Euskal Herriko egunkariak: berrikuspenen arteko aldeak
Ikusgelako bideoa gehitzea. |
|||
1. lerroa: | 1. lerroa: | ||
{{erreferentzia falta | data = 2016ko ekaina}} |
{{erreferentzia falta | data = 2016ko ekaina}} |
||
[[Fitxategi:Ikusgela-Euskarazko_prentsa.webm|start=0|thumbtime=49|thumb|{{ikusgela}}[[Euskal prentsa|Euskarazko prentsaren]] ibilbidea aztertzen duen bideoa.]] |
|||
'''Euskal Herriko egunkariak''' [[Euskal Herria]]n [[XIX. mendea]]z geroztik argitaratu dira, gehienetan [[erdal|erdaraz]]. Euskal lurraldean, [[egunkari]]ak Frantzia eta Espainiako estatu nazionalen sorrerari eta liberalismoari hertsiki lotuta agertzen dira. Hala ere, kontrako ideologia kontserbadoreko eta beste batzuetako joerek bere egin zuten komunikazio modu hori eta, XX. mendean, egunkariak nabarmen hedatu ziren. Argitalpen hauek ez ziren beti egunero argitaratzen, bereziki XIX. mendean, eta batzuetan astekari edo aldizkari izatera pasa ziren, eta alderantziz, egunero argitaratzera pasa{{#tag:ref|Artikulu honen jatorrian ''Euskal Herria entziklopedia enblematikoa''n argitaratutako ''Prentsa, irratia eta telebista'' lanaren atal bat dago. Creative Commons lizentziapean argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak.<ref name="prentsa">[[Fitxategi:Licencia.png|30px]] {{erreferentzia|izenburua=Egunkariak|izena=Joan|abizena=Agirre Sorondo|lana=Prentsa, irratia eta telebista|argitaletxea=Entziklopedia Enblematikoa|urtea=2003}}</ref>|group=oh}}. |
'''Euskal Herriko egunkariak''' [[Euskal Herria]]n [[XIX. mendea]]z geroztik argitaratu dira, gehienetan [[erdal|erdaraz]]. Euskal lurraldean, [[egunkari]]ak Frantzia eta Espainiako estatu nazionalen sorrerari eta liberalismoari hertsiki lotuta agertzen dira. Hala ere, kontrako ideologia kontserbadoreko eta beste batzuetako joerek bere egin zuten komunikazio modu hori eta, XX. mendean, egunkariak nabarmen hedatu ziren. Argitalpen hauek ez ziren beti egunero argitaratzen, bereziki XIX. mendean, eta batzuetan astekari edo aldizkari izatera pasa ziren, eta alderantziz, egunero argitaratzera pasa{{#tag:ref|Artikulu honen jatorrian ''Euskal Herria entziklopedia enblematikoa''n argitaratutako ''Prentsa, irratia eta telebista'' lanaren atal bat dago. Creative Commons lizentziapean argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak.<ref name="prentsa">[[Fitxategi:Licencia.png|30px]] {{erreferentzia|izenburua=Egunkariak|izena=Joan|abizena=Agirre Sorondo|lana=Prentsa, irratia eta telebista|argitaletxea=Entziklopedia Enblematikoa|urtea=2003}}</ref>|group=oh}}. |
||
649. lerroa: | 649. lerroa: | ||
Zinemari buruzko zenbait liburu eta sei nobela argitaratu ditu, eta filmetako gidoigilea da. Hain zuzen ere, 1988ko ''La mujer del prójimo'' filmarekin Colón de Oro saria irabazi zuen Huelvako Zinemaldian. |
Zinemari buruzko zenbait liburu eta sei nobela argitaratu ditu, eta filmetako gidoigilea da. Hain zuzen ere, 1988ko ''La mujer del prójimo'' filmarekin Colón de Oro saria irabazi zuen Huelvako Zinemaldian. |
||
== Oharrak == |
== Oharrak == |
||
{{erreferentzia zerrenda|taldea=oh}} |
{{erreferentzia zerrenda|taldea=oh}} |
08:16, 17 iraila 2024ko berrikusketa
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Euskal Herriko egunkariak Euskal Herrian XIX. mendeaz geroztik argitaratu dira, gehienetan erdaraz. Euskal lurraldean, egunkariak Frantzia eta Espainiako estatu nazionalen sorrerari eta liberalismoari hertsiki lotuta agertzen dira. Hala ere, kontrako ideologia kontserbadoreko eta beste batzuetako joerek bere egin zuten komunikazio modu hori eta, XX. mendean, egunkariak nabarmen hedatu ziren. Argitalpen hauek ez ziren beti egunero argitaratzen, bereziki XIX. mendean, eta batzuetan astekari edo aldizkari izatera pasa ziren, eta alderantziz, egunero argitaratzera pasa[oh 1].
Euskarazko eguneroko argitalpen baten lehen ahalegina Espainiako Gerra Zibilaren erdia egin zen Bizkaian: Eguna, 1937ko urtarriletik ekainera. 80ko hamarkadan heldu zen euskarazko egunkaria sortzeko bigarren uhina, bi egitasmotan banatuta eta astean behin bakarrik argitaratuz: Hemen eta Eguna, Egin eta Deia egunkariek argitaratuta hurrenez hurren (1986). Handik gutxira heldu zen benetako euskarazko lehen egunkaria: Euskaldunon Egunkaria, 1990ko abenduan agertua. Oinarririk gabe baina Auzitegi Nazionalak aginduta Guardia Zibilak hura itxi zuen, eta ia berehala Berria sortu zen, gaurdaino.
Euskal Herriko egunkarien ezaugarri nagusietako bat lurraldetasunaren falta izan da, gehienetan probintziaka argitaratu baitira, hiriburu batean oinarrituta, Ipar Euskal Herrian izan ezik: egunkarien egoitza nagusia Ipar Euskal Herriz kanpora izan da. 1976tik aurrera, Hego Euskal Herri osoko erdarazko egunkari bi argitaratzen hasi ziren: Egin eta Deia, lehena 1998ko uztailean oinarririk gabe baina Auzitegi Nazionalaren aginduz itxia. Lehenaren oinarri soziologikoaren adierazpide gisa Gara sortu zen, gerora Naiz deitua. Egin teorian elebidun izanagatik, gaztelaniaz idazten zen gehienean. Euskal Herriko prentsak, oro har, digitalizazioaren erronkari aurre egin behar izan dio XXI. mende hasieran, paperezko edizioaren gainbeherarekin, eta edizio digitalek indarra hartu dute.
XIX. mendea
Euskal Herriko prentsaren hastapenak
Egunkariak eta prentsa idatzia batez ere Ilustrazioarekin batera hedatu ziren Europan, XVIII. mendean zehar[2]. Aurreko mendeetan ezohiko gertakariei buruzko kronikak eta idatziak argitaratu baziren ere, eta aldizka gaurkotasun-argitalpenak, Euskal Herrian ezagutzen den lehen prentsa idatzia Pedro Ugarte inprimatzaile donostiarraren Noticias verdaderas del Norte[1] eta Noticias Principales y Verdaderas[3] izeneko argitalpenak izan ziren. Gutxienez 1687an hasita eta 1704an amaituta, bi kazetak tartekatzen ziren, aste batean bat, bestean bestea[3]. Bi egunkari hauetako albiste gehienak, oraindik kazetaritza generoak garatu gabe zeuden horretan, nazioarteko albisteak eta aipamenak ziren[3]. Mende amaieran Valentin Foronda ilustratua saiatu zen Gasteizen egunkari bat sortzen, arrakasta handirik gabe[3]. 1757an Baionan Journal Maritime de Bayonne argitaratzen hasi zen Jean Fauvet editorea, Baionako portuari lotutako kortsario ontzien berriak zabaltzen zituena[4].
Hala ere, orokorrean onartuta dago Hego Euskal Herrian kazetaritzaren generoa Napoleondar Gerran zehar, Bizkaiko, Nafarroa Garaiko eta Gasteizko gobernadoreek ateratako aldizkari ofizial (gacetas oficiales) haiekin hasi zela, Baionako Duhart-Fauvet (lehen aipatutako Jean Fauveten ondorengoak[3]) inprimatua[5]. Aldizkari horiek, eduki politiko eta informatiboak zituztenak, aldizkakotasun finkoa zuten, baina iraupen ezberdina 1808 eta 1813 bitartean. Frantsesek Hego Euskal Herritik alde egitean, 1813aren amaiera eta 1814aren hasierako tartean sortu ziren guztiz bertakoak ziren lehen aldizkariak[2].
Gipuzkoan, Bizente Lardizabal doktoreak Periódico de San Sebastián y Pasajes argitaratu zuen, baina behin baino ez zen inprimatu[3], eta Papeleta de Oyarzun eta Papeleta de Irún ere argitara eman ziren. Araban, aitzindaria El correo de Vitoria izan zen, eta Bizkaian, berriz, kazetaritza bilbotarraren sorrera astean bi aldiz argitaratzen zen El Bascongado foruzaleak markaturikoa. Nafarroan beranduago sartu zen informazioaren ofizio berria, nahiz eta 1762an erresuma zaharrean Iruñea eta Madrilen jada El Duende especulativo sobre la vida civil argitaratu zen[6]. 1810ean sorturiko napoleondarrak argitara emandako Gazeta Oficial de la Navarra delakoareen 37 aleen ondoren, hamarkada bat beranduago El Patriota del Pirineo eta El Imparcial liberal argitalpenak atera ziren, Hirurteko Konstituzionaleko gobernuaren alde eginez[2].
Absolutista eta liberalak
Cadizko Gorteetatik (1810) Fernando VII.a Espainiakoaren heriotza (1833) zela baliabide, liberalen eta absolutisten artean, erregimen konstituzionalistaren ideia ilustratuen eta Erregimen Zaharraren defentsaren arteko borroka gogorra bizitu zen. Gatazka hori prentsan islatu zen, Cádizko Konstituzioak ezarritako prentsa askatasunari esker. Hirietan, merkataritza librearen aldeko burgesia berri baten gotorlekuetan, egunkari garrantzitsuak argitaratu ziren, adibidez, El Liberal Guipuzcoano[2]. Aipatu egunkariak Espainiako Erresuma osoan zehar zituen harpidedunak, eta frantsesez argitalpen bat ere egiten zuen; “garai hartan, Espainian zen kazetaritza enpresa garrantzitsuenetako bat” zen, Javier Díaz Noci irakaslearen esanetan[7]. Izan ere, El Liberal Guipuzcoan Espainian inprimatutako egunkarien artean, Hego Amerikan gehien zabaldutakoa zen[8] El Patriota del Pirineo Espainiako 1812ko Konstituzioa berrezartzea aldarrikatzen zuen egunkaria izan zen, 1820 inguruan sortua[9][oh 2].
Bien bitartean, absolutisten alorretik agintean zegoen liberalismoaren aurkako altxamendua bultzatu zen, 1823an, La Verdad contra el error y desengaño de incautos medio argitaratuz, lehenengo Iratiko oihanean eta, ondoren, Garesen[10][11]. Horixe zen erregezale talde nafar batek ia klandestinitate baldintzetan sustaturikoa, prentsa antiliberalaren aurrekari bitxia da. Lehen Gerra Karlista hasita, 1833ko udazkenean, nagusi zen estatu karlistak, prentsaren ahalmen eragileaz ohartuta, zenbait egunkari iragankor argitaratu zituen: Boletín del Ejército –hasieran Frantziatik eta gerora Nafarroatik banatzen zen–, Gaceta Oficial –Tolosan inprimatua–, Gaceta de Oñate, eta Boletín de Navarra y Provincias Vascongadas, hurrenez hurren[2].
Horien erantzun moduan, alderdi liberalak Estatuaren propaganda ahalmena (Aldizkari Ofizialak) baliatu zuen, eta hainbat ekimen pribaturen laguntza ezin eskertukoa izan zuen horretarako, hala nola Donostiako Correo del Norte edo El Bilbaíno egunkariena[2].
Alderdi ideologiko eta materialak
Lehen Karlistaldiari amaiera eman zion 1839ko abuztuko Bergarako Itunak Hego Euskal Herriko foruak nabarmen murriztu zituen. Auzi horri dagokionez, Hego Euskal Herriko liberalismoa moderatuen eta progresisten artean zatitu zen: lehenek erregimen tradizionala defendatzen zuten, eta bigarrenek, aldiz, konstituzioaren ondoriozko berdintasuna.
Hego Euskal Herrian 1840eko eta 1850eko hamarkadetan sortu ziren aldizkari eta egunkarien norabidea foruen gaineko jarrerak markatu zuen. Garaiko prentsa helduago eta iraunkorragoa zen, aurreko gerran ikusitako panfleto tankerako gehiegikeriarik gabea, eta editore eta langileen jarduera bateratuari esker mantentzen zen; nahiz eta, aldi hartan, egunkariak zuzendariak berak pertsonalki idazten zituen, gehienez ere erredaktore laguntzaile batekin.
Eredu horri lotu zitzaion El Observador Navarro, 1842koa, eta haren segidako La Opinión Nacional, biak ere foruzaleak ziren, Bilboko El Vascongado delakoarekin. Azken hori Bizkaiko prentsaren historian abizen sonatuko Delmas familiarena zen.
Lehen karlistaldiaren ondorengo urteetan Hego Euskal Herriko prentsa asko hazi zen, bai egunkari kopuruari bai horien hedapenari dagokienez. Hazkunde horretan zerikusi handia izan zuen papera merkatzeak, paper jarraituko lehen fabrikak ezartzearen ondorioz. Izan ere, egunkariak inprimatzeko paper jarraituak erabiltzeak harizkoa ordezkatu zuen.
Bestalde, egunkariak gero eta maiztasun handiagoz ateratzen ziren. Irungo El Faro de los Pirineos 1841ean jada egunero argitaratzen zen arren, 1850 eta 1860ko hamarka arte egunerokoak, egunero ateratzen zirenak alegia, ez ziren bermatu, garraio eta posta zerbitzu azkar eta erregularrak ezarri zirenari esker. Eguneroko egunkari aitzindari gisa gogora daitezke 1858ko Villa de Bilbao tradizionalista, eta 1865eko El Progresista Navarro liberala.
Prentsa burgesetik doktrinalera
Bizkaiko kapitalismo industrialak aurrera egin ahala, meatzaritza eta siderurgiarekin dibidenduak banatuz, klase menderatzaile berriarentzat Bilboko prentsak gero eta balio handiagoa izan zuen. Londres edo Parisko prentsaren antzera, Bilboko prentsari egokitu zitzaion portuko mugimenduen, bankuko eragiketen edo trenbide berria egiteko lanen berri ematea, hiriaren aurrerabideak eta burgesiaren bizimodua ahaztu gabe.
Hasieran zegoen kontsumo gizartea ere komunikabide modernoetan islatu zen, azken orrialdean iragarkiak jartzen hasi zirelarik. Irakurlego berri baten zerbitzura zegoen prentsa haren eredu garbia izan zen Irurac bat, Juan Ernesto Delmasek zuzendutako egunkari liberal foruzalea, hedapen handikoa, 1856 eta 1885 bitartean Euskal Herritik kanpo ere zabaldu zena.
Isabel II.a Espainiakoaren erregealdi luzeari 1868ko Iraultzak eman zion amaiera eta Espainia nahasi eta gobernu gabeko egoeran utzirik, prentsa ideologikoari eta satirari bazka oparoa izan zen. Alabaina, 1872an Bigarren Karlistaldia hasi zenean, Espainia bien, Hego Euskal Herri bien arteko liskar doktrinal zaharrak gogotik indarberritu ziren: batetik, erregegaiaren gorteak Lizarran argitaratutako El Cuartel Real egunkari karlistak; bestetik, Iruñeko Hoja Volante, Bilboko La Guerra eta El Noticiero Bilbaíno edo Donostiako Diario de San Sebastián egunkari liberalak.
Foru-sistema isilarazia
Karlismoak ostera porrot egin zuen, eta hondoratzean foru-erregimenaren azken hondarrak berekin eraman zituen. Pentsa dezagun 1876an gaudela: prentsan Cánovas del Castillok ezarritako «batasun konstituzional» gogorraren aurkako ahotsak entzuten dira. Ahots horiek are eta itzal handiagoa zuten, karlismoaren aurkako borrokan nabarmendutako pertsonenak baitziren. Agintarien presioa, ordea, igarri egiten zen, komunikabide foruzaleen aurkako zigor eta galarazpen moduan.
Kontrol horri ihes egiteko, 1876ko maiatzean intelektual-multzo handi batek La Paz izeneko arratsaldeko egunkaria sortu zuen. Portugaleteko Miguel Loredok zuzendutako egunkari hori aitzindari izan zen geroxeago agertu ziren eta eusko ikaskuntzen berpizkunde handiaren oinarrian zeuden aldizkari euskaltzale ugariena, adibidez, Nafarroako Nafarroako Euskal Elkargoak argitaratutako Revista Euskara, Arabako Revista de las Provincias Euskaras edo Euskal-Erria gipuzkoarra).
Kazetaritza modernoaren jaiotza
Prentsako enpresa modernoak XIX. mendearen azken laurdenean jaio ziren. Joera ideologiko zehatzik gabeko berri laburrak ziren, beren buruak inpartzialtzat jotzen zituzten eta modu profesionalean funtzionatzen duten. Prentsa berri horren xedea mozkinak lortzea zen. Konbentzitzea edo ikasbide doktrinalak ematea baino gehiago zuen helburu gero eta gehiago saltzea. Merkataritza-izaera horrek ordu arte ezagutu gabeko kalitatea ekarri zuen kazetaritzara. Kazetaritza-mota horrek, gainera, ustezko irakurlego handia izan zuen, batik bat hezkuntza mailak orokorrean gora egin zuelako.
Tirada txikiagoko egunkariak desagertu egin ziren kapitalistaren indar informatiboaren aurrean, gehienak sendotasun ekonomikorik ez zutelako. Hala, egoera argitu egin zen, kapitalistarako joera-metaketa garbiaren barruan, komunikazioaren industrian gaurdaino gailenduz.
Hemeretzigarren mendearen azken 25 urteetan sortutako egunkariek –El Noticiero Bilbaíno, El Eco de Navarra, El Anunciador Vitoriano edo La Voz de Guipúzcoa– merkataritza-izaerako prentsaren eredu hori islatzen dute, informazioan oinarrituak ziren eta alderdi politikoekiko lotura txikiagoa zuten.
