Euskal Herriko merkataritza Behe Erdi Aroan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Merkataritza Euskal Herriko ekonomia ekimen garrantzitsuenetako bat izan zen XIV. eta XV. mendeetan; merkataritzaren bidez bere kokagunea -alegia, Pirinioetako ertzaren eta Bizkaiko golkoaren arteko bidegurutzea- baliatzen zuen, eta, era horretan, itsasaldeko elikagai defizit betikoa gutxitzen.

Nolanahi ere, hiru espazio guztiz desberdinak bereiz daitezke jardun honetan.

Hasteko, herri mailako merkataritza bat aipa daiteke, batez ere hiriguneak hornitu, eta haien eskulanak merkatura bidean jartzea helburua zuena. Nolabaiteko garrantzirik zuten hirietan, eskulangile txikien dendetara eta merkatari espezializatuenetara -harategietara, adibidez- biltzen zen, eta orobat eguneroko merkatura. Aitzitik, hiri txikietan, eta eskulangile gutxi zirenetan, garrantzi handia izan ohi zuen asteroko merkatu egunak, eta egun horixe bihurtzen zen herriko merkataritzan ardatz nagusia.

Merkataritza harremanen bigarren barrutia eskualde mailakoa zen, eskualdeko soberakinen esportazioan eta eremu batzuetan falta ziren gaien inportazioan oinarritzen zena. Euskal Herriaren kasuan, horren adibide argiak dira Nafarroako eta Errioxako ardoaren kostaldeko merkaturatzea, eta Añanako Gesaltzako gatzarena; Baionatik eta bizkaitar eta gipuzkoar kostaldetik zetorren arrainaren salmenta barrualdean; edota burdinaren merkaturatzea.

Azkenik, nazioarteko merkataritzan Euskal Herriak izan zuen esku hartzea nabarmendu behar da. Erdi Aroaren erdialdera azokek -merkatari bilkura handien gisakoak ziren, urtean behin edo bitan egiten zirenak-, monopolizatu zuten merkataritza honen parte handi bat. Euskal Herrian berandukoa da azoken fenomenoa -lehen azokak Nafarroan egin ziren, hain justu Lizarran eta Tuteran, 1251tik aurrera, baina kostaldeko probintzietan, Balmasedako eta Urduñako azoka baimenak ez ziren 1288 arte lortu-, eta ez zuten inoiz paper erabakigarririk jokatu euskal lurretako merkataritzan. Hala ere, hori ez zen oztopo gertatu Euskal Herria nazioarteko merkataritzan sar zedin. Izan ere, batez ere XIV. mendetik aurrera, euskaldunek oso pisu handia izan zuten itsas garraio eta merkataritzan, Atlantiko nahiz Mediterraneo aldean.

Hain zuzen ere, nazioarteko merkataritza handiak izan zituen aldaketarik sakonenak XI-XV. mende bitartean, eta horretxen bitartez hiru aldi handi bereiz daitezke, oso argi. Lehenak XI. eta XII. mendeak hartzen ditu; hurrena XIII. mendea da, aldaketa handiak gertatu baitziren mende horretan, euskal merkataritzaren itsasoko zabalkundearen aitzindari izango zirenak, eta merkataritza trafikoa izugarri areagotu zutenak; eta, azkenik, XIV. eta XV. mendeak, zeinetan iritsiko baita gorenera nazioarteko proiekzio hori.

Hainbat ikuspuntutatik azter daitezke aldi horien arteko aldeak: aurrena, XI. eta XII. mendeetan, lehorreko bideetatik egingo da batez ere salgaien trafikoa, eta Behe Erdi Aroan berriz itsas trafikoa izango da nagusi. Bigarren ikuspuntu batetik, garraioaren garestitasuna zela-eta, lehen aldian ohiko ziren salgaiak pisu gutxikoak izatera igaro ziren, txikiak neurriz eta prezioz garestiak.

Alabaina, itsas merkataritza zabaldu zenean, asko merkatu ziren joan-etorriak, eta era horretan neurri handiagoko salgaiak hasi ziren mugitzen, prezioz merkeagoak zirenak eta bezero gehiago zituztenak. Eta, azkenik, Euskal Herriaren kasuan, aldaketa sakon bat gertatuko da salgaien trafikoan.

