Edukira joan

Lamina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lamia» orritik birbideratua)
Lamina
euskal mitologia
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa eta gizonezkoa
BaliokideakAloja (en) Itzuli eta Q109314725 Itzuli

Laminak[1] —zenbait euskalkitan, lamiakeuskal mitologiako izakiak dira. Anuntxi Arana antropologoak bi mota bereizten ditu: lamina eraikitzaileak eta ur bazterretako laminak. Mitologiako beste jeinu askok legez, batzuetan gizakiei laguntzen diete, eta bestetan kalte egiten. Edonola ere, jendearekin harremanak omen dituzte, jendea bisitatuz edo haien aurrean agertuz.[2]

Euskalkietan, izenaren aldaerak hauek dira: lamina, lamia, lami, lamina, lamie, illamina, llamina, labina, amilamia, lamiña, lamiñaku eta eilamia. Forma dokumentatuena lamina da, eta horixe hartu da euskara baturako.[3][1] Barandiaranek dioenez, kondaira gutxitan erabiltzen da izen berezitzat, izena baino areago oro har jeinu mota bat deskribatzeko erabiltzen den izenordea litzateke. Sexu femeninoko gizaki mota bati ezarritako ezizena dela esan liteke, sorginen eta beste zenbait numenen kondaira batzuk laminenekin nahasian agertzen direla ikusita.[4]

Izena latinetik jasoa dela pentsa genezake. Proposatu izan da De lamiis et phytonicis mulieribus 1489. urtean Ulrich Molitorrek argitaratutako liburuak izan zuen arrakastaren ondorioz, baina Euskal Herriko toponimiaren dokumentzaio zaharrenak ez datoz bat teoria horrekin, "lamia" oagaia lehenagotik agertzen delako. 945 urtean testu hau irakur daiteke Donemiliaga Kukulako kodexean: de "illo fonte qui vocatur lamiturri" (P. Luciano Serrano, Cartulario de San Millán de la Cogolla, CSM 36, 44. or. Madril, 1930).[5] Agian, lehenagoko erromatarren eskutik ikasia da (Greziar mitologian agertzen da eta Filostrato Atenasekoaren "Apolonio Tianakoaren bizitza" idazlanean lamia bati buruzko ipuin kontatzen da eta Aristofanes antzerki idazleak ere deskribatzen du, besteak beste)[6] eta ondorengo kristauek zabalduta (Testamendu Zaharrean emakume-deabru moduan agertzen da).

Ur bazterretako laminak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lamina hauek erreka zuloetan egoten dira. Batzuek harpeetan dute egoitza, herrietatik hurbil, ez mendi garaietan.[2] Ilea urrezko orraziz orrazten edo, gutxiagotan, bere oihal ederra zabaltzen eta xukatzen ikusten dituzte gizakiek[2]. Leku askotan ahate oinak, ardi oinak edo zaldi oinak dituzte,[7] baina Ibaizabal inguruan eta Euskal Herriko kostan arrain buztana dute. Oso ederrak dira, eta gizakumeak liluratzen eta hilda uzten dituzte. Antzekoa da Amilamia, beste irelu bat. Begi bakarreko emakume moduan ere deskribatu izan dute.[7]

itxaslamina
Bertiz Aranako ezkutu batean ikus daitekeen itsas laminaren irudikapena

Kostaldeko laminei, gerritik behera arrain direnei, itsaslamina ere esaten zaie.

Bakarrik edo taldean ager daitezke.

Aipatuak aipatu, ikerketetan jasotako desberdintasunak ikusgarriak dira:

Beran Julio Caro Barojari Kobre kolorezko azala zutela esan zioten.[8] Websterrek Lapurdin jaso zuenez lurpean bizi ziren emakume txikiak ziren.[8] Jean Barbierri tximinoen antzeko arintasuna eta gorputza ilez estalita zeukatela esan zion informatzaile batek.[8] Lapurdin eta Nafarroa Beherean bi sexuetako laminak daudela zioten baina Zuberoan emakumezkoei Lamina esaten zitzaien bitartean gizonezkoei Maide deitzen zieten.[8] Berrizen Azkueri buru soilak ziruditen haien garondoan txanpon baten tamainako ile sorta zeukatela esan zioten, bitartean, Arratian laminak ahotik argitzen zutela esan zioten (ireltxu edo idittuen antzera).[8] Bizkaian soilik jasota dago, Tartaloren antzera, begi bakarrak zirela.[8]

Lamina eraikitzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gizontto itxura duten lamina eraikitzaileak zubia egiten.

