Edukira joan

Ligiko zubia

Ligiko zubia
Ligiko zubia eta Uhaitzandi ibaia, 2008an.
Kokapena
Estatu burujabe Frantzia
Frantziaren banaketa administratiboametropolitar Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
BarrutiOloroe-Donamariako barrutia
KantonamenduAtharratze-Sorholüzeko kantonamendua
Frantziako udalerriLigi-Atherei
Frantziako udalerriLigi
Koordenatuak43°03′59″N 0°52′35″W / 43.06639°N 0.87639°W / 43.06639; -0.87639
Mapa

Ligiko zubia edo laminaren zubia Zuberoako Ligi-Atherei udalerrian kokatutako Ligi herrian dagoen zubi bat da. Uhaitzandi ibaia zeharkatzen du. Larraine eta Santa Graziko uhaitzek bat egiten duten tokitik behera kokatzen da. Erdi Aroan eraiki bazuten ere, XIX. mendean berreraikitze lan handia egin zioten.[1] Eraikin honen inguruan, euskal mitologian eta bereziki Zuberoako udalerrietan kondaira bat badago, eta honek baditu hainbat aldaera edo bertsio.

Gotaineko bertsioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ligiko zubia, Laminen zubia.
« Ligiko jenteek bazien (1) aspaldian zübü baten beharrünea. Bena ez zen ihur (2) ere ausartzen lan haren hastera lekhia (3) gaizto zelakoz.

Egün batez hitzartü zien behar ziela zübü hori laminer (4) egitera eman. Deitzen dütie (5) herriala (6) eta erraiten dere(7) bere ezin bestea. Laminek hitzemaiten dere zübiaren egitea harri phikatüz (8) biharamen gaian (9) oilarrak khantatü beno lehen, bena galtho (10) eginen derenaren pean. Ligiarrek erraiten dere:
- Zer da zien (11) galthoa?
Laminek arrapostü:
- Ligiko neskatilarik ederrena dügü galthatzen phakütako.
Nahi bada (12) phena handia egiten zeren (14) herritarrer (4) neskatila eder haren galtzeak, halerik ere hunhartzen (14) die (5) laminen galthoa; eta biharamen gaian horik hasten dira lanean.
Mündü orok dakian bezala, neskatila ederrek badie lekhü orotan arrakasta. Ligiko neskatila eder harek ere bazian (15) bere maite khorte egiten zerona (16). Maite hori, beit zakian zer zabilan, jarten da biharamen gaian laminen lankhiaren (17) khantian (18-3) eta ikhusten du latzeriareki (19) denbora erdi gabe lana bertan akabatzekoa zela. Ari zen pentsamentüka, mina bihotzean, izerdi hotz batek hartürik, nuiz ere gogoala (6) jiten (20) beit zaio gaiza (21) bat.
Juaiten da oilantegi baten khantiala (3-6), emeki hanko bortha (22) zabaltzen dü eta bere eskiez (3) egiten dü laur edo bost zafla (23), oilarrak khantatü beno lehen hegal khaldü (24) emaiten ditianak (25) bezala. Oilarra iratzartzen da jauzi bateki, lotsaz (26) berantü din (27), eta hain sarri egiten dü: kükürükü.
Ordü zen; laminek azken harria erditan gora altxatürik zien, bena entzün zienean oilarraren khantorea (28) aurthiki (29) zien harri hura huren (30) behera eta herots (31) handi bateki ezkapi ziren erraiten zielarik:
- Dela maradikatia (3) oilar hori, zuinek egin beit dü bere oihia (3) tenorea beno lehen. Geroztik, diroie (32) zaharrek, ez harri aurthiki hura, ez besterik, ez die ihurk ere lekhü hüts hartan ekhüra (33) erazi ahal ükhen.

