Dezio

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 02:29, 16 apirila 2015

Dezio, latinez Gaius Messius Quintus Trajanus Decius, (201 - 251ko uztailaren 1) erromatar enperadorea izan zen 249tik hil zen arte. Hondarreko urtean Herenio Etruskorekin batera gobernatu zuen Inperioa.

245ean, Filipo Arabiarrak Danubioko mugaz arduratzeko agindu zion Deziori. 248an Mesia eta Panonia probintzietan sortutako matxinada bertan behera uzteko agindua jaso zuen Deziok. Legioek, halere, enperadore titulua hartzera behartu zuten. Filipo Arabiarrarekiko leialtasuna baieztatu bazuen ere, Enperadoreak haren kontra egin zuen. Deziok Verona hiriaren ondoan garaitu zuen.

Agintean, Deziok godoen aurka egin zuen gogor. Godoek Danubio ibaia zeharkatu zuten, Mesia eta Trazia probintziak arpilatzera. Honela, godoak lehenengo aldiz agertu ziren Erromako historian. Ez zen azkena izanen.

Deziok egindako txanpona, garaipenak ospatzeko asmotan.

Hasiera batean, erromatarrek Kniva, godoen erregea, garaitu zuten, Nikopolis hiriari setioa jartzen ari zitzaiola. Godoak Balkanetara joan ziren ihesean. Baina erromatarrak ezustekoan harrapatu zituzten laster bueltatzerakoan. Erromatarren akanpalekua hartu eta legioak sakabanatu zituzten. Enperadore batek barbaroengandik ihes egiten zuen lehen aldia zen. Godoek orduan gaur egungo Plovdiv hartu zuten. Hiriko gobernariak, Priskok, godoen babespeko enperadorea izendatu zuen bere burua.

Setioak godoen tropak nekatu eta gutxitu zituen. Hori zela eta, hartutako ondare eta preso guztiak itzultzeko prest agertu ziren, baldin eta haren herrira bueltatzen uzten bazuten.

Deziok, godoak inguratuta zituelakoan, eskaintza horri muzin egin zion. Etsipenak ematen duen indarraz baliatuta, godoek su eta gar borrokatu zuten 251ko uztailaren batean, Abritum hiritik hurbil. Jordanesen arabera, Dezioren semea, Herenio Etrusko, batailaren hastapenean hil zen. Deziok, hala ere, soldaduei adierazi zien: "Oraindik ez da doluaren garaia. Soldadu baten heriotza ez da Errepublikarako inolako galerarik." Nolanahi ere, Dezioren armada suntsiturik suertatu zen batailan, eta Dezio bera hil zen. Barbaroek hil zuten lehenengo enperadorea izan zen.


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dezio Aldatu lotura Wikidatan