Epidemiak Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Heriotza-tasa
Izurri beltza (1358-XVIII. mendea)‰250-500 (eragin zuen herrietan)
Nafarreria (XVIII)‰150
Tifus (1793-95)‰50
Tuberkulosia (1899)‰5,3
Espainiako gripea (1918)‰12,1
COVID-19 (2020)‰1,5

Historian zehar hainbat epidemia izan dira Euskal Herrian. Nabarmenak dira izurri beltza, baztanga, tifusa, kolera eta Espainiako gripea; horiei tuberkulosia eta antzeko gaixotasun endemiko batzuk, eta XXI. mendeko 2009ko A gripearen pandemia eta COVID-19 pandemia Euskal Herrian gehitu behar zaizkie.

Garai klasikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristo ondorengo urteetan Mediterraneo inguruko herriak epidemietatik urrun mantendu ziren, eta horrek biztanleriaren gorakada bat eragin zuen. II. eta III. mendeetan, ordea, moteltze demografiko bat hasi zen, biruela, errubeola eta legenarra sartzearekin batera, malariaren ondorioen okertzea zela eta. Hala ere, lehen izurrite demografikoa VI. mendean hasi zen Bizantziar Inperioa eta Erromako Inperioan.

Izurri beltza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Izurri Beltza»

Izurri Beltza da, ezbairik gabe, europar gehien hil dituen gaixotasuna. Zaila izaten da zehaztea, hala ere, noiz zen gaixotasun hau edo beste bat, soilik testu historikoei begira, zientzia medikoak ez zuelako aurrerapen handiegirik izan zehaztasun horiek emateko. Badakigu, ordea, XIV. mendearen bigarren erdialdetik XVIII. menderaino, lau mendez, ohikoa izan zela izurri beltza gurean. Nafarroako Artxiboan dagoen dokumentazio oparoa aztertuta, jakin daiteke Nafarroan 25 urte bete zituen edozeinek, lau mende horietan, ikusi zuela epidemiaren agerraldiren bat[1].

Brontze Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yersinia pestis bakterioa arkakusoetara Brontze Aroan moldatu zirela uste da. Garai horretan Europa osoan lehen agerraldi ezaguna eman zen. Errusian gaixotasun honen ondorioz hil ziren hainbat arrasto aurkitu dira. Arabako Errioxako El Sotillo trikuharrian zeuden 13 gorpuetako[2] bat izurri bubonikoaren ondorioz hil zela ondorioztatu da, Europako agerraldirik zaharrenetako bat[3][4].

Pestis Justinianea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroaren amaieran, zorigaitz asko pilatu ziren Iberiar penintsulan, herri barbaroen inbasioak, gudak, oti izurriteek (k.o 578-579) eta lehorteek eragindako goseteak (k.o 625 eta 707-709), arabiarren inbasioa eta epidemia handien agerpena, adibidez, pestis inguinalis, Justiniano I.a enperadorearen agintaldian (527-565) sarraskia eragin zuena Mediterraneoko herrialdeetan. Hau izan da izurri bubonikoaz dugun lehen erreferentzia[5].

Cesareako Procopio historialariaren arabera 540. urtean lehertu zen Etiopian izurritea, Egipton agertzeko udazken aldera eta 541ean Niloko Deltan, itsasorantz azkar hedatuz Mediterraneoko arroan eta Ekialde Hurbilean zehar. 542ko maiatzean Konstantinoplara iritsi zen eta lau hilabetetan 300.000 hildako eragin zituen, populazioaren %40-50, beste iturri batzuek ehuneko hau %33ra jaisten duten bitartean.

Epidemia 544an aktibo mantendu zen eta VI. mendearen bigarren erdiko berragerpenetan birulentzia galtzen joan zen (558, 573-574, 591 eta 599). VI eta VII mendeetan zehar Europa osan hogei bat agerpen egon ziren azkenik desagertzeko. Bisigodoen garaiko Hispanian izurritea 542an agertu zen calamitatis miseriae izenpean, Toledo (573), Mediterraneoko kostaldean (588), Galiako Narbonan (693-694) eta beste eskualde askotan agerraldiak sorraraziz. Testu gutxi badaude ere, modu ez-zuzenean dakigu 540ko hamarkadan gogor eraso zuela Valentzian, eta litekeena da Hispania osoan zehar ere hala izatea[6], Europako gune askotan hedatu baitzen[7].

Herio beltzarekin lehen kontaktua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izurri beltzaren hedapena XIV. mendeko Europan

Milurteko berrian Europako populazioak jasaten duen gorakada Asiako plaga berri batek suntsitu zuen: herio beltzak. Europan lehen aldiz Oiptchaq-eko Khan Handiaren gidaritzapean zeuden tropa mongoliarren artean agertu zen, setiaturik mantentzen zuten genovatarren Caffa (Krimea) hirira igaro zena, Itsaso Beltzaren kostaldean, 1346ean. Genovako itsasontziek Konstantinoplara eraman zuten gaixotasuna 1347an eta bertatik mendebaldeko Europara 1348aren hasieran.

