Arabako Mendialdea
Mendialdea | ||
---|---|---|
Euskal Herria | ||
| ||
Muela mendia eta Durruma Kanpezu. | ||
Administrazioa | ||
Herrialdea | Araba | |
Udalerriak | 6 | |
Eskualdeburua | Kanpezu | |
Herri handiena | Kanpezu | |
Izen ofiziala | ||
Presidentea | Eduardo Ruiz de Loizaga Sanz (KAIXO) | |
Geografia | ||
Koordenatuak | 42°42′N 2°30′W / 42.7°N 2.5°W | |
Azalera | 534,87 km² | |
Demografia | ||
Dentsitatea | ERROREA: ezin izan da automatikoki kalkulatu, arazoa konpontzeko egin klik hemen biztanle/km² |
Arabako Mendialdea edo Kanpezuko kuadrilla euskal lurralde hori osatzen duten zazpi kuadrilla edo eskualdeetako bat da. Arabako hego-ekialdean dago, Nafarroarekin muga egiten duen eskualde menditsuan.
Mendebaldean, Trebiñu eta Añanako kuadrilla, ekialdean Lizarraldea, iparraldean Aguraingo kuadrilla eta hegoaldean Arabako Errioxako kuadrilla eskualde mugakideak ditu.
Sei udalerrik osatzen dute eskualdea, eta herriburua Kanpezu da. Gaur egun, 3.000 biztanle inguru ditu.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualde honek 487 km2-ko lur-eremua hartzen du, topografia malkartsu eta zailekoa, inguru honetan: Inglares ibaiko sorlekua; Egako arro garaia; Izkizeko mendiak; Laminoria, Kanpezu, Harana eta Arraiako haranak; eta Entziako partzuergoa. Iparrean, Entziako mendilerroa eta Iturrietako mendiak ditu; mendebaldean, Trebiñu; ekialdean, Lokizeko mendilerroa; eta hegoaldean, Toloño eta Kodesko mendilerroak. Entziako mendilerroak eta Iturrietako mendiek Arabako Lautada, alde batetik, eta Maeztu eta Haraneko lurrak, bestetik, bereizten dituzte.
Egituraren aldetik, Trebiñuraino luzatzen den Urbasako sinklinorio handiaren jarraipen dira, eta iparretik datorren eraginari oztopo bioklimatikoa jartzen diote; horren ondorioz, iparraldeko mendi-hegalek klima atlantikoa duten, eta hegoaldekoak, berriz, askoz ere mediterraneoagoak dira.
Gailurrik garaienak mila metrotik gorakoak dira: Lazkueta 1.124 m, Atxuri 1.106 m eta Santa Elena 1.115 m. Lautada eta hegoaldeko lur garaien arteko lotura egiteko, mendi arteko iraganbideak erabiltzen dira, Andoin, Bikuña eta Opakuakoa besteak beste; haietan daude Arabako garaierarik handieneko herriak {Iturrieta, Erroitegi eta Erroeta). Toloño eta Kodesko mendilerroa jarraitutasun handikoa da, beti ere E-W norabidean, eta 1.300 m-tik gorako gailurrak ditu: Cruz del Castillo 1.458 m, Peña del Leon 1.394 m, Joar 1.414 m; Arabako hirugarren oztopo bioklimatikoa da. Mendi-tarte horietan haran eta ibai-arroak daude; haien artean Maeztuko harana, diapiro-egitura eta morfologia zirkularrekoa, eta Haranekoa dira garrantzizkoenak.
Haran horietatik abiatzen dira Kanpezuko sakanerainoko korridoreak, Izkizeko basoa, eta Bernedotik Urizaharrerainoko korridorea Toloño mendilerroaren oinean. Oztopo geografiko horrek baditu, noski, bere iraganbideak: Kodeskoa eta Ebro ibaiak Conchas de Haron duen irtenbidea dira nagusiak. Iraganbide horien bitartez giro atlantikoa eta Mediterraneoa hegoalderantz sartzen dira, zona horien ezaugarri klimatiko eta biogeografikoak aldatzeraino; eragin horren lekuko da Kanpezu, besteak beste. Eskualde honetako klima iraganbidekoa dela esan daiteke, ozeanikoaren eta mediterraneoaren erdibidekoa. Euriak oso gorabehera handikoak dira leku batzuetatik besteetara: mendia hurbilago, euria ugariago.
Dena dela, urtean batez besteko euria 700 eta 1.500 mm bitartean dago. Tenperaturak urtean batez beste 1l°C-koak dira. Ekialdean, sinklinalaren hegoko alderdiko eranskin gailen txikien gainean, topografia malkartsuko mendi sail eta haran definituak ageri dira (Harana, Antoñana); lurralde horietan, egiturazko antolamendua konplexuagoa da, eta ezaugarri klimatikoak ñabardura handiagoz aztertu behar dira: aldameneko zenbait eskualdetan baino euri gehiago egiten du (Trebiñuko arroa, kasu), garaiera handiagoan baitago. Landaredia ugaria eta askotarikoa da, eta lekuan lekuko ezaugarri topografikoei oso lotua dago: iparrera begira dauden hegaletan, pagoa (Fagus syivatica) eta haritza (Quercus robur) dira nagusi; hegora begira daudenetan, sahatsa, besteak beste. Alderdi horietan, Quercus pyrenaica aipatu behar da; adibidez, Izkizeko mendietan lur-eremu handi samarra hartzen du erkametzak, eta horren kariaz gune natural izendatu dute. Hegoaldeko mendilerroen laiotzetan, hezetasun ugariaren eraginez, pagadiak ageri dira ostera, erkametzak baino garaiera handiagoko lekuetan. Aitzitik, egutera molde mediterraneokoa da, leku garaienetan ezpeleta eta artadia (Quercus ilex rotundifoiia) nagusi baitira, eta beherenetan abaritza (Quercus coccifera) eta erromeroa.
