Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez
Arantza Abadiakoan.JPG
Bizitza
Izen osoa Arantza Díaz de Ilarraza Sánchez
Jaiotza Donostia1957ko apirilaren  18a (62 urte)
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Heziketa Euskal Herriko Unibertsitatea
Tesi zuzendaria Felisa Verdejo
Doktorego ikaslea(k) Eneko Agirre
Xabier Arregi
Bertol Arrieta
Montserrat Maritxalar
Aingeru Mayor
Gorka Labaka
Maite Oronoz Antxordoki
Jarduerak
Jarduerak informatikaria, unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea
Enplegatzailea(k) Euskal Herriko Unibertsitatea
Donostiako Informatika Fakultatea
Lan nabarmenak Xuxen
Matxin (itzultzaile automatikoa)
TZOS (datu-base terminologikoa)
Jasotako sariak
Kidetza Udako Euskal Unibertsitatea
Ixa taldea

Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez (Donostia, 1957ko apirilaren 18a) Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle osoa da (EHUn irakasle osoa izan den lehen emakumea). Informatika Fakultatean lan egiten du 1981etik,[1] Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailean eta euskararen prozesamendu automatikoan ikertzen duen Ixa Taldeko koordinatzaile eta ikertzailea da.

Haurtzaroan Venezuelan bizi izan zen, gurasoak bertara etorkin moduan joanda.

Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979an lortu zuen Informatikako lizentziatura, 1983an Lizentziaturako gradua, eta 1990an Informatikako doktore titulua, hirurak Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean. Tesian hizkuntza naturalezko elkarrizketen kudeaketa aztertu zuen irakaskuntza adimentsuko sistema batean.[2] Informatikako programak diseinatzen irakasten zuen CAPRA sistema tutore inteligenteko elkarrizketa-sistema bat programatu zuen. Horretarako ikaslearen mezuak linguistikoki ulertu behar ziren eta irakaskuntz sistemaren formalizazioa eta modelizazioa lortu behar ziren.

Irakasle osoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakasle kontratatuen artean gorengo maila adierazten duen irakasle oso kategoriako lehen emakumea izan zen 2013an.

Euskara unibertsitatean sartzeko prozesuaren barruan hainbat irakasgai irakatsi ditu euskaraz, eta horien artean ekarpen handiena egin zuen Programazioaren Metodologia I (93/94) eta Programazioaren Metodologia II (91/92) irakasgaiak euskatzen.

Kudeatzailea eta antolatzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arantzak ibilbide luzea egin du unibertsitate-kudeaketan. Honako kargu hauek izan ditu UPV/EHUn: Lengoaia eta Sistema Informatikoak Saileko zuzendaria (1985-1987), UPV/EHUko Informatika Fakultateko Ikerkuntzarako eta Kanpo-Harremanetarako dekanordea (1992-1996). Ixa taldeko sortzaileetako bat izan zen eta taldearen koordinatzailea 1999tik. Fakultateko Batzarreko kidea eta hainbat kudeaketa-batzordetan parte hartu du luzaro.

ELEKA SL enpresaren sorrera bultzatu zuen; enpresa hori spin-off gisa sortu zen 2002an, UPV/EHUko IXA taldearen eta Elhuyar Fundazioaren arteko lankidetzaren ondorioz.

UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako idazkari akademikoa izan zen 2012an.

HITZ ikerketa-zentroaren sortzaile eta lehen zuzendaria izan zen 2018an.[1]

Adituak eta doktoreak hezteko eragilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berak pertsonalki 12 doktorego-tesi zuzendu ditu eta 4 ikaslibururen egilekidea da. 180 liburu-kapitulu argitaratu ditu[3][4], baita estatuko eta nazioarteko aldizkarietako artikuluak eta biltzarren aktak ere, informatikaren, adimen artifizialaren eta hizkuntzalaritza konputazionalaren arloetan. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 40 lan baino gehiago agertzen dira[5].

Baina berak zuzendu dituen tesietatik harantzago 1991. urteaz geroztik Lengoaia eta Sistema Informatikoak Sailak sustatutako doktorego-programetako irakaskuntzaren arduraduna eta partaidea izan da, eta 2006tik aurrera, berriz, master honen arduraduna da: "HAP: Hizkuntzaren azterketa eta analisia/Análisis y procesamiento del lenguaje”, baita izen bera duen doktorego-programarena ere.

Unibertsitateko graduen mailatik harantzago, hizkuntza-teknologian profesional adituak eta doktoreak hezteko eragile nagusia izan da bere tesia bukatu zuenetik, hasieran gai hori lantzen zuten doktorego-ikastaro espezifikoak ematen. Gero 2001 eta 2006 urteen artean UEU eta EHUren artean sortu zuten Hizkuntza eta Teknologia (HIZTEK) berezko tiltuluko proposatzaile, batzorde akademikoko kide, eta irakaslea izan zen. Eta azkenik 2006tik aurrera Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua master ofizialaren arduraduna izan da. Euskaraz ematen da master-titulu hori hasieratik, eta ingelesez 2014tik, ordudanik koordinatu izan baita Europa mailako Language and Communication Technology Erasmus Mundus Masterrarekin, non Arantza batzordekide baita. Nazioarteko kontsortzio zabal batean integratuta, kontsortzioan orokorrean ematen den ingelesaren ikuspuntu globalaz gain, baliabide gutxiko hizkuntza baten ikuspegia gehitzen diote EHUko partaideek. 2001ean hasi zen heziketa-lerro honetan 150 aditu sortu dira. Gaur egun Hizkuntza Teknologia lan-eremua dinamizatzen ari diren informatikari eta hizkuntzalari geienak hortik atera dira. Masterrean, hizkuntzaren prozesamenduan ezinbestekoak diren bi arloak uztartzen dira: teknologia, batetik, eta hizkuntzalaritza, bestetik.

Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua doktorego-programan guztira 55 tesi irakurri dira euskaraz lerro honetan 1988tik, eta azkenaldian 20 tesi aurkeztu dira 2012-2017 urteetan.

Esan bezala, UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako idazkari akademikoa izan zen 2012an.

Ikertzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzaren prozesamenduaren arloan aritzen den Ixa ikertalde finkatuko ikertzaile nagusia da.

Ikerketa-lerroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugariak dira ikerlari moduan landu dituen arloak. Gehienak Hizkuntzaren prozesamendu automatikoarekin eta Ixa Taldearekin lotuta badaude ere, sistema tutore inteligenteekin eta Galan Taldearekin ere aritu izan da hainbat urtetan. Hauek dira bere 6 lerro nagusiak:

Sistema Tutore Inteligenteak (1981tik).[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arantzaren tesia arlo honetan kokatu zen, Informatikako programak diseinatzen irakasten zuen CAPRA sistema tutore inteligentearen elkarrizketa-sistema bat kudeatzen zuen. Feiisa Verdejo informatikari aitzindaria izan zen bere tesi-zuzendaria. Tesia bukatuta Isabel Fernández de Castrorekin batera gidatu zuen lerro hau EHUko Informatika fakultatean, Galan ikertaldea sortu zutela. 1989n lehenengo europar proiektu bat lortu zuen. ITSIE: Intelligent Tutoring System for Industrial Environments.(1989-1992) izeneko proiektu hartan lankidetzan aritu ziren zentro hauekin: UPV/EHU, Iberdrola, Labein, U. de Heriot Watt, Marconi (Edinburgo), CISE (Italia).

Hiztegi-ezagutzaren erauzketa eta egituraketa (1993-2000).[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Arregi Iparragirreren eta Eneko Agirreren tesiak zuzendu zituen arlo horretan. Xabier Artolaren tesiaren garapenean ere lagundu zuen.

Oinarrizko analizatzaile linguistikoak (1994tik)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru tesi zuzendu zituen lerro honetan: Itziar Aduriz (Patxi Goenagarekin), Maxux Aranzabe (Joxe Mari Arriolarekin) eta Bertol Arrieta (Iñaki Alegriarekin).

Hainbat tresna linguistikoren integrazioa irakaskuntz ingurune batean (1994tik)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Montse Maritxalar-ren eta Maite Oronoz-en tesiak zuzendu zituen arlo horretan, bigarrena Koldo Gojenolarekin.

Hizkuntz tresna informatikoen integrazioa eta testuak linguistikoki etiketatzeko laguntzak (1995tik)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Besteak beste Sintaktikoki etiketatutako EPEC corpusa (EPEC-DEP) sortu zen lan horietatik.

Itzulpen automatikoa (2000tik)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aingeru Mayor-ren tesian Matxin programa itzultzailea sortu zuten 2007an, euskararako sortu zen lehenengoa (Kepa Sarasola zuzendukidea izan zen). Geroago 2010an Gorka Labakaren tesian itzultzaile automatiko estatistikoa. https://aldizkaria.elhuyar.eus/gai-librean/ez-burua-hautsi-matxin/

Ikerketa-proiektu nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2008 IXAti: "Chunker" arakatzailea. Euskarako azaleko analizatzaile sintaktikoa.
  • 2006 Tecnología OPENTRAD-Matxin.
  • 2005 Lengoaia naturalaren prozesamendua.
  • 2004 Euskarari aplikatutako zuzenketa lexikoa, morfologikoa eta sintaktikoa.
  • 2001 Euskararen lematizatzaile/etiketatzailea.
  • 2001 ElhuyarWord hiztegi-sistema.
  • 2000-2003 HERMES: Hemerotecas electrónicas: recuperación multilingüe y extracción semántica. Partaideak: CICyT, UPV/EHU, UNED, UPC, UB.
  • 1996-1999 ITEM: Informazioa berreskuratzeko sistema eleanitza. Partaideak: CICyT. UPV/EHU, UNED y UPC.
  • 1996 Hizkuntza baten ikaskuntz prozesuaren ikerketarako sistema adimendua: "Ikaslearen Modelizazioa".
  • 1995 Hizkuntza baten ikaskuntz prozesuaren ikerketarako sistema adimendua.
  • 1992 HAIN: Hizkuntz aplikazioetarako ingurunea.
  • 1992 Hiztegi sistema eleanitz adimenduna.
  • 1994 XUXEN: Euskararako Zuzentzaile Ortografiko eta Analizatzaile Morfologikoa.
  • 1991 Euskararako datu-base lexikal baten diseinua (GFA).
  • 1991 Euskararako analizatzaile morfologiko baten diseinua (GFA).
  • 1988-1992 Gaztelania-euskara itzulpen-sistema automatiko baten diseinua (GFA).

Ikerketa-elkarteen eragilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuko eta nazioarteko biltzarrak antolatzen lagundu du, eta horietako askoren Antolakuntza Batzordean eta Batzorde Zientifikoan parte hartu du. Hizkuntza Naturalaren Prozesamendurako Espainiako Elkartearen (SEPLN) zuzendariordea izan zen 1990tik 2004ra bitartean, eta aldi horretan elkarteko aldizkariaren editorea ere izan da.

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hizkuntzalaritza konputazionala. Izaskun Aldezabal Roteta, Jose Mari Arriola Egurrola, eta Kepa Sarasola Gabiola-rekin (UEU, 2005).
  • Oinarrizko programazioa. Ariketa bilduma. Kepa Sarasola Gabiolarekin (UEU, 1999).
  • Programen egiaztapena eta eratorpena. Xabier Arregi Iparragirre, eta Paqui Lucio Carrasco-rekin (UEU, 1993).
  • Verificación de programas y metodología de la programación (Spanish Edition) Xabier Arregi Iparragirre, eta Paqui Lucio Carrasco-rekin.

Sariak eta errekonozimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Unanue Irureta, Maialen (2018-12-09) ««Itzultzaile automatiko batek ez du sekula pertsona batek bezala itzuliko»» Berria . Noiz kontsultatua: 2018-12-10 .
  2. (Gaztelaniaz)  Diaz de Illarraza Sanchez, Arantza (1990) «Gestión de diálogos en lenguaje natural para un sistema de enseñanza inteligente.» www.educacion.gob.es (Teseo, Tesis doctorales) . Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  3. Arantza Diaz de Ilarrazaren argitalpenak Ixa taldearen webgunean
  4. Arantza Diaz de Ilarrazaren argitalpenak DBLP datu-basean
  5. Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez irakaslearen produkzioa Inguma datu-basearen arabera (>40 produktu)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]