Aro Modernoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lainobeltz (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 20:26, 23 urtarrila 2016
Mendebaldeko Historia
Historiaurrea
Antzinako Erroma Erromatar Monarkia
Erromatar Errepublika
Erromatar Inperioa
Erdi Aroa Goi Erdi Aroa
Erdi Aro Klasikoa
Behe Erdi Aroa
Aro Modernoa XVI. mendea
XVII. mendea
XVIII. mendea
Aro Garaikidea XIX. mendea
XX. mendea
XXI. mendea

Aro Modernoa edo Aro Berria Historian XV. mendearen bukaeran hasi eta Frantziako Iraultza arte luzatu zen garaiari deritzo, Mendebaldeko historiaren hirugarrena, Erdi Aroa eta Aro Garaikidearen artean.

Hasiera Pizkundea garaiak markatzen du, zientziak, artea, literatura eta arkitektura irauliko zituenak eta Erdi Aroari amaiera emango zionak. Ikuspegi honetatik, Aro Modernoan modernotasunaren balioak (progresoa, komunikazioa eta arrazoia) nagusitzen dira, aurreko aroaren balioen aldean. Halaber, Aro Modernoan bi munduren batuketa, Ameriketena eta Mundu Zaharrarena (Europa, Asia eta Afrika), 20.000 urtetan bereizita egon ondoren.

Hasiera eta amaiera

Herrialdearen eta eskolaren arabera, Aro Modernoaren hasiera data desberdinetan kokatzen da, baina guztiak XV. mendearen bukaeratik XVI. mendearen hasierara doaz: 1453 (Konstantinoplaren erorialdia), 1453 (Ehun Urteko Gerraren amaiera), 1455 (inprentaren asmakizunaren ustezko data), 1492 (Kristobal Kolon Amerikara iristean), 1512 (Nafarroako konkista) eta 1517 (Martin Lutherren erreformaren hasiera), besteak beste. Salbuespena Italiako historiografia izango litzateke, XV. mende osoa Pizkundearen barruan kokatzen baitu.

Bukaerari dagokionez, zalantza gutxiago daude. Oro har, Frantziako Iraultzak markatzen du aro honen amaiera eta hurrengoaren hasiera. Izan ere, hala orduko gertakariak zirela eta, nola batera Ingalaterran suertatzen zen Industria Iraultza zela eta, XIX. mendea oso bestelakoa da politikagintzan, ekonomian eta giza erlazioetan.

Aro Modernoa, aro berria?

Pizkundeko hainbat pentsalarik euren burua eta Erdi Aroko gizakiak oso bestelakoak zirela uste bazuten ere, gaur egun zenbait adituren esanetan gauzak ez dira hain argiak, Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren artean desberdintasunak eta berdintasunak ere bai baitaude.

Politika arloan, Aro Modernoko Antzinako Erregimenaren sistema eta Erdi Aroko sistema feudala oso antzekoak dira. Erregea da botere nagusia Europa osoan. Hala ere, Aro Modernoak aurrera egin ahala erregeek gero eta botere handiagoa biltzen dute bere baitan (absolutismoa), eta estatu modernoak finkatzen dira emeki-emeki.

Gizartearen eraketak ere antz handia du Erdi Arokoarekin. Jendarteak estamentutan zeuden banatuta: noblezia, apaizteria eta laborariak (gainerakoak), Erdi Aroan sortutako eredu beraren arabera, hain zuzen. Edonola ere, laborarien hirugarren estamentu hori, handiena eta hortaz konplexuena izanik, are ñabarrago bilakatu zen burgesia garatu zen neurrian. Oraindik ere zaila zen nobleziaren estamentura igarotzea, baina burges ikasiek erregeentzat administrazioan lan egin zezaketen, oso postu gorenetan gainera, eta maiz ezkontza edo sal-erosketaren bitartez noble bihur zitezkeen.

Teknika berri batzuek ere haustura markatu zuten Erdi Aroarekiko. Artilleriak gerragintza ez ezik, estatuen arteko nagusitasun eta mendekotasun harremanak ere eraldatu zituen. Inprentarekin ezagutzaren hedapena goitik behera aldatu zen, ideiak azkar eta luze zabaltzeko modua eman baitzuen, Erreforma Protestantearekin ikusi zen bezala. Ameriketatik ekarritako zenbait jakik (patatak, txokolateak edo artoak, besteak beste) europarren elikadura aldatu zuten, eta goseteak murriztu zituzten, batik bat Aro Modernoaren amaiera aldera.

