Esplorazioen Aroa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Fra Mauroren mapa, Venezia 1459.

Esplorazioen Aroa XV. mendetik XVII. mendera arte iraun zuen epe historikoa da, non europarrek mundua zeharkatu zuten merkataritzako bide eta merkatu berrien bila, Europako kapitalismo jaioberriak akuilatuta. Prozesuan, europarrek beste zibilizazio eta herri batzuk aurkitu zituzten, eta aurretik ezagutzen ez zituzten lurralde berri horien mapak marraztu zituzten. Garai honetako esploratzaile nabarmenduenen artean honako hauek daude: Kristobal Kolon, Vasco da Gama, Pedro Alvares Cabral, John Cabot, Juan Ponce de León, Fernão de Magalhães, Willem Baresntsz, Abel Tasman, Jacques Cartier eta Willem Jansz, besteak beste.

Esplorazio Aro honek Pizkundean sortutako teknologia eta ideia berrietan zituen oinarriak, hala nola kartografia, itsasketa eta ontzigintzan. Erdi Aroko diseinuetatik garatuta, itsasontzi berriek Mediterraneoko zein Ipar Itsasoko ezaugarriak uztartzen zituzten, hainbat elementu arabiar gehituz. Honela, Mediterraneoko ur erlatiboki bareak utzi eta Atlantiko zabalean bidaiatzen lehenak izan ziren.

Lur-esplorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asiako zeta-bidea.

Esplorazioen Aroen aurretik, Erdi Aroan, lurrak zeharkatuz Asiaraino iritsi ziren europarrak. Europa mehatxatu zuten Mongoldarren inbasioek iparraldeko Asia batu zuten. Honela, merkataritza eta komunikazio bideak Ekialde Hurbiletik Txinaraino hedatzen ziren. Bide horietaz baliatuta, europar batzuek, gehienak italiarrak –Ekialdearekiko salerosketa Italiako hiri-estatuek menderatzen baitzuten-, ekialdera jo zuten.

Giovanni de Plano Carpini esploratzaile horietako lehena izan zen. Mongoliara bidaiatu zuen 1244 eta 1247 bitartean. Edonola ere, Marco Polo izan zen bidaiari ospetsuena. Asia osoa zeharkatu zuen 1271tik 1295 arte. Ibilaldiaren kontakizuna lanik irakurrienetakoa izan zen garaiko Europan.

Bidaia horien eragina mugatua zen oso. Gainera, Mongoliar Inperioa bertan behera geratuta, bidearen arriskuak areagotu ziren. Izurrite Beltzak ere ekialdearekiko merkataritza zein komunikazioa murriztu zituen. Otomandar Inperioaren azpian geratu zen, azkenean, ekialderako bidea (Konstantinopolis, Bizantziar Inperioaren azken gotorlekua, 1453an hartu zuten). Horrenbestez, arriskuez eta kostuez gain, europar kristauek beste traba batzuk ere bazituzten ekialdera joateko.

Esplorazioen hastapena: Portugal[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vasco da Gama (1469-1524)

Iberiar Penintsulako erresumetan itsasontzi berrien eraikuntzak ekialdera bidaiatzeko ametsari atea ireki zion berriro. Izan ere, hegoaldeko musulmanen aurkako borroka luzean, erresuma horiek arabiarren aurrerapen teknologiko eta zientifikoez jabetu ziren. Haien bitartez, itsasontziak ez ezik, Afrika eta Asiaren gaineko ezaguera hobetu zen.

Horretaz gain, hainbatetan urre eta zilarren eskasia aipatzen da esplorazio horiek bultzatu zituzten zioen artean. Izan ere, Europako ekonomiak metal horien beharra zeukan salerosketak burutu ahal izateko. Eduki ezean, krisi ekonomikoa sor zitekeen.

Itsas-esplorazioen lehendabiziko olatua Portugalen hasi zen, Henrike Nabigatzailea printzeak akuilatuta. Atlantikoan barnera joanda, Madeira irlak 1419an aurkitu zituzten, eta Azoreak 1427an. Henrike Nabigatzailearen helburu nagusia, berriz, Afrikako mendebaldeko kostaldea izan zen. Urte askotan, Mendebaldeko Afrika Mediterraneoarekin lotzen zuten bideak Sahara zeharkatuz zihoazen, musulmanen kontrolpean. Portugaldarrek Mendebaldeko Afrikarekin harremanak zuzenean, itsasoko igarobide batetik, izan nahi zituzten.

Aurrerapausoak motelak izan arren, 1434an Bojador lurmuturrera iritsi ziren. Bi hamarkadatan Saharako muga gainditurik zegoen, eta urre, zilar edo esklaboen salerosketa hasi zen, gaur egun Senegal den lurraldearekin. Elmina eta Sao Tome eta Principe gotorlekuak eraiki zituzten, azukre-ekoizle bihurtu zen lehendabiziko kolonia. Diogo Cão buru zuen espedizio bat Kongo erresumara iritsi zen 1482an. Nolanahi ere, bidaiarik garrantzitsuena Bartolomeu Diasek burututakoa izan zen. Itxaropen Oneko Lurmuturrera iritsita, Indiarako bidea irekita zegoela frogatu zuen. Haraino Vasco da Gama heldu zen lehen aldiz, 1498an.

