Padurako gudua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Padurako gudua
Data 840
Lekua Arrigorriaga, Bizkaia
43° 12′ N, 2° 53′ W / 43.200°N,2.883°W / 43.200; -2.883
Koordenatuak 43° 12′ 00″ N, 2° 53′ 00″ W / 43.2°N,2.88333333°W / 43.2; -2.88333333Koordenatuak: 43° 12′ 00″ N, 2° 53′ 00″ W / 43.2°N,2.88333333°W / 43.2; -2.88333333
Emaitza Bizkaitarren garaipena
Gudulariak
Bizkaitarrak Asturiasko Erresuma
Buruzagiak
Lope Fortun Ordoño infantea

Padurako gudua (batzuetan Arrigorriagako gudua) Bizkaiko Jaurerria sortu zuen gudua zen, Bizkaia menderatu nahi zuten Leongo Erresuma tropak eta Jaun Zuriak zuzendutako bizkaitarren artekoa.

Guduaren bilakaeran kondaira eta historia nahasten dira, Erdi Aroko gertaerak izanik konprobatzea zaila delako eta iturriak ere ez direlako fidagarriak. Asturiasko Erresumaren kronikek ez dute gudua aipatu eta Alfontso II.a Asturiaskoak baskoien matxinada mendean hartu zuela baino ez dute esaten.

Lope Gartzia Salazarren bertsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lope Gartzia Salazar idazle eta historialariaren arabera,[1][2] IX. mendearen erdi inguruan Bizkaia Leongo Erresumatik independentzia lortzen saiatu zen. Hori zela eta, Leongo erregeak seme batek zuzendutako armada bidali zuen Bizkaia suntsitzeko. Leongo soldaduak Bakioraino ailegatu ziren.

Bizkaitarrek, orduan, bozina edo adarra jo zuten tradizioko bost mendietatik (Gorbeia, Oiz, Sollube, Ganekogorta eta Kolitza), eta batzarrean okupatzaileen aurka borrokatzea erabaki zuten. Horretarako Leongo armadari mezulariak bidali zizkioten. Mezulariek ordalia edo Jaungoikoaren epailea proposatu zuten leondarrek nahi zuten lekuan. Leongo erregearen semeak erret-odola zuen pertsona bakarrik onartuko zuela lehiakidetzat erantzun zuen. Bizkaitarrek Eskoziako erregearen iloba zen Jaun Zuriari eskatu zioten guduan buruzagi izatea. Honek proposamena onetsi zuen eta Paduran[3] borrokatzea adostu zuten. Bizkaitarren alde Durangoko Jauna zen Antso Astegisek ere egin zuen.

Gudua latza zen, alderdi biek hildako asko izanik. Tartean Durangoko Jauna eta Leongo erregearen semea hil ziren. Leondarrek ihes egin zuten eta bizkaitarrak haien atzetik joan ziren Luiaondon zegoen malatu edo mallatu izeneko zuhaitzeraino. Leondar asko hil zituzten.

Iheslari leondarrak Aiaran dagoen Gorobel mendilerrotik pasa ziren. Kondairak dioenez, mendilerro horrek horregatik hartu zuen orduan Sálvada izena, iheslariek pasatzean "a salvo somos" (euskaraz: "salbu gara") esaten zutelako.

Padurak ere izenaz aldatu zuen eta ordutik Arrigorriaga izena hartu zuen, hainbeste baitzen bere larretan isuritako odola. Garaipena lortu eta gero, bizkaitarrek Jaun Zuria Bizkaiko Jaun izendatu zuten.

Beste bertsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

840an, Alfontso II.aren tropa asturiarrek, Ordoño bere anaiak zuzenduta, zerga ez ordainduak eskatu zizkioten Bizkaiari (idi bat, behi bat eta zaldi zuri bat). Bizkaitarrek ukatu egin zuten eskaera, Padurako guduan borrokatuz eta irabaziz, eta ondoren tropa galtzaileak Luiaondoko (Araba) Mallatu edo Malatu zuhaitzeraino jarraitu zituzten, garai hartan hantxe baitzegoen Bizkaiko muga. Harrezkero, Padura Arrigorriaga izatera pasatu zen (hitzez hitz "harri gorri askoko lekua"), gudua bortitzean isuritako odolak lurzorua gorriz tindatu ei zuelako. Alfontso II.aren gudarostearen zuzendari izandako Ordoño infantea bera borrokan hil zen, eta ordutik bere hilobia Santa Maria Madgalenaren elizan dago, Arrigorriagan. Borrokan, bizkaitarren artean, Lope Fortun nabarmendu zen, Mundakakoa, bere suhartasunagatik. Lope Fortun printzesa eskoziar baten eta Sugar izeneko Mundakako noble baten semea zen[4], eta guduaren ostean bizkaitarrek txalotu egin zuten eta 888an euren Jaun izendatu. Bizkaiko lehen Jauna bihurtu zen, Jaun Zuria izenarekin, oso ilehoria eta azalez zuria zelako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Istoria de las bienandanças e fortunas. 1476. XX. liburukia
  2. Batzuen ustez, kondaira XIV. mendean Barceloseko kondea zen Piarresen "Livro de linhagem" liburutik hartuta dago, transliterazio bat baino ez izanik.
  3. "Istoria de las bienandanças e fortunas" liburuak dio "açerca de donde es Vilvao" (euskaraz: "Bilbotik gertu")
  4. Beste batzuk berriz, Sugaar eta Mundakako printzesa baten (Marirena beste batzuen esanetan) semea zela diote

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]