzen» edo «lekuz aldatzen» diren pertsonak, batetik, emigratzaileak, bestetik. Puyolen arabera, migrazio mugimenduak, berez, iraupen ertain edo luzeko, edo are behin betiko, lekualdaketak dira, jarduna aidatzea dakarte, eta sorburu eta xede bizilekuen artean bizi baldintzetan dagoen desorekak eraginak dira.

Ikuspegi teoriko huts batetik begiratuta, Bielza de Oryk honela definitzen ditu migrazioak: jendea, aldi baterako edo behin betiko, bere jatorrizko bizilekutik deserrotzen (emigrazioa) eta beste nonbait errotzen (inmigrazioa) duten lekualdaketak. Migrazio horiek, zer ezaugarri duten, bi eratakoak izan daitezke: derrigortuak (arazo politikoak direla eta, esate baterako) edo borondatezkoak. Borondatezko migrazioak biztanleen eta baliabideen artean desoreka dagoenean gertatzen dira, eta halakoetan biztanleriak bizilekuz aldatzeko joera izaten du, harreman hori lekualdaketaren bidez orekatzeko.

Migrazioak sailkatzeko ahaleginean, adituek iraupenaren arabera sailkatu dituzte: hasi egunerokoetatik —hau da, bizilekuaren eta lanlekuaren arteko joan-etorriak (mugimendu pendularrak)—, eta arrazoi ekonomikoak bultzatuta behin betiko egiten diren lekualdaketetaraino. Muturreko bi migrazio mota horien artean aldi baterakoak daude (jubilatuek eguraldi hobeko lekuetan egiten dituzten egonaldiak, esate baterako).

Migrazioek ezaugarri dituzten faktoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migrazio mugimenduak gizakiaren bilakabideari berez dagozkion gertaera egiaztagarriak dira. Nolanahi ere, mugimendu horien eragileak eta esanahia aldatuz joan dira denborarekin, baina beti izan dira, eta dira orain ere, mugimendu zenbagaitzak. Leku batetik beste batera joatearen arrazoi nagusia arazo ekonomikoetan bilatu behar da. Hori horrela dela argi eta garbi ikusten da Espainian, XX. mendearen erdialdean, landa ingurunetako herri behartsuetatik biztanleri gune industrializatuetara joandako jende emari handian. Puyolen arabera, migrazio prozesuetan faktore ekonomikoek dute lehentasuna, haiek dira eragile nagusiak. Zenbat eta gehiago aurreratu industriak eta merkataritzak, eta garraiobideek haiekin batera, orduan eta handiagoa da lekualdatzeen intentsitatea. Hala, Bizkaiko hiriburuak, ekonomi bultzada hasi zuenean, joan den mendearen erdialdean, biztanle asko erakarri zuen ondoko eragin eremutik, eta pixkana, industria handitu eta zabaldu ahala, haren eragina ere Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetara eta, geroago, biztanleriaren eta baliabideen artean hain desoreka lazgarria zuten Espainiako herri zokoenetara hedatu zen. Hauxe da Euskal Herriaren gaur egungo demografi aldia ezaugarritu duen migrazio mugimendu eredua. Horiexek dira barne migrazioak, hots, Industri Iraultzaren ondoren landa inguruneko herrietarik Hego Euskal Herriko kostaldeko hirietara bideratu zen exodoa. Garai hartan landa ingurunea mekanizatzen ari zen, eta langile gehiegia zegoen. Gainera, hirietan, industri eta zerbitzu sektoreetan batez ere, lana eskaintzen zen, bai eta soldata eta segurtasun handiagoak ere. Ekonomi prozesu horiek guztiak dira lurralde arteko migrazioen eragileak. Garapen ekonomikoaren banaketa desberdinak -hau da, eremu batzuk aberastea eta, bien bitartean, beste batzuk pobretzea- lurralde artean eragiten dituen desorekak berdintzeko jendeak duen berezko joeraren ondorio dira migrazio mugimendu horiek.

Gaur egun, leku batetik beste batera joateko arrazoiak konplexuagoak dira, beste batzuk baitira kausa eragileak, lortu den garapen mailari dagokion bezala. Azkeneko urteotan, eta gero eta gehiago, gainera, ingurugiro egoerarekin zerikusia duten baldintzatzaileak dira bizilekuz aldatzeko arrazoi nagusiak: hara hor, adibidez, jubilatuak Mediterraneo aldera joaten. Atal honetan sartu beharko lirateke ere, leku lasaiagoa eta ingurugiro garbiagoa bilatu nahiz, bizilekua hiri handien erdialdetik kanpoaldera aldatu dutenen kasua; asko dira, izan ere, hiriburuetatik-Gipuzkoako Oiartzunen, Arabako Lapuebla de Labarcan edo Zuian, Iruñerriko herriguneetan ezarri direnak . Ez da ahaztu behar, ordea, kasu asko eta askotan lekualdatze horien arrazoia lurra oso garestia izatea dela;hau da, jende asko dago hirian etxebizitzarik izan ez dezakeena, ez baitu ordaintzeko modurik. Hona beste datu aipagarri bat: gaur egun, erdi edo goi mailako ikasketak dituen jendea da bizilekuz aldatzen dena; garai batean,izan ohi zen emigratzailea. Azkeneko prozesu hori Euskal Herrian ere gertatzen da, eta euskal Dena dela, oso jakingarria izango litzateke Euskal Herritik kanporakorik ba ote den neurtzea, hau da, ateratzen den emigratzaile kopurua zenbatzea, giza baliabideetan galerarik ote dugun jakin ahal izateko.

Hori guztia dela eta, gaur egun, eta garapen aurreratutako ereduen adierazgarri gisa, hiri arteko migrazioak landa eta hiri inguruneen artekoak baino ugariagoak dira. Beraz, lurralde arteko migrazioak, denetan ugarienak, industrializazio maila handieneko eremuetan gertatzen dira, arrazoi profesionalak direla medio, edota ingurugiro garbiagoko habitata bilatzeko.

Zelinskyren biztanle mugikortasunaren eredu teorikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerlari askoren asmoa izan da biztanle mugikortasunari buruzko eredu teorikoak ezartzea, fenomeno horren interpretazio baliozkoak egin ahal izateko. Euskal Herriko migrazio mugimenduaren ezaugarriei hobekien egokitzen zaion eredua Zelinsky estatubatuar geografoak garatutako eboluzio eredua izango da seguruenetik, eredu horretan migrazioen tipologia eta intentsitatea gizarteek Industri Iraultzaz gero izan duten garapenarekin lotzen baita, eta orobat lotzen da ere hori guztia gizartearen demografi trantsizioari dagokion fasearekin.

Zelinskyren arabera biztanle mugikortasunak lau ezaugarri hauek izan ditu:

  • Industrializazio aurreko fasea: mugikortasun txikikoa. Euskal gizarteak ezaugarri hauek zituen orduan: errenta txikiko landa ekonomia, garraiobide txarrak -lurraldearen topografia gorabeheratsua zela eta—, eta lurrarekiko atxikimendu handia. Hala ere, arrazoi horiek beroriek —horiek eta lurraren transmisioari buruzko berezitasun juridikoek— itsasoz haraindira emigratzera bultzatu zuten jende asko eta asko.
  • Trantsizio hasierako fasea: landa inguruneko exodo handia eta kanporako emigrazioa, harrera ona eta gelditzeko aukera eskaintzen zuten lekuetara.
  • Trantsizio amaierako fasea: bai landa inguruneko exodoaren bai kanporako emigrazioaren geldialdia, eta ohiko mugikortasunaren gorakada.
  • Industrializazio ondoko fasea trantsizioa bukatu duten gizarte aurreratuei dagokiena da. Fase horretan ohiturazko mugikortasunak gorakada handia egiten du: laneko eguneroko joan-etorriei dagokien mugimendu pendularra; atsedena hartzea, asteburua edo oporrak igarotzea helburu duten mugimenduak; hiri barneko eta hiri arteko mugimenduak; ikasketa maila handiko gizabanakoen lekualdatzeen gorakada. Bestalde, landa inguruneko exodoa desagertu, ez da erabat desagertzen, baina behera egiten hasten da.

Migrazio fenomenoaren eredu teoriko deskribatzaileren bat aplikatu ahal izateko lehenengo urratsa migrazioak zenbatzea da, leku desberdinetako datu multzoen erkaketa egin ahal izatea erraztuko duten tasen bidez zenbatzea, hain zuzen ere.

Urteko emigrazio edo inmigrazio tasa -lurralde batetik irtetea edo lurralde batera iristea den— honela definitzen da: urte batean lurralde batetik/batera irteten/iristen den emigratzaile/ inmigratzaile kopurua sorburu/xede biztanleriako mila biztanleko. Kalkulua egiteko urte erdiko biztanle kopurua hartzen da. Bi tasa horien arteko diferentzia saldo inmigratorioa da, negatiboa edo positiboa.

Migrazioen ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migrazioen lehenengo ondorioa gizataldeen birbanaketa da. Beraz, Euskal Herriko biztanleriaren banaketa mapa azaltzean, kontuan hartu behar dira bai mugimendu naturalak bai migrazio lekualdaketak ere.

Migrazioek, bai kanpokoek bai barnekoek, aldaketa handiak eragin dituzte sexuen arteko erlazioan. Kanporako migrazioetan, itsasoz bestaldeko migrazioetan, adibidez, gizonezkoak izan dira nagusi, eta horrek, noski, asko murriztu ditu sorlekuko gizonezko tasak. Landa inguruneko exodoko barne mugimenduetan, berriz, emakumezkoak izan dira nagusi. Aipagarria da, azterketa honetan zehar behin baino gehiagotan aipatu den bezala, Ipar Euskal Herrian sexu artean dagoen desoreka: barnealdean gizonezkoak —asko ezkongabe— dira nagusi, eta kostaldean emakumezkoak, kostaldeko merkataritza eta turismo sektoreetan lan egiteko aukerak erakarriak. Hala, 1990ean sexu arteko erlazioa erabat orekagabea zen: 110 emakume 100 gizoneko. Sexu arteko desoreka horri geografi banaketan dagoena gehitu behar zaio: Ipar Euskal Herriko emakumezkoak %68 kostaldean eta %32 barnealdean bizi baitira, eta gizonezkoak, %64 kostaldean eta %36 barnealdean.

Lanak behartutako migrazioetan gizonezkoek eta emakumezkoek hartzen dute parte, nagusiak eta gazteak, familia osoak askotan; migrazio mota horrek sorlekuaren biztanleriaren berehalako eta berealdiko zahartzea eragiten du, leku horrek biztanleak galtzeaz gainera, ugalketarako gaitasuna ere galtzen baitu, eta beraz, bere etorkizuna kolokan jartzen.

Prozesu horrek adin talde zaharrenen berehalako gorakada eragiten du, eta biztanle piramidearen oinarria estutzen, emankortasunaren bilakaera gorabehera. Migrazio emari hori hartuko duen gizataldean, noski, alderantzizko efektua eragingo du emigrazioak: biztanleria gaztetu, jaiotza indartu, eta bizi itxaropena handitu egiten dira.

Ikuspegi ekonomiko huts batetik begiratuta, desoreka sozioekonomikoak konpontzea helburu duten behin-behineko konponbideak dira migrazioak. Lehenago ere esan den bezala, migrazio emariak landa inguruneetatik eta garatu gabeko lekuetatik elikatzen dira, eta errenta handiagoko, bizi maila hobeagoko eta lan aukera gehiago lekuetara bideratzen.

Sarritan, biztanleak alde egindako lekuetan, migrazioek azkenik gabeko pobrezi zirkulua eratzen dute. Leku batean baliabideak eta biztanleria desorekan egon, eta biztanleak irteten direnean, eremu horretako banako bakoitzari dagozkion baliabideak handitu egiten dira, errenta jende gutxiagoren artean banatu behar baita, baina, alde egiten dutenek gazteak direnez, eta oro har adinekoak baino dinamikoagoak, leku horretako ekimen indarra galdu egiten da, pertsona okupatu bakoitzeko produktibitateak behera egiten du, eta azkenean, produzitzen den errenta maila lehen bezain urria izaten jarraitzen du. Bestalde, migrazio emaria hartzen duten hiriguneak eta industriaguneak izugarri hazten dira, eta hazkunde horrek dakarren pilaketak arazo larriak sortzen ditu: etxebizitzarik eza, zirkulazio arazoak, kutsadura, langabezia, eta abar.

Baiespen hauen harian, ondo dator geografo askok egin izan duen hausnarketa hau gogoraraztea: 1960-1970 urteetako eskualde arteko migrazio mugimenduek erlazio estua dute Espainiako estatuko orduko hiri sarearen tipologiarekin. Sare horren ahultasuna eta polarizazioa zela eta, distantzi handiko lekualdatzeak egin behar izan ziren, eta horrek, noski, deserrotze sozial larria eragin zuen. Horren arabera, Espainiako estatuko hiri egitura homogeneoagoa eta indar handiagokoa izan balitz, garapen ekonomikoak banaketa orekatua izango zukeen, eta landa inguruneko exodoak -eragoztea ezinezkoa baitzatekeen- distantzi laburragoko lekualdatzeak eta deserrotze sozial arinagoak eragingo zituzkeen.

Biztanleen eskualde arteko mugimenduak: abiapuntuak eta jomugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen erdialdean emigratzaile osteek bide luzeak egin zituztela agerian gelditzen da Espainiako Instituto Nacional de Estadística delakoaren datuak aztertzean. Datu horien arabera, hauek ziren langileak esportatu zituzten eskualde nagusiak: Andaluzia, emigratzaile guztien %23; Gaztela-Leon, %14; Katalunia, %13; Gaztela-Mantxa %12, eta Extremadura, %8. Emigratzaile horien jomugak berriz, hauek ziren: Katalunia, %36; Euskadi, %13; Valentziako Autonomia Erkidegoa, %13; Madril, %10. Kontuan izan behar da emigratzaile oste horiek, sarritan, eskualde bereko herri desberdinak izan zituztela jomuga; izan ere, INErentzat barne inmigrazioa probintzia artekoa da, hori deduzitzen baita, probintzia jakin batean jaioak izanik, beste probintzia batean bizi diren lagunen kopurutik. 1960ko hamarraldiaren erdialdera, Euskadi izan zen Andaluzia, Gaztela, Estremadura eta Galiziako emigratzaileen jomuga nagusia. Haatik, urte horietatik aurrera aldatu egin ziren aurreko urteetako migrazio joerak, eta alderantzizko norabidea hartu zuten, Gaztelako bi erkidegoetarantz, Andaluziarantz eta Galiziarantz. Hala, bada, jendea esportatu ohi zuten eskualdeak etorkinak hartzen hasi ziren, gero eta gehiago.

Euskal Herriko industrializazioak mende erdialdean erakarritako emigratzaileen "itzulera" zen hura. Arrazoizkoa dirudi pentsatzea faktore soziologikoez gainera, fenomeno hori azal dezaketen faktore ekonomikoak ere badirela; izan ere, gehienak jubilatuak diren arren, azken hamarraldi hauetako ekonomi egoera txarrak sorlekura itzultzera bultzatu baititu emigratzaile honetako batzuk, apalagoa delako han bizitza-kostua, eta lurra lantzetik ere laguntzaren bat atera dezaketelako.

XX. mendearen bigarren erdialdean Euskal Herriko lurretan eta biztanleengan migrazio osteek izan duten eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen bigarren erdialdean migrazio osteek Euskal Herriko lurretan eta biztanleengan izan duten eragina xeheago aztertuz, azpimarratu beharra dago Euskadiko lurretan 1960ko hamarraldian gertatzen den zabaltzeko joeraren haustura, urte horietako hazkunde demografikoa inoiz baino handiagoa izan baitzen. 1960 eta 1975 artean, izan ere, hazkunde metatua %2,46 izatera iritsi zen; balio horrek Estatukoa, %1,01, bikoiztu egiten zuen. Kataluniakoa bera ere baino garaixeagoa zen (%2,34), eta Madrilgo Autonomia Erkidegokoak baino ez zuen gainditzen (%3,2). Hazkunde demografiko harrigarri horren arrazoia berezko hazkunde garai bat eta migrazio saldo positiboen batuketan datza; era horretan, kuantitatiboki, 1950-1975 urteetan, Euskadiko hiru lurraldeetako biztanleen hazkundearen %47, berezko hazkundearen ondorio zen, eta gainerako %53 migrazio saldoaren ondorio. Balio absolutuetan, hazkunde hori 600.000 lagun ingurukoa litzateke; horietatik 400.000, migrazio saldo positiboaren emaitza zuzena dira, eta 200.000 berezko hazkunde handiarena, alegia, jende eta guraso gazteen multzo berrien ondorio. Dudarik gabe, hazkunde begetatibo hori, eta orobat migrazio osteak ere, Euskadik urte horietan izan zuen gorakada ekonomikoaren ondorio izan ziren. Izan ere, enplegu sorreraren urteko tasa %1,38 zen, Estatukoa (%0,55) baino askoz ere handiagoa. Industriari dagokionez, Euskadiko enpleguren urteko hazkunde tasa metatua %2,32 zen, eta Estatukoa, aldiz, %1,45.

