Edukira joan

Nafarroako Erresumaren inbasioa (1199-1200)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nafarroako Erresumaren inbasioa Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak 1199tik 1200era zuzendutako kanpaina militarra izan zen, Nafarroako Erresumaren mendebaldean barrena eta haren muineraino iritsi zena. Ondorioz, Nafarroako Erresumak bere mendebaldeko lurraldeak galdu zituen: Durangaldea, Araba, Aitzorrotz (Deba bailara), Gipuzkoa eta Donostia Hernanikoa (Donostialdea Bidasoraino). Harrezkero, Euskal Herriko erresuma hori itsasoko irtenbiderik gabe geratu zen, eta itsas kemena eta hari lotutako industria zein merkataritza garatzeko ahalmenik gabe. Dokumentuetan ez ezik (adibidez, Josef Moreten geroko kontakizuna), orain arte egindako zenbait gaztelu aztarnaren indusketetan ere indarrezko okupazio kanpainaren berri geratu da. Hala ere, kanpaina honi buruzko iturri garaikideak edo ia garaikideak urriak dira, eta are urriago datuak.

Nafarroako inbasioaren mapa (1201eko egoera)
Rodrigo Semenez Arradakoa, Toledoko artzapezpiku eta historia idazlearen irudikapena

Nafar erregeek, Atapuercako Guduaz geroztik (1054), borroka diplomatikoa eta militarra zeramaten berez nafartzat zituzten lurraldeei eutsi eta berreskuratzeko; Gaztelako erregeak, berriz, horiek mendean hartzen joan ziren. Alfontso Borrokalaria nafar erregearen heriotzak (1134ko iraila) hautsi egin zuen Iruñea eta Aragoiko erresumen batasuna, eta nekez bete zitekeen haren testamentuak (erresumaren jabetza Elizarentzat utziz) herren utzi zuen Nafarroa Erromako Egoitza Santuaren agintearen aurrean: Alfontsoren testamentua betetzen ez zela argudiatuta, Iruñea ez zen gehiago erresuma bat haren irudiko, eta hala Gaztelako nola Aragoiko monarkien zilegizko harrapakin izatera pasa zen. Hala ere, Antso VI.a Jakituna erregeak (1150-1194) erresumaren estatu egiturak sendotu zituen.

1194an, Nafarroako Antso VII.a Azkarra tronura heldu eta gutxira, argi geratu zen Egoitza Santuak (Zelestino III.a aita santuak, 1198 arte) Gaztelaren aldeko hautua egin zuela, Antso VII.ari errege titulua ukatuz eta, trukean, buruzagi deitura umilagoaz izendatuz (dux). Une horretan, Petri II.a Aragoiko erregeak eta Alfontso VIII.ak elkar hartu zuten Nafarroaren kontra. Gaztelar-aragoitar kanpaina militar horrek higatuta utzi zituen Nafarroaren indarrak, eta bidea zelaitu zuen 1199ko udaberrian abiatutako gaztelar okupazio kanpainarako, Antso VII.a Azkarra nafar erregea Magrebeko Tilimsengo erregearekin zen bitartean, hari laguntzen eta Gaztelaren oldarraren aurkako aliatu bila.

Azken aldiko ikerketek Nafarroa militarki okupatua izan zela argitzen badute ere, Nafarroa mendebaldea Gaztelara bakez sartu zelako kontakizuna nagusitu da historiografian orain arte ("voluntaria entrega de Guipúzcoa" eta antzeko esaldiak erabiliz). Hipotesi horren oinarri garrantzitsu bat garai berean Semenez Arradakoa Toledoko artzapezpikuak idatzitako De rebus Hispaniae izan da, anbiguetate handikoa, gaztelarren okupaziorako adquisivit eta obtinuit aditzak erabili zituena ("eskuratu zituen").[1] Aro Moderno eta Garaikidean, Juan Antonio Llorente kalonjeak hitz egin zuen lehendabiziko aldiz argi eta garbi Gipuzkoa hitzarmen bidez Gaztelari lotu izanaren kontra.[2]

Nafarroako defentsa sistema (mendebaldea)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1173 eta 1179 arteko Nafarroako Erresumaren mapa
Gipuzkoako armarriaren hiru zuhaitzak, XI-XII. mendeetako hiru nafar erregeordetzen adierazle[3]

Nafarroa mendebaldeko defentsa sistema hainbat gaztelu lerrok osatzen zuten, batzuk kanpoalderago eta beste batzuk barrualderago. XI. mendetik, Nafarroako Erresumak aldakortasun handiko muga gatazkatsuak izan zituen Gaztelarekin.[4] Arabako aldean eta Gorbeiatik hurbil, Zaitegiko gaztelua nafarra zen, baita Trebiñu eta Zabalateko gazteluak ere Ihuda ibaiaren lerroan, Buradoneraino, Conchas de Haroko haitzarteko harkaitz batean. Toloñoko mendilerroaren hegaletan, berriz, Toro, Marañon, Punicastro... nafar posizioak ziren.[5] Atxorrotx gaztelu lerro horren erretagoardian kokatzen zen, posizio estrategiko baten buruan, Lautadako eta Gaztelako salgaien itsas portuetarako bidean. Aitzorrotzeko eskualdea izan zen, Gipuzkoa (Ipuzkoa) eta Donostia Hernanikoarekin batera, gerora Gaztelaren pean eratuko zen Gipuzkoaren ernamuina.[3]

Gazteluek, beraz, merkataritza bideak zaintzen zituzten ere. Bermeok, Getariak eta Mutrikuk itsas jarduera garrantzitsua zuten jada XII. mendean; Getariako salgaiak Hernio mendebaldetik, Albiztur, Tolosa, Gaztelu eta Gorritin barrena Iruñera heltzen ziren. Mendikute gazteluak zaintzen zuen lehen tartea, eta Gorriti eta Aixitakoek Iruñerainoko gainerakoa.[6] Erregeordetza nafarren (tenentzien) egoitza eskualde naturalen talaia batean izaten zen, haren buruan, eta haren kontrolpeko eskualdeek askotan haren izena hartzen zuten.[5] Hori da, adibidez, Atxorrotxeko (Aitzorrotzeko) gazteluaren eta haren eskualdearen kasua.[3] Egindako indusketek agerian utzi dute posizio horiek gehienak ez zirela berriak, lehenago sortuak baizik, segur aski XI. mendekoak. Gotorlekuen tipologiari dagokionez, harkaitz gaineko gazteluak dira, harresi batek inguratzen duen dorre nagusi bateko egituradunak.[5]

Erregeorde horiek ez zuten beren eremu jurisdikzional bat sortzen: ez zuten lurraldearen gaineko oinordetza eskubiderik; aldiz, Nafarroako Erresumako erregearen konfiantzazko gizonak ziren eta beste posizio batera bidaltzen zituzten arduraldi bat amaitutakoan, erregearen premien arabera.[5][3] Tokian-tokian, ordea, leinua osatzen zuten familia nabarmen batzuk zeuden eskualde batzuetan, errege baten edo beste baten alde lerratu zitezkeenak. Nafarroa mendebaldeko lurretan, Bela leinuak, nafar erregeen esanekoa zen arren, leialtasun anitzeko joko bat zeraman ordu arte, Haroko leinuak bezala.[4]

Nafarroaren kontrako gaztelar kanpaina militarren erdian (1173tik aurrera), 1174ko udan Bela Ladron hil zen, eta haren semeak Nafarroaren aldera lerratu ziren guztiz. Itsas merkataritzaren garapen bete-betean, egoerak leialtasun garbiak eskatzen zituen. Hori ikusita, Alfontsok Bizkaian eta Araban egin zuen eraso, eta Malmasin (Malvecin izenaz aipatua) gotorlekua bera mendean hartu. 1177ko Londresko Laudoak porrot egin ondoren, 1179ko apirileko itunean, Malmasin Alfontso VIII.aren esku geratu zen iraunkorki nafarren nahigaberako; Antso VI.ak, berriz, Durangaldeari eutsi zion.[5][4][oh 1][4] Une horretan, Bizkai barruko indarrek errege gaztelarra babestu bide zuten, Didako II.a Lopitz Harokoa eta haren Haro leinua gailenduz.[4]

