Alegia

Koordenatuak: 43°06′01″N 2°05′54″W / 43.1004°N 2.0984°W / 43.1004; -2.0984
Wikipedia, Entziklopedia askea
Assar (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 13:18, 16 urria 2016
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Alegia (argipena)»
Alegia
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Alegiko zubia eta Oria ibaia.
Fitxategi:Ez
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaTolosaldea
Izen ofizialaAlegia
AlkateaUnai Iraola Aguirrezabala (en) Itzuli
Posta kodea20260
INE kodea20005
Herritarraalegiar
Ezizena​txintxarriak eta txintxarrik
Kokapena
Koordenatuak43°06′01″N 2°05′54″W / 43.1004°N 2.0984°W / 43.1004; -2.0984
Map
Azalera7.59
Garaiera94-575
Distantzia32 km Donostiara
Demografia
Biztanleria1.771 (2023)
31 (2022)
alt_left 832 (%47) (%50,3) 890 alt_right
Dentsitatea233,33 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 8,93
Zahartze tasa[1]% 19,25
Ugalkortasun tasa[1]‰ 50
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 78,76 (2011)
Genero desoreka[1]% 8,76 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 12,38 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 78,74 (2010)
Kaleko erabilera [2]% 77,6 (2016)
Etxeko erabilera[3]% 68.8 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1457
Webguneahttp://www.alegia.eu/

Alegia Gipuzkoako Tolosaldea eskualdean, Oria ibaiaren ertzean kokaturik dagoen udalerria da.

1.760 biztanle zituen 2016. urtean, eta Donostiatik 32 km-ra dago, hegoaldean, hain zuzen. Udalerriaren beheko aldean hirigunea eta industrigunea kokatzen dira, Oria eta Amezketa ibaien ibar estuen artean, 94 m-ko garaieran: gainontzeko lurraldeak malda biziak ditu eta baso-zelaiz josita dago. Udalaren guztizko azalera 7,8 km2-koa da eta orografiaren punturik garaiena 575 m-ra dago, itsasaldearen arabera. Alderik altuenean dagoen baserria Ariztizabal izenekoa da, 415 metrora, hain zuzen.

Kokapenak eta komunikazio-sistemak eskualde txiki baten erdigune bihurtzen dute Alegia, RENFEren geltokia hor baitago, Donostia - Gasteiz autobidea ondoan du eta bertatik igarotzen dira Altzo, Amezketa, Ugarte, Bedaio, Orendain, Abaltzisketa, Larraitz eta Aldabara doazen errepideak.

Geografia

Mugakideak

Inguru naturala

Oria ibaiak udalerria zeharkatzen du.

Historia

Alegria hitza dirudienez jatorriz gaztelaniazko toponimoa ez zela eta, gaztelaniara egokitu zen euskal hitza da.

Alegiko zubi zaharra.

Alegria de Oria izena Alegia izenarekin ordezkatzeari dagokionez, espedientearen tramitazioa 1980ko martxoaren 11n egin zen udalaren osoko bilkuraren erabakiarekin hasi zen, eta Toki Administrazioko Sailordetzak 1986ko urtarrilaren 22an emandako ebazpenarekin amaitu, 1986-01-29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

Haren armarrian bost otso odoleztatu agertzen dira urrezko hondoan, gerrarako bandera eta sinboloekin. Armarri hori Enrike IV.a erregeak eman zion Alegia herriari, bertako biztanleek Olmedoko batailan erakutsitako adorea saritzeko.

Alegiaren sorkuntza data zehatza ezezaguna da. 1319. urtean Tolosaren jurisdikzioan barne hartu zen, eta urtarrilaren 21ean, bertako bizilagunen eskariz, anexioa izenpetu zen,eta bi mendez hiri horren jurisdikzioaren barneko hogeita lau auzoetako bat izan zen.

1454. urtean hiribildu titulua lortu zuen, Enrike IV.a erregeari egindako zerbitzu garrantzitsuen ordainsari gisa. Nolanahi ere, arlo zibil eta kriminalerako eskumen osoa, bai eta erabat independentea zen hiri izaerari loturiko gainontzeko eskubideak ere, 1615. urteko apirilaren 3an lortu zituen, Felipe III.ak Madrilen emandako pribilegioaren indarrez.

Herriguneko etxeak.

Probintziako Batzar Nagusietan eta Partikularretan ordezkari gehiago izateko xedez, Ikaztegieta eta Orendainekin batera Aizpuruako Batasunean esku hartu zuen. Batasun hori 1625. urteko apirilaren 7an izenpetu zen kontratu baten bitartez gauzatu zen. Hiru hirien artean ahaldun komun bat izendatzen zuten. Hitzarmenak hogei urtean behin berritzen ziren. 1660. urtean Altzo Batasunera elkartu zen. Aizpuruako Batasunak 43 su izan zituen, ondoko eran banatuta zeudenak: 11 su Alegiari zegozkion, 13 Orendaini, 8 Ikaztegietari eta 11 Altzori. Bertako dolareetatik ateratzen zen sagardoa mendeetan zehar ospetsua izan zen, bai kalitateagatik bai eta kantitateagatik ere. Hirigunean 26 dolare zeuden sagardoa egiteko, zenbait baserritan etxeko kontsumorako zeudenez gain.