Espainiako Estatuko lurraldeek garai hartan zuten Famili Errenta alderatzean oso datu argigarriak azaltzen dira: Bizkaiak lehen tokia zuen, Gipuzkoak bigarrena, eta Arabak laugarrena. Handik hogei urtera, 1989an, Bizkaiak seigarren tokia zuen, Gipuzkoak hamaseigarrena, Arabak hogeita hemeretzigarrena, eta Nafarroak hogeita bigarrena.

1970ko hamarraldian gertatzen da aurreko joera demografiko goranzko horren haustura, ekonomiaren beherakako joeraren hasierarekin bat datorrena, eta oso gogorra izan zena, bereziki, euskal ekonomiaren eragile nagusia zen industria siderometalurgikoan. Horren ondorioz, moteldu egiten da biztanleriaren hazkundea, eta 1975eko ondoko urteetan estatukoaren %50 izateraino ere jaitsiko da hazkunde demografikoaren tasa. Horrekin batera, eta horren guztiaren ondorioz, etorkinen sarrerak gutxitu egiten dira euskal lurraldeetan; etorkinen saldoa kontrakoa izatera ere iristen da, desorekako aldi bat hasi baitzen aktiboen kopuruaren eta lanpostu eskaintzaren artean.

Migrazioen oreka berri bat antzematen da gaur egun, bai baitirudi badela halako oreka bat etorkinen eta emigratzaileen kopuruen artean. 1985etik aurrera etorkinen kopuruak bere horretan jarraitu du —joera nolabait goranzkoa dela—, eta horrek kontra egin dio Euskaditik joandakoen kopuruari. Nolanahi ere, esan beharra dago, euskal lurraldeen barneko mugimenduak direla gehienak. 1993an Erkidegoan bertan bizilekuz aldaturiko Euskadiko biztanleen kopurua %60-70 arteko balioetan dago. Horrekin garbi dago, gaur egun, biztanleriari dagokionez, Euskal Autonomi Erkidegoak duen erakarpena Erkidegoaren beraren administrazio mugen barnekoa dela, zeren eta 1993an barnerako eta kanporako mugimenduen multzo osotik %26 Erkidegoaz kanpokoak ziren eta %74 Erkidegoaz barnekoak.

Are gehiago, Euskadiko espazioan bertan, bereizketa bat egin daiteke Arabako lurraldeko portaeren eta Bizkaia eta Gipuzkoako itsasaldeko lurraldekoen artean. Arabak azken bi hamarraldietan migrazio saldo positiboei eutsi die; horrek adierazten du ekonomi beherakadako urteetan dinamismo sozioekonomikoa handiagoa duela Arabak itsasaldeko lurraldeek baino. Izan ere, industrializazio prozesua, geroago gertatzeaz gainera, banatuagoa izan da lehiakortasun handiagoa duten ekoizpen sektoreetan.

Euskal Herriko biztanleriaren demografi inboluzioa gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badirudi gaur egun prestakuntza maila handiko pertsonak eta profesionalak irteten ari direla dinamismo sozioekonomiko handiagoa duten lekuetara, edo lanpostu eskaintza zabalagoa dutenetara, Madrila, esate baterako. Hasiak dira, zenbait iritzi artikulutan eta, enpresa, pertsona eta finantza deskapitalizazioaren eragin kaltegarriak nabarmentzen, erabakien guneak oso urruti baitira, euskal lurretan ekoizpen gune baliogabetuak geratzen diren artean.

Dudarik ez da Madrilen eta Hego Euskal Herriko lau euskal lurraldeetan dela goi mailako titulua duten emigratzaileen kopuru handiena. Euskadik du horretan lehen tokia. Lurralde horietara joaten dira, hain zuzen ere, erdiko eta goiko ikasketa mailak dituzten etorkin kopuru handienak. Nolanahi ere, oharpen bat egin beharra dago. Euskadiko migrazio mugimenduak muga barnekoak dira gehienak, eta horrek azaltzen du etorkinen eta emigratzaileen ikasketa maila paretsua izatea. Gizatalde gazte eta prestakuntza handiko horren lekualdaketak zerikusia izan dezake azken urteotan lan merkatuak duen egonkortasun faltarekin.

Euskal Herriko lurretan izandako migrazio mugimenduetatik sortzen den informazioak labur lezake, dudarik gabe, egungo egoera demografikoaren azken bilakaera. Euskadiren kasu jakinari dagokionez, 1988 eta 1993 artean ia 94.000 lagunek alde egin dute erkidego horretatik, eta, bestalde, 60.000 lagunek hartu dute bertan bizilekua; bi kopuru horien arteko aldeak 34.000 laguneko saldo negatibo metatua ematen du.

Garbi ikusten da migrazio saldo horrek behera egin duela, garbi-garbi, 1991. urtea arte. Ordutik aurrera joera aldaketa bat sumatu da, baina azterketa honetako azken bi urteetan migrazio saldoa gutxitzeko joera hori apaldu egin da. Lurralde Historikoen arabera, gainera, oso nabarmenak dira aldeak, eta garbi adierazten dute egoera sozioekonomikoak ere desberdinak direla. Horrela, Gipuzkoako lurraldearen migrazio saldoak joera negatiboa du garbi-garbi (%43 1992-1993 urteetan). Arabak, aldiz, oso joera positiboa du (%46). Bizkaiak ere migrazio saldo negatiboa du, baina ez Gipuzkoak bezain handia, %12 ingurukoa.

Euskadiko migrazio saldo orokorrak 1991n izan zuen aldaketak badu azalpen bat. Ordu arte, saldoen beherakada emigrazio tasen beherakadaren ondorio zen. Emigrazio tasen beherakada (%18,5), ordea, inmigrazio tasena (%51,5) baino askoz apalagoa izan zen. Beraz, saldoen beherakada nabarmena izan zen, eta negatiboa, betiere. Joera hori 1991. urtean hautsi zen: hurrengo bi urteetan inmigrazioak %25 gutxitu baziren ere, migrazioak apenas beheratu ziren.

1988. urtean 18.000 lagunek baino gehiagok emigratu zuten, eta 1993an, aldiz, 14.000 lagunek (%22 gutxiago). Inmigrazioei dagokienez, 1988an 8.000 lagun etorri ziren, eta 1993an 9.554.

Migrazio saldoaren zeinu negatiboa Gipuzkoako eta, batez ere, Bizkaiko biztanle galerari zor zaio gehienbat. Galera horren orekagarri, aipatzeakoa da Arabako biztanle gehikuntza (%16). Bizkaiko eta Gipuzkoako saldo negatiboa, jomuga eta sorlekua Euskadiz kanpo duten irteeren eta sarreren arteko aldean datza. Biztanle galera horren arrazoia 60eko hamarraldian industrializazioak erakarri zituen gizabanako haien sorlekurako "itzulera" da. Arabako saldo positiboa, berriz, Bizkaitik eta Gipuzkoatik hara -Gasteiza gehien bat joandako biztanleei zor zaie.

Migrazioei buruzko azterketetarako beste elementu aipagarri bat etorkinen jaiolekua da. Etorkinen %38 Euskadin jaioa da -erdia baino gehiago Bizkaian—, eta %16 inguruko probintziaren batean: %6 Burgosen, %3 Kantabrian, %3 Errioxan, eta %4 Nafarroan. Emigratzaileei dagokienez, erdia baino gehiago (%51) Euskadin bertan jaioa da, eta %15 Gaztela-Leon Autonomia Erkidegoko probintziaren batekoak dira.

Migrazio mugimenduen azterketa lurraldeka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiak eta Gipuzkoak orekaturik dauzkate emigratzaile eta etorkin emaria, baina kopuru gorabeherekin: Bizkaiari lekualdaketen erditsua dagokio, eta Gipuzkoari heren bat. Araba da inmigrazio emari handieneko lurraldea.

Euskadi helmuga edo abiapuntu duten lekualdaketen artean garrantzi handia dute barne migrazioek. Nolanahi ere, puntu horretan ere alde handia dago lurralde batetik bestera: Bizkaian irteeren %89k izan dute lurralde hori bera jomuga, Gipuzkoan irteeren %86k, eta Araban %63k. Arabak halako kopuru apala izateko arrazoia hau da: Gasteizek nekez erakar dezake biztanle gehiago bere lurraldetik, dagoeneko Arabako biztanleriaren %80 baino gehiago Gasteizen bertan bizi baita. Migrazio jardun handiena (inmigrazioak, emigrazioak eta barne migrazioak) hiriburua dagoen eskualdean izaten da: Arabako Lautadak, Donostialdeak eta Bilbo Handiak hartzen dituzte migrazio mugimenduen %75- Bestalde, Euskadiko lau udalerri handienek -Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Barakaldok— immigrazioaren ia erdia erakartzen dute, emigrazioaren %43 eta barne lekualdaketen %28.

Jomugatzat jaiotza probintzia duten "itzulera" motako emigrazioek Euskadiko emigrazioen %27 hartzen dute. Lurraldeka, eta emigrazio mota horri dagokionez, Araba nabarmentzen da ("itzulera" emigrazioaren %33), Bizkaia eta Gipuzkoaren (%26) aurretik.

Bestalde, inmigrazioen %19 "itzulera" inmigrazioak dira, alegia, jaiotza udalerrira dute jomuga. Migrazio mota horretan Gipuzkoa nabarmentzen da (%21), Bizkaia (%19) eta Araba (%15) aurretik. Oso interesgarria da lekualdatze horiek lurraldean duten eragina aztertzea, alegia, biztanleri guneek biztanle kopuruaren arabera duten erakarpena edo erakarpenik eza aztertzea. Inmigrazioen erdiak udalerri handienetara jotzen du, 100.000 biztanle baino gehiagokoetara; %3k 10.000-100.000 artekoetara, eta %14k 10.000tik beherakoetara. Beraz, argi dago, Barakaldori eta lurralde hiriburu diren udalerriei ematen zaiela lehentasuna. Horiek dira hain zuzen ere Gaztela-Leondik ateratakoek nahiago dituzten jomugak. Beste muturrean nafarrak eta errioxarrak daude; horiek nahiago dituzte herri txikiagoak, 10.000 biztanle baino gutxiagokoak. Antzera gertatzen da Gaztela- Leongo eta Errioxako migrazioen jomuga diren udalerrien demografi garrantziari dagokienez. Nolanahi ere, gaztelauek ehun 1.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietara jotzen dute eta errioxarrek, berriz, 10.000 baino gutxiagokoetara.

Migrazioen jatorriari dagokionez, Euskadira datozenen %43 100.000 biztanle baino gehiagoko hirietatik datoz, %42 10.000- 100.000 biztanle arteko hirietatik, eta %15 10.000 biztanle baino gutxiagokoetatik.

Azkeneko urteotan etengabe ugaldu dira Euskadin udalerri arteko migrazioak eta helbide aldaketak. Gorabehera horien %45 hiru hiriburuetako batean gertatu da (%22 Bilbon). Udalerri arteko emigrazio horietan ere aldeak daude lurralde batetik bestera: Donostiak Gipuzkoako helbide aldaketen %28 hartzen du, Bilbok Bizkaikoen %43, eta Gasteizek, lurraldeko makrozefalia ikaragarria dela eta, Arabakoen %90.

Eskualde arteko lekualdaketen aldizkatze berezitua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barne lekualdaketetan eta lurralde artekoetan bi aldi desberdin bereizten dira. XX. mendearen lehen erdian Nafarroako eta Arabako biztanleak itsasaldeko lurraldeetarantz mugitu ziren. 1960tik aurrera, berriz, Industria Iraultzaren lehen garaiko protagonista izan ziren lurralde horien gehiegizko hazkundeak migrazioak eragin zituen, eta ez bakarrik mugez kanpora, baita barne mugimenduak ere Hego Euskal Herriko lurraldeen artean. Azpimarragarria da Iruñeko kasua: 1970-1975 bitartean 25.000 lagun joan ziren probintziatik hiriburura.

Nafarroa hala ere, Industria Iraultzaren bigarren alditik aurrera heldutako etorkinak gorabehera, ez da gauza izan aurreko hamarraldietako irteerak —itsasaldeko probintzietara joanak- orekatzeko edo berdintzeko. Industria Iraultzaren bigarren aldia esatean masa kontsumoaren iraultza eta ordura arte gizatalde murritzen esku soilik zeuden kontsumo gaien zabaltzea esan nahi da. 1960tik aurrera, eta batez ere 1970etik aurrera, gauzatu zen Industria Iraultzaren bigarren aldi hori. Garai horretan, bestalde, petrokimika indartu zen, petrolioaren inguruan -eta ez ikatzaren inguruan, Iraultzaren lehen aldian bezala— bildutako energiaren hornitzaile gisa. Horrekin guztiarekin, lurralde hiriburuetan, eta lurralde bakoitzeko eragin eremuetan, hirugarren sektorea nagusitu zen.

Aldaketa ekonomiko horrek eragin handia izan zuen biztanleriaren demografi portaeran, eta demografi egitura eta lurralde antolamendua aldatu zituen. Aglomeraziozko ekonomiak Euskal Herriko itsasaldeko lurraldeetako industri gune zahar tradizionaletan eragin zuen, eta hiri hierarkiaren erdiko eta beheko mailetara iritsi zen industrializazioa.

Barne hedapen eta mobilizazio prozesuen ondorioz, arestian aipatutako industri eremu horien hurbileko eremuak ere, hala nola Gasteiz eta Iruñea, industrializatu egin ziren, eta inmigrazio eremua zabaldu eta orokortu egin zen.

Hego Euskal Herrian Nafarroa izan da biztanle hornitzaile nagusietako bat. Emigratzaile horien jomugak itsasoaz bestaldeko lurraldeak, Europako herrialdeak (Frantzia eta Suitza, esate baterako), eta batez ere Gipuzkoa eta Bizkaiko industri guneak izan dira. Hori dela eta, Nafarroan, XX. mendean zehar, eta migrazio saldoari dagokionez, hainbat aldi bereiz daiteke.

Migrazio saldo negatiboko lehen aldia 1900-1960 bitarteko urteak izan ziren. Hirurogei aldi horretan ehun 1.000 lagun inguru galdu zirela uste da. Hurrengo hamarraldian, industriaren eta zerbitzuen garapena zela eta, zentzuz aldatu zuen migrazio mugimenduak. 1962-1987 bitarteko urteetan, beraz, migrazio saldo positiboa izan zen (30.000 lagun). Lurraldeko mugen barnean ere lekualdaketa ugari izan zen: ia 95.000 lagun 1962-1986 bitartean. 1970. urtetik aurrera, ordea, migrazio saldoak zentzuz aldatu zuen berriz ere, eta 1987 bitartean 6.000 lagun baino gehiagok alde egin zuen.

Ipar Euskal Herrian islatzen da argien migrazio mugimenduek biztanle banaketan eta lurralde antolamenduan izan duten eragina. Labordek kostaldea-barnealdea dikotomia bereizi ohi du Ipar Euskal Herriko jardun sozioekonomiko eta geografikoari buruzko azterketa guztietan.

Interesgarria da fenomeno hori xeheago aztertzea, migrazio prozesuaren azterketaren bidez hobeto ezagut daitezke-eta Ipar Euskal Herriko biztanle banaketaren eta lurralde antolamenduaren ezaugarriak. Hori dela eta, lekualdaketa horiek XX. mendean zehar izan duten bilakaera aztertuko da lan honetan, aldiz aldi. Lehenengo aldia, 1911 -1931, landa ingurunea hustu eta hiri ingurunea hazi zenekoa da Laborderen iritziz.

Aldi horrek Lehen Mundu Gerraren eragin handia izan zuen, bai biztanleriaren berezko lekualdaketetan bai migrazio lekualdaketetan. Gerra zela eta, hilkortasun tasa 12 puntu handitu zen aurreko hamarraldiaz geroztik, eta jaiotza tasa, berriz, %28 beheratu zen.