Amerikaren aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Amerikaren aurkikuntza»

Gaztela, Portugalen aurkari nagusia, XV. mendearen bukaera arte baino ez zen itsaso-esplorazioetan hasi. Lehenengo lehia Kanariar uharteak kontrolatzeagatik gertatu zen, zeinak Gaztelak azpiratu zituen azkenean. Aragoirekin bat eginda, Gaztelak itsasoan kolonia berriak ezartzeko eta bide berriak esploratzeko aukera eta baliabideak topatu zituen. Honela, Gaztela eta Aragoiko erregeek, 1492an, Kristobal Kolon babestu zuten Indiara mendebaldetik iristeko ahaleginean.

Nolanahi ere, Kolon ez zen Asiara heldu, Mundu Berrira baizik. Pedro Alvares Cabral itsasgizon portugaldarra ere 1501ean ailegatu zen Ameriketara; egungo Brasilera, hain zuzen ere. Bi botere horien artean lurralde berriak banatzeko, Tordesillasko Hitzarmena adostu zen.

Kolon eta Europako beste esploratzaile batzuk atsekabeturik geratu ziren aurkitutakoarekin. Afrika edo Asiako biztanleek ez bezala, Karibekoek ezer gutxi zeukaten europarrekin trukatzeko. Hala ere, kontinentera heltzean, egungo Peruko zein Mexikoko urre eta zilarren oparotasunak txunditurik utzi zituen esploratzaileak. Hor amerikar inperiorik boteretsuenak zeuden kokatuta. Nolanahi ere, konkistatzaileen talde txikiek mendean hartu izan ahal zituzten (Hernan Cortesek Aztekar inperioa 1521ean, eta Francisco Pizarrok Inka Inperioa, 1532an), suzko armen nagusitasunari esker. Inperio horiek garaitutakoan, urre eta zilar oparo horiek Europara eraman zituzten urte askotan. Amerikan, esklabotzak eta europarrek ekarritako gaixotasunek jatorrizko herriak suntsitu zituzten.

Gaztelako koroak, 1519an, Fernão de Magalhães portugaldarraren espedizioa sustatu zuen, Kolonek lortu ezin zuena, Asiaraino iristea, lor zezan. Amerikatik Asiara iritsi ahal izan zen. Beti mendebaldera bidaiatuta, Europara 1522an heldu zen, espedizioaren burua Juan Sebastian Elkano euskalduna zela, mundua biribila zela frogatuz. Nolanahi ere, espedizioaren helburua ez zen lortu: Magallanesen lurmuturra hegoaldean urrunegi zegoen, eta Ozeano Barea zabalegia zen. Ozeano hori zeharkatzeko ibilbidea Mexiko eta Filipinen artean finkatu zen. Filipinetara bidaia Álvaro de Saavedrak burutu zuen lehen aldiz 1527an. Edonola ere, itzultzeko bidea zailagoa zen aurkitzen; alabaina, Andres de Urdanetak lortu zuen, 1565ean.

Monopolio portugaldarraren gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugaldarren esplorazioak eta kolonizazioak aurrera egiten zuen. Japonian salerosketak burutu zituzten lehen europarrak izan ziren. Portugaldarren estrategia ekialderako bide komertzialak kontrolatzen zituzten gotorlekuen eraikuntzan zetzan. Honela, gotorlekuak eta koloniak Afrikako eta Asiako kostaldean kokatu zituzten: Luanda, Mozambike, Zanzibar, Mombassa, Socotra, Ormuz, Kalkuta, Goa, Mumbai, Malaka, Macau eta Timor. Gainera, Portugalek Brasil ere mendean zeukan, Tordesillasko Hitzarmenak arautzen zuen bezala.

Edonola ere, kostaldeko eremuez haratago joaterakoan, oztopoak kausitu zituen Portugalek. Herrialdeak ez zuen giza- zein ekonomia-baliabiderik horrelako inperioa ustiatzeko. Portugaldarren inperioa eta monopolioa mehatxatzen zituzten Europako beste botereen aurrean gotorlekuek ez zeukaten erresistentziarik egiterik. Hala, Aita Santuaren munduko banaketa aintzat hartu gabe, herbeheretarrek, frantziarrek eta ingelesek portugaldarren monopolioa amaiarazi zuten.

Gaztelako Filipe II.a, 1580an, Portugalgo errege ere bihurtu zen, dinastiaren kontuak tarteko. Bi inperioak batuta, kanpoko arerioei aiseago aurre egin zieten. Macao, Timor, Goa, Angola eta Mozambike, baita Brasil ere, portugaldarren esku geratu ziren, euren presentzia eraginkorra suertatu baitzen. Herbeheretarrak Brasil bereganatzen saiatu ziren, eta une batean lurraldearen erdia ere mendean hartu arren, azkenean atzera egin zuten.