XIV-XVII mendeetan Europan klima aldaketa bat jazo zen, tenperatura hoztuz eta euriteak nagusituz, Izotz Aro Txikia deritzona sorraraziz. Nafarroako Erresumak XIV. mendean 250.000 biztanleko gainpopulazioa pairatzen zuen, honi lursailen suntsipena, gosetearen agerpena, krisi ekonomikoa, biolentzia eta hilkortasunaren handipen nabari bat gehitu zitzaiolarik. 1348ko udaberrian, Donejakue bidea jarraituz, Frantziatik sartu zen lehen fokua, kostatik Gipuzkoa eta Bizkaira hedatu eta Galiziaraino iritsi. Berthe ikerlaria hekatonbe batez mintzo da gosetea eta izurriteak eragindako kalteei dagokionean, goseak, izurriak eta sukarrak familien (fuegos naf. err.) %40 akabatu baitzituen. Benedictowen arabera hilkortasun tasa hau Nafarroako Erresuman %60-65era iritsi ahal izan zen.[8][9]

Monteano historialariaren ustez ordea Nafarroako populazioaren %50 hil zen urte hauetan, kokapenaren araberako ezberdintasun nabariak kontuan hartuz. Adibidez Anuen 10 familiatik 8 desagertu ziren Sakanan biztanleriaren heren bat hil zen bitartean[1]. Anton Erkoreka mediku eta historialariaren arabera izurrite beltzak ez zuen gizarte klaseen artean ezberdintasunik egin, honen adierazle Iruñeko Katedraleko %50 kanonigoen heriotza tasa izan zelarik (43tik 24 hil ziren).[10] Tasa hauek Euskal Herriko edozein lekutara aplikagarri dira, Arabako abandonaturiko herriek eta Bizkaiko herri garrantzitsuenak (Bermeo) jasan zuen biztanleriaren beherakada aztertuz gero. [11] Castán eta Dueñasen arabera datu horiek gehiegizkoak dira eta kalkulu matematiko baten bidez pentsatzen dute hildako kopurua Nafarroan %25 baino gutxiago izan zela[12].

XIV. mendeko bigarren erdia berragerpen ugari egon ziren Nafarroako Erresuma 1361-1362, 1373-1374, 1382-1383, 1387 eta 1395 urteetan. Tolosaldean ere eragina izan zuen, krisi sakonarekin[13]. Hasiera batean, gaixotasuna ezezaguna izateagatik, beldur handiarekin mugitu baina ez zen neurri berezirik hartu. XV. mendean hau aldatzen hasi zen: hiriak ixten ziren zaindariak ateetan jarrita, gertuko beste hirietara mezulariak bidaltzen ziren egoeraz interesatzeko eta kanpotarrei sarrera debekatzen zitzaien. Hala ere, hamar urtean behin erasan zuen izurriak 1530era arte, lasaitasun tarte bat eman zuela.[1]. Azken erasoaldietako batek Bilbo jo zuen, 1521ean. Ohikoa zen bezala, aberatsenek ihes egin zuten eta Bilbok mediku bakarra erakartzea lortu zuen, Lekeition aurreko hilabeteetan lanean egon zen Gonzalo Bartolomé Nieto izeneko mediku judu bat.[14] Mediku hau Lekeitiora Donostiatik etorri zen, eta badakigu epaiketak izan zituela, Lekeition zegoela etxe askotako jantzi guztiak erre zituelako, eta herritik alde egin zuten aberatsenek esan zuten euren baimenik gabe kutxak ireki eta aurkitzen zuen guztia erre zuela. Ez dakigu gehiegizkoa den edo ez, baina garaiko kontakizunek diote 500 bat hildako izan zirela Lekeition[15]. 1530eko erasoaldiak bereziki jo zuen Hernanin, inpaktu handiarekin bertako emakumeen gainean[16].

XVI. mendea: ikuspegi berri bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1530eko izurriaren ostean, urte lasai batzuk egon ziren, bereziki Nafarroa Garaian. Hamar urtean behin izurriaren mezuak jasotzen ziren, askotan Bartzelona, Zaragoza edo Gaskonian bazela, baina, oro har, erasoak gutxi izan ziren 1564ra arte. Hala ere, 1540an krisi txikia izan zen Baionan, urtebete iraun zuena gehienez[1].

Nafarroan berriro sartu zen izurria 1546an. Herri eta hiri guztiak itxita egon arren, eta mugimenduak guztiz mugatuak, Johanko Ekiat izeneko uztarroztar batek lortu zuen Uztarroze herrian sartzea, izurria zegoen herri batzuetako baseliza batzuetan egon eta gero. Laster hedatu zen herritik: Mendekoste egunean hasi zen eta hurrengo urteko otsailean hil ziren azkenak. Uztarrozek 300 bat familia zituen garai hartan, eta 270 pertsona inguru hil ziren. Agerraldi berrian egon ziren, urte horretan, Oibarren, Lapoblaciónen eta Vianan, guztiak herri mugakideak[1].

Garai honetan hasi ziren jada lehenengo neurri profilaktikoak hartzen. Izurria sortu zela jakin bezain pronto, herriak itxi eta izurria zegoen herri zein eskualdeetako pertsonei besteetan sartzea debekatzen zitzaien. Izurria sortzen zenean, gaixoa, bere familia eta kontaktua izan zutenak isolatzen ziren, batzuetan modu zuzenean: harresi bat eraikita euren kale edo auzoan. Guardak jartzen ziren itxialdi horiek egiten zirela ziurtatzeko eta janaria udalak berak ematen zien, segurtasun neurriak hartuta. Herri batzuetan, gainera, baselizak eta mendiko bordak gaitzen ziren, eta gaixoren bat egonez gero hara eramaten ziren, familia guztiarekin, herritik urrun inork kutsa ez zezaten[1]. Garai hartan pentsatzen zen gaixotasunaren jatorria miasmak zirela (usai txarrak, ur ustelak...) eta, horregatik, garbiketak egitea ohikoa zen[17]. Ohikoa zen ere hildakoen etxeak eta arropa guztiak erretzea, eta gaixoak sendatzen baziren, ez zitzaien baimentzen arropa berdinarekin bueltatzea[1].