Dena den, biztanleriaren berezko mugimenduak 15.000 lagunetik gorako galera eragin zuen, eta handik hara, biztanle kopurua ez da sekula aurreko urteetako kopuruetara iritsi. Bestalde, aspaldi hasia zen landa inguruneko exodoak ere ez zuen etenik izan. XX. mendearen lehenengo hogeita hamar urteetan 37.000 biztanle inguru irten zen landa ingurunetik, eta horrek demografi banakoen %22ko galera eragin zuen.

Kostaldean ere, Ipar Euskal Herrira iristen den emigrazioaren jomuga nagusia izanagatik, gehiago dira irteerak helduerak baino. Lekualdaketa horiek direla eta, herrialde barneko eskualdeetako biztanleri gune nagusiek, garrantzitsuak duela gutxi arte, gainbehera egin dute. Hori da Bidaxuneko komunaren kasua, esate baterako: XX. mendearen lehenengo hogeita hamar urteetan biztanleriaren erdia galdu zuen, eta kantonamendu buru izan ez balitz —hau da, dituen zerbitzuak izan ez balitu—, nekazari komuna arrunta bihurtu izango zen. Nolanahi ere, egoera bestelakoa da funtzio gehiago eta kokagune hobea duten biztanleri guneetan, hala nola Donibane Garazin, Donezteben eta Atharratzen. Biztanleri gune horiek biztanle kopuruari eutsi ahal izan zioten mendearen lehen erdi osoan. Mugimendu naturalaren saldo negatiboa berdintzen duen migrazio saldo positiboa da egonkortasun horren arrazoia. Baina bestelako demografi garapena izan duten biztanle guneak ere badira, baita etengabe eta asko hazi direnak ere. Bidartek, esate baterako, %55 handitu du biztanle kopurua XX. mendearen lehenengo berrogeita hamar urteetan, Getariak %30, eta Uztaritzek % 11. Geografi kokagunea da udalerri horietako biztanle kopuruak gora egitearen arrazoia, garrantzi handiko hirietatik hurbil daudenez, jendea erakartzen baitute.

Zalantzarik gabe Lehen Mundu Gerra mugarri bat izan zen Ipar Euskal Herriko demografi bilakaeran, bilakaera hori hautsi zuen heinean. Iparraldeko biztanle kopuruak behera egiten jarraitu zuen, baina beheranzko joera hori moteldu egin zen aurreko urteekiko, gerrak aldaketa kualitatibo garrantzizkoa eragin baitzuen, emigrazio mugimendua Ameriketara bideratu ordez Frantzia barneko lurraldetara bideratzea, alegia.

Lurralde antolamenduari dagokionez, hura izan zen hirietan biztanle kopuruak gora egin zuen garaia, hirigintza indartu zenekoa. Hirietako demografia %50 handitu zen, ia 100.000 biztanle izateraino. Beraz, XIX. mendearen bukaeran baino hamar aldiz jende gehiago bizi zen hirietan. Gainera, gertakari hura orokorra izan zen, eta lurralde antolamenduan horrek izan du segur aski eraginik handiena. Nolanahi ere, lau hirik beretu zituzten etorkinen hiru laurdenak. Ordurako hiri izaera sendoa zuten Baiona, Angelu eta Miarritzek are gehiago indartu zituzten elkarren arteko loturak, bai eta handitu ere lurralde osoan zuten pisua. Hiri horiekin batera Hendaia, Ziburu eta Kanbo nabarmendu ziren. Hirigintza, beraz, kostaldean zehar hedatu zen gehienbat.

Biztanleen jatorria ere oso datu garrantzitsua da lekualdaketak ulertu eta erakarpen eremuak mugatu ahal izateko. Biztanleri guneen erakarpena zertan datzan azaltzean inguruneari eta gizakiari berari dagozkion arrazoiak bereizten dira.

Lurralde barneko biztanleri guneek geografi kokaguneari zor diote erakarpena. Donibane Garazi mendiarteko sakonune baten erdian dago, trenbide gurutzea da, eta muga herria. Maule ere antzeko kasu bat da, bere inguruan antolatua baita bera dagoen harana. Uztaritzen erakarpena, berriz, Baionatik hurbil egotean datza. Baiona da garrantzizko inmigrazio guneetako bat: bere biztanleriaren heren bat besterik ez da bertakoa. Gainerako bi herenak ehun kilometroz beherako eremuan sortuak dira.

Bigarren aldia, 1931-1954, demografi mugimenduak moteldu zirenekoa da. Demografi krisi larria izan zen garai hartan Frantziako estatu osoan. Hazkundeak behera egin zuen jaiotzak urritu zirelako. Hiru dira hazkundeak behera egitearen arrazoi nagusiak: gerra garaian jaiotako belaunaldia —belaunaldi urritua— heltzea ezkon adinera, krisi ekonomikoa, eta zaharrak gehitzea. Egoera horretan, landa inguruneko herrietako biztanle galera moteldu egin zen, exodoa ere urritu egin zelako. Gainera, Lapurdiren ordu arteko indarra eta distira ere ahuldu egin ziren, goranzko bilakaera beherantz egiten hasi zen. Heriotza tasa beheratzeak eta jaiotza tasa oso apala izateak emigratzaile gaien kopurua ere ordu artekoa baino urriagoa izatea ekarri zuten. Handik hara, gainera, erdira jaitsi zen landa inguruneetako biztanle kopurua, jendeak haietatik alde egiten zuelako. Izan ere, eskualde batetik bestera gorabehera handiak zeuden bizi baldintzetan: eskualde batzuek -Baigorriko harana, adibidez- oso baldintza kaskarrak zituzten, eta beste batzuek, berriz, askoz ere hobeak. Bigarren horietakoa zen Lapurdiko lurraldea, niri handietatik hurbil eta nekazari lanetarako egokiagoa. Hori zela eta, berriz hasi zen Ameriketarako emigrazioa, Nafarroa Beheretik gehienbat. Emigrazioen %53 Ameriketara eta gainerako %47 Frantziako lurraldeetara zuzendu zen.

Aditu batzuen iritziz, irteera horiek izan zuten alderdi onik ere: Iparraldeko barneko baliabide urrien gaineko presioa gutxitzea ekarri zuten, bai eta bertan gelditu zirenak baliabide horiek ustiatzera akuilatu ere.

Demografi inboluzio bat izan zen garai hartan, eta biztanleriaren bilakaera kurba zentzuz aldatu zen. Hiri ingurunearen erakarpena gutxitu egin zen, enplegu eskaintza bezala, eta demografi portaerek jaiotza tasa beharaztea eta, bide batez, biztanleria zahartzea ekarri zuten. 2.000 etorkin baino gutxiago heldu ziren hiri udalerrietara. Zenbait udalerritan biztanle galera eta guzti izan zen, Hazparnen, Hendaian, Donibane Lohizunen, eta batez ere Baionan. Ekonomiak zeresan handia izan zuen demografi galeraren prozesu horretan guztian. Hori dela eta, krisiak gogorrago jo zituen industria handiari loturiko biztanleri guneak industri txiki tradiziozkoei loturikoak baino. Azken horiek ez zuten kontratuko zergarik izaten, eta horrek krisiaren enbatari aurre egiten lagundu zien. Hala, Tarnose eta Bokale bezalako industri gune sortu berrietako biztanle kopuruak behera egin zuen bitartean, Hazparneko eta Maulekoak gora egin zuten.

Hainbeste kalte egin zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren hasi zen hirugarren aldia, 1954-1990, hiri handien etengabeko zabalkundearena. Lurralde antolamenduari dagokionez, elkarri kontrajarritako bi gertakari gertatu ziren garai hartan, Ipar Euskal Herriko geografi paisaian eragin handia izan zutenak: batetik, hiriak eta hirialdeak etorkinen jomuga nagusia izaten jarraitzea, eta, bestetik, landa inguruneetako biztanleri guneetan biztanle banaketa aldatzea, herrigune batzuk erabat hustu ziren bitartean beste batzuk, berriz, biztanlez hornitu ziren, zabaltzen ari ziren hirien bultzakadak "harrapatuta".

Migrazio mugimenduak Ipar Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Estatistika eta Ekonomia Gaietarako Institutu Nazionala (INSEE) delakoak etorkin gisa definitzen ditu errolda baten aurreko urtearen urtarrilaren batean egoitza lekutzat azken erroldakoaz beste bat zutenak. Baina horrela, bi errolden artean izan zitezkeen migrazioak ez dira kontuan hartzen, eta, hala, hurrenez hurren egindako bi erroldaren artean komuna berean bizi den pertsona bat, aldatu ahal izan da bizilekuz bi data horien artean.

Argitzapen bat egin behar da gauzak hobeto ulertzeko: "Kostalde" esaten denean, BAB eremua adierazi nahi da, hau da, Baiona, Angelu, Miarritze eta Hiriburuko kantonamendua, Donibane Lohizune eta Hendaiako kantonamenduekin batera, alegia, Itsasaldeko Eskualde osoa gehi BAB-en mende dagoen Hiriburu. "Barne" edo "Barnealde" esaten denean, berriz, lurraldeko gainerako zatia adierazi nahi da, eta hor ere bi parte oso desberdinak bereizten dira: alegia, batetik, barnealdeko Lapurdi, eta, bestetik, handik harako beste bi lurraldeak, hots, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.

Datuei adierazgarritasun handiagoa emateko, eta konparagarriak izan daitezen, beharrezko da datu horiek lurralde bakoitzeko biztanleriarekin harremanetan jartzea, era horretan eskualde bakoitzeko sarrera eta irteera tasak konparatu ahal izateko, eta orobat migrazio saldoak eta biztanle kopurua konparatzeko ere. Etorkin kopurua, hau da, 1986tikaurrera Ipar Euskal Herrian egoitza hartu duten lagunen kopurua, hazi egin da. 1982-1990 errolda arteko aldian gertatu da etorkinen hazkunde handiena.

Lurraldeka, barnealdeak etorkin hazkunde azkarragoa izan du kostaldeak baino, barneko Lapurdik erakarpen indar handia duela 1968az geroztik. Datuak xeheago aztertuz, distortsio handiak antzematen dira Ipar Euskal Herrian: barneko Lapurdik sarrera indize oso garaia du (BAB-ek eta hegoaldeko da kostaldeak baino are handiagoa ere), eta hazkunde indartsuena izan duen lurraldea da; aitzitik, Behe Nafarrora eta Zuberoara heldu diren etorkinen tasak, azken aldian gora egiten ari diren arren, oso maila apalekoak dira aurrekoaren aldean.

Ipar Euskal Herrian irteerak iraganean baino askoz erritmo motelagoaz gertatzen dira. Barnealdean dira irteera gutxienak, eta itsasaldean, berriz, gehienak. Zuberoan izan du emigrazio erritmoak jaitsiera apalena, biztanleriaren zahartzeak irteera mugimenduak oztopatu dituelako. Beste muturrean, emigrazio indize handienak BAB-ek eta Hegoaldeko Kostaldeak dituzte.

Ipar Euskal Herriko etorkin kopurua biztanleko, bat dator ia osorik Biarnokoarekin: Landetako hegoaldekoa baino apalxeagoa da, eta Girondakoa baino handixeagoa. Horren guztiaren ondorioak dira migrazio saldoak gora egin duela, eta argi, gainera,1968tik aurrera, hala nola aztertu diren errolda arteko hiru aldietan (1968-1975, 1975-1982 eta 1982-1990) hazkunde nabarmena izan dela, ia bikoiztu egin dena azken bi aldietan.

Lurraldekako analisi berezia eginez, barnealdeko Ipar Euskal Herriko saldoak oso hazkunde handia duela ikusten da, 1968 eta 1975 arteko balio negatiboetatik hasita, 1975 eta 1982 arteko balio positiboetara, azken aldian hazkundeak bere horretan jarraitu duelarik. Komenigarria da, ordea, bilakaeraren azterketa xeheago bat egitea: barneko Lapurdik oso saldo positiboak izan ditu errolda arteko azken bi alditan, eta Nafarroa Behereak, berriz, zertxobait gutxitu du bere saldo negatiboa; Zuberoan, aldiz, saldoak pixka bat gorantz egin duela ikusten da. Migrazio saldoak eskualde bakoitzeko biztanleriarekin erlazionatzeak ere gauza bera erakusten du: alegia, alde handiak direla Ipar Euskal Herriko barnealdeko eskualdeen artean. Migrazio saldoa zati biztanleria ratioa Biarnokoa baino handiagoa da, baina, aldiz, Girondakoaren antzekoa.

Ipar Euskal Herriko eta Frantziako lurraldeetako migrazio gehienak Frantziako estatuaren barruan egiten dira. Frantziako beste lurralde batzuetakoak dira Ipar Euskal Herrira iritsitako immigranteen %64, eta euskal lurretatik irten diren emigratzaileen %48 Frantziako estatuko lekuren batera joan da. Hain zuzen ere, Ile-de-France eskualdekoak dira Ipar Euskal Herrira iritsitako etorkinen %25, eta huraxe da, bestalde, euskal emigratzaileen %17ren jomuga.

Eskualdeka, BAB ingurutik Ipar Euskal Herriko beste eskualde batzuetara jotzen duen lagun kopurua handiagoa da Euskal Herritik BAB aldera jotzen duenena baino. Beraz, eta etorkin saldoak orotara positiboak direla kontuan harturik, BAB inguruan biztanleria autoktonoaren proportzioa murrizten ari da, etorkinak, gehienak, Euskal Herritik kanpokoak direlako.

BAB-en eta Ipar Euskal Herriko gainerako eskualdeen arteko migrazioei dagokienez, Lapurdiko barneko eskualdeekin egiten dira gehienak. 1982-1990 bitartean, BAB ingurunetik Euskal Herriko beste eskualdetara joandako lagunen %69 Lapurdiko barnean hartu zuten bizilekua. Bestalde, Ipar Euskal Herriko beste eskualde batzuetatik BAB eskualdera joandako gizabanakoen %49 Lapurdin bizi zen 1982an. Lekualdaketa horiek, beraz, gero eta negatiboagoak dira BAB eskualdearentzat Lapurdiko barrualdearekiko, eta positiboak, berriz, Nafarroa Beherea eta Zuberoarekiko.

BABen ez bezala, Lapurdiko barnealdeko migrazioak Ipar Euskal Herriko beste eskualdeekin egiten dira. Lapurdiko barnealdeak hartzen dituen etorkinen %53 Ipar Euskal Herriko beste eskualde batzuetakoa da. Hain zuzen ere, euskal immigrazioaren %77k Lapurdiko barnealdera jotzen du.

Bestalde, 1982-1990 bitartean Nafarroa Beheretik joandako gizabanakoen %47 Ipar Euskal Herrian bertan geratu da eta %53 lurraldetik kanpora joan da. Nafarroa Behereko migrazio saldoak, gainerako Ipar Euskal Herriari buruz, negatiboak dira, ez lehen adina ordea. Nafarroatik irtendako lagunen %50k baino gehiago BAB aldera jotzen du. Zuberoari dagokionez, berriz, handik ateratzen diren %21 besterik ez da geratzen Euskal Herrian. Bestalde, Zuberoara iristen diren etorkinen %14 besterik ez da Euskal Herrikoa. Zuberoa da Ipar Euskal Herriko lurraldeetan gainerako euskal lurraldeekin migrazio harreman gutxien duena. Horregatik, Zuberoako barne migrazio saldoa negatiboa da, argi eta garbi. Nolanahi ere, Zuberoaren eta Ipar Euskal Herriko beste lurraldeen arteko migrazio harremanak Nafarroa Beherearekin egiten dira batez ere (zuberotar emigratzaileen %47 eta nafar etorkinen %54).

Migrazio lekualdaketak gizabanakoen maila sozioprofesionalaren arabera aztertzean, Ipar Euskal Herriko migrazio eszedente handiena jubilatuena dela ikusten da, %4l. Oro har, migrazio lekualdaketetan, bai emigrazioari bai inmigrazioari dagokienez, pertsonen %40 aktiboa da eta %60 ez. Biztanleria aktiboaren multzoari dagokionez, bada datu aipagarri bat: 1982-1990 bitarteko etorkinen %16 maila sozioprofesional garaikoak ziren.

Migrazio lekualdaketen adinkako azterketa egitea oinarrizkoa da lekualdaketa horiek biztanleriaren adin egituran zer nolako ondorioak dituzten jakiteko. 1982-1900 bitartean Euskal Herrira iritsitako etorkinen %70 baino gehiago 45 urtetik beherakoa zen. Bestalde, Euskal Herritik irtendako emigratzaileak ere gazteak dira gehienak, etorkinak baino are gazteagoak, izan ere: %83 45 urtez beherakoa. Migrazio saldoak negatiboak dira 20-30 urte bitarteko adin taldeentzat, eta positiboak, berriz, gainerakoentzat, 60-70 urte bitartekoentzat gehienbat. Ipar Euskal Herriko lekualdaketen ondorio nagusietako bat biztanleriaren zahartzea da, beraz.