XI-XII. mendeetan ekialde-mendebal norabideko ardatz batek bideratzen zuen merkataritza, Santiago Bidetik barrena, Gaztelako Meseta eta Europako gainerako lurrak lotuz, Araba eta Nafarroan zehar. Baina XIV. eta XV. mendeetan ipar-hegoalde zen merkataritzaren norabide nagusia, itsasaldea eta barneko lurrak lotzen zituena beraz; kasu horretan, gainera, bikoitza zen ardatza. Lehen ardatzak bizkaitar kostaldea eta Gipuzkoako mendebaleko eremua hartzen zituen, eta, Araban barrena Meseta aldera luzatuz, Burgos zuen gune nagusia. Bigarren ardatza, berriz, Baionatik eta Gipuzkoako ekialdeko kostaldetik abiatzen zen, eta gero, Iruñetik igaro ondoren, Nafarroatik jarraitzen zuen, Ebroko ibarraren aldera.

Merkataritza XI eta XII. mendeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1000. urte inguruan, Astorga eta Bordele lotzen zituen galtzada erromatarra -Antoninoren Bidearen Iter XXXIV delakoa (K. o. III. mendea)- Euskal Herriko komunikazio bide eta merkataritza ardatz nagusi bihurtu zen. Nolanahi ere, aldaketa batzuk egin zitzaizkion jatorrizko ibilbideari, eta Santiago Bide izateko moldatu zen.

Ega ibaiaren gaineko Lizarrako Kartzelako zubia, non lezda ordaintzen zuten.

XI. eta XII. mendeetan barrena hirigune sail bat sortuko da Bidearen inguruetan -Lizarra (1084), Zangoza eta Gares (1122), Iruñeko San Zernin burgua (1129), Elo (1149)-; hirien foru gutunetan gauzatuko da haien merkataritzarako joera, gutunaren arabera libre geratzen baitziren zerga zenbaitetik, hala, trukeen eta salgaien joan-etorrien gaineko lezda edo bidesaritik; joera hori ageri da orobat hiri barnean azokak sortzeko eta arautzeko prestatu ziren arautegietan -San Zerningo foruak (1129), eta Lizarrakoak (1164)?.

Antso Ramirezen erreinaldian (1076- 1094) Iruñeko hirian jasotzen zen muga zergaren bidez XI. mendeko merkataritza harremanak nolakoak ziren jakin dezakegu.

Mota askotako salgaiak izaten ziren: batzuk Iruñeko merkatua hornitzeko ekarriak, hala nola burdina eta burdinazko gauzakiak -arabarrak segur aski-, eta kalitate ertaineko eta apaleko ehunak; beste batzuk, berriz, beste eskualde batzuetara esportatzekoak -azienda eta aziendaren eratorriak, txerrikia esaterako-; eta luxuzko gaiak, hala Bruselako ehunak edota Sortaldeko eskulanak, urrezko diruak, zaldiak, espeziak, eta, oro har, nazioarteko merkataritza handian ohiko ziren salgaiak.

Lehorreko komunikazio bideekin batera, XII. mende erdialdeko hamarraldietan, emaitza gisa kontinentearen Atlantikoko alderdiaren bat-bateko zabaltzea ekarriko duten baldintzak sortuko dira Europa mendebalean.

Baiona izan zen, euskal kostaldean, prozesu horren aitzindari, batez ere 1122tik aurrera, urte hartan zerga salbuespenezko gutun bat eman baitzitzaion; haren bitartez gaboteriako arrantzara eta itsas-merkataritzara bideratzen zen hiriko ekimen ekonomikoa.

Hortik abiatuta, kostaldea baliatzeari eta itsasoa ustiatzeari -arrantza helburuekin, hala, bale harrapatzea- loturiko ekonomia dinamika baten gune nagusi bihurtuko da Baiona, eta Kantauriko kostalde osoan izango du eragina. Lapurdiren eragina inguruko eremuetan nabarmendu zen aurrena, gipuzkoar kostaldean, eta, zehatzago, Kontxako badian; izan ere, bizigune txiki bat sortu zen han, Urgull mendiaren inguruan, XII. mendean, Gaskoiniako etorkinez osatua zati batean.