Izurri Atlantikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Izurri Atlantikoa»
Dokumentuak
Crónica de la peste en Pasai Donibane
Carta sobre la peste del Bachiller Vilaviciosa al Ayuntamiento de Pamplona

Hurrengo 30 urteetan, agerraldi txikiren bat kenduta, lasaitasuna egon zen, harik eta 1596an Izurri Atlantikoa deitu dena hasi zen arte. Aurreko epidemia ia guztiak Mediterraneoari lotuta egon ziren, nahiz eta Euskal Herrian ohikoa izan Donejakue Bideari lotuta hastea. Kasu honetan Flandriatik Santanderrera iritsi zen Rodamundo itsasontzian egon zen jatorria. Bertara Castro Urdialesko Bartolomé de San Juan izeneko bat sartu zen Calaisko portuan, eta hirira iristean azkar sakabanatu zen izurria Gaztelara eta Atlantikoko beste portuetara[18]. Kantabriatik Bilbora iristea ekiditeko Bilbok bere ateak itxi eta merkantziak behatzeari ekion zion 1597-1598 urteetan. 1596ko abuztutik urrira Hondarribian izurria sartu zen, eta data berdintsuetan Pasaian[17]. Pasaiara Donostiatik etorri zela zioen garai hartako apaizak, "emakume arrain-saltzaile batzuek Castro [Urdialestik] zetozen oihal merke eta on batzuk erosi zituztelako, garesti eta txar atera direnak"[19]. Garai horretan Alemaniatik etorritako bi bidaiarik egoeraren berri jaso zuten: Hernanin lo egin zutenean, hiria itxita zegoen izurriaren beldur[20]. 1597ko urriaren 21ean Pasaiaz gain, Lezon eta Errenterian ere hedatuta zegoen, eta gatazka zegoen Lezoko ontziolan egiten ari ziren barkuetako langileak Errenteriara bidali nahi zituztelako baina han ez zituztelako hartzen[19]. Gaixotasunaren berri gutuna bidali zuten Iruñera, azalpenekin[19]. Hernaniko albiste baten arabera, 1598an emakume asko alargun eta pobreziak geratu ziren, eta lapurretan eta prostituzioan aritzen ziren herri kanpoan; 1601an horien aurkako neurriak agindu zituen udalak[16].

Jada 1598aren hasieran izurria Lekeitio, Soraluze, Bergara eta Oñatira iritsi zela jakinda, herri gehienak gotortu ziren, baita Bilbo ere. Hala ere, urte horretako otsailean izurria Bilbora iritsi zen, eta urtebete egon zen hirian, harik eta 1599ko martxoan lehen agerraldi hori gelditu zen arte; baina atsedenik gabe, 1599ko udatik azarora bigarren bat egon zen[17]. 1599an Legazpira iritsi zen, Mirandaola burdinolako familia osoa hil zen ama izan ezik[21]. Herrien arteko mugak ixteak arazo larriak ekarri zituen elikaduran. Gipuzkoak, adibidez, Arabatik pasatzen zen gariaren beharra zuen; egoera ikusita, Arabak egoera probestu zuen gariarekin espekulatzeko, guardiak jarrita San Adriango baselizan. Bertatik pasatzen zen garia Segurara iristen zen, eta segurarrek, desesperazioaren ondorioz, gari lapurtu eta itzainak bahitzera iritsi ziren, gerora eurak erabakitako prezioan inguruko herriei salduz[15]. Urte bereko udaran, kontrako egoera ezarri zen: Gipuzkoan foku gehienak desagertu ziren bitartean, Gasteizen eta Arbizun berriak sortu ziren. Orain Gipuzkoari garaua saldu nahi ez zioten lurralde horiek ziren janari eskasia zutenak, itzainek ez baitzuten bertatik pasa nahi Gipuzkoarako bidean. Hala ere, Seguran edo Azkoitian izan ziren foku berriak[15].

Izurri Atlantikoa ez zen itzali guztia 1604ra arte, zortzi urtez; milioi erdi pertsona hil zituen Espainian[18]. Ez dakigu zenbat pertsona hil ziren Euskal Herrian, baina badakigu kopurua ez zela txikia izan. Bilbok zituen bederatzi mediku eta zirujauetatik herena hil ziren. Hondarribian 219 pertsona hil ziren 1597ko abuztuaren 8tik urriaren 21era, eta Pasaian data berberen artean beste hainbeste (36 gizonezko eta 183 emakume[oh 1]). Pasaian izurriak jarraitu zuen eta herrian bizi ziren 807 biztanleetatik 364 hil ziren, %45,1[17]. Lekeition gutxienez 500 pertsona hil direla esaten da dokumentazioan[22]. Gainera, Izurri Atlantikoak Espainia[23] zein euskal hiriak krisi ekonomiko larrian utzi zituen.

Azken agerraldiak eta ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako azken agerpena Marsella eta Proventzan izan zen 1720ean. [24] 300 urte hauetan zehar izandako heriotza-tasa altuari aurre egiteko herriak erlijio eta santuetan bilatu zuen laguntza, XVII. mendeko San Rokeren omenez eraikitako ermitek erakusten duten bezalaxe. Zenbait herritan gaur egundaino, gaixotasun honekin loturiko XVI. mendeko ohiturak mantendu dira, Laudion bezalaxe non abuztuaren 15ean San Rokeren eguna ospatzen den. [25] Tuteran ere Santa Anari erreguak egin ostean, XV. mendean, izurria amaitu zela eta, jaia egun horretara mugitu zuten[1].