- Bilbo
Bilbon, 1875eko urtarrilaren 8an El Noticiero Bilbaíno sortu zen, kaleko oihularien bidez saldutako lehena –ordura arte etxez etxe baino ez zen banatzen prentsa, harpidetzaz. Hori ez zen izango, ordea, Etxebarria familiak ekarritako berrikuntza bakarra. Izan ere, dinamismoagatik eta egokitzeko ahalmenagatik ezaguna zen honek garaiko aurrerapen nagusiak bereganatu zituen, hala nola telefonoa eta errotatiba, azken hori Euskal Herriko prentsan erabilitako lehena izan zelarik, 1896an.
- Iruñea
Hirugarren Karlistaldiaren ostean, gainerako hirietan beste egunkari batzuk agertu ziren, El Noticiero Bilbaíno egunkariaren garaikideak baina askoz apalagoak. 1875ean karlistak Iruñea jazartzen ari zirela El Eco de Navarra jaio zen. Egunkari hori joera sektario eskasekoa bazen ere, beti integrismoaren eta karlismoaren aurkari gogor agertu zen, eta bere indargune nagusiak Iruñeko eguneroko bizitza xeheki islatzea –azokako prezioak, gertakariak, ikuskizunak, eguraldia, solas lekuetako zurrumurruak…– eta publizitate ugaria ziren. Diario de Navarra sortu zen arte –orduan irentsi baitzuen– El Eco de Navarra egunkariari itzal egingo zion egunkaririk ez zen izan, 1880ko hamarkadan Nafarroan berrogei argitalpen baino gehiago zeuden arren.
- Gasteiz
Gasteiz, «Iparraldeko Atenas» zeritzana, kalitatezko prentsaren loraldirako gune aproposa izan zen bere kultur bizitasunagatik. Araban hamaika egunkari eta aldizkari argitaratu ziren 1887an –Bartzelonaren atzetik Espainian zabalkunde-indize handieneko probintzia–; izan ere, garai hartan, batez bestekoa 15.106 biztanleko egunkari batekoa zen.
Egunkari garrantzitsuena El Anunciador Vitoriano zen, «liberala azpiegitura aldetik –hedapen- eta ekoizpen industrialaren aldeko jarrera– eta kontserbadorea gainegitura aldetik –batik bat, erlijioari eta tradizioari zegokiona», Nikolas Xamardok egunkari horri buruzko bere ikerlanean dioenez. Edukiaren eta formaren arteko harmonia handiagoa agertzen zuen La Libertad arratsaldeko egunkari liberal eta foruzaleak, egunkaria egiten eta hedatzen irizpide modernoak ezarri zituen aurreneko egunkari arabarrak –horri buruz geroagoko atal batean arituko gara.
- Donostia
Azkenik, 1885az geroztik gipuzkoarrek egunkari errepublikazale moderatu bat izan zuten, La Voz de Guipúzcoa, bere joera berritzailean Bilboko El Noticiero Bilbaíno egunkariaren kide zena. Errotatiban inprimatu zuen 1920an, Etxebarria familiak baino 24 urte beranduago, eta bera izan zen eskelak argitaratu zituen lehenengo gipuzkoar egunkaria.
«Dios, Patria, Rey» goiburupean, El Fuerista katolikoa ekoizpen berritzaile baten antzera nabarmendu zen mende amaierako kazetaritzan, bere alderdi tekniko eta formalarengatik.
Prentsa politikoa
Prentsaren aniztasuna gizarteko harreman-indarren isla baino ez da. Horixe da gizarte demokratikoetan funtsezko printzipio bat, inon aplika daitekeena. Hala, 1883an atera zen prentsaren lege berria, hauteskundeetan lehiatzen ziren alderdi guztien adierazpen organoak izateko aukera zabaldu zuena. Horren ondorioz, egunkari berri mordoz gainezkatu egin zuen merkatuak, egunkari bakoitzak bere babesle politikoa zuelarik: karlistak, integristak, errepublikarrak, sozialistak, monarkikoak, liberalak, foralistak nahiz nazionalistak.
Garai hartako egunkarien nahas mahasetik La Lucha de Clases gailendu zen, «Espainian izan den egunkari zahar, iraunkor, serio eta borrokazaleena» definitua, El Socialista dekanoaren atzetik. La Lucha de Clases egunkarian hasi zen paketeak egiten Indalecio Prieto izeneko mutil bat, eta orrialde haietan Tomas Meabe, Miguel Unamuno, Pablo Iglesias eta hainbatek idatzi zuten.
Eusko abertzaletasuna ere prentsa politikoaren mugimendu horri lotu zitzaion, hainbat astekari, kultur aldizkari bat eta lehen egunkari nazionalista, El Correo Vasco, argitaratuz. Egunkaria Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek sortu zuten, 1899ko ekainaren 4an, ideia bizkaitarrak sustatzeko. Hala ere, 103 zenbaki baino ez zituen argitara eman.
Prentsa konfesionala
Mende amaierako krisi betean, prentsa nazionalista eta sozialistaren nahiz errepublikar erradikalaren agerpenak erne jarri zituzten alderdi kontserbadoreenak. Eliztarrei pulpituetatik komunikabide jakin batzuen irakurketa galaraztea eta horien zuzendariak elizaren aurkako ideiak sustatzeagatik eskumikatzea nahikoa ez zirudielarik, 1898an Sevillan Asociación de la «Buena Prensa» (Prentsa Onaren Elkartea) sortu zen, egunkari katolikoen sorrera bultzatzeko. Bi hamarkada geroago, hiriburu guztiek egunkari konfesional bat zuten. Hego Euskal Herria ez zen salbuespena izan. Baina hori beste historia baten zatia da: XX. mendeko kazetaritzaren historiarena.
Euskal Herriko prentsaren aldi gorena: 1900–1936
XX. mendearen hasieran, Euskal Herriko biztanleriaren % 60 zen ia-ia egunkari bat irakurtzeko adinako prestaketa-mailarik gabea. Hala ere, ideologiak gero eta pisu handiagoa zuen gizarte batean, komunikabide publiko bakarra idatzizko argitalpenak ziren. Izan ere, gizartea pixkanaka jabetzen joan zen, telefonoa eta telegrafoa medio, eta garraioen arintasun handiagoaz, gertaerek espazioan eta denboran zuten loturaz eta horiek eguneroko bizitzan duten oihartzunaz.
Espainiako Gerra Zibila baino lehenago ere baziren Hego Euskal Herrian egitura kapitalista sendo batean oinarritutako egunkariak.
Testuinguru soziopolitikoa
1898an azken koloniak galdu ostean, Espainia krisialdi soziopolitiko sakon batean murgildurik geratu zen. Berrezarkuntzaren eredua, alderdi liberalaren eta kontserbadorearen arteko alternatibetan oinarritua, ahitu egin zen, eraberritze mugimenduak sortu ziren, nazionalismo periferikoak indartu ziren eta ezkerreko alternatiba apurtzaileak suspertu, errepublikanismoaren antzera.
Gertatzen ari zen gizarte bilakaera, mende berriarekin politikan garbiro islatu zirenak, Hego Euskal Herriko herrialdeetan ere igarri ziren, eskuin dinastikoen (kontserbadoreak eta liberalak) nagusitasunak –Gipuzkoa eta Arabako integrismoaren eta Nafarroako karlismoaren aurkaritzak orekatua– egonkortasun erlatiboa ekarri arren.
Hego Euskal Herriko sozialismoa, 1886an Bilboko taldea sortu zenetik ahuleziak jota, indarrak biltzen jardun zuen, batik bat Bizkaian eta Gipuzkoako lantegi-guneetan, eta 1918an Espainiako Gorteetara lehen diputatua bidali ahal izan zen; hain zuzen ere, kazetari bat: Indalecio Prieto.
Urte horretan eusko nazionalistek aurrerapen handia egin zuten hauteskundeetan, lehian ziren 20 aulkietatik 7 lortu baitzituzten, eta horrekin lehenengo aldiz Hego Euskal Herriko politikaren ardatz bilakatu ziren.
Hauteskundeetako emaitzak islatuz, garai hartako Hego Euskal Herriko prentsa gehienbat eskuinekoa eta katolikoa zen, nazionalista, monarkiko alfontsotarra, integrista edo karlista, ezkerreko komunikabide gutxi ziren, baina ez bazterrekoak, batzuk izan ezik. Beste behin, errotatibek gizarteak markaturiko erritmoan egiten zuten bira.
Aldi gogoangarria
XX. mendearen hasieran, Euskal Herriko biztanleen % 60 zen kasik egunkari bat irakurtzeko adinako prestaketa mailarik gabea. Hala ere, ideologiak gero eta pisu handiagoa zuen gizarte batean, komunikabide publiko bakarra idatzizko argitalpenak ziren. Izan ere, gizartea pixkanaka jabetzen joan zen, telefonoa eta telegrafoa medio, eta garraioen abiada handiagoaz, gertaerek espazioan eta denboran zuten loturaz eta horiek eguneroko bizitzan duten oihartzunaz.
Politikak eta kazetaritzak bikote biribila osatzen zuten. Prentsak iritzietan eragiteko zuen ahalmenagatik, egunkariak uneoro bultzatzen edo jazartzen ziren, boterearekiko edo, hobeki esanda, botereekiko, zuten jarreraren arabera. Gobernu ezberdinek adierazpen askatasuna murrizteko erabili zituzten bide guztiekin –elizaren zentsura mende hasieran, aldez aurreko zentsura Primo de Riveraren diktaduran, eta Espainiako Bigarren Errepublikaren Defentsarako Legea ezarri ondorengo galarazpenak 1930eko hamarkadan–, Hego Euskal Herriko egunkariek –batzuek eskuinak eta besteek ezkerrak defendatzeagatik– iritzia askatasunez adierazteko orotariko oztopo eta eragozpenak jasan zituzten.
Hala ere, Euskal Herriko kazetaritzak ez zuen sekula, ez aurretik ez ondoren, tamaina horretako bizitasunik ezagutu. Bilboko erredakzioetan batik bat, baina baita Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetakoetan ere, gaztelaniazko kazetaritzaren historian kapitulu aparta, epikoa, idatzi zuten eta euskarazko informazio-estiloaren oinarriak ezarri zituzten profesional handiak jardun zuten. Izan ere, XX. mendearen lehenengo hiru hamarkadetan, herri hau kazetari bikain eta idazle zolien haztegi izan zen. Paregabeko belaunaldi bat izan zen, arrazoi politikoak medio, sarritan egunkarietan liskarrean aritzen zena, baina ia beti, erredakzioetako eta kafetegietako tertulietako lagun giroan, kazetaritzarekiko grinak lotzen zuena. Hiru hamarkada horietan, egunkariek iritzi publikoan eragin handia izan zuten, eta profesionalak egunero forma aldetik kazetaritza modernoa, ekonomikoki lehiakorra eta politikoki zorrotza egiten ahalegintzen ziren. Hitz batean, aldi gogoangarria izan zen hura.
Informazioaren eta hausnarketaren artean
Aurreko orrialdeetan ikusi dugunez, Espainiako Gerra Zibilaren ostetik baziren Euskal Herrian egitura kapitalista sendo batean oinarritutako egunkariak. Askotan, argitaletxeak partzuergoetan elkarturik zeuden, eta paper industrian akzioak zituzten. 1898ko belaunaldiko José María Salaverría kazetari ospetsuak bizirik zegoela argitaratu zuen azkenetako artikulu baten izenburua El arte del artículo izan zen, eta han bere esperientzia kontatzen zuen: «1900 inguruan, egunkariak, alderdi politiko baten edo pertsona itzaltsu baten zerbitzura egon ordez, beren baliabideekin bizitzen eta enpresa industrialak sortzen hasi ziren, eta idazlearen lana dirutan ordaindu ahal zuten. Garai hartan hezi ziren saiogile eta artikulugile libre handiak, Primo de Rivera jeneralaren Diktaduran gorenera iritsi zirenak».
- Baliabide teknikoak
Kanpotik begira, egunkariaren erredakzioa aldatuz joan zen, pixkanaka baina ezinbestean. Aurreko mendeko tailer zaharrak, erdi artisauak artean, nostalgiaren mende geratu ziren, eta orduko teknologiak eskaintzen zituen makineria berriak sartu ziren –tirada handiko egunkariek errotatibak zituzten, gero etorriko ziren linotipiak, telefonoak, posta zerbitzuak, argazki-erreproduzitzaile sistemak; 1909an, La Gaceta del Norte egunkariak lehen orrialdean argazki-grabatua sartu zuen, egunkarietako argazkiek nolabaiteko kalitatea Lehen Mundu Gerra bukatu ondorenean lortu zuten arren. Horrenbestez, erredakzio eta inprimategiak lantegi itxura hartzen ari ziren, eta beti zeuden afanean aritzen ziren ofizial, idazle, argazkilari eta irudigile proletarioak, borroka sindikalen abangoardiako tipografoak.
- Edukiak
Edukiari dagokionez, XX. mendeko egunkariek aurreko mendekoen estilo hanpatua baztertu zuten, eta informazioa zein erreportajeak lehenetsi zituzten, gertueneko gertakariei arreta eskainiz, kaleko zarata bilduz eta inguruko hiri nagusietako berriemaileek telefonoz bidalitako kronikak jasoz.
Alabaina, joera horren aurkariak ere baziren. Adibidez, Miguel Unamunok «hutsala» irizten zion, eta sakontasun nahiz pentsamendu gehiagoko prentsa bat amesten zuen. Niebla eleberri ren egilea ez zen bakarra: 1913an, lehen alean, Euzkadi egunkari abertzalea irakurleen aurrean aurkeztu zen garaiko informazioa deitoratuz, argudiatuz bereak «helburu jasoagoa zuela, albiste-emate hutsala baino askoz prestuagoa».
Bizkaia
Espainiako Bigarren Errepublikara bitartean, Bilbo espainiar kazetaritzaren hiriburua izan zen. Hiriaren gizarte eta kultur bizitasunak, garapen ekonomiko handiarekin batera, Bilbo arrago bihurtu zuten, non galdatu baitzen gaztelaniazko nahiz euskarazko kazetarien belaunaldi nahikoa garrantzitsua.
Bilbon, 1900ean, sei egunkari argitaratzen ziren: irakurriena, aurretik aipatu dugun El Noticiero Bilbaíno, haren arerio El Cuartel Real karlista, 1910 baino lehenago desagertuko zena; La Voz de Vizcaya, 1880an sortu eta 1902an desagertua; errepublikarren bozeramailea El Norte zen.
Arratsalde partean, kaleak lanaldia bukatutako enplegatu eta langileez betetzen zirenean, bi egunkari monarkiko saltzen ziren: El Nervión eta El Porvenir Vasco.
Egoera nabarmen aldatu zen 1901ean El Liberal, «Bilboko lehen egunkari handia» eta, segidan, La Gaceta del Norte sortzean. Horiek izan ziren, 1936a arte, hiriko bi egunkari nagusiak.
- El Liberal eta La Gaceta del Norte
«Prentsa bilbotarrak El Liberali ezer zor badio, lozorrotik esnatzea eta dialektika zorroztea zor zen, horrek eman ziolarik hiriari Espainiako kazetaritza girorik interesgarriena», dio Alfonso Carlos Saiz Valdivielsok. El Liberal Madrilgo «trust» batek sortu zuen, ordurako Estatu osoan barrena zenbait egunkari zituelarik, denak ere joera demokratiko eta erregezaleak. Bere ibilbidean, alabaina, errepublika aldera lerratu zen, eta 1923an Indalecio Prietok erosi zuenean sozialista bihurtu zen, eta Pablo Iglesiasek sortutako alderdia Bizkaiko Foru Aldundian sartzean eragin handia izan zuen. El Liberalek egunero 8.000 10.000 ale saltzen zituen, eta grebako egun gatazkatsuetan bi halako.
El Liberalen sorrerak Bizkaiko sektore kontserbadoreenetan kezka piztu zuen. Loiolako jesulagunen gomendioz, burgesia katolikoaren zenbait gizon itzaltsuk, Jose Maria Urkijo Ibarra eta Luis Lezama Legizamon buru zituztela, La Gaceta del Norte sortu zuten hilabete batzuk geroago, 1901eko urrian.
La Gaceta del Norte, bizialdi luze baten ondoren laurogeiko hamarkadan modu penagarrian zendua, «Prentsa Ona» delakoaren printzipioetan oinarrituta jaio zen. Vatikanoaren doktrina jarraituz, politikaren alorrean eskuineko indar guztien batasuna bultzatu zuen, ezkerrari eusteko, eta joera euskaltzalea agertu zuen. Komunikabide berria zuzentzeko, talentu handiko Irungo kazetari gazte bat izendatu zuten: Aureliano López Becerra, prentsaren historian «Desperdicios» ezizenaz sartua.
- El Pueblo Vasco
Antonio Mauraren gobernuaren politika leheneratzailea defendatzeko, 1909an Alderdi Kontserbadorea sortu zen Bilbon. Alderdiaren buru Fernando Ibarra jarri zen, bi urte lehenagotik Espainiako Gorte Nagusian Bizkaiko ordezkari zena. Ibarratarrek iritziak hedatzeko euskarri bat behar zutela uste zuten, beren ekimen politikoekin aurrera egiteko, hots, egunkari bat.
Donostiako El Pueblo Vasco hautatu zuten, Rafael Pikabeak hain egoki editatua, ezen 1903az geroztik katoliko tradizionalistek eta kontserbadoreek hauteskundeetan bat egin zezaten aurrerabide handiak egin baitzituen. Hortaz, Ibarra anaiek Pikabeari Bilboko El Pueblo Vasco editatzeko eskubideak erosi zizkioten, eta zuzendaria fitxatu zuten, Juan de la Cruz Elizondo, López Becerra bezala irundarra eta kazetari handia. Ibarratarren egunkaria Bilborentzat gauza handia izan zen, egunero Eugenio d’Ors, Ramiro Maeztu edo Azorínen eskuz idatzitako orriak iristen eta argitaratzen ziren, El Pueblo Vasco egunkariko beste artikulugileekin batera, hala nola Jose Maria Salaberria, Pedro Mourlane Mitxelena eta Lyon d’Or kafetegiko –letra espainiarretan mito bihurtua– zenbait solaskide.
Gaur egun, El Pueblo Vasco Bizkaiko egunkari zaharrena da, Espainiako Gerra Zibiletik eta El Correo Español falangistarekin eginiko fusiotik bizirik irten ondoren. Hurrengo orrietan gai honi buruz arituko gara.