Bizkaiko golkoan sorturiko ekonomia eta merkataritza aprobetxamendu aukera berriez ohartzeak, eta horrekin batera XII. mendearen erdialdetik aurrera salgaien eskaera motak izandako aldaketek, 1180. urtean Donostiari pribilegioko foru gutun bat ematera bultzatu zuten Antso VI.a Jakintsua.

Donostiako foruaren ataletan antzematen denez, harekin guztiarekin itsasora heltzeko bidea bihurtu nahi zuen Donostia Nafarroako erregeak, donostiar portuan deskargaturiko salgaiei, Iruñerako baldin baziren, salbuespenak eta abantaila fiskalak ematen baitzizkieten.

Horrez gainera, kontuan izanik merkatari trukeetako salgaien, edota haien biltegietan gordetzearen gaineko muga zergak -hostalaje zuen horrek izena-, argi ikusten da, bai Donostiako foruan, bai Lizarrako 1164ko foruan, aldatzen hasi zela salgaien eskaera XII. mendearen erdialdean, eta, horren ondorioz, baita salgaien nolakotasuna ere. Oraingoan kalitate ertaineko salgaiak nagusitzen dira -animalia basatien larruak, lihozko edo artilezko ehunak, era askotako meak-, prezioak neurketa banakoak erabiliz ezartzen zaizkienak gainera, hala adibidez fardelak -troseles-, kintalak, ehunekoak edo dozenak. Horren guztiaren bitartez, agerian geratzen da gora egin zuela trukean erabiltzen ziren salgaien bolumenak, eta gero eta gehiago erabiltzen zirela balio gutxiagoko eta tamaina handiagoko salgaiak, alegia, XI. mendekoak baino pobreago, baina askoz ere ugariago ziren erosleentzat. Merkataritza harremanen eredu berri honek ez zuen ez errentagarritasunik ez bideragarritasunik izango garraiatze kostuak asko jaitsi ez balira, eta horixe lortu zen hain zuzen ere itsas merkataritzaren zabalkundearen bitartez.

Merkataritza XIII. mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. mendean aldaketa asko eta sakonak gertatu ziren penintsulako Erdi Aroko gizartean. Horien artean, faktore erabakigarriak izan ziren, bai hirien hazkundean bai zenbait herritako azoka eta merkatuen ugalketaren atzean, alde batetik biztanleen kopuruaren hazkundea eta, bestetik, nekazarien lanaren bidezko zerga ordaintze antzinakoaren ordez, zerga berriak sortzea, gauzaki nahiz diruzkoak.

Horrekin batera, Errekonkistak izugarrizko aurreramendua egin zuen XIII. mendean; Hegoaldeko Mesetaren gainean gaztelarrek zuten nagusitasuna sendotu zuen horrek, eta, 1224-1264 urte bitartean, Andaluzia Betikoaren okupazioa ahalbidetu. Horrez gainera, aurreramendu horrek berorrek Gibraltarko itsasartearen bidea zabaldu zien kristau herriei, eta era horretan asko erraztu ziren Atlantikoaren eta Mediterraneoaren arteko itsas harremanak.

Gaztelako txurra ardi azienda ere asko hazi zen aipatu berri den hedatzearen ondorioz.

Prozesu hori sendotu egin zen 1273an, azienda jabe handien interesak zaintzeko helburuaz, Mesetako Kontseilua sortu zenean.

Flandriako ehungintza guneen eskaera gero eta handiagoarekin batera gertatu zen Gaztelako ardi aziendaren hazkunde hori; gai mota berriak, arinagoak, eskatzen hasi ziren Flandriatik, kalitatez apalagoak, ile laburragoak eta ez hain sarriak erabil zitzaketenak, eta ezaugarri horiek bete-betean zituen Gaztelako artileak.

1372ko Arroxelako itsas-gudua, non Paduretako Ermandadearen itsasontziek parte hartu zuten.