Aldaketa geldoak

Populazioa

Europako hiri nagusiak Aro Modernoan [1]
1500 1600 1700 1800
Londres 40 200 575 865
Dublin <1 5 60 168
Amsterdam 14 65 200 217
Viena 20 50 114 231
Berlin 12 25 55 150
Hamburgo 14 40 70 100
Kopenhage - - 70 101
Paris 100 220 510 581
Lyon 50 40 97 100
Napoli 150 281 216 427
Milan 100 120 124 135
Venezia 100 139 138 138
Erroma 55 105 138 163
Palermo 55 105 100 139
Madril <1 49 110 167
Bartzelona 29 43 43 115
Lisboa 30 100 165 180

Antzinako Erregimenean, Europako gizarteen hilkortasuna altua zen oso. Izan ere, teknikoki oso garatua ez zen nekazaritza zen ekonomiaren oinarria. Klimen gorabeherekin eta garraio egitura kaskarrarekin batera, nekazaritzak ezin zituen askotan biztanleriaren elikadura beharrak asebete. Umeen hilkortasun tasak dira nabarmentzekoak, hain dira eta altuak, lehenengo urteetan batik bat. Hala ere, Antzinako Erregimenaren demografiaren ezaugarri behinena bat-bateko populazio krisialdia da: hilabete batzuetan hildakoen kopuruak gora egiten zuen izugarri. Honek, halaber, migrazioak eragin eta ezkontzen zein jaiotzen kopurua murrizten zuen.

Gerrak, goseteak eta izurriteak beldurgarriak ziren. Gerrek ere hildakoen kopurua igotzen zuten, ez bakarrik borrokan hiltzen zirenengatik, armadak non kokatu eta han ekonomia hankaz gora jartzen zuten eta gaixotasunak kutsatzen zituzten. Ogia oinarrizko janaria izanda (patatak bezalako elikagai alternatiboek luze iraun zuten zabaldu arte), eguraldi txarreko bolada batek ondorio lazgarriak izaten zituen. Baliteke gosete gogorrena Finlandian 1696-1697 bitartean gertatzea. Populazioa ahulduta egoteak eta higiene ezak gaixotasunak agertzen laguntzen zuten.

Jaiotzak ere ugariak ziren, baina horretan ezkontzeko adinak eragin handia zeukan: zenbat eta zaharrago ezkondu orduan eta seme-alaba gutxiago eduki. Ingalaterran, esaterako, populazio-presio txikia zegoen jendea bataz beste berandu ezkontzen zelako.

Ingalaterratik ipar Italiara doan eremua populatuena zen Europan. Jendea batik bat herrietan bizi zen. Baina epe honen hasieratik bukaeraraino (1500-1800) handitzen da 10.000 biztanle edo gehiagoko lekuetan bizi zen jende kopurua, baita halako tokien kopurua ere (154 1500ean eta 364 1800ean Europan). Honela, Aro Modernoan Europako populazioa hazi egin zen, baina motel samar (67 milioi 1500ean eta 146 milioi 1800ean). XVI. mendean populazioak gora egin zuen, Behe Erdi Aroko izugarrizko beherakadaren ondoren. XVII. mendean hazkundea eten zen, eta hainbat tokitan, Alemanian eta Mediterraneo aldean, galdu egin zen populazioa. XVIII. mendean berriz ugaltzen da jende kopurua, eta modu nabarmenagoan, eta inolako ezbeharrik ez du berriro hazkunde hau etengo[2].

Gizartea

Hierarkia irizpide irmoek osatzen zuten Antzinako Erregimenaren egitura. Goian, mota askotako pribilegioak zeuzkatenak zeuden. Lurraldeen arabera gehiago edo gutxiago izan bazitezkeen ere, noblezia ez zen inoiz populazioaren %5etik igo. Biztanle gehienak plebeioen estamentukoak ziren, nahiz eta, haien artean ere, ekonomia eta gizarte arloetan alde handiak zeuden.

Erdi Aroko gizarte feudaletik zetorren gizarte mota hau, eta Frantziako Iraultzarekin hasi zen amaitzen. Izan ere, ez zen berehalakoan desagertu: aitzitik, giza egitura honen nagusitasuna hurrengo ehun urteetan desagertuz joan zen emeki-emeki (hainbat adituk proposatzen dute Lehen Mundu Gerrara arte iraun zuela).

