Londres

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Erresuma Batuko udalerri infotaula

Erresuma Batuko legebiltzarra

Londres[1] (ingelesez: London) Ingalaterra eta Erresuma Batuko hiriburua da. Tamesis ibaiaren ertzetan eta Britainia Handiko hegoaldean kokatuta, 43an fundatu zuten erromatarrek, Londinium izenpean. 7.500.000 biztanle edukita, Londres Europar Batasuneko hiririk handiena da.

Geografia

Tamesis ibaiak zeharkatzen du hiria, eta bitan banatzen. Ibaiak izugarrizko eragina izan du hiriaren garapenean. Ibai horren ipar-ertzean fundatu zen Londres, eta mende askotan zehar zubi bakarra egon zen, Londresko zubia (London bridge), hain zuzen ere. Hori dela-eta, Londresko hirigunerik garrantzitsuena iparraldean kokatuta dago, baita zinema, antzerki, gune historiko eta turistikorik inportanteenak ere. XVIII. mendean zubi gehiago eraiki zirenean, hiria norabide guztietan zabaldu zen.

Londresek klima ozeaniko eta epela du. Udak oso gutxitan izaten dira beroak (batez besteko tenperatura uztailean: 18º) eta neguak ere nahiko epelak izan ohi dira (batez besteko tenperatura urtarrilean: 6º). Udan tenperaturak ez dira 33 °C-tik igotzen. Tenperaturarik altuena 2003ko beroaldian neurtu zen, 38,1 °C-koa izan baitzen.

Londres Europa osoko hiririk kutsatuena da, berdegune handiak izan arren. Auto eta industriek ke-kantitate handia isurtzen dute hiri barnean.

Klima

    Datu klimatikoak (Londres (Greenwich))    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 14.0 19.7 21.0 26.9 31.0 35.0 35.5 37.9 30.0 28.8 19.0 15.0 37.9
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 8.1 8.4 11.4 14.2 17.9 21.1 23.5 23.2 19.9 15.6 11.2 8.3 15.2
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2.3 2.1 3.9 5.5 8.7 11.7 13.9 13.7 11.4 8.4 4.9 2.7 7.4
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -10.0 -9.0 -8.0 -2.0 -1.0 5.0 7.0 6.0 3.0 -4.0 -5.0 -7.0 -10.0
Pilatutako prezipitazioa (mm) 55.2 40.8 41.6 43.6 49.3 44.9 44.5 49.5 49.1 68.5 59.0 55.0 601.5
Euri egunak (≥ 1 mm) 10.9 8.1 9.8 9.3 8.5 8.4 7.0 7.2 8.7 9.3 9.3 10.1 106.6
Elur egunak (≥ 1 mm) 4 4 3 1 0 0 0 0 0 0 1 3 16
Eguzki orduak 45.9 66.1 103.2 147.0 185.4 180.6 190.3 194.4 139.2 109.7 60.6 37.8 1460.2
Hezetasuna (%) 91 89 91 90 92 92 93 95 96 95 93 91 92.3
Iturria (1): Errekorrak BBC Weather,[2] eta Met Office[3][4]
Iturria (2): Datuak: Met Office,[5]. Prezipitazioa eta elurra: NOAA[6]

Historia

Antzinatea

Britainia hegoaldeko tribuak mendean hartu ondoren, erromatar osteak Colchesterrera aurreratzen ari zirela, Tamesis ibaia aurkitu zuten oztopo eta, hura zeharkatzeko, zubia eraiki zuten jatorriz eremu zingiratsuz inguratutako herrixka zelta baten aldamenean. Finkalekua Londinium izendatu zuten Ko 43. urtean. Zubiaren kokapen estrategikoa baliatuz, erromatarrek merkataritza-gune dinamiko bat sortu zuten bertan. Cityko egungo Gracechurch Streetek antzinako Basilika zaharra eta foroa (merkatu-plaza) zeharkatzen ditu bete-betean.

Ko 200. urtean orduko hiria gotortu egin zuten, harresiz inguratuz; egun, laukizuzen trazako esparru horri "Square Mile" ere deitzen zaio eta "City" finantza-guneari dagokio. Garai horretan, Londres Britainiako hiriburu bihurtu zen, baita merkataritza-gune garrantzitsu ere. Londresek II. mendean jo zuen bere gaina eta 45.000-60.000 biztanle inguru izatera heldu zen.

Bertako britainiarrak eta erromatarrak elkarrekin bizi ziren, ahalik eta Erromatar Inperioa V. mendean gainbehera etorri arte. 410. urtean erromatar armadak utzi egin zuen Londinium eta Britainia eta hiriguneek, Erromatar Inperioko joerarekin bat etorriz, indarra galdu zuten, biztanle ugarik ere mendi-zelaietara alde egin zuten, baita Londresen ere. Erromatar boterea ahultzearekin batera, gainera, beste herri bat, germaniar saxoiak, hiriaren inguruaren aldameneko lurretan finkatu ziren, batzuetan britainiar biztanle-guneen artean eta beste batzuetan horiek mendebalderantz kanporatuz.

