Belisama

Wikipedia, Entziklopedia askea
Minerva Belisamari eskainitako inskripzioa, Saint-Lizierren, Ariègen.
Minerva Belisamari eskainitako inskripzioa, Saint-Lizierren, Ariègen. CIL XIII, 8

Belisama, euskal mitologiako jainkosa; Akitania erromatarraren garaian Pirinio aldean.

Aipatu behar da zalantzak badaudela ea jainkosa akitanierazko edo galierazko izena ote duen, eta akitaniar jatorrikoa den edo jatorri zeltakoa. Aditu askorentzat Saint-Lizierren azaldutako Belisama, Balesama jainkosa zelta da. Belesama honen gurtza nahiko zabalduta egon zen mundu zetarrean. Horrela balitz, Belisama akitaniarrek iparraldeko galiarren kultura zeltan inportatutako dibinitatea litzateke.

Teonimo hau ibai batzuen izenen jatorrian dagoelako, jainkosa hau laku, ibai, argia eta eskuko lanarekin lotuta zegoela proposatu da. Bestalde, eta Minervarekin lotuta agertu delako, errementariekin eta armagintzarekin ere harremana duela uste dute batzuk.

Belenosen jaikoaren bikotekidetzat hartu izan da, eta haren izenak erro bera duela dirudielako.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testigantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berari buruzko inskripzioa Saint-Lizier herrian topatu zuten, Ariège eskualdean: CIL XIII, 8:

Minervae / Belisamae / sacrum / Q(uintus) Valerius / Montan[us] / [e]x v[oto?]

Inskripzioan Belisama, Minerva jainkosa klasikoarekin lotzen da, eta honek ematen digu dibinitate honen inguruko zerbait argipen.


Vaison-la-Romainen, Proventzan, grekozko grafia erabiliz baina hizkuntzaz galieraz idatzita agertu zen grafito bat (RIG G-172) edalontzi kanpaniense batean. Idazkun horrek adierazten du nemeton (santutegi) bat eskaini zitzaiola jainkosa honi[1]:

СΕΓΟΜΑΡΟС/ ΟΥΙΛΛΟΝΕΟС/ ΤΟΟΥΤΙΟΥС/ ΝΑΜΑΥСΑΤΙС/ ΕΙѠΡΟΥ ΒΗΛΗ/СΑΜΙ СΟСΙΝ/ ΝΕΜΗΤΟΝ
Segomaros Ouilloneos tooutious Namausatis eiōrou Bēlēsami sosin nemēton
"Segomarus Uilloneos, Namaususeko[2] herritarra [toutius] , santutegi hau eskaini zion Belesama-ri"

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorri indoeuroparra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teonimo honen esanahia hizkuntz zeltikoetan "oso distiratsua" esan nahi duela esan izan da askotan.

Xavier Delamarrek, aldiz, adierazi du *bʰelH- errotik eratorri diren hitzek ez dutela "distiratsu" esanahia ematen, baizik eta "zuri, gris, zurbil", eta proposatu du izen hori galierazko belo- errotik eratorritako izena izan daitekeela. Belo-, indartsu, ahaltsu esan nahi duenez, Belisama edo Belesama, "Oso indartsua", esan nahiko luke[3] (cf. Sanskritozko baliṣṭhaḥ 'indartsuena')

Bestalde, Peter Schrijverrek 'henbane' (erabelar) hitzaren erroa den *beles-arekin lotura dagoela uste du. Erro horri, -ma atzizki ezezaguna lotuko zitzaion, izena Belisamaros teonimo maskulinoarekin konparatuz[4].

Frantziako toponimo batzuk teonimo Belisama teonimoan oinarrituta leudeke: Beleymas, Bellême, Balesmes, Blesmes, Blismes, and Velesmes. Ingalaterrari dagokionez (Antzinako Britannia probintzia) Ptlomeok, "Belisama estuario" bat aipatu zuen, eta uste izan da Ribble ibaiaren edo Mersey ibaiaren estuarioa izan zitekeela.

Antzinako euskarazko jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenaren balizko euskal etimologiari dagokionez, akitanieraz (aitzineuskaraz), "belex" edo "beles" beltz esan nahi du. Baliteke ere belea izatea.

Izena orduan "Ama beltza" edo "Beletxoaren ama" litzateke. Bernardo Estornes Lasa, azken adiera honen alde azaltzen da.

Arpeninus jainkoari egindako inskripzioan, Cardeilhac herrian topatuta, Garona Garaian, Belexko eta Belex pertsona izenak azaltzen dira.

Belasko eta Bele izenak oso arruntak izan dira Euskal Herrian erdi aroan, eta, antza, Akitania erromatarrean ere bai.

CIL XIII, 167: Arpenino / deo / Belex Be- / lexconis f(ilius) / v(otum) s(olvit) libens m(erito).
Balizko itzulpena: "Arpenn(in) jainkoari, Belexco-ren seme Belex-ek gogo onez konplitu du bere botoa, bidekoa den bezala."

Inskripzio horrek indarra ematen dio Estornes Lasaren teoriari, hau da, Belisama izenaren jatorri akitaniarrari. Era berean, berak aipatzen du zenbait euskal toponimo lotuta egon daitekeela Belisamarekin, Beizama esate baterako. Beliturri, Belikort, Belin, Beliturrigain, Ganbeli eta abar nafar toponimoak gehitu daitezke. Baita "Punta Beleis" mendia Fago herrian, Oskan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «RIG G-172 – Beaucaire graffito (10) • CODECS: Online Database and e-Resources for Celtic Studies» www.vanhamel.nl (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  2. Egungo Nimes
  3. (Frantsesez) Delamarre, Xavier. (2003). Dictionnaire de la langue gauloise: Une approche linguistique du vieux-celtique continenta. Errance ISBN 9782877723695..
  4. Schrijver 1999, 30–31 or.: "An analysis *Belesa-ma is suggested by the theonym Belisa-marus, but the suffix remains unclear. The connection with *beles- 'henbane' is formally attractive and semantically possible (if *Belesama = Lat. Minerva medica) but not supported by direct evidence." Schrijver, Peter (1999). "On Henbane and Early European Narcotics". Zeitschrift für celtische Philologie. 51 (1): 17–45. doi:10.1515/zcph.1999.51.1.17. ISSN 1865-889X.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco, Historia General de Euskal Herria. Auñamendi. Zarautz, 1978.
  • Larrañaga Elorza, Koldo: Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta Agiriak, UNED-Bergara, 1988, 316 or., 176 zk.
  • Julien Sacazeren lanak:
  • Les Anciens dieux des Pyrénées, nomenclature et distribution géographique. Extrait de la Revue de Comminges (Saint-Gaudens), 28 or., 1885.
  • Inscriptions antiques des Pyrénées. Hitzaurrea M. Albert Lebèguek eginda. Tolosa, XII-576 or. (Bibliothèque méridionale. 2. seriea,1892; 2). Berrargitalpena faksimilean, Tolosa, ESPER, 1990.
  • Inscriptions antiques du Couserans. Tolosa, 28 or., 1892. Berrargitalpena faksimilean, Nîmes, C. Lacour, 2001.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]