Gaztelugatxe

Koordenatuak: 43°26′49″N 2°47′06″W / 43.447°N 2.785°W / 43.447; -2.785
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gaztelugatxe

Gaztelugatxe, kostaldetik ikusita
Geografia
KokapenaBizkaiko golkoa
Punturik garaiena79 m
Politika
Herrialdea Euskal Herria
UdalerriaBermeo[1]
Gizartea

Gaztelugatxe Bizkaiko kostaldeko arrokazko uhartetxo bat da, eta hara zubi bat pasatuz iritsi daiteke. Bermeoko lurretan dago,[1] herri horren ipar-mendebaldean; hala ere, hurbilago du Bakioko herria, uhartetik lau kilometro hego-mendebaldera. Uhartetxoaren gorenean dagoen baselizari Gaztelugatxeko Doniene[2] edo San Juan Gaztelugatxekoa[3] deritzo, eta Euskal Herriko interesgune turistiko garrantzitsua da. 231 eskailera igo behar dira baselizaraino heltzeko.

Ohituraren arabera, hara igotzen denak ezkila hiru aldiz jo behar du, eta desio bat eskatu. Horrela, eskailerak igotzen egindako esfortzua ordaintzen da. Aipatzekoa da Oskorri euskal folk talde ospetsuak leku honi buruzko Gaztelugatxe izeneko abesti ederra sortu zuela.

Historia

Gaztelugatxe eta Aketx uharteak, iluntzealdera

Doniene edo San Joan (Donibane bezalaxe, San Joanen euskal izenetariko bat zen Done Ibanetik ei dator Doniene izena) Euskal Herriko santutegi garrantzitsuenetarikoa da. Aspalditik inguruko biztanleen eta arrantzaleen erromesaldien leku izan da. Katolikoek San Joanen jaiotza ekainaren 24ean eta martirioa abuztuaren 29 ospatzen dituzte.

Bizkaiko jaunak, 1053. urtean, Jakatik (Huesca) hurbil dagoen San Juan de la Peña monasterioari eman zion santutegia. XVIII. mendetik aurrera, San Juan de Gaztelugache erdal izenarekin ageri dira dokumentuetan, eta Doniene izen herrikoitzat[2] mantendu zen.

1927. urtean, Bakiok Zubiaur eta San Pelaio auzoak bereganatu zituen Bermeorengandik. Bakiok eskatu zuen muga Gaztelugatxe baino ekialderago jartzea; hala ere, Gaztelugatxeko Donieneko baseliza bermeotarren gurtze handiko lekua izanik eta Bermeotik kanpo jartzeak istilu gogorrak ekar zitzakeela kontuan hartuta, Bermeo izaten jarrai zezala erabaki zen.[4]

Sutea

1978. urteko urriaren 10ean tenpluari sua eman zioten eta sakrilegio-egileek santuaren burua haitzetatik behera bota zuten. Doniene Santutegiko Zaintzaile Taldea sortu zen horren ondorioz, eta bi urte igarota tenplua berreraiki zen. Hegaluze saria jaso zuen talde horrek.

Harrizko eskailera

Igoerako eskailerak, baselizatik ikusita

241 maila ditu ermitara daraman harrizko eskailerak.

Jaiak eta elizkizunak

  • Ekainaren 24a (Donibane eguna). Bermeotik baselizara oinez erromerian joaten ohia da goizaldetik aurrera, batzuk oinutsik promesa moduan. Mezak, goizeko 6:00etatik 13:30 arte; eta arratsaldeko 17:00etan beste bat.
  • Uztailaren 31 (San Ignazio). Arrietatik hango Birjina ekartzen dute mendian zehar, Gaztelugatxen meza egiteko.
  • Abuztuaren 29 (Eneperi). Meza, arratsaldeko 11:00etatik 13:00ak arte.
  • Abenduaren 30. Meza, arratsaldeko 17:00etan

Musika

Sakontzeko, irakurri: «Gaztelugatxe (abestia)»

Argazki bilduma

Bitxikeriak

2009ko urriaren 8an Microsofteko Bing bilatzailearen webguneak Gaztelugatxeren irudi bat izan zuen azal gisa.[5]

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. a b Ikus Bakioren eta Bermeoren arteko muga, Bizkaiko Foru Aldundiaren 2004ko gida kartografikoan.
  2. a b Nahiz eta Bizkaian gaur egun ia desagertuta egon, Doniene izan da San Joan izendatzeko erabili den izena. Horren adibide dugu Gaztelugatxeko baseliza: gaur egun Bakion adineko batzuek besterik ez dute ezagutzen Doniene izena, eta inguru hartako ia euskaldun guztiek San Juan esaten dute, gaztelaniaren eraginez. (Mikel GORROTXATEGI NIETO eta Sofia SUSO OTXOA DE ERIBE: Getxoko leku izenak, Getxoko Udala, 2004. Ikus 113. orrialdea.)
  3. Irune ALLIKA eta Bitor URIARTE: «Gaztelugatxe», Bermeoko toponimia, Bermeoko Udala.
  4. Irune ALLIKA eta Bitor URIARTE: Bermeoko toponimia, Bermeoko Udala, 2007. Ikus 148. eta 149. orrialdeak.
  5. Albistea, euskadi.net webgunean (Gaztelaniaz)


Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gaztelugatxe Aldatu lotura Wikidatan