Erdi Aroa

Aldiz, saxoiak ez ziren Londinium esparru erromatarraren barnean finkatu eta, mende batzuen buruan, anglosaxoiek beste finkaleku bat sortu zuten Tamesis ibaian 2 km inguru gorago, Lundenwic deitutakoa (VII-VIII. mendeak). Oraindik orain egindako indusketek frogatu dutenez, egungo Covent Garden aldean zegoen kokatuta. IX. mendetik aurrera, berriz, areagotu egin ziren lehenago ere danimarkarrek (bikingoek) egiten zituzten erasoak, eta anglosaxoiek Lundenwicetik antzinako Londiniumera lekualdatzeko hautua egin zuten, harresiz hobe babestuta zegoelakoan (886 urtea). Anglosaxoien finkaleku izandakoari izena aldatu zioten, Ealdwic jarri ('finkaleku zaharra' ingeles zaharrean); egun izen horren aztarna dugu Adlwych Londresko kalea.

1066an Gilermo normandiar dukea Harold II anglosaxoiari gailendu ondoren, Westminsterreko Abadia eta aldameneko jauregia erregetzaren egoitza bihurtu ziren Gilermoz geroztik. Abadia horretan koroatu zuten Gilermo Ingalaterrako errege, eta ]Ingalaterrako errege guztiak bertan koroatzen hasi ziren gerora ere. Bere garaipenaren ostean, Gilermok pribilegio batzuk bermatu zizkien londrestarrei, eta Londresko dorre ospetsua eraiki. Eraikin horren helburua, ordea, londrestar anglosaxoiak zainpean edukitzea zen batez ere. Westminsterren, Londresen bigarren gune bat hazten hasi zen erregetzari eta gobernuari lotuta; XVI. mende aldera bi guneak, merkataritza-gunea ("Square Mile" zaharra) eta gobernu-gunea (Westminster), elkartuta geratu ziren fisikoki.

Erdi Aroko Londresek handitzen jarraitu zuen. Londrestarrek Tamesis hegoaldeko ibaiertzera igarotzeko zubi bakarra zeukaten: Londresko Zubia delakoa, hegoaldeko ibaiertzean Southwark auzoa zuela. Kaleak estuak eta bihurriak ziren, etxeak egurrez egindakoak, eta teilatuak maiz lastoz osatutakoak. Hainbat sute gertatu ziren, eta 16 aldiz zabaldu zen izurri beltza 1348 eta 1665 artean.

Aro Modernoa

1665an Izurrite Handia gertatu zen eta, ondorioz, 70.000-100.000 londrestar hil zirela uste da. 1666an Londresko Sute Handia izan zen, irailaren 2tik 5era bitartean. Gertakari hori Ingalaterrako historiako mugarri bat da. Txikizioa eragin zuen Erdi Aroko hirian, alegia, erromatar-harresiaren barrenean kokaturiko esparruan (City of London gisa ezaguna). Westminster auzo aristokratikoa mehatxatu zuen, baina ez zen bertaraino iritsi. 13.200 etxe, 87 eliza, San Pauloren katedrala eta hiriko agintaritza-eraikin gehienak kiskali zituen. Berreraikuntza hamarkadetan luzatu zen, eta Christopher Wren arkitektoa izan zuen buru. Arkitekto ospetsu horrek eliza asko berreraiki zituen, San Paulo katedrala, besteak beste. Londresko kale-matazaren diseinua aldatzeko ahalegina egin zuten arren, lehengo horretan geratu zen gehienean; aldiz, etxeak eraikitzeko materialak behin betiko aldatu zituzten, adibidez, etxeen lastozko estalkiak teilaz aldatu ziren. Egun, Monument zutabe oroigarriak urte horretako gertaera lazgarria ekartzen digu gogora.

XVIII. mende hasieran, egunkariak hasi ziren argitaratzen (Spectator izan zen lehenengoa) eta geroko egunkari sortu berri askok Fleet Streeten jarri zituzten egoitzak (egun, oraindik, Britainia Handiko prentsaren sinonimotzat erabiltzen da kale-izen hori). Bestalde, arkitekturan estilo klasikoa indarberrituta hasi zen Londresen errotzen (ia mende osoan iraun zuen joera), eta horrelako lehenengo eraikina Picadillyko Burlington House izan zen, Chiswick House gero. Arkitektura-lan handien ildoari jarraiki, 1750ean Tamesis gaineko bigarren zubia eraiki zuten: harrizko Westminsterreko Zubia. 1759an, berriz, British Museum ireki zen: museoa Sir Hans Sloane nobleak handik eta hemendik bildutako bitxikeriek osatzen zuten eta, bera hil zenean, gobernuak erosi zuen bilduma, baita erakusgai jarri ere.

George Erregearen aroko gizartean izandako benetako iraultza lasaia kafe-etxeen hedakuntza izan zen. Harrera beroa izan zuten, eta gizarte-, entretenimendu- eta negozio-gaien eztabaidagune bihurtu ere. Kafe-etxe batzuk ikuspegi politiko batzuei lotuta ikusten hasi ziren eta beste batzuk, berriz, merkataritza-jarduera jakin batzuei, esate baterako, New Jonathan's delakoan merkatari ekintzaileak biltzen ziren eta haiek sortu zuten Londresko Burtsa.

Aro Garaikidea

Londresko ekialdearen ikuspegi bat, Canary Wharf finantza gunea eta Greenwich tartean direla

Londresek norabide guztietan zabaltzen jarraitu zen zabaldiak, basoak, herriak eta abar barneratzen. Parisen Frantses Iraultza egosten zen bitartean, 1780. urtean joan den mendetako erlijio-gerrek utzitako lorratz goria berpiztu zen Londresko kaleetan, Gordon Istiluak edo Gordon Riots direlakoetan: Lord George Gordon lider ahoberoak xaxatuta, katolikoei oinarrizko eskubide batzuk onartzen zizkien lege baten kontrako martxa batean hasi zena astebetez luzatutako lapurreta-, triskantza- eta hilketa-aste beldurgarri bihurtu zen. Harrezkero, ordea, agintariek edozein protestaren kontrako errepresioa areagotu egin zuten.