- Euzkadi eta prentsa abertzalea
Prentsa abertzaleak une gogorrak bizi izan zituen, 1899ko El Correo Vasco iragankorraren ondoren, ideia aranistak hedatzeko komunikabide bat bermatu nahi eta ezinean. Paradoxikoki, Euzkadi azkenik Bilbon tirada handienetakoa zuen egunkaria bihurtu zenean, Engrazio Aranzadi «Kizkitzak» zuzendutako argitalpenak aberrikoen kritika gordinak jaso zituen, sektore honek ez baitzuen gogo onez ikusten Euzko JEL-Batzaren –mugimenduaren alderdi moderatu eta posibilista– ideien aldeko egunkari bat.
Euzkadiko irakurleen idazle maiteenetako bat «Imanol» zen, Manuel Aznar Zubigarairen ezizena. Kazetari nafarra nazionalismo sutsuenetik kastizismo zaharkituenera pasa zen, eta erregimen frankistaren arrimuan bukatu zuen, eta gero idazle eta diplomatiko gisa egunkaria gailurrera eraman baitzuen. Azterlan honen azken kapituluan «Imanol»en bizitza eta ibilbidea jasoko dira. Haren biloba Jose Maria Aznar Espainiako gobernuko presidente izan zen XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran.
Eusko abertzaletasunak, halaber, La Tarde arratsaldeko egunkaria bereganatu zuen. 1914an sortu zen «Diario independiente» bezala , baina 1927az geroztik Euzkadiren argitaletxe Euzko Pizkundiak hartu zuen, Javier Gortazar editorearen bidez, Euskal Herriko lehenengo kirol egunkaria ere sortu zuena: Excelsior. Jazinto Mikelarena kazetari bizkaitarraren zuzendaritzapean, egunero 20.000 ale saltzen zituen. 1931ean eusko nazionalismoaren baitako liskar gogorrek egunkariaren jabegoa aldaketa ekarri zuten, eta Excelsius izenaz jarraitu zuen.
Gipuzkoa
Euskal Herriko kazetaritzan, XIX. mendearen amaiera arte Gipuzkoa izan zen herrialderik aktiboena, bi ekoizpen gune zituelarik: Donostia eta Irun. Mugako hirian joera eta korronte orotako astekariak –El Bidasoa kasu, 1880 eta 1963 bitartean aldizka argitaratua– eta egunkariak argitaratzen ziren, eta erredakzioetan idazle bikainak bildu ziren: Aureliano López Becerra «Desperdicios», Juan de la Cruz Elizondo edo Mourlane Mitxelena, «el cisne del Bidasoa», besteak beste.
- El Pueblo Vasco
Kontxako badiaren inguruan, 1880ko hamarkadaz geroztik prentsaren alorrean La Voz de Guipúzcoa egunkaria izan zen nagusi. Irakurle gehien izanik ere, ez zen El Pueblo Vasco –Ibarra anaiek Bilboko egunkari homonimoa sortzeko eredutzat hartu zutena– bezain eragin politiko handikoa, eta ezta profesionalki hura bezain itzaltsua ere. Alfonso C. Saiz Valdivielsok begi onez «joeraz eskuinekoa, erredakzioan ezkerrekoa» definitutako egunkariaren historian Pikabea y Leguía editorea eta Juan de la Cruz Elizondo eta Felipe Urkola lehen bi zuzendariak sartu dira.
Agidanez, Madrilgo tertulietan El Pueblo Vasco irakurri eta eskatu ohi zen –izan ere, egunkariko idazle ziren Azorín, Ramiro de Maeztu, Miguel Baroja edo Francisco Grandmontagne –, eta kazetaritzan ziharduten Hego Euskal Herriko idazleen gogokoena zen.
- Beste zenbait egunkari
La Voz de Guipúzcoa eta El Pueblo Vasco egunkarien inguruan beste egunkari txiki asko zebiltzan, denak ere ideologiaz eskuinekoak eta errentagarritasun urrikoak: 1897 eta 1936 bitartean galerak pilatuz joan zen La Constancia integrista eta foruzalea; El Correo de Guipúzcoa, tradizionalista (1898-1911), eta haren ondorengo El Correo del Norte (1912-1916), edo Gipuzkoako lehenengo arratsaldeko egunkaria, Crónica (1910-1915).
Euzkadi egunkariak Gipuzkoan izan zuen oihartzun apala kontuan izanik, 1930ean El Día sortu zen, «erlijio-joerakoa eta euskaltzalea» egunkari nazionalista, «irizpide katoliko zuzen eta hertsi batek eta sentimendu zintzo eta euskaltzale leial batek» gidatua. Egunkari interesgarri haren lumarik zoliena Jose Ariztimuño «Aitzol» apaizarena zen, Espainiako Gerra Zibilan frankistek fusilatu zutena.
Azkenik, 1934an El Diario Vasco jaio zen, gaur egun Gipuzkoako prentsan egunkari zaharrena. Egungo kazetaritzari buruzko kapituluan arituko gara hartaz.
Araba
Araban 1887an argitaratzen ziren hamaika egunkarietatik hiru baino ez ziren heldu mende berrira. Baliteke horren zergatiak hiru eratakoak izatea prentsak herrialde horretan indar eragilea galdu izana, hein batean bederen, XIX. mendearen amaierako krisi politiko etengabeak eta desengainua.
Arratsaldeko bi egunkariren arteko aurkaritza nagusitu zen 1900 eta 1936 bitartean, El Heraldo Alavés / El Pensamiento Alavés eskuindarraren eta La Libertad liberalaren artekoa, alegia. Mende hasierako prentsaren bereizgarri ziren gatazka horietakoa izan zen, grinatsua eta bortitza, kazetaritzatik haratagokoa.
- La Libertad
«Liberala eta foruzalea» zen, eta 1890az geroztik La Libertad «herriaren interes sakratuak babestera» irten zen, eta Espainia zein Euskal Herriko arazoak konpontzeko irtenbide demokratikoak sustatu zituen, jarrera foruzale integratzailetik. Gasteizen aurrerapen materialaren defendatzailea, La Libertad egunkariak Elizarekiko begirunea erakutsi zuen, baina haren gehiegikerien aurrean jarrera kritikoa agertu zuen, eta komunikabide errepublikar suharra bilakatu zen, iraganeko Primo de Riveraren populismoaren, Lerrouxen erradikalismoaren edo José Canalejasen liberalismoaren aldeko jarrerak alde batera utzita.
Arerio zuen El Pensamiento Alavés egunkariak ez bezala, egunkariak jarrera koherentea erakusten zuen «noren aurka borrokatzen zuen, eta ez noren alde zegoen», Antonio Rivera adituaren hitzetan.
Bi egunkarien eragina berdintsua zen. Egunero 3.000 ale inguru saltzen zituzten, baina La Libertad egunkariko irakurleak gehienbat hiritarrak ziren, eta El Heraldo/El Pensamiento egunkarikoak, berriz, Arabako landako bizilagunen artean harrera hobea zuen.
- El Heraldo Alavés / El Pensamiento Alavés
1901ean Arabako eskuinaren bozeramailea sortu zen, El Alavés karlistaren zuzeneko oinordea zen, baina planteamendu moderno eta erakargarriago batekin. «Katoliko independente» etiketaz, Arabako eskuin osoa biltzea lortu zuen: karlistak, nazionalistak eta kontserbadoreak.
Egunkaria Jose Luis Oriolek erosi zuen, eta 1932az geroztik, El Pensamiento Alavés izen berriarekin Oriolen alderdiaren –La Hermandad Alavesa– zerbitzura zegoen egunkari tradizionalista zaratatsu bihurtu zen. Nazionalistek, aurreko etapan erredakzioan ugariak, egunkaria utzi zuten, eta 1933tik aurrera Euzkadi egunkari bilbotarraren herri mailako edizio bat bultzatu zuten (Euzkadi en Araba), emaitza bikainak lortuz. Beraz, Heraldo zaharretik Pensamiento berrirako aldaketan, egunkariak bere ondasun nagusia galdu zuen: Arabako eskuin guztien atxikimendua.
Errepublikak, gehiegikeriak zirela-eta, aldi baterako El Pensamiento geldiarazi zuen, baina Araban Oriolen egunkariak baino ez zuen biziraun Espainiako Gerra Zibilean. Hala, 1967an birsortu zen, Norte Expréss bezala.
Nafarroa Garaia
XIX. mendeko azken laurdenean, Nafarroa Garaiko prentsaren merkatuan El Eco de Navarra nagusitu zen. Egunkari antikarlista eta moderatua, Alderdi Kontserbadorearen inguruko jarreretatik liberalismo doktrinal apal baina, paradoxikoki, molde zaharretan ainguratua zen batera jo zuen –hainbesteraino, ezen egunkaria errealetan jartzen zuen. Eskuinaren aldetik, integristek La Tradición Navarra «egunkari katoliko politikoa» argitaratzen zuten (1894tik 1932ra), zeinak karlismoari, eta batik bat haren bozeramaile El Pensamiento Navarro egunkariari, garbitasun doktrinalik eza leporatzen baitzion.
Egoera zurrun samar hartan, 1903an Diario de Navarra egunkaria agertzeak, giroa freskatu eta berritzeaz gain, irakurleen banaketa nabarmen aldatu zuen: lehenengo urtean, Diario de Navarrak 2.000 ale saltzen zituen, El Ecok 3.000, El Pensamiento Navarrok 1.800 eta La Tradiciónek mila ale eskas. 1913an Diario de Navarra egunkariak El Eco xurgatu zuen, gaurdaino sendo mantendu duen nagusigoari hasiera emanez.
«Garcilaso»k zuzendutako egunkariak, jarrera liberal kontserbadoretik eta maurismoarekin bat eginik, Nafarroan langile mugimenduaren hazkundea eta ideia sozialisten hedapena geldiaraztea zuen xede. Eusko nazionalismoari uko egin ondoren, 1918an, Zapateria kaleko egunkaria erradikalizatu egin zen, jarrera antieuskaldun eta nabarristak, eskuin mesianikoaren parekoak, agertuz. Espainiako Bigarren Errepublikan, Diario de Navarra eta El Pensamiento egunkariek Errepublikaren Defentsarako Legearen eztenkadak pairatu zituzte, galarazpenak jasanez. Biek ala biek, 1936ko uztailean, bozkarioz hartu zuten Emilio Mola jeneralaren altxamendua. Izan ere, bi egunkariek, ideologikoki eta materialki, altxamendua bultzatu zuten.
Mende hasierako Nafarroa Garaiko prentsaren gainbegiratu azkar hau osatugabea litzateke prentsa liberal bat bermatzeko ahaleginak aipatuko ez bagenitu. Aldi hartako egunkari garrantzitsuena izan zen 1904ko El Demócrata Navarra, duina eta enpresako jarraibideez eratua, baina bizialdi laburrekoa. Halaber, 1923an eusko nazionalistek La Voz de Navarra sortu zuten, 1936ko uztailean Espainiar Falangeak indargabetua.
Mozala prentsarentzat. 1936-1976
1936ko Gerra Zibila hastean, mende oso batez kostata ezartzea lortutako informazio-aniztasuna erabat galdu zen. Hego Euskal Herriko kazetaritzarenak egin zuen: arrakastatik tragediara igaro zen. Francoren diktadurak iraun zuen bitartean, 40 urtez, egunkariak bi prentsa-legeren mozalpean bizi ziren. Zentsurak isiltasun politikoa, soziala eta, zenbaitetan, baita kulturala ere, ezarri zuen eta, ondorioz, egunkari guztiek gutxi gorabehera gauza bera modu berean kontatzen zuten.
Gerraren ondorenak
Marokoko indar armatua, 1936ko uztailaren 17an, Errepublikako gobernuaren aurka matxinatu zen. Hurrengo egunean, Nafarroako gobernadore Emilio Mola jeneralak probintzian gerra egoera deklaratu zuen, eta ordu gutxitan boterearen baliabide guztiak bereganatu zituen, komunikabideak barne, jakina. Altxamenduak arrakasta zuen Espainiako probintzi guztietan, falangistek konfiskatuko dituzte ezkerreko, nazionalista edo errepublikarrak ziren egunkarietako errotatibak, eta kideko propaganda organoak martxan jarri zituzten. Lehena Iruñeko Arriba España izan zen, 1936ko abuztuaren 1ean, La Voz de Navarra nazionalista indarrez kendu ondoren.
Aldi berean, kolpeak porrot egin zuen lekuetan, Espainiako Bigarren Errepublikaren aldeko indarrek eskuineko komunikabideak itxi, eta haiek alderdiko egunkariekin ordezkatu zituzten.
Donostian, La Constancia eta El Diario Vasco egunkariak galaraziak izan ziren, eta bigarrenaren tailerretan Frente Popular hirian argitaratutako egunkari bakarra inprimatu zen, nazionalek hartu zuten arte. Nazionalek, era berean, El Día, La Prensa, La Voz de Guipúzcoa eta Guipúzcoa Obrera egunkarien instalazioak hartu zituzten, eta 1936ko irailaren 16tik aurrera arratsaldeko Unidad egunkaria eta goizeko La Voz de España, tradizionalista, atera zituzten.
Bilbon, uztailaren 18an berean, El Pueblo Vasco ondasunez, akzioz eta eskubideez gabetu zuten, altxamenduaren prestakuntzan parte hartzea leporatzen zitzaiolarik. La Gaceta del Norte eta El Nervión ere agintari errepublikarren esku gelditu ziren, eta horiek kideko alderdi eta sindikatuen zerbitzura jarri zituzten. Erregimen frankista ezartzean, 1937aren erdialdean, Bilbok zortzi egunkari galduak zituen ordurako, horietako batzuk nahikoa ospetsuak, Noticiero Bilbaíno historikoa edo Indalecio Prietoren El Liberal, kasu. El Pueblo Vasco eta La Gaceta del Norte, garbiketa eta neurri zorrotzak jasan ondoren, berriro argitaratu ziren eta horiez gain beste bi egunkari, Falangearen ospe eta zorionerako: El Correo Español, eta Hierro arratsaldeko egunkaria, Euzkadi eta El Liberal akabatutakoen tailerretan inprimatuak.
Araban, matxinatuek La Libertad konfiskatu zuten, bizialdi laburreko –-1937ko urtarriletik 1940ko urrira– Norte «Egunkari Nazional Sindikalistaren» mesedetan.
Prentsako zuzendaritza nagusiaren mendean
Gerra aurreko Hego Euskal Herriko egunkari gehienak bata eta bestearen intolerantziak eraginda zendu ziren; beste batzuk, nekatu eta akituak, katastrofeak garaitu zituen, ez baitzuten ostera altxatzerik lortu. Alde batean zein bestean, gerrak iraun zuen hiru urteetan kazetarien jazarpena eta fusilamendua obsesio tragiko bat izan zen. Borreroaren begietan egunkari baten amaierak edo kazetari baten heriotzak haien ideien amaiera sinbolizatuko balu bezala.
Erregimen garaileak 1938ko apirilean Prentsako Lege berri bat ezarri zuen, Joseph Goebbels erregimen naziko propaganda eta informazio ministroaren legean inspiraturik. Aurrerantzean, komunikabide guztiak, publikoak nahiz pribatuak, boterearen zerbitzura egon ziren. Botereak ezartzen zituen kontsignak, komunikabide ofizialak, ildo editoriala, eta, gainera, argitaletxeek proposamenak egin ondoren, zuzendariak izendatzeko eskubidea zuen, eta Prentsako Zuzendaritza Nagusiaren (Dirección General de Prensa) mendeko Informazio eta Zentsura Negoziatuei (Negociados de Información y Censura) ahalmen osoa ematen zion.
Espainian egunkari publikoak, «Prensa del Movimiento» zeritzona, eta egunkari pribatuak egon ziren, 1939 eta 1977 bitartean. Azken horiei, Errepublika garaian izan zuten jarreragatik, informazio jarduerarekin jarraitzeko baimena eman zieten. Horrez gainera, herrialde bakoitzeko Prentsa Elkarteak Hojas del Lunes izenekoa argitaratzen zuen. Egunkari publiko eta pribatuen elkarbizitza bitxi horrek uztailaren 18ko erregimenaren izaera misto eta kontraesankorra islatzen du.
Falangista buruberoenen lehen asmoa prentsa monopolizatu eta aniztasun-mota oro suntsitzea zen. Rafael García Serranok kontatu zuen Iruñean «los flechas» izenekoek Diario de Navarra konfiskatu nahi izan zutela, Raimundo García «Garcilaso» egunkariaren zuzendariak altxamenduaren aurreko konspirazioan parte hartu zuen arren. Azkenean, Molaren itzalak Diarioren independentzia gorde zuen, eta kapitalaren bitartekotzak Donostiako El Diario Vasco eta Bilboko El Pueblo Vasco babestu zituen. Ybarratarren egunkariak, alabaina, El Correo Español falangistarekin bat egiteko eta «Diario de Falange Española Tradicionalista y de las JONS» berragertzeko laidoa pairatu behar izan zuen.
Egunkari ofizialen katea (Prensa del Movimiento) berrogei egunkarik baino gehiagok osatzen zuten, eta horietako lau Euskal Herrian argitaratzen ziren: Iruñeko Arriba España, Donostiako La Voz de España (goizeko egunkariak), Donostiako Unidad eta Bilboko Hierro (arratsaldeko egunkariak). Komunikabide horien ezaugarri nagusia joera ideologikoa zen, diktaduraren goresle nekaezinak, eta lehiaketa ia akuilu eta estrategiarik eza. Boterearen interesen mende, diruaren mende baino, gehienak Estatuarentzat oso defizitarioak izan ziren.
Hirugarren maila batean zeuden komunikabide tradizionalistak, karlismoaren inguruan zebiltzanak. Horrelakoak ziren El Pensamiento Navarro, El Pensamiento Alaves eta La Gaceta del Norte. Azken horrek, egunkariaren sustatzaile Jose Mª Urkijo gerran immolatu arren, bere iragan foruzalea justifikatu beharra pairatu zuen.