Baztanga edo Nafarreria (XVIII)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Baztanga»
Josef de Luzuriaga medikuak berak eta Azkoitia, Deba, Zestoa, Mutriku, Donostia, Azpeitia eta Bergarako bere lankideek 1202 pazienteri egindako Gatti doktorearen metodoaren aplikazioari buruzko oharrak jasotzen diren testua.[26]

Euskal Herriak oparotasun aldi bat bizi izan zuen XVIII. mendean biztanleriaren gorakada jasanez, azken hamarkadan hazkuntza hau zerbait gelditu bazen ere. Beste herrialde batzuetan bezalaxe lehen erakunde zientifikoak agertzen hasten dira, horien artean nabarmenena Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izan zelarik, garaiko gaixotasunen ikerketan berebiziko garrrantzia izan zutenak. Elkarte honetako aktek baztangaren lehen agerpenenak bildu zituzten, hala nola Peñafloridako kondearen semeari eta beste zortzi umeei egindako lehen txertaketak 1771an. Baionan ere lehen inokulazioak 1771an egin ziren.

Hainbesteko arrakasta izan zuten txertaketa hauek non 1771. urtearen bukaerarako ez zegoen Euskal Herrian hiririk non ez zen txertaketa saiakuntzarik egin. Arrakasta azkar honen arrazoia umeen artean elgorri-nafarreriaren hilkortasun-tasa altuan aurki daiteke, Hegoaldean %15era iritsi zena zenbait agerralditan. Ez da harritzekoa beraz umeen labana deitu izana garai hartan.[27]

Tifus exantematikoa (1793-1795)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tifus exantematiko» eta «Konbentzio Gerra»

K. a. V. mendeko Xenofonte idazleak egin zuen tifus exantematikoaren lehen aipamena Anabasia lanean. Gerrarekin zuzenean erlazionatutako eritasun infekziosoa zen, soldaduek arropetan zeuzkaten arkakusoek hedatzen zutelako.[28] Oso hilkortasun tasa handiak eragiten zituen gudarosteetan, adibidez 1812an Napoleon Bonapartek Errusia inbaditu zuenean. Irlandak 1846ean jasan zuen gosetean ere agertu zen. Ziurrenik historian heriotza gehien eragin duen gaixotasuna da.[9]

Muga herria izanik, Euskal Herriak zenbait tifus agerraldi pairatu zituen, armaden igarotzea zela-eta, hala nola Konbentzioaren Gerran (1793-1795) Frantziako armadarekin, eta Gasteizko setioan (1836) Britainia Handiko armada laguntzailearekin gertatu zen bezala. Konbentzioaren Gerran, tropa kontzentrazio handiak izan ziren Ipar Euskal Herrian, Nafarroa Garaian eta Gipuzkoan. 1794an, Nafarroa Garaiaren iparraldea eta Gipuzkoa gehiena inbaditu zituen Frantziako armadak. 1794-95eko neguan, tifus exantematiko epidemia larria jasan zuten lurralde horietan hedatutako guda-taldeek, ez-ohiko abiaduran hedatu zena.[29][30]

Espainiar armadaren ospitaleetan hilkortasun tasa %5 ingurukoa izan zen, eta askoz handiagoa inguruko biztanle zibilengana hedatu zelarik. Gipuzkoak, esate baterako, 114.304 biztanle zituen 1787an, eta 104.479 1799an. Ia %10eko jaitsiera hori tifusaren erruz gertatu zen hein handi batean.[9]

Kolera (XIX)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kolera»

Asiako kolera endemikoa edo berezkoa den arren India XIX. menderen hasieran mundu osotik hedatzen hasi zen zazpi pandemia handi sortuz, Gangesetik gora igota Afganistanera eta, ondoren, Errusiara[31]. Lehenak Asiari eragin bazion ere soilik (1827-1834), bigarren Europa osora hedatu zen Alemania eta Britainia Handira 1831ean iritsiz, Frantziara 1832an eta Iberiar Penintsulara 1833an. Eta hirugarrena (1839-1859) eta laugarrena (1863-1874) arinagoak izan baziren ere, bosgarrenak gogor jo zuen (1881-1896).

Anton Erkoreka irakaslearen ustetan epidemiaren uhin bakoitzeko hilkortasun tasari dagokionez ezberdintasun nabariak egon ziren. 1833ko epidemia penintsulan sartu zen Portugaletik, ondoren Galizia, Andaluzia eta Extremadurara hedatu eta azkenik euskal probintzietara iristeko Karlistadetara borrokatzera abiatu ziren soldaduen bitartez. 1832an, hala ere, udalerri batzuk neurriak hartzen hasi ziren, Burundak osasuna zaintzeko neurriek erakusten duten bezala: ijitoen mugimendua galaraztea, eta lazareto bat eraikitzea Altsasutik gertu[32]. 1834ean bigarren uhina Bartzelonatik hedatu zen Mediterraneo osoko herrialdeetara eta hirugarrena 1847an Galiziatik, bertako gosetea dela hilkortasun tasa handia eraginez[9]. Hirugarren epidemia horrek 1855an Azkoitiko Andramariak bertan behera uztea eragin zuen, herriko 69 biztanle hil zituen eta Azpeitiko 272[33].

