Honorio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Honorio brontzezko txanpon batean.

Honorio, latinez Flavius Honorius (384ko irailaren 9a - 423ko abuztuaren 15a) 395etik hil zen arte mendebaldeko erromatar enperadorea izan zen. Teodosioren seme gazteena zen, eta, hortaz, Arkadio ekialdeko enperadorearen anaia ere bazen.

Honoriok augusto titulua 393an jaso zuen. Enperadore 10 urte zituela bihurtu zen, aita 395eko urtarrilean hil baitzen. Agintaldiaren lehenengo erdian Estiliko vandaloaren menpean egon zen Honorio.

Hasiera batean, Milanen kokatu zuen hiriburua Honoriok. Hala ere, 402an, visigodoek Italia eraso zutenean, Ravennara mugitu zuen hiriburua, padurek babesten zutelako. Hiriburua ongi babestuta egon arren, Italiako gainerakoa ia-ia armadarik gabe geratu zen. Honela, Alariko visigodoen erregeak Erroma arpilatu ahal izan zuen 410eko abuztuaren 24an.

Izan ere, Estiliko 408ko udan hilarazi zuen Honoriok. Jeneral indartsurik gabe, orduko barbaroez betetako armada erromatarra menderagaitza zen, eta zaila zuen Honoriok Alarikori aurre egitea. Gainera, kristauak baino ez zituen postu altuenetara igotzen.

Defentsa sistema kaxkar horrek ez zuen visigodoek Erroma setiatu zezaten galarazi. Goseteak bultzatuta, hiriko ateak zabaldu ziren, eta erasotzaileek sartu baino ez zuten egin behar. Erroma ez zegoen kanpoko indarren menpean 7 mende lehenagoko Galiako zeltek eraso zutenetik. Visigodoen garaipenak oso eragin sakona eta azkarra izan zuen Inperio osoan zehar. San Agustinek, horren harian, Jainkoaren Hiria idatzi zuen.

410ean ere Honoriok Britania bere kasa defendatzen utzi zuen, hango ofizialek laguntza eskatu ondoren. Izan ere, Italia gorde ezinik, Honoriok ez zituen urruneko probintziak defenditzerik.


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Honorio Aldatu lotura Wikidatan