Zentsura eta autozentsura
Diktaduraren 40 urteetan, egunkariak bi prentsa legearen mozalpean bizi ziren: 1938ko Ramón Serrano Suñer zena, jada azaldua, eta 1966ko Manuel Fragarena, zeinak zentsura komunikabideetako zuzendarien esku utzi baitzuen. Zuzendariak, erregimenak onar zezakeenaren muga asmatu ezinean, etengabeko kezkarekin bizi ziren, beti zutabeen barrena labain zitekeen edozein xehetasunengatik espediente zigortzaile bat jasotzeko beldur. Jose Javier Uranga, «Ollarra», 1962 eta 1990 bitartean Diario de Navarrako zuzendari izanak gogoratu bezala, «Inork ez zekien askatasuna noraino tenka zitekeen. Pozik eta seguruen zeundenean, sokatik tira eta... to espedientea».
Zentsurak isiltasun politiko, sozial eta, zenbaitetan, baita kulturala ere, ezarri zuen, eta, ondorioz, egunkari guztiek gauza bera gutxi gorabehera modu berean kontatzen zuten. Profesionalek, lana betetzeko, batez ere eguneroko bizitzako alderdiak, kirolak, gizartea, herriko bizitza eta kazetaritza literarioa jorratu zituzten. Gipuzkoan tokikotasuna nagusitu zen –joera horretan La Voz de España nabarmendu zen gehien–, eta Bizkaian, berriz, irakurleen erakargarri nagusiak informazio kanpainak izan ziren –batez ere, La Gaceta del Norte.
Hautabidea hain murritza izaki, lehia alderdi tekniko eta formaletan zegoen. Alor horretan, Movimientoko egunkariak oso atzera geratu ziren, askoz arinagoak ziren argitaletxe pribatuen aldean. Horregatik izan zuen prentsa ofizial-zaleak barneratze maila hain apala, eta galera izugarriak pilatu zituen. Ondorioz, pixkanaka egunkariak itxiz joan ziren, 1975ean Arriba Españaren itxieraz hasi, eta 1983ko otsailean Hierro desagertu zen arte. Bi data horien artean, 1978ko Espainiako Konstituzioak, 20. artikuluan, adierazpen eta informazio askatasuna bermatu zuen.
Hego Euskal Herriko prentsa, 1977tik aurrera
Diktaduraren gau luzean, oro har gizartearen eta zehazki kazetaritzaren ilusiorik handienetako bat adierazpen-askatasuna berreskuratzea izan zen. Xede hori, pixkanaka eta aldizka ikaraldiak jasanez, 1976az geroztik betetzen joan zen. Euskal Herriko kazetaritzaren merkatuak, 1977tik, hiru aldi kronologikotan azter daitekeen eraldaketa sakona ezagutu du. Lehen aldian, 1977 eta 1984 bitartean, egunkari zahar asko –erakunde-prentsan nahiz prentsa pribatuan– itxi eta beste batzuk jaio ziren. Bigarren aldian, laurogeiko hamarkadaren erdialdean hasia, Hego Euskal Herriko egunkarien egoera egonkortu zen, eta irakurleen merkatuan birbanatze prozesu bat gertatu zen. Hirugarren aldian, laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, gerra aurreko urteetatik aurrera sortutako euskarazko lehen egunkariarekin, eskaintza ugaldu egin zen.
«Prentsarik gabeko gobernu baten eta gobernurik gabeko prentsa baten artean aukeratu beharko balitz, zalantzarik gabe azkena aukeratuko nuke». Duela bi mende idatzitako Thomas Jeffersonen adierazpen horrek gaur egun ere, segurtasuna edo guztion interesa aitzaki harturik, askatasuna eta informazioa kontrolatuta legokeen erregimen bat bateragarriak direla sinestarazi nahi diguten politikariengandik gordetzen gaitu. Ez dago demokraziarik prentsa librerik gabe, ez eta prentsa librerik ere demokraziarik gabe ere. Adierazpen-askatasuna, mugagabea izan ez daitekeen arren, hiritarren burujabetzan oinarritutako gizarteetako zutabe eta funtsa da.
Diktaduraren gau luzean zehar, oro har gizartearen eta zehazki kazetaritzaren ilusiorik handienetako bat adierazpen-askatasuna berreskuratzea izan zen. Xede hori, pixkanaka eta aldizka ikaraldiak jasanez, 1976az geroztik betetzen joan zen.
MCSEaren desagerpena
Diktadura amaitzean, penintsula aldeko lau euskal herrialdeetan hamaika egunkari inprimatzen ziren: Araban, Norte Expréss; Bizkaian, El Correo Español‑El Pueblo Vasco, La Gaceta del Norte, Hierro arratsaldeko egunkaria eta La Hoja del Lunes; Gipuzkoan, La Voz de España, Unidad, El Diario Vasco eta La Hoja del Lunes; Nafarroa Garaian, Diario de Navarra eta El Pensamiento Navarro.
Hamar urte geroago hiru baino ez ziren geratzen, hiru arrazoi nagusi medio: estatuko katearen desagerpena, Hojas del Lunesen esklusibotasunaren amaiera, eta La Gaceta del Norte eta Norte Expréss egunkari historikoek egoera berriari egokitzeko ezintasuna.
Horretarako, frankismo berantiarra deritzon garaian Mugimenduko Prentsari eskainitako baliabideak apur bat arrazionalizatu ziren, laguntza horietan dirutza izugarria xahutzen baitzen. Traidoretzat hartua izateko arriskua beregain hartuz, Emilio Romerok, prentsako ordezkari nazionala zenean, komunikabide garestienentzako diru-laguntzak kendu zituen. Horien artean zegoen prentsa falangistaren dekanoa, Iruñeko Arriba España, 1975ean desagertua.
Diktadorea hilda, Medios de Comunicación Social del Estado zaharrek, agintari berrien kontrol politikopean jarraitu zuten, izen berria hartuta, horiek ixten edo zabaltzen zituztelarik egunkariak, denak desagertu ziren arte.
La Voz de Españaren kasua
MCSEren tirada handieneko egunkaria, 1977an, kiroletako Marca zen, 92.000 alerekin, eta segidan ziren Oviedoko La Nueva España, Valentziako Levante eta Donostiako La Voz de España, hirurak errentagarritasun handi samarraz. Horrek ez zituen, ordea, La Voz de España eta Unidad egunkarien itxierak eragotzi, 1980an, ustekabean. Arrazoi ekonomikoek arratsaldeko egunkari kaudimengabearen itxiera justifika dezakete, baina La Vozen kasuan arrazoiak politikoak izan ziren. Orduan erabaki haren zioez asko eztabaidatu zen. Batetik, susmagarria da Gipuzkoako lehen egunkaria aurreneko legebiltzar autonomikoa eratzeko bezperan desagertzea; izan ere, legebiltzarrak, zalantzarik gabe, Hego Euskal Herriko erakunde publikoak hedabide publikoez hornitu nahi zituen, horien artean egunkari falangista zaharrak. Beste arrazoi bat, agerikoa hau ere, Donostiako egunkarietako langileria Ricardo de la Cierva Kultura Ministroaren ildoaren aurka publikoki manifestatzea izan zitekeen, Donostian pertsonalki jakinarazi zioten moduan, ministro historialariak egunkaria itxi baino egun batzuk lehenago.
Hierroren kasua
Hortaz, 1980tik aurrera garai batean boteretsu izandako estatuko prentsa katetik Hierro baino ez zen geratzen, Bilboko arratsaldeko egunkari pobrea, bere bizitzako azken hamar urteetan 300 milioi pezeta inguruko zorra pilatu zuena, Begoña Zalbidea Bengoa irakaslearen kalkuluen arabera. Zaharkitua eta akitua, 1983an hiltzen utzi zioten.
Bere epitafioan, gogoratu beharko litzateke hiru hamarkadetan egunero literaturako orri bat mantendu zuen Hego Euskal Herriko egunkari bakarra izan zela.
Hiru egunkari tradizionalista
Ikusi dugu Hego Euskal Herrian, XIX. mendeko lehen libelo karlista edo antiliberalen garaitik, prentsa tradizionalista errotuta zegoela. Caudilloa eta haren erregimen autokratikoa desagertzeko unean, joera tradizionalistako hiru kazetaritza‑enpresa pribatuen lanak argitaratzen ziren: Iruñeko El Pensamiento Navarro, Gasteizko Norte Expréss eta Bilboko La Gaceta del Norte. Hiruak ia aldi berean zendu ziren, 1981 eta 1984 bitartean, Trantsizioak ekarri zituen aldaketa sozial eta politikoetara egokitzeko gai izan ez zirelako.
El Pensamiento Navarro 1897ko egunkari karlistak euskarri izan zuen oinarri sozial, katoliko eta tradizionalistaren krisi sakonaren ondorioak pairatu zituen, eta azkenerako elizako agintariekin liskarrean sartu zen.
Norte Expréss 1967an sortu zen, El Pensamiento Alavés berritzeko operazio batean, azken horri El Correo Español‑El Pueblo Vascoren Arabako edizioa irakurleak kentzen ari baitzitzaion.
Ideologikoki, Norte Expréssek uztailaren 18ko erregimena leial eta irmo defendatu zuen, eta hori eragozpen garbia izan zen, erregimena gainbehera zetorrela ikusi zenean. Horrenbestez, 3.000 ale inguruko tiradez eta laneko gatazka sakonetan murgilduta, 1982ko udaberrian argitaratzeari utzi zion, eta Araba bere egunkari bakarra gabe geratu zen. Egoera hori 1996an El Periódico de Alava jaio arte luzatu zen.
Alabaina, Euskal Herriko prentsarentzat galerarik handiena La Gaceta del Norte egunkariarena izan zen, 1984an jaio eta 83 urte pasa ondoren. Euskal Herrian hedapen handiena izandako egunkariak –hirurogeiko hamarkadan 100.000 ale inguru saltzen zituen, eta Araba zein Nafarroako argitalpenak ere arrakastatsuak ziren– izen bereko Iruñea eta Gasteizkoen autismo bera pairatu zuen, eta ultramontanismo zaharkitu batean ainguratuta geratu zen, hain muturrekoan ezen, adibidez, zinemako ikuskizun sailari ez ikusiarena egiten zion, argitaratzaileen moralarekin bat ez zetozen filmak ageri zirelako, ikurriña hitza galarazi zuen edo katolizismoa nahiz nazioaren batasuna aldarrikatzen ez zituzten alderdi politikoen iritziak isilarazten zituen; ondorioz, egunkariaren orrialdeetan Democracia Cristiana Vasca eta Alianza Popular baino ez ziren agertzen. Hala, bada, 1975 eta 1980 bitartean 40.000 irakurle galdu zituen.
Azken urte horretan, Rafael Ossa Etxabururen zuzendaritzapean, La Gaceta del Norte Jose Mª Urkijo fundatzaileak emandako ezaugarriak berreskuratzen ahalegindu zen: Euskal Herriko foruen eta bereizgarri historikoen defentsan. Alabaina, ahalegin horiek ezin izan zuten egunkariaren etengabeko gainbehera gelditu, eta 1984ko maiatzaren 6an itxi egin zen, batez beste 16.000 aleko hedapena zuelarik. Zenbait hilabete geroago, azaroan, La Gaceta kioskoetara itzuli zen, enpresa berri baten babesaz eta nazionalismotik hurbileko ildo editorialaz, baina ekimena ez zen mamitu, eta 1987an behin betiko desagertu zen.
La Hoja del Lunes
Prentsako langileek, 1925ean, igandeko atseden derrigorrezkoa ezartzea lortu zuten, eta ondorioz astelehenetan egunkaririk ez zen. Sektoreko bahitetxea finantzatzeko asmoz, Prentsa Elkarteek astearen lehen eguneko hutsunea bete zuten esklusiboki. Bilboko Prentsa Elkarteak, 1931z geroztik, La Hoja del Lunes argitaratu zuen, eta gauza bera egingo zuten Donostian eta Iruñean ere.
Hegemonia osoz eta lehiaren akuilurik gabe, Hoja del Lunes haietan kirol kronikak eta kolaborazioak nagusitzen ziren, baina informazio aldetik eskasak ziren.
Trantsizioak ofizioaren egitura instituzionaletan ere eragin zuen, eta boterearen itzalpean patxadan bizi izan ziren kazetari gazteak Prentsa Elkarteen aurka altxatu ziren. Testuinguru hartan, Madrilgo Diario 16 izan zen astelehenetako bijilia hausten lehena, eta gurean Deia izan zen, 1982ko irailean. Hilzorian, Prentsako Elkarteak banan‑banan desagertuz joan ziren: Donostiako La Hoja del Lunes 1983ko ekainean, eta Bilbokoa 1984ko urtarrilean. Horrela amaitu zen 50 urteko bizialdi erosoa.
Hiru egunkari handiak
Diktaduran zehar hainbat egunkari zendu zen. Ia probintzi guztietan, prentsaren merkatua berregituratu egin zen, eta estatukoen artean 1975 aurreko bi egunkarik baino ez zuten biziraun: Bartzelonako La Vanguardia eta Madril eta Sevillako ABC.
Euskal Herrian, gauzak ez ziren ezberdinak izan. Hiru egunkarik soilik eutsi zieten Errepublika eta Gerra Zibilari, Diktadura eta trantsizio demokratikoari: Bilboko El Correo Español–El Pueblo Vascok, Iruñeko Diario de Navarrak eta Donostiako El Diario Vascok. Hiru egunkari hauek enpresako kudeaketa sendoa zuten bereizgarri nagusia, eta gaur egun ere Espainiako prentsa-hedapeneko zerrendan oso goian daude.
Jose Maria Caminos irakasleak enpresa horiek xeheki aztertu ditu, eta atera dituen ondorioen artean hauxe dago: «eredu propio bat garatu dute, eta bertako gauzei arreta handia eskaintzen dion probintziako prentsa-mota bat bermatu». Politikoki eklektikoak eta ideologikoki orekatuak –Diario de Navarra ez hainbeste–, beste egunkari batzuek agortutako ideiak gogor defendatzen zituzten urte erabakigarrietan aldaketarako gogoarekin bat egin zuten, eta gizartearen berrikuntzarako nahiaren isla bihurtu ziren.
Prentsa nazionalista berria
Bi egunkari sortu ziren 1977ko hiru hilabetean: Deia eta Egin, prentsa nazionalistaren baitan, berrogei urteko nahitaezko etenaren ondoren.
Konkurrentziaren kontserbadorismoaren aurrean, bi hedabide horiek nolabaiteko haustura zekarten, hala barneko egituraketan nola kanpora begira, Hego Euskal Herriko prentsan gaztetze interesgarri bat eraginez.
Egituraketari dagokionez, Deiak eta Eginek inbertitzaile txikien partaidetza bultzatu zuten, joera nazionalistaz baina alderdi jakinei lotu gabe. Informazioa Euskal Herriko geografiaren testuinguruan jorratzen zuten, Euskal Herria batasun politiko eta identitate kulturaleko eremu balitz bezala hartuz, errotatiban landutako berriak lehenetsiz, agentzia eta iturri ofizialen kaltetan. Bi egunkarien jaiotzarekin, euskara informazio-ataletan sartu zen, eta Euskal Herriko politikak eta kulturak pisu handiagoa hartu zuten.
Hasieran salmenta dezenteak lortu bazituzten ere –1978an Deiak egunero 50.283 ale saltzen zituen, eta Eginek 45.731–, aurreikuspenak baikorregiak suertatu ziren. Sustatzaileek pentsatu zuten eskaintza zabaltzearekin prentsa tradizionala gogoko ez zuten irakurle berri ugari erakarriko zituztela. Aurreikuspen horiek, ordea, huts egin zuten, eta laster ikusi zen Egin eta Deia batik bat, La Gaceta del Norteko irakurleez –urtebetean 21.000 irakurle baino gehiago galdu zituen–, baina baita La Voz de España, El Correo Español‑El Pueblo Vasco eta El Diario Vascokoez ere, egunkari horiek 1976tik 1978ra irakurleen %23 eta %20 bitartean galdu zuten. Ia ez zuten irakurle berririk lortu.
Bi egunkari nazionalisten bermea ez zen samurra izan, eta independentziari uko eginda baino ez zuten lortu Euskal Herriko prentsan bidea egitea. Gaur egun, Eginen –1999ko itxieraren ostean Gara bihurtuta– eta Deiaren bermea ziurra da, nahiz eta Gararen kasuan salmentak jakitea erraza ez den, OJD (Oficina de Justificación de la Difusión) prentsa espainiarreko erakunde independentearen kontroletik kanpo baitago.
Iraupen laburrekoak
Laurogeiko hamarkadan, hegoaldeko lau herrialde euskaldunetan iraupen laburreko zenbait egunkari sortu ziren, hemen aipatzea merezi dutenak.
Bilboko sozialista batzuek Tribuna Vasca bultzatu zuten, euforia handiko une batean, PSOE 1982ko hauteskunde orokorretan garaipena lortzear baitzegoen. Egunkariak, hasiera batean Eduardo Sotillosek zuzendua, La Gaceta del Norterekin tailerrak eta zenbait langile partekatzen zituen. Urte horretako martxotik hurrengo urteko uztailera bitartean atera zen.
Navarra Hoy maiatzean jaio zen, 1982an halaber, «trantsizio demokratikoan sortutako prentsaren eredua, merkatuan iraun zuena baina proiektuaren iraunkortasuna bermatuko zion behin betiko hazkundea lortuko ez zuena» (J.Mª Caminos). Diario de Navarra kontserbadorearekin bat ez datozen balizko irakurle-multzo bat erakartzeko planteamendu ezagunaz, orduan Foru Erkidego agintean zegoen sozialismora hurbilduz joan zen. Alabaina, 1986tik aurrera abiatutako berritze eta berregituratze ahaleginek porrot egin zuten, eta azkenean enpresaren jabetza aldatu zen, langileen esku geratuz. Zeroa Multimedia elkarteak, 1994an, Navarra Hoy itxi eta errautsetatik egunkari berri bat, Diario de Noticias, sortzeko erabakia hartu zuen.
La Voz de España gobernuaren aldeko egunkaria itxi ondoren, langile batzuek elkar hartu zuten, Gipuzkoako lehen egunkaria izandakoak utzitako hutsunea bete nahian. La Voz de Euskadi Hego Euskal Herriko egunkari independente bat zen, 1983ko maiatzetik 1985eko martxora, profesionalek egina eta Jose Reyk zuzendua. Autogestioak eta estutasun ekonomikoek kudeaketa eragotzi zuten, egunkariak ausardia eta irudimena falta ez zituen arren.