Iparraldeko Europako herrialdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tordesillasko Ituna onartzeari muzin egin zioten iparraldeko herrialdeek. Itsas-usadio luzea edukita, Frantziak, Ingalaterrak eta Herbehereek kolonizazio-bidaiei ekin zieten. Misio horietako lehena, John Cabotena izan zen, 1497an, Ingalaterrak sustatuta. Britainiarrek zein frantziarrek Ipar Amerikara jo zuten batez ere, Asiarako bidea irekita aurkitu nahian. Gainera, Erdialdeko Amerikaren eta Hego Amerikaren aldean horrenbesteko oparotasuna (urreari eta zilarrari zegokienez) ez zuelakoan, Gaztelak ez zuen zonalde hori aintzat hartu. Honela, 1525ean, Giovanni da Verrazzano bikingoen ostean egungo AEBetako kostaldea ikusten zuen lehen europarra bihurtu zen. XVII. mendetik aurrera, frantziarrak eta ingelesak Ipar Amerikan koloniak ezartzen hasi ziren.

Afrikari dagokionez, Portugalen monopolioa mehatxatu zuten herrialde hauek, nork bere koloniak sortuz. Ezarian ezarian, Gaztelako zein Portugalgo monopolioak behera egin zuen haien aurrean. Iparraldeko europarrek lurralde berriak esploratzeari ekin zioten. Ezagutzen ez zituzten Ozeaniako zein Ozeano Bareko hainbat tokitara iritsi ziren. Willem Jansz edo Abel Tasman gisako esploratzaile herbeheretarrak Autraliako kostaldea esploratu zuten lehenengo europarrak izan ziren. XVIII. mendean, James Cook britainiarrak Polinesiako lehendabiziko mapak marraztu ahal izan zituen.

Esplorazio ingelesak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Cook.

John Caboten esplorazioen ostean, Sir Francis Drake da nabarmentzekoa, 1577 eta 1580 bitartean munduari bigarren bira eman baitzion. Henry Hudsonek (1565-1611), beste aldetik, bere izena daramaten ibaia eta badia aurkitu zituen.

James Cook-ek (1728-1779) Ozeano Barean hiru bidaia burutu zituen. Haietan, eremu zabala mapetan zehazki marraztu ahal izan zuen. Hari esker, ezagutzen ez ziren irlak eta kostaldeak dokumentatu ziren europarrentzat. Bere arrakasta nagusiak, Australiako ekialdeko kostaldearen eta Hawaiiren aurkikuntza zein Zeelanda Berria eta Terranovaren kartografiatzea.

Frantziako esplorazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cavelier de la Salle.

Jacques Cartier Amerika esploratu zuen lehen frantziarra izan zen. René-Robert Cavelier de La Salle (1643-1687) ere nabarmendu zen, Ipar Amerikan Aintzira Handien eskualdea eta Mississippi ibaia esploratu baitzituen.

Louis Antoine de Bougainville (1729-1811) izan zen munduari bira eman zion lehen frantziarra. Horretaz gain, Malvinak, Tahiti, Samoa, Salomon uharteak eta Hebrida Berriak ere esploratu zituen.

Beste aldetik, Jean-François de la Perouse (1741-1788) Ozeano Barean aritu zen, Bougainville eta Cooken lanari jarraitu nahian. Filipinak eta Macao inguruko zonaldea esploratu zuen, bere izena daraman itsasartea aurkituta.

Herbehereetako esplorazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tasmanen ibilbideak.

Oliver van Noort (1559-1627) munduari bira eman zion lehen herbeheretarra izan zen. Willem Barentsek (1550-1597), 1596an, Svalbard artxipielago aurkitu zuen, eta Barents Itsasoari izena eman zion. Hornos Lurmuturrera 1616an Willem Schouten eta Jacob Le Maire marinelek aurkitu zuten.

Abel Janszoon Tasman (1603-1659) Tasmania, Zeelanda Berria zein Tonga eta Fiji aurkitu zituen esploratzailea izan zen. Jacob Roggeveen (1659-1729), bere aldetik, Pazko uhartea eta Samoako zenbait irla aurkitu zituen.

Esplorazioaren Aroaren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esplorazioaren Aroa amaitutzat XVII. mendearen hasieran jotzen da, aurkikuntza nagusiak eginak baitziren. Orduko, europar itsasontziak praktikan planetako edozein itsasotan nabigatzeko gai ziren, hain garatuta baitzeuden eraikitze-teknika eta marinelen ezaguera.

Hala ere, esplorazioak, noski, aurrera jarraitu zuen. Australiako ekialdeko kosta 1770ean baino ez zen esploratu. Ozeano Artiko eta Antartikoa XIX. mendera arte ez ziren esploratu. Halaber, kontinenteen barnealdera bidaiatzeak luzeago jo zien europarrei. Afrikakoa, esaterako, XIX. mendearen bigarren erdialdean eta XX. mendearen hasieran esploratu zen, batik bat merkataritza murritza zuela eta. Gainera, munduko eremu horretan tropikoko gaixotasunek oztopo larria jartzen zuten, eta Otomandar Inperio garai horretan boteretsuaren itzala luzea zen Ipar Afrikan.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Esplorazioen Aroa Aldatu lotura Wikidatan