San Petersburgo
San Petersburgo[1] (errusieraz Санкт-Петерб́ург, Sankt Peterburg), 1914-1924 urteetan, Petrogrado (errusieraz: Петроград, translit.: Petrograd) eta 1924-1991 urteetan, Leningrado (errusieraz: Ленинград, translit.: Leningrad) Errusiako hiria eta portua da. Herrialdearen ipar-mendebaldean dago, Neva ibaiaren bokalean, Finlandiako golkoaren ertzean, Finlandiako mugatik 160 kmra. 2010ean 4.879.566 biztanle zituen[2].
Errusiako bigarren hiria da jende kopuruari dagokionez, porturik garrantzitsuena eta Europako hiririk ederrenetakoa. 1990ean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen erdigune historikoa[3].
Historia
1703. urtean, Petri Handia Errusiako tsarrak Neva ibaia itsasoratzen den toki zingiratsuaz jabetu zen eta urte berean, ibaiaren bokaleko uharteetako batean, Petri eta Pablo gotorlekua eraikitzen hasi zen. Gotorlekuaren inguruan hazi zen hiria. Hiriburu europar eta modernoa eraiki nahi izan zuen, Mosku deszentralizatzeko saiakeran. Hurrengo urtean hasi ziren Oktyabrsky auzo ikusgarria eraikitzen. 1712an Errusiako hiriburu bilakatu zen eta ondorengo urteetan elizak, jauregiak, etxeak eta administrazio egoitzak egin zituzten.
1726. urterako, Errusiako esportazio porturik garrantzitsuena zen, eta XVIII. mendearen bukaeran, 220.000 biztanle zituen. XVIII. mendetik aurrera izugarri hazi zen hiria eta era askotako arkitektura moldeetako eraikuntzak egin zituzten, barrokoak, klasikoak eta XIX. mendeko obra neoklasikoak. 1819. urtean, unibertsitateko ateak zabaldu zituzten, eta XIX. mendean zehar arteari eta zientziari lotutako pertsonaia asko bizi izan zen hirian: Tolstoi, Dostoievski, Pavlov, etab.
1914an, izena alemaniarregia zelakoan, Petrogrado jarri zioten, sustrai eslaviarrekoa; garai hartan, 2.100.000 lagun bizi ziren hirian, industriaren garapenak, industria astunak batez ere, erakarrita. 1917. urtean, Europa Lehen Mundu Gerran murgilduta zegoenean hain zuzen, Errusiako sistema kapitalista eta monarkikoari amaiera eman zion matxinada egin zuten Leningradoko langileek. 1917-1920 urteetako Gerra Zibilak kalte handiak eragin zituen hirian, eta biztanleen bi heren galdu zituen. 1922. urtean Mosku egin zuten Errusia eta Sobietar Batasunako hiriburu.
Bigarren Mundu Gerra garaian alemaniarrek 872 egunez eduki zuten setiatua San Petersburgo (Leningradeko setioa), 1941 eta 1944 bitartean, eta milioi bat inguru biztanle hil ziren. 1950. urterako hiriak berreskuratuak zituen dotoretasuna eta handitasuna industriaren garapen eta hazkuntzari eta portuko jarduerari esker.
Geografia
Neva ibaiaren deltan dago kokatua, Finlandiako golkoaren ertzean, Moskutik 640 km ipar-mendebaldera eta Zirkulu polar artikotik 7° hegoaldera[3]. Behe-ordoki zingiratsu batean dago, uharte ugariren aurrean, eta uholde asko izan dira historian zehar, azken urteetan egin diren ubideei esker saihestu direnak.