Noblezia

Estamentuen gizartean, estamentu nagusia zen hau. Pribilegioduna, gainerako gizarte multzoentzat eredua ezartzen zuen. Jatorrian, gerlarien eta lur jabe pribilegiodunen taldea izan zen, besteen defendatzailea. Aro Modernoan, halere, nobleziaren alderdi militarra apaldu egin zen.

Euren lurra lantzen zutenak menpeko zeuzkaten. Morroi haientzat, hurbileneko administrazioa, justizia eta ogasun arloetan batik bat, ez zen erregearena, nobleena baizik. Eginkizun publiko horien truke zergak kobratzen zizkieten nobleek. Horretaz gain, lurgabeek haien soroak lantzeagatik jasotzen zuten errenta. Europako ekialdean nobleak baino ezin ziren lurraren jabe izan.

Dena den, desberdintasun handiak zeuden nobleen artean, paperaren gainean guztiak kalitate berekoak baziren ere. Goi nobleziakoak, duke, markes, konde edo baroi titulua zeramatenak ziren. Behe nobleziaren barruan kategoria franko zeuden: zalduna, ezkutaria, infantzoia...

Teorian, leinuaren barruko jaraunspenaren bidez baizik ez zen lortzerik noblezia. Errealitatean, etengabe sartzen ziren odol berriko kideak eta familiak, laborari edo hiritar aberatsengandik ateratakoak. Erregeak, jakina, noblezia titulua eman zezakeen, baina ohikoagoa zen ohitura zela-eta noble bilakatzea, nobleen bizimodua izanez gero aintzakotzat hartzen baitzuen jendarteak.

Mota frankotako pribilegioak zeuzkaten. Batzuk ohorezkoak baino ez ziren: zeremonietako hurrenkeran lehenengo lekuetan agertzea (oso preziatua zen lehentasun bat), esaterako. Kargu publikoetan aritzeko ere, nobleek lehentasuna zeukaten. Ez zuten petxarik ordaintzen, laborariek ordaindu beharreko zerga, baina egia da denborak aurrera egin ahala beste zerga batzuk ordaintzen zituztela. Justizian beste modu batean epaitzen eta zigortzen zituzten, erdeinurik ekartzen ez zien moduan hain zuzen ere (hiltzekotan, burua moztuta eta ez zintzilikatuta, konparazio baterako).

Ekonomia

Zientzia

Newtonen teleskopioaren erreplika.

Aro Modernoan munduari begiratzeko modu berri bat sortu zen. Honela, Erdi Aroko jakintza, autoritatean oinarrituta eta "magister dixit" (maisuak esana) edo "Roma locuta, causa finita" (Erromak hitz eginda, kontua bukatua) gisako esapideetan adierazita, errotik aldatu zen.

Enpirismoa jaio zen, beraz, nahiz eta Ilustraziora arte erlijioarekin edo espiritualitaterekin elkartuta (Giordano Bruno edo Miguel Serveten kasuetan, esaterako, erlijio eta zientzia ez ziren bereizi). Halaber, Johannes Kepler edo John Dee, zientzialariak izateaz gain, astrologoak ere baziren, edo Isaac Newtonek (isilean) alkimian jarduten zuen.

Esplorazioen Aroak jende berriarekiko harremanak ahalbidetu zituen. XVII. mendetik aurrera, esplorazio zientifikoak ugaldu ziren: Willem von Piso, Georg Marcgraf, James Cook, Jean-François de La Pérouse, Alessandro Malaspina, Alexander von Humboldt...

Funtsezko bi lan 1543an argitaratu ziren: Nikolas Kopernikok heliozentrismoa proposatu zuen, eta Andries van Weselek Galenoren anatomia berrikusi zuen. Astronomian eta fisikan Tycho Brahe, Galileo Galilei eta Johannes Keplerren ekarpenak garrantzitsuak izan ziren, eta beste horrenbeste medikuntzan Miguel Servet, William Harvey eta Marcello Malpighi-ri esker. Italiako matematikari andanak, hala nola Bonaventura Cavalieri, tresna egokiak prestatu zituen geroago Isaac Newtonek 1687an filosofia naturalaren printzipioak argitara zitzan.

Zientzia modernoa garatzeko premiazkoak izan ziren komunikazioak (Newtonek Gottfried Leibnizekin izan zuena, adibidez), argitalpenak eta instituzionalizazioa (Royal Academy, Académie des sciences).

