Ipar-katamotz
| Ipar-katamotz | |
|---|---|
| Iraute egoera | |
| Sailkapen zientifikoa |
|
| Erreinua: | Animalia |
| Filuma: | Chordata |
| Klasea: | Mammalia |
| Ordena: | Carnivora |
| Familia: | Felidae |
| Generoa: | Lynx |
| Espeziea: | Lynx lynx Linnaeus |
| Hedapen mapa | |
| Ipar-katamotzaren hedapena. | |
Ipar-katamotza (Lynx lynx) Europa eta Siberiako tamaina ertaineko katuki basatia da.
Eduki-taula |
[aldatu] Espeziearen banaketa historikoa
Zantzu guztien arabera, ipar-katamotza izan zen garai historikoetan Euskal Herrian hedatuta egon zen katamotz espezie nagusia. Ipar-katamotza Iberiar penintsularen iparraldeko isurialdean zabalduta egon zen, baita Pirinioetan ere, baina hau bere banaketa eremuaren muga izan zen. Inguru honetan espezieari buruz izandako aurkitzuntza arkeologiko gehienak Euskal Herrikoak dira. Aipatu daitezke Pagolusietako leizea, Rascaño, Santimamiñeko harpea eta Urratxa.
Hala ere katamotz iberiarraren zenbait aztarna aurkitu dituzte indausketa arkeologikoetan. Hau dela eta, ezin da baztertu zenbait adituek mantentzen dutena, hau da, garai batean bi katamotz espezia elkarrekin bizi omen zirela euskal lurraldean[1].
Ipar-katamotza kontinentearen hainbat uhartean sekulan ez da izan, hala nola Sizilia edota Irlanda. Basoak urri diren zenbait eskualdetatik ere betidanik falta izan da.
Gizakiaren eraginez jatorrizko banaketa eremuetako hainbat lekuetatik desagertua, azken urtetan zenbait berreskurapen programa burutu dira, bereziki Europan, espeziea berreskuratzeko.
Espeziearen atzerakadarik handiena, gizakiak eraginda, Mendebaldeko eta hegoaldeko Europatik eman da[2].
[aldatu] Espeziearen gaur egungo egoera
IUCN-ko zerrendetan ipar-katamotza kezka txikiko egoeran agertzen da. Hau horrela da katamotz mota hau oso zabalduta dagoelako, populazio ugari eta pizti askorekin. Hala ere bere larruen komertzioa eta kontrolik gabeko ehiza arriskutsuak izan daitezke etorkizunari begira[3]. Dena den, zenbait populazio isolatu desagertzeko arriskuan daude, bereziki Europako hegoaldean.
[aldatu] Ezaugarriak
Ipar-katamotza tamainaz handiena da katamotz espezien artean.
[aldatu] Pisua
- Arrek batez besteko 25 kiloraino heltzen dira eta emeak 20.
- Aurrerago aipatzen denez, Joan Ignazio Iztueta euskal musikologo eta idazleak, Arantzatzun ehizatutako 78 librako katamotz baten berri ematen du XVIII. mendean, hau da, 36 kiloko piztia.
[aldatu] Luzera eta tamaina
80 eta 130 zentimetro arteko luzera dauka, haietatik 21-24 artean isatsa da. Altuera berriz 60-70 arteko zentimetro. Isatsa oso motza da, zerbait arraroa katukien artean.
[aldatu] Ipar-katamotza Euskal Herrian
Ugari dira katamotzari buruzko testigantza eta datu historikoak Euskal Herrian. Urte askotan eztabaida egon da adituen artean ea gure arteko katamotza Iberiar katamotza, ipar-katamotza edota bion arteko azpiespeziea izen zen. Egun adituek bildutako datuen arabera garai historikoaren euskal katamotzak ipar-katamotz espeziekoak izan omen ziren, katamotz iberiarraren presentzia hegoaldean zeharo baztertu gabe. Iberiar-katamotza Iberiar Penintsulako hegomendebaldean hedatzen da bereziki.
[aldatu] Testigantza historikoak
XVI. eta XIX. mende arteko agirietan katamotza "tiguere", "pantera", "leopardo", "tigre", "gato cerval" zein "onza" izenekin agertzen da. Euskal izena betidanik katamotza izan da.
Agiri hauetan uztez kaltegarriak ziren basapiztiak akabatzearen truke udalek zein aldundiek ordaindutako diru sariak aipatzen dira. Katamotzen zenbait kasuan 60 erreal buruko.
Esate baterako Arabako Antoñanako agirietan sarri agertzen da aipatuta katamotza izen ezberdinekin. Bertako katamotz baten lehendabiziko aipamena 1645. urtekoa da. Hala ere, antza, pizti harrapatzaile batek Oñatin harrapatu eta bertan saria kobratzeko eramandako piztia izan zen. Hau ez da harrigarria, eta antza ohiko ohitura zen garai hartako pizti harrapatzaileen artean. Antoñanan 1693. , 1694. eta 1708. urtean ordaindutako "tigreen" aipamenak badauzkagu, baina ezin zehaztu non harrapatutakoak diren. Antoñanan 1645. urtetik 1806. urtera arte 13 piztien truke saria ordaindu zuten. Este baterako 1803. urtean Orbison harrapatutako "tigre" baten truke ordaindu zuten diru saria. Hala ere ez du ematen katamotza beste zenbait piztiekin konparautuz oso ugari izan zenik, zeren eta otso edota hartzen kasuan ez bezala, ez zituzten ehizaldi berezirik antolatzen animali hauek harrapatzeko[4].
Gerardo López de Gereñu arabar etnografoak 1786. urteko Kontrastako agiri batean bai jasotzen du Arabako Mendialdean harrapatutako katamotz baten berri. Lau erreal ordaindu zizkioten Iturrietako ermitauari menditik "tigre" izeneko piztia ekarri zuelako.
Araban espeziearen aurreneko aipamena agiri batean 1572. urtean egiten dute, Bernedon[5].
XIX. mendean katamotzak arruntak ziren oraindik Gorbeia aldean. 1762tik 1777. arte 5 pizti ehizatu zituzten bertan. Gorbeia aldean burutatutako azken katamotza harrapaketak, dokumentaturik daudenak behintzat, 1801. urtean Baranbion eta 1820. urtean Urkabustaizen izan ziren.
Garai haietako beste zenbait testigantza Gipuzkoan topatu daitezke. Aipatutako udal agiretan, Gipuzkoako azken katamotzaren berri Lizartza inguruan aurkitu daiteke 1820. urtean.
Joan Ignazio Iztuetak "Guipuzcoaco provinciaren condaira" bere liburuan 1776. urtean Arantzazuko mendian ehizatutako katamotz bat aipatzen du.
Lizartzako eskibranoak 1782ko urtarrilaren 15ko agiri batean bertako zenbait herritarrek arte baten bidez harrapatutako tamaina handiko "tigre" baten berri ematen du. Azpimarratzen zuen aipatutako piztia buztan-motza zela (Izagirre, 1934).
Badago beste testigantza bat nahiko esanguratsua Mutrikun. Bertan 1777. urtean "leopardo" bat ehizatu omen zute. Ez bakarrik ehizatu, baizik eta disekatu eta Madrileko Natur Historiaren museora bidali zuten.
1837. urtean Arabako Villanañen herritar batek "pantera" bat (hau da, katamotza) ehizatu zuen Gaubea aldeko mendietan.
Euskal Herrian ehizatutako azken katamotza Nafarroako Alaitz mendimultzoan ehizatu zuten 1936. urtean.
Harez gain badaude beste zenbait testigantza katamotzei buruz ez hain ondo dokumentaturik. Esate baterako Arabako naturalista ezaguna izan zen Jose Ignazio Arestiri zenbait pizti-harrapatzaileek 36ko gerra ondorengo urtetan, Izkiko basoan irauten zuten katamotzen berri ematen zioten.
[aldatu] Testigantza berrienak
Badira ikusitako katamotzei buruzko nahiko testigantza berriak Erroibarren, Gorbeian, Izkizen zein euskal Pirinioetan, baina baieztapen zientifikorik gabe. Hau ez da hain harrigarria, kontutan hartuz iberiar-katamotzaren kasuan, hainbat populazio isolatu azken hamarkadetan hedapen eremuetatik at agertu omen direla. Hau dela eta, ezin da erabat baztertu ipar-katamotzaren ale batzuek Pirinio aldean egun arte irautea.
[aldatu] Lynx spelaea Euskal Herrian
Ikerketen arabera Euskal lurretan beste katamotz mota bat egon zen azken glaziazioaren garaian. Haitzuloetako katamotza edo Lynx spelaea izenekoa hain zuzen (Boulek, 1919.). Katamotza mota honen hainbat aztarna Euskal Herriko Pirinioetako ipar isurialdean aurkitu dituzte, eta Goi Paleolito garaikoak dira, baita Arabako Arrillor harpean ere (Ruiz eta Laurino, 1986). Edozein moduan ere baliteke espeziearen aztarna gehiago agertzea Euskal Herrian barrena.
Katamotza hau iberiar eta europearren tarteko tamainakoa omen zen. Zenbait adituen arabera haitzuloetako katamotza azken Izotz Aroari aurre egiteko iberiar katamotzaren egokitze bat izan zen.
[aldatu] Ipar-katamotzaren aztarnen aurkikuntzak Euskal Herrian
1980. urtean Aranzadi Zientzia Elkarteko zenbait espeleologoek ipar-katamotz heldu baten hezurdura ia ososa Gorbeiako Pagolusietako leizean aurkitu zuten. Antza hezurdura Neolito aldekoa da, hau da K.A. 3.500 urtekoa.
2007. urtean Nafarroako Mezkiritzen, Zerpenteko Leizean, bi katamotz buru-hezur aurkitu zituzten. Ustez XIX. mendekoak, nahiz eta datua erabat zehazteko ikerketak oraindik ez dira amaitu.
[aldatu] Geratzen al da ipar-katamotzik Pirinioetan edo Euskal Herrian?
Ipar-katamotzak 100 kilometro karratu inguruko lurraldean bizi dira, oso dentsitate gutxiko populazioak osatzen dituzte beraz. Hau dela eta, eta kontutan hartzen gaur egungo Euskal Herriaren baso naturalen murrizketa zein fragmentazioa, baiezta daiteke egun oso gune gutxi direla aproposak espezie hau gure artean bizizeko.
Gaur egun ezagunak dira (eta ez dira gutxi) Erroibarren, Gorbeialdean zein Arabako zenbait mendietan (Gasteizko mendiak, Izkiz) katamotzak ikusi omen dituzten pertsonen testigantzak. Hala ere ustezko katamotz ikuskatze hauek ez dute orain arte baieztapen zientifikorik.
2000. urtean ikerketa bat egin zuten Pirinio aldeko testigantza hauek zein dauden ustezko aztarnak aztertzeko. Ikerketarako dauden lekukotasunak aldez aurretik iragazi egin zuten sinesgarrienak aukeratzeko. Beste aldetik faunaren ikerketan ohikoak diren argazkiak egiteko tranpak paratu zituzten katamotzak egon daitezkeen parajetan. Ikerketarako beste bide bat ustez katamotzek artaldei egindako erasoak ikertzea izan zen, eta zenbait gorotza ere genetikoki aztertu zuten ea katamotzenak ote ziren zehazteko.
Orotara sinesgarritasun maila minimoa ematen zuten 43 kasuek bildu zituzten, haietatik 10 oso sinesgarri eta hiru segurutzat jo zituzten. Kasu hauetan ipar-katamotzak ziren.
Argazki tranpek ez zuten emaitzik eman. Artaldeen kontra egindako erasoen kasuan batek ematen du katamotzak eginda zela, eragindako zauriengatik eta inguruan jasotako katamotzei buruzko lekukotasunak direla eta. Gorotzen azterketak berriz argi utzi zuten ez zirela katamotzenak.
Hau dela eta baieztatu daiteke, zantzuak egon arren, ezin dela zientifikoki baieztatu Pirinioetan ipar-katamotza geratzen denik, nahiz eta zenbait aditu iraupen honetaz ziur egon.
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ "Presencia histórica del lince o "tigre" en el País Vasco". Egileak; Nerea Ruiz de Azúa Pérez de Luco eta José María Fernández García. Aunia aldizkaria, 2002.
- ↑ http://www.iucnredlist.org/apps/redlist/details/12519/0
- ↑ http://www.iucnredlist.org/apps/redlist/details/12519/0
- ↑ http://www.acoa-ake.org/sitio/files/revistas/11_archivopdf.pdf?PHPSESSID=h6k83o2d7jj5l5bj557ffd1207
- ↑ http://www.acoa-ake.org/sitio/files/revistas/11_archivopdf.pdf?PHPSESSID=h6k83o2d7jj5l5bj557ffd1207
[aldatu] Bibliografia
- "Presencia histórica del lince o "tigre" en el País Vasco". Egileak; Nerea Ruiz de Azúa Pérez de Luco eta José María Fernández García. Aunia aldizkaria, 2002.
[aldatu] Kanpoko loturak
- IUCNko zerrenda gorriaren artikuloa