Euskal Herriko sukaldaritza
Euskal Herriko sukaldaritza Euskal Herrian sortutako plater eta elikagaietan oinarritutako sukaldaritza da. Euskal Herriko sukaldaritzaren osagai nagusiak parrillaz egindako okela eta arraina, marmitako, bakailao, Baionako xingarra, Tolosako babarrunak, Ezpeleta eta Lekeitioko piperrak, pintxoak, Idiazabalgo gazta, txakolina edo sagardoa dira.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alde batetik itsasotik hartutako elikagaiek eta bestetik Ebro haran emankorrean hazitakoek eragin handia izan dute euskal sukaldaritzan. Euskal Herriko orografia menditsuak eskualdez eskualde zatitu du gastronomia: kostaldetan arrain eta itsaskiak nagusiak izan dira, barnealdean, berriz, natural eta umatutako okelak, barazki eta lekak edo ibaietako arrainak eta bakailao idorra.[1] Frantzia eta Espainiako eragina handia ere bada Ipar eta Hego Euskal Herriko sukaldaritzan. Hego Euskal Herrian funtsezkoa den txakolina edo Ipar Euskal Herrian funtsezkoak diren biskotx edo pastiza eta Baionako xingarra ia ezezagunak dira beste aldean.
Gertuko sukaldaritzek ez ezik urrunekoek ere eragina izan dute euskal gastronomian. Euskaldunek laster ikasi izan zituzten etorkinek edo esploratzaileek ekarritako elikagai eta teknikak. Adibidez, Espainia eta Portugaletik botatako juduek Baionan oraindik ezaguna den txokolate eta gozoki industria sortu zuten, baita gozoki eta pastel ohitura ere. Euskaldunek Amerikatik ekarritako patatak eta piperrak landatzeari ekin zioten, Ezpeletan edo Garesen famatu bihurtu zirenak.
Sukaldaritza eta gastronomia euskal kulturaren ezaugarri nagusiak dira, non eta Laudion Gastronomia Museoa sortu izan duten.
Jateko erak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian sortutako plater eta elikagaiez gainera, Euskal Herriak baditu janariak prestatu eta jateko era propioak, inguruko herrietan egiten ez direnak:
- Gipuzkoan batez ere, sagardotegiak sortu zuten sagardoa dastatzeko, non famatuenak Astigarragakoak dira. Normalean sagardo-kupel handiak dituzten mendialdeko jatetxeak dira. Bertan jankideek kupeletik zuzenetik hartzen dituzte edaria, bakailao-tortilla, txuleta eta gazta intxaurrak eta irasagarrekin lagunduta. Urteko zenbait hilabete baino ez daude irekita[2].
- Txikiteo, Espainiako tapas jatearekin lotura estua duena, Donostia, Iruñea eta Bilboko Alde Zaharretan du tontorra. Txikiteroek tabernaz taberna biltzen dira, txikito ez ezik kroketa, patata-tortilla edo beste pintxo ere jateko[3].
- Gastronomia elkarteak txoko batean janaria prestatzeko eta elkarrekin jateko helburuekin normalean gizonez soilik osatutako erakundeak dira. Lehendabizikoa 1870ean Donostian sortua izan zen. Euskal matriarkatuaren teoriaren ikuspegitik elkarte hauei esker, gizonek janaria prestatzeari eta elkarrekin denbora pasatzeari ekiteko gai dira etxekoandreetatik urrun. Egun, elkarteetan gero eta emakume gehiago sartzeko gai izan dira[4][5].
Plater nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Janaurrekoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pintxoak: janari ano txiki bat duen ogi-xerra da pintxoa. Izena janaria lotzeko erabiltzen ohi den zotzetik datorkio (gaztelaniaz: pincho). Horrexegatik, erdaraz "banderilla" ere izena erabili da. Espainiako tapak ez bezala, edariarekin emanak direnak, pintxoak bereiz eskatu behar dira. Normalean baso bete ardoarekin (txikitoa) edo garagardoarekin (zuritoa) batera hartzen dira.[6]
- Taloa: janaurrekoa baino areago, arto irinez eginiko ogi zapal mota bat da. Irinezko orea xafla biribila eratuz zabalduta, txapan egosten da.[7]
Hasierako platerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Piperrada: tipula, tomate eta piper gorri eta berdez egindakoa[8]
- Porrusalda: porru, azenario, patata, baratxuri eta tipulaz egindakoa.
- Pistoa: piper berde, tipula, kalabazin eta arrautzez egindakoa. Ospetsua da Pistoa Bilboko erara.
- Ttoroa: arrain zopa legatz, otarrainxka, txirla, baratxuri eta tipula puska batekin.