Nafarroako Erresumaren zilegitasunaren jokoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orellak nabarmendu du espainiar eta gaztelar historialariek eta garai hartan Gaztelan, oro har, Gaztela jotzen zela Asturiasko Erresumaren ondorengoa, eta azken hori, berriz, Toledoko Bisigodoen Erresumarena.[7] Ondorioz, jarraipen bat ikusten zuten, baita Gaztelak Penintsula osoaren gainean agintea izateko zilegitasun politikoa eta, ondorioz, Nafarroako Erresumaren gainekoa ere. Hala Asturias nola Nafarroa (Iruñea), baina, IX. mendean sortutako errealitate politiko subiranoak ziren.[7] Urzainki bat dator horrekin; aldi berean, adierazi du (1998) gaztelar erregea itsas salgaiak merkaturatzeko eta hornitzeko erlaitz baten bila zebilela. Bilatzen zituen, halaber, portu komertzialak, marinel zailduak eta egurraren, burdinaren eta harriaren artisau trebeak, barkuak eta armak egiteko gai. Gutiziatutako beste onura batzuk itsasoko hamarrenak eta Gaztela itsasoan nagusitzeko ontzidia ziren.[8] 1170ean, Alfontso VIII.a Leonor Akitaniakoaren alabarekin ezkondu zen, eta gaztelarrak bere asmoen jomugan jarri zuen Gaskoinia, haren oinordetza.[5]

1195eko uztailaren 19an, Alarcosko Guduan Alfontso VIII.ak porrot gogorra jasan zuen almohadeen kontra.[oh 2] Une hori probestuz, Leongo eta Nafarroako erregeek, beraiek baitzuten gaztelar kemenaren arrisku gorriena, gaztelar errege ahulduaren kontra jo zuten, eta almohadeekin itun bat egin.[8] Antsoren armada Soria eta Almazánen sartu eta txikizioak eragin zituen; Semenez Arradakoaren hitzetan, beharbada Logroñoko inguruetan ere. Fernandez de Larrearen arabera, ekintza horien ondorioz eskumikatu zuen aita santuak Antso nafarra, Gregorio Sant Angelo kardinalaren bitartez.[9]

Egoitza Santuak garrantzi berezia ematen zion iberiar kristau batasunaren gaiari ("cum regibus Ispaniarum et specialiter Castellanan et Aragonen", aita santuak aste batzuk geroago adieraziko zuen bezala), eta beste ahalegin bat egin zuen errege kristauak musulmanen kontra elkartzeko. Nafarroa, Aragoi eta Gaztelako erregeak halaxe bildu ziren "Hiru Erregeen Mahaia" deitu izan den hirumugarrietan 1196ko otsailean edo martxo hasieran,[8] Tarazona eta Ágreda artean; ondorioz, su-eten labur bat hitzartu zuten.[10] Ez zen hilabete era pasa Zelestino III.ak almohadeekiko (neutraltasun) hitzarmen bat gogor gaitzetsi zuenean (1196ko martxoaren 29a), adieraziz "[Antso VII.a] ez da adiskidetu bakarrik fede katolikoaren etsaia den jendearekin, baizik eta Kristoren beraren etsaiekin", "Jainkoaren kontrako iraina [da]": eskumikatzeko mehatxua finean.[8][11] Bulda horretan ukatu egiten zion Antsori errege titulua (rex), trukean dux Navarre apalagoa deituz ("Nafarroako buruzagi militarra").[8][oh 3]

Gatazkako eragile politiko eta militar nagusiak


Antso VII.a Azkarra nafar erregearen zigilua

1196 eta 1197an, gaztelar iturriek su-etenak haustea leporatu zioten Antso Azkarrari, elkarrekin hitzartutako gaztelu batzuk indarrez hartu zituelakoan, baina zeintzuk ziren zehaztu gabe; Urzainkik, berriz, lauso eta faltsutzat ditu salaketok.[8] Artean, Zelestino III.ak beste bulda bat plazaratu zuen Antsoren kontra 1197ko otsailaren 20an, eta Gregorio de Sant Angelo kardinal eta bere mandataria ere bidali zuen Gaztela eta Nafarroaren arteko muga gatazkak argitzera; bada, Erromakoaren mandatariak erruduntzat jo zuen Antso, eta eskumikatu. Paradoxikoki, 1197. urteko kalapitaren erdian, Alfontso VIII.a gaztelarra ez zen egonean geratu, eta su-eten bat hitzartu zuen emir almohadearekin, de facto 1210 arte iraungo zuena.[10]

Inozentzio III.a aita santu berriak (1198ko urtarrila) mandatari bat (Rainiero) bidali zuen Antsoren eskumikatzea ea gauzatu zen ikertzera (1198ko apirilaren 16an), eta ez da dudarik hala gertatu zela.[10] Ordurako, baina, Antso VII.a ataka batean zen, eta ez zuen espero laguntzarik Egoitza Santutik. Aita santuaren eskumikatzeak salbuetsi egiten zituen nafarrak haien erregeari zintzo izatetik eta parez pare ireki zituen ateak Nafarroa okupatzen zuen edonor hartaz jabetu zedin.[8] Urte hauetan, nafar erregeak hainbat aldaketa egin zituen Nafarroako hainbat erregeordetzatan, eta 1199. urterako, Arabako erregeordetzetan tenenteak ez ziren arabarrak, Zaitegin izan ezik. Fortunen iritziz (2000), horrek arabar jauntxoak asaldatu zituen.[4]

Aragoi eta Gaztelaren 1198ko eraso kanpaina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oibar herria, mendi hegalean eraikia
Burgiko zubi bat

Inozentzio III.ak Antso VII.a eskumikatu zuen, erregetzarako zilegitasun osoa kenduz: Nafarroa erregerik gabeko erresuma zen, eta irekia zen erresumaz jabetzeko lasterketa. Antso VII.ak irtenbide bat besterik ez zuen ikusten: almohadeekin aliatzea.[8] Petri II.a Aragoikoa eta Alfontso VIII.a gaztelarrak Nafarroari eraso egiteko prestatu ziren. Elkarrekin, Calatayudeko Ituna hitzartu zuten 1198ko maiatzaren 5ean. Udaberri horretan, aragoitar armadak ekialdetik astindu zuen Nafarroako muga ("izua areagotzeko", Josef Moret Nafarroako kronikariak adierazi zuenez),[oh 4] eta Erronkari ibarra, eta Oibar mendean hartu zituen.[12][8] Aldi berean, Alfontso VIII.ak Miranda Arga eta Intzuraren kontra egin eta okupatu zituen.[12] Gerra honetarako, Antsok 70.000 soseko dirutza eskuratu zuen Iruñeko apezpikuarengandik.[4][oh 5]

Eraso horrek Zelestino III.aren 1196ko bulda bat urratzen zuen, Antso VII.a auzoko bi erregeen anbizioetatik babesten zuena. Gainera, Alfontso VIII.ak 1176ko Londresko Laudoa hautsi zuen era horretan, Urzainkik zehaztu duenez.[8] Calatayudeko Itunaren urraketa larriak zirela eta, Katarzyna Dulskaren iritziz, aita santuak Antso nafarrari ezarritako eskumikua indargabetzea erabaki zuen.[10] Bada, eraso kanpaina hori 1198ko uztailean amaitu zen. Bakea, ordea, ez zitzaion merke atera errege nafarrari: aragoitarrekin eta gaztelarrekin negoziatu behar izan zuen, eta Fortunek (2000) nabarmendu du Burgi (Erronkariko tenentzia burua, Pedro Ladronen esku) eta Xabier (beharbada hau ere Ladronen kontrolpean) aragoitarren esku geratu zirela hurrengo urteetan.[4]

Petrik, gainera, nafar erregearen arrebaren eskua nahi zuen, koroaren oinordekotzan interesa zuen seinale.[4] Gaztelarrek eutsi egin zieten okupatutako posizioei, eta Antsori erreklamatu aragoitarrekin hitzartutakoa bete behar zuela. Aldiz, 1199ko otsailean, Inozentzio aita santuak bertan behera utzi zuen itun hori, behartua zelakoan eta, ondorioz, zilegitasunik gabea.[4][oh 6] Inozentzio III.ak bulda hori eman aurretik, baina, Antsok kanpo aliantza baterako ate bat ireki nahi izan zuen: Abu Yaqub sinestunen printzearekin, Ipar Afrikan.[13]