XVIII. mendetik, XX. mendeko lehenengo erdialdera, Londres Britainiar Inperioaren hiriburu izan zen, eta Victoria Erreginaren Aroan bereziki Inperioak bere gorena jo zuen. Garai horren atarian, George IVren Aroan, John Nash diseinatzaileak itzal handiko ingeniaritza-lanak itxuratu zituen: Regent Street, Piccadilly Circus, Carlton House Terrace eta Oxford Circus etorbide, bidegurutze eta plaza dotoreak, baita Buckingham House Errege baten merezimenduko jauregi bihurtu ere. 1830. urtean Trafalgar Square egin zuten, eta bi urte geroago, berriz, bertako National Gallery eraikina.

Londres hiria, berriz, kontraesan latzez betetako hiria zen. Eraikuntza eta ingeniaritza-garapen berriekin batera, herri xehea auzo txiroetan metatuta bizi zen egoera lazgarrietan. 1800. urtean, Londresen milioi bat pertsona bizi ziren; mende bat geroago, ordea, 6 milioi, baina oinarrizko beharrizanei aurre egin ezinik zeuden horietako asko eta asko. Hau da, hain zuzen, Charles Dickens idazlearen garaiko Londres txiroa eta latza: industriaren garapen bete-betean, 5 urteko umeak ere eskale egoten ziren kalean, edo tximinia-garbiketan. 1870ean egoera hori zer-edo-zer hobetu zen, 5-12 urte arteko haurrak nahitaez eskolatu beharra ezartzen zuten legeen ondorioz.

XIX. mende erdialdera, estolderia-sare txarrak eta ikatz-berogailuek airea guztiz kutsatzen zuten, eta itogarria egiten. Hiriko hondakin-ura ere Londresko Tamesis ibaira joaten zen zuzenean, kopuru izugarrietan. 1840ko hamarkadan kolera maiz zabaldu zen ere. Horrenbestez, 1858ko udan Kirats Handia edo the Great Stink delakoa gertatu zen, estolderia-uretako eta ibaiko hondakin-tasa handiak kirats jasanezina eragin zuen eta, ondorioz, parlamentua bera ere hustu behar izan zuten. Harrezkero, estolderia-sarea hobetzeko plan gehiago egin zituzten.

XIX-XX mendeetan Londres munduko hiririk handiena izan zen, etorkin ugari hartu zituen, adibidez, 1848ko Patataren Gosetearen ondorioz, 100.000 irlandar txiro Londresen finkatu ziren, une batean hiriko biztanleriaren % 20 osatzeraino. Inperialismoaren garaian bete-betean sartuta zegoela, Londresko ibaia itsasontziz gainezka zegoen, eta Tamesisen biltzen zen munduko ontziola-kopuru handiena. 1863ko urtarrilaren 9an hiriko metroa zabaldu zuten Paddingtonetik Farringdon Roadera, munduko lehena. Arrakasta handia izan zuen eta gero beste linea batzuk ireki zituzten. Trenak lehentxeago hasi ziren beren bidea urratzen (lehenengo linea London Bridgetik Greenwichera 1836an) eta hainbat geltoki handi eraiki zituzten (Eustongoa izan zen lehena 1837an).

XX. mende hasieran lehenengo motordun bus linea hasi zen 1904ean eta hiru urte geroago, berriz, lehenengo metro elektrikoa. 1915ean Lehenengo Mundu Gerra Londresera heldu zen zeppelin bidez jaurtitako bonben bidez; alemaniarren aire bidezko bonba-erasoen ondorioz, 615 pertsona hil ziren guztira Londresen gerrak iraun bitartean. Guztiz gogoratzekoa da aldi horretan, Silvertowngo (West Ham) munizio-fabrikako 50 tona TNTren leherketa (1917) sute batek eraginda; zarta lazgarri horren ondorioz, 73 pertsona hil ziren, eta 400 bat zauritu, eta txikizio handia eragin zuen inguruan.

Langile-biztanleria, batez ere Ekialdean kokatuta, asko hazi zen; horietako askok Londres ekialdeko kaietan lan egiten zuten. I. Mundu Gerra amaitu ondoko urteetan, langabezia handitu egin zen, eta tentsio-giroa sortu. 1926an Greba Orokorra deitu zuten, langile ugariren partaidetzaz, eta armadak esku hartu zuen greba zapuzteko. Depresio Handiak gogor astindu zuen 30eko hamarkadako Londres, eta bereziki East End. Inmigrazioa ere oso handia zen Londresko alderdi horretan, batez ere Alemaniatik ihesi etorritako juduena. Muturreko posizio politikoak, nola eskuinekoak hala ezkerrekoak, sendotu egin ziren horrenbestez. Horren erakusgarri, 1936an piztutako Cable Streeteko istiluak aipatu behar dira: ezkerreko indarrek eta langileriak (judutarrak eta irlandar etorkinak ere tartean), barrikadak baliatuz, aurre egin zioten poliziak babestutako eskuin-muturraren (BUFen) martxa bati, baita egitea eragotzi ere.