Arrainak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Angulak: pipermin eta baratxuriz prestatuak.[9] Ospetsuak dira Angulak Bilboko eran.
- Bakailaoa (bakailao idorra), era askotan prestatua: pil-pilean, bizkaitar erara, ajoarriero...
- Hegalaburra kaskarote eran: tomatez, pipermorroz, tipulaz eta piperrez egina.
- Bakailao edo legatz kokotxak.
- Lanpernak.
- Legatza saltsa berdean: zainzuriz, ilarrez, txirlaz eta arrautzez egina.[10]
- Marmitakoa: hegalaburrez, piperrez, tomatez, baratxuriz, tipulaz eta patataz osatutako platera.[11]
- Txangurrua: tipulaz, porruz eta azenarioz egina.
- Txipiroiak tintan.
- Txipiroiak Lohizuneko eran: tipulaz, tomatez, pipermorroz eta arrozez eginak.[12]
Okelak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Axoa: idi gisatua, piperrez egina.
- Pantxeta: idi odolkiak.
- Vianako saltxitxak.
- Tripotxa: bildots odolkiak. Batzuetan baita idizkoarenak ere. Biriatukoak famatuak dira.
- Mondejua: odolkiaren antzeko hestebetea. Jatorria Goierrin dago, Zaldibian zehazki.
- Iruñeko txorizoa.
- Txuleta: idiarena zein txahalarena.
- Txistorra: pipermorroz egindako hestebetea.
- Zikiroa: bildotsa lau zatitan banatua, babarrun zuriz, ozpinez, baratxuriz eta piperrez egina.
- Baionako xingarra.
Azkenburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Biskotx edo pastiza: pastel-kremazko bizkotxoa, aran-melatu edo gerezi erreximentarekin. Batzuen ustez Kanbon XIX. mendeko hasieran sortua izan zen.
- Gaztanbera : ardi-esne gatzatua. Ultzamakoa famatua da.
- Gerezi beltza arno gorriarekin:[13] gerezi eta ardoaz eginiko salda da. Ardoan 24 orduz itotako gereziak, krema garratzarekin, esne-gainarekin edo izozkiarekin.
- Goxua: esne-gain, bizkotxo, pastel-krema eta gozoki likidoa ditu osagaiak.
- Intxaursaltsa: intxaur, esne eta azukrez egina.
- Kanouga : Gozoki samurra chantilly-kremarekin, kafe, txokolate edo hurritz zaporea duena.
- Mamia: esne gatzatua, batzuetan eztia edo fruitu lehorrekin.
- Pantxineta: arrautzez, irinez eta azukrez egindako kremaz betetako hostopila, arbendol txigortuz estalia. Donostian (Gipuzkoa) sortu zen, 1915ean.
- Pettanmamia: lau zatitan ebakitako sagarra, gaztanbera eta gerezi gorrien marmeladarekin egosia.
- Turroia : Katalan Herrietatik ekarria, Eguberrietan jan ohi da.
- Txokolatea : Europan espainiarrek Amerikatik ekarria, XVII. mendean Inkisizioak jazarritako portugaldar juduek Baionara eraman zuten.[14][15]
Elikagaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erronkari, Ossau-Irati eta Idiazabalgo gaztak
- Tolosako indabak
- Gernikako babarrunak
- Mendabiako zainzuriak
- Tuterako orburuak
- Itsasu eta Etxauriko gereziak
- Ezpeleta, Gernika eta Lodosako piperrak. Amerikatik ekarriak Ezpeletako piperren 12 espeziek famatuak dira.
- Euskal oiloa
Edariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Txakolin.
- Irulegiko Arnoa.
- Sagardoa
- Patxaran, basaran eta patsez eginikoa.
- Izarra, Baionan egindako likorea.
- Pili, mandragoraz egindako likorea.
- Errioxako Ardoa, Arabako Errioxan eta Erriberan ere egindakoa.