Europako Atlantiko aldearen zabaltzeari, hazkunde demografikoari eta merkataritza trukeen garapenari, artilearen merkaturatzeko aukera berriak eransten bazaizkie, aise ulertzen da zergatik zuen halako interesa Gaztelako monarkiak Kantauri aldera zabaltzeko bere erreinua; hori dela pribilegiozko foru gutunak bultzatu zituen, bai euskal kostaldeko zenbait biztanleria gunetan -Hondarribia (1203), Getaria eta Mutriku (1209), Bermeo eta Plentzia (1263), Zarautz (1237)-, bai kostaldearen eta penintsularen barnealdearen arteko komunikazio bidean zeuden herriguneetan -Balmaseda (1199), Urduña (1229), Otxandio (1254), Tolosa, Segura eta Ordizia (1256), Arrasate (1260) eta Bergara (1268)-. Horrekin guztiarekin, Euskal Herriaren bitartekaritza papera bultzatu nahi zen hegoaldeko eremu ekoizleen eta Europako iparraldeko eskulangintza guneen artean; prozesu hori gainera sendotu egingo zen 1296an Gaztelako Marismako Hermandadea sortu zenean, Gasteiz tartean zela, euskal eta kantauriar hiriak biltzen baitzituen Gasteizkoak: Santander, Laredo, Castro-Urdiales, Gasteiz, Getaria, Donostia eta Hondarribia. Aldi berean, Bizkaiko jaurerrian Bermeo finkatu zen merkataritza eta arrantza gune nagusi modura.

Bestalde, eta Donostiako gunea 1200. urte bitartean galdu bazen ere, beren erreinuarentzako itsasoko irteera baten bila jarraitu zuten Nafarroako Erresumako agintariek. Dudarik ez da Baiona ez zitzaiela leku ezezaguna gertatzen nafar merkatariei, 1201. urterako Ingalaterrako errege Joan Lurgabeak baionesei nafar merkatariak Baionan har zitzatela agintzeak erakusten duen bezala. Une horretatik aurrera, etengabeak izango ziren nafarren eta baionesen arteko harremanak Erdi Aroan zehar. Horrek ez du esan nahi ordea erabiltzen ez zirenik Gipuzkoako portuak, alderantziz baizik; Antso Azkarrak ezarritako bidesariaren gehikuntza -'mala tolta' deitua- Baztango Maian nola Lekunberrin kobratzeak -alegia, Iruñea Baionarekin eta Donostiarekin lotzen zituen bideetan- hori frogatzen du behintzat.

Itsasoko garraio eta merkataritzako jardunetan, Bizkaiko golkoan, itsasontzi eta itsasgizon baionesak izan ziren aitzindari, eta XIII. menderako gauza izan ziren -Societas Navium Baionensium- bezalako elkarte bat sortzeko. Elkarri laguntzeko eta irabaziak banatzeko elkarte bat zen; garai hartan baiones itsasontziak Bordele aldera jotzen zuten, eta, batez ere, Arroxela aldera.

Han eskualdeko hartako ardo preziatuak hartzen zituzten, Flandriaraino eraman eta han merkaturatzeko.

Bestalde, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostako herriguneak berehala egokitu ziren bitartekaritza jardun horiei, halako eran non 1266-1275. urte bitartean, Hondarribitik eta Donostiatik zetozen itsasontziak sarritan ikus zitezkeen Winchelseako ingeles portuan, eta Londres bihurtu zen negozio gune nagusia Ingalaterran gaztelar merkatarientzat.

Euskal portuetatik abiaturik egiten zen merkataritza trafikoaren egitura antzeman daitezke Donostia, Orio, Segura eta Oiartzungo 1293ko kontuetan, Gaztelako Antso IV.aren garaian. Inportatzen zen gai ia bakarra kalitate ertain eta apaleko oihala zen; horretan paper nagusia izan zuten euskaldunek, nahiz eta ez izan gaztelarren eta Pirinioez bestaldekoenaren bezain garrantzitsua.