XVIII. mendean beste diziplinetan, kimikan edo biologian, aurrerapauso itzelak eman ziren. Antoine Lavoisier-ek nomenklatura sistematikoa garatu zuen. Georges Louis Leclerc-ek eta Carl von Linné-ek taxonomia ezarri zuten. Aldi berean teknika garatu zen, hasieran zientzaren makulu gisa (teleskopioa eta termometroa Galileo Galileirekin, barometroa Evangelista Torricelli-rekin, edo mikroskopioa Anton van Leeuwenhoek-ekin), eta gero lehen Industria Iraultzaren barruan (lurrun makina, Thomas Newcomen-ena 1705ean edo James Watt-ena, 1774). Baina azken hauek eraikitzerakoan, zientziak ez zeukan zerikusi handirik horretan, aitzitik, makina berriek zekarten erronka intelektualak sortu zuen zientziaren garapena eta ez alderantziz (horretarako Bigarren Industria Iraultzak heldu behar zuen).

Merkataritza kapitalismoa garatzerakoan, ekonomiaren gaineko lehenengo literatura agertu zen (Tomás de Mercado, Sancho de Moncada). Dotrina zientifikoagoa izateko, François Quesnay-ren fisiokraziak heldu behar izan zuen. Azkenik Adam Smith eskoziarrak ekonomiari zientzia zigilua eman zion 1776an Nazioen aberastasuna liburuarekin.

XVI. mendea

Esplorazioen aroa

Sakontzeko, irakurri: «Esplorazioen Aroa»
Amerikaren aurkikuntza 1492an.

XIII. eta XV. mendeetan, Europak sal-erosketak eskala txikian burutzen zituen, batez ere Mediterraneoan zehar. Arabiarren bitartez Indiaraino eta Txinaraino iristen ziren ibilbide komertzialak. XV. mendean portugaldarrak, Henrike Nabigatzailearen Sagresko eskolatik, merkatari arabiarren papera bereganatzen saiatu ziren. Afrika inguratuta bitartekorik gabe Indiarekin sal-erosketetan aritzea zen haien asmoa. 1487an Bartolomeu Dias Itxaropen Oneko lurmuturreraino iritsi zen eta, azkenik, Vasco da Gama 1497an Indiara.

Klaudio Ptolomeo geografo greziarraren ideiei atxikita, beste bidaiari batek, Kristobal Kolonek, mendebaldera joanez Indiara iristeko asmoa erakutsi zuen. Gaztelako laguntza jasota, 1492an Amerikaraino iritsi zen, kontinente berri bat topatuz europarrentzat, nahiz eta honetaz hainbat urte igaro arte ez ziren ohartu. 1513an Vasco Núñez de Balboa Panamako istmoa zeharkatuta Ozeano Barera heldu zen. 1520 eta 1522 bitartean Fernão Magalhãesek eta Juan Sebastian Elkanok mundu osoari buelta eman zioten, beti ere mendebalderantz joanez. Honela mundua borobila zela frogaturik geratu zen.

Aurkitutako lurren okupazioari zilegitasuna emateko, Portugalgo eta Gaztelako erresumek Elizaren epaiketara jo zuten. Hara, Tordesillasko ituna sinatu zuten 1494an. Honen bitartez, Gaztelak 46. meridianoz haratagoko lurrak bereganatu zituen eta Portugalek handik honakoak. Haien atzetik, Frantzia, Ingalaterra eta Herbehereak ere ibili ziren munduaren prozesu kolonialean, eta XVII. mendean, Iberiar Penintsulako erresumak ordeztu zituzten munduko botere gisa.

Pizkundea

Sakontzeko, irakurri: «Pizkundea»

Pizkundea izeneko mugimendu kulturala Italian sortu zen Erdi Aroaren amaieran, eta XV. eta XVI. mendeetan Europa osoan zehar zabaldu zen. Mugimenduaren ardatza iturri klasikoak, erromatarrak eta greziarrak, izan ziren. Izan ere, Pizkundeko gizakiek euren burua Antzinatearekin lotzen zuten, haien ustez Erdi Aro erdeinagarriaren gainetik.