Biztanleriaren egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleriaren egitura ezagutzeko biztanleriari dagozkion alderdi guztien arteko harremanen azterketa egin behar da, alegia, lurralde jakin batean biztanleriak zer nolako antolamendua, ezaugarriak eta banaketa dituen jakin, eta horien arteko harremana aztertu behar da. Beraz, lurralde jakin bateko biztanleen banaketa islatuko duen batasun koherente batean bildu behar dira alderdi horiek guztiak.

Baina biztanleriaren egitura beste ikuspuntu batzuetatik ere azter daiteke, hala nola biologiaren edo egitura sozioekonomikoaren ikuspegitik.

Biztanleriaren egitura biologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexuen eta adin taldeen biztanleria osoari buruzko proportzioa erakusten du biztanleriaren egitura biologikoak. Horren adierazpen grafikoa adin piramidea da: alegia, koordenatu bertikalean urteak eta horizontalean sexua adierazten dituen histograma (Ezkerraldea gizonezkoen kopuruari dagokio eta eskuinaldea emakumezkoenari). Zer itxura duen, biztanleriaren taxuera ezagut daiteke piramidea ikusi ahala: alegia, piramideak pagoda itxura badu biztanleriak gazte egitura duela esan nahi du; erraboil itxura badu, berriz, zahartuz doan zahar egitura; eta kanpai itxura badu, ez aurrera ez atzera egiten ari den zahar egitura. Adin piramideak biztanleria baten une bateko adinkako eta sexukako egitura ez ezik biztanleria horren azken urteetako demografi historia ere erakusten du. Adin piramidea, beraz, oso tresna baliagarria da biztanleria jakin batek etorkizun duen egoera edo egitura ezagutzeko.

Adin edo adin talde bakoitza zenbat banakoz osatua dagoen, hainbat faktoreren mende dago. Faktore horien artean aipagarrienak: belaunaldi jakin bateko jaiotza kopurua, heriotza kopurua egoera normal batean edota gerrateak, izurriteak eta abar direnean, migrazio prozesuek eragindako gehitze edo murrizteak. Hala, gerta horiek, biztanle galera handia dakartenean, koskak eratzen dituzte piramidean.

Gizarte eta laguntza zerbitzuen plangintza -lekuan lekuko eskola edo lan politika, kirol eta osasun azpiegitura, biztanleriaren behar bereziak- adin piramideen zahartze edo gaztetze, heldutasun edo gaztetasun mailaren arabera erabaki daiteke. Esate baterako, gizatalde baten osasun premiak —geriatria, pediatria eta abar— gizatalde horren osasun alorreko izaera demografikoaren araberakoak izango dira.

Biztanleriaren egitura aztertzeko bideen artean, adin piramideaz gainera, aipagarriak dira adinari eta sexuari buruzko indize sintetikoak. Biztanleriaren sexukako banaketak adinkakoak baino garrantzi txikiagoa du, azterketa horri dagokionez. Azterketa bide horren indizerik adierazgarriena biztanleria jakin bateko gizonezko eta emakumezko kopuruak harremanetan jartzen dituena da; ehun emakumeko dagoen gizon kopuruaren (gizon tasa) arabera neurtzen da. Euskadik 1992an zituen 2.124.651 pertsonatik %49,12 gizonezkoak dira eta %50,88 emakumezkoak. Emakume kopuruan ere gorabeherak daude lurralde batetik bestera: Bizkaian 104 emakume dago 100 gizoneko, Gipuzkoan 103 eta Araban, berriz, 101.

Gizonezkoei dagokionez, Nafarroan 98,9 gizon dago 100 emakumeko. Espainiako Autonomia Erkidegoen artean Nafarroa da (1986) gizon tasa handiena duena Kanarietako Autonomia Erkidegoaren ondotik. Gizon tasaren eskualdekako azterketan hauek dira datu aipagarrienak: Iruñerriak duela gizon tasarik txikiena (95 gizon 100 emakumeko), eta Pirinio aldeak (111,4 gizon) eta ipar-mendebalak (110 gizon), berriz, handiena. Beraz, argi dago horren esanahia: zenbat eta handiagoa leku bateko nekazaltasun, orduan eta handiagoa gizon tasa.

Adin aldagaiari buruzko indize sintetikoen arabera, hiru adin multzotan bana daiteke biztanleria: alegia, haurrak, helduak eta zaharrak. Hala ere, ikertzaileak ez datoz bat adin talde horien zabalera mugatzean. Nolanahi ere, honela egin ohi da banaketa: 0-14, 15-64 eta 65etik gora. Gizatalde baten nortasunean eta banaketan eragina duten aldagaien artean adinkako egitura da adierazgarriena, beste guztiak sintetizatzen eta, gainera, gizarteko eta ekonomiako gorabeherak mugiarazten dituelako.

Euskadiko adinkako osaerak izan dituen aldaketak lurralde horretako eredu sozioekonomikoak 1975az geroztik izan duen bilakaeraren erakusgarri dira. Adibidez, gazteen taldea (20 urtetik beherakoak) %28 murriztu da, eta helduena, berriz, etengabe handitu da, %13,5 inguru. Are gehiago handitu da oraindik zaharren taldea, %50 inguru. Biztanleria osoari buruz, beraz, asko aldatu da talde bakoitzaren pisu erlatiboa: gazteen taldea hamar puntu murriztu da (%36etik %26ra), helduen taldea %55etik %62ra handitu da, eta zaharrena %8tik %12ra. Zaharren taldean, bestalde, beste zahartze bat ere izan da, alegia, adin handigoenen are handitze handiago bat, bizi itxaropena luzatzearen ondorioz. Izan ere, Euskadiko gaur egungo bizi kalitatea, osasun egoera, laguntza zerbitzuak eta abar lehengoak baino askoz hobeak baitira. Hala, 84 urtez gorako gizataldea 2,6 bider handitu da azterketa honi dagokion urte bitartean.

Gizatalde bat landa edo hiri ingurunekoa den, gorabehera handiak izan ohi dira beraren biologi egituran. 2.000 biztanlez beherako herriek-edo landa inguruneko biztanleri guneek- hiri inguruneko biztanleri guneek baino zahartze maila handiagoa izaten dute. Heriotza eta jaiotza tasak apalagoak eta, beraz, bizi itxaropena handiagoa izatearen ondorio logikoa da zahartze hori.

Biztanleriaren egitura sozioekonomikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomiari dagokionez, bi taldetan banatu ohi da biztanleria: biztanleria aktiboa eta ez aktiboa. Ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko dauden besoek osatzen duten gizataldea da, ekonomiaren ikuspuntu horren arabera, biztanleria aktiboa. Bai enplegua dutenak bai enplegurik izan gabe ere lan bila dabiltzanak (langabeak eta) sartzen dira talde horren barruan. Beraz, ondasunak eta zerbitzuak ekoizten dituen talde ekonomikoaz kanpo dago biztanleria ez aktiboa, erretiratuez, ikasleez, etxe langileez eta osatua.

Hego Euskal Herrian biztanleria osoaren %38,6 hartzen du biztanleria aktiboak. Gorabehera handiak daude gizatalde horren sektorekako banaketan: bigarren sektoreak, adibidez, lehenengoak baino askoz indar handiagoa du. Lurraldeen artean ere nabarmena da sektoreen arteko desoreka: Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, industria sektorea da nagusi (eraikuntza barne), biztanleria aktiboaren %42 eta %46, hurrenez hurren. Lehenengo sektoreak, berriz, biztanleria aktiboaren %2,4 eta %3,1 besterik ez du hartzen, arrantzan diharduen gizataldea barne izanda ere.

Araban eta Nafarroan, berriz, biztanleria aktiboaren %4,5 eta %8,7 hartzen du, hurrenez hurren, lehenengo sektoreak, eta egia esan, oso kopuru handiak izan gabe ere, nekazaritzak lurralde horietan duen garrantzi eta indarraren adierazgarri badira behintzat.

XX. taula ikusi besterik ez dago ohartzeko nola Euskal Herrian lehenengo sektorea gainbehera joan den, industriaren mesedetan. Industriak biztanleria aktiboaren erdia baino gehiago hartzen zuen 1975an, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian izan ezik (Nafarroako sektorekako banaketa orekatuagoa zen, eta Iparraldean hirugarren sektoreak (turismoa eta salerosketa) biztanleria aktiboaren erdia baino gehiago hartzen zuen ordurako. 1991n, berriz, zerbitzuena da -eta batez ere Bizkaian, gainera- sektore guztien artean indartsuena.

Sektore arteko desorekaren arrazoi nagusia industrializazioaz eta hirien handitzeaz gero lan indarra landa ingurunetik hiri ingurunera aldatu izana da. Bi horiez gainera, hirugarren sektorearen indartzea da azkeneko hamarraldi hauetan izan den hiru aldaketa sozioekonomiko handietako bat. Elkar lotuta daude hiru gertaera horiek: industriak hirien handitzea eta landa ingurunea hustea ekarri zuen, baina gizarteak gero eta bizi maila hobea eskatzen duenez, zerbitzuen sarea zabaltzea eta trinkotzea eskatzen dute aldi berean landa inguruneak eta hiri inguruneak. Beraz, ez da harritzekoa Nafarroako hirugarren sektoreak 1950ean biztanleria aktiboaren %20 eta gaur egun, berriz, orduan baino bi aldiz gehiago hartzea.

Gertaera horien ondorio zuzena da herrien gainbehera. Izan ere, Euskal Herrian, gero eta gehiago, hiritartzen ari dira landa inguruneko herriak. Gaur egun, egia esan, Euskadiko biztanleriaren %81 10.000 biztanle baino gehiagoko herrietan bizi da. Aitzitik, %5 baino ez da bizi 2.000 bizilagun baino gutxiagoko herrietan. Behin puntu honetara iritsiz gero, ordua da biztanleria hiri eta landa inguruneko ezarpenetan banatzeak dakarren arazoaz hitz egitea. Egia esan, ez dago bereizketa hori egiteko irizpide baturik, oina zenbait faktoretan (morfologikoa, funtzionalak, estatistikoak, eta abar) duten iritzi desberdinak baizik. Hori dela eta, hiri eta landa inguruneko biztanleri guneak bereizteko biztanle kopuruaz baliatzea irizpidea baliagarria dela dirudi, objektibotasunagatik besterik ez bada ere. Horixe da behintzat Espainiako Instituto Nacional de Estadística delakoak erabiltzen duen irizpidea erroldak egiteko. Eta hala, 10.000 biztanle baino gehiagoko gunetako biztanleria hiri inguruneko biztanleriatzat hartzen da, eta 2.000 baino gutxiagoko guneetakoa, berriz, landa inguruneko biztanleriatzat. Azkenik, 2.000 eta 10.000 biztanle bitarteko guneetakoa bitarteko biztanleriatzat hartzen da.

Biztanleria zahartzetik datozen gizarte, demografi eta ekonomi arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Demografiari dagokionez, bi dira gizatalde jakin baten zahartzeak dituen ondorio nagusiak: jaiotze tasak behera eta, aldiz, bizi itxaropenak adin guztietan gora egitea. Gizatalde horren demografi etorkizuna, beraz, kolokan jartzen da, urritu egiten baita gazte -eta, beraz, ugalketarako ahalmena duen pertsona— kopurua, eta handitu, berriz, hilkortasun tasa. Bestalde, ekonomiari dagokionez, hona zer dakarren biztanleria zahartzeak: biztanleria aktiboa urritzea, ekoizpena gutxitzea, eta lan egiten duen gizatalde txikiarentzat zergak handitzea. Beraz, gainerako adin taldeak baino bizkorrago handitzen den adindun talde horren laguntza eskeak ere gora egiten du halakoetan, eta arazo larriak sortzen ditu horrek. Ikuspegi sozioekonomiko huts batetik aztertuta, berriz, ekoizpena etetea dakar zahartzeak.

Gizatalde baten adinkako banaketaren bilakaera horri zahartze prozesu deritzo, eta zahartze tasaren bidez neurtu ohi da. Gizatalde batean, 65 urtez gorakoek osotasunetik zer zati hartzen duten, hori da zahartze tasa. Baina gizatalde baten zahartzeak dituen gizarte eta ekonomi arazo guztiak ezin dira zenbaki sintetiko soil baten bidez adierazi. Izan ere, geografiaren ikuspegitik begiratuta, gizarte barneko portaera, ekonomi egiturak edo gizataldeek okupatzen eta baliatzen duten eremuarekiko harremanak ere alda baititzake zahartzeak.

Azterketa hori egiteko, beraz, erreferentzi gisa erabil daitezkeen marko demografiko eta geografiko zabalagoekin erkatu behar da zahartzearen demografi gertaera. Zahartzearen ezagutza sakona eskatzen du horrek guztiak: alegia, biztanleriaren bilakabide orokorra nolakoa izan den jakitea, zahartzean eragina duten demografi elementuak aztertzea eta hartatik datozen ondorioak ezagutzea, bai biztanleria osoari dagokionez bai gizatalde horiek dauden lurraldeari dagokionez. Zahartze demografikoa Euskal Herri osora hedatu da, baina Iparraldera gehienbat. 1990eko erroldaren arabera, Iparraldeko biztanleria osoaren %23 besterik ez zuen hartzen 20 urtez beherako gizataldeak; 1975ean, baina, biztanleriaren %30 hartzen zuen adin talde horrek. Aitzitik, 60 urtez gorakoen adin taldea handitzen eta handitzen ari da: %24 ziren 1975ean, eta %26 1990ean. Datu horiek, baina, beste marko geografiko batzuekin alderatzean hartzen dute bere benetako neurria: Akitanian gazteek biztanleria osoaren %24 hartzen dute, eta Frantzia osoan %26,5. Akitaniako eta Frantziako zahartze tasak, berriz, %23,7 eta %19,9 dira hurrenez hurren. Iparraldean heriotza kopurua jaiotza kopurua baino handiagoa izan arren, handitzen ari da biztanle multzoa. Migrazio mugimenduak dira handitze horren eragilea. Migrazioek defizit begetatiboa orekatzen dute, eta are garrantzitsuagoa dena, demografi hazkundea ziurtatzen. Ipar Euskal Herria emigrazio lurralde izan bada ere, imigrazio lurralde da gaur egun. Ez alferrik, migrazio gehiegia (irteera baino helduera gehiago izatea) bikoiztu egin da 1982-1990 bitartean. Are gehiago, Biarnokoa baino hiru aldiz handiagoa da gaur egun. Ipar Euskal Herriko hazkundea, beraz, kanpotik datorren ekarpenaren emaitza da osorik.

Hego Euskal Herrian, Nafarroako zenbait eskualdetan, asko zahartu da biztanleria, batetik jendeak herrietatik alde egin duelako —Iruñera, Euskal Herriko industrialdeetara, Espainia, Europa eta Ameriketako beste lurralde batzuetara—, eta, bestetik, oso jaiotze tasa txikia dutelako.

Nafarroan, Pirinio aldean da nabarmena zahartzea (%19,6, 1986an), eta Erdialdeko ekialdean hurrena (%17,6). Zahartze tasa txikiena, berriz, Iruñerrian (%10,7) dute. Oro har, zenbat eta txikiagoa izan herria, orduan eta handiagoa da zahartze indizea. Nafarroan, bestalde, 65 urtez gorako adin taldeak biztanleria osoaren %l0 baino gutxiago hartzen zuen 1960an. 1990. urtetik aurrera, berriz, %15 inguru hartzeraino zabaldu da adin talde hori.

Lurraldean, alde batetik bestera dauden gorabeherek argi erakusten dute inmigrazio handiko lekuak direla demografi egitura orekatuena dutenak, batez ere etorkinak gazteak direnean. Eta hala, 1990 ondoko urteetan, 65 urtez gorako adin taldeak biztanleria osoaren %10 baino gehixeago hartzen zuen Iruñerrian, %18 Irunberri- Agoitz aldean, eta %20 Pirinioetako ibarretan.