Okupazio kanpaina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Okupazioa, Rikardo Lehoibihotzaren heriotzaren itzalean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1199ko apirilean, Rikardo Lehoibihotza Ingalaterrako errege eta Akitaniako dukea, Antsoren ezkonanaia, ezustean hil zen Chaluseko gazteluaren setioan, Limousingo bizkonderrian, gezi batek jota. Antso VII.ak eta Rikardo Lehoibihotzak bazuten auzi bat elkarren artean Garaziri buruzkoa (Donibane eta Rokabruna), gutxienez 1194tik; ondorioz, aita santuak bulda bat plazaratu zuen 1198ko maiatz amaieran gotorleku horiek Rikardori eman ziezazkion, bestela Elizaren gaitzespena jasotzearen mehatxupean.[8] Hala izanik ere, Garazik nafar izaten jarraitu zuen[8] eta, hargatik ere, Akitania-Ingalaterra (Rikardo) nafar aliantza sistemaren ezin besteko euskarria zen.[14][15][16] Alfontso VIII.a, Leonor emaztea errege ingelesaren arreba baitzuen, Akitania hasi zen eskatzen bere alabarentzat: ondorengotzaren auzia puri-purian zen. Nafarroako erregea almohadeen lurraldera abiatzeko une zehatza iluna da, bere asmo zehatzak diren bezala. Lino Munarrizek (1912) 1199ko urtarriletik 1201eko martxora kokatzen du Nafarroaz kanpora Antsok Magrebera egindako ibilaldia.[17][oh 7]

Tilimsengo harresiak (egungo Aljeria)

Nolanahi ere, Magrebeko Tilimsenera heltzerako, Abu Yaqub hila zen, gauzak nahasita zebiltzan. Brahem (Muhammad al-Nasir) Abu Yaquben anaia gaztetxoaren (edo semearen, iturrien arabera) tutore eta erregeordeak bildu zuen agintea.[13] Fernandez de Larrearen arabera, Abu Yaqub hildakoan, almohadeek su-etena hitzartu zuten Gaztelarekin, barne gatazketan murgilduta baitzeuden.[9] Antzeko bidetik, Katarzyna Dulskak adierazi du Muhammad al-Nasirrek, barne arazoei heltzen zien bitartean, indarrean eutsi ziola Alfontso VIII.ak 1197an almohadeekin sinatu zuen (neutraltasun) konpromisoari.[10] Antsok afrikar erregeari laguntza eman zion Tunisiako erregeari irabazteko, baina oso gaixo jarri zen bertan, Josef Moretek kontatu zuenez.[8] Diru laguntza jaso zuen ipar-afrikarrengandik, baina ezin izan zuen beste laguntzarik eskuratu.

1199ko maiatzaren 6an, Alfontso VIII.a gaztelarraren armada Pancorbotik abiatu zen Mirandan barrena guduan talka egin ondoren; hiribildu hori mendean hartu zuen, eta bertako zubia gurutzatu. Hurrena, Ihudaren arroan zabaldu ziren.[4] Hor, Trebiñuri eta Zabalateri eraso egin zieten, baina gazteluok ez zuten amore eman, gogor eutsi zioten. Gasteizera aurreratu zuten (Nova Victoria, 1181etik), eta nafar hiribilduari setioa jarri 1199ko ekainean. Gasteiztarrek, ordea, tinko eutsi zioten setioari eta hainbat erasori.[8]


Gaztelarren eskuetan geratutako Nafarroaren gotorleku batzuk


Horrek eragotzi egin zuen nafar erreakzio bat, Beñi Agirre historialariaren iritziz.[18] Gasteizen, Martin Txipia tenente edo erregeorde zaildua zuten buruzagi setioari aurre egiteko; setioa luzatu egin zen.[8] Gaztelar erregearen tropak egungo Araba gehienera sakabanatu ziren, eta gehiena mendean hartu, salbu eta Guardia, Labraza eta Bernedo (eta Trebiñu eta Zabalate). Zaitegi, Bitoriano (edo Trasponte/Iruña, "Vitoria Zaharra"), Done Bikendi, Aitzorrotz, Arluzea, eta Marañon gaztelarren esku geratu ziren.[4][oh 8] Ez da inon aipatuta geratu gaztelarrek Deba eta Urola bailaren arteko Elosuko gaztelua une horretan azpiratu izana, mende batzuk geroago Esteban Garibaik baietz esan bazuen ere.[19]


«

Traizioa zebilen bere jendeko batzuen artean,
eta mezulari bat abiatu zen berehala,
Marokora Antso erregearengana, eta argi esan zion,
"Nafarroako errege jauna, jakizu guztiz seguru
zure lurra eta ondarea osoki galtzen duzula,
Alfontso erregea, ahaide zintzotzat baituzu,

Nafarroan sartu da-eta su eta ezpata goriz,
fio zinen horiek jakizu hori onartzen dutela,
eta berehala itzultzen ez bazara,
jakizu galdu duzula zure erresuma, oso fite
Eta hor ez zarela egun bat ere biziren
orain ikusten zaitudan bezain segur

galdu baituzu Gasteiz, eta Araba, halaber,
Gipuzkoa eta Ameskoa, eta dutena,
eta Hondarribia, eta dagokion guztia,
eta Donostia, itsasoak bustia,
eta gogoan ez ditudan hiri eta gazteluak,
Nafarroa jende paganoaren truke uzten baduzu
Jainkoa sumindu eta ikusaraziko dizu.

»

Gilen Anelier, Tolosa Garonako poeta okzitaniarra[15][oh 9]


Arabako Lautadatik ipar eta ekialdera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Marutegiko gaztelu zaharra, Lizarrateko galtzadaren zelatari (Araia, Araba)
Egungo Gipuzkoaren ikuspegi bat Mendikuteko gazteluaren hondarretatik
Jentilbaratza, Ataunen, nafar gazteluaren aztarnak dituela
Conchas de Haroko haitzarte estrategikoa

Urizaharra okupatua izan zela dirudi, Alfontso VIII.ak haren nafar forua berretsiz, baina nafar eskuetara igaro zen berriz; XIV. mendean, Gaztelaren mende geratu zen.[8] Gasteizko setioak iraun bitartean, gaztelar erregearen armadak Gipuzkoa eta Durangaldera zabaldu ziren. Gaztelar armadak Oriako ibarrean behera aurreratu zuen Irurita (Burunda), Ataun, Ausa, Arzorrotza (ustez, egungo Mendikute), Beloaga, Oiartzun, eta Donostiaraino. Noizbait ekialderantz ere sartu ziren, Irantzuko monasterioraino helduz, eta bertako aziendak eraman, bertako monjeek hala salatuta.[20]

« Bada, era horretan eskuratu zituen Alfontso VIII.a errege nobleak Gasteiz, Ihudaren arroa, Araba eta Gipuzkoa, baita bertako gotorleku eta gazteluak ere, salbu eta Trebiñu, geroago eskuratu baitzuen Intzuraren ordez; beste truke batean, Miranda ere eman zuen, Zabalateren ordez.

Bereganatu zituen Donostia, Hondarribia, Beloaga, Zaitegi, Atxorrotx, Arluzea, Arzorrotza, Bitoria Zaharra, Marañon, Ausa, Ataun, Irurita eta Done Bikendi.

»

De rebus Hispaniae, Rodrigo Semenez Arradakoa Toledoko apezpikua[4][oh 10]


Donostia ere, bertako defentsan Joan Bidaurre nafar erregeordea zela, okupatua izan zen. Oria ibarreko ardatza behin hartuta, gaztelar armadak kostaldeko herriak mendean hartzeari ekin zion, hala nola Mutriku, Getaria, Donostia, eta Hondarribia.[18] Abuztuan, Alfontso VIII.ak pribilegio bat eman zion Irantzuko monasterioari bere tropek egindako arpilatzearen kalte-ordainetan.[9] 1200. urteko urriaren 11n, Didako Lopitz Harokoak, gaztelarren okupazio kanpainako euskal kolaboratzaile zintzoenak, lehen irabaziak ikusi zituen: Soria, Naiara, Marañon eta Donostiako tenente edo erregeordea zen ordurako.[13]

Kanpainaren amaiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antso erregea Nafarroara 1201ean itzuli zenean, banandutako lurraldeen itzulera erreklamatu zion Alfontso errege gaztelarrari.[21] Hori 1201eko martxoa baino lehen gertatu zen.[4] Itzulitako erregeak su-eten bat bilatu zuen lehenik. Bi erregeek beren eskuetan zituzten posizio bakartuen elkartruke bat egin zuten: artean, Zabalate eta Trebiñu tinko eusten zieten gaztelarrei; aldiz, Intzura eta Miranda Arga gaztelarren eskuetan ziren. Bada, gotorleku horien kontrola elkartrukatu zuten.[12] Hala ere, su-eten berrien erdian, borrokak egoten jarraitu zuten. 1202ko apirilean, sute bat izan zen Gasteizen, eta 1202ko urrian Gaztela eta Leongo erregeek setioa jarri zioten Lizarrari.[4]