Nadalek bildutako datu ofizialak, bereziki 1833ko epidemiari dagokionez, Anton Erkorekaren arabera errealitatetik nahiko urrun egon ziren.[34] 1860ean Espainian zeuden 15.649.000 biztanletik hauek izan ziren hildakoak[9]:

Urtea Koleragatiko heriotzak Hilkortasun tasa (1/1000)
1833-1835 102.511 6,5 ‰
1853-1856 236.744 15,1 ‰
1859-1860 6.832 0,4 ‰
1865 59.612 3,8 ‰
1885 120.254 7,6 ‰

Eskualde batetik bestera egon ziren ezberdintasunak ikusteko 1885eko epidemian Zaragoza eta Pontevedran izandako tasak alderatzea besterik ez dago, ‰32.93 eta ‰0.02 urrenez urren. [35] Euskal Herriari dagokionez orain arte bildutako datuak nahiko zatikaturik daude:

  • Araba 1834eko agerpenean 400 pertsona hil ziren 79.000 biztanletik (‰5), 1855ean 95.000tik 2.427 pertsona (‰25,5) eta 1885an 94.945 biztanletik 303 pertsona (‰3,2)[36]
  • Nafarroa Garaian, Azkoien herria adibide bezala hartuz, 1834ean ‰81,6, 1855ean ‰62,7 eta 1885 ‰63,2 hilkortasun tasak izan ziren.[38]

Tuberkulosia (XIX-XX)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tuberkulosia»

Aurreko mendearen bukaeran hasitako Industria Iraultzak aldaketa sakonak ekarri zizkion euskal gizarteari ere bai, bai eta osasun arloan ere. Izan ere, hirietan biztanleak pilatzeak, higiene ezak eta goseak "izurri zuria" erakarri zuten, tuberkulosia alegia. Bizkaian, euskal lurralderik industrializatuenean, gaitz hau endemikoa izan zen XIX. mendearen bukaeratik hurrengo mendearen erdialdera arte (estreptomizina eta beste sendagai batzuk sortzen hasi ziren arte). Esate baterako, Bilbon 1899tik 1904 arte tuberkulosiaren heriotza-tasa 4.1-5.1/100.000 biztanleko izan zen[9].

Tuberkulosiagatiko Bilboko heriotza tasa XIX. mendearen amaieran[9]:

Urtea Biztanleria Hildakoak Hilkortasun tasa
1898 74.142 404 ‰5,45
1899 74.142 397 ‰5,35
1900 79.410 359 ‰4,38
1901 78.528 359 ‰4,57
1902 78.166 329 ‰4,21
1903 81.012 341 ‰4,20

Espainiako gripea (1918-1919)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «1918ko gripe pandemia»

Garaiko datuen arabera "Espainiako gripea" delakoak 1918 eta 1919 artean 260.000-270.000 hildako inguru utzi zituen Espainian eta Frantzian 210 900-240 000. Ageri denez hilkortasun tasa nahiko ezberdinak izan ziren ‰7,3 Frantzian eta ‰12 Espainian.[39] Edonola ere Espainian XX mendean heriotza gehien eragin zituen gertakaria izan zen, Espainiako Gerra Zibilarekin batera[9].

Euskal Herrian, gripe izurrite honen heriotza-tasa 12.1/100.000 biztanleko izan zen eta nabarmentzekoa da 1918ko urria hilabeterik okerrena izan zela, gaztengan hilkortasunik altuena eraginez. Gainera, oro har gizartearen erdia kaltetuta izan zen, horien gutxienak soilik hil baziren ere. Tokian tokiko datu batzuk kontutan harturik, Orozkon (Bizkaia) heriotza-tasa ‰25,7koa izan zen eta Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) ‰61,1ekoa[9]. Mundu mailarekin alderatuz biztanleriaren %55ak jasan zuen gripe hau Euskal Herrian, baina heriotza tasa nabarmenki baxuagoa izan zen. [40]

Mendearen amaieran, beste epidemia batek ederto astindu zuen gure lurraldea, hilkortasun handikoa izan zuena eta batez ere hiriguneetan eta nagusiki heroinarekin lotutakoa, HIESak alegia. 1980ko hamarkadan kalterik handienak sortu zituen, batik bat Bilbo Handian eta Donostialdean. Gaur egun geurean kontrolatuta badago ere, mundu mailan pandemiaz hitz egin dezakegu.

Poliomielitisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

HIESa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

HIESaren eraginez Euskal Herrian lehenengo pertsona 1985ko apirilaren 25ean hil zen, José Ramón González droga-kontsumitzaile ohia[41].

A gripea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «2009ko A gripearen pandemia»
H1N1 birusaren kasuak.
██ Heriotza sortarazi duten kasuak██ Kasu ziurrak██ Ziurtatu gabeko kasuak

2009ko A gripearen pandemia edo txerri gripea A/H1N1 birusaren aldaera batek sorturiko txerri gripea izan zen. Mexikon, martxoaren 18an[42] hasi zen, eta apirilaren 22an plazaratutako[43][44] Reforma egunkariak Mexiko Hirian gertaturiko kasu batzuen inguruan informatu zuen. Lehen kasuak Mexikoko hiru zonaldetan (Mexiko Hiria, Mexikoko estatua eta San Luis Potosi) eta Amerikako Estatu Batuetako bi estatutan (Kalifornian eta Texasen) gertatu ziren, eta kasu gehienetan heldu gazteei eta osasungarriei erasan zien.

