Severar leinu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Severar leinua bigarren mendeko bukaeran eta hirugarren mendeko hasieran Erromatar Inperioaren buruan egon zen familia da. Printipatuaren azken leinua izanda, III. mendeko krisialdiari hasiera eman zion.

Severar leinuak boterea hartu zuen gerra zibil baten ostean. Gerra piztu zen Pertinax enperadorea Pretoriar Goardiak hil zuenean. Didio Juliano senatariak titulua erosi zien pretoriarrei, baina probintzietako hainbat jeneral matxinatu ziren horren aurrean. Peszenio Niger eta Klodio Albino jeneralek enperadoretzat jo zuten haien burua gerra zibilean zehar. Alabaina, Septimio Severo, Panoniako armaden burua, atera zen gerra horretatik garaile. Harekin hasi zen Severar leinuko agintaldia 193an.

Septimio Severoren ondorengoak Karakala eta Geta semeak izan ziren. Karakalaren ostean, halere, Makrino Pretoriar Goardiako prefektoak bereganatu zuen boterea. Honela, Severar leinuak agintea galdu zuen.

Nolanahi ere, severar leinuko emakumeen konspirazioei esker, berehala berrekuratu zuten enperadore kargua severarrek. Heliogabalo eta Alexandro Severo ziren leinu horretako hurrengo enperadoreak. Hala ere, Germaniako legioak matxinatu ziren 235ean eta Alexandro Severo zein Julia Mamea ama hil zituzten. Matxinoen buruak, Maximino Trax izeneko legionari batek hartu zuen boterea orduan, eta III. mendeko krisialdia delakoa sortu zen honela.

Leinu honetako enperadoreak

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Severar leinu Aldatu lotura Wikidatan