Istilu horiek ez zuten aldatu 1199-1200 urteetako okupazioa. 1201eko martxoan, Antso VII.ak forua eman zion Guardiari.[4] Gaztelaren kontrola sendotzeko, Alfontso erregeak berretsi egin zizkien ordu arteko nafar foruak hainbat herriri, tartean zirela Donostia (1202) eta Hondarribia (1203).[8] Urzainkik eta Agirrek bertako eragile aktiboen artean neurri horrek bilatzen zuen efektu lasaigarria nabarmendu dute;[18] dena den, gaztelarrak argi utzi zuen nafar lege horiek "in regno meo" onartzen zituela.[14] Marañon nafarren eskuetara itzuli zen gutxira denbora batez; Sonsierrak (Arabako Errioxak) nafar eskuetan jarraitu zuen. Guztira, Gaztelak eta Aragoik 24 nafar gotorleku hartu zituzten kanpaina honetan.[22]

Gasteizko setioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Gasteizko setioa»
Gasteizko Erdi Aroko harresi zatia

Gasteiz zen herrialdeko gotorleku garrantzitsuena.[8] Alfontso VIII.aren tropek Ebro igaro ondoren, Argantzonera egin zuten aurrera, eta herria mendean hartu. Espedizioaren buru Didako Lopitz Harokoa zihoan,[22] eta 1199ko ekainaren 5a baino lehen, gaztelarrak Gasteizen atarian ziren. Ordurako, Alfontso Errandoitz Gendulaingoa bertan gotortua zen nafar tropen buru, gobernari lanetan; aldean zuen Gasteizen babesaren buru Martin Txipia tenente beteranoa.[22] Gaztelarrek bateriak, katapultak, ahari buruak eta gerrako beste tresna batzuk jarri zituzten hiribilduaren inguruan.[8] Bitartean, Alfontso VIII.aren tropak beste eskualde eta posizioetara ere zabaldu ziren, baita aldi berean eskualdeotan arpilatze eta txikizioetan aritu ere.

Lautadan, ekainerako ez da uzta batzen artean eta, beraz, gasteiztarrek 1998tik biltegiratutako zerealarekin egin behar izan zioten aurre setioari.[9] Gasteizko babesleen artean, gosetea eta gaitzak larritzen joan ziren, baina tinko eutsi zioten, Gartzea Eugikoa Baionako apezpikuak kontatu zuen bezala, ez baitzuten huts egin nahi erregeari egindako leialtasun zinean.[9] Gauza luzatzen zela ikusita, gaztelar erregeak hobiak zulatu zituen, oholesiak paratu, eta zelata estutu zuen, hiribildutik inor sartu-irten ez zedin. Odola ugari isuri zen, baita setiatzaileen artean.[22]

Erresistentzia ikusita, Gartzea Errandoitz Iruñeko apezpikua setioari amaiera jartzen saiatu zen eta, Iruñera heldutako setiatutako pertsona bat aldean zuela, Antso erregearengana bidaiatu zuen almohadeen erresumara.[8] Iruñeko apezpikuak erregearekin izandako elkarrizketan, egoeraren etsia eta hiribilduaren defendatzaileen egoera ikusita, Antso VII.ak Gasteizko defendatzaileei gorazarre egin eta baimena eman zien amore emateko. Baimen hori irakurri eta hamazazpi egun pasa arte, hala ere, gasteiztarrek eutsi egin zioten, nafar gudaroste batek laguntza emango zielako esperantzan.[8][9] 1200eko urtarrilaren 25ean, posizioa errenditu egin zen, zazpi hilabeteko setioaren ondoren.[4]

Foruen berrespena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antso VI.a nafar erregeak ordu arte Nafarroako herri batzuetan hasitako politika hedatu zuen: hiri gutunen bidez, foruak esleitzea. Era horretan, Iruñeko erregeak itsas merkataritzako bideetan bere eskua sendotzea bilatzen zuen, itsas merkataritzaren garapen sendoaren unean. 1181ean, Durango, Trebiñu, Gasteiz eta Donostiari eman zien hiri gutuna, Lizarrako foruetan oinarritua. Foru horiek hainbat abantaila ekartzen zizkien bertako biztanleei.[23]

Alfontso VIII.ak ez zuen nahikotzat jo konkista militarra, eta nafar foruak berretsi zizkien herritarrei. Gaztelar erregeak berretsi egin zizkien ordu arte sortutako hiribilduei haien nafar foruak. Aldi berean, jurisdikzioetatik zatitu eta sortutako hiribildu berriei ordu arteko hiribilduen nafar foruak hedatu zitzaizkien, errege gaztelarrak indartzen ari zen itsas trafikorako irtenbide estrategikotzat zuen lurraldearen kontrola sendotzeko. Donostia, Gasteiz edo Logroñoko foruetan oinarritzen ziren, Tomas Urzainkiren arabera. Lehen foruen hedakuntza okupazioa, ia berehala, gertatu zen.[23]

Alfontso VIII.ak eta geroko gaztelar erregeek (edo beren mendeko jaunek) foru horiek herri gehiagotara hedatu zituzten, hiri gutun berrien bitartez. Hurrengo hamarkada eta mendeetan, gaztelar erregeek hiribildu gehiago sortu zituzten foru horiek herri gehiagotara hedatzean. Behean zerrendatzen dira 1199-1200eko inbasioaren lorratzean hiri gutuna eta forua jasotako lekuak (XIII. mendea; bat eta gehiago falta litezke aipatu gabe, iturriaren arabera):

Gaztelako erregeek okupatutako euskal lurraldean berretsi eta hedatutako nafar foruak (XIII. mendea)[24][oh 11]
Mutriku 1204 (1209) Getaria 1204 (1209) Hondarribia (Fonterabia) 1203 Donostia 1202 Asteasu 1201 Urizaharra (Penacerrada) 1200 Gasteiz (Nova Victoria) 1200
Oiartzun 1237 Zarautz 1237 Tolosa 1256 Arrasate (Mondragon) 1260 Bergara 1268 Ordizia (Villafranca) 1268 Antzuola 1268
Deba 1294 Irun 1203 Berantevilla 1200 Kontrasta 1256 Estabelu (Estavillo) 1272 Artziniega 1272 Valderejo 1272
Armiñon 1274 Lasarte (Arabakoa) 1286 Otxandio 1254-1289 Lanestosa 1287 Plentzia 1299 Urduña 1229 Bermeo 1236 edo 1239
Segura 1256 Agurain (Salvaterra) 1256[oh 12]

Lapurdi eta Gaskoiniako kanpaina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Motako gaztelua Donostian, Kristoa gaineratu baino lehen

1200 osteko urteetan, Alfontso VIII.ak bere agintepean jarri zituen kostaldeko herriak, horretarako gune horietan (batez ere Donostian) urte batzuk lehenago finkatutako burgesiarekin Nafarroak eman eskubide eta pribilegioak bermatuz. Hala egin zen Gasteizen ere eta hainbat herritan (ikus goian). Ordutik aurrera, Gaztelak mendean hartutako lurralde horiek (eta Errioxa) berreskuratzearen auzia etengabe atera zen nafar eta gaztelar erregeen arteko harremanetan.[25] Orduan, Gaskoiniako noblezian eta elizjendean lagun batzuk lortu ondoren, Alfontso VIII.ak Bidasoa gurutzatu eta bere burua "Gaskoiniako jaun" izendatu zuen.[26][8]

Antsok, orduan, Joan Lurgabea errege eta Akitaniako dukearekin hitzarmen bat egin zuen Chinonen, 1201eko urriaren 14an, eta Anguleman, "ez merkataritzarik, ez adiskidetasunik Gaztelarekin" goiburu hartuta.[11][oh 13] 1204. urteko abuztuan, Antso erregeak irismen handiko aliantza lotu zuen Baionako burgesiarekin gaztelarren erasoari aurre egiteko, eta Baionak ateak itxi zizkien. Ingalaterrako Koroa (Joan Lurgabea), bestalde, oso interesatuta zegoen gaztelarrei Baiona eta Guienako bidea moztearekin. Hitzarmenean, Antsok konpromisoa hartzen zuen baionesekin Iruñetik Baionarainoko merkataritza ibilbidea babesteko. Hitzarmen horrek oinarriak jarri zituen ordudanik geroko garaietan ere Baiona Nafarroaren portu naturala bihurtzeko, Gaztelak okupatutako Donostiaren lekua hartuz.[11]