Artean aurrerapauso nabarmenak izan ziren, batik bat arkitekturan, margolaritzan eta eskulturan. Lehenengo arloan, K. o. I. mendeko Vitrubio arkitektoaren izkribuak berreskuratu ziren, eta haiek ikasita, Filippo Brunelleschik Fiorenzako basilikaren kupula eraiki zuen, Antzinako arkitektura eredu izango zuen aro berri bati hasiera emanik. Pizkundeko arkitekturaren gailurra Erromako San Petriren basilika izan zen, non, besteak beste, Bramantek, Michelangelok edo Rafaelek hartu zuten parte.

Margolaritzan perspektiba linearra sortu zen, zeinek margoei berebiziko errealismoa eman zien, aurreko lanen aurrean. Italiako pinturan Sandro Botticelli, Donatello, Rafael eta Tiziano nabarmendu ziren, eta Herbehereetan, bestalde, Hugo van der Goes, Jan van Eyck eta Pieter Brueghel. Hainbat artista, Leonardo da Vinci eta Michelangelo, berriz, arte mota gehienetan nabarmendu ziren, guztietan benetako maisuak bihurtuta.

Artearekin batera, pentsaera ere berritu zen, humanismoa sortuz. Erdi Aroko eskolastikak egileen arteko kontraesanak konpontzea zeukan ikasbide; humanistek, ordea, Antzinateko jatorrizko testuak ikasten zituzten, eta arrazoibide zein froga enpirikoen bitartez goraipatzen zituzten. Makiavelo, Erasmo, Martin Luther eta Thomas More gisako pentsalariek antzinako filosofoak berreskuratu zituzten, batzuetan kritikatzeko ere. Honela, fenomeno naturalak azaltzeko ahaleginek bestelako norabidea hartu zuten, froga enpirikoetan oinarrituta, eta honek gaur egun ezagutzen dugun zientzia sortu zuen. Honela, Kopernikok eta Galileo Galileik berebiziko aurrerapausoak eman zituzten astronomian, baina fisikan, biologian edo anatomian ere aurrerapenak nabarmenak izan ziren.

Erreforma Protestantea

Sakontzeko, irakurri: «Erreforma Protestantea»
Martin Lutherren kontrako bulda (1520).

Erdi Aroko Mendebaldeko Kristautasun batua Erreforma Protestantek hautsi zuen. Erromatar Eliza Katolikoaren krisiaren aurrean (barkamenen sal-erosketa, diziplina biguna...) kritikak ugaritu ziren Europa osoan, Erasmo Rotterdamgoak egin zuen bezala. Baina Alemanian Martin Luther fraide agustindarrak (1483-1546) Erromarekiko harremana haustearen alde egin zuen. Izan ere, 1517an Aita Santuaren eta oro har Eliza Katolikoaren autoritatearen aurkako kanpaina jarri zuen abian. Leon X.a aita santuak eskumikatutakoan (1520) Martin Luther hainbat noble alemaniarrek babestu zuten. Haien babespean, Lutherrek dotrina berria eraikitzen segi ahal izan zuen hil arte.

Dotrina honek hiru ardatz zituen: fedearen bitarteko justifikazioa, apaizgo unibertsala eta Bibliaren autoritate bakarra. Fedea azpimarratzean, Jainkoarekin era zuzenean sartu behar zen harremanetan, Elizaren bitartekaritza eta egintza onen metaketa baztertuz. Hala, santuen bitartekaritza ere ez zen beharrezkoa, eta desagertu egin ziren protestantismoan. Jainkoari lanaren bitartez zerbitzatzeko kontzeptuak arrakasta handia lortu zuen Europako iparraldeko merkatarien eta burgesen artean, apaizteriaren eta nobleziaren alferkeria begitan hartuak baitzituzten. Biblia (eta ez Elizaren historia) gida bakarra behar zuten kristauek bizitzarako. Gainera, norbera da gai Liburu Sakratua irakurtzeko eta interpretatzeko, bere kontzientziarekin bat eginez eta apaizen laguntza gabe.

Ideia hauek sua lasto lehorrean bezala hedatu ziren. Geneva hirian Jean Calvinen (1509-1564) ideiek arrakasta itzela erdietsi zuten. Calvinek predestinazioa nabarmentzen zuen, hau da, Jainkoak nor salbatuko zuen jakitea ezinezkoa izanda, patua markatuta daukala gizakiak. Norbait salbaziorako bidean dagoela adierazten duten hainbat seinale daude, hala nola arrakasta pertsonala izatea.