Espainia eta Frantziako gobernuek ere adierazi zuten kasu batzuk aztertzen ari zirela, horietako bat Bilbon.[45] Trinidad Jimenez Espainiako Osasun Ministroak 6 hilabetez gorako haurrei eta osasun egoera ahuleko pertsonei A/H1N1 gripearen kontrako txertoak ematea aurreikusi zuen abuztuaren 31n; beraz, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere aplikatzekoak.[46] Eusko Jaurlaritzak 47 milioi ahoko maskara erosi zituen badaezpada.[47] 2009ko azarorako, 5 pertsona hil ziren EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, eta txertoak banatu ziren.[48]

COVID-19[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «COVID-19 pandemia Euskal Herrian»

2019ko abenduan COVID-19 gaitza zuten lehen gaixoak atzeman ziren Wuhanen (Txinako Herri Errepublika), eta hilabete berean birusaren genoma bere osotasunean sekuentziatzea lortu zen.[49] 2020ko urtarrilaren hasieratik aurrera hasi zen gaixotasuna eragiten zuen SARS-CoV-2 birusa hedapen nabaria gauzatzen, hasiera batean Txina barnean eta gerora, mundu mailan. Urtarrilaren bigarren erdian gertatu zen Txinatik kanpoko lehen tokiko kutsapena, Vietnamen eta urtarrilaren 22an,[50] Bavarian (Alemania) Europako lehen tokiko kutsapena erregistratu zen.[51] Garai horretarako zortzi mila kasutik gora baieztatu ziren Txinan. Txinako Herri Errepublikak gogor erantzun zion izurrite bihur zitekeen gaitzari, berrogeita hamar milioiko eskualdea, Wuhan hiriburu zuena, berrogeialdian ezarriz.[52] Gainera, handik gutxira neurri zorrotzak hartu zituen Hubei probintziatik (epizentrotik) kanpoko beste lurralde ugaritan, hala nola, ikastetxeen itxiera, garraiobideen itxiera eta ekitaldi jendetsuen debekua.[53][54]

Alabaina, Txinak ez zuen gaitzaren hedapena gelditzea lortu eta otsailaren bukaeratik aurrera bereziki, munduko bost kontinente populatuetan gaitzak kalte handiak sortu zituen.[55] Europa izan zen eragin handienetakoa jaso zuena; urtarrilaren 29an erregistratu zen Italiako lehen kasua eta handik hilabete eskasera 200 ziren kutsatuak herrialde hartan, gehienak Lombardian.[56][57] Izan ere, Italia izan zen, hasiera batean behintzat, Europako foku nagusia, 2020ko martxoaren 10 baino lehen zortzi mila kasutik gora baitzituen eta 450 hildakotik gora.[58] Neurri zorrotzak ezarri zituen gobernuak, hala nola, herrialdeko ikastetxe guztien itxiera (martxoaren 5ean) eta herrialdearen barne zein kanpo bakanketa (martxoaren 9an).[59] Espainia (martxoaren 10ean 1600 kasutik gora),[60] Frantzia (1412 kasutik gora, data berean) eta Alemania (1281 kasutik gora egun berean) izan ziren gaitzaren beste foku nabarmen batzuk, nahiz eta Europa guztira zabaldu zen.[61] Iran, Hego Korea, Japonia eta Estatu Batuek ere kasu kopuru nabarmena eduki zuten, besteak beste.[55]

Gaitza 2020ko otsailaren 28an iritsi zen Euskal Herrira, Gipuzkoan eta Araban erregistratu ziren lehen kutsatuak, bakoitzean bat.[62] Hala ere, hedakuntza nabarmena martxoaren bigarren astetik aurrera hasi zela esan daiteke, Araba foku nagusi bihurtu zenean, martxoaren 9an 100 kasuak gainditurik. Egun horretan bertan hartu zuen Eusko Jaurlaritzak gaitzari aurre egiteko lehen neurri esanguratsua: Guardia, Bastida eta Gasteizko ikastetxe guztien itxiera, unibertsitatea eta haur-eskolak barne, hamabost egunez.[63][64] Hego Euskal Herriko gainerako herrialdeetan eta Ipar Euskal Herrian polikiago hedatu zen gaitza, behintzat hasiera batean.[65] 2020ko abenduaren amaieran 3.800 hildako baino gehiago eragin zituen gaixotasunak, txertaketa kanpaina hastear zela[66].