La Voz de Euskadiren argitaletxe berak, 1983an, La Tarde de Euskal Herria arratsaldeko egunkaria sustatu zuen, baina hedapenik apenas izan zuen, eta aste gutxi batzuen buruan desagertu zen.
Gaur Expréss egunkariaren patua ez zen oparoagoa izan. Eusko Alkartasunaren ideiak zabaltzeko sortutako egunkaria Navarra Hoyren lantegietan inprimatu zen, 1989ko apirila eta azaroa bitartean. Hasieran 25.000 ale inguru saltzen zituen, baina ixteko garaian, ez zuen 15.000 aleko tirada baino.
XXI. mendeko egunkariak
Diario de Navarra
Mende bateko adinarekin, Diario de Navarra da Euskal Herriko egunkari zaharrena. Nafarroa Garaiko prentsari bultzada handia eman zion bere sorrerak, 1903ko otsailaren 25ean, enpresako kazetaritza, ez alderdikoia eta xede ekonomikoa zuen bat, ezartzean. Ezaugarri horiek El Eco de Navarra bere lehiakide nagusian ere ageri ziren, baina Diario de Navarran sorrerako ideia funtsezkoen zati ziren, zazpi adjektibotan laburbilduak: egunkari «batik bat hezigarria» eta informatiboa, katolikoa, alderdi politikoekiko independentea, moralari dagokionez kontserbadorea, foralista eta iritzietan inpartziala.
Argitaletxea, La Información, 56 akziodunek osatu zuten, batik bat enpresa-munduko pertsonek eta profesional liberalak, horietako batzuk Antonio Mauraren Partido Conservador alderdikoak ziren. Diariok Mauraren politika leheneratzailea bultzatu zuen, baina bere independentzia saldu gabe. «Geure erregimen propioaren defentsa sutsuak», hau da, foruen babesak, hasieratik markatu zuen egunkariaren norabidea. Hain zuzen ere, egunkariaren bizialdiko lehen Gabonetan, harpideei Gernikako arbolaren eta Iruñeko foruen monumentu dotorearen irudiak jasotzen zituen almanaka bat oparitu zien. Jose Jabier Sánchez Aranda eta beste zenbait egileren arabera, egunkariaren sorreran «nabarrismoak» erlijiozko konpromisoak baino pisu handiagoa izan zuen, horrek azalduko lukeelarik 1906an erredakzioak Iruñeko Gotzainarekin izandako eztabaida garratza.
Informazioari dagokionez, Cordobillako egunkaria probintzi barruko eta inguruko hirietako berriak argitaratzeko lastertasunagatik nabarmendu zen. Berriemaileen zerbitzuen bitartez kronikak argitaratzen zituen «Información telefónica y telegráfica» izeneko sailean.
Hala, bada, lehenengo urtean Diario de Navarrak 2.000 irakurle erakarri zituen, El Eco de Navarrak baino mila gutxiago, baina El Pensamiento Navarrok baino gehixeago.
Diariok hamarkada bat baino gutxiago behar izan zuen Nafarroako prentsan nagusi izateko, El Eco xurgatu zuen eta Errepublikaren bosturtekotik bizirik atera zen, gobernuaren aginduz bi aldiz itxi zuten arren, 1931 eta 1932ko udaretan, errepublikaren aurka egin zituen kanpaina gogorren kariaz.
Mende erdiz zuzendari izan zuen Raimundo García «Garcilaso»ren gidaritzapean, Diario de Navarra eskuin antikapitalista zurrun batera lerratu zen –Burtsako kotizazioak ez zituen argitaratzen–, eta erregimen frankista nekagaitz defendatu zuen.
Diario de Navarrak berritze eta zabalkunde prozesu bati ekin zion lehiakide bakarrak gainbehera betean sartu zirenean: Arriba España falangistak lur jo zuen, eta El Pensamiento Navarrok iparra galdu zuen, mugimendu karlista osoak bezala. Eskualdeko egoerekiko arretatsuago, merindade mailako lau gehigarri atera zituen, horrek Nafarroa osoan zehar barneratzea ahalbidetu ziolarik. Honek 1976an 40.886 aleko zabalkundea baldin bazuen, gaur egun 64.000 ale ingurukoa du. Espainiako informazio orokorreko egunkarien zerrendan hamargarren postuan dago.
Diario de Navarra, S.A. argitaletxea sortu zen 1992an, La Información, S.A. egunkariko akziodun bakarraren argitalpen jarduerari lotutako aktiboak eskualdatzearen ondorioz; harrezkeroztik, azken horrek holding instrumental gisa funtzionatzen du.
Zortzi urte geroago, La Información S.A. Taldeak Interneten produktu eta zerbitzuen eskaintza bultzatzeko elkarte bat sortu zuen: Navarra Interactiva S.A., zeinaren kargu baitago diariodenavarra.es ataria. Navarra Interactivak pamplona.viapolis.com aisialdi eta entretenimenduko gida, halaber, Viapolis sarean sartuta dagoena, ezarri du. Argitaletxeak, gainera, Época informazio aldizkarian partaidetza garrantzitsua du.
El Correo Español–El Pueblo Vasco
Fernando, Emilio eta Gabriel Ybarra anaiek El Pueblo Vasco sortu zuten 1910ean, monarkia katolikoa defendatzeko. Egunkari apal eta motel samar bat zen, Luis Bellok zorrotzaren definizioa eman zion 1935ean: «Egunkari metalurgiko eta monarkiko bat, koroarekiko fedea berrituz jarraitzen duena eta irakurlerik gabeko egunkarien miraria bizi duena». Alabaina, 1936ko uztailean egunkariko tailerren konfiskazioari ihes egingo zion miraririk ez zen izan. Hortaz, hasiera batean Frente Popularraren propaganda egin zuen, eta abenduaz geroztik Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura egon zen.
Bilbo erori ostean, «Diario independiente» izan zena oihukarien eskuetara itzuli zen, ordukoan «Diario nacional» izenez. Egun horretantxe (1937ko uztailaren 6an) jaio zen El Correo Español, egunkari falangista, zeinarekin 1938ko apirilaren 13an bat egin beharrean egon baitzen, alkandora urdinekoen diziplina eta zuzendaritzapean. Pueblo Vasco zahar eta aristokratikoaren sustatzaileek apalkuntza moduan ikusi zuten batasun antinatural hura.
Alemaniak eta Italiak 1945ean Bigarren Mundu Gerra galdu ostean, Falange Española Tradicionalista erregimenarentzat oztopo bilakatu zen, eta hark pribilegioak murriztu zizkion, eta baita komunikabideetan zuen presentzia ere. Urte horretan, Manuel Etxebarriak 1875ean sortu eta Gerra Zibila arte egunero kioskoetan izan zen El Noticiero Bilbaíno egunkari bikainaren editore izan zen argitaletxea Administrazio Kontseiluan sartu zen.
Hasieran gerente eta 1951tik aurrera zuzendari moduan, El Correo Español‑El Pueblo Vascoren bilakaeran pertsona garrantzitsuena Alejandro Etxebarria izan zen, don Manuelen biloba, kazetari gisa El Noti-n eta Hierro arratsaldeko egunkarian hezia. Harekin hedapen handiko aldi bat zabaldu zen, 1945ean hasita, Arabako edizioa ateratzean –herrialdean bertako komunikabide baten indarraz errotuko zen– eta aurrerago Bizkaiaren aldameneko eskualde gipuzkoarretan, Miranda de Ebron eta Errioxan.
Enkante bikoitza medio, Bilboko taldeak Donostiako El Diario Vasco kontrolpean hartu zuen, 1949an, Espainian informazio orokorreko prentsan nagusi izango zen taldearen eraikuntzan lehen harria ipiniz: Grupo Correo, gaur egun ABCren jabe, eskualdeko hamabost egunkari, aldizkari ekonomikoak, prentsa amerikarrean eta agentzietan partaidetzak, irratiak, banaketa eta publizitateko enpresak, eta teknologia berrietan askotariko inbertsioak dituena.
Zenbait ekimen arrakastatsuri esker –hala nola txirrindularitzako I. Espainiako Bira antolatzea, hirurogeiko hamarkadan Sapisa Agentzia, geroago Colpisa, sortzea, edo 1965ean izara formatua utzi eta tabloide tankerako beste batez ordezkatzeko aldaketa iraultzailea egitea–, Correo prentsa espainiarrean erreferente bihurtu zen, herrialde mailan La Gaceta del Nortek nagusi jarraitzen zuen arren.
Diktadorea desagertzean, 1975ean, El Correok baldintza sozial eta politiko berrietara egokitzeko gaitasun handiagoa erakutsi zuen, eta Antonio Barrena nekagaitzaren zuzendaritzapean bere lehiakide zaharra atzean utzi zuen. Bi egunkari nazionalisten (Egin eta Deia) sorrerarekin beheraldi bat jasan ostean, egunero 100.000 aleren zenbaki magikoa gainditzea lortu zuen.
Euskal Herriko prentsan duen nagusitasuna 1982an islatu zen, erredakzioa informatizatzeko eta errotatiba aldatzeko berrikuntza teknologiko sakon bat eginez, eta Ezkerralde eta Eskuinaldean, Kostaldean eta Durangaldean eskualdeko edizioak atereaz.
Horren arrakasta informazio tokikoaren bidez irakurlearengana hurbiltzean datza, eta jatorrizko printzipioak jarraitzen dituen norabide editorial koherente batean (moderazioa eta autonomismoa) nahiz askotariko edukiak jasotzeko diseinu moderno batean.
Azken datuen arabera, El Correok batez beste 131.383 aleko zabalkundea du. Gaur egun Estatuko informazio orokorreko seigarren egunkaria da, aurretik hauek baino ez ditu: El País, El Mundo del Siglo XXI, ABC, La Vanguardia eta El Periódico de Catalunya.
El Diario Vasco
El Diario Vasco 1934ko azaroaren 27an jaio zen, porrot egindako Urriko Iraultzak politikoki eta sozialki ernegatutako giro batean. El Diario Vasco bere ideia kontserbadore, monarkiko eta foruzaleak entzunarazi nahian zebilen, egunkari ugariren artean, zehazki zazpi, 350.000 pertsona baino gehixeago zituen herrialde baterako.
Ezaugarri komuna monarkikoak izatea zuten prentsa, politika eta negozioetako pertsonek sustatu zuten: Ramiro Maeztu, Roman Lizarriturri, Jorge de Satrustegi, Joakin Txurruka, Federico Oliván, Jose Manuel Brunet, Jose Mugika, Jose Mª de Areilza edo Luca de Tena anaiak. Azken horiek, ABCren editore Prensa Españolaren bidez, gaur egun prentsa gipuzkoarraren dekanoa den egunkariari sostengu tekniko eta ekonomikoa, eta baita gizon‑emakumeena ere, eman zioten.
Artean bi urte bete gabe zegoela, 1936ko uztailaren 18an, El Diario Vasco itxi egin zuten eta tailerrak konfiskatu zituzten, Frente Popular inprimatzeko. Hura izan zen, hain zuzen ere, altxamendutik karlista nafarrek hiria hartu zuten arte Donostian argitaratu zen egunkari bakarra. Irailaren 13an, egunkaria kalera itzuli zen, orri moduan, «iraultza nazionala» berotasunez ospatuz eta Frente Popularrak azken hilabeteetan Donostian eraildako pertsonen zerrenda emanaz.
Alabaina, hasierako itxaropenak laster mikaztu ziren eta El Diario Vascok, Falangeak kontrolatzen ez zituen beste hainbat komunikabidek bezala, itxiera mehatxuak pairatu zituen, isunei aurre egin behar izan zien, eta Ministerioak izendatutako zuzendari ugari izan zituen, horien artean, tarte laburrez bada ere, Manuel Aznar eta Dionisio Ridruejo.
Berrogeiko hamarkadaren amaieran, Prensa Españolak bere akzioak Bilboko El Correo Español‑El Pueblo Vascoren jabe Bilbao Editorial enpresari saldu zizkion, eta gerente Alejandro Etxebarria izendatu zuten. Gerente berriak egunkaria kudeatu zuen garaian ekin zion lehenengo berrikuntza tekniko eta administratiboari.
Ideologia handirik gabeko egunkaria zen eta beti irakurleen gertuko informazioari arreta handia eskainiz, frankismo garaiko berrogei urteetan El Diario Vasco prentsa probintzialeko bere ereduari lotu zitzaion. La Voz de Españaren –Gipuzkoako lehen egunkaria, eta Cadena de Prensa del Movimiento‑n errentagarria zen bakarrenetakoa– atzean bigarren maila batean, El Diario Vascoko akziodunen artean dibidenduen banaketa eskasa izaten zen, eta kapital-zabalkuntzak, berriz, ugariak.
Hala ere, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Sociedad Vascongada de Publicaciones egunkariaren editoreak enpresa, finantza eta teknologia mailako egiturak zabaldu eta berritzeko anbizio handiko prozesu bati ekin zion, eta horrek 1976‑1979 aldian balantze negatiboak eragin zituen.
Suárezen Gobernuak, 1980an, La Voz de España eta Unidad itxi zituen, eta El Diario Vasco izan zen Gipuzkoako prentsan nagusi. 1979an batez beste 29.000 aleko hedapena bazuen, urtebete beranduago 52.545 alera heldu zen, Euskal Herrian bigarren lekua hartuz, aurretik El Correo Español‑El Pueblo Vasco kidea baino ez zuela. 2001ean, bere batez besteko hedapena 94.000 aletakoa zen. Kopuru horrek, 673.000 biztanle zituen Gipuzkoaren gisako probintzia batean, 1.000 biztanleko 139 egunkari barneratzeko ahalmena ematen zuen, ia Europako mailara iritsiz.
Iragarkiak jartzen zituztenentzat, El Diario Vasco Espainiako egunkari errentagarriena zen, El Correo, La Vanguardia eta Diario de Navarraren aurretik. Datu hori egiaztatzeko erabiltzen den neurria mila aleko iragarkiaren kostua da, ZNB (Zabalkundea Neurtzeko Bulego) organo independentearen kontrolaren arabera.
Deia
Prentsa nazionalistarik gabe 40 urte luzez egon ostean, 1977ko ekainaren 8an offset errotatibak biratzen hasi ziren ostera Deiaren lehen zenbakia inprimatzeko. Egunkari nazionalista moderatua zen, baina hasiera batean behintzat sigla zehatzetatik aparte zegoen. Egin irakurle-mota berari zuzentzen zitzaionez, kioskoetara aurrena iristeko borrokak Deiaren presazko jaiotza ekarri zuen, lehen hauteskunde demokratikoak baino astebete lehenago.
Iparragirre argitaletxea bere izenkide gipuzkoarraren antzera eratu zen: hau da, akziodunen oinarri batetik abiatuta –25 bazkide, horien artean Eusko Alderdi Jeltzaleko zenbait pertsona garrantzitsu–, 1.000 pezetako harpidetzako eskaintza publiko bat atera zen.
Egunkariko langileak batik bat La Gaceta del Norte edo Hierron aritutakoak ziren, eta proposamena berritzailea zen, zenbait alderdi formal nahiz funtsari zegozkionak bitarteko. Batetik, inprimazio-kalitate eta tratamendu grafiko bikaina, ordena eta maketazio arretatsuak. Bestetik, Deiak orduan nagusi zen eredu probintziala hautsi zuen, eta Euskal Herri osorako edizio bakar bat eskaintzen zuen, herria unitate kultural bakar bat bezala hartzen zuelarik –geroago banatu zituen alorreko edizioak. Horrez gainera, egunkariaren sail guztietan euskara ageri zen.
Deiaren irteera bizkorrak eta bereziki aproposa zen uneak 50.000 irakurle inguru ekarri zizkion; egunkarien %65a Bizkaian saltzen zen, eta Nafarroa eta Araban apenas zuen presentziarik. Salmenta maila horietan egonkortuta, eta irakurleak gero eta gehiago Bizkaia aldekoak zituelarik, merkatuan bideragarri izan beharrak independentzia arriskuan jarri eta gobernuko alderdiarekin engaiatzera eraman zuen. Laurogeiko hamarkadaren erdialdera alderdi jeltzalea zatitu eta Eusko Alkartasuna jaio zenean, engaiamendu hura eragozpen handia gertatu zitzaion. Aldi berean, nazioarteko eta Espainiako informazioek pisua galdu zuten, Autonomia Erkidegoko berrien mesedetan.
Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, 44.000 ale inguruko hedapena zuenean, Deiak ZNBaren (Zabalkundea Neurtzeko Bulego) kontrol ofizialei uko egin zien.
Egin / Gara
Trantsizio politikoaren garaian sortutako egunkari guztien artean, ez zegoen bat Egin baino interesgarriagoa zenik. Asmoa teknikoki akatsik gabea eta diseinu modernoa –El Paísen tankerakoa, orduan eredu nagusia zena– izango zuen egunkari bat, ezkerrekoa eta nazionalista, alderdietatik independentea, Euskal Herri osoaren estaldura geografiko eta kulturala eginez informazioa lantzerakoan plurala eta irekia izango zen egunkari bat martxan jartzea zen. Zati garrantzitsu bat euskaraz idazten zen. Erredakzioan batez ere jende gazte eta grinatsua zegoen, irratitik zetorren zuzendari ospetsu batek gidatzen zuena: Mariano Ferrer.
Orain, S.A. argitaletxearen kapital soziala hiru zatitan egituraturik zegoen: 120 milioi bazkide-talde batek inbertituak, beste 120 milioi kredituetan, eta 100 milioi gehiago 12.500 partaidek jarriak. Egin osagai horiekin egin eta lehen zenbakia 1977ko irailaren 29an atera zen.
Baina Eginen kasuan, Deiarekin gertatu zen bezala, kalkulu positiboegiak egin ziren, eta laster ikusi zen joera nazionalistako prentsa bat eskatzen zuen «irakurle berriak» egunkari bat manten zezakeela, baina ez bi. Egunkariaren lehen kontrolak 45.731 aleko zabalkundea eman zion, sustatzaileek espero baino askoz gutxiago. Bi urte geroago, 41.000 ale eskas saltzen zituen.