Puyolek dioen bezala, lurralde aberatsenen garapen sozioekonomikoaren ondorio logikoa da biztanleria zahartzea. Baina demografi gertaera horrek ezaugarri berezi batzuk eta garapenari dagozkion ondorio ekonomikoak eta sozialak ditu. Dependentzia tasa da -alegia, gizatalde batean 15-64 urte bitartekoek zer zati hartzen duten— gorabehera horri dagokion adierazlea. Nahiz eta neurri hori oso zehatza ez izan, ez baitira adin tarte horretan dauden guztiak lanean ari, esan beharra dago hala ere, nahiko adierazle ona dela gazteek eta zaharrek gastu sozial osoaren gain zenbaterainoko zama ezartzen duten jakiteko, hala nola, ekonomiaren ikuspuntutik, egitura demografiko jakin batean gertatu diren aldaketak erakusteko. Hortaz, ekonomiazko hitz soilez esateko, dependentzia tasak handitzeak gizarte laguntzarako gastu publikoa —pentsioak, gizarte eta osasun zerbitzuak- handitzea dakar, eta beraz, baita biztanleria aktiboak bere gain hartu beharreko zama handitzea ere.

Gauza jakina denez, osasun, gizarte laguntza eta heziketarako gastuak handitzeak eztabaida piztu dute gizartean: gaur egungo ongizateak etorkizunik ote duen da eztabaidagaia. Sistema heldutasunera iristeak -biztanleriak askoz babes handiagoa eta zerbitzuak ere kalitate hobekoak izatea- ekarri du egoera hori: pentsioak, osasun laguntza orokorra, derrigorrezko hezkuntza, eta abar. Eta hala, gizarte babeserako sistemak garapen maila egokia lortu ondoren, arazo horren guztiaren faktore erabakigarri bihurtzen da demografi gertaera. Izan ere, bai ongizatearen nolakotasuna bai gizarte laguntzarako gastu publikoa demografiaren handi-txikiaren, ezaugarrien eta banaketaren mende gelditzen baita.

Eta gaur egungo krisi ekonomikoak areagotu besterik ez du egiten kinka larri hori. Eskolatze aldiaren luzapena eta lanetik erretiratzeko adinaren aurrerapena dira krisi ekonomiko horren eragile nagusiak. Bada, gertaera horien guztien artean, garrantzi handiko beste alderdi bat: langileriaren zahartzea, alegia, langileen artean ere zaharrek zati handiagoa hartzea. Eta garrantzi handiko gertaera da hori, zeren adinak eragina baitu produkzioan, konkurrentziari aurre egingo bazaio teknikaren aurrerapen azkarretara egokitu beharra dagoen jarduera sektoreetan gehienbat. Eta hain zuzen ere, zenbat eta zaharragoa orduan zeta zailagoa langilearen egokipena. Ez da ahaztu behar, beraz, zahartzeak demografiari dagokion bezainbatean eta jubilatzeak -baliabide ekonomikoen truke biztanleriaren parte bat lan egitetik erretiratzen baitu- ekonomiari dagokion bezainbatean, hala batak nola besteak, eragin handia dutela biztanleriaren moldaeran eta ezaugarrietan, ekonomian eragina duten bezain batean.

Biztanleriaren banaketa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banaketa hori taxutzen duten elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelinskyk ongi adierazi duenez, ekonomi sistema jakin batek ezartzen duen ekonomi ereduaren araberakoa da gizatalde baten banaketa lurraldean. Izan ere, ekonomi sistemak pertsonak sakabanatzera bultzatzen ditu, ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, bai ondasunak eta zerbitzuak ekoizten bai kontsumitzen. Gizarteen azken aldietako aldaketa handienetako bat nekazaritzan oinarritutako ekonomi ereduetatik industrian oinarritutako ereduetara igarotzea izan da. Euskal Herrian, aldaketa hori ez da lurralde guztietan aldi berean gertatu. Izan ere, kostaldeko lurraldeek barnekoek baino lehenago heldu baitzioten produkzio molde berrira. Prozesu horrek izan dituen ondorioetan gorabeherak daude leku batetik bestera. Ondorio horien artean, hauek dira aipagarrienak: lurraren erabilera aldatzea, hiri aglomerazioak zabaltzea —landa inguruneko biztanleen kaltetan—, eta biztanleak industriaren kokalekuaren arabera banatzea.

Etchelecouren iritziz, euskal gizarte tradizionalak bi ezaugarri nagusi izan ditu: alegia, batetik, oinordekotza transmititzeko eredu jakin batean —gizabanakoa familiaren esanetara eta, batez ere, ondarea transmititzeko era gordetzera behartua dago- oinarritutako familia, eta bestetik, espazioaren antolamendu eta erabilera egokia. Pirinioetako hesia gorabehera, Ipar eta Hego Euskal Herriko biztanleen arteko harremanak maizkoak eta onak ziren, eta gatazkei berehala bilatzen zitzaien konponbidea, alde bien onerako zen eta biek batera zuten goi helburua -Pirinioetako bi isurialdeen osagarritasun bioklimatikoa- defendatzearren.

Ohiturazko arauek hain indar handia zuten euskal gizartean, ezen hertsiki mugatzen baitzuten norbanakoaren ekimena eta gogoa. Eta hala, familien emankortasun handi haren aurrean, bi bide zeuden biztanle kopurua erregulatzeko: edo emigratzea edo bertan baina ezkongabe gelditzea. Beraz, ezkongabeen kopuruak zerikusi handia zuen emankortasunaren eta emigrazioaren handi-txikiarekin. Beraz, demografia erregulatzeko bidea bide mekanikoa zen, ondarea transmititzeko printzipioak eta emankortasunak zedarritua.

Etchelecouk adierazten duenez, demografi portaera, batetik, eta mendi-ingurune basaren gaineko nagusitasun armoniazkoan oinarrituriko gizarte egituraketa, bestetik, lotzen dituen ohiturazko sistema hori guztiz onartua izan zen, hainbesteraino ezen, gaur egungo gizartearen egiturazko aldaketa sozialak gorabehera, ohitura haren iraunkortasunaren erakusgarri diren zenbait portaera azaldu egiten baita trantsizio demografikoan, antzinako gizartetik egungorako bilakabidean.

Biztanleriaren handi-txikia eta kokalekua azaltzeko biderik errazena ikuspegi mekanizista baliatzea dateke. Ikusmolde horren arabera, geografi eremu batek zer demografi bolumena duen azaltzeko biderik errazena demografi kontabilitatea egitea da, bi arrazoiketa oinarrizko hauek kontuan harturik betiere:

  • Etengabeko jarioa —azkarra gehienetan— dute biztanleria guztiek.
  • Lurralde bateko biztanleri bolumena denboran zehar izandako jaiotzak gehi inmigrazioak ken hildakoak ken emigrazioak da.

XIX. mendearen bigarren erditik aurrera jendea hirietan pilatzea izan da Hego Euskal Herriko demografi gertaera deigarriena, eta baita ekonomian eta gizartean eragin handiena izan duena ere. Bizkaiko eta Gipuzkoako XX. mendeko hirigintza prozesua dela eta, biztanle pilaketa handiak izan dira han eta hemen, Bilboko ibaiaren ezkerraldean, esate baterako. Pilaketa horiek badute horrela izateko arrazoi nagusi bat: demografi dentsitate handiak lagundu egiten du hiriari berari eusten dion harreman sare trinkoa zabaltzen, hiria ondasunak eta zerbitzuak pilatzetik onura ateratzen duen erakunde ekonomikoa delako, eta funtzio antolatzailea duen neurrian are eremu handiagoa menderatzeko joera duelako.

Hiri garapenak elkarretatik nekez bereiz daitezkeen ezaugarriak ditu: biztanle kopurua handitzea, hiri produktua ere handitzea, urbanizatutako eremua hedatzea, eta, gizartea geroz eta konplexuagoa izanik, erlazioak ugaltzea.

Eremu jakin bateko hiri biztanleria handitzea zenbait prozesuren ondorio izan daiteke: landa guneen hiritartzea, landa ingurunetako biztanle exodoa, beste migrazio mugimendu batzuen ekarpena,hiriko biztanleriaren berezko hazkundea.Ikuspegi demografiko hutsetik begiratuta,biztanleria lurraldean birbanatzearen ondorioa da biztanle pilaketa, eta demografi portaera espezifikoak eta desoreka dakartza. Biztanleriaren adinkako eta sexukako osaera era batekoa edo bestekoa izateak eragin handia du hazkunde begetatiboan. Gainera, kontuan hartu behar da,gizabanakoek, zer adina duten, desberdin erabiltzen dutela espazioa, eta ondasun eta zerbitzu desberdinak eskatzen dituztela. Beraz, hiriko urbanizatze premiak, biztanleriaren gorabeherek lan merkatuan izan dezaketen eragina, ondasunetan eta zerbitzuetan adin batekoek eta bestekoek zer premia dituzten, eta are portaera sozialaren jarraibidea ere ezagutuko bada, ezinbestekoa da kontuan hartzea biztanleriaren demografi osaera. Metropoli guneen demografi krisia da, gaur egun, urbanismoaren gertaeraren ezaugarri nagusietako bat. Hala ere, aldiriak metropoli bihurtuz doaz gelditu gabe. Ikuspegi demografiko huts batetik begiratua, eta gaur egungo biztanleri ereduaren izaera kontuan harturik, zabalkunde horretan -hau da, egoitzaren eta funtzioen deszentralizazioan— kontraesana dagoela pentsa liteke, familiak txikitzen ari baitira eta ugaltzen, aldiz, bizilagun bakarreko etxebizitzak.

Hirigune handiak oraindik gehiago handitzen badira, migrazioengatik handituko dira gehienbat, eta ez berezko hazkundeagatik. Migrazio horien sorburua hiriak berak dira batez ere, zeren eta landa inguruneko biztanleri guneak, lehengo migrazioak eta teknika eta produkzio aldaketak direla eta, agortuta baitaude hein handi batean. Eta hala, hiriko biztanle kopuruaren gehiegizko hazkundeari dagokionez, hirien berezko hazkundeak -hots, jaiotzak ken heriotzak- ez du lehen adina garrantzia, eta etorkinen ekarpenak, berriz, gero eta handiagoa. Ez alferrik, azkeneko hamarraldietan, batez ere hiri ertain eta txikietara zuzentzen da biztanleen eta jardueren deszentralizazioa.

Euskal Herriko landa inguruneak, nekazaritzarako ingurune gogor samarra izaki, ateak zabalik utzi dizkio eta uzten dizkio orain ere industrializazioaren hedapenari. Ez alferrik, Hego Euskal Herriko landa ingurunean asko zabaldu da industria —ipar isurialdean asko, eta Nafarroan gutxiago-.

Teorian behintzat, hiru hauek dira landa ingurunea indarberritzearen eragileak:

  1. hazkundeak landa ingurunetara eta, beraz, hiri txikietara zabaldu duen edo haietan sortzea eragin duen industrializazioa;
  2. landa inguruneko ekonomiaren dibertsifikazioa, ekonomi ahalmenaren ondorioa;
  3. immigrante joandakoen itzulera. Azken eragile horrek indar handia izan du du Ipar Euskal Herrian.

Bizkaiko eta Gipuzkoako Deba arroko industri guneak gainezka daudenez, inguruetara zabaldu da industria. Industri ehuna, beraz, gune berrietara zabaldu da, bai landa ingurunera, bai hiri ingurunera, Gasteiza, adibidez. Beste batzuetan, berriz, zabaltzeko bidea emateko industriari, ondoko. herriak beretu dituzte hiriguneek. Eskuarki hiri inguruari dagokion prozesu horren beste adibide bat Iruñea da. Industri Iraultzaren bigarren aldiaren eraginez, oso hedatze bizkorra izan zuen Iruñeak. Hedaldi hori zela eta, laster gainditu zituen hiriak udalerriko mugak, bai eta bereganatu ondoko auzoak ere. Hiriburuak eta hiri inguruko gune horiek inguruko eskualdeetatik, eta Nafarroako eta Espainiako beste eskualde batzuetatik etorritako immigranteak hartu zituzten. Hainbeste handitu zirenez, hiri barneko auzo bihurtu ziren, azkenean, inguruetako gune horiek.

Geografi eta demografi dotrinak behin eta berriro azaldu duenez, gizataldeak aldatuz doaz, bai ezaugarrietan bai banaketan: hasieran, ingurune fisikoaren mende dauden herri bakartuak dira; gero, landa inguruneetako herrien ezaugarriak izaten jarraitzen badute ere, metropoliaren gero eta eragin handiagoa izate dute; azkenik, hiriak bihurtzen dira, bai eta hiri konurbazio handiak osatu ere. Mailaz mailako hazkunde horretan zehar, izugarri gehitzen da biztanle dentsitatea, eta berehala antzematen da funtzioak eta lanbide egitura gero eta trinkoago, gero eta korapilatsuago bihurtzen direla.

Biztanle dentsitatea: biztanleria lurraldean nola banatzen den jakiteko modua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria lurraldean nola banatzen den jakiteko modu erraz bat lurralde bateko biztanleriaren eta lurralde horren eremuaren edo biztanle dentsitatearen arteko erlazioa ezagutzea da. Biztanle dentsitatea elementu deskribatzailea eta kalkulatzen erraza da, nahiz eta ez den erabat zehatza, ez eta lurralde baten gaineko biztanle banaketari buruzko baieztapen erabatekoak egiteko nahikoa ere. Izan ere, azterketa honetan zehar aipatu izan den bezala, eremuak ez dira homogeneoak eta ez daude uniformeki okupatuak.

Beraz, biztanle dentsitatea gizataldeen banaketa aztertzeko baliabide deskribatzaile ezinbestekoa den arren, egia da eragozpen eta distortsioak dituela ere, dentsitatea euskarri kartografikoan azaltzen denean batez ere, dentsitate mapek esparru uniformeak islatzen baitituzte, eta esparru horiek beste sektore batzuk —elkarrengandik desberdinak— hartzen dituzte. Hori horrela da herri bateko biztanleria udalerri osoaren parte txiki bat baino ez den gunean biltzen denean, udalerri horretako parte zabal bat jenderik gabe utzita. Are gehiago, lurralde osoan sinbologia berbera erabiltzen denez, berdindu egiten da dena, eta hala, tokian tokiko berezitasunak —garrantzi handia izan lezaketenak- ezkutuan geratzen dira. Bestetik, udalerrien eremua desberdina izatea ere faktore distortsionatzailea da. Euskal Herriko biztanleriaren banaketan leku batetik bestera desberdintasun handiak daudela erraz ikusten da lurraldeen arteko dentsitate balioak erkatzean. Nafarroa Beherea eta Zuberoa dira dentsitate txikienak dituztenak: 19 eta 18 biztanle kilometro koadro bakoitzeko, hurrenez hurren. Bizkaiko dentsitatea, berriz, Zuberoakoa baino hemeretzi aldiz handiagoa da. Beharbada, argigarriagoa izango da honela adieraztea: Bizkaiko lurraldeak Euskal Herri osoko %10 izanik biztanleria osoaren %40 hartzen du, eta Nafarroa Behereak, berriz, Euskal Herri osoko %8 baizik ez izanik euskal herritarren %6,4ditu. Aurrez aurre jarri nahi izan dira muturreko bi adibide: biztanle okupazio handiko bat, Bizkaia, biztanle okupazio txikiko beste batekin, Nafarroa Beherea. Baina euskal herritarrek errotuta dauden ingurune fisikoarekin dituzten harremanak ezagutzeko eta lurraldean nola dauden banatuta jakiteko, azterketa sakonagoa egin beharra dago, lurraldez lurraldekako azterketa hain zuzen ere. Euskadiko lurraldearen gaur egungo banaketa industrializaziotik datozen aldaketa ekonomikoen eta XX. mendearen erdiaz geroko demografi hazkunde handiaren ondorio dira. Biztanle dentsitateak agerian jartzen du berriz ere Euskadin, kostaldeko eta barneko lurraldeen artean -hau da, Bizkaia eta Gipuzkoa, batetik, eta Araba, bestetik—, dauden gorabeherak. Arabako lurraldea da biztanle kopuru txikiena duena. Arabako Haranak eta Arabako Mendiak dira Araban biztanle dentsitate txikiena duten eskualdeak: 6 biztanle inguru kilometro koadro bakoitzeko. Lurraldeko hiriburua —Gasteiz— bere baitan hartzen duen Arabako Lautada eskualdeak berak ere, lurraldeko biztanle dentsitate garaiena izanda ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskualde askok baino biztanle dentsitate txikiagoa du. Beste muturrean daude Euskadiko kostaldeko lurraldeak: Bilbo Handian 2.400 pertsona bizi dira kilometro koadro bakoitzeko, eta Donostialdean 1.000 baino gehiago. Beste datu jakingarri bat: Gipuzkoako eskualde guzti-guztiek 100 biztanle baino askoz gehiago dituzte kilometro koadro bakoitzeko. Izan ere, lurraldearen gorabeherak direla eta, Gipuzkoako giza jarduna ibar estuen barrenean dago bilduta.