1204. urteko abenduan, hala ere, Alfontso VIII.a hiltzeko zorian zen gaitz batek jota, eta testamentu bat idatzi zuen; egindako usurpazioa onartzen zuen, eta agintzen ere itzuliko zituela nafar erregeari kendutako Arabako Mendialdeko posizioak (tenentziak) eta Hondarribia, eta Araniello deitu leku ezezagunerainoko guztia.[27][4] Jesus Perez de Viñasprek 2020ko martxoan argitaratutako azterketaren arabera, Debako Punta Arnillo, Buradon eta Hondarribia arteko eremua izan daiteke testamentu horretan aipatzen den lurraldea; hala balitz, gaztelar erregeak okupatutako lurralde guztia itzultzea agindu bide zuen.[28]

Agindu horrek, ordea, ez zuen asko iraun. Gaztelar erregea suspertu egin zen, eta gerrari heldu zion berriz. Lagun zituen Baiona eta Akizeko apezpikuak, batez ere azken horretako Beñat Lakarrakoa, haren elizbarrutia Donostiaraino hedatzen baitzen.[11] 1204tik 1206 arte, Alfontso Gaskoinian (Guienan) barrena zabaldu zen, baita zenbait posizio kontrolpean hartu ere, baina ihes egin zioten Bordelek eta La Reolek;[29] gaztelarrak suteak eragin zituen Baionan.[8] Alfontsok, gainera, Luis VIII.a erregearen babes eraginkorra izan zuen, Zuria Gaztelakoaren senarra baitzen. Narbaitzen arabera, Arroxelaren setioan, baionesek ontzidi bat bidali zuten hura hausteko.[11] Alfontsoren Gaskoiniako aliatuek posizio aldakorrak agertu zituzten, eta gaztelarrak bertan behera utzi zuen kanpaina 1206an.[29]

Gaztelaren hegemonia, Erromaren neurrira

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1199-1200ean kanpainan Gaztelak mendean hartutako Marañongo gazteluaren aztarnak; 1212 ondoren itzuli zion Nafarroari
Haro leinuaren armarria, gerora erabiltzen hasi zen bezala
De rebus Hispaniae (1243), Gaztelako Fernando III.ak agindua, Espainiaren narrazio bateratu eta bisigotikoaren hauspotzaile
Arabako Lautada Gasteiz ekialdetik, urrutiko muturrean Burundako sarrera duela

1212ko Navas de Tolosako Guduan, Antso VII.ak eta Didako Lopitz Harokoa bizkaitarrak parte hartu zuten, eta Alfontsok, heriotzatik hurbil (1214an gertatua), guduaren ondoren, Nafarroari zenbait gotorleku itzultzea erabaki zuen, Toloño-Kantabriako mendizerran.[4] Hala ere, 1214ko urriaren 5ean Alfontso VIII.a hil berritan, okupatutako lurralde horiek itzultzeko erreklamatu zion Antso VII.ak Fernando III.a gaztelar errege berriari, baita bigarrenak agindu ere itzuliko zituela, baina "hori zalapartarik gabe egiterik balego".[25][oh 14] Alfontso X.a Gaztelako erregeak eta Tibalt II.a Nafarroako erregeak Gasteizen 1256ko urtarrilaren 1ean egindako bilkuran, lehenak ofizialki itzuli zizkion Donostia, Hondarribia eta Oriako arroa nafar erregeari, "betiko"; praktikan, ordea, ez zen gertatu.[25] Are, gaztelar erregeak kontrako bidetik jo zuen: Oriako lerroa hesitu eta gotortu zuen, hiribildu estrategikoak sortuz, "Kantauri Ozeanoan gailendu nahi baitzuen", hala zioen mende batzuk geroago Esteban Garibaik.[6][oh 15] Hurrengo hamarkadetan, galdutako nafar lurren gaia gaztelar eta aragoitar erregeekin izandako harremanetan berriz atera zen 1271, 1303 eta 1331n.[25]

Inozentzio III.a aita santuak Alfontso IX.ak Berengelarekin zuen ezkontza baliogabetu zuen arren (1204),[oh 16] Alfontso VIII.ak ez zuen bertan behera utzi Gaskoiniaz jabetzeko kanpaina militarra. Are, operazio diplomatiko bat antolatu zuen egungo Frantzia eta Alemaniako lurraldeetan barrena, musulmanen (alegia, almohadeen) kontrako gurutzada gogoak zirikatzeko; bada, zeregin horretan, Rodrigo Semenez Arradakoa jarri zuen lanean.[30] Auñamendi Entziklopediaren arabera, ondorioz, Antso VII.a erregeak Navas de Tolosako Guduan parte hartu beste aukerarik ez zuen izan eta, nafar erregearen interbentzioari esker ere (Auñamendik dioenez), bataila horretan, almohadeak garaituak izan ziren (1212).[30]

Didako Lopitz Harokoa izan zen okupazioaren onuradun nagusienetako bat. Paradoxikoki, 1201-1206an Nafarroara aldi batez erbesteratu zen arren, Antsoren zerbitzura arituz, berreskuratu egin zuen Alfontso VIII.a erregearen mesedea, eta Gaztelako gortean errege alferez kargu garrantzitsua hartu.[31] Gaztelar erregeak hainbat posizio esleitu zizkion euskal lurraldeetan eta kanpoan bere zerbitzuen ordainetan. 1212an Alfontso VIII.ak Durangaldea eman zion dohaintzan Lopitz Harokoari (Bizkaiko jaunari).[4] Bestetik, nafar eskuetan hainbat hamarkadetan iraun ondoren, Marañon eta haren eskualdea Gaztelaren eskuetara pasa ziren azkenean. Antso VII.ak, inguruko erresumekin bere burua mehatxatuta ikusita, iparraldera begira jarri zen berriz aliantza sistema eraginkor baten bila.

1199ko uztailaren 1ean bertan, Zuria nafar erregearen arreba gazteena Xanpainako Tibalt III.arekin ezkondu zen, eta elkarren semeak, Tibalt I.ak, Iruñera bidaiatu zuen 1225ean, jauntxoak bere aldera ekarri eta errege gisa omendu zezaten, baina ez zuen lortu, eta Antso bera harekin haserretu zen. Harremanak hobetu ziren orduan Aragoirekin, eta bertako Jakue I.a erregearekin aurrehitzarmen batera ere heldu ziren 1231ko otsailean. Atariko itun hori, ordea, ez zen berretsi.[32] Itun hori sinatu berritan, eraso batzuen berri heldu zitzaion Antso VII.ari: Didako Lopitz Harokoak mendebaldetik Nafarroako posizioen kontra oldartu eta hainbat gotorleku hartu zituen, horiek zeintzuk diren zehazten ez den arren.[9]

Itsasaldeko Nafarroaren okupazio iraunkorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1207an, Nafarroa eta Gaztelako erregeek berritu egin zuten bost urterako 1201etik, teorian, elkarrekin zuten su-etena, itsasaldeko nafar lurraldeen okupazioa berresten zuena.[10] Itsasaldeko Nafarroaren eskualdeen okupazioa kolpe gogorra izan zen Nafarroarentzat, haren independentziaren gainbeheraren hasiera, etorkizun beregainaren aukera zapuztuz.[33] Itsasoko irteera zuzena kendu zion Nafarroako Erresumari itsas merkataritzaren garapen betean, eta kostalde osoa, portuak, ontziolak, burdinolak, eta salgaien gaineko hamarrenak eta zergak, baita haren lurraldeak eta herritarrak ere, Gaztelaren uztarpean geratuz, eta haren onuran.[34][33] Nafarroako Erresumaren auzoek areagotu egin zuten dagoeneko oso murriztuta geratutako erresumaren gaineko presioa.[34] Gaztelarrek okupatutako nafar lurretako gazteluak suntsitu zituzten, haien kontra erabil ez zitezen.[8]

Inbasioaren ondorengo hamarkadetan, muga ez zen berehala eratu, eta ez zen ia hiribildurik sortu, bakarrik Donostiako forua jada bazuten hiribildu batzuetara hura hedatuz.[16] Muga berria aldakorra izan zen aldi horretan; Ausa Gaztelu eta Ataun, adibidez, Gaztela eta Nafarroaren aldera erori ziren une desberdinetan, azkenean Gaztelaren aldeko Lazkanoko jaun oinaztarren eskuetan geratuz;[35] izan ere, Ausa gazteluak oztopatu egiten zuen ahaide nagusi horiek Sakanaren kontra abiatutako arpilatze eta erasoak, eta Lazkanoko jaunek 1335ean hartu zuten posizio hori kontrolpean azken aldiz, betiko beren eskuetan geratzeko.[36][oh 17]