Bigarren Mundu Gerran Luftwaffe Alemaniako aire armadak sarritan bonbardatu zuen Londres ("Blitz" izenaz ezaguturiko bonbardaketak), Ingalaterrako Batailako erasoetan. Erasoak hasi baino lehen, umeak hiritik atera zituzten Londres inguruko eremuetara; biztanleria, berriz, metro-geltokietan hartzen zuen aterpe. 1940ko irailaren 7aren eta 1941eko maiatzaren 10aren artean gertatu zen bonbardaketa-aldi gordinena, hiriko eraikinen heren bat izan baitzen eraitsia, eta kaialdea (Docklands) birrindua. Gerra bukaera aldera, Alemaniatik jaurtitako V1 eta V2 misilen jomuga izan zen. Gerrak 32.000 hildako utzi zituen, baita 50.000 zauritu eta ehun milaka pertsona etxerik gabe ere.

Behin gerra bukatuta, etxe-horniketaren auzia puri-purian zegoen, gerran izandako triskantza zela eta. Suntsitutakoa atondu eta berreraiki behar zen. Agintariek Londresko kanpo-ikuspegia aldatu zuten etxe-bloke altuak egiteari helduz, politika horrek gero biztanleen kontrako jarrera piztu bazuen ere. Jende-pilaketa hori saihestearren, agintariek Londres inguruko herrietara mugitzea sustatzeko politika jarri zuten indarrean. Garai honetan ere, Britainiar Inperioko etorkin ugari heldu ziren, eta hiriburuaren izaera aldatu zuten: Notting Hillek karibetarrak hartu zituen bere baitan, Honk Kongeko etorkinak, berriz, Sohon finkatu ziren, sijak Southallen eta zipretarrak Finsburyn.

Londres, Blitzean bonbardatua

Bestalde, artean gerraren orbaina agerian zela, 1948an Olinpiar Jokoak egin zituzten Londresen. 1951ean, gainera, Britainiako Festibala ospatu zuten. Horrelako ospakizunek poz berria ekarri zuten, eta baikortasuna piztu. Aldiz, 1952ko abenduan, Londresek gaur egun "Great Smog" gisa ezagutzen dena pairatu zuen, lau egunez. Berez, "smog"a aireko kutsaduraren eta hiriko behe-lainoaren nahasketa bat da, eta historian zehar, neurri handiago edo txikiagoan, Londresen maiz agerturiko fenomenoa da. Baina 1952koa bereziki larria izan zen; izan ere, hotza zela-eta, londrestarrak hasi ziren ohi zuten baino ikatz gehiago erretzen, baina ke hori harrapatuta gelditu zen aire hotzezko geruza baten azpian. Hori horrela, kutsagaien kontzentrazioa izugarri hazi zen, eta horrek birika-infekzio ugari eragin zituen. Ondorioz, 4.000 pertsona hil ziren (gehienbat, oso gazteak edo oso zaharrak, edo lehenagotik ere arnasa-arazoak zituztenak). Hurrengo hilabeteetan, beste 8.000 hil ziren. Gertatutakoa ikusirik, aireko kutsadurari aurre egiteko zenbait arau onetsi ziren, erregai kutsagarri batzuen erabilera debekatu zutenak.

1997an su-etena iragarri arte, IRAk gogor eraso zuen Londres, Britainia Handiko gobernuari eta Ipar Irlandako Sinn Féin alderdiari negoziatzeko presioa egiteko.

2005eko uztailaren 6an, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak Londres aukeratu zuen 2012ko Joko Olinpikoen egoitza izateko. Hortaz, Joko Olinpikoak hiru bider antolatuko dituen munduko hiri bakarra da Londres, 1908 eta 1948 urteetan antolatu ostean.

2014ko azaroaren 11ean, zeramikazko 888.246 mitxoleta gorri jarri zituzten, Lehen Mundu Gerra amaitu zen egunean, hildako soldadu britainiar bakoitzeko bat[7].

Demografia

Industrializazio prozesuarekin batera, Londresko biztanleria agudo hazi zen XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, eta mundu osoko hiririk populatuena izan zen, harik eta New York 1925ean gailendu zitzaion arte. Londresko populazioak 1939an jo zuen goia, 8.615.245 biztanle izatera iritsi zenean. 2006. urtearen erdialdean, Londres Handiak (Greater London) 7.512.400 egoiliar zeuzkan ofizialki. Dena den, Londresen hiri-esparruak gainditu egiten ditu Londres Handiaren mugak, eta 2001ean 8.278.251 biztanle zeuzkan. Londresen metropoli-eskualdeak 12 eta 14 milioi biztanle bitarteko populazioa dauka, zenbaketa egitean erabilitako irizpidearen arabera. Eurostateko datuen arabera, Londres da, hain zuzen ere, Europar Batasuneko hiririk eta metropoli-eremurik populatuena, eta Europako bigarren populatuena (edo hirugarrena, baldin eta Istanbul Europako hiri gisa hartzen bada).

Londresko lurraldeak 1.579 kilometro koadroko azalera dauka. Biztanleriaren ikuspegitik, Londres da munduko 25. hiririk handiena, eta munduko 17. metropoli-eremurik handiena.

Barrutiak

Sakontzeko, irakurri: «Londresen banaketa administratiboa»
Barrutien mapa

Londresek gaur egun duen egitura administratiboan 1965ean ezarri zen, aurretiko auzoen egituraketa bertan behera geratzean. Gaur egun 32 barruti daude, The City ez da barruti bat, nahiz eta askotan barruti bezala zenbatzen den.