Nafarroak 1990 ondoko urteetan 55 biztanle zituen kilometro koadro bakoitzeko, inguruko probintzien (Zaragoza eta Errioxa) antzera, baina iparraldeko mugan duen Gipuzkoak (342 biztanle kilometro koadro bakoitzeko) baino askoz gutxiago. Nafarroako biztanle dentsitatea eskualdeka aztertuz gero, bada zer aipatua: Pirinioek oso dentsitate txikia (6,4 biztanle kilometro koadroko) dutela, adibidez. Hori garapen endogenoa sortzeko (lanpostuak sortzeko alegia) gai izan ez diren Europako eskualde batzuen -laguntzetatik kanpo geratu direnen eta mendialdean daudenen- demografi gainbeheraren isla da. Beste muturrean dago Iruñerria, biztanle dentsitate handiena duen eskualdea, Nafarroako hiriburua barne duena.

Oro har, biztanle dentsitate txikieneko eskualdeak Nafarroako ekialdekoak dira: Arga ibaiaz ekialdera dauden Pirinioetatik hasi, eta Errege Bardeetarainoko guztia. Izan ere, horixe baita industria gutxien eta, duen edafologiagatik eta topografiagatik, nekazari baliabide gutxien izateaz gainera Iruñearekin eta ekonomian garrantzia duten beste hirigune eta industriagune batzuekin lotzeko azpiegitura urrieneko eremua. Beraz, eta hori guztia kontuan harturik, ez da harritzekoa demografiak halako beherakada izatea.

Nafarroako mendebaleko erdiak, aitzitik, askoz biztanle dentsitate handiagoa du, landa eta industri baliabide hobeak baititu. Ez da harritzekoa, beraz, garrantzizko biztanleria guneak izatea, hala nola Tafalla eta Tutera, esaterako.

Ipar Euskal Herria osatzen duten lurraldeen artean alde handiak daude biztanle banaketan; are handiagoak udalerriak elkarrekin alderatuz gero. 1990. urteko Zentsuaren arabera, Ipar Euskal Herria egituratzen duten hamasei udalerrietarik erdia baino ez da 10.000 biztanle baino gehiago izatera iristen, eta bost besterik ez 20.000 biztanle baino gehiago izatera. Baiona-Angelu-Miarritze hiri hirukoteak 100.000 biztanletik gora ditu. Bidasoatik Aturrirainoko eremuak 165.000 biztanle inguru ditu 30 kilometro inguruko barruti batean, eta ia eremu osoa -hegoaldeko zatia izan ezik: Urruñe eta Behobia, Sokoa eta Hendaia-plaia- urbanizatua. Hiri multzo horrek erabateko hiri izaera du: 940 biztanle kilometro koadro bakoitzeko. Hala ere, eta kostaldeko alde horretako biztanleri gune gehienak izan ezik, Ipar Euskal Herriko udalerri gehienek 60-200 biztanle kilometro koadro arteko dentsitatea dute.

Biztanleria eta lurraldearen eraldaketa: gaur egungo joerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko demografi kontzentrazioetan iritsitako bizi maila dela eta, aldaketak izaten ari dira lurraldean, batzuk biztanle pilaketak sortutako arazoetatik datozenak, eta beste batzuk, berriz, lehengo migrazio mugimenduetatik datozenak. Hori dela eta, giza okupazioa ingurune natural edo landa ingurunera zabaltzen ari da (bigarren etxebizitzak), eta horrek aldaketak dakartza landa ingurune horien ekonomian eta lurraldean.

Hego Euskal Herriko 2.000 biztanlez beherako landa inguruneetako etxebizitzak —etxebizitza nagusiak eta bigarrenak— zenbatu dira, etxebizitza guztien %10 baino gehiago bigarren etxebizitzak dituzten herriguneak bereizteko. Gipuzkoako Lurralde Historiko osoan ez da halako biztanlegunerik, Bizkaian Gernika-Bermeo eta Plentzia-Mungia eskualdeetan daude gehienak, eta Araban Mendialdean, Haranetan eta Errioxan. Bigarren etxebizitzak zergatik ote dauden horrela banatuta aztertzean, bi ondorio nagusi hauek atera daitezke. Bizkaiko Lurralde Historikoari dagokionez, bata da, bigarren etxebizitzak kontuan hartzeko moduko kopurutan dituzten herri gehienak kostaldean daudela —Bakio (%83) eta Gorliz (%71) nabarmentzen dira-; bigarren ondorioa da badagoela halako turismo (itsasoa eta hondartza) efektu bat, Bilbo Handiko biztanleria erakartzen duena. Arabako Lurralde Historikoari dagokionez, berriz, bigarren etxebizitzak dituzten biztanleri guneak honela banatuta egotearen arrazoi nagusia biztanleri gune horietatik Gasteiza emigratu baina etxea sorlekuan oporretarako-eta gorde izana da: Gaubea (%69), Zanbrana (%54), eta abar. Faktore demografikoek ez ezik ekonomikoek ere eraginda, lurraldea eraldatzen ari den beste fenomeno bat biztanleria landa inguruneko herri txikietan biltzea da, Ipar Euskal Herrian gehienbat, baina baita Hego Euskal Herrian ere, eta gero eta gehiago, nonbait.

Demografi hazkuntzaren eta industri hedapenaren arteko erlazioa lekuan lekuko ezaugarrien arabera gauzatzen da. Argi dago hirietako industriaren garapena izan dela etorkinak erakarri dituen oinarrizko faktorea, eta orobat argi dago ere hiri inguruetan kokatu diren gizataldeak eta industriak hiriaren erdigunetik ahalik eta hurbilen kokatu direla. Hala, demografi eta industri hazkundeek bat egin dute hedapen eremu berean. Hala ere, azterketa hori lekuan-lekuan egiten denean ikusten denez, badira ekonomi eta industri faktoreek baino garrantzi handiagoa duten beste baldintzatzaile batzuk ere: etxebizitza moduz erosi ahal izatea; ingurugiro baldintza egokiak izatea, bizi kalitatea -esan nahi baita, lasaitasuna, habitat atsegina, espazioa hobeto antolatua- handiagoa izatea. Horrek erakusten du industrializazioa demografi hazkundearen atzeragarri gerta daitekeela batzuetan, hiri garapen goiztiarra izan duten eta era anarkikoan handitu diren biztanleri guneetan batez ere. Hiri eta industri guneetako pilaketatik ihes egiteko landa ingurunean ingurugiro kalitatea bilatzeari —gizarte eta lanbide maila handienen artean ematen da gehienbat hori— hiriguneetako lur zorua hain garesti izatetik datozen arazoak -etxebizitza erosteko arazoak- gehitu behar zaizkio; horrek guztiak biztanleak -familia eratu berriak gehienbat- kanpora behartzen ditu, hiritik hurbil dauden herri txikietara. Horrek bizitokia eta lantokia bereiztea dakar, eta eguneroko mugimendu pendularren eragile nagusia da. Izan ere, etxebizitzaren eta lantokiaren arteko joan-etorriko mugimendu pendularren maiztasuna eta intentsitateak eragin handia baitu espazioaren egituraketan. Horren adibide argigarria da, adibidez, Tolosaldeko Anoeta (Gipuzkoa), Tolosatik lau bat kilometrora dagoena; etxebizitza asko eraiki da Anoetan, eta horrek familia asko erakarri ditu herrira. Beste adibide bat, Gipuzkoan bertan, Oiartzun da, duen kokaeragatik eta ingurune naturalagatik, lana ondoko biztanleri guneetan egiten duten pertsonen bizitoki baita. Bizkaian ere badira funtzio hori betetzen duten herriak: Bilboko ezkerraldekoak -Leioa, adibidez-, edo kostaldeko Gorliz eta Sopela, esate baterako. Baita Araban ere (Zigoitia). Garraiobideetan azpiegitura ona izateak sekulako garrantzia du horretan.

Nafarroan, 1985. urte inguruan, Iruñerriko landa ingurunetako herrietan bizi ziren biztanleen %40k baino gehiagok egunero migratzen zuen Nafarroako hiriburura lan egitera edo ikastera. Eskualdeko edozein puntutik hiri eta industri guneetara tarte laburra egoteak eta garraiobideak onak izateak erraztu egiten zituen mugimendu pendular horiek.

Hala, beraz, 1980ko hamarralditik aurrera, etxebizitza asko eraiki zen Nafarroako hiriburuaren inguruko biztanleri guneetan, eskari soziala halakoxea baitzen. Hasieran, erosteko ahalmen handiko kategoria sozioprofesionalek egin zuten eskaria, baina, gero, asko zabaldu zen, dentsitate urriko urbanizazio horiek eraikitzen eta sustatzen zituzten enpresen ekimenez. Biztanleri gune horien -Ezkirotz, Zabalegi, Galar, Badostain...— demografi gainbehera eragoztea lortu zen behintzat horrela, eta baita beste biztanleri gune batzuk -Zizur Txikia, Altzuza, Elkano, eta abar sustatzea ere.

Euskal Herriko biztanleriaren banaketa ereduak lurraldez lurralde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko biztanleriak ez du banaketa erregularra lurraldean. Gizataldeen gaur egungo leku banaketa mugimendu naturalen eta migrazio mugimenduen ondorioa da. Aldeak daude, dena den, leku batetik bestera, eta hala, demografi banaketan eredu desberdinak bereiz daitezke, ekonomi baliabideen banaketarekin lotura estua dutenak, bide batez esanda.

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren banaketa eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urbanizazioaren hedadura -kostaldetik barnealdera— gero eta handiagoa dela eta, ez da erraz bereizten Kostalde urbanizatuaren eta landa inguruneko Barnealdearen arteko muga. Gainera, Lapurdiko barnealdea osatzen duten udalerriak landa ezaugarririk gabeak —Uztaritze, adibidez— edo hiri ezaugarririk gabeak izateak are zailago egiten du muga hori bereizi ahal izatea. Ipar Euskal Herriko biztanle gehienak kostaldean eta Lapurdiko barnealdean bizi dira.

1851n Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %25 bizi zen Kostaldean, eta gainerako hiru laurdenak Barnealdean bizi ziren. Mende eta erdi geroago, goitik behera aldatu dira gauzak: gaur egun Kostaldean bizi da biztanleriaren %66. Ipar Euskal Herriko biztanleek barnealdeko nekazari eta abeltzain herrietatik kostalde gero eta urbanizatuagora jo dute.

1975. urteaz geroztik barnealdean bizi da Ipar Euskal Herri osoko biztanleriaren %35. Barnealdean bi eremu bereiz daitezke: Lapurdiko barnealdea, aldirien hazkundearen eraginez demografi hazkunde handia izaten ari dena, eta kostaldetik urrundutako barnealdea -Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatua—, biztanleak etengabe galtzen ari dena.

Beraz, demografi dinamikaren ikuspegitik aztertuta, hiru lurralde bereiz daitezke Ipar Euskal Herrian: kostalde urbanizatu eta jendetsua (755 biztanle kilometro koadro bakoitzeko); Lapurdiko barnealdea, biztanle kopurua handitzen ari dena (200 biztanle kilometro koadro bakoitzeko); eta landa inguruneko barnealdea, biztanle kopurua galtzen ari dena (60 biztanle kilometro koadro bakoitzeko).

Lapurdiko Barnealdeak eta Kostaldeak, biak bakarrik, Ipar Euskal Herri osoko biztanleriaren %84 hartzen dute. Lapurdiko barnealdeak gaur egungo bilakaerari eutsiz gero, 2010. urtean Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %90 bi eremu horietan biziko da, eta Lapurdiko barnealdea erabat urbanizatua egongo.

Labordek zenbait etapa bereizten ditu Ipar Euskal Herriko biztanleriaren banaketaren bilakaeran:

  • 1911-1931 bitartekoa: landa inguruneak jendez hustu eta bien bitartean hiriak hazten direnekoa. Mugimendu naturalari dagokionez, Lehen Mundu Gerrak 15.000 biztanleko galera eragin zuen demografian, eta jada ez da gerra aurreko maila berriz iritsiko. Bestalde, landa inguruneko biztanleriaren etengabeko irteera dela eta, 37.000 pertsona gutxiago dira mendearen lehenengo hogeita hamar urtean; hau da, biztanleria osoaren %22 galdu da. Kostaldea emigrazio jomuga bada ere, kontua da Ipar Euskal Herri osoan gehiago direla irteten direnak heltzen direnak baino, salbu eta egoera hobean diren biztanleri gune batzuetan, Donibane Garazin, Donapaleun eta Atharratzen, mugimendu naturalen emaitza txarrak konpentsatu zituen migrazio saldo positiboa izan baitzuten. Salbuespen dira ere Bidarte (%55eko hazkunde positiboa), Getaria (%30) eta Uztaritze (%11). Biztanleri gune horien hazkunde tasa handia hiriguneen inguruko migrazio mugimendu positiboaren ondorio da. 1920-1930 bitarteko aldia da demografi hazkunde handienekoa, hiriak zabaldu zirenekoa.Demografi hazkundea, eta harekin batera hirigintza, kostaldean kontzentratu zen gehienbat. Aldi horretako migrazio mugimendu horiek guztiak gorabehera, lurraldearen demografi sustratua nekez alda daiteke kanpoko ekarriekin, ezta Baiona bezalako gune batean ere, non biztanleriaren hiru laurdena handik ehun kilometro ingurura dauden lekuetatik datorren.
  • 1931-1954 bitartekoa: demografi krisia eta migrazio mugimenduen beherakada. Demografi hazkundeak behera egitearen arrazoia jaiotza kopurua beheratzea izan zen, eta jaiotza kopuruak behera egitearen arrazoiak, berriz, beste hauek: jende gutxiago iritsi izana ezkon adinera —Lehen Mundu Gerran jaiotako belaunaldiak baitziren haiek—, ekonomi krisia, eta zahartzearen areagotzea. Landa inguruneko herrietako biztanle kopuruak gainbehera latza izan zuen XIX. mendearen bukaeraz gero, baina 1930 ondoko urteetatik aurrera, landa inguruneko kantonamenduetan, moteldu egin zen gainbehera, exodoak ere behera egin baitzuen. Biztanle kopuruaren gainbeheraren beste arrazoietako bat mugimendu naturalaren beraren egoera txarra zen. Hilkortasun tasak behera egin zuen, bai, baina jaiotza tasa ez zen azkenean hazkunde positiboa izateko behar diren bezain saldo natural handiak emateko gauza. Hori guztia dela eta, aldi horretan, enpleguaren eta bizi kalitatearen galeratik datorren demografi portaerak jaiotza tasak behera egitea eta biztanleria, oro har, zahartzea ekarri zuen. Izan ere, hiriko biztanle kopuruaren hazkundea mendearen lehenengo hiru hamarraldietakoa baino bederatzi bider txikiagoa izan zen.
  • 1954-1990 bitartekoa: hiri kontzentrazioaren gorakada etengabea. Hiriguneak eta aldiriak biztanle kopuru handia hartu zuten. Landa ingurunea ere aldatu egin zen: herrigune batzuk, hiri habitataren zuzeneko edo zeharkako eraginaz, handitu egin ziren, eta beste batzuk, berriz, jendez hustu.

Hori guztia lehengo ustezko lurralde eta demografi oreka hausten duen hiri sare orekagabean gauzatzen da. Izan ere, batetik, hiri unitate bereziak eratzen baitira, eta, bestetik, kostaldearen eta barnealdearen artean halako oposizioa baitago: kostaldean aglomerazioak bildu egiten dira, eta barnealdean, berriz, hiri guneak, urriak izateaz gainera, bakartuak daude.

Zortzi hiri aglomerazio daude, eta horietarik nagusia Baionakoa da, ia 140.000 biztanle baititu, hau da, hiri biztanleriaren % 68 eta biztanleria osoaren %48. Baionako hiri batasuna da hiri hazkuntzaren onuradun nagusia, 1945-1975 bitartean -ZUP (edo urbanizatzeko lehentasuna duten eremuak) direlakoak eratu zirenean- 31.000 biztanle baino gehiago irabazi baitzituen. Guztiaz ere, biztanle kopuruak behera egin zuen 1975. urtetik aurrera -ez baitzegoen eraikitzeko lurrik, eta zegoena ere oso garestia baitzen-, eta hirigintza lurraldez kanpora hedatu zen.

Hala, 1975-1990 bitartean, Baionako biztanle kopuruak behera egin zuen, Miarritzekoak ez gora eta ez behera, eta Angelukoak gora. Nolanahi dela ere, hiru gune horiek hiri aglomerazioko biztanle kopuruaren %74 osatzen dute.

