Arantza
- Artikulu hau Nafarroako herriari buruzkoa da; landareen atal zorrotza gaitzat duena beste hau da: Arantza (botanika)
- Artikulu hau Nafarroako herriari buruzkoa da; emakume-izena gaitzat duena beste hau da: Arantza (izena)
|
Arantza |
|
|---|---|
| Izen ofiziala | Arantza |
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Iruñeko merindadea Bortziriak |
| Alkatea | Jaime Iturria Mitxelena (Bildu) |
| Herritarra | aranaztar |
| Koordenatuak | 43°11′46″N 1°43′33″W / 43.19611°N 1.72583°WKoordenatuak: 43°11′46″N 1°43′33″W / 43.19611°N 1.72583°W |
| Eremua | 31,20 km2 |
| Garaiera | 275 m |
| Distantzia | 66 km Iruñera |
| Posta kodea | 31790 |
| Biztanleria | 645 bizt. (2012) |
| Dentsitatea | 20,67 bizt./km² |
| www.arantza.eu http://www.arantza.eu www.arantza.eu | |
Arantza[1] Nafarroako iparraldean dagoen udalerria da, Bortzirikoa. Nafarroako hiriburutik 66 kilometrora kokatzen da eta 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera 645 biztanle ditu.
Arantza 1995etik Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) partaide da.
Eduki-taula |
Inguru naturala eta kokapena [aldatu]
Arantza Iruñeko merindadeko iparraldeko muturrean kokatzen da. Herrira heltzeko, N-121-A hartu behar da Sunbilla-Berako norabidean, ondoren Berrizaunera heldutakoan NA-4020 errepidea hartu behar da. Arantzak, Lesaka eta Igantzirekin egiten du muga iparraldean, Goizuetarekin mendebaldean, eta Zubieta eta Iturenekin hegoaldean.
Herria Adarra errekaren ertzean kokatzen da eta Ekaitza mendiaren iparraldeko magalean. Udalerriko mendiak honakoak dira, iparraldean Unanua (650 metro) Apaola (681 metro) eta Mendieder (1074 metro) ekialdean Ekaitza mendia (1034 metro) eta Artikutza (1042 metro), hegoaldean Araña (1037 metro), eta mendebaldean Bentzuntza (912 metro) eta Izu (828 metro) mendiak.
Arantzak herrigunea eta lau auzo dauzka, Eguzkialdea, Aientsa, Azkilarrea eta Bordalarrea.
Klima eta landaredia [aldatu]
Arantzako klima ozeaniko hezea da. Euri ugari egiten du urte osoan zehar, 2.000mm inguru Nafarroa iparraldeko herri askotan bezala. Neguak leunak izaten dira, eta udak nahiko epelak, kontraste handiko tenperatura aldaketarik gabe.
Hosto erorkorreko hainbat zuhaitz espezie geratzen dira Arantzako mendietan, haritzak (Quercus robur), udalerriko beheko guneetan, pagoak (Fagus sylvatica), Arantzako gunerik garaienetan, eta gaztainondoak, tarteko eremuetan. Jatorrizko basoez gain, birlandatutako pinuen azalerak ere badu bere garrantzia. Insignis pinua eta Japoniatik ekarritako Alertze pinua Arantzako basoen azaleraren erdia zen XX. mendearen amaieran.
Historia [aldatu]
Arantzan aurkitutako lehen giza aztarnak kristo aurreko 2000. urtekoak dira. Hainbat hilobi eta trikuharri aurkitu dira. Garai hartan bizi ziren ehiztari eta artzain moduan aritzen ziren biztanleen froga. Hildakoen ondoan, objektu ezberdinak lurperatzen zituzten, geziak, eta bestelako apaingarriak. Abelburuentzako larreak sortzeko asmoarekin, zuhaitzak bota zituzten eta artzantza garatu zen.
Arantza, XIII. mendean sortu zuten Nafarroako erregeek. Ibaiaren indarra aprobetxatzeko asmoarekin, burdinola bat eraiki zen, eta herriko etxe zaharrenen izenak, bertatik datoz, Aranibar, Ola eta Ibarrola besteak beste. Burdinolezgain, ikazkintza ere garatu zen. XVII. mendean, amerikatik etorritako hainbat produktuek, herriko nekazaritzako laborantzak aberastu zituzten. Artoaren landaketarekin batera, taloa egiten hasi ziren herriko biztanleek, denbora laburrean gainera, artoa elikaduraren oinarrietako bat bihurtu zen.