Klima
Datu klimatikoak (San Petersburgo) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 8.7 | 10.2 | 14.9 | 25.3 | 32.0 | 34.6 | 35.3 | 37.1 | 30.4 | 21.0 | 12.3 | 10.9 | 37.1 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | -3.0 | -3.0 | 2.0 | 9.3 | 16.0 | 20.0 | 23.0 | 20.8 | 15.0 | 8.6 | 2.0 | -1.5 | 9.1 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | -5.5 | -5.8 | -1.3 | 5.1 | 11.3 | 15.7 | 18.8 | 16.9 | 11.6 | 6.2 | 0.1 | -3.7 | 5.8 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -8.0 | -8.5 | -4.2 | 1.5 | 7.0 | 11.7 | 15.0 | 13.4 | 8.8 | 4.0 | -1.8 | -6.1 | 2.7 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -35.9 | -35.2 | -29.9 | -21.8 | -6.6 | 0.1 | 4.9 | 1.3 | -3.1 | -12.9 | -22.2 | -34.4 | -35.9 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 44 | 33 | 37 | 31 | 46 | 71 | 79 | 83 | 64 | 68 | 55 | 51 | 661 |
Euri egunak (≥ 1 mm) | 9 | 7 | 10 | 13 | 16 | 18 | 17 | 17 | 20 | 20 | 16 | 10 | 173 |
Elur egunak (≥ 1 mm) | 25 | 23 | 16 | 8 | 1 | 0.1 | 0 | 0 | 0.1 | 5 | 16 | 23 | 117 |
Eguzki orduak | 21.7 | 53.7 | 124.0 | 180.0 | 260.4 | 276.0 | 266.6 | 213.9 | 129.0 | 71.3 | 24.0 | 12.4 | 1633.0 |
Hezetasuna (%) | 86 | 84 | 79 | 69 | 65 | 69 | 71 | 76 | 80 | 83 | 86 | 87 | 78 |
Iturria (1): Pogoda.ru.net[4] | |||||||||||||
Iturria (2): HKO (sunshine hours)[5] |
Biztanleria
1800 | 1830 | 1850 | 1881 | 1900 | 1915 | 1920 | 1925 | 2002 |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
220.200 | 435.500 | 487.300 | 928.000 | 1.440.000 | 2.348.000 | 763.900 | 1.379.000 | 4.700.000 |
Ekonomia
Errusiako industriagune eta portu garrantzitsuena da San Petersburgo. Armagintza, erreaktore nuklearrak, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, ontziolak, kimika industria, janari industria, metalurgia eta nekazaritzarako makineria dira industria garrantzitsuenak, eta makineria, zura, ikatza, potasioa eta pirita esportatzen dira portutik.
Garraiobideak
Komunikabide sare oparo batez (aireportua, metropolitanoa, burdinbideak eta errepideak) hornitua dago. Errusiak Baltikoan duen portu bakarra da.
San Petersburgoko metroa
San Petersburgoko metroa 1955eko azaroaren 15ean zabaldu zen eta gaur egun 110,2 kilometro eta 63 geltoki dauzka.
Metroak dituen bost lineatatik 832 milioi bidaiari igaro ziren 2008an.
Ondasun nabarmenak
San Petersburgoko Gune Historikoa eta Dagokion Monumentu Multzoa1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Jauregiko Plaza | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | i, ii, iv, vi |
Erreferentzia | 540 |
Kokalekua | Errusia |
Eskualdea2 | Europa |
Izen ematea | 1990 (XIV. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
- Hermitage museoa ( Эрмитаж ), munduko eder eta garrantzitsuenetakoa. Neva ibai ertzeko sei eraikin eder betetzen ditu, Neguko Jauregia barne. 3 milioi artelan baino gehiago ditu ikusgai.
- Alexandr Nevski monasterioa
- San Petri eta San Paulo gotorlekua (hiriaren sorlekua)
- Amiraltza
- Odol Isuriaren katedrala
- San Isaak katedrala
- Kazango Andre Mariaren katedrala
- Passage merkatari arkupea
- Mariinski antzokia
Aldirietako egoitza inperialak
- Peterhof
- Pushkin edo Tsarskoie Selo
- Pavlovsk
Musika
San Petersburgotar ospetsuak
- Ivan Pavlov (1849-1936), medikua.
Hiri senidetuak
San Petersburgo hiri hauekin senidetua dago:
- Québec Hiria (Kanada)
- Le Havre (Frantzia)
- Niza (Frantzia)
- Zagreb (Kroazia)
- Manchester (Erresuma Batua)
- Gdańsk (Polonia)
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/06/16 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 157. araua: Europako hiriak. .
- ↑ «Всероссийская перепись населения 2010 года. Том 1 2010eko Errusiako erroldaren emaitzak, 1. liburukia» Gks.ru
- ↑ a b Saint Petersburg Global.britannica.com
- ↑ .
- ↑ .
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: San Petersburgo |
- (Errusieraz) (Ingelesez) Udalaren webgunea
Gizateriaren Ondarea Errusian | ||
---|---|---|
Kolomenskoieko Jasokundearen Eliza • Kremlin eta Plaza Gorria • Novodevitxi komentua • Trinitatearen eta San Sergioren monasterioa • Vladimir eta Suzdaleko Monumentu Zuriak • Yaroslavleko erdigune historikoa • Mendebaldeko Kaukaso • Kurlandiako istmoa2 • Ferapontov monasterioa • Kizhiko Pogosta • Komiko baso birjinak • Novgorodeko erdigunea eta Santa Sofia katedrala • San Petersburgoko erdigune historikoa eta inguruak • Solovetski Uharteak • Struveren arku geodesikoa3 • Kamtxatkako sumendiak • Sikhote-Alin • Wrangel uhartea • Altai mendi urrekarak • Baikal aintzira • Uvs Nuur arroa4 • Kazango Kremlina • Derbenteko zitadela, antzinako hiria eta harresitutako erakinak
|