Ipar Euskal Herriko demografi eta lurralde ereduan bada garrantzizko beste faktore bat, bakartasunarena hain zuzen ere. Izan ere, ikusten denez, jende gehiagok alde egiten baitu leku batetik leku horrek ezaugarri natural gogorrak eta baliabide urriak izan, eta, gainera, leku hori hiriguneetatik urrun dagoenean. Izan ere, halako tokian bizi den bati, nekazari lanbidea eta hiriko enplegua, biak izateko aukera eragozten baitzaio horrela; gainera, halako toki batean, Baigorriko ibarrean edo Zuberoa Garaian, esate baterako, ustiaketa ere nekezagoa da. Bestalde, herria bakartua egotea garraiobide nagusietatik edo hiriko edo industrietako enplegu zentroetatik urrun egotearen ondorio baizik ez denean, baliteke jende gutxiagok abandonatzea lekua.

Landa inguruneetako exodoa urritzea eta landa inguruneko zenbait udalerritan biztanleria handitzea ez dira, ez, nekazaritza jarduna beste era batera antolatu izanaren ondori, hiri aglomerazioak —landa inguruneko biztanleri guneetatik hurbil izanik— eremu horietarantz zabaltzearen ondorio baizik. Landa inguruneetako exodoa urritzeak baditu bi arrazoi nagusi: garai bateko emigrazio gogorrak beso sobera ere bereganatu izana, eta jaiotza tasa jaitsi izana, horrek guztiak demografi presioa moteltzen baitu.

Beraz, Ipar Euskal Herriaren lurralde zatiketan deskribaturiko demografi portaera horiek direla eta, bi eremu nagusi bereiz daitezke: alegia, batetik, hiri ezaugarriak dituena, jendeztatua eta antolakuntza konplexua duena, eta bestetik, barnealdeko eremua, zabalagoa, sotilagoa, eta ez horren jendeztatua. Hala eta guztiz, Baionaren eraginpean daude lurralde zati biak. Bi ekonomi mota dira, erabat desberdinak, bi biztanleri eredu desberdin eta geografikoki bereizita dituztenak batean demografi hustuketa dago, eta nekazaritza jarduna da nagusi; bestean biztanle kontzentrazioa dago, eta hiri ezaugarriak dira nagusi.

Ipar Euskal Herriko lurralde antolaketaren oinarrian dauden biztanleri guneen ezaugarri nagusiak hauek dira: biztanle gutxi izatea eta nekazaritza funtzioa betetzea. Biztanleri gune horiek 100 eta 1.000 arteko biztanle dituzte, eta landa paisaiak inguratuta daude; ezarpenek dentsitate gutxiko habitata osatzen dute.

Biztanleri gune batzuk, bizitegi funtzioa betetzen dutenak, ez dira hiriguneetatik hurbil izaten, baizik eta haietatik aldenduta, eta jatorria kanpoan duen harreman profesionalen sistemaren baten mendeko direla sortu dira. Biztanleri gune horien demografi bilakaera positiboa da, inmigrazioari esker. Jardun anitzeko lekuak izaten dira biztanleri gune horiek, baina hirietako jardunak landakoa baztertu ohi du. Biztanleri gune horien artean hauek aipa daitezke: Donazaharre, Sara, Senpere, Azkarate, eta abar.

Beste biztanleri gune batzuek zerbitzu funtzioa betetzen dute, zerbitzatzen duten eragin eremu batekiko. Biztanle gutxiko biztanleri guneak dira gehienak, biztanleria galtzen ari direnak. Zerbitzuetan duten hornitze maila eragin eremuan betetzen duten funtzioagatik datorkie. Biztanleri gune horien artean, hauek dira aipagarrienak: Irisarri, Bidaxune, Bastida, Ezpeleta eta Aharratze.

Erdibideko biztanleri guneak, bai duten biztanle kopuruagatik bai okupatzen duten eremuagatik aurrekoak baino garrantzi handiagokoak, 2.000-6.000 arteko biztanle kopurua dutenak dira. Horien artean bi biztanleri gune bereiz daitezke: zerbitzu funtzioa dutenak (Donapaleu eta Donibane Garazi) eta soilik bizitegi funtzioa dutenak.

Biztanleri gune horien artean, hauek dira aipagarrienak: Bidarte, Uztaritze eta Urruña. Biztanleri gune horiek, sail horretako jendetsuenak izan arren, ezin dira ez tamainagatik ez lurralde antolamenduagatik hiri ezaugarriko biztanleri gunetzat hartu. Duten biztanle kopurua etengabe handitu da (%2 urtean) 1975-1991 bitartean. Hiri horietako biztanle gehienak bigarren edo hirugarren sektoreetan aritzen dira lanean.

Hiri ezaugarriak dituzten biztanleri gune txikiek badute bereizgarri nagusi bat, eremu osoa urbanizatu gabe edukitzea, baina urbanizatua duten aldean argi eta garbi azaltzen dira hiri ezaugarriak: dentsitate maila handia, jarraitasuna, eta landa paisaiaren desagerpena. Hiri ezaugarriak dituzten biztanleri gune txiki horiek 4.000-10.000 arteko biztanle kopurua dute, eta beste biztanleri gune batzuen eraginaren aurrean, batzuk beste batzuk baino autonomoagoak dira, baina denek dute zerbitzu eta industri azpiegitura on edo oso on bat. Biztanleri gune horien artean hauek dira aipagarrienak: Donibane Lohizune, Kanbo, Hendaia, Maule, eta Hasparren.

Ipar Euskal Herriko eremu eta demografi hierarkiaren goiko erpinean hiru hiri daude: Angelu, Miarritze eta Baiona. Azkeneko hori beste bien antolamen eta erabaki gunea da.

Hego Euskal Herriko biztanleriaren banaketa ereduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Euskal Herriak demografi hazkuntza ikusgarria izan du XX. mendearen bigarren erdian zehar. Hazkuntza handi horren arrazoia: industrializazioa; batetik, ekoizpen guneetara jo zuten migrazio mugimendu handiak eragin zituelako; eta, bestetik, hazkunde natural handia eragin zuelako, migraturiko gizataldeak, gazteez osatuak, jaiotza tasa handikoak baitziren.

Hego Euskal Herriaren hazkuntza hori, baina, ez zen bazter guztietan garai berean gertatu. Kostaldeko lurraldeetan, Bizkaian eta Gipuzkoan, XIX. mendearen bukaeran hasi zen hazkuntza prozesua, eta barnealdeko lurraldeetan, berriz, hau da, Araban eta Nafarroan, XX. mendearen erditik aurrera hasi ziren, bai industri hazkundea eta baita demografi hazkundea ere.

Beraz, Hego Euskal Herriko biztanleriak azkeneko hamarraldi hauetan izan dituen espazio eraldaketak elkarrekin oso lotura estua duten bi faktoreen ondorio dira: soilik eremu jakin batzuetara mugatu den industrializazio prozesuaren ondorio, batetik, eta gehienbat industrializaturiko eremuei on egin dieten migrazio mugimenduen ondorio, bestetik.

Biztanleria lurraldean nola banatu den aztertzean ikusten denez, demografi eta lurralde eredu desorekatua du Hego Euskal Herriak, leku jakin batzuetan biztanle kontzentrazio handia eta gainerakoan biztanle kopuru urria duelako.

Hego Euskal Herriko industrializazio prozesuak -beste leku gehienetakoek bezala- aldaketa handiak eragin ditu gizataldeen banaketan. Ekonomi eredua aldatu izanak -eta, beraz, lan indarra beste era batera banatzeak- landa ingurunea jendez husten joatea ekarri du, industrializazioari heldu dioten biztanleri guneen mesedetan. Prozesu horrek elkarren aurkako bi ondorio eman ditu: Araba eta Gipuzkoa. Arabako lurraldean, adibidez, biztanle gehienak biztanleri gune gutxi batzuetan daude bilduta (Gasteiz, Laudio eta Amurrio), eta gainerako guztian biztanleria bakanduz joan da. Bi gertaera horiek Arabako biztanleriaren banaketa desorekatua ekarri dute, biztanle gehien-gehienak Gasteizko makrozefalian baitaude kontzentratuta, eta gainerakoa basamortua da demografikoki. Gipuzkoan, berriz, biztanleriaren banaketa askoz ere uniformeagoa da, lurralde osoaren batez besteko demografi hazkundea soilik hiriburuarena baino handiagoa baita. Hori horrela izatearen arrazoi nagusia lantegiak Gipuzkoako ibar guztietan zehar zabaltzea da, halako moduz zabaldu ere ezen industri eta demografi hazkundeak batera etorri baitira Gipuzkoako lurraldean.

Hori guztia dela eta, Hego Euskal Herrian bi demografi eredu eta bi lurralde eredu bereiz daitezke. Batetik, Araba, Bizkaia eta Nafarroako lurraldeek izan dutena, hiruetako biztanleri hazkundea eta korrelaziozko hiri garapena hiriburuetara mugatu baitzen gehienbat. Multzo horren barnean, baina, bereizketa bat egin behar da: Arabako lurraldearen eredu guztiz polarizatua besteenetatik bereizi behar da, Arabakoa, arestian aipatu den bezala, hiriburura mugatu baita ia erabat. Nafarroako lurraldean, berriz, Iruñerria osora hedatu dira ekonomi garapena eta demografi hazkundea. Bizkaian, bestalde, Bilbo Handian kontzentraturiko garapena ondoko eskualdeetara ez ezik Arabako lurraldeetara ere hedatu da, garraiobide nagusietan zehar, eta hala, Gasteiz Bizkaiko industri pilaketaren ihesbide izan da. Azkenik, Gipuzkoaren demografi hazkundea lurraldeak dituen ia 2.000 kilometro koadrotan zehar hedatu da, biztanleri banaketaren eredu orekatua eta homogeneoa den bezainbatean. Euskadiko biztanleriaren banaketa, lurraldez lurralde, honako hau da: Bizkaiak Euskadiko biztanleria osoaren erdia baino gehixeago hartzen du, %55, hain zuzen ere; Gipuzkoak biztanleria osoaren %32; eta Arabak gainerakoa, % 13.

Biztanleri hazkundeari dagokionez, desberdintasun nabarmenak daude lurralde batetik besteetara, bai hazkundearen zeinuan (positiboa edo negatiboa) bai hazkundearen eragileen (hazkunde begetatiboa eta migrazio saldoa) garrantzian. Arabak biztanleak irabazi ditu, eta irabazia neurri bertsuan zor zaie hazkunde begetatiboari (%44) eta migrazio saldoari (%56), biak positiboak. Gipuzkoak eta Bizkaiak, berriz, migrazio saldo negatiboak direla eta, biztanleri galera izan dute: Bizkaian hazkunde begetatiboari dagokio biztanleri galeraren %15, eta migrazio saldoari gainerako %85; Gipuzkoan, berriz, migrazio saldoari galeraren %99 eta hazkunde begetatiboari %1. Biztanleriaren eskualdekako azterketak erakusten duenez, hiriburuak barne dituzten hiru eremuek Euskadiren biztanleria osoaren bi herenak baino gehiago (%68) hartzen dituzte. Hala, Arabako Lautadak Euskadiren biztanleria osoaren %10,5 hartzen du, Donostialdeak %17,7 eta Bilbo Handiak ia biztanleria osoaren erdia, %43.

Eskualdeen demografi bilakaerari dagokionez, badago zer azpimarratua: 1982- 1992 bitartean, soilik lau eskualdek izan dute hazkunde positiboa: Arabako Lautadak, Plentzia-Mungiak, Bidasoa Behereak eta Urola Kostak, hain zuzen ere. Aztertu den denbora bitarte horretan eskualde horiek hogeita 2.000 pertsonatik gora handitu dute biztanleria, edo beste era batera esanda, ehunenekotan, %5,7 handitu dute biztanleria. Demografi hazkunde horren %76 Arabako Lautadari dagokio; hau da 1980-1990 hamarraldian Euskadiren biztanleria handitu duten lau biztanletatik hiru Lautadan bizi dira. Hazkundea batez ere Lautadan izatearen arrazoi nagusia Vitoria- Gasteiz udalerria izan da, han izan baita eskualdeko gehikuntzarik handiena. Bitxia da, bestalde, hazkundea izan duten gainerako hiru eskualdeak kostaldeko eskualdeak izatea hirurak.

Euskadiren gainerako eskualdeek balio negatiboak dituzte biztanle hazkundearen bilakaeran. Gipuzkoan aipagarriak dira Deba Beherea eta Goierri; Bizkaian Enkartazioak eta Arratia-Nerbioi; eta Araban, Mendialdea, Arabako Haranak eta Gorbeia aldea. Aldakuntzan eragina duten osagaien azterketan agerian gelditzen denez, bost eskualdek dute migrazio saldoa positiboa, eta bost horien artean, kuantitatiboki duten garrantziagatik, nabarmentzekoak dira Arabako Lautada eta Donostialdea. Baina bost eskualde horietarik bik baino ez -Arabako Lautada eta Kantaurirako isurialdea- dute saldo begetatiboa ere positiboa. Horiez gainera, hazkunde naturala positiboa duten eskualdeen artean aipatzekoak dira Durangaldea, Plentzia-Mungia, Bidasoa Beherea, Urola Kosta, Goierri, eta oso balio txikiekin bada ere, Tolosaldea eta Gorbeia aldea. Gainerako zortzi eskualdeek biztanleak galdu dituzte, aldakuntzan eragina duten bi osagaiak negatiboak baitituzte: hau da, batetik, heriotzak jaiotzak baino ugariagoak dira.

Hazkundea, osotara, positiboa duten eskualde horietako gehienek (Arabako Lautada, Bidasoa Beherea eta Urola Kosta), batez ere hazkunde begetatiboari diote hori zor, eta hazkundea negatiboa dutenek -Bilbo Handia, Durangaldea, Deba Beherea, Deba Garaia, Goierri, Tolosa eta abar— migrazio saldoari diote zor Bestalde, Nafarroako lurraldearen migrazio saldoaren eskualdekako azterketan ikus daitekeenez, Iruñea barne duen eskualdea ez beste guztiek saldo negatiboa dute. Izan ere, Nafarroako hiriburuan jaiotza kopurua heriotza kopurua baino askoz handiagoa da, ia 600 pertsona gehiago. Beste muturrean, saldoa negatiboa dutenen artean, Ipar-mendebaleko eskualdea, Erribera Garaia eta Pirinioak dira guztietan saldo negatibo handiena dutenak.

Araba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen erdialdetik aurrera Araban hasi zen industrializazio prozesuak etorkinak saldoka erakarri zituen lurraldera, eta demografi portaera eta eragile berri haiek hazkunde naturala handitu zuten. Immigrazioaren ekarpena ezean Arabak ez zuen, ez, halako hazkunde handirik izango: inmigrazioak gizabanakoen batez besteko adina jaisten du, eta dinamika naturala aldatzen, jaiotza kopurua asko handitzen baita.

Baina, batetik, hiriburu zelako, eta, bestetik, parean garrantzi handiko beste gunerik ez zuelako, Gasteiz bihurtu zen lurralde osoko erakargune hedakor bakarra.Biztanle hazkundea hain izan zen handia 1959-1981 bitarteko epean, ezen hiriburuaren biztanle kopurua ia laukoiztu egin zen. Izan ere, denbora bitarte horretan Gasteizko hazkunde tasak Bilbokoak eta Donostiakoak baino handiagoak izan ziren. Beste bi hiriburu horiek, berriz, aurretik izan baitzuten ekonomi eta biztanleri hazkundea, asebetetzen hasiak ziren, eta neurriz haztea beste aukerarik ez zuten. Hala, egoera horrek inguruko udalerriei egin zien batez ere mesede, neurri handi batean haiek bereganatu baitzuten olioa bezala zabaltzen ari zen demografi hazkunde hura.

Arabako hiriburuaren eta Kantaurirako isurialdeko eskualdearen demografi zabalkundearen aurrean, lurralde osoko biztanleriaren hazkundea ez aurrera ez atzera egiten ez duela dago, lurraldean ez da eta garrantzizko beste demografi eta industri gunerik, eta horrek landa ingurunetako exodoa eragin du. Baina azkeneko urteotan moteldu egin da exodoa, bai emigratzailegai gutxiago dagoelako, bai hiriak lan aukera gutxiago eskaintzen duelako.

Biztanleriaren banaketak Arabako lurraldean badu ezaugarri nagusi bat: demografi bolumen urriko biztanleri gune asko izatea. 1991. urtean Arabako biztanleri guneen %88 1.000 biztanle baino gutxiago zituen. Argi ikusten da biztanleak geografi puntu jakin batzuetan bildu direla, eta horra, beraz, Arabako biztanleri banaketa ezaugarritzen duen demografi eta lurralde desorekaren arrazoia.

