Henry Kissinger
Henry Alfred Kissinger (Fürth, Alemania, 1923ko maiatzaren 27a - Kent, Connecticut, 2023ko azaroaren 29a) jatorri alemaniarreko politikari estatubatuarra izan zen, baita XX. mendeko eragin handiko nazioarteko analista ere. Ameriketako Estatu Batuen kanpo politikaren arduradun nabarmena izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia juduko kidea izanik, 1938an Ameriketako Estatu Batuetara emigratu zuen nazien jazarpena ekiditeko. Bost urte ostean estatubatuar nazionalitatea lortu zuen. Harvard-eko unibertsitatean ikasi zuen eta bertako irakasle izan zen, nazioarteko harremanetan espezializatuz.
1950eko hamarkadan abiarazi zuen karrera politikoa. John Fitzgerald Kennedyk izendatu zuen armen kontrola kudeatzeko erakundearen buru. Richard Nixon presidentearekin, berriz, Segurtasun Nazionalaren Kontseiluko buru izan zen eta 1973-77 urte bitartean estatu-idazkaria. Alderdi errepublikarreko kide egin zen, baina jatorri alemaniarra izateak zanpatu zuen Kissingerren presidente nahia.
Kissingerren figura Gerra Hotzaren garaiarekin lotzen da. SESBekin distentsioa lortzearen aldekoa zen. SESBen eta AEBen arteko SALT elkarrizketak bultzatu zituen gerra nuklearra ekiditeko. Maoren Txinarekin ere harreman diplomatiko zuzenak ireki zituen, Txinaren isolamendu diplomatikoaren amaiera bultzatuz.
Bere figura, ordea, Vietnamgo gerrarekin lotzen da. Hasieran gogortasun jarrera izan bazuen ere, AEBetako tropak erretiratzearen alde jokatu zuen geroago. Parisko elkarrizketen bidez bake prozesua prestatzeari ekin zion. Arrazoi horrengatik lortu zuen 1973. urtean Bakearen Nobel saria, Vietnam iparraldeko Le Duc Tho politikariarekin batera. Gerra amaitzen ez zela ikusita, azken horrek sariari uko egin zion, ez ordea Kissingerrek.
Kissingerren xede nagusia izan zen Amerika Latinar sozialismoaren zabalpena ekiditea. Onartzen da Kissingerren laguntza eta babesa 70. hamarkadan hainbat gobernu demokratikoen kontrako estatu kolpeetan. 1973an Txileko Salvador Allenderen aurkako estatu kolpean militarrak babestu zituen, baita Uruguayko gobernu progresista berriaren aurkako kolpean ere. Era berean, Kondor Operazioaren, hau da, oposizioaren aurkako jazarpen sistematikoaren arduradun nagusienetarikoa da. 1976. urteko Argentinako estatu kolpean, militarrek lagun izan zuten Kissinger.
Jimmy Carter presidentearen garaian karrera politikoa alde batera utzi zuen, baina nazioarteko aholkulari izaten jarraitu du Ronald Reaganen eta George W. Bushen gobernuetan.
Idazle ere aritu da, eta hainbat egunkarietako kronika politikoak idazteaz batera, The Necessity for Choice liburuaren egilea da.
Egun mugimendu asko daude Kissingerren aurkako prozesamendu judiziala zabaltzearen alde, baita Nobel saria kentzearen alde ere. Giza eskubideen urratzea egozten diote Vietnamgo gerran eta Latinoamerikako estatu kolpeetan.
2014ko urriaren 1ean zabaldu zenez, Henry Kissinger AEBetako Estatu idazkari izandakoak Kuba «zanpatzeko» plan bat egin zuen 1976an, Habanak Angolara tropak bidali zituelako. Bere helburua aire eraso masiboekin Kubako portuak suntsitzea zen, eta Guantanamoko basean marineak pilatuta lurretik eraso, bere hitzetan «blokeo gupidagabe, bizkor eta eraginkor bat» ezartzeko[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Mikel Rodriguez, «Konspiratzailearen mendeku zapuztua», Berria, 2014-10-02
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Holger Klitzing: The Nemesis of Stability. Henry A. Kissinger’s Ambivalent Relationship with Germany. WVT, Trier 2007, ISBN 978-3-88476-942-3.
- Robert D. Schulzinger: Henry Kissinger. Doctor of diplomacy. Columbia Univ. Pr., New York 1989, ISBN 0-231-06952-9.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1923ko jaiotzak
- 2023ko heriotzak
- Bakearen Nobel Saridunak
- Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoko politikariak
- Alemaniar estatubatuarrak
- Estatubatuar juduak
- Nazismoaren erbesteratuak
- Karlomagno Sariaren irabazleak
- Kondor operazioa
- Harvard Unibertsitateko ikasleak
- Guggenheim bekak
- Harvard Unibertsitateko irakasleak
- Geopolitikoak
- Ameriketako Estatu Batuetako ehun urtedunak