Ingalaterran Henrike VIII.a ere (1497-1547) Erromatik aldendu zen, bere burua Ingalaterrako Elizaren buru izendatuta, Nagusitasunaren Aktaren bitartez. Eliza katolikoaren egitura gorde zen, apezpikuak eta artzapezpikuak barne, eta hainbat dogmak ere bere horretan jarraitu zuen. Hala ere, monako-ordenak desegin ziren eta haien lurrak eta ondasunak desjabetu.

Kontrarreforma

Sakontzeko, irakurri: «Kontrarreforma»
Trentoko Kontzilioa.

Protestantismoak kalte espiritual eta material andana eragin zizkion Eliza Katolikoari. Horregatik, arriskua uxatzeko, Elizaren barnan korronte berritzaile bat sortu zen, fede katolikoa defendatu eta sakondu nahi zuena. Erreakzio honi Kontrarreforma izena eman zitzaion, eta ordena berri bat izan zen mugimendu honen gidari, Inazio Loiolakoak 1535ean sortutako Jesusen Lagundia.

Dogma katolikoak Trentoko Kontzilioan ezarri ziren (1545-1563). Kontzilioak erabaki zuen Bibliaren testu zilegi bakarra latinezko Vulgata zela (IV. mendean San Geronimok idatzia), eta haren interpretazioa Eliza Katolikoaren esku zegoela, eta ez beste inorenean. Halaber, dotrina ezartzerakoan, tradizioa Biblia bezain baliotsua dela. Sakramentuak zehaztu ziren, santuen eta Ama Birjinaren bitartekaritza goraipatu zen, diziplina zorroztu zen eta hainbat kontzeptu protestante (predestinazioa, fedearen bitarteko justifikazioa...) arbuiatu zituzten. Apezpikuen egitura eraberritu zen, eta apezgaien prestakuntza bultzatu eta gehiago zaindu zen.

XVII. mendea

Krisialdi ekonomikoa

Aro Modernoaren hastapenetako hazkunde ekonomikoaren ostean, XVII. mendeak atzeraldi ekonomikoa du bereizgarri. Egitura feudal sakonagoa eta antzinakoagoa izanda, Gaztelak, Portugalek edo Frantziak gehiago pairatu zuten krisia. Ingalaterrak edo Herbehereek, ordea, XVII. mendean ongi sartu arte ez zituzten lehendabiziko zantzuak sumatu.

Europako populazio hazkundea eten egin zen Europa osoan zehar gertatutako epidemiak eta gerrak zirela eta. Gainera, nekazaritza jarduera ekonomiko nagusia zeukaten lurraldeetan, eguraldiaren gorabeherek ere nekazaritza ekoizpenaren krisia eragin zuten, lurra lantzeko teknikak deus gutxi aldatu baitziren Erdi Aroz geroztik. Gosetea etengabeko mehatxua izan zen. Konparazio baterako, Frantzian 1629 eta 1710 bitartean sei gosete handi zenbatzen dira. Krisialdiak merkataritza eta industria-ekoizpena ere eragin zituen: prezioen ezegonkortasunak garapen ekonomikoa uzkurtu zuen.

XVII. mendearen bigarren erditik aurrera, bi zutabe nagusi zituen ekonomia merkantilista burutuko zen. Haietako lehenak dio Estatu baten aberastasuna honek duen metal preziatu kopuruaren arabera neurtzen dela. Bigarren zutabeak dio, beste aldetik, metal preziatu horiek eskuratzeko beste herrialdeekiko sal-erosketak bultzatu behar direla beti ere ordainketan balantza positiboa edukita. Gauzak horrela, Europako Estatu askok ekoizpen industriala garatzeko neurriak hartu zituzten: zerga-salbuespenak, lehentasunak lehengaien horniketan, etab. Neurri hauen xedea esportazioa sustatzea eta inportazioa murriztea zen. Itsasoz haratagoko merkataritzak garrantzi handia hartu zuen, eta monopolio pribatuen bidez bideratzen zen: Indietako Konpainiak, lehendabizi Herbehereetan sortuak.

Hogeita Hamar Urteko Gerra

Sakontzeko, irakurri: «Hogeita Hamar Urteko Gerra»

Protestanteen eta katolikoen arteko gatazka ez zegoen guztiz bareturik XVII. mendean, nahiz eta Augsburgeko Bakeari esker (1555), lehendabiziko talkei amaiera eman zitzaien.

