Martziano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Martzianoren irudia duen solido bizantziarra

Flavius Marcianus Augustus edo Martziano (390 urte ingurua - 457. urteko urtarrilaren 27) Ekialdeko Inperio Erromatarreko agintaria 450. urtetik karguan 457. urteko urtarrilak 27an hil zen arte. Bizantziar Inperioko agintaria izan zela kontsidera liteke ez bata oso argia Ekialdeko Inperioaren eta Bizantziar Inperioaren arteko muga. Inperioaren berrantolaketa ekonomikoa burutu zuen eta bere agintean zehar boteretsuagoa bihurtu zen. Martzianoren kanpo politika isolazionista izan zen etengabe erasoak jasaten zituen Mendebaldeko Inperio Erromatarrari laguntzarik eskaini ez ziolarik (besteak beste Atilak italia inbaditu eta Bandaloek 455. urtean Erroma sakeatu zuten).

Agintari izan aurretik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marziano Trazia edo Ilirian jaio zen 390 urte inguruan. Gaztetan ejertzito inperialean sartu eta soldadu izan zen. Aspar buruzagi alanoaren eta honen seme Ardaburioren agindupean 19 urte egon zen pertsiar eta bandaloen kontrako kanpainetan parte hartu zuelarik. 431. urtean bandaloek bataila batean preso egin zuten Hippo Regiusetik gertu (gaur egungo Annaban); Genseriko errege bandaloak alde egiten utzi zion bandaloak sekula erasoko ez zituela zin egin ostean.

Aspar eta Ardaburiok botere handia zuten Konstantinopoliseko gortean eta hauei esker errege-guardiako kapitain izendatu zuten. Gortean zela geroz eta kargu garrantzitsuagoak lortu zituen, lehenik tribuno izendatu zuten eta azkenean senatari bihurtu zen. Teodosio II.a (garaiko agintaria) 450. urtean hil zenean honen arreba Pulkeriak jaso zuen agintea. Berriro ere Aspar eta Ardaburioren laguntzarekin Pulkeriak bere senar hartzea lortu zuen agintaritza lortu zuelarik. Pulkeriak Marzianori bien artean sekula semerik izango ez zutela zin egitera behartu zuen elkarrekin sexutan sekula jostatuko ez zirela alegia. Horrela bada lortu zuen Martzianok agintea, bostgarren mende erdialdeko Ekialdeko Inperioa hunoen sarraskiek ondatua eta diruz eskas zebilen arazo horiek gainditzea izanen zen Martzianoren betebeharra.

Agintea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hunoak eta lehen erabakiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atila eta Leon I.a Aita Santuaren arteko bilera Raffaeloren margolan batean

Marzianoren lehen erabakietako bat hunoei Ekialdeko Inperioak ordaintzen zien dirusaria bertan behera uztea izan zen. Teodosio II.aren agintean dirusari honen truke Atilak Ekialdeko Inperioa erasoko ez zuela zin egin zuen. Erabaki arriskutsua zen hunoek ordura arte izandako etsai guztiak garaitu zituzten eta deuseztaezinak ziruditen. Hala ere Konstantinopolis ondo defenditu ezkero hiri guztiz segurua zen eta azkenean dirusaria ukatu zioten arren Atilak Mendebaldeko Inperioaren erasoarekin jarraitu zuen Marzianok diru asko aurreztu ahal izan zuelarik. 451. urtean hunoek Galia eraso zuten eta 452. urtean Italia. Hunoek Mendebaldeko Inperioarekin amaitu ez bazuten ere Ekialdeko Inperioaren laguntza jasotzea ekidin zuten.

Inperioak diru galera ugari zituen: ustelkeria, antolaketa kaxkarra... Marzianok egoera hau konpondu nahi izan zuen. Inperioaren ekonomia berrantolatu zuen eta ustelkeria murriztu zuen. Erasoak jaso eta biztanleak galdu zituzten lurraldeetara kolonoak bidali zituen. 452. urtean pertsiarren erasoei aurre egin zien Egipton eta Sirian bai eta Armeniako mugan izandako matxinada zapuztu 456. urtean.