- Nafarroako Ardoa
- Kalimotxo
Sukaldaritza profesionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal sukaldaritza berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1970 eta 1980ko hamarkadetako euskal sukaldariek, Frantziako nouvelle cuisine mugimenduak bultzatuak,[16] euskal sukaldaritza berria sortu zuten[17]: sukaldaritza tradizionalean oinarrituta baina plater arin eta modernoagoak sortuz. Juan Mari Arzak donostiarra belaunaldiko sukaldari nagusi bihurtu zen eta haute cuisine horizontalki (jatetxeetatik pintxoetara) eta bertikalki (Euskal Herritik Espainiara) zabaldu zen. Horrela, Euskal Herria Michelin Gidak izar gehien dituen toki bihurtu zen.[18][19][20] 2018an Euskal Herriko 37 jatetxek irabazi dituzte Michelin izarrak.[21]
Euskal sukaldari nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen euskal sukaldari nagusien zerrenda:
- Angelita Alfaro
- Eneko Atxa
- Andoni Luis Aduriz
- Hilario Arbelaitz
- Eva Argiñano
- Karlos Argiñano
- Elena Arzak
- Juan Mari Arzak
- Martin Berasategi
- Fernando Canales Etxanobe
- José Juan Castillo
- Aitor Elizegi
- José Ramón Elizondo
- María Jesús Fombellida
- Pedro Gómez
- Ricardo Idiakez
- Luis Irizar
- Manuel Iza
- Jesús Mangas
- Aizpea Oihaneder
- Patxiku Quintana
- Ramón Roteta
- Isaac Salaberria
- Enrique San Sebastián
- Pedro Subijana
- Gorka Txapartegi
- Xabier Zapirain
- Ramón Zugasti
Nazioarteko euskal sukaldaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal sukaldaritza sukaldaritza berriaren sukaldariei esker eragin handi izan du mundu mailan, batez ere Frantzian eta Espainian non begirune asko dioten. Mundu mailan famatua den Ferran Adrià sukaldari kataluniarrak euskal sukaldariek asmatutako tekniketan oinarritu du bere lana. Karlos Argiñanok, telebista eta liburuen bitartez euskal sukaldaritza ezagutarazi zuen. Estatu Batuetan Teresa Barrenetxeak New Yorken "Marichu" jatetxea eratu zuen eta liburu bi idatzi ditu ("The Basque Table" eta "The Cuisines of Spain") bertan euskal sukaldaritza ezagutarazteko. Euskal diaspora bizi den hiri askotan ere (Buenos Aires, Boise edo Bakersfield[22]) euskal jatetxe asko daude eta hau bertoko sukaldaritzan ere eragina izan du[23].
Sukaldaritza eskolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sukaldari profesionala izateko Euskal Herrian badaude zenbait eskola:
- Leioako Ostalaritza Eskola[24]
- Gamarrako Ostalaritza eta Turismo eskola
- Luis Irizar Sukaldaritza Eskola
- Mondragon Unibertsitatearen Basque Culinary Center [25]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ www.canal-recetas.es[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Argia aldizkaria: Sagardoa
- ↑ Diane E. Graves: Gastronomy: The Tradition of Basque Cuisine
- ↑ Plaza, Joseba: "Txoko" Walter Frey 1999
- ↑ www.sociedadesgastronomicas.com
- ↑ Todopintxos.com: Gipuzkoako pintxoen gida
- ↑ Segurako taloak
- ↑ Larousse Gastronomique (1998). Paris: Larousse-Bordas. ISBN 2-03-507300-6
- ↑ Buber.net: Angulas
- ↑ Merluza a la koxkera
- ↑ www.canal-recetas.es: Marmitako de Lekeitio[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Chipirons à la Luzienne
- ↑ Gerald Hirigoyen eta Cameron Hirigoyen: The Basque kitchen: Tempting food from the Pyrenees (1999) HarperCollins Publishers, Inc, New York ISBN 0-06-757461-0
- ↑ Chocolat de Bayonne
- ↑ Bayonne et le chocolat
- ↑ Diane E. Graves: Gastronomy: The Tradition of Basque Cuisine
- ↑ Hasier Etxeberria: "Erabateko Sukaldaritza" Ttarttalo (1998)
- ↑ Sibaritisimo.com
- ↑ El Periódico: Subijana logra la tercera estrella Michelin
- ↑ Directoalpaladar.com
- ↑ Berria.eus. «Puntako platerak, ertzetako egileak» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-12-01).
- ↑ Charles L. Shaffer: Basque Restaurants of the United States
- ↑ Buber.net
- ↑ Leioako Ostalaritza Eskolako webgunea
- ↑ Berria: Basque Culinary Center[Betiko hautsitako esteka]
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Teresa Barrenetxea: The Basque Table, The Harvard Common Press, 1998, ISBN 1-55832-140-3
- Yasna Maznik: The Basque Country, Hachette, 2002, ISBN 1-84202-159-1
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sukaldean.com, Euskarazko errezetategia.
Europako herrialdeen gastronomia | ||
---|---|---|
Oharra: Zerrenda honetan Europako herrialde (estatudunak eta estatugabeak) gehienak ageri diren arren, baliteke baten bat ez agertzea. Hori horrela bada, mesedez, gehitu ezazu txantiloian. Eskerrik asko. |