Demografiaren bilakaera biztanle-galtze izugarriak markatu du, XX. mendearen hasieratik gaurdaino: 1900ean 8.042 biztanle zituen, eta 1991n 3.197 besterik ez ziren; murrizketa, beraz, % 60koa da ia. Dentsitatean asko nabarmendu da, noski: XX. mendearen hasieran kilometro koadroko 16,5 biztanleak gaur egun 6,6 besterik ez dira. Biztanleria galtzea 1960 eta 1975 bitartean gertatu zen batez ere, hamabost urte horietan biztanleriaren % 35 galdu baitzen orotara, Gasteiz, Laudio eta Amurrio hazi ziren hein berean.[1]
Nekazaritza garatzea ez da erraz halako topografia malkartsuan; basogintza eta abeltzaintza nagusitzen dira, ondorioz. Abeltzaintza Arraia-Maeztun, Bernedo, Kanpezu eta Urizaharrean biltzen da, eta batez eta ardiak, zerriak eta behiak hazten dira. Industriak ez du ia batere garrantzirik, Maeztuko asfaltoen aspaldiko ustiapena alde barera utzirik. Mendateetan barna abiatzen dira errepideak, Lautadarekin lotzeko (Azazeta, Opakua edo Ulibarri) nahiz Errioxarekin elkartzeko (Bernedo eta Herrera). Errepide autonomikoek (A-126 eta A-132) nahiz eskualdekoek (A-2124 eta A-2128) edo herrietakoek osatzen dute errepide-sarea.
Udalerriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalerri hauek biltzen ditu:
# | Udalerria | ▪︎Herriburua, •Kontzejuak eta •Herriak[2] | Alkatea | Alkatearen alderdi politikoa | Biztanleria (2019) |
Biztanleriaren ehunekoa, Arabako Mendialdeko guztizkoan | Azalera (km²) |
---|---|---|---|---|---|---|---|
1 | Arraia-Maeztu | •Apilaiz •Atauri •Azazeta •Birgaragoien (•Birgarabarren •Birgaragoien) •Erroeta •Erroitegi •Korres •Laminoriako Errege Harana (•Aletxa •Areatza •Elortza •Ibisate •Musitu •Zekuiano) ▪︎Maeztu •Sabando |
Gemma Ramos Fernandez | Euzko Alderdi Jeltzalea | 739 | 22,3 | 123,11 |
2 | Bernedo | •Angostina •Arluzea ▪︎Bernedo •Berrozi •Durruma Kanpezu •Izartza •Kinta •Markiz •Navarrete •Okina •Urarte •Urturi •Villafria |
Javier Moraza Perez | Euzko Alderdi Jeltzalea | 494 | 18,1 | 130,44 |
3 | Harana | ▪︎Alda •Done Bikendi Harana •Kontrasta •Uribarri Harana |
Larraitz Waliño Arana | Euzko Alderdi Jeltzalea | 221 | 9,3 | 39,12 |
4 | Kanpezu | •Antoñana •Bujanda ▪︎Santikurutze Kanpezu •Oteo •Orbiso |
Ibernalo Basterra Txasko | Kaixo | 1.040 | 35,4 | 85,02 |
5 | Lagran | ▪︎Lagran •Pipaon •Villaverde |
Urtzi Gaintzarain Gonzalez de Durana | Euskal Herria Bildu | 157 | 5,6 | 45,62 |
6 | Urizaharra | •Baroja-Zumentu (•Baroja •Zumentu) •Faidu •Lotza •Montoria •Pagoeta ▪︎Urizaharra |
Juan Jose Betolaza Pinedo | Agrupación Municipal Independiente | 261 | 9,3 | 57,06 |
Arabako Mendialdea | 2.912 | 100 | 534,87 |
6 udalerri horiez gainera, bi herri-lur ere barnean hartzen ditu kuadrillak: Urizaharra, Lagran eta Lañuko Komunitatea eta Entzia-Iturrietako Partzuergoa.
Inguru naturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kodesko mendilerroak hego-ekialdean Lizarrerri nafar eskualdetik banatzen du. Arabako Errioxatik, bestela, Toloñoko mendilerroak bereizten du.
Bestela, Izkiko natura-parkea azpimarratzekoa da, Bernedo, Arraia-Maeztu eta Kanpezu udalerrietan banatua.
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baseliza erromaniko hauek daude eskualde honetan: Markinezko San Joan (Bernedo), Uribarri Haraneko Andra Maria eta Kontrastako Elizmendiko Andre Maria (Harana) eta Maeztuko Virgen del Campo (Arraia-Maeztu).
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Bernedo inguruko paisaia, udan
-
Toloñoko mendilerroa Bujandatik, udan
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ "Parentesi luzea nahi du" (Berria, 2021/08/17).
- ↑ «Arabako Toki Erakundeak» Arabako Foru Aldundia (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz)(Ingelesez) Kanpezuko-Arabako Mendialdea kuadrillaren webgunea
- (Gaztelaniaz) Mendialdeko arkitektura erromanikoari buruzko artikulua arteguias.com webgunean