Ipar-esteribarrera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Ipar-esteribarrera hegoaldeko goi nafarreraren azpieuskalki bat da. Esteribarko Eugin eta Iragin hiztunak geratzen dira. Hala ere, heldu gehienek ez diete seme-alabei horrela mintzatzen irakatsi.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahoskera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gaur egungo euskalki gehienetan bezala, hatxe letrak antzinako euskarako ahoskera hasperenduna galdua du Esteribarren ere, eta ahoskabea da gaur egun.
  • Gipuzkera ez denez, gainerako euskalki guztietan bezala, euskara batuko ahoskera sabaikaria du oro har jota letrak, eta ez gaztelaniazko ahoskera belarra.
  • Instrumentalari dagokionez, euskara batuko -z atzizkia (eskuz, pilotaz) maiz -s bihurtzen da ipar-esteribarreran (eskus, pillotas). Adibidez: altxaka joanes erdetxi zuen («ezkutuan joanez erdietsi zuen»). Dena dela, eskuz eta halakoak ere aise entzuten dira.

Morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Prolatiborako atzizkia -tako edo -dako da: neretako (niretzat/niretzako), guretako (guretzat/guretzako), haiendako (haientzat/haientzako), eta abar.
  • Adjektiboetatik sorturiko adizlagunetan, -ki atzizkia izan ohi dute: ongi, hobeki, ederki eta abar.
  • Euskalkiaren arabera -st- ala -r(t)z- aukeratzea dakarten hitzetan, bigarrena erabiltzen da ipar-esteribarreran: ber(t)ze, ortzegun, ortzilere, bortz, ertze...
  • Hainbat hiztunek -(r)eki soziatibo erabiltzen dute: zureki, beaiki (behiarekin)...Hala ere, gehienek "-n"dunak darabiltzate.
  • I eta U-ren ondorengo "a" ia beti "e" bihurtzeko joera dago. Adibidez: lurre, eztie, makile, igen (euskara batuan: «igan, igo»), maztekie, gatu'et («katu bat»)...

Hiztegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Nafarroako eta Iparraldeko beste hainbat tokitan bezala, heldu aditzaren forma burutuak erabiltzen dira etorri aditzaren forma trinkoen ordez: e(i)ldu de («heldu da, (ba)dator»), menditik eildu zenai man zi(zki/ti)oten zaku (g)oiek («menditik zetorrenari eman zi(zki)oten zaku horiek»).
  • Ohiko hitzak: erran, erdetxi (erdietsi), iretzarri (iratzarri), altzine (aitzina, aurrera), gi(b)ela (gibelera, atzera), kazkarabarra (kazkabarra), tzitzorra (txingorra), ortots (ostots), goibel (hodei), bere gisen (bere gisan), atzendu (ahaztu), ja ere ez (ezer ere ez), deus (ezer), aunitz (anitz), bat eginik gelditu (zur eta lur geratu), iharduki (hitz egin), atxune (osina), jostatu, gorki edo lazki (oso), arrunt (erabat, oso), paratu (ipini), jarri (eseri)...

Aditzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Etorkizuneko adizkiak eratzeko, forma burutuan -tu hartzen duten aditzetan, -ko atzizkia erabiltzen da, eta aditz ohiari -tiko atzizkia eransten zaio: hartiku du, sortiko du, hoztiko du...
Gainerako aditzetan (Nafarroako eta Iparraldeko beste hainbat euskal hizkeratan bezala) -(r)en atzizkia eransten zaio aditz oinari. Atzizki horren forma, ordea, -in da Esteribarren. Adibidez:
  • Euskara batuan: joanen gara herrira?. Esteribarren: joain gara errire?
  • Euskara batuan: izanen da?. Esteribarren: izein de?
  • Euskara batuan: iganen naiz / igoko naiz. Esteribarren: igein n(e/a)iz.
  • Euskara batuan: emanen didak. Esteribarren: main di(r/d)ek.
  • Euskara batuan: eramanen didate. Esteribarren: emain di(r/d)ete.
Hala ere, berez -in bukaera duten aditz oinetan (jakin, egin), euskara batuko forma bera du etorkizuneko adizkiak Esteribarren ere: jakinen du, (e)inen du.
  • Ahaleran, aditza trinkoa ez bada, tortzen aal naiz («etortzen ahal nintzen, etor nintekeen») eta ez duzie jaten aal («ez duzue jaten ahal, ez dezakezue jan») sailekoak erabiltzen dira. Lehenaldirako, tortzen aal nizen («etortzen ahal nintzen, etor nintekeen») eta torri aal izen nuen/ni(t)zen («etorri ahal izan nuen»).
  • Lehenaldiko aditzaren bukaerako "n"ak batzuek ahoskatzen dituzte eta beste batzuek ez. Hego Esteribarkoa eta hego nafarrerarena da gehiago "n" ez ahoskatzearena.

Izan aditza (ukan)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenaldia Orainaldia
Nik nue(n) / nitue(n) dut/tut
Ik/Jik (j)ue(n) / (j)itue(n) duk/dun / tuk/tun
Har(r)ek zue(n)/zitue(n) du/tu
Guk ginue(n) / g(e)intuen dugu / tugu
Zuk zinue(n) / z(e)intuen duzu / tuzu
Zuek zinute(n) / zintuzten duzie / tuzie
Haiek zute(n) / zuzte(n) dute / tuzte

Jakin aditza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orainaldian, hizlari gehienen ahoan euskara batukoaren berdina da; hala ere, baten bati dakide eta dakine entzuten zaio, edo dait (dakit).

Lehenaldian, berriz, honela (gogoan izan j letrak ahoskera sabaikaria duela, euskara batuan bezalaxe):

Objektu zuzen singularra Objektu zuzen plurala
Nik n(a/e)kie(n) n(a/e)kizkie(n)
Jik (j)(a/e)kie(n) (j)(a/e)kizkie(n)
Arek z(a/e)kie(n) z(a/e)kizkie(n)
Guk ginekie(n) ginekizkie(n)
Zuk zinekie(n) zinekizkie(n)
Zuek zinekite(n) zinekizkite(n)
Aiek z(a/e)kite(n) z(a/e)kizkite(n)

Egon aditza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orainaldian, hizlari gehienen ahoan euskara batukoaren berdina da; hala ere, hiztunen bati zaozte (daude) entzuten zaio.

Lehenaldian, berriz, honela:

Ni nindego(en)
(J)i (j)indego(en)
Bera zago(e)n (edo zego, hegoalderago)
Gu ginaude(n)
Zu zinaude(n)
Zuek zinaudete(n)
Aiek zauden (edo zeude, hegoalderago)

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Orreaga IBARRA MURILLO: Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia, Euskaltzaindia eta Nafarroako Gobernua, 2007.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]