Bestelako gune garrantzitsu batzuk: West End, The City of London, East End, Docklands

West End

Sakontzeko, irakurri: «West End (Londres)»
Trafalgar Square: Nelson-en Zutabea, National Gallery-tik ikusia

West End aisialdi eta erosketetarako auzo nagusia da, eta Europako erosleku nagusia da, beste hainbat hiribururen aurretik (Paris, Madril, Milan edo Berlin). Bertako leku nabarmenen artean dago Trafalgar Square, Nelson-en zutabea erdi-erdian duela; plaza hori ezaguna da, besteak beste, National Gallery margolan-museoa bertan dagoelako, eta, horrez gain, Londresen manifestazio asko eta asko egiteko aukeratu ohi den plaza delako. West End-en dago Oxford Street erosketa-kale ospetsua ere. Azken kale hori zeharkatzen du Regent Street etorbide dotoreak, elektronika, jostailu, ordenagailu edota Hi-Fi produktuetan espezializatua, eta famatua, besteak beste, bertan Eguberrietan pizten dituzten argiengatik. Regent Street-etik behera joanez, kalea kurbatu egiten da Piccadilly Circus plaza famatura iritsi aurretik. Zalantzarik gabe, Londresek dituen bihotz ugarietako bat da Piccadilly Circus, bere neoi-iragarki erraldoiekin eta jendearen etengabeko joan-etorriekin.

The City

Sakontzeko, irakurri: «The City (Londres)»

"The City" deituriko auzoa da Erresuma Batuko finantzen udalbarruti garrantzitsuena, bai eta munduko nagusienetarikoa ere. Historian zehar, Londres hiria Cityaren eta West Enden inguruan egituratu izan da. Azkenengo hamarkadetan, izugarrizko eraikinak jaso dituzte Cityan; adibidez, Tower 42 (1990era arte Ingalaterrako eraikinik altuena, "Nat West Tower" gisa ezagutua) eta orain dela gutxiko 30 St Axe, 2003an egindakoa eta, bere itxura dela eta, the Gherkin edo '(ozpinetako) pepinoa' ere deitua.

Cityan daude, besteak beste, San Paulo katedrala, Londresko Dorrea eta Tower Bridge ("Dorreko zubia") zubi ezaguna, hiriaren ikur bereizgarrietako bat. Bestalde, Londresko alde honetako biztanleria oso eskasa da (7.000 biztanle inguru), baina lanegunetan 300.000 pertsona baino gehiago biltzen dira bertan. Horrenbestez, asteburuetan nahiko toki bakartia izaten da. Azkenengo urteotan, hainbesteko pilaketa dela eta, Canary Wharf auzoa nabarmendu da City-aren ordezko finantza-gune izateko.

30 St Mary Axe eraikin berria.

East End

Sakontzeko, irakurri: «East End (Londres)»

East End deitu izan zaio Cityaz ekialdera geratzen den hiri-eremuari. XIX. mende erdialdera, East Endek Whitechapel, Bethnal Green, Stepney eta Hackney hegoaldea ematen zituen aditzera, Cityaren mugakide gehienean. Dena den, Londresen hedatzeko oldar etengabea zela eta, izendapenak adierazten zuen esparrua gainditu egin zen XIX. mende amaierarako, eta biztanle-gune berriak sortu West eta East Hamen. Ordu arte Lea ibaia jotzen zen East Enden ekialdeko mugatzat. Bada, kanporago geratu zen eremu horri East London izena eman zaio, mugak lausoak diren arren. East End Londresko ingeles langileriaren bizilekua izan da, kaiak eta fabrika ugari ere hor kokatzen baitziren. Hori dela eta, Bigarren Mundu Gerran, alemaniarren erasoek gogor astindu zuten ingurune hau. Bestalde, etorkin ugari ingurune honetan finkatu da azken mende honetan eta egun jatorri askotako jendea aurki daiteke bertan.

Docklands

Sakontzeko, irakurri: «Docklands (Londres)»

1980ko hamarkadatik aurrera garatu zen hiriaren parte hau. Hasieran biltegiz beteta zegoen leku hau, baina artistek eta bestelakoek estudiio izateko birmoldatu zituzten, eta horrek sare kultural handia sortu zuen. Ondoren, inmobiliariek parte hartu zuten eta etengabeko aldaketan dago murgildurik geroztik. Prozesua aurrera eramateko, London Docklands Development Corporation (LDDC) korporazioa sortu zen, eta urte batzuk geroxeago Canary Wharf gunea inauguratu zen, non Erresuma Batuko eta Europa osoko eraikinik altuena dagoen.

Cityarekin batera, Docklands Londresko finantza barrutietako bat da, eta bertan hiriko etxe orratzik garaienak biltzen dira. Horien artean dago Erresuma Batuko dorrerik garaiena, One Canada Square

Ekonomia

The Bank of England

Londres munduko negozio-gunerik garrantzitsuenetarikoa da, eta munduko lau lekurik inportanteenen artean dago (New York, Tokio eta Parisekin batera)

Europako bigarren gune ekonomikoa izanda, urtez urte, Londresko ekonomiak Erresuma Batuko Barne Produktu Gordina-BPDren %30a sortzen du, 345 bilioi Libera (£) 2005ean.

Londresko arrakasta ekonomikoa hainbat eta hainbat faktoreri lotuta dago. Alde batetik, ingelesa munduko hizkuntza globala erabiltzeak erraztu du Londres ekonomikoki haztea, Estatu Batuekin erlazio handia baitauka. Bestalde, trenbide eta aireportu sare eraginkor eta zabal bat edukitzea oso onuragarria izan da hiriarentzat. Gobernuak oso eragin apala du ekonomian, eta zergak nahiko txikiak dira. Horretaz aparte, historikoki, Londres munduko ekonomia gunerik nagusienetarikoa izan da, eta bere horretan mantentzen da.