Bohemian protestanteek enperadorearekin zituzten tirabirak zirela eta piztu zen gerra. Izan ere, protestanteen bi eliza itxi ondoren, hauek enperadorearen bi ordezkari leiho batetik bota zituzten (1618). Praga hiria matxinatu zen. Jesuitak bota eta gero, enperadorearekin negoziazioetan hasi nahi zuten, egoera hori mantentzeko, baina gerra saihestezina bihurtu zen.

Enperadoreak agintea handitu eta fede katolikoa defendatu nahi zuen, eta horretarako laguntza handia zeukan: Espainiako Filipe III.a leinu berekoa eta katoliko sutsua zeukan. Honek tropak Herbehereetatik Palatinatura eraman zituen, Palatinatuko hautesle protestanteak Bohemiako matxinatuekin bat egin baitzuen. Herbehereak ez ziren berehala matxinatu, 1609z geroztik bakean baitzeuden Espainiarekin. Baina meniako 12 urteak igarotakoan, gerrari berrekingo zitzaion Herbehereetan ere.

Nolanahi ere, Bohemian matxinatuek porrot galanta pairatu zuten 1620an Mendi Zuriko guduan. Noblezia txekiarrak pribilegioak eta ondasunak galdu zituen. Luteranoen eta kalbinisten kontrako errepresioa gogortu zen, fedea ala herrialdea utzi behar izateraino. Bohemiako Koroa enperadorearen menpera pasa zen. Espainiak, laguntzaren ordainetan, Palatinatuko zati bat eta Valtelina, Italia eta Austriaren arteko igarobidea jaso zituen.

Alemaniako eta Espainiako habsburgotarren bat egite horrek haien arerio guztiak elkarrarazi zituen: Suedia, Danimarka, Herbehereak eta Frantzia. Danimarkak eman zuen lehenengo urratsa. Baina Wallerstein buru zuen armadak (armada inperiala, espainiarra eta bavariarra) irabazi zion Lüter-am-Barenbergeko guduan. Katolikoak Danimarkan bertan sartu ziren eta Mecklemburg, Pomerania eta Baremburg hartu zituzten. Erabateko garaipen honekin, enperadoreak birkatalizatzeari ekin zion, protestanteen kontrako errepresioa martxan jarriz eta katolikoei lurrak emanez.

Orduan Suediak sartu zuen eskua gatazkan (1630). Lehenago Danimarkak egin zuen bezala, Alemaniako luteranoen laguntza ematera eta Itsaso Baltikoan nagusitasuna lortzera borrokatu zen. Eta Danimarkari bezala, oraingo honetan ere Frantziak lagundu zion Suediari. Lehenengo garaipena protestanteentzat 1631n iritsi zen Bretenfielden. Gustavo Adolfo Suediako erregea Lützengo guduan hil zen (1632). Wallenstein buruzagi katolikoa, beste aldetik, 1634an hil zen. Horren ondoren, Pragako Bakea etorri zen. Alemaniako ipar-ekialdeko protestanteak babesturik geratu ziren, baina ez hegoaldekoak eta mendebaldekoak, haien lurrak Inperioko armadak okupatuta baitzituen.

Nolanahi ere, itun honek ez zuen Frantzia gogobete, habsburgotarren indarra bermatzen zuelako. Hortaz, gatazkan parte hartzeko deliberoa hartu zuen. Herbehereetan eta Alemanian fronte berriak ireki zituen Frantziak. Hasieran Frantziaren ahalegin militarrak kaskarrak izan ziren, eta armada inperialak eta espainiarrak Xanpaina, Borgoina eta Pikardia arpilatu zituzten. Hurrengo urteetan armada habsburgotarrak Frantziatik aterarazi arren, inork ez zuen aurrea hartzen. Hala ere, 1643an Frantziak espainiarrak Rocroin gainditu zituzten, eta 1645ean suediarrek Inperioa garaitu zuten Pragatik gertu, eta Frantziak bavariarrak Nördlingen-en. Hurrengo porrotekin, Inperioren esku Austriako lurraldeak besterik ez zen geratu. Azkenean, 1648ko maiatzean eta urrian Westfaliako bakeak sinatu ziren.

Barrokoa

Sakontzeko, irakurri: «Barroko»

XVIII. mendea

Ilustrazioa

Ilustrazioa edo "Argien Mendea" XVII-XVIII. mendean garatu zuten.

Erreferentziak

  1. Datuak miliatan
  2. Ribot García, Luis (koord.) Historia del Mundo Moderno, Madril, 1996, 23-52 or.