Bada, bost hamarkada igarota, baina, eraginkorki Gaztelaren kontrolpean geratu zen Gaztelako erregeak Tolosa, Ordizia, Segura, Kontrasta eta Agurain hiribilduak sortu zituenean, Gaizkileen Muga deitu izan zena eratuz eta Gaztela Gaskoinia eta itsasaldearekin konektatuz.[1][37] Muga artifizialeko gatazken epelean, biztanleria hiribildu horietara batzen hasi zen.[37] Ordu arte kultura eta geografia eremu naturalean bizi ziren herritarrak kaltetuta atera ziren, eta liskarrak, borroka eta lapur taldeak hasi ziren, Ahaide Nagusiek (jauntxoek) hauspotuta.[34][38] Gebaratar jaunek, Nafarroako Erresumara lerratuek, jaurerri bati eutsi zioten Oñatin, eratzen ari zen Gaztelaren peko Gipuzkoatik at (Araban sartuta hasieran); haien mendeko Leintz Gatzaga 1497an sartu zen Gipuzkoan. Oñatiko jaunak, XV. mende erdialdera Gaztelako Koroarekin hitzarmen batera helduta, konderri bateko nagusi geratu ziren mendetan, 1845ean hura ere Gipuzkoara sartu zen arte.[35][24]

Inbasioan gaztelarren aldeko agertutako jauntxoek mesedeak jaso zituzten, eta zatiketa horren irabaziak biltzen hasi ziren; feudalizazio batez hitz egin daiteke.[37] Urzainkik pentsatzen du okupazio osteko hamarkadetan hiribildu oso gutxi sortu izanaren arrazoia izan daitekeela leinu batzuek errezelo handia zutela nafar erregeek sortutako hiribildu burgesekin eta horrexegatik lerratu zirela, hain zuzen, Alfontso VIII.aren alde. Egoera hori, ordea, aldatzen hasi zen, gaztelarrek beren botere guneak finkatu baitzituzten eta, ondorioz, desegonkortasun politiko eta militarraren aro bat hasi.[8] Agirrek (2017) nabarmendu du Gaztela-Nafarroa muga berriko eskualdeetako herritarrei, oro har, lurralde zatiketa artifizialak efektu traumatikoa eragin ziela. Halaber, mugako borroketan askotariko delituak eginagatik, gaztelarren eta nafarren arteko higadura gerran kokatzen ziren.[39][oh 18]

Nafartasuna euskaltasunetik urruntzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Okupazioaren ondotik, ordu arteko euskal hizkuntz komunitate bakarra bi esperientzia politiko desberdinetan zatitu zen, eta bi errealitate geopolitiko desberdinetan, ezarritako muga zatitzaile baten bitartez. Idoia Arrietaren arabera, horrek kulturan bertan eragina izan zuen, eta hizkuntza berean pentsatzen zuen herria desberdindu eta elkarren etsaigoa ere sortu zuen.[40]

Bat dator ikuspegi horrekin Perez de Viñaspre ere: "konkistatutako nafarrak ezin ziren nafar deitu" eta, ondorioz, erdaraz, vasco (vascongado) deitzen hasi ziren, "izendapen etnolinguistikoa hartu zuten".[37] Perez de Viñasprek adierazi du hurrengo hiru mendeetan Gaztelak hiribildu gotortuen lerrotik eraso kanpainak xaxatu zituela Nafarroaren kontra, denboraren poderioz herritarren baitan aztarna sakonak utzi zituena, mugaz bi aldekoen arteko haustura eta, are, etsaigoa piztuz.[37] Beñi Agirrek ere bereizketa horren hasiera nabarmendu du (2017), erdaraz honelaxe bereizita: nabarroak eta vascoak.[6]

Egungo ikerketek Nafarroaren okupazio militarra egiaztatzen duten arren, Nafarroa mendebaldea Gaztelara bakez sartu zelako kontakizuna nagusitu da historiografian ("voluntaria entrega de Guipúzcoa"). Hipotesi horren oinarri garrantzitsu bat garai berean Semenez Arradakoa Toledoko apezpikuak idatzitako De rebus Hispaniae izan da, anbiguetate handikoa, gaztelarren okupaziorako adquisivit eta eta obtinuit aditzak erabili zituena ("eskuratu zituen").[1] Dena den, bere asmoez, esaten zuen ere "… Alfontso errege nobleak, Nafarroako erregearen irainak mendekatu nahian" zebilela.[41] Semenez Arradakoaz gain, badira garaikideak edo ia garaikideak diren beste egile batzuk; gehienak, hala ere, gaztelar iturriak dira.

Paktismoaren ikuspegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa antzinako kantabriarrekin parekatzen dituen 1879ko mapa
Esteban Garibairen erretratua (1571)

Gipuzkoarrek (Juan Martinez Zaldibiakoa, Esteban Garibai...) Gipuzkoa Gaztelari bere gogoz lotu zitzaiola babestu zuten XVI. mendetik aurrera.[42] Izan ere, orduko foru erakundeek erabakien subjektu izatearen zilegitasuna ustez Gaztelarekin egindako hitzarmen batean bilatu zuten (paktismoa).[43] Horretarako oinarri teorikoa zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, zein bere aldetik, oso antzinatik zirela burujabe eta, une batean Nafarroarekin elkartu ziren bezala, 1200etik aurrera, Gaztelarekin uztartzea erabaki zutela.[44]

Garibaik zabaldutako bidetik, Gipuzkoako erakundeek dei bat egin zuten Probintziaren eta Gaztelaren arteko hitzarmen agiria bilatzeko, Batzar Nagusiek 4.000 dukateko saria eskainiz; ondorioz, Francisco Umendiak ustezko agiri bat aurkitu zuen Madrilen Antonio de Nobisen liburutegian (Lupián Zapata ere deitua, iruzurgile ezaguna), 1200eko urriaren 28ko eguneko dataz.[27] Bada, Probintziako erakundeek faltsutzat jo eta baztertu egin zuten agiria 1664an bertan. Geroago, Joaquin Jose Landazurik, Araba Gaztelari bere gogoz lotu izana babestuz, gipuzkoarrek mende batetik gora lehenago baztertutako agiri berbera aurkeztu zien Arabako foru-erakundeei.[27]

Paktismoaren joera horretan kokatzen dira 1794ko abuztuko Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Getarian bilduek, hartutako erabakia, tartean zela "izan bedi Gipuzkoa independente 1200 arte izan zen bezala" aldarrikapena. Sabino Aranak ere, galdutako foruen aldeko borroka giroan, euskal lurralde horiek "Gaztelarekin egin zuten hitzarmena" ekartzen zuen gogora.[45] Luis Javier Fortun bat dator, alde batez, iritzi joera horrekin, adieraziz Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba Nafarroatik bereiz existitzen ziren errealitateak zirela; are, historikoki Asturiasko Erresumaren orbitara lerraturik ikusten ditu hasieratik eta, ondorioz, gero, Gaztelarenean.[7] Halaber, EHUko irakaslea Gipuzkoa eta Araba Gaztelari bere gogoz lotzearen alde agertu zen.[4]

Ez du ukatzen Alfontso VIII.aren okupazio kanpaina, baina adierazten du okupazio hori bertako "nobleekin eta beharbada nobleen batzarrekin" negoziatuz lortu zuela, salbuespenak salbuespen (Gasteiz, Trebiñu, Zabalate), atzemandako eskualdeetako jauntxoek (vascongados) joera hori zutelakoan.[4] Miguel Larrañagak, I.E. Unibertsitatekoak, euskal lurralde horietako jauntxoen eta Alfontso VIII.aren arteko "aldez aurreko hitzarmen" batez hitz egin du, alde bakarreko ekintza militar hutsa ukatuz.[46]

Indarrez egindako okupazioaren ikuspegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHUko Jon Andoni Fernandez de Larreak (La conquista castellana de Álava, Guipúzcoa y el Duranguesado) funtsik gabetzat jo du ustezko aldez aurreko hitzarmen baten aukera.[47] Urzainkik, indarkeriazko ekintza ikusiagatik, onartu egin du izango zirela nafar erregeari traizio egindako leinu batzuk, burgesei hiribilduen sorreraren bitartez emandako abantailekin sumindurik zeudelakoan.[8][oh 19] Edonola ere, Beñi Agirreren iritziz, okupazioak ekarritako lurralde zatiketak zuzenean egiten zuen talka ahaide nagusien interesekin Gaizkileen Muga delakoan, eta horrek berretsi egingo omen luke Alfontso VIII.ak ez zuela aldez aurreko hitzarmenik egin bertako jauntxoekin.[39]