Londresko biztanleriaren %85ek (3,2 milioi pertsona) zerbitzuen sektorean dihardu, eta beste milioi erdi biztanlek mantentze-lanetan eta eraikuntzan egiten du lan.

Londresko finantza-gune nagusienak City, Westminster, Canary Wharf, Camden & Islington eta Lamberth & Southwark dira.

Finantza esportazioak garrantzia handikoak dira Erresuma Batuko ekonomiarako, 300.000 pertsona baino gehiago aritzen baitira Londresko finantza-gunean. Londresek 480 banku baino gehiago ditu, munduko beste edozein hirik baino gehiago. Stock Exchange munduko burtsa handiena da, New York eta Tokiok batera sortzen dutena baino handiagoa. Eguneko bere transferentzia 683 milioi dolarrekoa da.

Turismoa ere diru-iturri inportantea da Londresen, 2003. urtean 35.000 pertsona baino gehiago aritu zirelako sektore honetan. Urtero 27 milioi turista erakartzen ditu Londresek.

Garraioa

Londresko garraiobide publikoak ez dira soilik garraiobide bat, benetako nazio-sinboloak baizik. Hortaz, munduko elementu publizitariorik garrantzitsuenetarikoak eta ezagunenetarikoak dira. Garraiobide-sarea Transport for London sozietate publikoak kudeatzen du. Herriarteko garraioak (trenak eta hegazkinak), beste sozietate pribatu batzuek kontrolatzen dituzte, eta haien artean British Airports Authority (BAA) da nagusiena, Londresko Heathrow, Gatwick eta Stansted aireportuak kudeatzen dituena.

Udala ahalegin berezia egiten ari da auto pribatuaren Londres barneko erabilera murrizteko. Horretarako, garraiobide publikoak sustatzen ditu, baita bizikletaren aldeko kanpaina ere, tartean "bidegorriak" eginez, horiek artean urriak eta eskasak diren arren. Beste neurri batzuk zergei lotuta daude. Udalak congestion charge delako zerga ezarri du zentroan (City eta West End) lanegunetan; ez, ordea, asteburuan. Horren arabera, baimen bat ordaindu behar da autoz ingurune horretara sartzeko. Kontrako iritziak harrotuta bada ere, aparkatze-arauak ere Londresko erdialdetik inguruko udal-barrutietara hedatzen joan da gero eta gehiago.

Metroa (The Tube)

Sakontzeko, irakurri: «Londresko metroa»
Metroaren ikurra Wensminster geltokian
Londresko metroa, Green Park geltokia

Londresko metroa, The Underground edo askotan The Tube ere deitua, mundu osoan inauguratutako lehenengo metro-sarea izan zen, eta egun munduko sarerik handienetariko eta luzeenetarikoa da. 1863ko urtarrilaren 10ean hasi zen ibiltzen, Metropolitan Railway izenpean. Hortik, hain zuzen ere, "metro" edota "metropolitar" izena. Lurrazpiko lehen garraiobidea izan zen. Gaur egun, jatorrizko ibilbide hori "Hammersmith & City" lineak osatzen du.

Londresko metroak 274 geltoki ditu, 12 lineatan banatuta, eta 408 kilometrotan zehar ibiltzen da. Sareak Londres Handi osoa hartzen du bere baitan eta 6 zona zentrokidetan banatzen da, urruntasunaren arabera. 2004-2005. urteetan, metroak bidaiari-errekorra lortu zuen, 976 milioi pertsona mugitu baitzituen, 2,67 milioi bidaiari eguneko, gutxi gora-behera. Ez da harritzekoa, pertsona ugarik lanerako erabiltzen baitute egunero, udala ere ahalegin horretan ari da auto-trafikoa arindu nahian (Congestion Charge delako zerga ezarri du autoentzat).

Hiri barneko trena (The Overground)

Metroen sarean txertatuta, bada ekialdetik mendebaldera luzatzen den trenbidea, lurrazal gainetik. "Overground" deitzen zaio eta Stratfordetik abiatzen da, Olinpiar Jokoen eremua zeharkatuz, Hackneyn barrena gero, Camden eta 4. zonan dagoen Richmonderaino (hego-mendebaldea). Olinpiar Jokoen eremuaren eraikuntza-lanak direla eta, hainbat eten eta ordutegi aldaketa izaten ditu 2009n, asteburuetan bereziki. Tarifak metroarenaren antzekoak dira prezioz (zonen arabera sailkatuta).

Hiri barneko autobusak

Sakontzeko, irakurri: «Londresko autobusak»

Londresek autobus-sare zabala dauka, gehienetan double-decker edo bi solairuko busez hornituta (1956ean hasi ziren zirkulazioan). Linea jakin batzuek, ordea, solairu bakarreko busak eta artikulatuak baliatzen dituzte: 25. linea adibidez. Zenbait lineak Londres Erdialdea (Citya eta West End) eta inguruko udal-barrutiak lotzen dituzte; beste batzuek, berriz, udal-barruti arteko eta barneko komunikazioetan jarduten dute.