Lau iturri izan zituen, bertako bizilagunen erabilera publikorako. Iturri bat Linapozuelon zegoen, beste bat Artosinen, hirugarrena Langatu baserritik hurbil, eta laugarrena Amezketa ibaiaren ezkerreko bazterrean.

1532. urtean, ia herri osoa suntsitu zuen sute bat egon zen. Bederatzi etxe bakarrik geratu ziren. Eta 1648. urtean hemeretzi etxe erre ziren.

Ibaitik hain gertu dagoenez gero, uholdeak beti izan dira kontuan hartu beharreko mehatxua. 1762. urteko ekainaren 20ko uholdean zenbait pertsona hil ziren. Baina ezagutzen diren uholderik larrienak 1953. urteko urriaren 15ean eta 1983. urteko abuztuaren 26an gertatu ziren. Ura 2,10 metrora iritsi zen lehenengoan eta 2,30 metrora bigarrenean.

Ekonomia

Tokan jokatzen.

Alegiako hirigunea Oria ibaiaren eta Amezketa ibaiadarraren elkargunean sortzen den meandroan kokatuta dago, kale estu eta luzea du ibai nagusiarekin paraleloan, eta bi aldeetan etxeak daude, ibaiertzean baratzeak ageri direla. Hori erdi aroko hiribilduen itxura tradizionala da, eta horri bidegurutzea dela gaineratzen badiogu, berehala konturatuko gara hiribildua merkataritzari eta zerbitzuei emana zela. Eskualde-egiturako buru den hiribildu txikiaren merkataritza eta zerbitzuetarako tradizio hori ez da galdu, ordea. Horrela, saltoki txikiak krisian egon arren, egunero denda, jatetxe, taberna, taxi-zerbitzu eta aurrezki-kutxa askok irekitzen dituzte beren ateak, eta horri guztiari Osakidetzako anbulatorioa, botika, lehen mailako irakaskuntzako eskola publikoak eta bigarren hezkuntzako institutua, gizarte-ongizateko zerbitzuak eta abar gaineratu behar dizkiogu, adierazi dugun gizarte-egitura dugu emaitza.

Erdi aroan joare-fabrika asko zeuden Alegian, eta horren ondorioz, bertakoak, grazia eta trufa modura, "txintxarri" goitizenarekin ezagunak dira.Hala bada, herritarrek ezizen hori bereganatu eta iragana gogoratzeko udaletxeko alboko plazan joare baten eskultura eder bat ipini dute, Ugartemendiak egina.

9 langile baino gehiago dituzten 5 industria establezimendu daude, garrantzitsuenak honako hauek dira: eroale elektrikoen trefilatzea eta bernizatzea (hedatzen ari da), eta paper- eta trenbide-industriarako metalezko piezen eraikuntza eta mekanizazioa.

Oriaren ibarrean, ibaiaren eta nazioarteko trafikoa hartzen duen Autobiaren artean, industria erabilerarako kalifikazioa duen lurzoru-gune bat dago, Bazurka izenekoa. Lurzoru horrek plan partzial bat indarrean du, eta lurzoruaren jabeak diren sustatzaile pribatuek 25.000 m2-ko pabilioien eraikuntza berehala martxan jartzea espero da, horrek, inolako zalantzarik gabe, udalerriaren eta bere inguruaren garapen ekonomikoari mesede egingo dio.

Bertako eta kanpokoen artean, ospe handia dute Alegian egiten diren mondejuek.

Demografia

Alegiko biztanleria

Politika

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bildu koalizioak zazpi zinegotzi eskuratu zituen, eta Euzko Alderdi Jeltzaleak bi. Emaitzen ondorioz alkatea Bilduko Unai Iraola Agirrezabala hautatu zuten.

2015eko udal hauteskundeetan, berriz, Bilduren ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk zinegotzi bat galdu zuen eta EAJk bat irabazi. Unai Iraolak alkate postuan jarraitu zuen.

Alegiko udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Bildu
6 / 9
456 (% 59,38)
7 / 9
638 (% 71,36)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
3 / 9
278 (% 36,2)
2 / 9
173 (% 19,35)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean

Kultura

Euskara

Sakontzeko, irakurri: «Beterriko gipuzkera»

Alegian Tolosalde gainontzeko udalerrietan bezala Beterriko gipuzkera mintzatzen da, baina bertako euskarak badu Goierriko gipuzkeraren eragina ere.

Musika

Sakontzeko, irakurri: «Trapu zaharrak»

XIX. mendean Jose Maria Iparragirrek Alegia udalerriko Ramon Batista trapu-saltzaileari Trapu zaharrak izeneko bertsoak jarri zizkion.

Ondasun nabarmenak

Alegiako ikuspegi panoramikoa.

