Goierri

Koordenatuak: 43°00′N 2°12′W / 43°N 2.2°W / 43; -2.2
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Gipuzkoako eskualdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Goierri (argipena)».
Goierri
 Euskal Herria

Goierri armarria

Administrazioa
Herrialdea Gipuzkoa
UdalerriakAltzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Urretxu, Segura, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarraga.
Herri handienaBeasain
Geografia
Koordenatuak43°00′N 2°12′W / 43°N 2.2°W / 43; -2.2
Azalera424,5 km²
Demografia
Biztanleria69.628 (2018: Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea Espresio akatsa: Ez dago operadorerik -(r)entzat)
Dentsitatea164,02 biztanle/km²


Goierri Gipuzkoa hego-ekialdean kokaturik dagoen eskualdea da, ia 70.000 biztanle dituena. Beasain, Ordizia eta Lazkao dira herri nagusiak, biztanleriari dagokionez, 5.000 biztanletik gora. XX. mendearen azkenalderaino, gaur egun administratiboki Urola Garaia den eskualdea ere Goierrikoa zen; eta gaur egun ere hala da, neurri handi batean, kulturaren aldetik, nahiz eta geografikoki beste arro hidrologiko batekoa izan, Urola ibaikoa, alegia. Gainerakoan, Oria ibaiaren haranekoa da Goierri.

Geografia

Inguru naturala

Txindoki edo Larrunarri mendia Zaldibiatik ikusita: Goierrin kokatzen ez bada ere (Amezketa, Tolosaldea), Goierriko toki askotatik ikus daiteke bere piramide itxurako gailur nabarmena.

Eskualde honen zatirik handiena Bizkaiko antiklinorioko ekialdeko ertzean txertatzen da, E-W norabide orokorreko tolesdura antiklinalen lerro batez osaturik. Harriak batez ere kareharri jurasiko eta urgoniarrak dira, oso sakoneraino karst bihurtuak. Horixe da hain zuzen Aralarko mendien formazioa (Txindoki edo Larrunarri, 1.341 m; Irumugarrieta, 1.427 m; Artubi, 1.265 m), baita Altzaniarena edo Aizkorrirena ere (1.544 m). Eskualdearen hegoaldea guztiz betetzen duen mendilerro horrek Kantauri eta Mediterraneo itsasoen arteko ur isurialdeen banakuntza egiten du, Urola eta Oria ibaien buru. Isurialdearen iparraldeko mendietan lur azala leunagoa da (Arrolamendi 910 m; Itzaspi 973 m; Murumendi 868 m), kare harrien ordez nagusi dira hareharriak, buztinak eia konglomeratu albense-zenomanenseak.

Garaienak gehienetan kare harriak dira, era haitz bigunagoek berriz sakonuneak eratzen dituzte. Eskualdearen iparraldea Bizkaiko sinklinorioaren barruan sartzen da; nagusi da bertan flysch erako formazioa, tarteka sumendi harriak ere ikus daitezkeen arren. Urola eta Oria ibaiek jasotzen dituzte eskualdeko urak. Urola ibaia Aizkorriko mendietan sortzen da, Arbelaitzen (1.513 m) inguruan; Legazpi, Urretxu eta Zumarraga zeharkatu ondoren, irten egiten da eskualde honetatik. Oria ibaia, berriz, Otsaurte aldean sortzen da, eta eskualdeko lurretan barrena Itsasondoraino doa; bidean, Mutiloa, Eztanda, Santa Luzia, Arriaran (urtegia dauka), Urtsuaran, Agauntza (Lareoko urtegia dauka) eta Zaldibia erreken urak biltzen ditu. Aizkorripean sortzen da Oria ibaia, Latsaon eta Otsaurte erreken bilgunean. Urtsuaran errekaren ura hartzen du Zegama eta Segurako udalerrietatik igaro eta gero, eta Eztanda errekaren eta Ataun-Lazkao herriak zeharkatzen dituen Agauntza ibaiaren ura bildu ondoren zeharkatzen du Beasain, Goierriko hiri handiena. Iparralderanzko norabidea hartu ondoren, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta igaro eta Tolosaldean barneratzen da. Aipaturiko ibaiadar guztiak eskuinaldetik biltzen ditu Oria ibaiak; ezkerraldekoak, Murumendiko mendialdean sortzen direnak, txikiak eta ur emari gutxikoak dira (Arriaran, Marriaras).