Badira lamina harginak, gizon txikiak, gehien bat Zuberoan eta Nafarroa Beherean. Badira emazte eder itxurakoak, eguzkitan orrazten aritzen direnak, Zuberoatik Bizkairaino. Bien ezaugarriak eta gehiago biltzen dituztenak ere badira: emazte lamina eraikitzaileak edo harri ekarle handiak, jentilen eta gizandi harri-jaurtitzaileen modukoak. Eremu bakoitzean ere laminak zein diren ez da argia. Bizkaian sorginekin nahasteko joera bada, baita familiariekin ere, nahiz eta hauek euli itxurakoak diren. Berriemaileei galdegiten zaielarik nola irudikatzen dituzten, gehienek ez dute zehazten; beharbada ez du axola handirik, edo mitoa higaturik heldu zaie.[9]

Bizilekuari dagokionez, laminak ur laster eta epelei loturiko lekuetan aurkitzen ziren. Emakume eder horiek, gehienetan urrezko orraziz beren ile ederra orrazten zuten kantuan ari zirela. Kantu hauek hedadura izugarria izan zuten munduan zehar. Bazter guztietako herri eta kultura ezberdinetan ezagutzen ziren laminen elezahar kontakizunak.[10]

Garagartzako (Arrasate, Gipuzkoa) laminaren eskultura.
Lamina eskultura (Michel Duboscq), Getariako Saraleginean. Testua: «Laminak lehen, laminak orai. Laminek dugu bihotza alai. Bihotza alai, begia alai. Laminek dugu bihotza alai.»

Greziar mitologiako lamia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Lamia (greziar mitologia)»

Greziar mitologian, lamia ageri da, deabru femenino bat (testu batean hermafrodita da), haurrak irensten zituena eta gizonak liluratzen zituena. Literaturan K.a. VI. mendean agertu zen, eta esaten da beldurgarria dela. Emakume baten gorputzaren du goiko aldea; suge batena, beheko aldea; eta aurpegia itsusia du.[11]

Belos/Belus erregearen alaba izan bide zela diote kontakizun batzuek; edo, beste kontakizun batzuen arabera, Poseidon eta Libiaren (antzinako Libia eskualdearen pertsonifikazioa) alaba. Zeus jainkoaren maitalea zen; horregatik, Hera jainkosa jeloskortu egin zen, eta lamiaren seme-alabak hil zituen. Gainera, begiak ixteko gaitasuna kendu zion, seme-alaben heriotza betiko ikus zezan. Harrezkeroztik beste emakumeen haurrak hiltzen ditu.

Lanean laguntzen omen diete opari bat ematen dietenei; honela, zubi batzuk laminek egindakoak dira: Ebraingoa (Bidarrai), Azalaingoa (Andoain), Urkulukoa (Leintz-Gatzaga)... Gauez egiten dituzte eraikuntzok, eta anitzetan oilarraren lehen kukurrukuaz batera uzten diote lanari.

Nekazariren batek landa lurren ertzetan janaria uzten bazien, gauez jaten zuten laminek, eta horren truke, lurra goldatu edo bukatu gabe utzitako lana amaitzen omen zioten.[7]

Zenbait kondairatan ur bazterretako laminek laguntza eskatzen diote emagin bati, honek lagundu eta laminek oparitan ogi zuria, oihal eder bat edota beste opariren bat emango diote.

Hilarri batean ageri den Lamina
Donostiako San Telmo museoan A000141 zenbakiarekin Lizarragako (N) hilarri batean ageri den Lamina

Mutil batez maitemintzen da lamina bat ipuin batzuetan, harik eta mutil horrek, bere maiteñoa lamina dela jakiten duen arte.

Beste batzuetan laminak etxe bat bisitatzen du, bertako janaria eskatuz. Laminak trukean zerbait emango dio edo ez bertsioaren arabera. Azkenik, etxeko gizonak lamina zigortzen du eta honek ihes egiten du.[2]

Ostadarraren muturrean lamina bat egoten omen da ilea orrazten, eta eguzkiak bere adatsean joz zabaltzen du ostadarra.

Lamina arrek sekulako indarra dute. Gauez trikuharriak egiten dituzte batzuetan, eta etxeetan sartzen dira askotan etxekoak oheratutakoan. Izen desberdinak dauzkate: Maideak, Mairiak, Intxixuak (Oiartzunen), Saindi Maidi (Nafarroa Beherea).

Lamina gehienak desagertu omen dira, mendietan baselizak eraiki zirenean batzuen hitzetan edo idiek arrastatutako goldea erabiltzen hasi zenean beste batzuentzat.[7]

Barandiaranek laminen eta sorginen kondairak nahastu egiten zirela azaldu zuen, herri batzuetan laminei leporatzen zizkieten gertakizunak bestetan sorginei leporatzen zizkieten.

Urrezko orraziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Laminaren irudikapen bat.

Laminek urrezko orraziak izaten dituzte, eta Euskal Herriko poema eta abesti mitologiko ugarik istorio bat kontatzen dute, non emakume batek (eta gutxi batzuetan gizon batek) orrazia lapurtu izana; gauean laminak pertsona horren etxera joan eta itzultzeko eskatzen diote[7], era askotako zigorrez mehatxatuz:

Emoiten esposu artzie ta orrasie,
Nik kenduko deutzut Torrontegiko mintegie[12]
Emaidezu orrazie,
Espabe kenduko dotzut bizie[12].
Lanbreabeko etzanderea,
Ekasu nire orrasie;
Espabe egingo dot sure askasie[12].
Intxusko eratziye,
Ekazu neure orrasiye.
Espabare kendukotzut
Kortako bei nagosiye[12].
Ozten ezpona neure orrazija,
Galduko deunat eure azi-orrazi guztija[12].
Matxineko neskamea,
Ekatzu nere orrazea
Bestela emango dinat
Ere biziko ezurretako onazea[12].

Ur ondoan orrazten den emakumea eta orrazia hartzearen tabua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumezko irelu ile luzedunak, uretik gertu orrazten agertzen direnak, Europako beste folkloretan agertzen dira, adibidez, bansheeak[13] eta eslaviar herrialdeetako rusalkak Kasu horietan ere, orrazia hartzea eta eramatea debekatuta dago, tabua da.[14] Itsaslaminak ere, Europako Erdi Aroan, maiz irudikatua izan da ispilu baten aurrean, ilea orrazten.[15][16] Tatyana Mikhailova errusiar hizkuntzalariak beste adibide batzuk ematen ditu eslaviar eta haien inguruko herrietakoak, non Naturaz gaindiko emazteak ager daitezke ile orrazten: turkiar Albasta/Albasti (batez ere Kazango tartaroen artean), tartariar Syu-Ansany ("Uraren ama"); Komi-Permiateko (edo Komi-Zyrian) eskualdeko Shishiga neska (Komi-permierera hizkuntza fino-ungriarra da), gemaniarren Undines, Eskandinaviako Holdres, Serbo-kroaziar Cillas edo Velebtiska Vila, Poloniar folkloreko Wilas, serbiar Pripoldnica ("Eguerdiko emakumea"), eskoziarren Glastyg edo Glaistig (andere Berdea) , eta beste.[14]

Irlandako mitologian, Etain jainkosa, horrela deskribatzen da Togail bruidne Da Dergan testuan: ... emakume bat ikusi zuen putzuaren ertzean. Zilar koloreko orrazi distiratsu bat zeraman, urre koloreko apaingarriz hornitua ....... Putzuan, emakumeak ilea askatu zuen garbitzeko, eta eskuak bere soinekoaren lepoko irekiduran zehar agertu zitzaizkion.....”[17] Baina beste emakumezko eder batzuk ere oso anterako moduan aurkezten dira irlandar mitologian, ur masa baten aldamenenean orrazten, alegia; adibidez, Aine, udaren jainkosa[18] Galizako Mourak, Astuiriaseko Xana eta Gaztelako Encantada pertsonaietan ere agertzen da motibo hauxe. Kasu askotan, San Juan gauan agertzen dira, udako solstizioan.

Arrasateko (Gipuzkoa) erraldoiak: Errementaria, Anbotoko Mari, Basajaun eta Lamina (Kukubiltxo, 2011).