Udaletxea

Sakontzeko, irakurri: «Alegiko udaletxea»
Alegiako udaletxea.
Herriguneko kalea.
San Joan Bataiatzailearen eliza.

Alegiko udaletxeak estilo barrokoa du, alabaina, egileak, Martin Karrera Aranburu arkitektoak, bertako elementu herrikoiez osatutako apaingarriak ere eman zizkion. 1770. urte inguruan Alegiako udalak eraikin zaharra moldatzeko edo berreraikitzeko lanei ekin zien. Eraikin zahar hori (ziurrenik udaletxea izan zen lehen ere) Plaza Nagusian zegoen. Garai hartan eraikinaren lehen bi hormarteak (erdia gutxi gorabehera) kendu eta eraikin berria egin zuten, izaera noblea eta kultua zuena, orduan indarrean zeuden eraikuntza era eta irizpideen araberakoa.

1986. urtean eraiste, berreraikitze eta zaharberritze lanak hasi ziren, fatxada nagusia errespetatuz eta alboetakoak eta atzeko aldekoa berreraikiz Iñaki Albisu Aparizio arkitektoaren proiektua eredu hartuta. Lan horiek 1989ko ekainaren 24an amaitu ziren.

Gaztetxea

Gaztetxea.

RENFEren lokal zahar hau 1987an okupatu zuten herriko gazteek eta kolorea eta bizia eman zioten. Autogestioaren bidetik dirau zutik eta bizirik. Bertan antolatutako Bibalabirjen jaiek ospe handia dute (uztailaren erdialdea).

Zubi-Zaharra

Herriak duen puntu xarmangarrienetako bat da, Alegiako barne naiz kanpoko irudirik garrantzitsu eta ezagunenetakoa. 1983ko uholdeak sortutako kalteen ondorioz zati batean eraberritu zen.

Oria ibiltokia

Oria ibai ertzean dagoen pasealeku honek km bat du eta herriaren alde zaharra ertz batetik bestera zeharkatzen du, alde bateko amaiera garai batean "Txubi" izenez ezagutzen zen.

Bulebarra

Atseden leku eta kultur eta kirol gunearen sarrera, Amezketa ibaiak Oriarekin bat egiten duen gunean kokatua dago. Itsasontzi baten brankaren itxura du. Alvaro Arrietaren proiektua da.

Txintxarriaren Irudi-bidezko Eskultura

Aspaldi baten zintzarriak egitetik gelditu zitzaien goitizena alegitarrei; eta hortik irudiaren nolakotasunarena. "Zintzarria baserri bizieraren adierazgarri izanik, aztarna arkeologiko gisara irudikatzen nuen; gizartearen eboluzio eta etengabeko aldaketa, jarrera horretan utzi baititu nekazaritza kulturak bereak zituen ohitura eta balioak" esan zuen egile Tomas Ugartemendiak.

San Joan Bataiatzailearen Parrokia

San Joan Bataiatzailearen eliza 1643. urtean eraikia da. Lehenago txikiago bat izan zen leku berean. Diotenez, eraikitze lanek 100 urte iraun zuten gutxi gorabehera. Estilo aldetik, Gotiko-neoklasikoa da, bigarrena gailentzen delarik batik bat. Aldarea San Joan Bataiatzaileari eskainia dago, haren irudia Ventura Rodríguezek eginiko XVIII. mendeko eskultura bat da.

Parrokiaren barnean Kristoren tailu gotikoa dago, Gipuzkoako onenetako bat, baita "Cavaille-Coll" organoa ere, Jose Manuel Lopetegik 1881ean oparitua. Eta segurtasun neurriengatik agerian ez badaude ere, honako lan hauek ere aipagarriak dira: Arantzazuko Amaren irudia, sevillar eskolako Luisa Roldán eskultorearen lana, eta XV - XVI. mendeen artean eginiko kustodia, errenazimenduko harribitxia. 1955. eta 1998. urteen artean, Juan Martin Zuriarrain Barrena parroko zela, berritze eta egokitze lan ugari egin ziren elizaren barnean zein kanpoan.

Gurutze Santuaren Ermita

Herriko alde zaharrean kokatua dago, eta batzuek diotenez, Donejakue Bidearekin zerikusi zuzena du.

Franconi Fundazioa

Fundazio hau Altzoko Eusebia Ignacia Franconi andreak 1915ean emandako oinordetzatik dator, zeinen bidez Begiristain-Haundia baserria bere etxaguntza guztiekin Altzo eta Alegiako neskentzako eskola bat egiteko eman baitzuen, gero, garai berriei egokiturik, herriko neska-mutilen eskola bilakatu zena.

Langaurre

Atsedenleku ezin hobe hau Aldaba Txiki herri mendian dago 250 m-ko garaieran. Iturri, mahai, eserleku eta parrilla daude han, eta aterpetxo bat ere badago.

Herritar ospetsuak

Erreferentziak

  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alegia Aldatu lotura Wikidatan
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa