Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea

Wikipedia, Entziklopedia askea
UEMA» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Zarautz da UEMAko kide den udalerririk jendetsuena. (UEMA)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) euskararen normalizazioaren alde lan egiten duen udal elkartea da. UEMAren bereizgarria da herri euskaldunekin lana egiten duela. Hau da, %70etik gorako euskaldun indizea [oh 1] duten udalerriak izan daitezke UEMAko kide.

1991n sortu zen UEMA, Aizarnazabalen. Ingurune oso euskaldunetako herri txikiek sortu zuten, ikusi zutelako herriak euskaraz funtzionatzen zuen bitartean, udalak erabat erdaldunak zirela. Beraz, administrazioan ere euskaraz jardutea zuen xede. Dena den, urteak aurrera egin ahala, udalak euskaldundu ziren, baina plaza erdalduntzen ari zela ikusi zuen UEMAk. Orain bi esparruetan eragiten saiatzen da mankomunitatea.

Gaur egun, Hego Euskal Herriko 86 udalerrik osatzen dute UEMA. Adostasuna du helburu, euskararen normalizazioa delako guztien norabide bakarra. Horregatik, talde politikoen arteko lankidetza bilatzen du. EH Bildu, EAJ eta talde independenteak daude une honetan UEMAko zuzendaritza batzordean.

Mankomunitateak eta hura osatzen duten udalek euskara bizitza publiko eta pribatuaren erdigunean kokatzea dute xede. Udalerri euskaldunak paper garrantzitsua dute euskararen normalizazioan, horrela sinisten eta sentitzen du UEMAk, eta horregatik uste du udalerri hauetan hizkuntza zaintzea eta inguruko herrietara zabaltzea beharrezkoa dela.

Honakoa da udal elkartearen printzipio nagusia: Euskarari lehentasuna emango zaio UEMAko udalerrietan; beti ere, herritar ororen hizkuntza ofizialetako hiztunen eskubideak errespetatuz.

Helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoko helburuak finkatu zituen UEMAk 1991n, sortu zenean:

  • Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua euskaraz izan dadin bideak urratzea.
  • Udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi izango den lurgunea osatzea.
  • Udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomikoa eta soziokulturala bultzatzea.

Ondoren, estrategia eguneratzeko beharra ikusi zuen erakundeak, 2001ean, errealitatea aldatzen ari zela ohartuta. Batetik, UEMAk ikusi zuen lehen begiratuan hizkuntzarekin zerikusia izan ez zezaketen hainbat faktore sozioekonomiko eta kulturalek eragina izan zezaketela herriko egoera soziolinguistikoan. Bestetik, eta horri lotuta, ohartuz en udalak euskalduntzeko aurrerapauso nabarmenak egiten ari ziren bitartean, herritarrek gero eta gehiago erabiltzen zutela gaztelania kalean. Beraz, honakoak gehitu zitzaizkien lehengo lan-ildoei.:

  • Udalerri euskaldunen erabateko hizkuntza normalizazioa lortzea.
  • Udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea.
  • Udalerri euskaldunek osatzen duten euskararen arnasgunea saretu eta zaintzea.

Arnasguneen garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arnasguneetatik zabal daiteke euskara Euskal Herriko beste txoko batzuetara. Horregatik esaten da antena efektua izan dezaketela (UEMA)

Hizkuntza ekologiaren marko teorikoan kokatzen da UEMAren diskurtsoa. Galtzeko arriskuan dauden espezieek lege babesa dute, onartuta dagoelako munduari aberastasuna ematen diotela. Hizkuntzekin gauza bera gertatzen da, UEMAren esanetan. Hizkuntza gutxitua da euskara, eta eremu zein indar handia duten bi hizkuntzen artean bizi da. Horrek, globalizazioaren pisuak eta, batik bat, euskararen aurka hartu izan diren zein hartzen diren neurriek egiten dute euskara hizkuntza gutxitua izatea.

Esan ohi da Amazonia dela naturari arnasa ematen dion birika. Horregatik ondo zaindu beharreko ingurua da, haren galerak ekarriko lukeelako gainontzeko guztia arriskuan jartzea. Bada, UEMAren arabera, udalerri euskaldunak dira euskararen Amazonia. Haietan garatzen, erabiltzen eta biziberritzen da hizkuntza modu naturalean, eta motore papera dute hizkuntzaren normalkuntza prozesuan. Arnasguneak deitzen diete udalerri euskaldun horiei. Beraz, berebiziko garrantzia dute arnasguneek euskarak bizirik iraungo badu, eta Euskal Herriko gainontzeko txokoak euskaldunduko badira. Izan ere, arnasguneetako herritarrek aukera dute naturaltasunez inguruko herrietara beraien hizkuntza ohiturak zabaltzeko eta euskarari estatusa emateko, lagunarteko, laneko eta bizitzeko hizkuntza bezala.

UEMAk uste du garrantzitsua dela diskurtso horren jabe izatea, eta eguneroko erabakietan presente izatea ikuspegi hori, politikari bezala eta herritar bezala. Politikariek, gainera, ardura erantsia dute erakundearen esanetan, herritarrentzat eredu direlako eta euskarari estatusa emateko aukera dutelako.

Arnasguneen bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteetan lan handia egin da euskararen normalkuntzan eta alfabetizazioan. Gero eta gehiago dira euskaraz dakiten pertsonak. Horrek ekarri du erabat erdalduna den udalerririk ez egotea, batik bat, EAEn. Ezagutzak, ordea, ez dakar berarekin erabilera, eta herri erdaldundak euskalduntzen ari diren bitartean, gune euskaldunenak erdalduntzen ari dira, homogeneizazio egoera batera hurbilduz. Ezagutza beherantz doa herri euskaldunetan, baina, batik bat, erabilera ari da jaisten: euskaraz egiteko hautua, alegia.

Hori azaltzeko hamaika faktore izenda daitezkeen arren, garbi dagoena da ez dagoela arrazoi bakar bat errealitate horren aurrean, eta esparru guztiek eragiten diotela euskararen egoerari: imigrazioak. hirigintza ereduak, egoera sozioekonomikoak, kultur ohiturak... Gune erdaldunak euskalduntzea joatea benetan pozgarria eta txalotzeko da, eta oraindik indar asko dago egiteko bide horretan; baina, UEMAren ustez, euskaldunei goian heldu behar zaie, haiek direlako gainontzekoen eredu.

1981-2011 bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri euskaldunetako eta erdaldunetako eboluzioa (UEMA)

EUSTATen datuen arabera, 1981ean %90etik gorako euskararen ezagutza zuten 56 udalerri zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (Nafarroako datuak ez daude udalerriz udalerri). 2011n, handik 30 urtera, 13 udalerrik soilik betetzen zuten ezaugarri hori.

Lehen hizkuntzari dagokionez, 1981ean, 56 udalerritan zuten ama hizkuntza euskara herritarren %90ek baino gehiagok. 2011n, berriz, ezaugarri hori udalerri batek soilik zuen, Abaltzisketak (Gipuzkoa).

Etxeko euskararen erabilerari dagokionez, 34 udalerritan egiten zuten etxean euskaraz %90ek baino gehiagok 1981ean, eta 2011ean ez zegoen jada irizpide hori betetzen zuen udalerririk.


Arnasguneak eta udalerri euskaldunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ibilbidean zehar, UEMAk ikusi du udalerri euskaldun guztiak ez direla euskararen arnasgune, eta horregatik udalerri batzuek eta besteek plangintza desberdinak behar dituztela hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko. Ez dago marra zehatz bat adierazteko zein diren arnasguneak eta udalerri euskaldunak, baina hainbat datuk lagundu dezakete bereizketan: ezagutza zein erabilera %80 inguruan dituztenak izan ohi dira, oro har, arnasguneak. Hortik beherako zifretan, udalerri euskaldunak izan arren, agian, ez da horren erraza erabat euskaraz bizitzeko ohitura duten udalerriak aurkitzea. Arnasguneek honako ezaugarri bereiziak dituzte:

  • Transmisioa: Arnasguneetan, belaunaldiz belaunaldi transmititu da hizkuntza, gurasoetatik seme-alabetara, modu naturalean. Bizilagunen lehen hizkuntza euskara izan ohi da, eta erabat naturala da beraientzat euskaraz bizitzea eta izatea. Oso faktore garrantzitsua da hori, hizkuntzak iraungo badu.
  • Indarra: Bizi-bizirik dago euskara arnasguneetan; hizkuntza "normala" da, eta egunero berritzen ari da. Garai eta ohitura berrietara egokitzen da euskara arnasguneetan, bertako bizilagunek egoera guztietarako erabiltzen dutelako.
  • Eredu izatearen garrantzia: Arnasguneetako herritarrak eredu izan daitezke euskararen normalkuntzan. Erakutsi dezakete posible dela euskaraz bizi den herria, eta posible dela bizitzako esparru guztiak euskaraz egitea: lagunartea, lana, bizitza sozial guztia... aldi berean, arnasguneetako instituzioak ere izan daitezke eredu, eta erakutsi dezakete euskara politikarako eta administraziorako hizkuntza ere badela. Gauza garrantzitsuen eta garrantzirik ez duten gauzen hizkuntza ere badela euskara.

Udalerriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

729-Udalerri euskaldunak eta Uema.svg

Udalerri euskalduntzat jotzen dituzte euskal hiztunen portzentajea %70etik gorakoa dutenak. Baldintza hori betetzen duen 200.000 biztanle inguruko inguruneaz ari gara. Orain arte UEMAn sartutako udalerriak hauek dira:

Araban[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ajangiz
  2. Amoroto
  3. Arantzazu
  4. Areatza
  5. Artea
  6. Atxondo
  7. Aulesti
  8. Bakio
  9. Bermeo
  10. Berriatua
  11. Busturia
  12. Dima
  13. Ea
  14. Gatika
  15. Gizaburuaga
  16. Igorre
  17. Izurtza
  18. Larrabetzu
  19. Lekeitio
  20. Mallabia
  21. Mañaria
  22. Markina-Xemein
  23. Munitibar
  24. Muxika
  25. Ondarroa
  26. Orozko
  27. Otxandio
  28. Ziortza-Bolibar

Gipuzkoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aduna
  2. Aizarnazabal
  3. Alegia
  4. Altzaga
  5. Altzo
  6. Amezketa
  7. Anoeta
  8. Antzuola
  9. Arama
  10. Ataun
  11. Azpeitia
  12. Baliarrain
  13. Beizama
  14. Berastegi
  15. Bergara
  16. Deba
  17. Elgeta
  18. Errezil
  19. Ezkio
  20. Gabiria
  21. Gaintza
  22. Gaztelu
  23. Getaria
  24. Ikaztegieta
  25. Irura
  26. Itsaso
  27. Itsasondo
  28. Leaburu-Txarama
  29. Legorreta
  30. Lizartza
  31. Mendaro
  32. Mutriku
  33. Oiartzun
  34. Oñati
  35. Orendain
  36. Orexa
  37. Orio
  38. Segura
  39. Tolosa
  40. Usurbil
  41. Zaldibia
  42. Zarautz
  43. Zestoa
  44. Zerain
  45. Zumaia

Nafarroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Araitz
  2. Arantza
  3. Arbizu
  4. Areso
  5. Basaburua
  6. Baztan
  7. Bera
  8. Etxalar
  9. Etxarri-Aranatz
  10. Goizueta
  11. Igantzi
  12. Larraun
  13. Leitza

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaldun indizea = euskaldunak + (ia euskaldunak/2)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]