DLR

DLR (Docklands Light Railway) Citytik (Bank estazioa) eta Stratfordetik abiatzen den tren arina da, eta London City aireportua, Beckton eta Lewisham ditu hiru helburuak, azken honek Canary Wharf finantza-gunea eta Greenwich zeharkatzen dituela. Batzuetan lur gainetik eta bestetan lurpetik joaten da, eta erabat automatizatuta dago: ez du gidaririk.

Trenbideak eta geltokiak

Londres Erresuma Batuko trenbide sareari lotuta dago, baita Europako sareari eta aireportuei ere. 50 tren-geltoki ditu hiri osoan zehar sakabanatuta. Geltokirik handienak eta ospetsuenak honako hauek dira:

  • Charing Cross
  • London Bridge
  • Paddington (Heathrow aireportuarekin lotura zuzena)
  • Victoria (Gatwick aireportuarekin lotura zuzena)
  • Liverpool Street (Stansted, Southend eta City aireportuekin lotura zuzena)
  • King's Cross (Luton aireportuarekin lotura zuzena)
  • Waterloo (Eurotunel-a, Londres lotzen du Paris eta Europarekin)

Taxiak

Londresko taxi (cab) tradizionalak beltzak dira eta kanpo-itxura zaharrari eustea dute ezaugarri, eguneratu gabe. Hala ere, badira minicab direlakoak, taxi arruntak. Horrelako taxiak merkeagoak dira, telefonoz deitu ohi zaie (prozedura ohikoena, telefono-zenbakia erregistratuta gera dadin) eta legez bulego bat eduki behar dute kalean; hartara, konpainiaren egoitzaren kokapena ezagutu dezakegu. Debekatuta dago minicab direlakoak kalean eskatuta hartzea.

Aireportuak

Sei aireportu ditu Londresek:

  • Heathrow- Nazioarteko hegaldietarako aireporturik nagusiena, hiritik 24 kilometrora dago kokatuta. Munduko konpainia handienen egoitza eta eskalabide da (British Airways, Virgin Atlantic, bmi (British Midland). Lau terminal ditu, eta bosgarren bat abian da. 2005.urtean, 67,9 milioi bidaiarik erabili zuten, eta horrek Europako aireporturik erabiliena bihurtzen du.
  • Gatwick- Bigarrena garrantziari begira, munta handiko konpainien egoitza da. Londresetik 48 kilometrora kokatuta dago eta 2 terminal ditu. 2005ean 31,5 milioi bidaiarik erabili zuten aireportu hau.
  • Stansted- Hiritik 56 kilometrora dago, eta Ryanair bezalako behe-kostuko konpainietarako erabiltzen da batez ere. 2005ean 20,9 milioi bidaiarik erabili zuten aireportu hau.
  • Luton- Behe-kostuko hegaldietarako erabilia. Londresetik 56 kilometrora kokatuta, 7 milioi bidaiarik erabili dute dagoeneko. 2030erako bidaiari-kopurua laukoizteko proiektua abian da.
  • City- Jet pribatuentzat erabilia batez ere, aireportu txiki hau hiritik 10 kilometrora dago kokatua. 1,19 milioi pertsona ibili dira City-tik.
  • Southend- Txikiena eta urrunena, hiriburutik 64 kilometrora dago, kostaldetik gertu. Aireportu militar gisa sortua, hegaldi gutxi kudeatzen ditu, mila bidaiariko kopurua lortu gabe. Hala ere, zabalkuntza handi bat eraikitzeko proiektua burutuko da datozen urteotan, 2 milioietara heltzeko.

Londresko portua

Sakontzeko, irakurri: «Londresko portua»

Londresko portua Erresuma Batuko itsas-porturik garrantzitsuenetako bat da. 2008an portuak 53 milioi tona eta bi milioi kontainer (TEU) mugitu zituen.

Historian zehar, portuaren kokapena Tamesis ibaiaren bokalerantz mugitu da, hiriaren hazkundearekin batera.

Kultura

Londresko ikuspegi orokorra San Paulo katedraletik
Londresko ikuspegi orokorra San Paulo katedraletik
Irudi honek 360º hartzen ditu. Nahi izanez gero irudi mota hauek ikusteko programa berezi batean ikus dezakezu 360 from St Paul's Cathedral - Sept 2007.jpg hemen klik eginez

Musika

Musika klasikoaren arloan mundu mailan ezagunak diren areto londrestarrak ditugu Royal Albert Hall eta Royal Opera House. Halaber, London Symphony Orchestra eta Royal Philarmonic Orchestra planetako hoberenen artean daude.

Musika modernoari dagokienez, hiri honetan sortu ziren The Rolling Stones (Rock), Iron Maiden (Heavy Metal), Led Zeppelin (Hard Rock) eta Sex Pistols (Punk) talde famatuak.

Museoak

Mundu mailan ezagunak diren museoak daude Londresen. Museo handiena, zaharrena eta garrantzitsuena British Museum da, kontinente guztietatik jasotako zazpi milioi objektu baino gehiago ditu eta urtero bost milioi bisitari izaten ditu.

Arteari dagokionez aipatzekoak dira National Gallery, Victoria and Albert Museum eta Tate Modern museoak.

Natural History Museum eta Science Museum elkarren ondoan daude, Kensington auzoan.

