Mali
Mali, izen ofiziala Maliko Errepublika, (frantsesez: République du Mali; bambareraz: Mali ka Fasojamana) Mendebaldeko Afrikako estatu itsasgabea da. Mugakide ditu Aljeria iparraldean, Niger ekialdean, Burkina Faso eta Boli Kosta hegoaldean, Ginea hego-mendebaldean eta Senegal eta Mauritania mendebaldean. 1.240.192 km²-ko azalera du, hots, Afrikako zazpigarren zabalena, eta 2009an 14.517.176 biztanle zituen[1]. Hiriburua Bamako da.
Mali Sahara basamortuaren hegoaldetik Niger eta Senegal ibaietaraino hedatzen da eta biztanle gehienak hegoaldean bizi dira. Ekonomia nekazaritza eta arrantzan oinarritzen da. Natura baliabide garrantzitsuak baditu ere, hala nola gatza, urrea eta uranioa, munduko herrialde pobreenetakoa da eta populazioaren erdia eguneko 1´25 dolar baino gutxiagorekin bizi da[2]
Historia
Antzinatean gaurko Maliren lurraldean mendebaldeko Afrikako hiru inperio handiak kokatu ziren. Inperio hauek gatz (Taghazako meatzetik ateratzen zutena), urre eta beste lehengai baliotsu batzuen Saharan zeharko merkataritza kontrolatzen zuten. Saheleko erresuma hauen muga geopolitikoak eta nortasun etnikoak ez ziren garbi zehaztuak. Lehenbizikoa Ghanako Inperioa izan zen, Soninke herriak sortu zuena eta VIII. mendetik 1078 arte mendebaldeko Afrikan hedatu zena. Ondoren Maliko Inperioa (XIII. mendetik XVI. mendera) eta Songhai Inperioa (XV. eta XVI. mendeak) etorri ziren. Djenné eta Tonbuktu merkataritza, garraio eta islamiar ikaskuntzarako gune garrantzitsuak izan ziren inperio hauen garaian. Marokoarren inbasioaren ondoren (1591), Songhai inperioak gainbehera egin zuen. 1880tik aurrera Frantziak Mali inbaditu eta aginte koloniala ezarri zuen. 1905ean ia eskualde osoa Frantziaren menpean zegoen, Frantziar Sudanen barnean, geroago Sudango Errepublika izena hartuko zuena.
1959an Mali (orduan Sudango Errepublika izena zuena) eta Senegal batu ziren Maliko Federazioa osatzeko eta 1960ko ekainaren 20an Frantziarengandik independentzia lortu zuten. Handik hilabete gutxira, Senegal banandu egin zen federazio honetatik eta 1960ko irailaren 22 Maliko Errepublika aldarrikatu zen. Aurreneko presidentea Modibo Keïta izan zen. 1968an Moussa Traoré buru zuen ofizial talde batek Modibo Keïtaren aurkako estatu kolpea eman zuen, azken hau atxilotu eta espetxeratuz. Horrela 1991 arte iraun zuen diktadura ezarri zen Malin. Herrialdeak 1968tik 1974ra eta 1983tik 1985era gosete handiak pairatu zituen. 1985 eta 1986an Burkina Fasoren aurkako gerra izan zuen.
1991n, gobernuaren kontrako protesta eta istilu giroan, Toumani Touré jenerala buru zuen ofizial talde batek Traore agintetik kendu zuen eta trantsizio aldi baten ostean demokrazia eta konstituzio berria ezarri zituen. 1992an Alpha Oumar Konarék Maliko lehenbiziko hauteskunde presidentzial demokratikoak irabazi zituen eta 1997an berriz hautatu zuten. Tarte honetan Konare presidenteak politika eta ekonomia erreformak bultzatu zituen eta ustelkeriaren kontra borrokatu ere. 2002an Amadou Toumani Tourék, 1991ko altxaldiko liderrak, armada utzi egin zuen hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko eta baita irabazi ere, Maliko presidente bihurtuz. 2007an berrautatua izan zen.
Mali sozialki zein politikoki Afrikako herrialde egonkorrenetakoa zen arren, 2012ko urtarrilean MLNA (Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimendua) Maliko gobernuaren aurka matxinatu zen eta martxoaren 22an militar talde batek estatu kolpea eman zuen[3]. Apirilaren hasieran MLNAko Tuareg matxinoek Maliko iparraldeko (Azawad) zati handiena kontrolpean zeukaten[4]. 2014ko abuztuaren 29an, MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalak, MAA Azawadeko Mugimendu Arabiarrak eta haien gainerako aliatuek elkarren arteko liskarrak amaitu eta fronte komun bat osatzea erabaki zuten, irailean Maliko Gobernuarekin Aljerian hastekoak zituzten bake negoziazioei begira. Burkina Fason egin zuten akordioa[5]. Urriaren 8an, Azawaden ekintza azkarreko indar militar bat hedatzeko eskatu zion NBEren Segurtasun Kontseiluari Maliko Atzerri ministro Abdulaye Diopek. 2013ko apiriletik 30 pertsona hil ziren Maliko iparraldean, NBEren kasko urdinen kontrako erasoetan[6].
Abenduaren 9an, askatu egin zuen 2011tik Malin atxikia zuten frantziarra Magreb Islamiarreko Al-Kaidak[7]. Abenduaren 12an, Malik presoak trukatu zituztela bahitu batekin adierazi zuen[8].
Geografia
Mali Mendebaldeko Afrikako estatu itsasgabea da, Aljeriaren hegoaldean dagoena. Ipar latitudeko 10° eta 25° artean, eta 13° W eta 5º E arteko longitudean hedatzen da. 1.240.192 km²-ko azalerarekin munduko 24. herrialderik zabalena da. Gehiena Saharako hegoaldean kokaturik dago eta, beraz, oso beroa da eta urtaro lehorrean hondar erauntsiak izaten dira. Lurralde gehiena laua da, baino han eta hemen muino harritsuak daude. Mendigune nagusienak Adrar des Ifoghas, ipar-ekialdean, Manding eta Bambouk mendiak hego-mendebaldean eta Hombori Tondo hego-ekialdean. Azken hau da Maliko gailurra da, 1.153 metrorekin.
Malin hiru eskualde natural daude: Saharako basamortua iparraldean, Sahel erdialdean eta Sudandar sabana hegoaldean.
Baliabide naturalak kontuak hartzekoak dira. Urrea, uranioa, fosfatoak, kaolina, gatza eta kareharria ustiatzen dira. Ingurune arazo larrienak desertizazioa, basogabetzea, lurren higadura eta uraren kutsadura dira.
Banaketa administratiboa
Mali 8 eskualdetan (régions) eta barruti batean (district) banatua dago eta 49 zirkulutan (cercle) azpibanatua.
Eskualdeak eta barrutia hauek dira:
2012ko martxotik aurrera Maliko gobernuak ez du kontrolik izan Gao, Kidal, Tomboctou eta Moptiko iparraldeko hainbat eremutan. 2012ko apirilaren 6an MNLA taldeak lur hauen sezesioa aldarrikatu zuen, Azawad izenarekin. Ekintza hau ez du ez Malik ez nazioarteko komunitateak onartu.
Udalerri nagusiak
Maliko udalerri handienak | ||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Udalerria | Eskualdea | Biztanleria | Udalerria | Eskualdea | Biztanleria | |||||
1 | Bamako | Bamako barrutia | 1.809.106 | 11 | San | Ségou | 68.067 | |||
2 | Sikasso | Sikasso | 225.753 | 12 | Koro | Mopti | 62.681 | |||
3 | Kalabankoro | Koulikoro | 166.722 | 13 | Bla | Ségou | 61.338 | |||
4 | Koutiala | Sikasso | 137.919 | 14 | Bougouni | Sikasso | 59.679 | |||
5 | Ségou | Ségou | 130.690 | 15 | Mandé | Koulikoro | 59.352 | |||
6 | Kayes | Kayes | 127.368 | 16 | Baguineda-Camp | Koulikoro | 58.661 | |||
7 | Kati | Koulikoro | 114.983 | 17 | Kolondiéba | Sikasso | 57.898 | |||
8 | Mopti | Mopti | 114.296 | 18 | Kolokani | Koulikoro | 57.307 | |||
9 | Niono | Ségou | 91.554 | 19 | Pelengana | Ségou | 56.259 | |||
10 | Gao | Gao | 86.633 | 20 | Tonbuktu | Tonbuktu | 54.453 | |||
2009ko errolda |
Biografiak
- Ali Farka Toure (1939-2006), musikaria.
- Frédéric Kanouté (1977-), futbolaria.
Erreferentziak
- ↑ Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan:
ez da testurik eman
census
izeneko erreferentziarako - ↑ hdr.undp.org: Human development indices
- ↑ Matxinoek Gobernua desegin dute eta zenbait ministro atxilotu dituzte Eitb.com
- ↑ Maliko tuareg matxinoek orain arteko hiririk handiena «askatu» dute iparraldean Berria.info
- ↑ «Azawadeko matxino taldeek indarrak bilduko dituzte Malirekin negoziatzeko», Berria, 2014-08-30
- ↑ «Ekintza azkarreko indarrak eskatu dizkio Malik NBEri», Berria, 2014-10-09
- ↑ «Aske utzi dute 2011tik Malin atxikia zuten frantziarra», Berria, 2014-12-09
- ↑ «Malik dio presoak trukatu dituztela bahitu batekin», Berria, 2014-12-13
- ↑ 2009ko errolda: Sikasso eskualdea instat.gov.ml
- ↑ 2009ko errolda: Gao eskualdea instat.gov.ml
- ↑ 2009ko errolda: Kayes eskualdea instat.gov.ml
- ↑ 2009ko errolda: Kidal eskualdea instat.gov.ml
- ↑ 2009ko errolda: Koulikoro eskualdea instat.gov.ml
- ↑ 2009ko errolda: Mopti eskualdea instat.gov.ml
- ↑ 2009ko errolda: Segou eskualdea instat.gov.ml
- ↑ 2009ko errolda: Tinbuktu eskualdea instat.gov.ml
- ↑ 2009ko errolda: Bamako instat.gov.ml
Kanpo loturak
- Maliko webgune ofiziala
- Jalgi.com atlasa datuak, mapak eta irudiak
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mali |