Goierriko landaredia batez ere larreek eta pagadiek osatzen dute ur isurialdea erabakitzen duten mendietan; Aralar, Altzania, Urkilla eta Aizkorri; 600 metroz behera, ordea, hariztiak daude pinu sailekin barera; behe lurretan, pinudiak eta belardiak dira nagusi.

Interesekoak dira: hegoaldean, Aralar eta Aizkorri-Aloña-Leintzeko Gune Natural Babestuak; iparraldean, Murumendiko Gune Naturala.

Klima

Gipuzkoa osoan bezala, Goierriko klima ozeanikoa da, epela eta hezea, neguak kostaldean baino hotzagoak diren arren (18 batez beste udan eta 7 neguan). Eskualde euritsua da: 2.000 mm urtean batez beste mendialdeetan eta 1.500 mm behe eremuetan.

Mugakideak

Iparraldean Urola Garaia eta Urola Erdiako eskualdeak ditu mugakide; ipar-ekialdean, Tolosaldea; mendebaldean, Deba Goiena; hegoaldean Asparrenako udalerria (Araba), Goierrirekin Altzaniako mendilerroak banatzen duena eta hego-ekialdean Sakanako eskualdea (Nafarroa).

Udalerriak eta demografia

Hemezortzi udalerrik osatzen dute eskualdea, Beasain delarik populatuena eta Altzaga biztanle gutxien dituena. Eskualdean biltzen da Gipuzkoako biztanleen % 10 gutxi gorabehera. Urola Garaian ere beste horrenbeste gertatzen da: Zumarraga eta Urretxu (6.134 biztanle) ia elkartu direlarik, halako konurbazio txiki bat sortu dute; esan daiteke eskualdeko bigarren burua dela hori, eta bere eraginpean bizi direla Legazpi (9.723 biztanle), Gabiria (431) eta Ezkio-Itsaso (520). Baserri giroko azken bi herri horiek ere eskualdeko buruaren eragina jasotzen dute. Legazpi, Zegama eta Idiazabalgo herrien hegoaldean Araba eta Gipuzkoako Partzuergoa dago (Urbiako ordokia eta Ataungo ekialdean dagoen Enirio-Aralar hartzen ditu), Goierriko biztanleria oso bizkor hazi zen 1950etik 1960ra bitarteko hamarkadan, baina 1970etik aurrera hazkundea oso moteldu zen ((20.000 biztanle 1900. urtean; 26.196 biztanle 1930ean; 35.958 biztanle 1960an; 42.970 biztanle 1986an).

Legazpi, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Lazkao eta Olaberriako herriak hazi dira gehien, eskualdeko gainerako herrietako biztanleei eta kanpoko etorkinei esker. 1981ean egindako erroldan biztanleriak beheranzko joera hartu zuela ikusten zen, eta handik aurrera joera bizkortu egin dela esan daiteke. Deba Beherekoekin batera biztanleak galtzen ari dira Goierriko herri guztiak; hala ikusten da bereziki 1985etik 1991ra bitartean egindako azterketan.

# Udalerria Alkatea Alderdi politikoa Biztanleria % Biztanleak Eremua km²
1 Beasain Aitor Aldasoro Iturbe EAJ 13.510 19,7 30,02
2 Zumarraga Mikel Serrano Aperribay PSE-EE 10.053 14,6 19,42
3 Ordizia Jose Migel Santamaria EAJ 9.758 14,2 5,65
4 Legazpi Koldobike Olabide Huelga EAJ 8.709 12,7 41,84
5 Urretxu Jon Luki Albisua EAJ 6.812 9,9 16,88
6 Lazkao Felix Urkola Iriarte EAJ 5.285 7,7 11,37
7 Idiazabal Ioritz Imaz Baztarrika Izal Bai (Indep.) 2.212 3,2 29,47
8 Ataun Asier Rodriguez Etxeberria Euskal Herria Bildu 1.654 2,4 58,73
9 Zaldibia Joxe Antonio Etxabe Nazabal Euskal Herria Bildu 1.504 2,2 16,43
10 Legorreta Zelai Amenabarri Goikoetxea Euskal Herria Bildu 1.495 2,2 8,62
11 Zegama Joseba Izagirre Arozena Zegama Lantzen (Indep.) 1.454 2,1 35,07
12 Segura Eñaut Telleria Urkia Euskal Herria Bildu 1.377 2,0 9,22
13 Ormaiztegi Jon Enrique Galartza Ormaiztegi Batzen (Indep.) 1.308 1,9 6,77
14 Olaberria Jokin Garmendia Asurabarrena Olaberriarekin eta Olaberritarrak (Indep.) 967 1,4 6,92
15 Itsasondo Axier Garro Sodupe Euskal Herria Bildu 631 0,9 8,94
16 Ezkio-Itsaso Garikoitz Aiesta Etxaniz Ezkio-Itsaso Herrikideak (Indep.) 578 0,8 21,22
17 Gabiria Iñaki Etxezarreta Egiguren Gabiria Hautesle Elkarte (Indep.) 448 0,7 14,88
18 Zerain Arantxa Ruiz de Larrinaga Euskal Herria Bildu 244 0,4 10,37
19 Mutiloa Iñaki Ugalde Alustiza Mutiloako Herri Kandidatura (Indep.) 235 0,3 8,61
20 Arama Asier Mujika Otegi Aramako Herri Batzarra (Indep.) 188 0,3 1,33
21 Altzaga Eluska Ibarguren Miguel Altzagako Artea Taldea (Indep.) 157 0,2 2,53
22 Gaintza Gaizka Olaetxea Balerdi Gaintzako Herria (Indep.) 132 0,2 5,96
23 (*) Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra 0 0,0 24,07
24 (*) Gipuzkoako Partzuergoa 0 0,0 4,76
25 (*) Enirio-Aralarko Mankomunitatea 0 0,0 34,04
Goierri 68.711 100 433,12

23.a, 24.a eta 25.a ez dira udalerriak, partzuergoak baizik, hau da, inongo udalerriren barnean ez dauden mendi komunalak.

Ekonomia

Goierriko ekonomia industriaren gainean dago antolatua; sektore horretan 11.000 pertsona dabil lanean (langile guztien %51). Beasain, Ordizia, Lazkao eta Olaberria dira industria herri nagusiak eta altzairugintza, tren-makineria, papergintza eta industria kimikoa jarduera nagusiak.

Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) da eskualdeko enpresa handiena, eta zatirik handiena Beasainen du, nahiz eta Lazkaoko eta Ordiziako lurrak ere hartzen dituen, hiru herriek bat egiten duten tokian baitago kokatuta. Orobat, nabarmentzekoa da Irizar autobus fabrika, egoitza Ormaiztegin duena.

Langile gehienak metalgintzarekin lotutako jardueretan ari dira, nagusiena Arcelor Mittal (garai batean Aristrain) izanik, Olaberrian. Lantegi handi horietako batzuk herri barrenean daude. Jakina, lantegi nagusi horien inguruan enpresa txikiagoak sortu dira, metalaren transformazio lanetan espezializatuak: Indar eta Fundiciones del Estanda, Beasainen; Ampo, Idiazabalen; Jaso garabiak Itsasondon; ULMA eta Ezarri Lazkaon. Lehen sektorean 2.500 bat baserri edo nekazari ustialeku daude, guztira 36.000 ha lantzen dituztenak; horietatik herena belardiak dira, eta erdiaz goiti basogintzarako erabiltzen dira. Abeltzaintzan, 10.000 behi eta 30.000 ardi inguru dira. Aipatzekoa da Ordizian astero egin ohi den azoka.

Industriak, XX. mendean, lantegi jakin eta handi batzuei lotua egon da gehienetan, horietako lantegi asko eta horien itzalpean sorturiko industria laguntzailea altzairugintzari emana zegoenez, 1980ko hamarkadako krisiak eragin zuzena izan zuen hainbat herriren egoeran. Hala eta guztiz ere, industria askotarikoa du Goierrik, eta areago azken urteotan, jarduera berri ugari sortu baita gainera. Garai batean langabeziak jotako eskualdea izan arren, 2000. urteko laugarren hiru hilekoan batez besteko langabezia tasa ez zen % 9ra heltzen. Horretaz gain, turismo berdeari eta ingurumenaren ustiapenari lotutako ekimen ugari abiarazi dira, tradizionalki nekazariak ziren herriak biziberritzeko edota, zenbait kasutan, jarduera industrialek utzitako hutsuneak betetzeko.

Azkenik, aipatzekoa da abeltzaintza eta artzaintzarekin oso lotuta dagoen Idiazabal gaztaren inguruko ekonomia jarduera, 1987tik jatorrizko deitura duena.

Kultura

Euskara

Datu orokorrak

1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen erdia baino gehiago euskalduna zen: 37.589 euskaldun zeuden eskualdean, 8.845 ia-euskaldun eta 16.936 erdaldun. Herri guztietan dira gehiago euskaldunak euskara hitz egiteko gai ez zirenak baino, baina herri industrial jendetsuenetan, belaunaldi gazteak neurri handi batean euskaldundu diren arren, handia da erdaldunen kopurua. Herririk txikienetan, berriz, euskaldunak dira nagusi.

Euskalkia

Sakontzeko, irakurri: «Goierriko hizkera»

Tradizioz, Goierri oso ingurune euskalduna izan da, azken mendean hizkuntzaren erabilerak beherantz egin badu ere. Bertako hizkera erdialdeko euskara edo gipuzkeraren aldaera bat da.

Irakaskuntza

D eredua da nagusi eskualdeak dituen lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, eta Ordizian kokaturiko Goierri lanbide eskola pribatuan[1][2] (unibertsitaterik ez dago Goierrin). Sare publikoko ikastetxe ugariez gainera, sare pribatuko hiru ikastola ditugu, Beasainen (Andramendi), Lazkaon (San Benito) eta Ordizian (Jakintza). Halaber, Kilometroak lehenengo jaia Gipuzkoa osoan antolatutakoa Beasainen burutu zuten 1977an. Atzetik 1993koa Ordizian, 2001ekoa berriro Beasainen eta 2003koa Lazkaon etorri ziren.

Azkenik, Maizpide euskaltegia erreferentziazkoa da Euskal Herria osoan. Lazkaon kokatutakoa, barnetegirik ezagunenetarikoa antolatzen dute.

Gainerako kultura arloak

Bestela, Ordizian bertso-eskola bat ere badago. Eta bertsolaritza arloan nabarmendu behar da Lazkao Txiki klasikoa, eta garaikideen artean Aitor Sarriegi eta Amaia Agirre ditugu. Literaturan, Tere Irastortza eta Xabier Mendiguren Elizegi idazleak ere aipatu behar ditugu gaur egunekoen artean.

Halaber, Lazkaoko Beneditarren Fundazioan dokumentu askotako bilduma jasota dago, bereziki 1970eko hamarkadatik aurrerakoak, hizkuntzarekin oso lotutakoak gehien-gehienak.

Garraioa

Eskualdeko ardatz nagusia Madrildik Irunainoko N-1 enepidea da; gaur egun karril bikoitzekoa da norabide bakoitzean, eta Nafarroa nahiz Araba aldera (Etzegarateko gaina, 658 m) lotzeko bidea da, Artsuaranen barrena. Beasaindik GI-120 errepidea abiatzen da, Nafarroarekiko lotura egiteko (Lizarrustiko gaina, 822 m), Zumarraga eta Deba Garaiarekiko lotuta (Deskargako gaina, 587 m) GI-632 errepidearen bitartez egiten da.

Zumarragatik Urola-Kostaldera jotzeko GI- 631 errepidea erabil daiteke, eta Legazpi eta Deba Garaira jotzeko (Udanako gaina, 617 m), berriz, GI-2630 errepidea,Trenbideak ere garrantzi handia izan du eskualdearen bizitza era egitura sendotzeko.

Oriako haranetik sartzen da Gipuzkoara trenbidea, Urolan barrena Urretxu eta Zumarragara heltzen da, eta handik ostera Oria aldera jotzen du, Irungo bidean Beasain eta Ordizia zeharkatuz. Abiadura handiko trenak Goierri E-W norabidean zeharkatuko du, gutxi gora-behera gaur egungo bidean Urretxuraino; handik Antzuola eta Elorriora joko du, Gasteizetik eta Bilbotik datozen adarrekin elkar lotzeko. Ezkio-Itsason bazterbide bat egiteko asmoa dago.

Hedabideak

Eskualde senidetuak

Goierritarrak

Ezizenak

Modu herrikoian, udalerri bakoitzeko jendeak ezizena badauka, hurrengo zerrendan aipatzen den moduan:

  • Idiazabaldarrak: "Axeriak".
  • Altzagarrak: "Zakurrak".
  • Zaldibiarrak: "Arkakusoak".
  • Zegamarrak: "Beleak".
  • Lazkaotarrak: "Antzarak".
  • Ataundarrak: "Otsoak".
  • Gaintzarrak: "Zapoak".
  • Mutiloarrak: "Txerrigorriak".
  • Zeraindarrak: "Xaguak".
  • Beasaindarrak: "Bareak".
  • Ordiziarrak: "Azak".
  • Segurarrak: "Zopajaleak".
  • Ormaiztegiarrak: "Harrikalariak".

Herritar ospetsuak

Hona hemen hainbat goierritar ospetsuren izen-abizenak, jaioturtea, heriotza urtea eta ospetsu egin duen jarduera (jaiotegunaren arabera ordenatu ditugu):

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Goierri Aldatu lotura Wikidatan