Aisia

West End barrutian, ikuskizunetarako eta entretenimendurako gunea Leicester Square-ren inguruan dago kokatuta. Leicester Squaren egiten dira, hain zuzen, hainbat eta hainbat filmen mundu-mailako estreinaldiak. Piccadilly Circus da beste gune bat, bere iragarki elektroniko erraldoiekin. Inguru honetan dago Londresko antzoki-auzoa, bai eta zinema, taberna, klub eta jatetxe ugari ere (hiriko Chinatown eremua barne). Auzo honetatik ekialdera abiatuz gero, Covent Garden dago, non denda espezializatuak baitaude. Erresuma Batuko Royal Ballet-ek eta English National Ballet-ek Londresen daukate egoitza nagusia, eta haien emanaldiak ikus daitezke Royal Opera House, Coliseum, Sadler's Wells Theatre eta Royal Albert Hall antzokietan. East End auzoan daude Shoreditch eta Hoxton, taberna, nightclub, jatetxe eta arte-galeria pila batekin. Islington auzoan dago Upper Street: kale hori 2 kilometro luze da, eta Erresuma Batuko beste edozein kalek baino jatetxe gehiago dauzka.

Oxford Street-en ikuspegi bat.

Europako salerosketa-zonarik handiena da Oxford Street: ia 2 kilometroko luzera dauka—munduko salerosketa-kalerik luzeena, ondorioz--, eta hemen makina bat denda eta erostetxe handi aurki daitezke; adibidez, Selfridges. Zona honen aldamenean dago Bond Street: goi-mailako merkataritza-gunea da, eta moda, bitxitegi eta modako elementu osagarrien diseinu-etxe askorekin egin daiteke topo hemen. Zona honetatik hego-mendebalderantz abiatuz, Knightsbridge-ra iristen da, non Harrods saltoki entzutetsua baitago. Aipaturiko horiekin guztiekin batera, Sloane Street eta Kings Road erosketa-guneak, sona handikoak, Londresek moda-munduan daukan zeresan handiaren lekuko dira. Londresen daukate egoitza, besteak beste, Vivienne Westwood, Galliano, Stella McCartney, Manolo Blahnik eta Jimmy Choo diseinatzaileek.

Bestalde, Londresen kaleko azoka asko daude; adibidez, Camden Market, moda eta produktu alternatiboetarako; Portobello Road, antzinako salgaietarako; eta Borough Market, jaki biologiko eta espezializatuetarako.

Sukaldaritzaren ikuspegitik, Londresek aukera paregabea eskaintzen du, askotariko jatorri etnikoko populazioa daukanez gero. Gastronomia-guneak dira, adibidez, Brick Lane-ko jatetxe bangladeshtarrak, bai eta Chinatowneko jatetxe txinarrak ere. Sohoko jatetxe-eskaintza zabalean daude, besteak beste, Italiako eta Greziako sukaldaritzen eraginpeko establezimenduak, eta, horiez gain, era guztietako berritasun eta bitxitasunak eskaintzen dituzten jatetxeak. Ordainketa-ahalmen handiagoa daukatenentzat, aukera zabalagoa aurki daiteke Londresko erdigunean sakabanatuta, baina bereziki Mayfair, Knightsbridge eta Notting Hill-en.

Urtero ospakizun mordo bat errepikatzen da. Jatorri karibearreko biztanleek Notting Hilleko inauteri koloreduna antolatzen dute udaoro; Europako inauteri handiena, alegia. Urte-hasieran, Urte Berriko Desfilea, aski berria, antolatzen da. Desfile tradizionalagoak dira Lord Mayor's Show, azaroan, orain dela mende askotatik antolatua, Londresko Cityko alkatearen urteroko izendapena ospatzeko (Cityko kaleetan zehar prozesioa egiten da), bai eta ekaineko Trooping the Colour ere (desfile militar hagitz formala, Erreginaren urtebetetze ofiziala ospatzekoa).

Kirolak

Euskal Diaspora

  • Basque Society-Euskal Elkartea: Oxford House. Derbyshire Street, Bethnal Green.

Hedabideak

The Guardian, The Times eta The Daily Telegraph dira hiriko egunkari garrantzitsuenak.

Londrestar ezagunak

Hiri senidetuak

Londres ondorengo hiriekin senidetuta dago:

Halaber lankide-hitzarmenak ere baditu ondorengo hiriekin:

Erreferentziak

  1. Londres da era arautua, eta ez *London (Euskaltzaindiaren 38. araua)
  2. BBC Weather. London, Greater London: Average conditions. .
  3. Met Office. August 2003 — Hot spell. .
  4. www.metoffice.gov.uk
  5. Met Office. Met Office: Climate averages 1971-2000. .
  6. NOAA. NOAA.
  7. «888.246», Berria, 2014-11-12
  8. Friendship agreement to be signed between London and Delhi. Mayor of London 25-7-2002 (Noiz kontsultatua: 23 February 2010).
  9. Twinning agreements. City of Johannesburg (Noiz kontsultatua: 28 August 2009).
  10. Barfield, M. (March 2001). (PDF) THE NEW YORK CITY-LONDON SISTER CITY PARTNERSHIP. Greater London Authority (Noiz kontsultatua: 2009-10-26).
  11. Shanghai Foreign Affairs. Shfao.gov.cn 2009-07-27 (Noiz kontsultatua: 2010-05-23).
  12. Pekin, London establish sister city ties. Gov.cn 2006-04-10 (Noiz kontsultatua: 2010-05-23).
  13. Mayors of London and Dhaka, Bangladesh sign friendship agreement. Mayor of London 10-9-2003 (Noiz kontsultatua: 23 February 2010).
  14. .
  15. Les pactes d'amitié et de coopération. Paris.fr (Noiz kontsultatua: 2010-05-23).

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Londres Aldatu lotura Wikidatan