Toponimian asko dira laminei lotutako izenak: Lamera eta Lamerapunte, Bermeon; Lamikiz, Markinan; Laminaputzu, Zeanurin; Lamitegi, Bedaion; Lamirain, Aranon; Lamusin, Saran; Lamiñosin, Ataunen; Lamiako Leioan; Laminen zubia Ligi-Atherein, eta abar.

Euskal Herritik kanpo ere aurkitzen da laminaren inguruko toponimorik, esate baterako Errioxako Ojacastro herrian Laminiturri iturburua dago[19].

Juan Inazio Hartsuaga hizkuntzalariak laminaren toponimia jaso zuen bere Euskal mitologia konparatua liburuan eta Auñamendi Eusko Entziklopedain online argitaratu du artikulu foramtuan.[5]

Laminen zubia Ligi-Atherein, Zuberoan

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «lamina» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2019-07-04).
  2. a b c d Anuntxi, Arana. (2008). Euskal mitologiaz: jentilak eta kristauak. Elkar, 65-72 or. ISBN 9788497835695. PMC 863179178. (kontsulta data: 2018-11-01).
  3. Orotariko Euskal Hiztegia online. (kontsulta data: 2018-11-01).
  4. (Gaztelaniaz) Barandiaran, Jose Migel. (1997). Mitología del Pueblo Vasco. Ostoa, 100 or. ISBN 84-88960-16-6..
  5. a b Hartsuaga Uranga, Juan Inazio; Hartsuaga Uranga, Juan Inazio. Lamina (1987ko bertsioa) in: Euskal mitologia konparatua (1987). Auñamendi Entziklopedia [on line], 2026. [Kontsulta data: 2026ko Otsailaren 10a].
  6. Guzman, Alejandra. (2013-01-01). «Enigmes d'identitat: ¿làmies, estriges o bruixes? en De Lamiis et Pythonicis Mulieribus i uns altres tractats demonològics del segle XV» Anuari De Filologia Antiqua Et Mediaeualia (kontsulta data: 2026-02-10).
  7. a b c d e Barandiaran, Jose Migel. (2008). Mitología vasca. in: Anboto. (14. argitaraldia) Txertoa ISBN 9788471484321. PMC 733743324. (kontsulta data: 2018-11-01).69-71 or.
  8. a b c d e f (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1997). Mitología del Pueblo Vasco. Ostoa, 88 or. ISBN 84-88960-16-6..
  9. Arana, Anuntxi. (2004). Mitoen bilakatzea. Mitoak historian eta historia mitoetan - akaberak eta iraupena. Gatuzain ISBN 978-2-913842-33-5..
  10. (Kalzakorta, 1997, 127-130. or.).
  11. (Gaztelaniaz) Miate, Liana. (2022-09-15). «Lamia» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2025-11-11).
  12. a b c d e f (Gaztelaniaz) Barandiaran, Jose Migel. (1973). Obras completas. Eusko-Folklore, 431-32 or..
  13. (Ingelesez) Folklore, Ireland's; Traditions. (2017-10-22). «banshee comb» Ireland's Folklore and Traditions (kontsulta data: 2025-11-11).
  14. a b Mikhailova, Tatyana. (2010). «Irish Banshee and Russian Rusalka: The Comb Motif — Its Meaning and Genesis» Studia Celto-Slavica 3: 221–237.  doi:10.54586/jbbj4698. ISSN 2058-9050. (kontsulta data: 2025-11-09).
  15. Waugh, Arthur. (1960-06). «The Folklore of the Merfolk» Folklore 71 (2): 73–84.  doi:10.1080/0015587X.1960.9717221. ISSN 0015-587X. (kontsulta data: 2025-11-10).
  16. (Ingelesez) Crull, Chloe Victoria Ruby. (2021). «Idealizing the Bodies of Medieval Mermaids: Analyzing the Shifted Sexuality of Medieval Mermaids in the Presence of Medieval Mermen» Berkeley Undergraduate Journal 35 (1)  doi:10.5070/B335152285. (kontsulta data: 2025-11-10).
  17. Gantz, Jeffrey (1981). Early Irish Myths and Sagas. National Geographic Books. ISBN 9780140443974. 61-2 eta 62–3.
  18. Fitzgerald, David (1880). Popular Tales of Ireland. Revue Celtique. 186 or.
  19. (Gaztelaniaz) «Ojacastro, una localidad entre la leyenda y el futuro» La Rioja 2013-10-10 (kontsulta data: 2021-04-15).

Bibliografia gehiago

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]