Biztanleriaren eskualdekako banaketari dagokionez, demografi kontzentrazio handiena Arabako Lautadan dago. Han, 1991 n, biztanleriaren %99 1.000 biztanle baino gehiagoko biztanleri gunetan bizi zen. Eskualde horretan dago Arabako biztanleriagune jendetsuena, Arabako hiriburu den Gasteiz, hain zuzen ere, Arabako biztanleri banaketak duen desorekaren erantzulea.

Kantaurirako isurialdeko eskualdea da kontzentrazio prozesuak azkeneko urteotan indar gehien izan duen tokia. 1991. urtean eskualde horretako biztanleriaren ia %98 1.000 biztanletik gorako biztanleri gunetan bizi zen. Eskualde horretan, bai ekonomian bai demografian duen garrantziagatik, Laudio nabarmentzen da. Garrantzi hori ondoan duen Bilbok induzituta datorkio hein handi batean.

Gainerako eskualdeetan ez da halako biztanleri gunerik. Horrek biztanleak kontzentratzea eragozten du, eta hala, eskualde horietako biztanleria biztanleri gune askotan banatua dago. Arestian aipatu badugu ere berriz azaltzea merezi duen gertaera bat Gasteiz inguruko biztanleri gune txiki batzuen hazkuntza da, hirigunearen neurriz gaineko hazkuntzari zor zaiona. Gasteiz, hartatik bereizita zeuden biztanleri gune txikiak barnean harrapatzeraino zabaldu da. Bestalde, urbanizazioak eta familia bakarreko etxebizitzak ere asko ugaldu dira, hiria utzi eta bizitokia ondoko landa ingurunera aldatu duten herritarren ekimenez.

Galdosek Arabako biztanleriaz egin duen azterketan hiru sektore bereizten ditu, biztanleri banaketaren ezaugarri nagusien arabera.

  1. Iparraldea (Kantaurirako isuraldeko eskualdea eta Aramaioko ibarra), alde handiak dituena toki batetik bestera: demografi kontzentrazio handiak, batetik, eta Arabako beste eskualde batzuetakoa baino demografi sakabanaketa handiagoa, bestetik.
  2. Erdialdea (Gorbeia aldea, Arabako Lautada, Arabako Mendialdea eta Arabako Haranak): biztanleria han-hemenka sakabanatutako gune txikietan banatua dago, batetik, eta hiriburuan kontzentratua, bestetik.
  3. Arabako Errioxa: biztanleria erdiko tamainako biztanleri gunetan banatua dago.

Bizkaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko lurraldeak, XX. mendea baino lehen, hiriburuaren inguruan eta ibaiaren ekialdean zituen alderdi jendetsuenak. Biztanleak ibaiaren ingurura eta kostaldeko udalerrietara bilduz joan ziren pixkana, halako moduz, ezen, azterketa honen beste atal batzuetan ere aipatu izan den bezala, XIX. mendearen bigarren erdian Bizkaiko biztanleria bikoiztu egin bazen, industriak dauden aldean laukoiztu egin zen. Hori guztia industrializazioaren eta industrializazioak erakarri zuen immigrazioaren ondorio zen.

Hala ere, biztanleria lurraldean banatzeko moduari dagokionez, XIX. mendearen bigarren erdian, Gipuzkoako lurraldeak ez bezala, Bizkaikoak biztanle dentsitate txikiagoa zuen, eta biztanle banaketa jada desorekatua, halako moduz, ezen biztanle dentsitate handieneko alderdiak Gipuzkoan baino askoz ere sakabanatuago baitzeuden. Dentsitaterik handieneko tokiak hiriburua eta kostaldeko biztanleri guneak ziren, Lekeitio, Mundaka, Ondarroa, Getxo eta abar.

XIX. mendearen bukaeran, industrializazio prozesua bete-betean zegoela, aldaketa handiak izan ziren biztanleriaren banaketan. Izan ere, demografi banaketak polarizazio argia izan zuen: itsasadarra ardaztzat zuen biztanle kontzentrazioa areagotu egin zen, eta kostaldeko zenbait biztanleri gunek biztanleri dentsitate handiak izaten jarraitu zuten, jadanik desorekatua zegoen lurralde eta demografi marko baten barnean, betiere. Kontzentraziorako joera hori indartuz joan zen XX. mendean.

XX. mendearen bigarren erdian, itsasadarraren inguruko polarizazioa zela eta, Bilboko demografi hazkuntza azkartu egin zen, Bizkaiko gainerako lurraldean ez bezala. Baina mendearen azkeneko hamarraldietako joera ikusita, erabateko aldaketa dator, Bilboko aglomerazioak dakarren industri eta giza pilaketak gainezka egin baitu ondoko eskualdeetarantz, hainbesteraino, ezen eskualde horiek Bilbok berak baino hazkuntza handiagoa izaten ari dira. Nolanahi ere, hori guztia ez da aski izan Bizkaian dagoen demografi desorekari aurre egin ahal izateko.

Hala, Bilbo Handiak 1950. urtean biztanleria osoaren %72 hartzen bazuen, 1975ean %79 hartzen zuen, eta 1991n %78. Durangaldea eta Gernika-Bermeo —1975ean eta 1991n Bizkaiko biztanleria osoaren %7 eta %4 baino gehiago hartzen zuten hurrenez hurren— dira demografi orekarako ihesbide bakarrak, Bizkaiko gainerako eskualdeak ezbaitira %3ra ere iristen. Egoera horrek argi eta garbi erakusten du Bizkaiko biztanleriaren banaketan dagoen desorekaren handia.

Gipuzkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenago ere aipatu den bezala, Gipuzkoako demografi eta lurralde ereduak biztanle hazkunde uniformea izatea du ezaugarri nagusia. XX. mendearen bigarren erdia da demografi hazkunde handienekoa. Hain zuzen ere, 1950 eta 1975 bitarteko hogeita bost urtean zehar Gipuzkoako biztanle kopurua bikoiztu egin da ia, 1950. urtean 375.000 biztanle izatetik 1975. urtean 700.000 izatera igaro baita.

Gipuzkoako hiriburua, Bizkaikoa ez bezala, lurraldeko gainerako guztia baino motelago hazten ari da, eta Donostia hiriburuaren biztanle hazkundeak ez du lurraldean desorekarik eragin. Kopuruari dagokionez, hiriburua ez da Gipuzkoako biztanleria osoaren %30 izatera behin ere iritsi, eta horregatik esan daiteke Gipuzkoak demografi hazkunde homogeneoa duela.

Gaur egun, Gipuzkoan, biztanleriaren %25 bizi da 100.000 biztanle baino gehiagoko biztanleri gunetan; Bizkaian, berriz, biztanleria osoaren %4l eta Araban %76 bizi dira tamaina horretako biztanleri guneetan. Gipuzkoako biztanleen %30 10.000 eta 20.000 biztanle bitarteko biztanleri gunetan bizi da; Bizkaian, berriz, %10 eta Araban %0 bizi dira horrelako biztanleri gunetan. Portzentai balio metatuetan Gipuzkoako gizabanakoen %78 baino gehiago 10.000 biztanle baino gutxiagoko biztanleri gunetan bizi da; Bizkaiko lurraldean eta Araban biztanleriaren %16 bizi da neurri horretako biztanleri gunetan.

Euskal Herriko gainerako lurraldeetan bezala, Gipuzkoako biztanleriak ere hiriguneetara biltzeko joera du. Baina Gipuzkoako hiriguneak lurralde osoan zehar daude banatuta: 1950. urtean hirigunetan bizi zen biztanle kopurua lurralde osoko biztanleriaren %56 zen, eta 1991n %78, esan nahi baita, Gipuzkoako gizabanakoen hiru laurdenak baino gehiago hirietan bizi zirela. Hori dela eta, landa ingurunetzat hartzen diren biztanleri guneak, 2.000 biztanle baino gutxiagokoak, multzo osoaren %4,5 baino gutxiago dira, eta 500 biztanle baino gutxiagokoak, berriz, ez dira biztanleria osoaren %1 biltzera iristen.

Horregatik guztiagatik Gipuzkoako lurralde eta demografi ereduak hiri ezaugarriak ditu, eta haren hazkuntza lurralde osoan banatzen da era uniformean.

Nafarroako garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako lurraldeak biztanle hazkunde handia izan zuen 1960tik aurrera, industri hazkundearekin batera hain zuzen ere. 1940-1950 hamarraldira arte oso hazkunde motela izan zuen, Iruñera eta Iruñetik hurbil dauden zenbait biztanleri gunetara -Uharte, Atarrabia- mugatu zena; gainerako guztian biztanle kopuruak behera egin zuen. XX. mendearen bigarren erdian, ordea, demografi hazkunde handia izan zen; orduan, Iruñeak eta Iruñerriak eskaintzen zituzten lan aukerak erakarrita, migrazio mugimendu handiak sortu ziren. Lurraldean hiru eskualde nagusi bereiz daitezke, biztanleri eta industri gune garrantzitsuen arabera: Iruñerria -ardaztzat Iruñea duena-, Erribera -Tutera eta Tafalla-, eta Nafarroako erdialdeko ekialdea.

Geografiaren ikuspegitik aztertuz, Nafarroako lurraldearen bilakaeran eragin handia izan duen gertaera nagusietako bat biztanleria lurraldean oso azkar birbanatzea izan da. Biztanle gehienak Nafarroako hiriburuaren inguruko zabalera mugatuko eremu jakin batzuetan bildu dira.

Gaur egun, Nafarroako biztanleriaren hazkundearen parte handi bat hiriburuari berari zor zaio. Hiriburuak Nafarroako biztanleria osoaren heren bat hartzen du gutxi gorabehera. Proportzio hori askoz txikiagoa zen (ezta %10 ere) XX. mendearen hasieran, baina, pixkana, handituz joan zen, harik eta1960. urte inguruan, industri eta hiri hazkundeak goia jo zutela, Iruñeak sekulako gorakada egin zuen, eta goraka egiten segitu zuen harik eta 1986. urtean ekonomi krisiaren ondorioak antzematen hasi ziren arte. Denbora bitarte horretan jende askok alde egin zuen landa inguruneetatik Nafarroako hiriguneetara: Iruñea, Tutera, Altsasu, Lizarra eta Tafallara. 1981-1986 bitartean, Nafarroak oso demografi hazkunde txikia izan zuen, %1. Landa inguruneetatik hirirako migrazioa ahultzearen arrazoiak bi dira: batetik, lan egiteko aukera gutxiago izatea, bai industrian bai hirugarren sektoreko jardueretan; eta bestetik, landa ingurunetako biztanleri bolumena oso urria izatea.

Gauza jakina da gizataldeen banaketari buruzko aldaketa handi horiek mende honetako bigarren erdian gertatu direla. Nafarroan, beste leku gehienetan bezala, 1960tik aurrera murgildu ziren Iruñea inguruko eremuak eta beste hirigune nagusiak -Tafalla, Lizarra, Tutera- hirigintza prozesuan.

Egia esateko, azpimarragarria da Nafarroan eskualde buru diren hiriek izan duten demografi hazkuntza: Tafallak 7.000 biztanle zituen 1960an eta 10.000 baino gehiago 1990 inguruan; Lizarrak 8.000 biztanle 1960an eta 13.000 1990 aldean. Tuterak 16.000 baino gehiago 1960an eta 26.000tik gora 1990 aldean. Eta, noski, azpimarragarria da Iruñearen demografi hazkuntza ere, Nafarroako hiriburuak ia bikoiztu egin baitu bere biztanle kopurua denbora bitarte horretan: Iruñeak 98.000 biztanle zituen 1960an eta 180.000 baino gehiago 1990ean.

Arestian aipatu den bezala, Nafarroako hiriburuaren aldirietan lotegi bilakatu diren biztanleri guneek, edota industriak eta kalitate handiko zerbitzuak dituztenek ere, biztanle hazkunde handia izan dute. Barañain, adibidez, bizitegi gune bat da, 1950ean 100 biztanle ere ez zituena, eta 1990 inguruan, berriz, 16.000tik gora ere bazituena. Burlatak 2.000 biztanle ere ez zituen 1950ean, eta 1990 inguruan, berriz, 15.000tik gora zituen. Berriozar, Zizur Nagusia eta Antsoain, 300 bat biztanle izatetik 5.000tik gora izatera igaro dira denbora bitarte horretan.

1990 ondoko urteetan, Nafarroako hamar biztanleri gune jendetsuenek biztanleria osoaren %57 hartzen zuten. Biztanleri gune horien ia erdia Iruñeko aglomerazioan dago. Izan ere, Nafarroako hiriburua lurraldeko biztanle kopuru osoaren %10 zen XX. mendearen hasieran, eta %35 1991n.

Ugalde Zaratieguik Iruñerriaz egiten duen azterketan bi biztanleria-gune mota bereizten ditu, Iruñetik hurbilen direnak, besteak baino dinamikoagoak -Barañain, Burlata, Atarrabia, Berriozar, Uharte, Zizur Nagusia eta abar-, eta eremu dinamiko horretaz kanpo direnak. Hirien hazkuntzak eragin zuen hurrupatze efektua dela eta, bigarren eremu hori hustuz joan zen. Ugaldek, bestalde, demografi atzerakuntzaren indarra handiagoa edo txikiagoa izan, bi ezarpen mota bereizten ditu, ondo-ondo zehaztuta ez dauden bi eremutan finkatuta. Eremu txikienak, emigrazioak gutxiago erasan duena, hiri inguruko koroa ukitzen duten eremuak hartzen ditu, eta ziri baten antzera barneratzen da ibarretan zehar eta eremu horretatik igarotzen diren garraiobideetan barrena. Alde horretako biztanleri gune gehienak —handi samarren artekoak ziren 1950ean, soro emankorrak zituzten, eta hiriarekiko komunikazio erraza- 1950ean zuten biztanle kopuruaren erdiari eutsi zioten, eta baita -batzuk, behintzat- bi herenei ere. Hauen artean aipagarriak dira Elortzibarko erdialdeko kontzejuak (Imarkoain, Elortz, Zabalegi), Xulapaingo ibarraren kontzejuak, Ezkabartekoak, Olaibarrekoak, eta abar.

Bigarren eremua, lehenengo hori baino zabalagoa, eta hiritik aldenduagoa, Iruñerriaren periferia menditsuari dagokio ia erabat. Eremu horretan ez da harritzekoa demografi galera jatorrizko biztanleria %50 eta are %60 ere murrizteraino adina izatea. Atzeranzko bilakaera hori izatearen arrazoien artean, hauek aipagarrienak: herrixka txikiak izatea; soroak makina bidez lantzeko eragozpenak; inguru horretara iristea erraza ez izatea.

Lehenago ez bezala, 1970 urtetik aurrera immigrante gehienak hiriko biztanleen artean sortu ziren, eta hazkundearen kausa nagusia Iruñeko metaketaren zabalkundea izan zen. Hori guztia aurreko etapa hain biziaren ondorio logikoa besterik ez zen. Hiri eta herri inguruetan sorturiko guneetako biztanle berriek -landa ingurunetako inmigratzaileen ondorengoez osaturiko senar-emazte gazteak, ikasleak, zerbitzuen alorrean kanpotik lan egitera etorritakoak...- hiria zabaldu den auzoetan etxea erosteko ahalmenik ez, eta leku horietara jo dute, hango etxebizitzak — kalitatez erdi mailakoak hiriaren erdigunekoak baino merkeagoak direlako eta, gainera, Iruñeko aldiri batzuek -industriak eta etxebizitzak elkarren ondoan dituzten horiek- baino ingurugiro kalitate hobea dutelako.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Biztanleria osoa.Herrialdeak (XLSX). Gaindegia, gaindegia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-2-17).
  2. Euskal Herriko adierazle nagusien galeria 2022. Gaindegia (Noiz kontsultatua: 2023-3-21).
  3. a b c Iñaki Petxarroman, «Euskal herritar ez ezik, espainiar edo frantziar ere sentitzen da gehiengoa», Berria, 2014-10-05
  4. Goikoetxea, Garikoitz. «Lau herritarretik bat, kanpoan jaioa» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-08-06).
  5. Euskal Herriak hiru miloiko biztanleen muga gainditu du. Sustatu, 2006-11-10 (Noiz kontsultatua: 2023-2-17).
  6. Biztanleriaren bilakaera herrialdeka, Euskal Herria 1877-2001. Datutalaia / Demografia / Biztanleriaren bilakaera herrialdeka (Noiz kontsultatua: 2023-2-17).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa