Bigarren Mundu Gerra Euskal Herrian
| Euskal Herriko historia |
| Historiaurrea eta Antzinaroa |
| Erdi Aroa |
| Aro Modernoa |
| Aro Garaikidea |
| Kronologiak |
|---|
Bigarren Mundu Gerrak Euskal Herrian izandako eragina maila ezberdin eta anitzetan aztertu behar da. Alde batetik, Ipar Euskal Herria gudu-zelai bilakatu zen, Hego Euskal Herria ez bezala. Bestalde, euskal herritarrak borrokalari aktibo zein pairatzaile pasibo izan, gudaren bi alderdietan parte hartu zuten. Gudan ziharduten herrialde nagusien armadetan borrokatu ziren (frantziar, estatubatuar, britainiar, espainiar edota sobietar gudaritzat), Espainiatik ihes egindako errefuxiatu gisara, komunismoaren aurkako borrokalari izanik, Nazio Batuen Erakundea sortzeko ahaleginak eginez edo Mauthausen kontzentrazio-esparruko gizagabekeriak pairatuz.[1]
Eduki-taula |
Gerra [aldatu]
Bigarren Mundu Gerra munduko estatu gehienek, tartean potentzia nagusiek, parte hartu zuten gatazka militar globala izan zen.[2] Hauek aliantza militar bitan banatu ziren: aliatuak eta ardatza. Gudan 100 milioi lagun baino gehiagok parte hartu zuenez, historiako gudarik hedatuena bilakatu zen. Guda erregularra ez "erabateko guda" bihurtu zen, parte hartzaileek bere gaitasun ekonomiko, industrial eta zientifiko guztiak gudaren zerbitzura jarri behar izan zituztelarik, gaitasun zibil eta militarraren arteko ezberdintasunak baztertuz. 70 milio lagun baino gehiago hil ziren (gehienak zibilak), historiako gudarik hilgarriena izan zelarik.[3]
Gerra Euskal Herrian [aldatu]
Ipar Euskal Herria [aldatu]
Ipar Euskal Herriaren okupazioa [aldatu]
Ipar Euskal Herriak, Frantziako eskualdea izanda, metropoliak jasandako arazo berak pairatu zituen. Lehenengo Mundu Gerrako garaile izanik, Frantzia Poloniaren segurtasunaren zaindarietako bat zen, eta hori zela eta, Alemaniari guda aitortu zion lehenengotariko herrialdeetako bat izan zen.
Alemaniak erraz menderatu zuen Frantziako armada eta 1940an Frantziako gudua galdu ondoren, gobernuak armistizioa sinatu zuen Hirugarren Reicharekin. Itun horren ondorioz estatua bitan banatu zen: okupatutako aldea eta okupatu gabekoa. Ipar Euskal Herria ere bitan zatitu zen: Alde batetik kostaldetik Donibane Garazira bitarteko eremua okupatutako alde bilakatu zen, eta bestetik, Donibane Garazitik Bearnoko mugaraino okupatu gabeko alde bezala geratu zen. Ekialdea Vichy hiriburutzat zuen alemaniarren estatu-txotxongilo bateko eskualde bihurtu zen.[4] Philippe Pétain mariskalak zuzendutako Vichyko erregimenak Nafarroa Behereko zati bat eta Zuberoa gobernatzen zituenaren itxurak egiten zituen. 1942ko udazkenean gerraren egoera jasanezina zela eta, Hirugarren Reichak Frantzia kontinentala okupatu zuen (tartean Ipar Euskal Herria), armistizioan emandako hitza janez.
Frantziako gudua galdu baino aste batzuk lehenago, gudaren lehendabiziko ondorioak nabari ziren Ipar Euskal Herrian. Ingalaterrara abiatzeko itsasontziak Saint-Nazairen hartu ezin izan zituzten errefuxiatu poloniarrak Donibane Lohizuneko Ondarraitz hondartzan eta kaian bildu ziren. "M/S Batory" eta "M/S Sobieski" itsasontzi poloniarrek itsasoaren egoera txarra zela eta ezin izan zuten badian aingura bota, eta arrantzale donibandarrek beraien itsasontziak erabili zituzten poloniarrak itsasontzietara hurbiltzeko. Ekainaren 20 eta 21 bitarteko gauean eta hurrengo egunean hurrenez hurren, arrantzaleek "M/S Sobieski" eta "M/S Batory" itsasontzietara ehundaka ume, emakume, zibil eta soldadu poloniar eraman zituzten.[5] Eguraldi txarrak Saint-Nazairen ekainaren 17an Luftwaffek "Lancastria" itsasontzi britainiarrari egindako erasoa errepika zedin ekiditea lagundu zuen.
Ipar Euskal Herriko egoera ezohikoa zen oso: bizitza sozialak geldialdia izan zuen (adibidez, Baionako bestak ez ziren ospatu[6]); euskal herritarrek alde bien alde egin zuten (adibidez, Jean Ibarnegarai, Pétainen gobernu bitan parte hartzeaz gainera Erresistentziaren kidea ere bazen[7]).
1940an alemaniarrek Atlantikwall edo Atlantikoko harresia eraiki zuten Mendebaldeko Europa eta Euskal Herriko kostaldean, tartean Biarrizko itsaslabarrean. 1940ko ekainaren 27an, Wehrmachtek Euskal Herriko kostaldea okupatu zuen. Kriegsmarine uztailaren hasieran heldu zen. 1942. urteko bukaerarako, 286. Itsas-Armadaren Artilleria-taldeko komandantea zen Ludwig korbeta-kapitainak, Organisation Todt ingeniarien batera, Talaian BA 39-40 izeneko komandantzia postua eraiki zuen. Iparraldean Mac Croskey jeneralak Saint-Martin itsasargian zegoen BA 34 laguntza postuan, Angeluko Amodio Ganbera hondartza defenditzen zuen. Hegoaldean BA 41 posizioak Lapurdiko kostaldea defenditu behar zuen. Hala ere, lehorreratzea ez zen Euskal Herrian egin Normandian baino.
1944ko martxoaren 17an, aliatuek Biarritz bonbardatu zuten, Parmako aireportua erasotzera zihoazela.[8] Alemaniarrek hegazkin bat bota zuten. Guztira Biarritzen 99 lagun eta Angelun 41 lagun hil ziren aliatuen bonbardaketetan[1]
Euskal herritarren erresistentzia [aldatu]
Frantziako gudua galdu eta armistizio geroko erresistentzia bi frontetan borrokatu zuen:
- Alde batetik, barnealdean Frantziako Erresistentziak Forces Françaises de l'Intérieur izeneko armada osatu zuen, D. E. Eisenhower ustetan 15 dibisioek beste balioa zuena. Hala ere, borroka gerrillaria ahul eta berantiarra izan zen Ipar Euskal Herrian. Okupazioa iraun zuen bitartean, naziek 44 lagun exekutatu zituzten, haietako asko Je suis un terroriste (euskaraz: "terrorista naiz") esaten zuen kartela soinean zeramatela urkatuak. Iheslari gazteek muga zeharkatu ohi zutelako eta errepresalia gehiago sahiesteko makiek ekintza gutxi egin zituen Normandiako Lehorreratzea gertatu zen arte. Lehorreratzearekin batera martxan ipini eta 1944ko abuztuaren 23an Zuberoak bere burua askatu eta gudarostearen 207 alemaniarrak harrapatu zituen. Hurrengo egunean Mauletik irtendako makiek Hendaia eta Baiona askatu zituzten.[1]
- Bestetik, erbestetutako frantziar politikariek Londresen Charles de Gaulle jeneralak zuzendutako Forces Françaises Libres erakundea sortu zuten aliatuekin batera guda jarraitzeko. Euskal herritar askok 1944an 560.000 eta 1945ean 1.300.000 soldadu zituen armada horretan hartu zuten parte, tartean Victor Iturria pilotari famatua. Buruzagi euskotarrak ere bazeuden, adibidez, Rene Cassinek orduko Frantziako Erbeste Gobernuan hartu zuen parte.
Comète Sarea [aldatu]
Eraitsitako hegazkinlariak Frantzia eta Espainiako mugatik pasatzeko Comète Sarea sortu zen.[9] Sareak muga zeharkatzeko mugalarien ezaguerak erabili zuten. Adibidez, Florentino Goikoetxea mugalariak 227 pilotu pasa zituen Bidasoan alde batetik bestera.[10] Horrexegatik, hainbat aldiz saritua izan zen Frantziar eta Britainiar gobernuengandik.
Hego Euskal Herria [aldatu]
1939ko irailean Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Francok irabazi berri zuen Gerra Zibila eta Hego Euskal Herria mendean zuen. Frankistek ofizialki bere burua ez-gerrazale aldarrikatu zuten nahiz eta ideologikoki ardatzaren gertu izan. Hori zela eta, Hego Euskal Herriak ez ezik Espainiak ere ez zuen gerran parte hartu.
Aurrekariak [aldatu]
Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehen, Hego Euskal Herriak Gerra Zibila jasan zuen. Gerra zibila izateaz aparte, Bigarren Mundu Gerraren parte-hartzaileentzat saiakera bat izan zen hastekotan zen borrokarekiko. Hirugarren Reich eta Italiako faxistek matxinoen alde egin eta armak eta gudarosteak bidali zizkieten (Kondor Legioa,[11] Corpo Truppe Volontarie, Aviazione Legionaria...); bestetik Ingalaterra, Frantzia, Belgika edo Estatu Batuetatik milaka bolondresek Errepublikaren aldeko Nazioarteko Brigadak sortu zuten eta SESBek armak bidali zizkion Espainiako Gobernua sostengatzeko.
Mundu Gerran erabiliko zituzten hainbat taktika ere bertan saiatu zuten.[12] Adibide adierazgarriena hirien bonbardaketa masiboa izan zen, Gernikan egin zuten bezala.
Eusko gudariak [aldatu]
Euskal Herriko armadarik ez bazen ere, euskal herritar bakan batzuk —Hego Euskal Herrian bizi zirenak edo erbestean zirenak— gerran hartu zuten parte aliatuen zein ardatzaren alde Gerra Zibilari jarraipena emanez.
- Komunismoaren aurkako ideologiak bultzatuta eta hartutako laguntza bueltatzeko, Francisco Francok Agustín Muñoz Grandesek zuzendutako Dibisio Urdina edo División Azul sortu zuen. 1944ko martxoan atzera eman arte, 45.000 espainiarrek (tartean 1.000 euskal herritar)[1] Ekialdeko Frontean borrokatu ziren (Leningradeko setioan edota Krasny Borko guduan).[13] Gainera, Espainiak 100.000 langile bidali zituen Alemaniara, hango industriaren ekoizpenari eusteko.
- Bestetik, Hego Euskal Herritik ihes egindako eusko abertzale, komunista, sozialista eta anarkistek aliatuen alde borrokatu zuten. Frantziako kontzentrazio-esparruan zeudenek Légion étrangèren sartu eta Forces Françaises Libres edo Frantziako Erresistentzia osatu zituzten.[14][1] SESBera joandako ume askok Armada Gorrian borrokatu zuten Ekialdeko Frontean. Beste batzuk, batez ere anarkistak, alemaniarren preso politikoentzako kontzentrazio esparruan bukatu ziren, gehienetan Mauthausen-Gusenen.[15]
Frantziako hego-mendebaldean aritutako maki asko espainiar errepublikanoak ziren,[16] gehienetan komunistak eta anarkistak. Hego Euskal Herriko gudariek osatutako Gernika izeneko batailoia ere bazen. EAJk bultzatutako batailoi horretako kide izan zen Luis Maria Retolaza.
Forces Françaises Libres erakundeko Raymond Dronnek zuzendutako Bederatzigarren Konpainia Blindatua Paris askean sartzen lehena izan zen.[17] Espainiarrek osatutako konpainiaren tankeek Guipúzcoa edo Guernica izenak bazituzten ere, ez ziren euskal herritarrek gidatuak.[1][18][19]
Kontzentrazio-esparruak [aldatu]
Philippe Pétainek Vichyko erregimena aldarrikatu zuenerako, Gurseko kontzentrazio-esparruan baziren Espainiako Guda Zibiletik ihes egindako 6.500 euskal herritar.[20][21] Euskal herritar asko Compagnies de Travailleurs Etrangers edo Kanpoko Langileen Konpainietan izen ematera behartu zituzten.[22] Hartara, Alemaniara eramanak izatea saihestu zuten askok.[21] Baina beste asko bidaliak izan ziren Europa osoan zehar barreiatutako nazien kontzentrazio-esparruetara, milaka espainiar errepublikano antifaxistekin batera. Euskal herritar gehien hartu zituen eremua Mauthausen-Gusen izan zen, non 10.000 espainiarretik 2.000 baino ez ziren bizirik irten.[23]
Gusen, Mathausen, Dachau edo Melkeko kontzentrazio esparruen zerrendetan 70 hego euskal herritar baino gehiago ageri dira, zerrendetan jaso ez zituztenekin gehiago badira ere. Gehienak bizkaitarrak (Sestao, Barakaldo, Bilbo eta abar), baina beste euskal herrialdeetako herrietakoak ere ((Izaba, Uztarroze eta abar). Naziek atxilotutako euskal herritar haiek Francoren gobernuak aberrigabetzat izendatu zituen, eta herritar haien hilketa bultzatu. Ipar Euskal Herriko 1.500 biztanle inguru Auschwitz edo Buchenwalda eramanak izan ziren. Hantxe hil ziren zortzi zuberotar; eta beste 14, itzuli orduko, esparruetako tratu txarren eta sufrimenduen ondorioz.[1]
Iparreuskalerritarrek ere arazoak izan zituzten. Adibidez, Piarres Lartzabal, Ziburuko Zokoa auzoko apaiza zena, orduko Txekoslovakian eta Polonian izan zuten preso naziek.
Politikarien jarrera eta espioitza [aldatu]
Gerra Zibil galdu zuenetik aurrera, Eusko Jaurlaritza erbesteratuak bi egiteko nagusi izan zituen: milaka errefuxiatu eta atzerriratuei laguntza ematea eta Bigarren Mundu Gerra garaian aliatuei laguntzea, amaitutakoan, Aliatuek Francoren aurka egingo zutelako itxaropenaz. Jaurlaritzak euskal herritarren ahotsa nazioarteko bazter guztietara eraman nahi zuenez, 1945. urtean, San Frantziskon, Nazio Batuak sortzeko lehen Konferentzian esku hartu zuen. Jose Antonio Agirrek nazioartean eta Bigarren Mundu Gerrako aliatuen garaipenean zituen itxaropen guztiak. EAJko kideek OSS eta MI5 zerbitzu sekretuekin lan egin zuten, Hego Euskal Herrian eta kanpoan frankisten ekintzak jagonez.[24][1]
Espainiako Gobernu frankistak Erroma-Berlin-Tokio Ardatzarekin negoziatu zuen gerran sartzeko baina ez zuen akordiorik lortu. Komunikabide falangistek balantza gerraren alde mugitzea saiatu zuten, Espainiarentzat Nafarroa Beherea, Ipar Euskal Herria eta Ipar Kataluniaren jabetza aldarrikatuz.[25][26] Hitler eta Franco 1940ko urriaren 23an Hendaian bildu ziren aliantza bat osatzeko. Baina Francoren baldintzak onartezin bilakatu ziren Hitlerrentzat.[27]
Hego Euskal Herrian nazioarteko espioitza asko hazi zen garai hartan. Donostiako Britainiar Kontsulatuak jendea eta informazioa hartzen zituen Vichyko erregimenetik. Horretarako Canfranceko tren geltokia erabili zuten, Irungo geltokia Frantzia okupatutakoarekin zuelako muga.
Ozeano Bareko Frontean [aldatu]
Euskal herritarrak mendebaldeko frontean ez ezik, Ozeano Barean ere aritu ziren. Agian gerraren pasadizo bitxienetariko bat Frank D. Carranza kapitainak euskal code talkers edo kodigo-esatariak erabiltzearen proposamena izan zen. 1942ko maiatzean euskal jatorria zuten 60 marine estatubatuar bildu zituen San Franciscoko kanpamendu batean.[28][29][1] Hala ere, nagusiak mesfidati ziren: Hiroshiman baziren 35 jesuita, Txinan eta Filipinetan baziren pilotari euskaldunen taldeak, eta Asian baziren Falange Españolako kide euskaldunak. Horregatik, hasieran euskara code talkers saiakeretan eta Hawaiitik Australiaraino informazio logistikoa transmititzeko baino ez zuten erabiltzen.
1942ko abuztuaren 1ean, Nemesio Aguirre, Fernández Bakaicoa eta Juanna tenienteek San Diegotik etorritako euskaraz kodifikatutako mezua jaso zuten Chester Nimitz almiranteari japoniarrek Salomon uharteetatik botatzeko Operation Apple izeneko kanpaina hastear zegoela abisatuz. Abuztuaren 7an, Guadalcanalgo gudua hasteko esaldi klabea ere euskaraz bidali zen. Gerra hedatu ahala, euskal hiztunen kopurua gutxitu eta navajoa erabiltzeari ekin zioten.
Pedro Arrupe zen Hiroshiman (Japonia) zeuden 35 jesuita haietako bat. Hantxe, gerrari bukaera emango zitzaion ekintzaren lekuko izan zen: hiriko bonbardaketa atomikoaren lekuko, alegia.[30]
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ a b c d e f g h i Mikel Rodríguez: Los vascos y la II Guerra Mundial
- ↑ Hartmann, Frederick H. "The relations of nations", 312. orr.
- ↑ Dunnigan, James: "Dirty Little Secrets of World War II: Military Information No One Told You About the Greatest, Most Terrible War in History", William Morrow & Company, 1994. ISBN 0-688-12235-3.
- ↑ Éric Alary "La Ligne de démarcation (1940-1944)", «Que sais-je ?» bilduma, 3045. zbk, 1995, 4. orr.
- ↑ J. K. Sawicki, Podróże polskich statków 1939-1945, Gdynia 1989.
- ↑ fetesdebayonne.com: Historia
- ↑ Robert O. Paxton "La France de Vichy", Paris, Éditions du Seuil.
- ↑ Philippe Salquain "Autrefois Biarritz" Atlantica, Biarritz, 2000, ISBN 2-84394-265-9
- ↑ Juan Carlos Jiménez de Aberasturi: De Bruselas a Londres pasando por Oiartzun y Rentería
- ↑ Argia: Florentino Goikoetxea mugalaria
- ↑ BBC: "The legacy of Guernica"
- ↑ Nazioarteko Epaitegi Militarra: Göringen testigantza, Nuremberg, 1946, IX. Liburukia
- ↑ Dibisio Urdiña
- ↑ 1939-1945: The Spanish Resistance in France
- ↑ Benito Bermejo and Sandra Checa Españoles deportados a los campos nazis (1940-1945)
- ↑ monde-diplomatique « Ces Espagnols qui ont libéré Paris »
- ↑ Orden de la Liberación
- ↑ http://www.lanueve.net/ La Nueve]
- ↑ Españoles combatiendo contra el III Reich
- ↑ Laharie, Claude (1993), "Gurs internment camp, 1939—1945, an ignored aspect of Vichy history". Biarritz: Atlantica. ISBN 2-84127-000-9.
- ↑ a b Crowdy (2007), p. 13
- ↑ Zuccotti, Susan (1999), "The Holocaust, the French, and the Jews" University of Nebraska Press, Lincoln, ISBN 0-8032-9914-1
- ↑ Bowen, Wayne H. (2006), "Spaniards and Nazi Germany: Collaboration in the New Order" University of Missouri Press Columbia ISBN 0-8262-1300-6
- ↑ Antonio Marquina: "El Servicio Secreto Vasco"
- ↑ El País: Serrano Suñer, tragedia personal y fascismo político
- ↑ El País: El último de los de Franco
- ↑ Payne, Stanley G: "Franco and Hitler" Yale University Press, 2008, New Haven ISBN 978-0-300-12282-4
- ↑ «"Egon arretaz egunari"», El País, 2004-08-01.
- ↑ «La orden de desembarco en Guadalcanal se dió en vascuence para que no lo descubrieran los nipones», Diario Vasco, 1952-12-26.
- ↑ Aita Arruperen biografia