»
Gotaineko Garat jaunak transkribatua, oroit zeukan bezala.[2]

1. zien: zuten
2. ihur: inor
3. -ia, -ie: -ua, -ue
4. -er: -ei
5. die / dütie: dute / dituzte
6. -ala: -ra
7. dere: diete
8. pikhatu: ebaki, landu
9. gai: gau
10. galtho: galdera
11. zien: zuen

12. nahi bada: nahiz eta
13. zere: zien
14. hunhartu: onartu
15. zian: zuen
16. zeron: zion
17. lanki: lantoki
18. khantü: ondo, alde
19. latzeria: laztura
20. jin: etorri
21. gaiza: gauza
22. bortha: ate
23. zafia: txalo, zaplat

24. khaldü: kolpe
25. din / ditian: duen / dituen
26. lotsa: beldur
27. hain sarri: berehala
28. khantore: kantu
29. aurthiki: jaurtiki
30. hur: ur
31. herots: zarata, hots
32. diroie: diote
33. ekhüra(tu): lasai(tu)

Muskildiko bertsioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Laminak zubia eraikitzen.
« Lehenago, Ligiko zaharrek ez zien (1) zübü bat egiten ahal ühaitzean (2). Zübü hura egin nahi zien günean, baziren hirur lamina, Gilen deitzen hiruak. Erraiten deie (3) Ligiko gizon bati hek (4) eginen deiela harrizko zübü bat Jondani Johane mezpera gaian, nahi badeie (5) eman bere arima phakütako. Gizon harek hitz emaiten dere (5) arima, egiten badie (6) zübia. Ber gaian, hirur Gilenek inkantatü zütien (7) oilarrak oro, eta gero hasi ziren lanean, erraiten zielarik1 algarri harrien emaitean:

- To (8), Gilen! Indak (9), Gilen! Hartzak, Gilen!

Zübiaren finitzeko azken harria eskian (10) zien, nuiz eta ere oilo koroka baten petik, arrautzearen barnetik txitxa (11) batek kükürükü egin beit zian (12). Ordian (10) hirur Gilenek erran zien:

- Adio gura pakhamentia (10)!

Eta urthuki13 zien eskütik azken harria hurealat (14-15). Geroztik harri bat ments (16) umen dü zübü harek.

»
Muskildiko Engrace Karrikart-ek kondatua. Latsage jaunak transkribatua.[3]

1. zien: zuten
2. ühaitz: ibai
3. deie: diote
4. hek: haiek
5. deie, dere: diote
6. die: dute
7. zütien: zituzten
8. to: tori

9. indak: emaidak
10. -ia: -ua
11. txitxa: txita
12. zian: zuen
13. urthuki: jaurtiki
14. hur: ur
15. -alat: -rat
16. ments: falta

Azkueren bertsioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkuek istorio honen bertsio bat argitaratu zuen bere Euskaleŕiaren Yakintza (Literatura popular del País Vasco) (1935-1947)[4] ekialdeko euskalkia nolabait imitatuz:

83. ― LIGIKO ZÜBIA

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NURK eztü ezagützen Ligiko zübia, Ibar-ixke ian? Ezteite sinets gizunaren lana dela! Nahiz lehen bazien orai baino hargin hobiak. Yakintsiek dioie Eŕomataŕek eginik dela Ligiko zübia. Yakintsiek eŕan dezela nahi diena. Nik badakit, axamari ene hauzaruan entzünik, lamiñen eskietarik dügüla zübü izigaŕi hori. Ez uste ükhen lamiña güziak gaxto diela. Bada hetan ere orotarik, gizunetan bezela.

Orai diela aspaldi Lexarantzü-mendiko lamiñek hitz artü zien Ligin, uhaitz handian, zübü baten egitia. ¡Lan gaitza, balin bazen! ¿Bena bad ia lamiñek egiten ahal eztenik? Gai ülhün bat haitatü zien, ezi ezpeitie nahi so egiterik. Ixil eta zalhe lanari lothü zien, argia gabe zübiaren ürhentzeko. Zübü-arkia eraiki zien, ez bi gaintietarik batetan, gizunek bezala; bena bai gainti batetik bestialat buruz, lamiñek ohi dien bezala.

Hantik ez hüŕún okhin bat bazen eta bethi bezala gaiherditarik laster phiztü zien labia. Oilategitik oilar gazte bat, labeko argidüra haren ikhustez, ustez eta yadanik azkoŕia zela, hasi zen kükürüküz eta hegal zaflaka. Lamiñak azken haŕia eskietan bere lekhian ezartera zuatzan.Oilaŕaren kükürüküa entzün zielarik, ¡brau!, haŕia urthuki zien ühaitza behera, eta berak maŕaka ozen batekin galdü zien ülhünpian.

Geroztik nurnahik uhaitz-hura xahu denian, zubiaren egaz-zolan, zilo handi bat ikusten ahal du, lamiñen azken-haŕiak bethe behar zian zilua.

Aŕosako zubia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oilarraren kukurrukuak: gauaren amaiera, egunsentiaren iragarpena.

Koldo Ameztoi ere ibili zen bere garaian istorio honen beste bertsio bat kontatzen. Diskoan grabatuta ere geratu zen, Bixente Martinez eta Oskorriko beste batzuen laguntzaz.[5] Ipuin hori Azkuek hamarkada batzuk lehenago argitaratu zuen, ekialdeko euskalkia nolabait imitatuz:

AŕOSAKO ZUBIA (Resurrección María Azkue, Euskaleŕiaren Yakintza (Literatura popular del País Vasco) (1935-1947)[6].

Aŕosan zubi bat egin behar zuzun argin nausi batek. Kontratua egin zuen hain egunetan finituko zuela, finitzen ezpazuen, hainbertze diru eman behar zuelarik. Etzuzun argin lagunik edireiten ahal ta ondar-eguna heldu zenean triste zagon gizona. Debrua agertu zakon eta eŕan:

―Zer duk hoŕen ilun izaiteko?

Argin nausiak eŕan zakon zer zuen. Eta debruak:

―Arima saldu nai badidak, neronek gaur finituko diat zubi hori, oilaŕak kukuŕuku egin baino lenago.

Gizonak baietz salduko zakola eŕan ta zinatu ere bere odolarekin egin zion kontratüa.

Bere emazteak ilun nabaŕean senaŕa neoiz baino tristeago ikusirik, zer zuen galde egin zakon. Emazteak yakin zuenean, eŕan zakozun:

―Neronek goizaldea baino lenago oilaŕari kukuŕuku yoaraziko zioat.

Deabruak, neork ekusten etzituela, asi zuten zubiko lana.

―To Gilen-Artzak, Gilen-Emak, Gilen―― alkaŕi eŕaten zakotela.

Yendeak aŕituak ziran, nehor ikusten etzutelarik, ele hek entzutean.

Arginaren emazea gauerdian baino lenxeago ilartegira yoan zuzun, eskuetan argi bat zuela.

Oilaŕak, argi hura ikusi zuenean, kukuŕuku behin ta beŕiz ozen ozen yo zuen, eta berehala deabruak, azken haŕia ezaŕi bear zuelarik, igesi yoan zituzun. Geroztik Aŕosako zubia azken haŕi gabe han da.


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ligi-Atherei. Argia (kontsulta data: 2017-10-15).
  2. Ligiko zubiaren kondaira (Gotaineko bertsioa).[Betiko hautsitako esteka]
  3. Ligiko zubiaren kondairaren bertsioa (Muskildiko bertsioa).
  4. Azkue, Resuŕección María de. (1989). Euskaleŕiaren yakintza = Literatura popular del País Vasco (II. alean. §83. (233-234 orr.). (3. ed. argitaraldia) Euskaltzaindia ISBN 84-239-2550-1. PMC 23117742. (kontsulta data: 2022-09-06).
  5. Koldo Amestoy eta Bixente Martinez - Ipuina + musika. (2015-02-21). Aŕosako Zubia. (kontsulta data: 2025-09-29).
  6. Azkue, Resuŕección María de. (1989). Euskaleŕiaren yakintza = Literatura popular del País Vasco. (3. ed. argitaraldia) Euskaltzaindia ISBN 84-239-2550-1. PMC 23117742. (kontsulta data: 2022-09-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]