Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Txistu (musika tresna)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Txistu2.jpg

Txistua, tradizioz Fa sostenituan afinatua, hiru zuloko txirularen Euskal Herriko aldaera da, Euskal Herriko musika tresna tradizionaletatik garrantzitsuenetarikoa. Txistu handia Si naturalean afinatua dago eta handiagoa da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soinu-tresna honi buruz dokumentazio ugari dugu. Batzuen ustez, lehen aztarna Nafarroa Behereko Isturitzeko "Laminazilo" leizean agertutako hezurrezko txilibitua da.

Bere jatorria Erdi Aroko eta Pizkundeko koblakaritzan dagoen arren, bere egintzan erabilitako material desberdinez baliatzean eboluzionatu egin du. Erabilitako materialen artean hezurra, egurra, plastikoa, metala edo ABSa daude. Berrikuntzarik handiena metalezko fita gehitzea izan zen.

txistua eta danbolina

Hezurrezkoak, kanaberazkoak eta bertako zurezkoak topatu dira, baina gaur egun egur exotikoagoekin fabrikatzen dira. Jesuiten idatzizko tradizioagatik, XVIII. mendeko laginak ezagutzen ditugu; garai honetan ikus daiteke zuloen arteko distantzia gaur egungoaren desberdina zela.

XVIII. eta XIX. mendeen artean txistua errezitaldietan eransten saiatu ziren, eta XX. mendean errekonozimendu ofiziala lortu zuten haren irakaskuntzak eta praktikak.

1927an lehen txistulari elkartea sortu zen, Arraten (Eibar), ehun musikari baino gehiagorekin. Harrezkero, txistularien jagolea Arrateko Ama Birjina da.

Txelu Etxebarriak, Begoñako txistulariak, metalezko txistua asmatu zuen 1964an.[1]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txistua

Txistua hiru zuloko txirula zuzena da, hiru zuloak alde berean. Zurezkoa da eta tarteka jarritako metalezko eraztun batzuek inguratzen dute, ahokadurara iritsi arte. Txistuaren bukaeran metalezko eraztun berezi bat dago, txirulatik kanpo alderantz, hatz nagia hortik sartuz txistua heltzeko erabiltzen dena. Ahokadura metalezkoa da eta puntan metalezko zirrikitu batetik airea botaz jotzen da.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txistua esku bakarraz jotzen da, ezker eskuaz. Hatz nagia eraztunean sartzen da, txistua eror ez dadin. Beste bi behatzak (hatz luzea eta erakuslea), goiko bi zuloetan joaten dira, behatz lodia, atzeko zuloan eta behatz txikia sostenitu eta bemolak egiteko erabiltzen da txistuaren azpiko zuloan kokatuz. Eskuin eskuarekin, danbolina jotzen da. Gaur egun ez dauka zerikusirik orain 30 urte egindakoekin. Hainbat txistulari ikasik txistuaren soinu-nolakotasunen eta hodi barnean sorturiko uhinen modulazioaren inguruan gauzatutako ikerketa luzeei esker, tutua ehuneko sei batean luzatuz afinazio naturalago bat (fa naturala) lortzen dela jakitea lortu da, orain errazagoa izanik beste orkestra-instrumentu batzuekin obretan gehitzea.

Txistua dantzak laguntzen dituen instrumentua izan ohi da, erromerietan eta gorazarrezko udal-ekitaldietan. Zenbait urtetatik hona instrumentuaren posibilitate itzelak erakusten dituzten kontzertuak ere eman izan dira.

Txistua hiru zulodun txiruletatik eboluzionatuena da.

Txistulariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txistulariak Leioako plazan.

Txistularia bere inguruko gizartearekin erabat lotuta zegoen, baserritarren eta antzinako kultura eta ohitura zaharrak, (kasu batzuetan kristautasun aurreko kultura eta sinesmenak) mantentzen ziren inguru horietan eta bere musikarekin parte hartzen zuen herriko bizitzan; lan, festa, dantza, gizarteko ospakizun eta abarren inguruko ekintzetan. Kostaldeko herrietan baleak agertzen zirenean txistulariak, txistuarekin arrantzaleei abisatzen zien. Oiartzungo herrian, 1749. urtean txistulariek jotzen zuten pilotalekua eraikitzen ari ziren langileak beren eginbeharrean animatzeko. Lekeition, 1573. urtean bederatzi hilabeteko izurritea jasan zuten eta txistulari bat kontratatu zuten bere musikarekin herriaren mina xamurtzeko. Ezteietan, txistulariak ezkonberriei laguntzen zien txistuarekin.