Erdi Aroan, nafar kronikek eta Erdi Aroko Gipuzkoako beste agiri batek ez zuten subiranotasun aldaketa horretan hitzarmenik ikusten, gogoz kontrako okupazio militarra baizik; zehazki, 1332an, Idoia Arrieta historialariak aurkitutako Traslado del fuero de San Sebastián sacado a petición del concejo de la villa de Guetaria agiri horretan, hauxe utzi zuen idatzita latinetik kopiatuta Ferrant Martinez notarioak, ez bere buruarentzako arriskurik gabe: "Gaztelako Don Alfontsok, Jainkoak barka biezaio,aipatu hiria konkistatu baitzuen".[6][oh 20] Beraz, Donostia konkistatua izan zela dio.[48] Arrietak Aro Moderno eta Garaikideko historiografiaren interpretazio interesatuak nabarmendu ditu, indarkeriaz egindako okupazioaren aztarna ezkutatzeko, eta 1805ean Jose Vargas Ponce Espainiako armadako tenienteak Donostiaren konkistaren aipamen hori ezkutatzeko gogoa ekartzen du gogora, adibidez.[48]

L.J. Fortunen iritziaren kontrako aldean, Urzainkik Nafarroari atxikirik sortuta ikusten zituen Gipuzkoa, Araba eta beste eskualdeak, tenentzia gisa.[7] XX. mende amaieratik, Tomas Urzainkik tinko babestu zuen itsasaldeko Nafarroa Gaztelaren mende indarrez geratu izanaren tesia (La Navarra marítima, 1998),[8] Jose Luis Orella Erdi Aroko katedradunak ere babestu duen bezala.[20] Orellak gehitu du Alfontso VIII.ak uste zuela Nafarroa mendean hartzeko zilegitasun osoa zuela, haren aurreko errege gaztelarrek bezala enperadore izendatua baitzuen bere burua; horretarako, berriz, "hiru erresuma, hiru hizkuntza, hiru etnia eta hiru erlijio behar zituen" bere agindupeko lurraldean.[7]

Idoia Arrietak ez du zalantzarik agertu gaztelarrek, Gasteizen, Trebiñun eta Zabalaten ez ezik, beste eskualde eta posizioetan indarkeria erabili izanaz ("Durangaldea, egungo Gipuzkoa eta ia Araba osoa indarrez eskuratu zituen"), eta nabarmendu orduko dokumentuetako aipu esplizituek horixe uzten dutela agerian.[34] Dena den, Gipuzkoak Gaztelarekin hitzarmen bidez bat egin izanaren kontra argi eta garbi hitz egiten lehena Juan Antonio Llorente kanonigoa izan zen,[2] 1200eko okupazioa hitzarmentzat jotzea sorkari ideologikoa zelakoan;[43] Manuel Godoyk hala aginduta, Llorentek teorizazio eta idazlan bat ondu zituen Gaztelan oinarritutako espainiar zentralismoaren alde eta paktismoaren guztiz kontra.[41] Aldi berean, ukatu egin zuen Nafarroako Erresumaren zilegitasun eta burujabetza historikoa.[41]

  1. Fortunek eta Ramosek, Gonzalo Martínez Díezen Álava medieval ikerlanean oinarrituz (1974), ontzat eman dute Malvecin Mallabia dela. Hala ere, beste datu batzuek besterik argitzen dute: 1175eko su-etenak oso argi kokatzen du Malvecin gaztelua gaztelarren mendean, eta zehazten du "Bilbo deitutako portuaren aldamenean" dagoela, eta ez Mallabian (esan gabe doa, Malmasin tontor nabarmen bat izatea eta Malvecin izenarekin duen antzekotasunak ere aukera horren alde jokatzen dute). Bestalde, Bizkaiaren 1179ko okupazioa bera auzitan jarri da; izan ere, 1190ean argitaratutako Londresko Laudoak Castro Urdiales, artean ere, nafartzat hartzen du; ikus, tesi horren alde, Altuna, A. 2013-01-09.
  2. Urzainkik adierazi du Antso VII.a nafar errege berriak laguntza eskaini ziola, baina gaztelarrak ez zuela onartu, beharbada balizko garaipenaren aintza osoa berak eskuratzeko. Askoz lehenago, 1912an, Lino Munarriz Velascok, ildo beretik jotzen du, eta Lucas Tuykoak, XIII. mende hasieran, Alfontso VIII.aren harrokeriari leporatu zion bete-betean Alarcosko porrota; ikus Munarriz Velasco, L. 1912, 11. or.
  3. Hala ere, arreta deitzen du 1196ko martxoko bulda eta bi hilabete geroago, aita santuak Gregorio de Sant Angelo bere mandatariari igorri idazki batean ez diola Antsori dux deitzen gehiago, rex Navarrorum baizik; ikus Katarzyna Dulska, A. 2014, 434. or.
  4. Dena den, Jose Moretek, bere kontakizunean, kanpaina hau eta 1199ean Alfontso VIII.ak hasitakoa nahastu zituen.
  5. XIII. mendean elkarren arteko ika-mikak eragin zituen diru kopuru horrek; ikus Fortun, L.J. 2000.
  6. Fortunen iritziz, Petri aragoitarrak interesa galdu zuen Nafarroako bere anbizioetan, eta are, hurrengo hilabeteetan, Antsori Magrebera joateko bidea ireki ziola dirudi; ikus Fortun, L.J. 2000.
  7. Jose Moretek azaldu zuenez, Moncayo mendiaren haranetatik atera bide zen Albarracingo Azagra jaun nafarraren laguntzaz, eta Albarracíndik almohadeen lurraldera zuzenean; ikus Munarriz, Lino. 1912, 30-35. or.
  8. Done Bikendiri dagokionez, Mikel Ramos ez dator bat kokapen horrekin; bere ustez, San Vicente de la Sonsierra da segur aski; ikus Ramos, M. 2000, 504. or.
  9. 1277ko poema pasartea, artikulurako euskaratua, oinarritzat Urzainkiren gaztelaniazko testua oinarritzat hartuz (1998), 213. or. Jatorrizko testua, okzitanieraz:

    Lai correc traicios. en alcus de sa gent,
    Et adoncs i mesage anec sen mantenet
    A Morrocs al rey Sancho, é dissli apertament,
    "Seinnor rei de Navarra, be sapchas certament,
    Que tu perdes ta terra é ton eretament,
    Quel rey, Alfons que tu tens per leial parent.

    Es intrat en Navarra ab gladi é ab foc ardent,
    Quar tal en cui fidavas. sapchas queo conssent,
    E si tu no vens trestot ton regnament,
    Sapchas quauras perdut, que mas á ton vivent
    No y albergaras jorn com te vei á present,

    Car perdut as Bitoria, é Alava issament,
    Ipuzcoa, é Amesquoa ab lur pertenement,
    E Fonterabia, é zo que si apent,
    E San Sebastian, or es la mar batent,
    E vílas é castels, que eu non ay ement,
    E si laisses Navarra par la paiana gent,
    Deus tan airara, é far tena parventu.