Fitxategi:Column of Marcianus in Istanbul (Constantinople) Turkey.jpg
Martzianoren zutabea, oraindik zutik dirau gaur egungo Istanbulgo Faith auzoan, antzinako harresien barnean

Kaltzedoniako Kontzilioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marzianoren agintaldian izan zen garaiko kontzilio erlijiosorik garrantzitsuena, Leon I.a aitasantuak deituriko Kalzedoniako Kontzilioa (IV. Kontzilio Ekumeniko izenez ere ezaguna). Bilkura teologiko hontan Kristoren izate eta izakeraren inguruan ziren eztabaidak argitu nahi ziren. Eskola teologiko ezberdinek kristauen profetak izaera jainkotiarra edo gizazkoa zuela defendatzen zuten, ortodoxiak ordea kristok bi izakerak bat egiten zituela zioen. Azkenean ortodoxoek euren ikuspegia inposatu zuten eta handik aurrera kristok izaera bakar baina aldi berean bikoitza zuela ametitzen ez zutenak herejeak izango ziren doktrina monofisistaren jarraitzaileak. Monofisismoa heretiko deklaratzeak ondorio latzak izango zituen Ekialdeko Inperioan Egipto eta Sirian monofisistak indartsuak baitziren eta ez zuten sekula ortodoxoen aurrean amore emango. Marzianoren ondorengo agintariek buruauste ugari izango zituzten monofisisten alde eta aurka azaltzerakoan sekula bi doktrinen (ortodoxiaren eta monofisismoaren) arteko bakea lortu gabe.

Kanpo politika: Isolazionismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aipatu bezala Martzianoren kanpo politikaren leloa isolazionismoa izan zen, ez zuen Mendebaldeko Inperioa lagundu hunoen erasoa jasotakoan (ziurrenik hunoek ekialdea ere eraso ez zezaten) eta Genserikori preso egondakoan zin egin bezala ez zituen Bandaloak eraso ezta hauek 455. urtean Erroma sakeatu zutenean. Isolazionismoaren jatorri arrazoi ugari izan liteke: alde batetik Ekialdeko Inperioaren krisi ekonomikoa, aurreko agintariek inperioaren dirua xahutu zuten, bestetik atzerriko kanpaina militarretan porrot bat izan ezkero inperioak jasan zezakeen ahultasuna. Aurreko arrazoiez gain Aspar ere artean zebilen bere influentziaren bidez barbaroak lagun zitzakeelarik..[1]

Bandaloak Erromako kaleetan, Genseriko zaldi gainean da; Karl Briulloven margolana

Mendebaldeko Inperioa garaitu ostean Ekialdeko Inperioa bihurtu zen hunoen helburu, Martzianoren zorionerako hala ere Atila handik gutxira hil zen eta bere oinordekoek ezin izan zituzten konkistatzaileak baturiko lurraldeak kontrolatu, hunoak asko ahuldu ziren eta ez ziren handik aurrera hain arriskutsu izango. Kondaira baten arabera, Atila hil baino egun batzuk lehenago, Martzianok izandako amets batean etsaia arkua erabiltzen ari zela eskuetan hautsi zitzaiola ikusi zuen, handik gutxira iritsi zen gortera haren heriotzaren berria.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martziano 457. urtean hil zen gaixotasunak jota, zenbait iturrien arabera pelegrinazio batean egindako zauri batek harturiko gangrenak jota hil zen. Mendebaldeko Inperioa estuen zenean lagundu ez bazuen ere Ekialdeko Inperioko lehen agintarien artean hoberenetakoa dugu, kudeatzaile zuhurra eta inperioaren ekonomiaren birmoldatzailea.

Martziano eta bere emazte Pulkeria eliza ortodoxoaren saindu dira Martzianoren eguna otsailaren 17a delarik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Babcock, Michael A., The Night Attila Died: Solving the Murder of Attila the Hun, Berkley Books, 2005.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Martziano


Aurrekoa
Teodosio II.a
Ekialdeko Inperio Erromatarreko agintaria eta Bizantziar agintaria
450 -457
Ondorengoa
Leon I.a