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Emakume askorik lanik txarrenak ematen zitzaizkien, bereziki ospitaleetan gaixoen zainketa eta garbiketa. Pasaian kontratatu zituzten emakume ia guztiak hiltzen ziren, denbora laburrean, eta iritsi zen une bat emakumeak kontratatzea zaila zela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Monteano Sorbet, Peio J.. (2020). Un enemigo mortal e invisible. Los navarros en la Era de la Peste (1348-1723). Pamiela ISBN 9788491721826. (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
  2. Fernández Eraso, Javier; Mujika Alustiza, Jose Antonio. (2013-06-17). La estación megalítica de la Rioja Alavesa: cronología, orígenes y ciclos de utilización. ISSN 0514-7336. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  3. (Ingelesez) Andrades Valtueña, Aida. (2021). (pdf) Beyond Phylogenies: Advancing Analytical Approaches for the Field of Ancient Pathogenomics. Friedrich-Schiller-Universität Jena  doi:10.22032/dbt.49395. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  4. Garmendia, Jon Ordoñez. «Europa mendebaldean izandako izurri bubonikoaren kasurik zaharrena aurkitu dute Arabako trikuharri batean» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  5. Orlandis, José 1918-2010. (D.L. 2017). La vida en España en tiempo de los godos. (2ª ed. argitaraldia) Rialp ISBN 978-84-321-4864-4. PMC 1034972457. (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
  6. (Ingelesez) Gruber, Henry. (2018). «Indirect Evidence for the Social Impact of the Justinianic Pandemic: Episcopal Burial and Conciliar Legislation in Visigothic Hispania» Journal of Late Antiquity 11 (1): 193–215.  doi:10.1353/jla.2018.0001. ISSN 1942-1273. (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
  7. (Ingelesez) Keller, Marcel; Spyrou, Maria A.; Scheib, Christiana L.; Neumann, Gunnar U.; Kröpelin, Andreas; Haas-Gebhard, Brigitte; Päffgen, Bernd; Haberstroh, Jochen et al.. (2019-06-18). «Ancient Yersinia pestis genomes from across Western Europe reveal early diversification during the First Pandemic (541–750)» Proceedings of the National Academy of Sciences 116 (25): 12363–12372.  doi:10.1073/pnas.1820447116. ISSN 0027-8424. PMID 31164419. PMC PMC6589673. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  8. BENEDICTOW O.J. - The Black Death 1346-1353. The Complete History. Rochester (USA)- Woodbridge (UK), 2006.
  9. a b c d e f g h i Erkoreka, Antton. Epidemiak Euskal Herrian. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, oeegunea.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-16).
  10. RUIZ DE LOIZAGA S. - “Documentos sobre la peste negra (1348) en Navarra según algunos datos del Archivo Vaticano”. Scriptorum Victoriense 1998, 45, p.177-193
  11. LOPEZ DE GUEREÑU G. - “’Mortuorios’ o despoblados”. BRSVAP 1958, 14, 135-226.
  12. Castán Lanaspa, Guillermo; Dueñas Carazo, Salvador. (2006). Revisión de la incidencia de la Peste Negra (1348) en Navarra a través de un modelo matemático de población. ISSN 0213-2052. (Noiz kontsultatua: 2020-08-14).
  13. (Gaztelaniaz) «Proyectos - Tolosaldea 1615: el nacimiento de 14 villas - 12/03/2015» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  14. Edo, A. V.. (2003). «La asistencia hospitalaria medieval en Bilbao» Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 59 (1).
  15. a b c Azpiazu, José Antonio, 1944-. (2011). Esa enfermedad tan negra : la peste que asoló Euskal Herria (1597-1600). Ttarttalo ISBN 978-84-9843-316-6. PMC 743393897. (Noiz kontsultatua: 2021-01-16).
  16. a b (Gaztelaniaz) Miren Aintzane, Egiluz Romero. (2006). LA HISTORIA IGNORADA. Una visión sobre el papel de las mujeres en la vida pública de Hernani. Hernaniko Udala.
  17. a b c d «Bilbaopedia - Peste Atlántica» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  18. a b Alvar Ezquerra, Alfredo. (1983). «Madrid reflejo de los problemas sanitarios de la península: la peste de 1596 vista por un galeno de la Corte» Anales del Instituto de Estudios Madrileños (Instituto de Estudios Madrileños) XX: 203-218. ISSN 0584-6374..
  19. a b c (Gaztelaniaz) Cruz Mundet, J. R.. Negro Centenario: La peste bubónica en Oarsoaldea. Errenteriako Udala (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  20. Estibaus » Gerra eta izurri garaietako gertakari baten inguruan. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  21. Martín, Ramón. (2005). «Mirandaola y la peste de 1598» Txinpartak 10: 7-8..
  22. Dueñas, E. X.; Irigoien, I.. (1997). «La fiesta, recuerdos y vivencias: entorno festivo en la historia de la villa marinera de Lekeitio» Zainak. Cuadernos de Antropología-Etnografía 15: 101-139..
  23. Alarcia, D. T. (2012). La peste Atlántica en Santo Domingo de la Calzada (1599). Berceo, (162), 85-119.
  24. Relation historique de la peste de Marseille en 1720. Chez Pierre Marteau, Cologne, 1721.
  25. GOIENURI G. - Cofradía Señor Sant Roque = Roke Deunaren Anaidia. Diputación, Vitoria-Gasteiz, 1999.
  26. (Gaztelaniaz) Luzuriaga, Josef de. «Observaciones hechas sobre la inoculación de la viruela en las Provincias de Alava y Guipúzcoa /» www.kmliburutegia.net (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).
  27. ALBARRACIN A. (ed). - Historia de la enfermedad. Wellcome, Madrid, 1987
  28. Fernández, Harri. Adrian Hugo Llorente: “1.300 eta 1.500 herritar inguru hil ziren Donostian tifusaren erruz”. Bigarren Mendeurrenaren Txostena, Donostiako Udala, issuu.com (Noiz kontsultatua: 2018-12-16).
  29. Etcheverry-Ainchart, Jean. La Vallée de Baïgorri sous la Révolution. Eusko Ikaskuntzaren VIII. Kongresua (8. 1954. Baiona, Uztaritze), Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2003, 207-216. orrialdeak, ISBN: 84-8419-932-0, hedatuz.euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2018-12-16).
  30. Oliden, Kepa. Epidemia de tifus y sin médico. diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2018-12-16).