Txistuaren musika belaunaldi askotako euskaldunek entzun dutela. Baina dena ez da beti gozoa izan txistularientzat. Gaur egun Eliza eta erakunde ofizialekin gehienetan harreman onak badituzte ere, historian zehar txistulari hauek marjinazio latza jasan dute. Askotan, hauek ibiltzen baitziren zenbaitantza, ekintzetan buruzagi gisa.

Aitortzean, txistulariaren txistu eta danbolina erre egin behar izan zituztela barkamena lortu ahal izateko. Txistulariak, edo txistulari izandakoak, ezin zuen kargu publikorik izan leku askotan. Jotzeko estilo asko daude eta, joera, errepertorio eta abarren aldetik desberdintasun nabarmena daude.

Txistulari talde nagusia musikagile hauek osatutakoa da: Txistu lehena (normalean zuzendaria), txistu bigarrena, silbotea (txistu handia) eta atabala. Hori da gaur egun herrietan ikusten den talde orokorra. Normalean hiri eta herri bakoitzak bere txistulari taldea izaten du. Txistua, esan dezakegu, berak izan dituen gorabehera eta oztopo guztiei aurre eginda, aurrera atera dela eta aurrera doala inoiz baino indartsuago.

Txistu talde antolamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi alor oso desberdinetan ari daitezke herri musikariak, dantzarako jotzeaz gainera. Batetik, giroketa lanetan, edozein festaren inguruan behar den animazioa edo solemnitatea ematen, gertatzen den ekitaldiari indar musikala ematen edo jendea besterik gabe alaitzen. Eta bestetik, entzuteko modukoetan. Kontzertuetan alegia. Batean zein bestean hainbat bide daude:

  • TXISTULARI BAKARRA.

Txistulari bakar batek modu askotako eskaintzak egin ditzake: alborada edo dantzarako jo, bazkalondoa alaitu, baita pieza entzungarriak eskaini ere. Beste tresna askotan bakardea nabarmenagoa gertatzen da, ez direlako horren eremu musikal zorrotzean ibiltzen eta perkusio faltarengatik. Txistu-danbolinak horixe du: bi tresna batera dira, doinu bizkorra eta erritmoa. Emankizun laburretan, edo beste atal ugari laburrez osatutako ekitaldietan, aukera ona da.

  • HIRUKOTEA

Bi danbolintari eta atabalari bat biltzen dira. Aurrekoaren aukera guztiak mantentzen dituzte eta berriak gaineratu: duoak egin ahal izatea, erritmo aberatsagoak,e.a.

  • TALDE TRADIZIONALA: LAU LAGUN.

Ilustrazioaren garaian, XVIII. mendean, ekarritako berrikuntza nabarmena. Bi txistularien ondoan, atabalaria eta txistu handia jotzen duen musikaria datoz. Bostun bat beherago afinatua, txistu handiak hiru ahotsetako armonia duten obrak jotzeko aukera ematen du. Euskal musikari famatu askok (Guridi, Sorozabal, Ondarra, Zubizarreta, Mokoroa, Bastida, Garbizu,...) laukote berezi honentzako obrak sortu dituzte eta emaitza musikal benetan aberatsa lortu. Txistuak hiru tamaina desberdinekoak ere izan daitezke: txilibitua (txikiena), txistua eta txistu handia.

  • ZEREMONIETAKO TALDEA.

Badago Ilustrazioaren garaietatik datorren beste ohitura: txistu taldeak tronpeta edo klarinekin doinu heraldikoak jotzea udaletxeetako eta diputazioetako zeremonietan. Jenero berezi bat ere badu ohitura honek: Alkate Soinua. Edozein tankerako solemnitateetan laguntza musikal oso ederra gertatzen da txistularien eginkizunaren alderdi hau.

  • GANBERA MUSIKA TALDEA.

Hau noski beste tankera bateko lana da. Hasieran esan bezala, taldeak egitura asko hartzen ditu eta Ganbera Musikan errepertorio eta eskarmentu handia du. Euskal doinuetan oinarrituta euskal musikagileek sortutako obrak batzuetan, beraiek prestatutakoak besteetan, kanpoko musikari ospetsuek antzeko tresnetarako egindakoak (flauta eztirakoak bereziki, txistua bezala mokodun flauta baita), kontzertuak nahi diren modukoak eta egokieratarakoak prestatzen ditu. Arlo honetan gehienetan hamar taldekideak batera aritzen dira.

Txistulari ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Dindirri dantza-taldea Auñamendi entziklopedian.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]