  10. Testu pasarteak euskaratzean, euskal leku-izen ezagunak erabili dira, egungoak edo historikoak, salbu eta Arzorrotza eta Bitoria Zaharra, artean ez baitago adostasun osorik non dauden. Jatorrizko testua, latinez:
    "Obtinuit itaque Rex nobilis Aldefonsus Victoriam, Ibidam, Alavam et Guipuscoam, et earum terrarum munitiones et castra, preter Trevennium quod fuitpostea conmutatione Inzurae datum sibi. Mirandam etiam dedit conmutatione similipro Portella.
    Sanctum Sebastianum, Fontem Rapidum, Beloagam, Zeguitagui, Aircorroz,Asluceam, Arzorociam, Victoriam veterem, Maranionem, Aussam, Athavit, Iruritam, et Sanctum Vincentium acquisivit." Ikus aipu osoa in Fortun, L.J. 2000, 479. or.
  11. Azalpena: nafar forua hedatu edo berretsi zitzaien herri eta hiribilduak; parentesi artean adierazita erdal izena, euskarazkotik oso desberdina denean; eskuinean parentesi artean, forua esleitzeko urtea.
  12. Urzainkik ez du aipatzen bere zerrendan, beharbada ahaztuta; hala ere, Agurainek Gasteizko forua jaso zuen, eta Salvatierra izen berria hartu.
  13. Narbaitzek (2007) beste hitzarmen bat aipatu du 1202ko otsailaren 4an, beharbada Angulemakoa. Bertan, Joan Lurgabeak eta Antsok betikotu egin zuten elkarren arteko akordioa, beren oinordekoentzat ere loteslea bihurtuz.
  14. 1212ko Navas de Tolosako Guduko kristau garaipena, Antso Azkarraren parte-hartzeaz, artean fresko zegoela.
  15. Inbasiotik mende erdi pasata, Kontrastaz gain, Salvaterra, Segura, Villafranca eta Tolosa izendatutako hiribildu berriak sortu ziren (lehen Agurain, Erraztiolatza, Ordizia zeuden tokian, hurrenez hurren, eta Tolosa, berriz, Berasibiaren aldamenean). Bi arrazoi ikusi dira horretarako: itsasaldearen eta Iruñea arteko ordurainoko trafikoa moztuz, merkataritza hori Gaztelara bideratzea, eta muga politiko bat finkatzea; ikus Agirre, B. 2017, 88.
  16. Auñamendi Entziklopediak Alfontso VIII.a aipatzen duen arren, hori datu okerra da itxura guztien arabera, haren eta Leonor Plantageneten alaba baita.
  17. Ladron Gebarakoa zen orduan nafar gazteluko tenentea eta, bere posizioa uztera behartuta, Lazkanoko jaunek deuseztatu egin zuten, beren interesetarako gaztelua traba baitzen, mesede baino gehiago; ikus Yaniz, Santiago. 2017, 111. or.
  18. Zehazki, Gaztelak Nafarroari egiten zion gerran; nabarmendu behar da, bestalde, istilu horien protagonisten artean ez zela hurrengo hamarkadetan eta, are, mendeetan, gipuzkoarren aipamenik egiten garai bereko agirietan, zuzenean gaztelarrak baizik; ikus Agirre, B. 2017, 91-96. or.
  19. Urzainkik adierazi zuen (1998) trukean Alfontso VIII.ak pribilegio feudalak agindu zizkiela leinu horiei; ikus 227. or.
  20. Gaztelaniaz, jatorrizkoan, halaxe: "Don Alfonso de Castiella, que Dios perdone, que la dicha villa conquistó".

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik / El castillo de Atxorrotx (bideoa). Hernani Errotzen. 00:12'00"
  2. a b «La incorporación de Guipúzcoa a la corona de Castilla (1199/1200)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  3. a b c d Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik / El castillo de Atxorrotx (bideoa). Hernani Errotzen. 00:02'00"
  4. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v Fortún Pérez de Ciriza, Luis Javier.. (2000). «La quiebra de la soberanía navarra en Álava, Guipúzcoa y el Duranguesado (1199-1200)» RIEV. Eusko Ikaskuntza, 439-494 or..
  5. a b c d e f (Gaztelaniaz) Ramos Aguirre, Mikel. (2000). «La frontera occidental del reino de Navarra en 1200: la perspectiva arqueológica» RIEV. Eusko Ikaskuntza, 495-538 or. https://core.ac.uk/download/pdf/11498713.pdf.
  6. a b c d Agirre, B. 2017, 77-90. or.
  7. a b c d e Petxorroman, I. 2000, 52-61. or.
  8. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa Urzainqui, T. Olaizola, J.M. 1998, 213-228. or.
  9. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Fernandez de Larrea, Jon Andoni. (2000). «La conquista castellana de Álava,Guipúzcoa y el Duranguesado (1199-1200)» RIEV. http://hedatuz.euskomedia.org/3432/1/45425438.pdf.
  10. a b c d e f (Gaztelaniaz) Katarzyna Dulska, Anna. (2014). «Las relaciones navarro-almohades a la luz de las fuentes cronísticas y documentales (s.XIII): mensaje ideológico y su lectura política» La Península Ibérica en tiempos de Las Navas de Tolosa. Sociedad Española de Estudios Medievales, 425-439 or. ISBN 78-84-941363-8-2. https://medievalistas.es/wp-content/uploads/attachments/00904.pdf.
  11. a b c d e Narbaitz, P. 2007.
  12. a b c «Mirandako gaztelua» «Gaztelu guztiak - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-22).
  13. a b c «Antso VII.a Azkarra - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  14. a b «1200: konkistaz ala borondatez?» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
  15. a b «Antso VII.a Azkarra - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  16. a b Agirre, Beñi. (2017). Gipuzkoako historia nafarra. Nabarralde, 74-76 or. ISBN 978-84-697-6029-1..
  17. (Gaztelaniaz) Munarriz Velasco, Lino. (1912). «Viaje de Don Sancho al África» Boletín de la Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Navarra. , 30-35 or..[Betiko hautsitako esteka]
  18. a b c Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik / El castillo de Atxorrotx (bideoa). Hernani Errotzen. 00:10'40"
  19. «Gazteluak» www.aranzadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-23).
  20. a b Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik / El castillo de Atxorrotx (bideoa). Hernani Errotzen. 00:14'30"
  21. «La incorporación de Guipúzcoa a la corona de Castilla (1199/1200)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  22. a b c d (Gaztelaniaz) «1200. El asedio castellano» El Correo 2013-07-29 (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  23. a b Urzainqui, T. Olaizola, J.M. 1998, 159-212. or.
  24. a b Urzainqui, T. Olaizola, J.M. 1998, 229-250. or.
  25. a b c d Urzainqui, T. Olaizola, J.M. 1998, 251-291. or.
  26. (Gaztelaniaz) «Sancho VII el Fuerte - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  27. a b c «La incorporación de Guipúzcoa a la corona de Castilla (1199/1200)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  28. Txurruka, Jesús Perez de Viñaspre. (2020-03-20). «Araniello» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  29. a b (Gaztelaniaz) «Sancho VII el Fuerte - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  30. a b «Alfonso VIII de Castilla - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
  31. Enzunza, Aitzol Altuna. (2013-01-09). «Bizkaia fue invadida entre 1199-1200» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
  32. «Antso VII.a Azkarra - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-26).
  33. a b Txurruka, Jesus Perez de Viñaspre. (2015-05-15). «Nueva Victoria-Gasteiz, año 1200» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
  34. a b c d Montero, Miren Mindegia | Oskar. (2015-09-25). «Idoia Arrieta: “Nafarroak ez zituen sekula ahaztu bere itsasaldeko lurraldeak”» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  35. a b Agirre, Beñi. (2017). Gipuzkoako historia nafarra. Nabarralde, 18-22 or. ISBN 978-84-697-6029-1..
  36. (Gaztelaniaz) Yaniz, Santiago. (2017). «Excursiones a castros, fortificaciones y recintos de guerra» Euskal Herria. Sua, 111 or. ISBN 978-84-8216-650-6..
  37. a b c d e Viñaspre, Jesus Perez de. (2014-09-01). «Recordando a Martin Ttipia y a los vitorianos, treviñeses y portillanos del 1200» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  38. Moreno, Iñigo Mugueta. (2000). «Acciones bélicas en Navarra: La frontera de los malhechores (1321-1335)» Príncipe de Viana 61 (219): 49–78. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  39. a b Agirre, Beñi. (2017). Gipuzkoako historia nafarra. Nabarralde, 91-96 or. ISBN 978-84-697-6029-1..
  40. Montero, Miren Mindegia | Oskar. (2015-09-25). «Idoia Arrieta: “Nafarroak ez zituen sekula ahaztu bere itsasaldeko lurraldeak”» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  41. a b c Txurruka, Jesús Perez de Viñaspre. (2020-03-02). «Nafarroa Erresumaren mendebaldeko lurraldearen konkistari buruzko hiru kontaketa» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2020-04-20).
  42. Elizalde, Idoia Arrieta. «Ezkutatu digutena: Donostiaren konkista» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  43. a b «PACTISMO - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  44. Txurruka, Jesús Perez de Viñaspre. (2020-03-02). «Nafarroa Erresumaren mendebaldeko lurraldearen konkistari buruzko hiru kontaketa» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2020-04-20).
  45. Petxorroman, I. 2000, 29-31. or.
  46. (Gaztelaniaz) Larrañaga, Miguel. (2004). «La incoporación de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa a la Corona de Castilla» Anuario de la Universidad Internacional SEK. , 65-76 or. ISSN 0717-2508. https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=1224281.
  47. (Gaztelaniaz) «La verdadera historia del País Vasco: así se unieron Álava, Vizcaya y Guipúzcoa a Castilla» abc 2018-06-20 (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  48. a b Elizalde, Idoia Arrieta. «Ezkutatu digutena: Donostiaren konkista» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  • Urzainqui, Tomas; Olaizola, Juan M. (1998). La Navarra marítima. Pamplona: Pamiela ISBN 84-7861-284-1..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]