Bestalde, euskal merkatarien papera garrantzitsuagoa zen salgaien esportazioan eta, batez ere, burdinarenean.

XIV. eta XV. mendeetako hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erdi Aroko krisialdia Euskal Herrian»

Erdi Aroko azken bi gizaldietan zabaldu eta sendotu zen guztiz euskaldunen jarduna Europako mendebaleko hirugarren sektorean. Gauza bitxia bada ere, nekazaritzaren eta sistema feudalaren krisi sakon baten erdian gertatu zen hedapen hori; horren agerraldi nabarmenenetako bat Izurri Beltza izan zen, Europako kontinente osora zabaldu zena XIV. mendeko erdialdeko urteetan.

Nahasmendu garai horretan, merkataritza izan zen krisiak gutxien eragin zuen sektoreetako bat, krisiaren ondorioak horretan ere antzeman ziren arren. Segurtasunik gabeko egoera hartan arriskuak ugaritzea izan zen burges sektoreen estrategia, eta, hala, ondasun higiezinen, kapitalen mailegu edota zerga alokairuetan egindako inbertsioak areagotu zituzten. XIV. mendeko krisiak ordea beste ondorio garrantzitsu bat ere izan zuen Bizkaiko kostaldean. Izan ere, mendearen aurreneko hamarraldietan foru gutun asko eman zitzaizkien portu berriei: Bilbo (1300), Portugalete (1322), Lekeitio (1325), eta Ondarroa (1327). Beheraldi honek kostaldean izan zuen lehen ondorioa Bermeoren krisia izan zen, pixkana etorri zena, eta Bilbori nagusitasuna eman ziona; hala, XIV. eta XV. mendeetan Bizkaiko kostaldeko merkatari portu nagusia bihurtu zen Bilbo.

Sandwicheko Fisher Gate edo Arrantzaleen Atea, Erdi Aroko udaletxearen aztarna

Krisiaz gainera, euskaldunen itsasoko hedapena baldintzatu zuen beste eragile bat ere izan zen, Ehun Urteko Gerra, ingeles eta frantses monarkien artean. Gaztelaren eta Ingalaterraren arteko politika eta merkataritza harreman baketsuak aldatu egin ziren Gaztelako erregetza Antso IV.aren esku geratu zenean, hark, 1293an, aliantza bat egin baitzuen Frantziarekin. Hala ere, XIV. mendearen lehen erdian, politika neutrala bultzatu zuen Gaztelak, eta euskaldun asko ibili ohi zen Londres, Southampton edo Sandwichen, 1337an gerra hasi zen arte.

Ondorioak era askotakoak izan ziren euskaldunen ekimenarentzat. Alde batetik, merkataritza trafiko normala oztopatua geratu zen, arerioen arteko borrokaldiak, itsasontziak gerrarako erabiltzea, Flandriako egonkortasun falta eta Mantxako itsasarteko piratak zirela eta; horrek denak, itsas aseguruen kontratuak garestitzea eta neurri bereziak hartu beharra ekarri zuen, hala nola baimen bereziak eskatzea, konboi armatuak antolatzea, edota su etenak hitz hartzea, Baionaren -ingelesen mende- eta Gipuzkoako eta Bizkaiko portuen arteko harremanen mesederako. Baina, aldi berean,gerra eta gerraren irtenbidea -ona frantses eta gaztelar armadentzat- aukera bikaina izan ziren lehiakideak -Hansako Ligako itsasontziak, adibidez, Ingalaterraren aliatuak baitziren- Bizkaiko Golkotik kanporatzeko, frantses kostaldean gaztelar koloniak ezartzeko -Arroxelan, Nantesen edo Rouenen-, eta hainbat itun lortzeko, Boulognekoa adibidez (1384-IX-14). Itun horretan ingelesek gaztelarren nagusitasuna ezagutu zuten Bruggeko merkataritza bidean.

XV. mendearen erdialdean, gatazkaren amaierak, Gaztela eta Ingalaterraren interes komun gero eta handiagoekin batera, bi monarkien hurbiltzea ekarri zuen, eta horrek hainbat itunen izenpetzea erraztu zuen -Westminster (1467), edo Londreskoa (1482-III-9), Gipuzkoa eta Ingalaterraren artean-, merkatari loturak estutu zituztenak.