Pixkanaka, burdinolek garrantzia galdu, eta desagertuz joan ziren, Euskal Herri osoan gertatu bezala. XIX. mendean herrian hiru errota zeuden, eta mendietatik landutako ikatza inguruko herrietako industrializazioaren hastapenek sorturiko lantegietara eramaten zuten. XX. mendean zentral elektriko eta zerrategiak zabaldu ziren, 1913. urtean "Electra Aranaz" konpainia esaterako. Garapen industrial horri lotuta, biztanleria haziz joan zen, 1950eko hamarkadaren hasierara arte, Arantzak 1.200 biztanle lortuz.
Dena den, XX. menderen bigarren erditik aurrera, joera aldatu eta herriko biztanleek inguruko herri handiagoetara jo zuten lana topatzeko, eta baita ameriketara bertan artzain moduan aritzeko. Gaur egun, herriko iharduera ekonomiko nagusia industria eta zerbitzuak dira, eta arantzatar gehienek, Lesaka eta Berako industrialdetan egiten dute lan. Hortaz, nekazaritzak garrantzia galdu du.
Demografia [aldatu]
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1.077 | 1.130 | 1.147 | 1.162 | 1.205 | 1.181 | 1.209 | 1.101 | 819 | 744 | 722 | 658 | 657 |
2008ko erroldaren arabera, ez da etorkinik bizi Arantzan.
Ondarea [aldatu]
- Andre Mariaren Zeruratze parrokia, estilo ezberdinen nahastea batzen dituen eraikina. Batetik, antzinako eliza gotiko-errenazimendu zaharra, eta bestetik XVIII. mendean buruturiko handitzea. Eliza Baionako elizbarrutiaren menpe egon zen 1567. urtera arte. Eliza gurutze itxurako oinarri tipikoa eta barruan lau erretaula barroko dauzka.
- Aranibar dorretxea: Harlanduz eginiko XV. mendeko eraikina da.
- Apezenea etxea: XVI. mende hasierako harlanduzko fatxadadun etxea da.
- Herriko etxea: XVIII. mendeko eraikina. Fatxadan Bortzirietako armarri zaharra ageri da.
Politika [aldatu]
Alkateak [aldatu]
| 1979-1983 | ||
| 1983-1987 | ||
| 1987-1991 | ||
| 1991-1995 | ||
| 1995-1999 | ||
| 1999-2003 | ||
| 2003-2007 | ||
| 2007-2011 | Ainara Maia Almandotz | Arantza Aitzinera |
| 2011-2015 | Jaime Iturria Mitxelena | Bildu |
Udal hauteskundeak [aldatu]
Arantzako alkatea "Arantza Aitzinera" (AA) herri ekimeneko Ainara Maia Almandotz atera zen 2007ko udal hauteskundeetan. Udaleko zazpi zinegotzietatik lau lortu zituen eta hortaz gehiengo osoa. Baliogabeko botoak 12 izan ziren (emandako guztien %2,40) eta 9 boto zuri izan ziren (botoen %1,84). Abstentzioa %15,80koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Arantza Aitzinera | 276 | 4 |
| EAJ | 204 | 3 |
2011n Bildu izan zen zerrenda bakarra; 330 boto, 7 zinegotziak eta alkatetza (Jaime Iturria) erdietsi zituen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Bildu | 330 | 7 |
Udaletxea [aldatu]
Udaletxea Herriko plazan dago, eta lau solairu dauzka. Beheko solairuan lau arkutan eutsitako ataria dago, eta eraikinaren kanpoaldeko hormak zarpeatuta eta margotuta daude. Udala alkateak eta sei zinegotzik osatzen dute. Arantzako udaleko idazkaria Igantziko idazkari ere bada.
- HELBIDEA: Herriko Plaza 7
Jaiak eta ospakizunak [aldatu]
Arantzako jaiak abuztuaren 15ean ospatzen dira, Ama Birjinetan.
Aranaztar ezagunak [aldatu]
- Antxon Maiz (1951-), pilotaria.
- Donato Larretxea (1960-), aizkolaria.
Erreferentziak [aldatu]
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Arantzako udalaren web gunea.
- (Euskaraz) "Ttipi-ttapa" eskualdeko hedabide euskarazkoa
- (Euskaraz) Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen web gunea
- (Euskaraz) Ihesi: Arantzatik Arantzara Argia.com webguneko artikulua.
- (Gaztelaniaz) Arantzari buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
|
|||||||