  31. (Gaztelaniaz) Edo, Antonio Villanueva. (2004-07-01). «Estudio social e histórico de la epidemia de cólera de 1834 en Bilbao» Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 60 (2) ISSN 0211-111X. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  32. Carasatorre, Rafael. (2015-08-03). «Textos Históricos Navarros: Burunda 1831 - 1832 Ayuntamiento y medidas ante el cólera» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  33. (Ingelesez) Juaristi, Mendizabal; Bautista, Juan. (2022-01-01). «Azkoitia: la pandemia colérica que hizo suspender los Andramaris en 1855. | BOLETIN de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del Pais | EBSCOhost» openurl.ebsco.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
  34. NADAL J. - La población española (siglos XVI al XX). Ariel, Barcelona, 1986. Entre ses sources cite SAMAMO M.G. - Memoria histórica del cólera morbo asiático en España (Madrid, 1860) et les Memorias et Boletines Demográficos Oficiales.
  35. Boletin de Estadística demográfico-sanitario
  36. RAMOS P.M. - El cólera en Alava. Diputación, Vitoria-Gasteiz, 1986.
  37. VITORIA M. - Epidemias de cólera en Vizcaya en el siglo XIX. La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao, 1978.
  38. CAMPO,J.M., GASTÓN J.M. - El cólera en Navarra. Peralta un ejemplo. Altaffaylla, Tafalla, 1993.
  39. DARMON P. - “Une tragédie dans la tragédie : la grippe espagnole en France (avril 1918-avril 1919)”. Annales de Démographie Historique 2000, 2, p. 153-175. ZYLBERMAN P. - “A holocaust in a holocaust. The Great War and the 1918 Spanish influenza epidemic in France”, In The Spanish Influenza Pandemic of 1918-19, dir. H. PHILLIPS et D. KILLINGRAY. Routledge, London, 2003, p. 191-201.
  40. ECHEVERRI B. - La gripe española. La pandemia de 1918-1919, CIS-Siglo XXI, Madrid, 1993. ECHEVERRI B. - (2003) “Death in winter : Spanish influenza seen from Spain”, In The Spanish Influenza Pandemic of 1918-19, dir. H. PHILLIPS et D. KILLINGRAY. Routledge, London, 2003, p. 173-190.
  41. (Gaztelaniaz) Bola, La. La epidemia del VIH-SIDA en el País Vasco | La Bola. (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  42. Crece alarma por brotes de gripe La OMS activó Red de Respuesta Mundial Univisión. 2009ko apirilaren 26an.
  43. (Gaztelaniaz) «México dice muertes por influenza porcina suben a 20». Reuters America Latina (04 de 2009).
  44. (Gaztelaniaz) «Preguntas y respuestas sobre la gripe porcina». Univision.com
  45. (Gaztelaniaz) Sanidad estudia tres posibles casos de gripe porcina en turistas de Almansa, Bilbao y Valencia
  46. Berria.eus. «Sei hilabete baino gehiago eta gaixotasun kronikoren bat duten haurrak txertatuko dituzte A/H1N1 gripearen aurka» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-11-25).
  47. Berria.eus. «Gripearen aurkako aho estalkien soberakina, 45.501 euroan» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-11-25).
  48. Berria.eus. «Beste lagun bat hil da Euskal Herrian A gripearekin» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-11-25).
  49. «Health Advisory Regarding 2019 Novel Coronavirus (2019-nCoV) | Columbia Health» health.columbia.edu (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  50. (Ingelesez) «China coronavirus: ‘family cluster’ in Vietnam fuels concerns over human transmission» South China Morning Post 2020-01-29 (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  51. (Ingelesez) Welle (www.dw.com), Deutsche. «Germany confirms human transmission of coronavirus | DW | 28.01.2020» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  52. ARGIA. (2020-01-23). «Koronabirusa lehen aldiz atzemana izan den Wuhan hiria berrogeialdian jarri dute» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  53. (Ingelesez) Hui, Jane Li, Mary. «China has locked down Wuhan, the epicenter of the coronavirus outbreak» Quartz (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  54. GAUR, GUREAN. (2020-01-27). «Txinak koarentenan jarri ditu 56 milioi lagun, koronabirusa geldiarazteko ahaleginean» hamaika.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  55. a b «Operations Dashboard for ArcGIS» gisanddata.maps.arcgis.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  56. ARGIA. (2020-03-09). «Italiako iparraldea isolatuta koronabirusagatik» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  57. ARGIA. (2020-02-24). «Koronabirusa: 229 kutsatu eta 7 hildako Italian» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  58. (Gaztelaniaz) «Italia extiende las restricciones de la Lombardía por el coronavirus a todo el país» La Vanguardia 2020-03-10 (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  59. Egilegor, Arantxa Elizegi. «Italia, koronabirusagatik ateak itxi dituen Europako lehen estatua» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  60. (Gaztelaniaz) Infografía, Departamento de. (2020-03-10). «Casos confirmados en España y en el mundo y claves para entender el coronavirus de Wuhan» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  61. (Gaztelaniaz) Pires, Luis Sevillano; Andrino, Borja; Llaneras, Kiko; Grasso, Daniele. (2020-03-09). «El mapa del coronavirus: así crecen los casos día a día y país por país» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  62. «Bi koronabirus kasu baieztatu dituzte Araban eta Gipuzkoan» Euskal Irrati Telebista 2020-02-28 (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  63. Iraola, Arantxa. «Gasteizko hezkuntza zentro guztiak ixtea erabaki du Jaurlaritzak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  64. «Bastidako bi ikastetxeak itxi dituzte, koronabirusa geldiarazteko - Araba» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  65. «197 koronabirus kasu Euskadin, beste 49 positibo gehiago atzemanda» Euskal Irrati Telebista 2020-03-10 (Noiz kontsultatua: 2020-03-10).
  66. Berria. «Koronabirusaren azken datuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • "La ira de Dios. Los navarros en la Era de la Peste (1348-1723)" Monteano, P.J. Pamiela argitaletxea. Iruñea, 2002.
  • "La pandemia de gripe española en el País Vasco (1918-1919)". Erkoreka, A. Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoa. Bilbo, 2006.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]