Arazo ekonomikoei barne gatazkak gaineratu zitzaizkien, nazionalismo gogor bati atxikitako zuzendaritza batzordearen eta Euskadiko Ezkerrako ideietatik hurbilago zegoen erredakzioaren artean. Oihartzun publikoa izan zuen lehen gatazka egunkaria agertu eta hilabetera sortu zen, Augusto Unceta-Barrenechea Bizkaiko Aldundiko presidentearen hilketa salatu zuen editorial baten ondorioz; horrek zuzendariaren kargugabetzea ekarri zuen. Urtebete geroago, 1978ko abenduan, sektore moderatuenak Egin utzi zuen, eta harrezkero egunkaria Herri Batasunaren inguruan bildutako ezker abertzalearen bozeramaile nagusia izan zen, 1998ko uztailean Baltasar Garzón Entzutegi Nazionaleko epaileak itxi zuen arte, ETA talde terroristaren egitura finantzarioarekin zerikusia zuelakoan. Urtebete geroago kautelazko itxiera kendu zen, baina bost urte pasa ondoren bista ez da oraindik burutu.
Eginek hitza berreskuratu zuen 1999ko urtarrilaren 30ean, Gara bihurtuta. Itxitako egunkariko langile eta kolaboratzaile gehienak ostera bildu zituen, baina bere norabidean moderazio handiagoa nabari da, zalantzarik gabe ezker abertzalearen barne eztabaida islatuz. Gararen zabalkunde mailari buruzko datu fidagarririk ez dago, 2000. urtean, Eustatek 100.000 irakurle baino gehixeago ematen zizkion, baina tirada zein zabalkundeari buruzko kalkulurik eskaini gabe.
Euskaldunon Egunkaria / Berria
Gerra Zibilaren ondorengo euskarazko lehen egunkaria –aurreko azkena Eguna izan zen, 1937an–, sortze luze eta nekeza izan zuen, euskarazko prentsa oraindik orain komertzialki bideragarria ez zelako, eta ondorioz fondo publikoen mende zegoelako.
Laurogeiko hamarkadaren hasieran, kazetari talde batek euskarazko eguneroko prentsaren lehen proiektua martxan jarri zuen, hasiera batean Egunkaria Sortzen deitu zena.
Argia taldearen inguruan egituratua zegoen aurreneko talde hori baztertua izan zen, 1986an Gasteizko gobernuak Deia eta Egin egunkariek sustatutako bi astekariri diruz lagundu zienean. Horrela jaio ziren Hemen eta Eguna, 1990 arte iraun zutenak. Aldi berean, baztertuek Egunkaria S.A.ren kapitala osatzeko kanpainari ekin zioten, amestutako egunkaria ateratzeko asmoz. 1990eko abenduaren 6an agertu zen, talde sustatzaileak eta partaideek –500.000 pezetako akzioak eta 5.000 pezetako partaidetzak saldu ziren– emandako bultzadari eta eragiketan sartutako kultur eta gizarte egitura zabalaren engaiamenduari esker.
Euskaldunon Egunkaria muga ekonomiko, tekniko eta informatibo handiekin jaio zen, instituzioen laguntza eskasaz, baina Euskal Herriko merkatuan tarte bat hartzeko gai izan zen, euskarazko egunkari nazionala sortzeko erabakimena erabatekoa baitzuten haren sustatzaile nagusiek. 2001eko kontrolak 14.396 aleko eguneroko hedapena eman zion, aleen erdiak Gipuzkoan saltzen zirelarik.
Entzutegi Nazionalak, 2003ko otsailaren 20an, egunkariaren itxiera eta haren erantzuleetako batzuen auziperatzea agindu zuen. Une horretan, erakundeetatik eta gizartetik elkartasunezko mugimendu handi bati ekin zitzaion, eta horri esker hilaren 21etik aurrera egunkari apal bat atera ahal izan zen, Egunero, euskarazko egunkari berri bat martxan jarri bitartean hutsunea bete zezan. Azkenean, egunkari berria, Berria izenekoa, 2003ko ekainaren 21ean atera zen.
Diario de Noticias
Navarra Hoy argitara eman zen 1982ko maiatzaren eta 1994ko urtarrilaren artean, joera nazionalistako komunikabide bat, Foru Erkidegoan orduan gobernuan zegoen sozialismoaren laguntza bilatu zuena. Egunkaria itxi eta hiru hilabete geroago, argitaletxe berberak, Zeroa Multimedia S.A., eta erredakzio berberak Diario de Noticias aurkeztu zuten.
Bere aurrekoak baino enpresa, kultura eta politika mailako interes askoz zabalagoak uztartuz, Diario de Noticiasek irakurle euskaltzale eta progresisten artean Diario de Navarrak uzten duen hutsunea bete zuen. Diario de Noticiasek hainbat irakurle-mota izan zuen jomuga, hala diseinuagatik, berritzailea eta lehiakidearen zurruntasunetik erabat aldendua, nola edukiengatik; kultura, kirola, ekologia edo aisialdiari arreta handia eskaintzen zaie, tokiko informazioa edo eskelak alde batera utzi gabe.
Apalki bada ere –ia 14.000 irakurle–, Diario de Noticiasek Nafarroako prentsari nolabaiteko aniztasuna ekarri dio.
El Periódico de Álava
Berrogeiko hamarkadaz geroztik Araban edizio bat duelarik, El Correo Español‑El Pueblo Vascok nagusitasun eroso eta sendoa du herrialde horretan. Are gehiago kontuan hartzen badugu 1982an Norte Expréss itxi zenetik 1996ko abenduaren 14an El Periódico de Alava aurkeztu zen arte, Araba zela prentsa propiorik gabeko Estatuko probintzi bakarrenetakoa.
Bete beharreko hutsune bat zegoela ulerturik, zenbait enpresari eta elkarte pribatu komunikabide arabar bat sortzeko elkartu ziren, atxikimendu politiko zehatzik gabea eta hiru irizpide nagusitan oinarritua: Arabako aniztasun ideologiko eta politikoarekiko errespetatzea, informazio hurbilenekoa jasotzea eta, kudeaketari dagokionez, neurritasuna gastuetan.
Proiektua ez zen behar bezala mamitu, eta El Periódico de Alavaren bizialdi laburra kezka eta ezustekoz betea egon da: kapital zabalkuntzak, bazkide berrien sarrera, aldaketak zuzendaritzan, nazionalismorako orientabide ideologiko berria... Iruñeko Diario de Noticiasekin eta Deiarekin lankidetza harremanak ditu.
Zabalkundea Neurtzeko Bulego (ZNB) delakoaren kontrolik izan ez bazuen ere, hasieran 15.000 ale inguruko zabalkundea izango zuela kalkulatzen da.
Eskualdeko edizioak dituzten Espainiako egunkariak
El Mundo del País Vasco
Gobernuan zegoen sozialismoaren gainbeherako urteetan garatutako ikerketa eta salaketazko kazetaritza abiapuntu harturik, Diario 16ko zuzendaria izandako Pedro J. Ramírezek tarte laburrean bere komunikabidea informazio orokorrekoen artean hirugarrena –El País eta ABCren atzetik– izan zedin lortu zuen.
Hego Euskal Herriko merkatuan ere indartsu sartu zen, eta horrek egunkaria 1991ko maiatzean eskualdeko edizio bat sortzera bultzatu zuen, El Mundo del País Vasco, jabea Editora del Pueblo Vasco duelarik. Madrilgo egunkariak eskainitako sostengu teknikoaz eta orrialdeen horniketaz, El Mundoren Bilboko erredakzioak lehen orrialdeko berriak eta atal nagusietan orrialde egokituak eransten ditu, eta baita zutabegile propioak ere. Lehen urtean edizio bakarra bazen ere, geroago herrialdekako edizioak moldatu ziren.
Hasieratik, El Mundoren bereizgarri izan da iritzi‑espektro zabal eta anitza izatea. Egunkariaren beste tasun bat aurkezpen grafikoa eta diseinua da.
El Mundo del País Vascoren zabalkundea, zenbait gorabehera medio, 15.000 eta 18.000 ale artekoa da.
El País
Trantsizio politikoa martxan zegoela adierazten zuen sinboloetako bat, demokraziako lehen egunkari moduan, El Paísen aurkezpena izan zen. Bere kalitate materialak eta argitasun ideologikoak lidergora eraman zuten, eta gaur egun ere nagusitasun hori eroso mantentzen du. Euskal Autonomia Erkidegoko edizioa zabaldu zuen 1997ko maiatzaren 29an. Hiru hiriburuetan du erredakzioa, non 8 edo 12 orrialdeko erdiguneko koaderno bat egiten baita.
ZNBaren 2001eko kontrolak egunero 14.276 aleren salmenta ematen dio.
Marca
Marca, negozioan duen bolumenagatik nahiz irakurleen kopuruagatik –aleko irakurle gehien dituena da– Espainiako egunkari herrikoiena, Donostian sortu zen 1938an, Gerra Zibil betean, Prensa del Movimiento kateko kiroletako komunikabide gisa. Gerra amaituta, Madrilera lekuz aldatu, eta astekari izatetik egunkari izatera pasa zen. Franco hiltzean, saldu egin zuten, Estatuko Gizarte Hedabide ziren beste komunikabide guztien moduan. Gaur egungo jabea Grupo Recoletos da, Expansión egunkari ekonomikoaren jabea ere badena.
Esan denez, Estatuan tirada handieneko egunkaria da, informazio orokorrekoen gainetik, egunero 400.000 ale inguru saltzen dituelarik, kiroletakoen artean, segidan duen As egunkariak baino bi halakotik gora.
Euskal Autonomia Erkidegoan emaitza interesgarriak agertzen ditu: batez beste 20.722 erosle eta 92.000 irakurle. Hortaz, laugarren egunkari irakurriena da, aurretik El Correo, El Diario Vasco eta Gara dituela. Nafarroan 4.000 ale inguruko eskaria du. Azken urteetan edizio bat Espainiako Futbol Ligako lehen mailan diharduten Euskal Autonomia Erkidegoko taldeei eskaintzen die, lehen orrialdearekin eta hasierako orrialdeekin.
Ipar Euskal Herriko egunkariak
Sud Ouest
Bordelen argitaratua eta 1944an sortua, 345.000 alerekin Frantziako eskualdeko bigarren egunkaria da, Ouest Franceren atzetik. Egunero 20 edizio ateratzen ditu, Girondaren arrotik Pirinioetara bitarteko zortzi departamentuak hartuz.
Sud Ouest hegoaldean estatuko prentsatzat hartzen dugunaren antzeko eredu bati lotzen zaio. Izan ere, eskualde zabal bati buruzko informazioa ematen du, eta Euskal Herriari, Biarnori eta Landei tarte aski murritza eskaintzen die, Bordeletik datozen berriei, Parisko egoera politikoari buruzkoei edo nazioarteko gertakizunei baino askoz txikiagoa. Oraindik orain izara formatuari uko egin dio, eta igandeko edizio bat argitaratzen hasi da. Bere ikurritza hau da: «Gertaerak sakratuak dira, iritziak askeak».
Sud Ouesten jabe GSO taldeak beste lau egunkari ditu, guztira 432.000 aleko zabalkundea dutenak. Grupo Correorekin akzio gurutzatuak ditu, eta elkarrekin zenbait proiektu garatu dituzte, hala nola Viapolis.com ziber‑zerbitzuen elkartea.
Le Journal du Pays Basque
Le Journal du Pays Basque 2001eko udazkenean sortu zen. Frantsesez argitaratu baina euskaraz eta gaskoiez kolaborazioak dituen egunkaria Donostian inprimatzen zen.
Le Journal du Pays Basquek batik bat hurbileneko esparru sozial, politiko nahiz kirol eta kulturari erreparatzen dio. Sud Ouesten kazetaritzako ereduari erantzunez, Le Journal du Pays Basquek aldarrikatzen du Euskal Herria «ez dela postal tankerako herri bat, ezta mina‑landa bat ere. Bizitza sozial, kultural, politiko, ekonomikoa du. Gertatzen dena hobeto ulertzeko, bertako ekimenak ezagutu eta onartuak izan daitezen, bereizkeria eta bidegabekeriak adierazi daitezen eta bazter utzi ez daitezen, langileen, enpresarien, nekazarien, langabetuen aldarrikapenak prentsan jaso daitezen... edo, besterik gabe, gutxiengo demokrazia, adierazpen-askatasuna bermatzeko, prentsa anitza egon dadin bermatzeko».
Egunkaria krisi sakon batean murgilduta zegoen 2003ko hasieran, etorkizuneko bideragarritasuna arriskuan jarririk. Desagertu ez zedin, harpidetza kanpaina bat burutu zen, hileko 20 eurotan, gutxienez 1.000 harpide lortzeko. «Pertsona orori zabaldutako egunkari bat egin dugu; pertsona orok ahal duena egin dezala, Le Journalek zabalik jarraitzeko», eskatu dute editoreek. 2013an itxi zen aurrera egin ezinik.
Eranskina
Albiste-agentziak
Euskal Herri mailan komunikabide berriak agertzearekin batera, Trantsizioko urteetan albiste-agentzia euskaldun bat sortzeko ahaleginak egin ziren. Euskadi Press eta OPE‑EPI agentziek, lehena ezkerreko sektore nazionalistei lotua eta bigarrena EAJri, ibilbide-albiste-agentzia bat bermatu 1982ra arte, Antonio Petit Caro Bilboko La Gaceta del Norteko zuzendari izanak gidatutako kazetari talde baten ekimenez: Vasco Press. Enpresako egituretatik kanpo profesionalek sustatutako lehen agentzia izan zen, esparru geografiko mugatu batean: Euskal Herria.
Hogei urte baino gehiagotan, Vasco Press agentzia bizkor eta ongi antolatu bat agertu da, eta bere bezeroei –gehienbat Euskal Herriko komunikabideak, baina baita Estatuko zenbait ere– produktu ugari zerbitzatzen dizkie. Vasco Press albiste-zerbitzuak batez beste 500.000 hitz ditu urteko, eta horiek 10.000 albiste baino gehiago moldatzen dituzte. Informazioa analisi eta datu‑base zerbitzuarekin osatzen da, «Crónica» medio, Euskal Herriari buruzko informazio eta dokumentazioko astean behingo buletina. Gaur egun, dokumentazio eta datu‑base zerbitzuak, guztiz eginak eta erabiltzaileen eskura daudenak, 1.000 txosten baino gehiago ditu eta urtero 3,5 milioi hitzeko dokumentazio kopurua hartzen du.
EFE albiste-agentzia ofiziala Euskadin 1985az geroztik modu autonomoan ezarrita dago, eta horrek Bilboko lotunetik informazioa sorturik, Espainia osora banatzeko ahalmena ematen dio. Beraz, Euskal Herriko jabetzako agentzia izan gabe, Euskal Herrian informazioa hedatzeko gune nagusienetako bat da.
Argazki Press informazio grafikoko agentzia 2002ko urtarrilaren 1ean martxan jarri zen, batez ere, Gara, Egunero eta Le Journal du Pays Basque elikatzen dituena. Bulego nagusi bat du Donostian, eta ordezkaritzak Euskal Herriko lurralde guztietan. Bere egiturak kalitateko irudiak azkar eta modu eraginkorrean eskaintzea ahalbidetzen dio.
Azkenik, aipatu beharra dago eskualde arteko lehen albiste-agentzia, Colpisa, sortzeko ideia Jabier Ybarra eta Luis Bergaretxe Bilboko El Correo Español‑El Pueblo Vascoko editoreena izan zela. Agentzia sortu zenean, 1967ko abenduan, Espainiako hamabi egunkari lotu zitzaizkion «informazio bereizi eta esklusiboa» bermatzeko xedeaz. Urtebete geroago, Luis Bergaretxeren zuzendaritzapean, hemeretzi ziren Colpisan bildutako eskualdeko egunkariak. Agentzia Manuel Leginetxe kazetari bizkaitarrak zuzendu zuen 1972 eta 1982 bitartean.
Ondorioak: itxaropenetik kezkatara
Euskal Herriko kazetaritzaren merkatuak 1977tik eraldaketa sakona ezagutu du, hiru aldi kronologikoetan azter daitekeena.
Lehen aldian, 1977 eta 1984 bitartean, egunkari zahar asko itxi (prentsa instituzionala nahiz pribatua) eta beste batzuk jaio ziren, bi baino errotu ez baziren ere: Deia eta Egin.
Bigarren aldian, laurogeiko hamarkadaren erdialdean hasten denean, euskal egunkarien egoera egonkortzen da, eta irakurleen merkatuan banaketa berria sortzen da. Prentsa nazionalistak 1984‑85etik aurrera, pixkanaka behera egin zuen, egonkortasun orokorraren barruan, eta enpresako hiru egunkari handiek –El Correo, El Diario Vasco eta Diario de Navarra– hazkunde historikoa ezagutu dute.
Hirugarren aldian, laurogeiko hamarkadaz geroztik, eskaintza aberastu egin zen, gerraosteko euskarazko lehen egunkariarekin, Euskaldunon Egunkaria, eta Gasteizko El Periódico de Alava zein Iruñeko Diario de Noticias egunkariekin nahiz El Mundo eta El Paísen euskal edizioekin.
Azkenik, gogoratu behar da bost urteko epean epailearen erabakiz agindutako bi egunkarien –Egin eta Egunkaria– itxierak gizartean astinaldi eta gaitzespena eragin zituen, auzi politiko, sozial eta kultural garrantzitsuak tarteko.
Euskara prentsan
Erabat euskaraz argitaraturiko hiru egunkari baino ez dira izan Euskal Herriko eguneroko prentsaren historian: Eguna, 1937ko urtarrilaren 1etik ekainaren 17ra argitaratua; Euskaldunon Egunkaria, 1990ko abenduaren 6an atera zena, eta epailearen aginduz 2003ko otsailean itxi zena; eta Berria, 2003ko ekainean Euskaldunon Egunkariaren ondorengotzat plazaratua. Euskal prentsaz aritzeko, beraz, esparrua egunero atera ez diren argitalpenetara zabaldu behar da; izan ere, horiek izan dira euskarazko kazetaritzaren ohiko euskarriak.
Konplitutako asmoa
Euskal Herriko kazetaritzan aditua den Javier Díaz Noci irakaslearen arabera, euskal kazetaritza 1834an hasi zen. Urte horretan Correo del Norte argitaratu zen Donostian, egunkari liberal bat, erdarazkoa, baina bi zenbakitan euskarazko testu bana sartu zituena.
Baina lehen euskal kazeta, osorik euskaraz argitaratutako lehena, Uscal Herrico Gaseta izan zen, 1948ko udan. Jose Augustin Xaho erromantikoak idatzi zuen, hauteskundeetan diputatu aukera zezaten sustatzeko.
XX. mendeko aldizkari eta egunkariak
Bigarren Karlistaldiaren ondoren euskara berpiztu egin zen, astekari eta aldizkari ezberdinen eskutik. Horietako gehienak elebidunak edo hirueledunak ziren, eta bertako ikerlanen eta kultur sustapenaren oinarriak ezarri zituzten: Baionako Eskualduna, Iruñeko Revista Euskara, Donostiako Euskal Erria eta Gasteizko Revista de las Provincias Vascongadas.
Mendearen bueltan, Euskalzale eta Ibaizabal astekariek, Resurreccion Maria Azkuek argitaratuek, «euskarazko argitalpen batek lehenengo aldiz kazetaritza modernoari dagozkion baliabideak erabili zituzten (argazkiak, zutabeak, tartekiak, tituluak, eta abar)».
Donostiako La Unión Vascongada katoliko eta erregezale alfontsotarra (1891‑1903) egunkarien historian sartu zen euskarazko artikuluak, erregularki ez izan arren, argitaratzen lehena izan zelako, baina Euzkadi nazionalista izan zen 1913az geroztik atal egonkor bat zabaldu zuen aurrenekoa, Evaristo Bustinza, «Kirikiño»ren zuzendaritzapean.
Euskarazko egunkari baterantz
Euskarazko egunkari bat ateratzeko ahaleginak 1920an hasi ziren, artean jaioberri zen Euskaltzaindiak Bilboko egunkari nagusiak testuez elikatzeko erredakzio bat abian jarri zuenean, euskarazko egunkari elebakar baterako hazia izateko itxaropenaz. Hutsunea, Gipuzkoan bereziki agerikoa, euskal hiztunen kopuru handiena zuen eta duen herrialdea izaki, Argia astekariak bete zuen 1921ean. «Euskarazko prentsaren aitzindariak», Díaz Noci irakasleak definitu zuen bezala, zabalkunde dezentea izan zuen –10.000 ale hogeiko hamarkadan–, tratamendu grafiko moderno bati eta irakurle ugarirentzat ulergarria zen euskara mintzatuaren hurbileko hizkera bat erabili izanari esker.
Behin bermatuta, Argia egunkari bihurtzea pentsatu zen, baina asmo horrek ez zuen arrakastarik izan. Hala ere, Primo de Riveraren diktaduraren amaieran sortutako egunkari nazionalistek, hala nola El Día eta, II. Errepublika betean, Tierra Vasca argitalpenek, euskarazko orrialdeak sartzen zituzten beren ataletan.
Gerra eta debekua
Ikastoletako geletan euskara zen nagusi 1936an, hizkuntza aldizkari, egunkari eta argitalpenetan irakurri ahal zen, eta eguneroko bizitzaren zatia zen, landako eremuetan ez ezik baita hiritarretan ere.
Gerra Zibilak joera hori apurtu zuen. Gatazka betean, 1937ko urtarrilaren 1ean, Eusko Jaurlaritzak euskarazko lehen egunkaria abian jarri zuen, Eguna, Ziarsolo kazetariaren eta Agustin Zubikarai idazle gaztearen gidaritzapean. Matxinatutako soldaduak Bilbora sartzean, Eguna desagertu egin zen. Zenbait hilabete geroago, Burgosko Gobernuak euskaraz mintzatu eta idaztea debekatu zuen.
Donostiako El Diario Vasco, 1946an, garai hartan Jose Berruezok zuzendua, bere orrialdeetan Axularren hizkuntza berreskuratzen ahalegindu zen, baina Prentsaren Zuzendaritza Nagusiak baimena ukatu zion. Hamarkadaren amaieran, Fernando Artola Bordarik euskarazko lehen atala zabaldu zuen, erregularki ez bazen ere, eta horri baserritarrei eta igandeko ebanjelioaren iruzkinari eskainitako astean behingo orrialde bat gaineratu zion. Donostiako egunkariak, 1966aren amaieran, euskarazko bere lehen editoriala argitaratu zuen.
Normaltze bidean
Deia eta Egin atera izanaren ondorio nabarmenetako bat 1977an euskararen agerpena izan zen egunkarietako orrialdeetan, informazio politiko, kultural eta sozialaren euskarri moduan, 40 urtez baztertuta egon ostean.
Egunkari nazionalistek orduan ibilian ziren aldizkari euskaldunetatik kolaboratzaile eta erredaktoreak erakarri zituzten, eta horiek euskaraz berezko estilo bat sortzera animatu zituzten. Denbora joan ahala, gaur egun onartu beharra dago Deia eta Egin elebidunek –garai hartan lehiakideek kontuan hartu ez zutena, ez ikusiarena eginez, eta zenbait euskaltzale zorrotzegik nahikoa ez zelakoan kritikatua– Euskal Herriko prentsak euskararen normalizazioaren alde egin zuela.
Euskal Herriko prentsak euskarazko egunkari elebakar bat izan du, Euskaldunon Egunkaria, itxi zuten arte hedapen dezentekoa. Egunkaria ixtean, langileek beste egunkari bat martxan jarri zuten, Egunero izenekoa, egunkari berri bat sortzea deliberatu artekoa. Azkenean, 2003ko ekainaren 21ean Berria atera zen.
Ziberkazetaritza
Kazetaritza elektronikoa, telematikoa, digitala, online, Internetez… izen ezberdinak fenomeno berarentzat: informazio multimedia ziberespazioan. Ziberkazetaritza. Aldaketak abiada zorabiagarrian datozen arren, gaur sarean dagoen kazetaritzak zerikusi handiagoa du tinta eta beso-erdiarekin etorkizuneko komunikabide interaktibo, multimedia eta hipertestualekin baino. Etorkizunean, ziberinformazioaren negozioak zuzenean ekoizpen elektronikoan espezializatutako unitateen esku egongo da, horiek dutelarik lineako kazetaritzak eskaintzen dituen abantailei –informazio azkarra, zabalkunde globala, kostuen murrizketa, informazio eta zerbitzuen gune bat osatzea– ahalik eta etekin handiena ateratzeko ahalmena.
Bilakaera tekniko baten mugarriak
Kazetaritza elektronikoa, telematikoa, digitala, online, Internet… izen ezberdinak fenomeno berarentzat: multimedia-informazioa ziberespazioan. Ziberkazetaritza.
Pantaila elektronikoa laurogeiko hamarkadaren hasieran sartu zen egunkarietako erredakzioetan, idazmakinak bazter utzi zirenean, testu‑prozesaketako eta orrialde‑diseinuko sistema informatiko baten mesedetan.
Hurrengo urratsa, erabakigarria, hamarkada bat geroago eman zen, produktua bera, egunkaria alegia, euskarri informatiko gisa egiten denean, CD‑ROM moduan edo Internet bidez hedatua izateko, bertsio inprimatuaren osagarri telematiko moduan.
Kazetaritza klasikoa euskarri futuristetan
Azken urteetan aldaketak abiada zorabiagarrian datozen arren, kazetaritzatik sortu baina kazetaritzaren kontzeptu tradizionaletik aldentzen den informatzeko modu berri baten historiaurrean gaude oraindik. Díaz Noci irakasleak bere La escritura digital aski gomendagarrian adierazten duenez, gaur sarean dagoen kazetaritzak zerikusi handiagoa du tinta eta beso‑erdiarekin etorkizuneko komunikabide interaktibo, multimedia eta hipertestualekin baino.
Egoera hori azaltzeko lau arrazoi daude:
- erreferentziazko eredu baten falta, edozein komunikabide jaioberriren sortzetiko muga;
- etxeko ekipamenduen muga teknikoak, segundo batzuetan bereizmen txikiko testu eta irudiak deskargatzeko baino gai ez direnak;
- hedabideen jabetza, gaur egun hainbat eskutan daudenak, hau da, egunkari inprimatuen argitaratzaileenetan, horiek egunkarietan jasotako informazioa Interneten jartzera mugatzen direlako;
- kazetari eta profesionalen inertzia bera, gehienak ziberinformazioaren berezko eskakizunetara gutxi egokituta baitaude.
Ondorioz, gaur egun Interneteko egunkariak zabaltzen ditugunean, inprimatutako produktuaren erreprodukzioa ikusten dugu, inprimatua izatea eskatzen duen paper bat pantailan jarria. Hots, egunkari elektroniko bat.
Ekoizpen eta erabilera elektronikoaren erronka
Gaur egun komunikabide elektronikoak komunikabide arrunten esku berdinetan badaude, eta beraz egiazko lehiarik ez badago, badirudi etorkizunean ziberinformazioaren negozioak zuzenean ekoizpen elektronikoan espezializatutako unitateen esku egongo dela, horiek dutelarik lineako kazetaritzak eskaintzen dituen abantailei –informazio azkarra, hedapen globala, kostuen murrizketa, informazio eta zerbitzuen gune bat osatzea– ahalik eta etekin handiena ateratzeko ahalmena.
Prentsako kazetaritzaren heriotza?
Horrek zer esan nahi du, albisteak hedatzeko modu berriek paperezko prentsa tradizionalari tokia kenduko diola, edo hura zaharkituta utziko dutela? Ez dirudi kioskoetako egunkariaren etorkizuna arriskuan dagoenik. Hala ere, zalantzarik gabe aldatu egingo dute, garai batean irratiak eta telebistak paperari zirrara sorrarazteko ahalmena kendu zioten bezala, ikus‑entzunezko komunikabideen berehalakotasun handiagoa medio.
Sareak kazetaritza idatziari bizkortasun handiagoa emango dio, orain gertaeren berri gertatu ahala eman baitaiteke; alabaina, kazetaritza idatziak orain arte izan duen abantaila nagusia gal dezake: hausnarketa lasaia, azterketa eta sakontasuna.
Euskarri berriaren ezaugarriak
Egunkariaren amaiera
Aukera berri eta orain arte ezezagunak eskaintzen dituen informazio-tresna berri bat daukagu, egunkari izena egokitzen ez zaiona, eta aldizkako argitalpena ere ez dena; izan ere, albisteak ez dira ez egunero ez aldizka berritzen, etengabe baizik, gertakizunak jazo ahala. Euskarri horrek munduko edozein lekutan edozein unetan pilatutako informazio guztia eskuratzea ahalbidetzen digu. Aldizkakotasunaren haustura deitutakoa da.
Informazio Multimedia
Ziberespazioan egindako kazetaritzaren beste ezaugarri bat bere izaera multimedia da. Kazetaritza tradizionalak eta multimediak komunak dituzte testua eta irudi grafikoa, baina horri gaineratzen zaizkio soinua, irudi mugikorrak, datu‑baseak, norberak egikaritzen dituen programak eta osagai interaktiboak.
Informazio hautatua
Diskurtso digitalaren berezitasun nagusia gertaera‑segidaren haustura da, hipertestuaren (testu aukerak) eta hipermediaren (informazio testual, grafikoa eta soinuzkoaren aukerak) lotura bidezkoa.
Komunikabide digital oro, definizioz, interaktiboa da, eta horrela mass‑medien norabide bakarreko diskurtsoa gainditzen du. Orain irakurleak posible du aukerak egitea, hautatzea eta elkarrizketan jardutea. Apur bat urrunago, kartako kazetaritza bat bistara daiteke, non irakurleari bere terminalean hari interesatzen zaizkion berriak baino izango ez dituen egunkari bat jasotzeko aukera ematen dion.
Gaur egungo egoera
Internetez edizio bat argitaratzen lehena Kataluniako Avui egunkaria izan zen, 1995eko apirilaren 1ean, eta segidan etorri ziren El Periódico de Catalunya eta La Vanguardia.
Kataluniatik kanpo, Donostiako El Diario Vasco egunkariak estatu mailako komunikabide guztiei aurrea hartu zien, eta 1995eko urte berean Euskal Herriko prentsa digitala abian jarri zuen.
Estatu mailan, lehen komunikabide erabat elektronikoa, La Estrella Digital, Bilbao Bizkaia Kutxarekin elkartu zen, 2001eko urtarrilean Euskadi Digital sortzeko. Bi urte bete gabe zituela itxi zen, galera ekonomiko handiak metatu ondoren. Egunkari hura desagertu ondoren, Euskal Herriko kazetaritza telematikoa kioskoetako egunkarien mende egon zen, eskualde mailako zenbait komunikabide salbu, hala nola Uribe Kosta Digitala edo Bilbao Información.
Egunkarietako webguneak XXI. mendearen hasieran, ziberespazioko bisitatuenak dira.
Ziberkazetaritza ordaindua
Gaur egun, ez dirudi egunkaria doan eta etxetik irten gabe irakurtzeko aukera paperezko euskarriaren lehiakide handia denik. Prentsa online irakurtzeak, oraingoz behintzat, desabantaila handiak ditu: kargatzeko hutsarteak, hartzearen kostua, mugikortasunik eza, irakurketaren indibidualizazioa... Horregatik, paperezko egunkarietako irakurleek batez beste 35 minutuz irakurtzen duten bitartean, egunkari elektronikoen bisitariek gutxi-asko 13 eta 15 minutu erabiltzen dituzte.
Eragozpenak gorabehera, 2002aren amaieran, doakotasuna kentzea erabaki zuten, bestak beste, Diario de Navarra, El País, ABC, El Mundo edo Expansión komunikabideek, sareko edukietan sartzeko tarifak ezarriz. Badirudi Espainiako komunikabide nagusiek erabaki horrekin, ziberkazetaritzaren etorkizunaren alde egin baino, paperari pantailak eragin diezaiokeen higaduratik babestu nahi dutela hura.
Euskal Herriko kazetaritzako zenbait pertsona ospetsu
Antonio Trueba, Miguel Unamuno, Kirikiño, Frantzisko Grandmontagne, Jose Mª Salaberria, Ramiro Maeztu, Aureliano López Becerra «Desperdicios», Indalecio Prieto, Raimundo García «Garcilaso», Pedro Mourlane Mitxelena, Manuel Aznar, Rafael Sánchez Mazas, Jose Mª Agirre «Lizardi», Esteban Urkiaga «Lauaxeta», Jose de Artetxe, Manuel Leginetxe eta Manuel Hidalgo.
Antonio Trueba (1819‑1889)
Euskal Herriko kazetarien lehen belaunaldian, Antonio Truebak, ezizenez «Antón el de los Cantares», ofizioaren patriarka gisa begirune berezia merezi du, bere idazkiak, mende bat baino gehiago igaro den honetan, negartiak eta melengak iruditu arren, bigarren mailako erromantizismoaren estilo jori eta apainegian. Madrilera joandako bizkaitarraren idazkerak, XIX. mendearen erdialdetik, ospea lortu zuen hiriburuko aldizkari eta egunkarietan argitaratutako poesia, ipuin eta artikuluengatik. «Probintziako Aita» izenarekin ezin konta ahala lan argitaratu zuen literatur ataleko zuzendari izan zen El Noticiero Bilbaínoko orrialdeetan, 1876tik hil zen arte.
Miguel Unamuno (1864‑1936)
Adiera hertsian Euskal Herriko kazetaritzako profesionalen artean sartzea guztiz egokia ez bada ere, ezin da ahaztu Unamuno mende arteko Espainiako prentsaren artikulugile garrantzitsuenetako bat izan zela. 1880an El Noticiero Bilbaínok bere lehen artikulua, «La unión hace la fuerza» izenburukoa, argitaratu zuenetik, Unamunoren obraren zati dezente bat jatorrian prentsarentzat idatzia izan zen. Izan ere, pentsaera adierazteko eta arimaren gatazketan sakontzeko, saiakerak aurkeztu, paisaiak deskribatu eta gizarteko kronikak egiteko euskarri aproposa zela uste zuen, beti ere ikuspegi «unamunotar» batetik, hau da, bitxitik. Horrek eraman zuen nagusitzen hasi zen korrontearen kontra igeri egitera.
Kirikiño (1866‑1929)
Euzkadi aldizkariko Euskal Atala izenekoaren lehen zuzendaria Kirikiño izan zen, Evaristo Bustinzaren ezizena. Ibaizabal aldizkarian Resurrección Maria Azkueren kolaboratzaile izana, 1913an lanleku zuen meatze ‑enpresa utzi eta letrei buru‑belarri ekin zien. Euzkadi aldizkaritik, garai hartako egunkari garrantzitsuenetakotik, euskararen garbitasuna defendatzen zuen korronte aranistaren buru jarri zen. Euzkadi eta Eusko Deyan artikuluak, ipuinak eta kronikak idatzi zituen, batik bat euskaraz baina baita gaztelaniaz ere.
Frantzisko Grandmontagne (1866‑1936)
Azorínek, Machadok, Varelak, Gómez de la Sernak edo Azañak, besteak beste, Frantzisko Grandmontagne Otaegi 98ko euren belaunaldiko kazetari onenetakotzat goraipatu zuten. Emakume gipuzkoar baten eta iparraldeko olagizon baten semea, Barbadillon (Burgos) jaio arren, haurtzaroaren zati bat Hondarribian igaro zuen, Klaudio Otaegi bere osabaren babesean, eta haren bitartez ezagutu zituen Luis Luziano Bonaparte printzea eta Victor Hugo. Mugako herrian pasa zituen egunen eraginez hartu zuen bere lehen ezizena: “Luis de Jaizkibel”.
Argentinara joan zen 20 urterekin, eta han, 1893an, La Vasconia sortuko zuen, Plata ibaiaren ertzean bizi zen euskaldunen kolonia ugariari zuzendua. Orrialde horietan Atlantikoaren bi aldeetako irakurleen estimazioa erakarri zuten hainbat artikulu argitaratu zituen. Donostian kokatu zen 1903an, eta Espainiako (El Sol, El Pueblo Vasco) zein Amerikako (Buenos Airesko La Prensa) prentsako egunkari nagusietan kolaboratzaile aritu zen. Frantzisko 1936ko uztailaren 10ean hil zen, 69 urte zituela.
José Mª Salaberría (1873‑1940)
Artikulugintza bizibide egin zuen 98ko Belaunaldiko kide honek, eta nobelagile, literatur kritiken eta saiakeren egile izan zen. Haren iritziz, «bizitza modernoan, artikulua oso baliagarria da, batez ere gurearen ezaugarriak dituen herri batean, jendeak ez baitu liburuak irakurtzeko joerarik».
Bustoa hiriko Udaletxeari begira duen adopziozko kazetari donostiarraren orrialde onenetako batzuk argitaratu zituzten, besteak beste, Donostiako El Pueblo Vasco eta La Voz de España, Madrilgo ABC, Bartzelonako La Vanguardia eta Buenos Airesko La Nación egunkariek.