Hori guztia, politikari dagokionez, Medina del Campoko Itunarekin burutu zen (1489- III-27), ingelesen eta gaztelarren arteko aliantza bat, ia mende batez iraungo zuena.

Mende horietan zehar, trukean erabiltzen diren salgaiei dagokienez, arau bertsuak erabiliko ditu Pirinioen bi aldeetako Atlantikoko merkataritzak. Hala, esportatzen diren lehengaien artean -kanpotik ekarrita-, aipagarriak dira ardoa -bai bertakoa, bai Bordeleko eta Arroxelako portuetan ontziratua-, fruitu lehorrak, gatza, eta batez ere ehungintzarako produktuak. Alor horretan, beste ororen gainetik, artilearen esportazioak aipatu behar dira (Gaztelako artilea batez ere, baina baita Nafarroa eta Aragoikoa ere); horiei, bestalde, tindagaiak -brasila, azafraia eta pastela-, olioa eta alunbrea erantsi behar zaizkie. Berezitasun aipagarrienen artean, esan behar da Baiona nabarmentzen zela Lauragaisko (gaurko Languedoceko) pastelaren esportazioagatik, Tolosa eta Biarnotik igaroz, gero Bristola eramaten zutena. Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetatik esportatzen ziren gaietan, berriz, burdina eta burdinaren eratorriak ziren nagusi -ferrak, iltzeak, aingurak, eta abar-, Euskal Herriko burdingintzaren sektore indartsuan eginak.

Atzera Euskal Herrira ekartzen ziren gaietan ehunak, garia, arraina eta era askotako gauzaki landuak nagusitzen ziren, baina aldeak zeuden eskualde batzuetatik besteetara.

Era horretan, Euskal Herriko itsasaldeko herriak hornitzeko laboreak ekartzen ziren, frantses kostaldetik batez ere; Flandriarekin eta Ingalaterrarekin egiten zen trukean oihalak etortzen ziren gehienbat; azkenik, eztainua, beruna, arraina eta aleak oso bigarren mailan geratzen ziren. Bizkaiko golkoan aritzeaz gainera, Andaluziako Atlantiko aldean ere ibiltzen ziren euskaldunak, batez ere Sevillan eta Cádizen; izan ere, Mediterraneoko eta Kanariar uharteetarako itsasketarako pausaleku ziren hiri horiek, eta orobat euskal burdinaren merkatu (Andaluzian, Guadalquivirren ibarreko merkatuak monopolizatu zituen euskal burdinak).

Andaluzian kokatu izanaren ondorioz, eta italiar merkatariekin han lorturiko harremanak zirela-eta, euskaldunak Mediterraneo aldeko portuetara joaten hasi ziren XIV. mendean zehar. XV. mendean euskaldunen lorpenek beste gatazka batekin izan zuten zerikusia, Aragoiko Koroaren eta Genovako Errepublikaren artekoarekin hain zuzen; Mediterraneoko aleen salmenta nork menderatu zen auzia. Etekin handia atera zuten hortik euskaldunek, beren neutraltasuna zela-eta, eta euskal itsasontziak gaboteriako itsasketarako egokiak zirelako; era horretan bi arerioen laguntzaile ibili ahal izan ziren. Mediterraneoan, batez ere garraiatzaile huts izan ziren euskaldunak, tramping itsasketa motan espezializatuak gehienbat, alegia, ibilbide finkorik gabe, eta unean uneko kontratatzailearen beharren arabera.

Egoera jakinak baliatzen jakiteaz aparte, Europako hainbat lekutan beren kolonia eta erakundeak (Gaztelako Kontsulak) sortzea izan zen gaztelar eta euskal merkataritza hazkundearen oinarrietako bat. Gaztelar guztien ordezkaritzaz arduratzen ziren magistratuak ziren kontsul haiek; haien interesak zaindu eta aldeztu behar zituzten Europako hirietako agintarien edo beste merkatarien aurrean, eta gaztelarren artean sorturiko auziei irtenbidea eman.

Erdi Aroko garabi baten erreplika, Brujasen

Lehenengo gaztelar kolonia, eta garrantzitsuena, Bruggekoa izan zen, maila gorena XV. mendean jo zuena. Han ere izan ziren gatazkak ordea, eta 1455ean 'Bizkaiko Nazioa' (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Santander, Asturias, Galizia eta Nafarroako merkatariak eta gaiak biltzen zituen) koloniatik bereizi zen; horrela amaitu ziren burgostarren eta euskaldunen arteko arazoak.

Atlantiko aldeko beste gune garrantzizkoak Anberes (1480), Nantes, Rouen eta Lisboa izan ziren.

Mediterraneoan ere izan ziren gaztelar koloniak eta kontsulak: Bartzelonan, Genovan eta Nizan. Azkeneko honetan, Errege Katolikoen erreinaldian zehar, kontsulak erregearen funtzionario eta ordezkari diplomatiko izateari eman zion lehentasuna, eta bigarren mailan utzi zituen merkataritzari buruzko gorabeherak. Aldaketa horrek ez zien mesede egiten euskal marinelei eta merkatariei, eta hori nolabait konpontzeko, bizkaitarren eta gipuzkoarren kontsul karguak sortu ziren. 1489an, adibidez, Sirakusa hirian, Joan Zarauzkoa izendatu zuten kontsul. 1504an, Valentzian, Euskal Herriko hamar bat patroi antzeko erakunde bat sortzen saiatu ziren Petri Bidaniakoa azkoitiar kontsularekin.

Euskal Herrian behar ziren hornigaiak bertara iristea zen euskal marinelez eta merkatariez osaturiko merkataritza sare horren azken ondorioa. Izan ere, Lapurdi, Bizkaia eta Nafarroako lurrak batez ere, ez baitziren gauza biztanleen elikagai premiak behar bezala asetzeko. Beraz, elikagaiak kanpotik ekarri, eta lur barneko hiribilduetan eta azoketan banatu behar ziren.

Hornigaiak eskuratu ahal izateko, monopolio eta babes politika bultzatu zuten hiriek. Monopolio politikaren helburua beharrezko hornigaiak nola edo hala biltzea zen -indarra erabiliz, behar izanez gero-. Garraiorako bide finkoak ipini ziren eta hirietan sartzen ziren mandozainak elikagaiak ematera behartu ziren horretarako; Bilbo eta Tolosako hiriak nabarmendu ziren gehienbat politika horretan. Tolosa, adibidez, Gipuzkoako kostaldearen eta Nafarroako erreinuaren arteko merkataritza bideak monopolizatzen saiatu zen. Protekzionismoaren helburuak, berriz, kontsumoa erraztea eta hirian ekoiztutako guztia saltzea ziren, eta kanpoko konkurrentzia baztertzea aldi berean. Hornidura segurtatu ondoren, kontsumitzailea defendatzea zen kontzejuko agintarien ardura nagusia. Horretarako, ordenantzak argitaratzen ziren espekulazio asmoko handizkako salmenta debekatuz, birsalmenta mugatuz eta oinarrizko elikagaien prezioak kontrolatuz. Aldi berean, iruzurrari aurre egiteko neurriak hartzen ziren, bai merkaturaturiko gaien kalitateari bai erabilitako pisu eta neurriei zegozkienak.

Bukatzeko esan beharra dago, Erdi Aroan pisu handia izan zuela merkataritzaren sektoreak Euskal Herriko ekonomian, batez ere itsasaldean, biztanleriaren parte handi bati bizigaia eskaini ahal izan baitzion.

XVI. mendean sartzeak ez zien aldaketa handirik ekarriko ez euskal jendeari ez euskal merkataritzari, eta oraindik ere sortu ziren alde horretatik garrantzizko erakundeak, Bilboko Kontsulatua (1511) esate baterako. Aldi berean ordea, 1571tik aurrera, behera egingo du pixkana-pixkana euskal merkataritzak, Europako Atlantikoko politika aldaketen eta merkataritza bide berrien ondorioz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]