Ramiro Maeztu (1874‑1936)
Aita euskalduna eta ama ingelesa zuen gasteiztarra, bidaiari eta enbaxadorea, itzal handiko intelektuala eta, jakintsu handien garai batean, XX. mendeko lehen herenean, jakintsu handienetako bat. Prentsan lehen urratsak Bilbon eman zituen, Paris, Kuba eta Ipar Amerikako bere bidaietatik itzuli ondoren. Azorín eta Barojarekin «Los tres» taldea sortu zuen, 98ko Belaunaldia izan zenaren hazia, kazetaritzako literaturari egin zion ekarpenagatik nabarmendu baitzen. Londresen bizi izan zen 1905 eta 1919 bitartean, Espainiako eta Buenos Airesko egunkarien korrespontsal moduan, aliatuen lubakietatik I. Mundu Gerraren berri emanez.
Gazte denborako grina anarkistatik jarrera erabat kontserbadoreetara lerratu, eta aldi berean karrera diplomatikoa hasi zuen, Primo de Riveraren Argentinako ordezkari gisa; Hala, 1933an politikan sartu zen eta Acción Española alderdi monarkikoaren Gipuzkoako diputatu izatera iritsi zen. Segidako urtean Donostiako El Diario Vascoren sorreran parte hartu zuen. Gerra Zibilaren lehen egunetan hil zen, erailda.
Aureliano López Becerra, «Desperdicios» (1880‑1955)
Aureliano López Becerrak, Juan de la Cruz Elizondo eta Pedro Mourlanerekin batera, gerra aurreko kazetaritza irundarraren hirukote ospetsua osatu zuen. Irunen jaio zen, eta aita aduanako langilea zuen. Bilbon Injinerutza ikasten ari zela, egunkari txiki batean lan egin zuen, La Cruz izenekoan, eta tintak eta plomuek ezinbestean erakarrita eskuaira eta kartaboia utzi zituen. La Gaceta del Norten hasi zen 20 urterekin, eta 74 urte zituen arte han jarraitu zuen. Zezen kronikekin eta umorezko orrialde atsegingarriekin nabarmendu zen, eta zenbait antologia liburuetan jasota daude. Saiz de Valdivielsok «teknikaren eta lanketaren iraultzailetzat» definitu du «Desperdicios».
Indalecio Prieto (1883‑1962)
Bilboko kaleetan egunkariak saltzen zituen, 8 urterekin; 15ekin Lucha de clases aldizkarian zintak itsasten eta fardelak lotzen zituen; 16ekin La Voz de Vizcayan sartu zen erredaktore eta takigrafo, eta 18 urterekin El Liberaleko erredakzioan abiatu zen. Hain zuzen ere, egunkariak bere jarduera politikoa abiarazi zuen, eta denbora joan ahala, gainera, haren zuzendari eta jabe bihurtu zen. Arrazoiketari eta polemista nahikoa trebea, Prietok prosa argi eta zuzena erabiltzen zuen, heziketa apaleko irakurleei zuzendurikoa, eta ezaugarri horiei esker bere garaiko kazetari estimatuenetako bat bilakatu zen. II. Errepublikan zenbait ministerioetan buru izan ostean, Gerra Zibilaren amaieran erbestera, Mexikora, joan zen, eta han zendu artean prentsako kolaboratzaile jardun zuen.
Raimundo García, « Garcilaso» (1884‑1962)
La Gaceta del Norteren historia «Desperdicios»en bizitza eta kazetaritzari lotuta dagoen bezala, Diario de Navarraren eta mende erdiz haren zuzendari izandako Raimundo García García, Garcilasoren biografiak are lotuago daude. Madrilen jaioa, 18 urterekin Iruñera joan zen El Eco de Navarran mutil aritzera, eta 27 urterekin Diariora pasa zen, eta igoera oso azkarra izanda urtebetean zuzendaritzara iritsi zen. Marokoko gerran kronista izan zen, eta horregatik probintziak «Nafarroako adopziozko seme» izendatu zuen. Gortetako diputatu akta irabazi zuen 1933an eta 1936an eskuineko blokeko independente gisa, eta baliabide zibil moduan 1936ko uztailaren 18ko Mola jeneralaren altxamendua bultzatu zuen. Francok Isabel Katolikoaren Enkomiendia eman zion, eta Juan XXIII.a Aita Santuak San Silvestreko Ordenaren Zaldun Komendadore izendatu zuen.
Garcilasok zorrotz islatu zituen egunkariaren joera politiko gorabeheratsuak, hasierako maurismotik gerraosteko frankismora, eta foruzaletasun erreakzionarioa tarteko, egun batean hutsik egin gabe, eta hainbat ezizen erabiliz –besteak beste, “Ameztia”, “El Bordari”, “Mikelo” edo “Juan de la Rochapea”– argitaratzen zituen testuak. Enpresaren ikuspegitik, Diario de Navarra egunkari errentagarria bihurtu zuen, Nafarroan nagusi zena.
Pedro Mourlane Mitxelena (1885‑1955)
«Bidasoako zisnea, dandy, buhame, mosketari eguneratua, ilaje bikain eta janzkera dotorekoa, txanbergoa eta txalina soinean. Eruditua, metaforikoa, hizlari nekaezina, hanpatu eta tentea, dogmatikoa eta goranahien madarikatzailea». Alfonso Carlos Sainz de Valvidielsok, Pedro Mourlane Mitxelenari buruz egin duen deskribapen xehe honetan, El arte de repensar lanaren egilearen nortasun paregabea iradokitzen du, baina ez du irundarrak idazle moduan zuen talentu berezia jasotzen. Zeren eta, Primo de Riveraren Falangeak baldin eta bazuen letra onen harrotasuna, hori izan zen Mourlane, zalantzarik gabe, literato nabarmenetakoa.
Adiskide min izan zuen Indalecio Prietori esker dakigu Mourlaneren herritartasuna frantsesa zela, baina urtetan lur errepublikarra zapaltzetik ihes egin zuen, han soldaduska egitera behartzen baitzuten. Valladolideko Unibertsitatean letrak eta historia ikasi ondoren, kazetaritza profesionala hartu zuen ogibide. Bilboko El Pueblo Vascoren lehen erredakzioa osatu zuen,1910ean. Ordutik, poesia eta arteari buruzko bere artikulu bikainek, hala nola Novedades, Hermes, Vida Vasca, Esfera edo El Bidasoa aldizkarien orrialdeak tintaz bete zituzten. Azken aldizkari hori Irunen argitaratzen zen, Pedro kronista ofiziala baitzen. Testu haietako batzuk bere lehen liburuan jaso ziren, Discurso de las armas y las letras, I. Mundu Gerraren ingurukoa, eta kazetaria aliatuen aldeko agertu zen. Bere pentsaera askea adierazten zuen prosa jaso eta eruditu, landu eta arin, zenbaitetan borondatez dekadentean. Estimazio berberaz parte hartzen zuten Boulevardeko kafetegiko liberalen tertulian eta Lyon d’Or kafetegiko erreakzionarioenean.
Primo de Riveraren diktadura betean, Bilbon La Nocheren zuzendari izan zen, joera kultural eta intelektualeko egunkarian, Madrilgo El Solen antzekoan. «Egunkari monarkiko, liberal, aristokrata moduko, barroko, pixka bat Voltaire zale eta kalitate handiko» (Saiz Valdivieso) hark ekonomikoki porrot egin zuen. 1926 eta 1931 bitartean Prietoren El Liberal ere zuzendu zuen. Errepublika heldu zenean, jada Madrilen, Jose Antonioren taldera hurbildu zen, eta Espainiako Falangearen oinarri estetiko eta literarioa eratzen lagundu zuen beste euskaldun batzuekin, esaterako, Jazinto Mikelarena, Juan Telleria edo Rafael Sánchez Mazas “bilbainista”-rekin. Gerran zehar Vértice aldizkarian idatzi, eta Arriba egunkaria sortu zuen, haren zuzendari izatera iritsi zelarik. Madrilgo Prentsa Elkarteko lehendakariorde izan zen, eta erregimen frankistak zenbait sari eman zizkion.
Manuel Aznar (1894‑1975)
Kazetaritzan 18 urte eskas zituela hasi zen, La Tradición Navarra egunkari integristan. Gero Bilbora joan zen bizitzera, eta han Euzkadi egunkari nazionalistan aritu zen, «izendegi aranistatik» hartutako «Imanol» ezizenaz. Nazionalismoaren sektore erradikaleko kide, bere sumin antiespainiarra prentsan nahiz teatroan islatu zituen. Lehen Mundu Gerrako kronista moduan «Gudalgai» ezizenaz sinatzen zituen bere analisi militar zoliengatik nabarmendu zen.
Gerra amaitzean, Madrilen El Soleko zuzendari izan zen, eta II. Errepublikan itzuli zen, hainbesteko arrakastaz ezen estatuko egunkari itzaltsuenetako bat bihurtu baitzuen. Gerra Zibilean matxinatuen aldeko kronika militarrak idatzi zituen, eta «La España de hoy» artikulu bilduman erregimen berriaren bikaintasuna goratu zuen, horri esker Francisco Franco Kazetaritzako Sari Nazionala irabazi zuelarik.
Hainbat komunikabidetan, Donostiako El Diario Vasco kasu, zuzendari ibili ostean sartu zen karrera diplomatikoan, zenbait herrialde amerikarreko enbaxadore gisa. Kazetaritzan aritu zen ostera, 1954 eta 1962 bitartean, Efe Agentziako eta Bartzelonako La Vanguardia egunkariko zuzendari.
Rafael Sánchez Mazas (1894‑1966)
Madrilen jaioa baina Bilboko familia batekoa, jesulagunekin zuzenbidea ikasia zenez, bere obrak beti izan zuen Bilbo erreferentzia. Hermes aldizkariaren, Lyon d’Or kafetegiko tertuliaren eta Escuela Romana del Pirineo zenaren inguruan bildutako intelektual taldeko kide izan zen.
Hiru egunkari handiren bitartez nabarmendu zen kazetaritzan, 1917tik aurrera: Madrilgo El Sol eta ABC, eta Bilboko El Pueblo Vasco. Azken horrek gerrako korrespontsal moduan Marokora bidali zuen, eta ABCrentzat, berriz, faxismoaren gorakada eta nagusitasunaren berri eman zuen Erromatik (1922 1929). Espainiara itzultzean, Espainiako Falangearen jaiotzan eta eraketa erretorikoan lagundu zuen. Gerra ondoren, hainbat pribilegio izan zituen, erregimenean eragin handia zuen pertsona ospetsu gisa. Kazetaritzako lan ugari daude bere obra gehienbat sakabanatuan, maisutasun handiak eta artikulugintza literarioko eredu gisa estimazioa dutenak.
Xabier Lizardi (1896‑1933)
Jose Mari Agirre Egañaren ezizena da “Lizardi”. Lengoaia poetiko modernoaren sortzaile handia. Idazle biribila, antzerkirako lanak egin eta itzuli zituen, eta poeta aparta zelako gailendu zen, nahiz eta kazetaritza izan ospe handiena eman ziona. 1927 eta 1933 bitartean kultura, literatura eta politikari buruzko ehun artikulu baino gehiago, Itz Lauz antologian jasoak, argitaratu zituen.
Lizardi euskara landu, jaso eta praktiko bat moldatzeari lotu zitzaion. Artikulu batzuk prosa dotore eta zuzenaz egiten zituen, eta beste batzuk eguneroko hizkeraren xumetasunaz. Argia astekaria abiapuntu harturik, 1929an erabat euskarazko lehen egunkaria sortzea proposatu zuen, baina azkenean asmo hura ez zen bete. Heriotza goiztiarrak bere ametsa gauzatua ikustea galarazi zion, 1937an Eguna agertu zenean.
Lauaxeta (1905‑1937)
Esteban Urkiagak hazi zen Mungiako baserritik hartu zuen bere kazetaritzako ezizena: “Lauaxeta”. Jesulagunekin hezi zen eta nobiziotza hasi zuen, hura 1928an utzi, eta politikari, kazetaritzari eta hezkuntzaren sustapenari heldu zion. Euzkadi astekari nazionalistarekiko kolaborazioak areagotuz joan ziren, eta 1931n bere gain hartu zuen euskararen atala, garai hartan hizkuntzaren aldetik zalantzarik gabe Euskal Herriko prentsaren orrialde garrantzitsuena zena. Aldizkarian iritzi‑testuak hartu, eta eguneroko gaiak, kulturalak eta artistikoak sartu zituen. Lauaxeta etorkizun oparoko euskal letren izen adierazgarrienetako bat zen, baina gerrak bortizki eraman zuen.
Jose Artetxe (1906‑1973)
Irakurle gipuzkoarrentzat hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako artikulugilerik maiteena zen, Jose Artetxek ofizioa bere kabuz ikasi zuen, eta 21 urte zituen arte ez zen idazten hasi. Bere lehen bokazioa pintura izan zen, eta lantegi horretan xehetasunak, itzalak eta profil argiak zituen gogoko. Kazetaritzako bere ibilbide luzean hainbat alderdi jorratu zituen, hala nola humanismo indartsu bat zerien saio sakonak, eta pertsona, paisaia eta gertaeren deskribapenak, gaztelania eta euskara erraztasun berberaz erabiliz. Azken hizkuntza horretan, irakurle ugari erakarri zituen apaingarririk gabeko estilo apala baliatzen zuen. La Voz de España eta Hoja del Lunes egunkarietan eta Zeruko Argia astekarian idatzi zuen, besteak beste.
Manuel Leginetxe (1941‑2014)
Kazetaritza espainiarreko izen handienetako bat izan zen XX. mendean, bere lantegian maisu erabatekoa. Deustun zuzenbidea ikasi zuen, eta ikasketak Frantzian osatu zituen. Gerra eta bakeen, koroatze eta estatu‑kolpeen lekuko izan zen. Colpisa, Lid eta Fax Press agentzietako zuzendari, hainbat egunkaritan aritu zen, besteak beste La Gaceta del Norten eta El Diario Vascon. Espainian kazetari baten amets litezkeen sari guztiak (Kazetaritzako Sari Nazionala 1979an, Urrezko Luma, Cirilo Rodríguez, Godó, Julio Camba, Ortega y Gasset…) jaso dituen arren, bere lanak ez duela asebetetzen dio: «Toki batera joaten zara, drama izugarri bat bizitzen duzu, eta azkenean, espazio faltagatik, zure kronika murrizten dute. Kazetaritzan, 300 hitz baino gehiago idazten dituena nobelagile bat da. Etorkizunean gutxiago idatzi eta gauzak gehiago zainduko ditut».
Akaso Manuk berak ere ez du jakingo bere berrogei urteko lanbidean zenbat liburu argitaratu dituen. Liburu horiek, berarentzat, «kazetaritzaren luzapen bat» dira.
Manuel Hidalgo (1953)
Iruñean, bere jaioterrian, hezitako kazetaria, Manuel Hidalgo azken urteetan zutabegile bikain moduan agertu zaigu El Mundo del Siglo XXI egunkarian, iritzi-saileko alboko zuzendaria baita, eta hainbat gaurkotasunezko aldizkaritan. Aurretik Diario 16en aritu zen zinemako kritikari bezala, eta 1986 eta 1988 bitartean telebistako programak aurkeztu zituen. Artikulugile gisa duen estiloa eta kalitatea bi antologietan ikus daiteke: Sobre Daniel y otras cosas de menos importancia (1998) eta El cutis de las monjas (2002). Fundación Institucional Española (FIES) delakoak 1999an X. Kazetaritzako Saria eman zion. Manuel Hidalgorentzat, artikuluak moldatzeko sekretua ideia bat labur garatu eta hura amaiera egoki batekin errematatzeko gaitasunean datza, irakurleak erakarriko dituen izenburu bat jartzeaz gain.
Zinemari buruzko zenbait liburu eta sei nobela argitaratu ditu, eta filmetako gidoigilea da. Hain zuzen ere, 1988ko La mujer del prójimo filmarekin Colón de Oro saria irabazi zuen Huelvako Zinemaldian.
Oharrak
- ↑ Artikulu honen jatorrian Euskal Herria entziklopedia enblematikoan argitaratutako Prentsa, irratia eta telebista lanaren atal bat dago. Creative Commons lizentziapean argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak.[1]
- ↑ Testu honen oinarrian dagoen Prentsa, irratia eta telebista lanak El Patriota del Pirineo Lehen Karlistaldiaren testuinguruan kokatzen du, baina beste iturriek 1820ra mugatzen dute bere jarduera.
Erreferentziak
- ↑ a b Agirre Sorondo, Joan. (2003). «Egunkariak» Prentsa, irratia eta telebista (Entziklopedia Enblematikoa).
- ↑ a b c d e f Pontón, Gonzalo. (2016). La lucha por la desigualdad: una historia del mundo occidental en el siglo XVIII. Pasado & Presente ISBN 978-84-944950-4-5. (Noiz kontsultatua: 2024-09-15).
- ↑ a b c d e f Noci. (1994). «Los inicios de la prensa vasca: primeros pasos y formas protoperiodísticas (siglos XVII-XIX)» Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria, RIEV 239: 245-276..
- ↑ Baionako itsas-kazeta, 1757ko apirilaren 23koa. Bilketa (Noiz kontsultatua: 2024-09-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gómez Imaz, Manuel. (1910). Los periódicos durante la Guerra de la Independencia (1808-1814). (Noiz kontsultatua: 2024-09-15).
- ↑ Nipho, Francisco Mariano; Ertler, Klaus-Dieter. (2011). El duende especulativo sobre la vida civil. Lang ISBN 978-3-631-61352-8. (Noiz kontsultatua: 2024-09-15).
- ↑ Noci, J. D. (2012). Historia del periodismo vasco (1600-2010). Mediatika. Cuadernos de medios de comunicación, (13).
- ↑ Iglesia Lesteiro, María Fernanda. (1991). «Exposición permanente de prensa. Un sistema de difusión y acceso al patrimonio hemerográfico» Boletín de la ANABAD 433-4 ISSN 0210-4164..
- ↑ Gran Enciclopedia de Navarra | EL PATRIOTA DEL PIRINEO. (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) .
- ↑ Sánchez Aranda, José Javier. (1988). «Periodización y notas características del periodismo navarro desde sus orígenes hasta la actualidad» Príncipe de Viana. Anejo (10): 435–444. ISSN 1137-7054. (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).